XX

 

        Bazarovek burua atera zuen tarantaseko leihotik; Arkadik, adiskidearen bizkarraren atzetik lepoa luzatu, eta gizon garai argal bat ikusi zuen jauretxeko atarian, txima-nahasia eta sudur kako zorrotzekoa, lotu gabeko militar-jaka zahar batez jantzia. Zutik zegoen, hankak zabalik, pipa luze bat erretzen eta begiak txiloturik eguzkitik babesteko.

        Gelditu egin ziren zaldiak.

        — Itzuli haiz azkenean —esan zuen Bazaroven aitak, erretzeari utzi gabe, nahiz eta txibukia dardaraka ari zitzaion atzamarren artean—. Baina jaitsi, jaitsi kotxetik, hator nire besoetara.

        Semea besarkatzen hasi zen... «Jeniusha, Jeniusha», entzun zen emakume baten ahots dardaratsua. Alderik alde ireki zen atea, eta adineko emakume mozkote bat agertu zen atalasean, kofia zuri batez eta atorra ñabar labur batez jantzirik. Aieneka hasi, aldaro egin, eta lurrera eroriko zen Bazarovek eutsi ez balio. Bertantxe uztartu zituen bere beso lodiak semearen lepoaren inguruan, haren bularraren kontra jarri zuen burua, eta isilik geratu zen dena. Amaren zotin etenak besterik ez zen entzuten.

        Bazarov zaharrak sakon hartzen zuen arnasa, begiak lehen baino are txilotuago.

        — Ea, aski da, aski da, Arisha! —hasi zen, Arkadirekin begirada bat trukaturik, gaztea geldirik baitzegoen tarantasaren alboan, eta, bitartean, mujika ere atzerantz jiratu zen bere jarlekuan—. Ez dugu horrelakorik behar! Utziozu negar egiteari, mesedez.

        — Ai, Vasili Ivanitx —esan zuen, ahots estuz, andre zaharrak—, aspaldian ez nuen ikusten nire seme laztana, nire Jeniushenka maitea... —eta, besoak lasaitu gabe, bere aurpegi zimurtu, hunkitu eta malkoz bustia Bazarovengandik bereizi, begi zoriontsu eta alaiz begiratu, eta berriro estutu zen haren kontra.

        — Bai, jakina, naturala da hori guztia —esan zuen Vasili Ivanitxek—, baina hobe etxera sartzen bagara. Jevgenik gonbidatu bat ekarri du. Barkatu —gaineratu zuen, Arkadirenganantz jiraturik eta oinarekin takateko arina joz—, badakizu, emakumezkoen ahultasuna, amaren bihotza...

        Berak ere dardaraka zeuzkan ezpainak eta bekainak, eta ikaraz kokotsa... baina, nabari zitzaionez, bere burua menderatu nahi zuen, eta ia axolagabe agertu. Buru-makurtua egin zuen Arkadik.

        — Bai, amatxo, goazen barrura —esan zuen Bazarovek, eta etxera eraman zuen bere ama zahar ahuldua. Besaulki eroso batean eseri zuen; berriro ere aita arrapaladan besarkatu, eta Arkadi aurkeztu zion.

        — Zinez pozten nau zu ezagutuak —esan zuen Vasili Ivanovitxek—, baina barkabera izateko eskatu behar dizut: gure etxean oso xumea da dena, armadakoaren tankerako bizimodua daramagu. Arina Vlasievna, lasai zaitez, arren, ez izan hain txepela! Gaitzetsi egingo zaitu gure gonbidatuak.

        — Jauna —esan zuen, malko artean, andre zaharrak—, ez dut zure izena eta patronimikoa jakiteko ohorea...

        — Arkadi Nikolaievitx —xuxurlatu zion, seriotasunez, Vasili Ivanovitxek belarrira.

        — Barkatu hain tuntuna izatea. —Zintz egin zuen andre zaharrak, eta, buruari ezker-eskuin eraginez, ardura handiz xukatu zuen begi bat eta gero bestea—. Barkatu. Uste nuen nire seme ku... u... u... ttuna berriro ikusi gabe hilko nintzela.

        — Bada, berriro ikusi duzu —eten zion Vasili Ivanovitxek—. Taniushka —esan zion gero hamahiru urte inguruko neskato bati, zeinak, oinutsik eta kotoizko soineko gorribizi batez jantzirik, lotsaz begiratzen baitzuen atearen beste aldetik—, ekarri etxekoandreari edalontzi bete ur, erretilu batean, entzun dun? Eta zuek, jaunok, plazer baduzue —gaineratu zuen, moda zaharreko umore halako batez—, zatozte gerlari zahar erretiratu honen langelara.

        — Utzi beste besarkadatxo bat ematen, Jeniushetxka —esan zuen, zinkurinka, Arina Vlasievnak. Haren aldera makurtu zen Bazarov—. Nola edertu haizen!

        — Ez dakit edertu den ala ez —ohartarazi zuen Vasili Ivanovitxek—, baina gizon-gizon eginda dago, ommfe bat, esan ohi denez. Eta orain, Arina Vlasievna, dagoeneko zeure ama-bihotza ase duzunez, espero dut zure gonbidatu maiteak asetzeaz arduratuko zarela, zeren, dakizunez, urretxindorra ez baita alegiaz elikatzen.

        Besaulkitik altxatu zen andre zaharra.

        — Berehala egongo da jarrita mahaia, Vasili Ivanitx, neu jaitsiko naiz oraintxe bertan sukaldera eta samovarra prestatzeko aginduko dut, denetarik egongo da, denetarik. Hiru urte egon naiz semea ikusi gabe, jaten eman gabe, edaten eman gabe; samurra al da hori?

        — Zoaz zeure zereginetara, etxekoandre maratz hori, eta argi ibili, lotsagarri gera ez gaitezen; eta zuek, jaunok, etorri nirekin, mesedez. Begira, Jevgeni, hor daukak Timofeitx, hi agurtzera etorria. Inondik ere, zakur zahar hori ere poztuko duk hi ikusirik. Zer, pozik hago, zakur zahar hori? Zatozte nire atzetik, mesedez.

        Eta lehiatsu jo zuen aurrera Vasili Ivanovitxek, oinetako takoigabeak tipi-tapa herrestatuz.

        Haren etxetxoak sei gela bakarrik zituen, txiki-txikiak denak. Haietako bati, nora eraman baitzituen gure bi lagunak, langela deitzen zion. Mahai hanka-lodi batek bi leihoen arteko leku guztia hartzen zuen, zaharraren zaharraz belzturiko hauts-geruza batez estalirik, paper kedarreztatuz jantzirik balego bezala; hormetan, hor-hemen esekirik ageri ziren fusil turkiar batzuk, larruzko zartailuak, sableak, bi mapa, anatomi irudi batzuk, Hufeland-en potret bat, ilez eginiko monograma bat marko beltz batean eta diploma bat beira baten atzean. Kareliako urki-zurezko armairutzar biren erdian larruzko diban bat zegoen, alde batzuetan hondoratua eta urratua. Apaletan, berriz, nahas-mahas eta estu pilaturik ageri ziren askotariko liburuak, kutxatilak, txori disekatuak, potoak eta flaskoak; bazter batean makina elektriko apurtu bat zegoen.

        — Lehenago ere gaztigatu dizut, nire gonbidatu maitea —hasi zen Vasili Ivanovitx—, gu, nolabait esatearren, haize zabaleko kanpaleku batean bezalatsu bizi garela hemen...

        — Baina, aita, zer dela eta ari zara barkamen eske? —eten zion Bazarovek—. Kirsanovek ondo asko daki gu ez garela Kreso bezalako aberatsak eta zure etxea ez dela jauregia. Non kokatuko dugun, hori da arazoa.

        — Ez kezkatu, Jevgeni, gelatxo bikain bat zeukaat etxearen hegalean, ederto egongo duk hor.

        — Hegal bat egin duzu, ala?

        — Bai horixe; bainutegia dagoen tokian —sartu zen tartean Timofeitx.

        — Alegia, bainutegiaren alboan —zehaztu zuen berehala Vasili Ivanovitxek—. Udan gaudenez... Oraintxe joango nauk hara, dena antolatzera; eta hik, bitartean, ekarri haien gauzak, Timofeitx. Hiri, Jevgeni, nire langela uziko diat, esan beharrik ere zegok. Suum cuique.

        — Hori duk nire aita, zaharkilo irrieragingarri eta onegi hori! —esan zuen Bazarovek, Vasili Ivanovitx joan bezain laster—. Hirea bezain xelebrea duk, baina beste era batera. Izugarri berritsua duk.

        — Ama ere, antza denez, oso emakume ona duk —ohartarazi zuen Arkadik.

        — Bai, ez duk batere maltzurra. Ikusiko duk nolako bazkaria prestatzen digun.

        — Ez genekien gaur etortzekoa zinenik, jauna, ez dugu behikirik ekarri —esan zuen Timofeitxek, Bazaroven maletarekin itzuli berria baitzen.

        — Moldatuko gaituk behikirik gabe ere, ezina ezin. Diotenez, aberats izatea baino, ospe ona hobe.

        — Zenbat arima ditu hire aitak? —galdetu zuen, bat-batean, Arkadik.

        — Etxaldea ez duk berarena, amarena baizik; oker ez banago, hamabost arima ditik.

        — Hogeita bi guztira —zuzendu zion Timofeitxek, gogoz bestera.

        Oinetakoen herresta-hotsa aditu zen, eta berriro agertu zen Vasili Ivanovitx.

        — Minutu gutxi barru, zu hartzeko prest izango duzu gela —egin zuen oihu, handikiro—, Arkadi... Nikolaitx? Hala duzu patronimikoa, bai? Hona hemen zure morroia —gaineratu zuen, berarekin batera etorria zen mutiko kaskamotz bat seinalatuz, zeinak ukondoetan zarrastaturiko jaka urdin bat eta besteren botak baitzeramatzan jantzirik—. Fedka du izena. Semeak debekatu badit ere, barkabera izateko eskatu nahi nizuke berriro. Bestetik, mutikoak badaki pipa betetzen. Erretzen duzu, ezta?

        — Bai, baina zigarroak batik bat —erantzun zuen Arkadik.

        — Oso jokabide zentzuzkoa da hori. Nik ere nahiago ditut zigarroak, baina bazter leku honetan ikaragarri zailak dira lortzen.

        — Aski da, aita, utzi zure zoriaz arranguratzeari —eten zion ostera Bazarovek—. Hobe dibanean esertzen bazara, ondo aztertu nahi zaitut.

        Vasili Ivanovitx, barrez hasi, eta dibanean eseri zen. Haren aurpegia semearenaren oso antzekoa zen, baina baxuagoa eta estuagoa zuen bekokia, eta apur bat zabalagoa ahoa, eta ez zen geldirik egoten, sorbaldei eragiten zien behin eta berriro —janzkiak galtzarbean min emango balio bezala—, begiak kliskatu, eztul egin eta atzamarrak mugitzen zituen etengabe; semeak, aldiz, halako gelditasun nagi bat zuen ezaugarri.

        — Nire zoriaz arranguratu! —errepikatu zuen Vasili Ivanovitxek—. Ez ezak pentsa, Jevgeni, gure gonbidatua errukiarazi nahi dudala zer-nolako bazter lekuan bizi garen azaldurik. Alderantziz, uste diat bazter lekurik ez dela gizon adimentsuarentzat. Ni behintzat ahal dudan neurrian saiatzen nauk ez aberetzen, nire garaiaren atzean ez gelditzen.

        Vasili Ivanovitxek, Arkadiren gelara joan zenean hartu zuen lepozapi hori berri bat sakelatik atera, eta hizketan jarraitu zuen, lepozapiari airean eraginez:

        — Nik, esaterako, neuretzako sakrifizo nabarmenaz, errentan eman zizkieat lurrak mujikei, eta erdi bana egiten ditiagu orain etekinak. Nire eginbehartzat neukaan hori; zentzuak agintzen zian kasu horretan, nahiz eta beste lurjabeek horretan pentsatu ere ez duten egiten. Baina orain ez nauk horretaz ari; ez, orain zientziez ari nauk, irakaskuntzaz.

        — Bai, ikusten dudanez, hor daukazu Osasunaren laguna liburua, 1855 urtekoa —ohartarazi zion Bazarovek.

        — Aspaldiko lagun batek bidali zidak liburu hori, adiskidetasunarengatik —esan zuen Vasili Ivanovitxek berehala—, baina guk, besteak beste, badakigu zer edo zer frenologiaz ere —gaineratu zuen, oraingoan batez ere Arkadiri zuzendurik, eta armairua seinalatu zuen, non igeltsuzko buru txiki bat baitzegoen, lauki zenbakidunetan banaturik—, Schenlein eta Rademacher ere ez zaizkigu ezezagunak.

        — *** probintzian oraindik sinesten dute Rademacherrengan? —galdetu zuen Bazarovek.

        Eztulka hasi zen Vasili Ivanovitx.

        — Probintzia honetan... Baina, zalantzarik gabe, zuek hobeto dakizue hori, jaunok; nolatan jarriko gara gu zuen mailan? Gu ordeztera etorri zarete. Nire garaian oso barregarriak iruditzen zitzaizkigun Hoffman izeneko humorista bat eta Brown delako bat bere bitalismo guztiarekin, eta ospe handia izan zuten bolada batez. Zuek beste norbait hobetsi duzue Rademacherren ordez, eta gurtu egiten duzue, baina hogei urte barru, beharbada, barre egingo diote dena delako horri ere.

        — Kontsolatze aldera jakinaraziko dizut —esan zuen Bazarovek— guk orain medikuntza guztiari barre egiten diogula eta ez garela inoren aurrean makurtzen.

        — Nolatan liteke! Ez duk medikua izan nahi?

        — Bai, nahi dut, baina batak ez du bestea eragozten.

        Vasili Ivanovitxek hiru atzamarrez astindu zuen pipa, non errauts gori apur bat geratzen baitzen oraindik.

        — Balitekek, balitekek, ez diat zalantzan jarriko. Izan ere, zer naiz ni? Mediku militar erretiratu bat, volatu, orain agronomo sartua. Zure aitonak eta biok brigada berean zerbitzatu genuen —zuzendu zitzaion berriro Arkadiri—, bai, bai. Gauza asko ikusi nituen nire denboran. Denetariko jendeak ezagutu ditut! Askotariko lagunekin ibili naiz! Nik, nik neuk, orain aurrez aurre daukazuen honek, pultsua hartu diet Wittgenstein printzeari eta Zukovski-ri berari! Hegoaldeko gudarostean, hamalaugarren urtean, badakizu (eta hor modu adierazkorrean estutu zituen ezpainak Vasili Ivanovitxek), zirenak eta ez zirenak ezagutzen nituen. Baina hori ez da nire kontua; nirea ziztailua da, eta kito! Baina zure aitona oso gizon ohoragarria zen, militar petoa.

        — Aitor ezazu astakirten galanta zela! —esan zuen Bazarovek, nagiki.

        — Ene, Jevgeni, nolakoak esaten dituan! Izan hadi errukiorra... Jakina, Kirsanov jenerala ez zen...

        — Utzi behingoz gai hori! —eten zion Bazarovek—. Hona hurbiltzean, poztu egin naiz zure urkiditxoa ikusirik: ondo hazi da.

        Zuzpertu egin zen Vasili Ivanovitx.

        — Bada, ikusiko duk nolako lorategia daukadan orain! Neronek landatu ditiat landare guztiak. Badituk fruitu-arbolak, eta baiak, eta askotariko sendabelarrak. Zuek, jaun gazteok, ideia korapilatsuak dituzue, baina Paratzeltso zaharrak egia handia esan zian: in herbis, verbis et lapidibus... Nik, ondo dakianez, bertan behera utzia diat jarduna, baina astean pare bat aldiz lanbideari heldu behar izaten zioat atzera. Aholku eske etortzen zaizkidak, eta ezin ditiat besterik gabe egotzi. Behartsuak etortzen dituk laguntza eskatzera. Izan ere, inguru hauetan ez zegok sendagilerik. Inguruotan bizi den maior erretiratu bat ere sendaketan aritzen duk, hortik atera kontuak! Behin galdetu nian ea medikuntza ikasi duen, eta erantzun zidatean ezetz, ez duela ikasi, batez ere filantropiarengatik egiten duela... Ja, ja, filantropia! Egundo horrelakorik! Ja, ja! Ja, ja!

        — Fedka! Bete iezadak pipa! —esan zuen Bazarovek, garratz.

        — Behin, mediku bat etorri zuan gaixo bat sendatzera —jarraitu zuen, nolabaiteko etsipenez, Vasili Ivanovitxek—, eta gaixoa ad patres zegoan ordurako. Morroiak ez zioan utzi etxean sartzen, harrezkero haren premiarik ez zutela esanik. Medikuak ez zian horrelakorik espero, eta, nahasirik, galdetu zian: «Jaunak zotina izan du hil aurretik?». «Bai, zotina izan du.» «Asko?» «Bai, asko.» «Ah, ondo dago hori», eta alde egin zian. Ja, ja, ja!

        Agureak bakarrik egin zuen barre; Arkadik irribarretxo baten imintzioa egin zuen. Bazarovek kea irentsi baino ez zuen egin. Solasaldiak horrelaxe jarraitu zuen ordu bete inguru; Arkadik bere gelan sartu-irten bat egiteko denbora izan zuen. Bainutegiaren ondoko aldagela zen, baina oso atsegina eta garbia. Azkenean, Taniusha sartu, eta bazkaria prest zegoela jakinarazi zien.

        Vasili Ivanovitx altxatu zen lehena.

        — Goazen, jaunak! Barkadazue, arren, aspertu bazaituztet. Agian, etxekoandreak nik baino atsegin handiagoa emango dizue.

        Bazkaria, arrapaladan prestatuagatik ere, oso ona gertatu zen, are oparoa ere, nahiz eta ardoa, esan ohi denez, burutsu samarra izan: Timofeitxek hirian merkatari ezagun bati erositako jerez ia beltz bat zen, noiz eztiaren noiz kolofoniaren dasta zuena, eta euliek ere gogait eragiten zuten. Mutiko batek uxatu ohi zituen adar berde handi batez; baina egun hartan Vasili Ivanovitxek norabait bidali zuen, belaunaldi gaztearen gaitzespenaren beldur baitzen. Arina Vlasievnak denbora izan zuen apain janzteko: sedazko xingolekiko buruko garai bat eta adaxka-irudiekiko sorbalda-oihal bat zeuzkan soinean. Berriro ere, malko batzuk isuri zituen bere Jeniusha ikusi bezain laster, baina senarrak ez zion kargu hartu beharrik izan: emazteak berak berehala xukatu zituen malkoak, sorbalda-oihala ez lohitzearren. Gazteek soilik jaten zuten: senar-emazteak aspaldi bazkalduak ziren. Fedkak ziharduen zerbitzari, besteren bota haiek nabarmenki unaturik, eta Anfisushka izeneko emakume begibakar gizon-aurpegi bat zuen laguntzaile, zeinak, bestetik, giltzain, eskortazain eta ikuzle karguak baitzituen bere gain. Bazkariak iraun zuen bitarte guztian, Vasili Ivanovitx astiro ibili zen batera eta bestera gelan barrena, eta itxura guztiz zoriontsu eta are xaloz hitz egiten zuen Napoleonen politikak eta Italiako auzi korapilatsuak eragiten zizkioten goganbehar guztiz larriez. Arina Vlasievnak ez zion arretarik jartzen Arkadiri, ez zion inolako adeitasun-erakutsirik egiten; bere aurpegi biribila ukabiltxoan bermaturik, gerezi koloreko ezpaintxo mardulek eta masailetako zein bekainen gaineko orbantxoek oso aire onbera ematen ziotela, ez zituen begiak semearengandik bereizten, eta hasperen egiten zuen etengabe; irrika bizian zegoen semea zenbat denborarako etorria zen jakiteko, baina galdetzeko beldur zen. «Eta esango balu bi egunez geratuko dela?», pentsatzen zuen, eta gelditu egiten zitzaion bihotza. Errekiaren ondoren, Vasili Ivanovitxek, unetxo batez lekutu, eta xanpaina-botila erdi bat ekarri zuen, irekirik. «Horra —egin zuen oihu—, bazter leku batean bizi bagara ere, badaukagu zerez alaitu egokiera hotsandikoak!» Hiru kopa eta kopatxo bat bete, «gain-gaineko bisitarien» osasunari topa egin, eta, militarrek ohi dutenez, trago batean hustu zuen bere kopa, eta kopatxoa azken tantaraino edanarazi zion Arina Vlasievnari. Konfituren txanda etorri zenean, Arkadik, jaki gozoak ezin jasan bazitzakeen ere, betebehartzat jo zuen lau konfitura labetik atera berri haiek dastatzea, areago ikusirik Bazarovek ezezko biribila eman ziela eta bertantxe piztu zuela zigarro bat. Gero, tea azaldu zen eszenan, esnegainarekin, gurinarekin eta zortzi-formako gozopilekin batera; hurrena, Vasili Ivanovitxek lorategira eraman zituen guztiak, arratsaldearen ederra mireste aldera. Jarleku baten aldamenetik igarotzean, belarrira xuxurlatu zion Arkadiri: «Gogoko dut hemen eseririk filosofatzea, ilunabarrari begira: egokia da hori anakoreta batentzat. Eta han, urrunago, Horaziok maite zituen zuhaitz horietako batzuk landatu ditut».

        — Zer zuhaitz dira horiek? —galdetu zuen Bazarovek, erne baitzeuzkan belarriak.

        — Akaziak..., jakina.

        Aharrausika hasi zen Bazarov.

        — Uste dut ordua dela bidaiariak Morfeoren besoetara joan daitezen —ohartarazi zuen Vasili Ivanovitxek.

        — Hau da, lotara joateko ordua dela! —bota zuen Bazarovek—. Uste zuzena da hori. Ordua da, bai.

        Ama agurtzean, musu eman zion bekokian; amak, semea besarkartu, eta, hark bizkarra eman ziolarik, hiru aldiz bedeinkatu zuen, isil-gordeka. Vasili Ivanovitxek gelaraino lagundu zion Arkadiri, eta «zure adin zorioneko horretan nik izaten nuena bezalako atseden bizkorgarria» opatu zion. Eta, izan ere, Arkadik ederki lo egin zuen bainutegiaren ondoko aldagelan: menda-usaina zegoen, eta bi kilker kri-kri ari ziren estufaren atzean, zein baino zein logalegarriago. Vasili Ivanovitx, Arkadiren gelatik bere langelara joan, eta dibanean eseri zen semearen oinen alboan, berarekin mintzatzeko asmoz, baina Bazarovek bertantxe egotzi zuen handik, logura zela esanik; hala ere, goiza arte ez zen lokartu. Begiak zabal-zabalik, gaiztotasunez begiratzen zuen iluntasunera: haurtzaroko oroitzapenek ez zuten ahalmenik haren gainean, eta oraindik ez zuen lortu azken zirrara mingotsak ezabatzerik. Arina Vlasievnak, aurrena, ahoa neurri otoitz egin zuen; hurrena, luze-luze egon zen Anfisushkarekin hizketan, zeinak, oinak lurrari iltzatuta etxekoandrearen aurrean zutik eta bere begi bakarra berarengan josirik, xuxurla misteriozko batez jakinarazi baitzizkion Jevgeni Vasilievitxi buruzko bere irudipen eta gogoeta guztiak. Andre zaharrak zorabiaturik zeukan burua pozaren, ardoaren eta zigarroaren kearen eraginez; senarra berarekin hitz egiten saiatu zen, baina bertan behera utzi behar izan zuen saioa.

        Arina Vlasievna lehengo era zaharreko aitoren alaba errusiar peto-petoa zen; berrehun urte lehenago bizi beharko zukeen, Mosku antzinakoan. Oso elizkoia eta sentikorra zen, itsuki sinesten zuen denetariko zantzu, iragarkizun, azti-hitz eta ametsetan; orobat sinesten zuen arlote igarleengan, domovoi-engan, leshi-engan, topaketa gaiztoetan, aztiek ekarritako gaixotasunetan, sendagai herrikoietan, osteguneko gatzean, munduaren bukaera berehalakoan; sinesten zuen ezen, Erramu Igandearen bezperan argizariak pizturik utziz gero, arto beltza ondo hazten dela, eta perretxikoek hazteari uzten diotela giza begiak atzematen baditu; sinesten zuen ezen deabruak gogoko duela ura dagoen lekuetan ibiltzea, eta hebraitar guztiek orbantxo odolkolore bat dutela bularrean; beldur zien saguei, sugeei, igelei, txolarreei, izainei, trumoiari, ur hotzari, haize-lasterrei, zaldiei, akerrei, jende ilegorriari eta katu beltzei, eta animalia lohitzat zeuzkan kilkerrak eta zakurrak; ez zuen jaten txahalkirik, ez usorik, ez karramarrorik, ez gaztarik, ez zainzuririk, ez bedaurrik, ez erbirik, ez angurririk, zeren angurri ebakiak San Joan Bataiatzailearen burua gogorarazten baitu; eta izu-ikaraz soilik aipatzen zituen ostrak; atsegin zitzaion jatea, eta zorrotz egiten zuen barau; egunean hamar ordu lo egiten zuen, baina, Vasili Ivanovitxek buruko mina izanez gero, esna ematen zuen gau osoa; ez zuen libururik irakurri bere bizitza osoan, Aleksisa, edo basoko etxola izan ezik, urtean gutun bat edo gehienez ere bi idazten zituen, bazekien etxea gobernatzen, fruituak idortzen eta konfitura egiten, baina ez zuen ezertxo ere bere eskuez ukitzen eta, oro har, ez zitzaion gustatzen lekutik mugitzea. Oso ona zen Arina Vlasievna, eta, bere erara, ez batere inozoa. Bazekien munduan badirela jaunak, agintzeko, eta herritar xeheak, zerbitzatzeko, eta horregatik ez zituen arbuiatzen ez morroitasuna ez lurra ukitzerainoko gorputz-makurtzeak; baina samurtasunez eta amultsuki tratatzen zituen mendekoak, ez zuen pobre bat bera ere limosnarik gabe uzten eta sekula ez zion inori kargurik hartzen, nahiz eta batzuetan marmarrean aritzen zen. Gaztetan, oso polita izan zen, klabikordioa jotzen zuen eta frantses apur bat zekien; gogoz kontra ezkondu zen, eta, urte askoan senarrarekin hara eta hona ibili ondoren, gehiegi loditu zen, eta musika zein frantsesa ahaztu zituen. Neurrigabeko maitasun eta beldurra zion semeari; Vasili Ivanovitxen kargu utzia zuen etxaldearen administrazioa, eta, harrezkeroztik, berak ez zuen ezertan esku hartzen: bere zaharra etorkizunean egin asmo zituen aldaketez eta bestelako planez hitz egiten hasten zitzaion bakoitzean, zinkurin egin, eskuzapiari eraginez gizona uxatu, eta, izuaren izuz, gero eta gorago jasotzen zituen bekainak. Irudikorra zen, unean-unean ustekabeko ezbehar larriren bat gertatuko zelakoan zegoen beti, eta negarrez hasten zen gertaera tristeren batez gogoratu orduko... Gaur egun, gero eta bakanagoak dira horrelako emakumeak. Jainkoak daki pozgarria ote den hori!

 

 

 

© Turgenev

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Turgenev / Aita-semeak" orrialde nagusia