XV

 

        — Ikus dezagun ugaztunen zein kategoriari dagokion ale hau —ziotson biharamunean Bazarovek Arkadiri, biak Odintsovaren ostatuko zurubian gora zihoazela—. Susmo txarra hartzen zioat nik honi.

        — Harritzekoa! —egin zuen espantu Arkadik—. Zer dugu, gero? Hik ere, Bazarov, hik ere eusten diok moral estu horri...

        — Zein aldrebesa haizen! —eten zion Bazarovek, zabar—. Ez al dakik gure hizkeran eta gutarrentzat «txarra»k «ona» esan nahi duela? Badela probetxu onik, alegia. Gaur hik heuk esan duk Odintsova oso modu estrainoan ezkondu zela; nire ustez, ordea, zahar aberats batekin ezkontzea ez duk inondik inora estrainoa, zuhurra baizik. Nik ez ditiat sinesten hiriko esamesak, baina atsegin zaidak pentsatzea ezen, gure gobernadore ikasi horrek dioenez, egiazkoak direla.

        Arkadik ez zion ezer erantzun eta gelako atea jo zuen. Libreaz jantziriko mirabe gazte batek gela handi batera eraman zituen bi adiskideak. Txarto altzariturik zegoen, Errusiako ostatuetako gela guztiak bezala, baina lorez apaindurik. Berehala agertu zen Odintsova bera, goiz-soineko soil batez jantzirik. Gazteagoa ematen zuen udaberriko eguzkiaren argitan. Arkadik Bazarov aurkeztu zion, eta isileko harriduraz ohartu zen adiskidea aztoraturik-edo zegoela; Odintsova, aldiz, lasai-lasai zegoen, aurreko egunean bezalaxe. Aztoraturik zegoela konturatu zen Bazarov bera ere, eta bere buruarekin haserretu zen. «Arraioa! Emakume baten aurrean kikiltzea ere!», pentsatu zuen, eta, besaulki batean amildurik, ez Sitnikovek egingo zuen baino era txarragoz, gehiegizko ozartasunez hasi zen hizketan, eta Odintsovak ez zituen bere begi argiak berarengandik bereizten.

        Anna Sergeievna Odintsova Sergei Nikolaievitx Loktev-engandik jaio zen, zeina entzute handiko gizon ederra izan baitzen, iruzurtia eta jokalaria. Hamabost bat urte iraun zuen Petersburgen eta Moskun bizitzen, zalaparta handia ateraz nonahi, eta, azkenik, den-dena jokoan galdurik, herrixka batera joan behar izan zuen bizitzera, non, bestetik, laster hil baitzen, fortuna ezinago urria utzirik bi alabei: Anna, hogei urtekoa, eta Katerina, hamabi urtekoa. Haien ama, Kh*** printzearen familia txirotuko kidea bera, Petersburgen zendu zen, senarra artean bere ahalen gorenean zelarik. Anna oso egoera latzean geratu zen aita hildakoan. Petersburgen heziketa ezin hobea jaso zuen arren, ez zegoen prestaturik etxaldea gobernatzeko eta etxeko zereginez arduratzeko, ezta bazter herri batean bizitzeko ere. Ez zuen inguruko inortxo ere ezagutzen, eta ez zeukan aholku nori eskaturik. Aita beti ahalegindu zen auzolagunekin inolako harremanik ez izaten, gutxietsi egiten zituen, eta haiek ere, zeinek bere erara, gutxietsi egiten zuten bera. Guztiarekin ere, Annak ez zuen burua galdu, eta berehala deitu zion beregana amaren ahizpari, Avdotia Stepanovna Kh*** printzesari. Emakume zaharra zen, maltzurra eta buruiritzia; ilobaren etxean kokatu zelarik, beretzat hartu zituen gelarik onenak, marmarka eta erremuskadaka aritzen zen goiz eta arrats, eta bere mirabe bakarraz lagundurik soilik ibiltzen zen are lorategian ere. Mirabe goibela zen hura, hiru adarreko kapela batez eta galoi urdinekiko librea maiztu ilarkolore batez jantzia. Annak egonarriz eramaten zituen izebaren apeta guztiak, ahizparen heziketaz arduratzen zen, eta, nonbait, bazter leku hartan zimelduko zela etsi zuen... Baina bestelako patua egokituko zitzaion. Halabeharraren zoriaz, berarengan erreparatu zuen Odintsov izeneko gizon batek, oso aberatsa bera, berrogeita sei urtekoa, bitxia, hipokondriakoa, lodia, zakarra eta erretxina, baina, bestetik, ez ergela eta ez gaiztoa ere, zeinak, maitemindurik, ezkontzeko mandatu egin baitzion. Onartu egin zuen Annak haren emaztea izatea. Odintsov sei urtez bizi izan zen berarekin, eta, hiltzean, bere ondasun guztiak utzi zizkion. Senarra hil ondoren, Anna Sergeievnak urtebete inguru egin zuen herrixkatik irten gabe; gero, atzerrira joan zen ahizparekin batera, baina Alemanian soilik izan ziren; herriminak jota, bere Nikolskoe kuttunera itzuli zen, zeina *** hiritik berrogei bat verstara baitzegoen. Etxe dotore eta apain askoa zeukan han, eta lorategi zoragarri bat, berotegi eta guzti: Odintsov zenak ez zion ezer ukatzen bere buruari. Anna Sergeievna oso gutxitan joaten zen hirira, bere zereginek hartaraturik gehienetan, eta inoiz ez zen luzaz egoten han. Ez zuten maite probintzia hartan, izugarri gogor gaitzesten zuten denek Odintsovekiko ezkontza, denetariko gezur-laidoak zabaltzen zituzten berari buruz, esaten zuten aitari laguntzen ziola iruzur eta azpikerietan, eta ez zela besterik gabe joan atzerrira, zoritxarreko ondorioak ezkutatu beharrak eraginik baizik... «Badakizue zertaz ari naizen, ezta?», esaten zuten berri-ontzi haserreek. «Asko ibilia da mundu zabalean», esaten zuten beraren gainean, eta probintziako zirtolari ezagun batek hau erantsi ohi zuen: «Bide estuetan, ordea». Haren belarrietara iristen ziren esamesa horiek guztiak, baina ez zien jaramonik egiten: burujabea eta nahikoa kementsua zen berez.

        Eseririk zegoen Odintsova, besaulkiaren bizkarraldean bermaturik, eta, eskua esku gainean, Bazarovi entzuten zion. Bazarov, ohi zuenaz bestera, berritsu samar zegoen eta ahalegin nabariak egiten zituen solaskidearen arreta pizteko, eta horrek berriro harritu zuen Arkadi. Ezin esan zezakeen, hala ere, Bazarov bere helburua erdiesten ari ote zen. Annaren aurpegian nekez igar zitekeen zer sentitzen zuen: aurpegiera atsegin eta gizabidetsu berbera erakusten zuen denbora guztian; haren begi ederrek jakinminez distiratzen zuten, jakinmin barez baina. Bisitaren aurreneko minutuetan, gozakaitz iritzi zien Bazaroven imintzio nabarmenegiei, hala nola gozakaitza gertatzen baita kiratsa edo durundi zolia; baina berehala ohartu zen bisitaria aztoraturik zegoela, eta are balakagarri gertatu zitzaion hori. Arruntasunak soilik gogaitarazten zuen, baina Bazarovi ezin inork leporatu gizon arrunta zenik. Arkadiren harridurak ez zuen etenik izango egun hartan. Espero zuen Bazarovek bere iritzi eta ideiei buruz hitz egingo ziola Odintsovari, emakume argia baitzen: hark berak adierazi zuen «ezertan ere ez sinesteko adorea duen gizon bati» entzuteko irrikaz zegoela; baina, horren ordez, medikuntzaz, homeopatiaz eta botanikaz mintzo zen. Odintsovak, nabari zitzaionez, ez zuen denborarik galdu bere bakarraldian: hainbat liburu on irakurri zituen eta ondo egiten zuen errusieraz. Musikara eraman zuen solasaren haria, baina, Bazarovek artea onartzen ez zuela konturaturik, botanikara lerratu zen arian-arian, nahiz eta Arkadi herri-doinuen garrantziaz mintzatzen hasia zen. Neba gaztea balu bezala tratatzen jarraitzen zuen Odintsovak: zirudienez, ontasuna eta tolesgabetasuna bakarrik balioesten zituen berarengan. Hiru ordu eta gehiago iraun zuen solasaldiak, baratxe, oparo eta bizi.

        Zutitu ziren noizbait bi adiskideak, eta agurtzeari ekin zioten. Anna Sergeievnak amultsuki begiratu zien, bere esku zuri ederra biei luzatu eta, apur batean pentsakor egon ondoren, irribarre zalantzati baina polit batez esan zien:

        — Aspertzearen beldur ez bazarete, jaunak, etorri egunen batean Nikolskoera.

        — Zurekin ez dago aspertzerik, Anna Sergeievna! —egin zuen oihu Arkadik—. Niretzat zorion paregabea litzateke...

        — Eta zu, mesié Bazarov?

        Bazarovek buru-makurtua besterik ez zuen egin, eta Arkadi azken aldiz harritu zen: adiskidea gorri ipini zela ohartu zen.

        — Eta? —galdetu zion kalean—. Oraindik uste duk ai-ai-ai dela?

        — Batek daki! Ikusi duk zein hotza den! —erantzun zuen Bazarovek, eta, isilune laburra eginik, erantsi—: Dukesa ematen dik, erregina. Soingaineko dindirriduna atzean arrastaka eta koroa buru gainean, horixe bakarrik falta zaiok.

        — Gure dukesek ez ditek horrela hitz egiten errusieraz —ohartarazi zion Arkadik.

        — Garai latzetan, nire adiskide hori, geure ogi beretik jan zian honek.

        — Nolanahi ere, xarmagarria duk —esan zuen Arkadik.

        — Zeinen gorputz ederra! —jarraitu zuen Bazarovek—. Anatomiako anfiteatroan erakusteko modukoa.

        — Isilik egon hadi, Jevgeni, Jainkoaren izenean! Horrelakorik esatea ere!

        — Ea, ez haserretu, milika halakoa. Kalitaterik onenekoa duk, bai horixe. Harenera joan behar diagu.

        — Noiz?

        — Etzi bertan. Zer egin behar dugu hemen? Xanpaina edan Kukshinarekin? Hire ahaide handi-mandi liberal horri entzun?... Etzi abiatuko gaituk. Gainera, nire aitaren etxaldetxoa handik hurbil zegok. Nikolskoe hori ***ko bidean zegok, ezta?

        — Bai.

        — Optime. Ez zegok gerotik gerora zertan ibilirik; ergelak bakarrik ibiltzen dituk gerotik gerora, eta buruargiak ere bai. Lehen ere esan diat: zeinen gorputz ederra!

        Hiru egun geroago, Nikolskoeko bidean ziren bi adiskideak. Argitsu zegoen eguna, ez zuen bero handiegirik egiten, eta posta-zaldi ondo janarituak lauoinka zihoazen denak batera, buztan kiribildu eta txirikordatuei leunki eraginez. Arkadik irribarretsu begiratzen zion bideari, zergatik ez zekiela.

        — Zorionak eman behar dizkidak —egin zuen oihu Bazarovek ustekabean—, gaur ekainaren 22a duk, nire santuaren eguna! Ikusiko diagu nola babesten nauen. Gaur, nire zain egongo dituk etxean —gaineratu zuen, ahotsa beheraturik—. Zain egon daitezela, bada, garrantzi gutxiko kontua duk hori!

 

 

 

© Turgenev

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Turgenev / Aita-semeak" orrialde nagusia