XXII

 

        Isilik joan ziren Fedoteneraino, noizean behin soilik hitz hutsal batzuk trukatuz. Bazarov ez zegoen guztiz pozik bere buruarekin. Arkadi gaitziturik zegoen berarekin. Jende gazte-gazteak soilik ezagutzen duen tristura arrazoirik gabeko hori sentitzen zuen bihotzean. Kotxezainak zaldi berriak uztartu zituen eta, berriz ere gida-aulkira igorik, galdetu zuen:

        — Ezkerretara ala eskuinetara?

        Zirgit egin zuen Arkadik. Eskuinetatik bideak hirira zeraman, eta handik etxera; ezkerretatik, berriz, Odintsovarenera zeraman.

        So egin zion Bazarovi.

        — Jevgeni —galdetu zion—, ezkerretara?

        Jiratu egin zen Bazarov.

        — Burugabekeria handiagorik! —murduskatu zuen.

        — Bazekiat burugabekeria dela... —erantzun zuen Arkadik—. Ez duk, ordea, gure lehen burugabekeria izango!

        Bazarovek bekokiraino sartu zuen kapela.

        — Nahi duan bezala —esan zuen azkenean.

        — Ezkerretara! —egin zuen oihu Arkadik.

        Nikolskoera abiatu zen tarantasa. Baina, burugabekeria egitea erabakirik, adiskideak lehen baino egoskorrago tematu ziren isiltasunean, eta haserre ote zeuden ere ematen zuen.

        Odintsovaren etxeko otseinburuak atarian egin zien harrera ikusirik, bi adiskideak aise konturatu ziren batere zuhurtasunik gabe jokatu zutela, bat-bateko apeta igarokor bati emore emanik. Nabaria zen han ez zituztela espero. Luze samar eta aurpegi ergel samarrez egon ziren egongelan eseririk. Azkenean, Odintsova azaldu zen. Bere ohiko jendetasunaz agurtu zituen, baina harriturik zegoen hain laster itzuli zirelako, eta, haren mugimendu eta hitzen moteltasunak salatzen zuenez, horrek ez zuen gehiegi poztu. Haiek berehala azaldu zioten iragaitzaz soilik zeudela han, eta lau ordu barru bideari ekingo ziotela berriro, urrunago baitzihoazen, hirira. Odintsovak harridurazko hitz bat esan besterik ez zuen egin, aitari goraintziak emateko eskatu zion Arkadiri, eta izebari deitzeko agindu zuen gero. Printzesa erdi lo azaldu zen, eta horrek ohi baino aire gaiztoagoa ematen zion haren aurpegi zahar zimurtsuari. Katia ondoezik zegoen eta ez zen bere gelatik irten. Arkadi bat-batean ohartu zen ezen, gutxienez, Anna Sergeievna ikusteko bezain gogo handia zuela Katia ikusteko. Funtsik gabeko gauzei buruzko berriketan joan ziren lau orduak; Anna Sergeievnak irribarrerik gabe entzun eta hitz egiten zuen. Agurtzeko orduan soilik berpiztu zitzaizkion bihotzean lehengo adiskidetasunaren printzak.

        — Triste samar nabil egunotan —esan zuen—, baina zuek ez egin konturik horri eta, biokin ari naiz, itzul zaitezte denboralditxo baten buruan.

        Bazarovek eta Arkadik hitzik gabeko buru-makurtua eginez erantzun zioten; kotxera igo eta, beste inon gelditu gabe, etxera abiatu ziren, Marinora, nora biharamun arratsaldean iritsi baitziren ezeren okerrik gabe. Bide osoan ez batak ez besteak ez zuten aipatu ere egin Odintsovaren izena. Bazarovek ia ez zuen behin ere ireki ahoa, eta alde batera begira joan zen denbora guztian, begiak bidetik urrun, halako larritasun temati baten mende.

        Haien itzulerak izugarri poztu zituen denak Marinon. Nikolai Petrovitx kezkatzen hasia zen semearen kanpoaldiaren luzeaz; oihu bat egin, hankak dantzatzen hasi eta jauzi txiki bat egin zuen dibanean Fenetxkak haren gelan lasterka sartu eta, begiak dirdiratsu, «jaun gazteak» iritsiak zirela jakinarazi zionean; Pavel Petrovitxek berak halako zirrara atsegin bat nabaritu eta etorkor egin zuen irribarre bidaiari itzuli berriei eskua estutzean. Kontu-kontari eta galdezka hasi ziren; Arkadik inork baino gehiago hitz egin zuen, batez ere afalondoan, gauerdia baino beranduago arte luzatu baitzen. Arestian Moskutik ekarritako garagardo-botila batzuk ateratzeko agindu zuen Nikolai Petrovitxek, eta, edanaren edanaz, kolore gorrimina hartu zuten haren masailek, eta barre egiten zuen etengabe, noiz ume-irri halako batez, noiz algara urduriz. Alaitasun orokor hura neskame-morroien artean ere hedatu zen. Duniasha atzera-aurrera zebilen ero baten pare, ateak danbadaka itxiz behin eta berriro; eta Piotr, gaueko hirurak jo eta gero ere, gitarrarekin bals kosako bat jotzen saiatu zen hamaikagarren aldiz. Soken soinua zinkurinatsu eta atsegingarri aditzen zen aire geldi-geldian, baina hasierako irrixta labur bat izan ezik, taxuzko doinurik ez zen sortu gelazain ikasiarengandik: naturak musikarako gaitasuna ukatua zion, hala nola beste edozertarakoa ere.

        Eta, bitartean, bizitza ez zihoan ondoegi Marinon, eta Nikolai Petrovitx dohakabea kinka larrian zegoen. Egunetik egunera landetxeak gero eta buruhahuste gehiago ematen zizkion, buruhauste goibelgarri, zentzugabeak. Jasanezin bilakatu zen soldatako beharginekiko gatazka. Zor guztiak kitatzeko edo soldata igotzeko eskatzen zioten batzuek, eta beste batzuek, berriz, alde egiten zuten berme gisa jarria zuten dirua berreskuratu orduko; gaixotu egiten ziren zaldiak; lanabesek suak bezala erretzen bide zituzten eskuak; zabartasunez lan egiten zen; Moskutik ekarritako garijotzeko makina berria ezin zen erabili, hain zen astuna; beste bat ekarri, eta hondatu egin zen lehenengo erabilaldian bertan; ukuiluaren erdia kiskalirik geratu zen, neskame zahar itsu bati egun haizetsu batean bere behia ilenti batez keztatzea bururatu zitzaiolako —hala ere, atso zaharrak esan zuenez, nagusi jaunak berak eragin zuen ezbeharra, gazta eta bestelako esneki berezi-berezi batzuk egitea bururatu baitzitzaion. Administratzailea bat-batean nagitu zen, eta are loditzen hasi ere, hala nola loditu ohi baita errusiarra besteren bizkarretik bizitzea egokitzen zaionean. Nikolai Petrovitx urrunetik ikusi orduko, bere ardura erakuste aldera, txirbilak jaurtitzen zizkion inguruan lasterka zebilen zerrikumeren bati, edo mehatxu egiten zion mutiko erdi biluziren bati, baina, osterantzean, lo egitea zuen jarduera nagusi. Lurra errentan zeukaten mujikek ez zuten alokairua garaiz ordaintzen, eta egurra lapurtzen zuten basoan; jagoleak ehizan ibiltzen ziren ia gauero, eta, batzuetan, «landetxeko» larreetara eramaten zituzten nekazarien zaldiak. Nikolai Petrovitxek diru-isun bat ezarri zuen, kalteak ordainarazteko, baina, gehienetan, zaldiak beren jabeengana itzultzen ziren pare bat egunez jaunaren kontura jaten egon ondoren, eta horrelaxe amaitzen zen auzia. Eta, hori guztia gutxi, mujikak elkarrekin liskartzen hasi ziren: anaiek ondasunen banaketa eskatzen zuten, haien emazteak ezin ziren teilape berean bizi; ustekabean, borrokan hasten ziren, eta, denek agindu bati jarraituko baliote bezala, hortxe jazartzen ziren nekazari guztiak batera, bulegoaren aurrean bildu eta nagusi jaunari deika hasten ziren, aurpegia ubeldurik eta mozkor-itxuraz sarritan, eta justizia eta zigorra eskatzen zituzten; nonahi aditzen ziren oihuak, garrasiak, emakumeen negar-intziriak senarren biraoekin tartekaturik. Elkarrekin etsaitutakoen kexuak aditu beharra zegoen horrelakoetan, eztarria erlasteraino oihu egin, aurretiaz jakinik ezinezkoa izango zela erabaki zuzenik hartzea. Ez zegoen behar beste esku sega-lanetarako: lur-sail txiki baten jabe izatera iritsia zen mujik ohi batek, oso itxura atsegineko auzolaguna bera, segalariak eskaini zizkion alokairuan, desiatina bakoitzeko bi errublo kendurik, baina modurik lotsagabeenean atzipetu zuen; herrixkako emakumeek prezio izugarri garestiak kobratzen zizkioten, eta, bitartean, garia soroetan aletzen zen inork segatu gabe, eta Babes Batzordeak mehatxu egiten zuen, eta korrituak lehenbailehen eta atzerapenik gabe ordaintzera presatzen...

        — Ez daukat indarrik! —esaten zuen askotan Nikolai Petrovitxek, etsi gaiztoz—. Ezin dut borrokarik egin, nire printzipioek ez didate uzten barrutiko poliziaburuari deitzen, baina zigorraren beldurrik gabe ez dago ezer lortzerik!

        — Du calme, du calme —esan ohi zion Pavel Petrovitxek, baina ahapeka kantatu, bekokia zimurtu eta bibotea laztantzen zuen berak.

        Bazarovek ez zien konturik egiten liskar haiei; gainera, gonbidatua zen aldetik, han ez zuen besteren arazoetan zertan sarturik. Marinora itzuli eta biharamunean, berriro ekin zien bere igel, infusorio eta konposatu kimikoei, eta horretan ematen zuen denbora guztia. Arkadik, aldiz, bere eginbehartzat hartu zuen aitari laguntzea edo, gutxienez, laguntzeko prest zegoela erakustea. Egonarriz entzuten zion beti, eta behin aholku bat eman zion, ez aitak aholkuari jaramon egin ziezaion, bera ere arduratzen zela ikusarazteko baizik. Etxaldea gobernatzea ez zitzaion gogaikarri; aitzitik, are atseginez irudikatzen zuen agronomoaren lanbidea, baina garai hartan bestelako ideiak zebilzkion buruan. Bere harridurarako, Nikolskoen pentsatzen zuen etengabe. Lehen, sorbaldak jaso besterik ez zuen egingo baten batek esan balio asper zitekeela Bazarovekin teilape berean bizitzen, batez ere teilape hori gurasoen etxea izanik!; baina, hain zuzen ere, aspertu egiten zen, eta handik alde egiteko gogoa zuen. Nekatu arte paseatzea bururatu zitzaion, baina horrek ez zion batere lagundu. Egun batean, aitarekin hizketan jakin zuen Nikolai Petrovitxek gutun batzuk zeuzkala gorderik, oso interesgarriak, Odintsovaren amak haren emazte zenari aspaldi idatziak, eta ez zion bakerik eman gutun haiek eskuratu arte. Nikolai Petrovitxek goitik behera miatu behar izan zituen hogei bat kutxa eta tiradera, gutunen bila. Hautsak erdi jandako paper haien jabe egin bezain laster, lasaitu antzeko bat hartu zuen, erdietsi behar zuen jomuga bat-batean bere aurrean ikusi balu bezala. «Biokin ari naiz —xuxurlatzen zuen etengabe—, halaxe esan zian! Joango nauk, horixe joango naizela, mila deabru!» Baina gogora etorri zitzaizkion azken bisita, harrera hotza, lehengo baldartasuna, eta zalantza egin zuen. Nolanahi ere, azkenean, garaile atera zen gaztaroak berezko duen «agian» hori, bere zoria saiatzeko eta bere indarrak bakarrean eta inoren babesik gabe probatzeko irrika ezkutua. Marinora itzuli zenetik hamar egun ere igaro ez zirela, igande-eskolen nondik norakoa aztertzeko aitzakiarekin, berriro joan zen hirira, eta handik Nikolskoera. Etenik gabe gidariari presa emanez, borrokara doan ofizial gaztearen antzera oldartu zen hara: izua eta alaitasuna sentitzen zituen aldi berean, eta ezinegonak itorik zihoan. «Ez diat pentsatu behar, hori duk garrantzitsuena», errepikatzen zuen bere kolkorako. Oso gidari mutiria egokitu zitzaion; taberna guztien aurrean gelditzen zen, esanez: «Zer, edango dugu?»; eta gero inolako gupidarik gabe akuilatzen zituen zaldiak. Azkenean, ikusmenean agertu zen etxe ezagunaren teilatu garaia... «Zertan ari naiz? —etorri zitzaion une batez burura Arkadiri—. Hobe nikek atzera itzuli!» Troika lauoinka bizian zihoan, zalu; gidaria, berriz, oihuka eta txistuka ari zen. Zubitxoak karraska egin zuen apatx eta gurpilen azpian, gero eta hurbilago ikusten zen izei adar-motzez osaturiko ibilbidea... Emakume baten soineko arrosakolorea ikusi zen lipar batez berdetasun ilun hartan, aurpegi gazte batek begiratu zuen eguzkitako arin baten litsen artetik... Arkadik Katia ezagutu zuen, eta Katiak bera. Arkadi, gidariari zaldiak gelditzeko agindu, jauzi batez kotxetik jaitsi, eta neskarengana hurbildu zen. «Zu zara! —esan zuen hark, eta, apurka-apurka, goitik beheraino gorritu zen—. Goazen ahizparen bila, hemen dabil, lorategian; atsegingarri gertatuko zaio zu ikustea.»

        Katiak lorategira eraman zuen Arkadi. Berarekin topo egin izana oso zantzu zorionekoa iruditu zitzaion Arkadiri; poz handia hartu zuen, senitartekoa balu bezala. Ezin hobeto atera zen dena: otseinburuaren arrastorik ez, bere iristearen iragarpenik ez. Bidearen bihurgune batean ikusi zuen Anna Sergeievna. Berari bizkarra emanik zegoen. Oin-hotsa entzunik, astiro jiratu zen.

        Berriz ere aztoratu zen Arkadi, baina Anna Sergeievnaren lehen hitzek berehala lasaitu zuten. «Ongi etorri, iheslari hori! —esan zuen, ahots ezinago gozo eta samurrez, eta berarenanga abiatu zen, irribarrez eta begiak txiloturik eguzkiaren zein haizearen eraginez—. Non aurkitu duzu, Katia?»

        — Anna Sergeievna —hasi zen Arkadi—, inondik inora espero ez duzun gauza bat ekarri dizut...

        — Zeure burua ekarri duzu; hori da onena.

 

 

 

© Turgenev

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Turgenev / Aita-semeak" orrialde nagusia