XIV

 

        Zenbait egun geroago, gobernadoreak dantzaldia eman zuen etxean. Matvei Ilitx «jaiko heroia» izan zen; probintziako gobernuburuak guzti-guztiei jakinarazi zien harenganako begiruneak soilik ekarri zuela dantzaldira, eta gobernadoreak, berriz, are dantza-saioan bertan ere, «aginduak ematen» jarraitzen zuen, geldi-geldirik. Matvei Ilitxen manera atseginak beraren hotsandiarekin soilik pareka zitezkeen. Guztiak balakatzen zituen, nazka-ukitu batekin batzuk, begirunezko ñabardura batekin beste batzuk; en vrai chevalier francais lausengatzen zituen damak, eta barrez zegoen beti, irri zabal, ozen eta berdingabe batez, goi-mailako funtzionario bati dagokion legez. Zapladatxo batzuk eman zizkion Arkadiri bizkarrean, eta «ilobatxo» deitu zion goraki; orobat ohoratu zuen Bazarov, zeina frak zahartxo batez jantzirik baitzegoen, arreta handirik gabeko begirada arin baina barkabera batez eta marru ilun baina bihozkor batez, zeinetik «ni» eta «oso» hitzak soilik ulertu baitziren; hatza luzatu zion Sitnikovi, eta irribarre egin, baina berehala jiratu zuen burua; are Kukshinari berari ere, zeina merinakerik gabe eta eskularru zikinekin baina ilean paradisuko hegazti bat zeukala agertu baitzen dantzaldira, are Kukshinari berari ere esan zion: «Enchanté». Jende asko zegoen, eta ez zen galairik falta; zibil gehienak hormaren alboan bildurik zeuden; militarrek, aldiz, dantza egiten zuten denbora guztian, batez ere haietako batek, zeina sei bat astez bizi izan baitzen Parisen, han askotariko oihu ozarrak ikasi zituela, hala nola «zut», «ah fichtrrrre», «pst, pst, mon bibi» eta abar. Bikain ebakitzen zituen, Parisko doinu chic peto-petoaz, eta, aldi berean, «si j'aurais» esaten zuen «si j'avais» esan beharrean, eta «hutsik egin gabe» zentzua ematen zion «absolument» hitzari; labur esanik, errusieraren eta frantsesaren nahaste zen hizkera mordoilo bat erabiltzen zuen; frantsesek, hain zuzen ere, barre egiten diote hizkera horri, noiz eta ez baitute inolako beharrik errusiarroi sinetsarazteko aingeruek bezala egiten dugula haien hizkuntzan, «comme des anges» alegia.

        Arkadik, dakigunez, txarto egiten zuen dantza, eta Bazarovek, berriz, ez zuen inola ere dantzarik egiten; bazter-zoko batean kokatu ziren biak; Sitnikov haiekin elkartu zen. Bere irribarre destainazkoa aurpegian eta iruzkin garratzak eginez, lotsagabeki begiratzen zuen ingurura, eta bazirudien benetako plazerra sentitzen zuela. Bat-batean, mudatu egin zitzaion aurpegiera, eta, Arkadirenganantz jiraturik, urduri-antzean esan zion: «Iritsi duk Odintsova».

        Arkadik, begiekin ingurua arakatu, eta emakume garai bat ikusi zuen aretoko atean, soineko beltz batez jantzirik. Txunditurik utzi zuen haren irudiaren xarmak. Beso biluziak eder ageri ziren gorputz-enbor lirainaren alde banatan luze; eder erortzen zitzaizkion abartxo fuksiakolore batzuk ile-adats distiratsutik sorbalda leunetaraino; lasai eta adimentsu, batez ere lasai, baina ez pentsakor, horrelaxe begiratzen zuten haren begi argiek bekoki zuri doi bat irtenaren azpitik, eta ezpainek, berriz, irribarre sumagaitza egiten zuten. Halako indar samur eta gozo bat zerion aurpegi hari.

        — Ezagutzen duzu? —galdetu zion Arkadik Sitnikovi.

        — Lagun minak gara. Aurkeztuko dizut?

        — Bai, mesedez... kontradantza hau amaitzen denean.

        Bazarovek ere arreta jarri zion Odintsovari.

        — Nor da emakume polit hori? —esan zuen—. Ez du gainerakoen antzik.

        Kontradantza amaitu arte itxaron zuten. Sitnikovek Odintsovarenganaino eraman zuen Arkadi; baina ez zirudien lagun mina zuenik: harekin mintzatzean, korapilatu egin zitzaizkion hitzak, eta emakumeak nolabaiteko harriduraz begiratu zion. Hala ere, haren aurpegiak begikotasuna adierazi zuen Arkadiren abizena entzun zuenean. Ea Nikolai Petrovitxen semea zen galdetu zion.

        — Bai horixe.

        — Pare bat aldiz ikusi dut zure aita, eta askotan entzun ditut berari buruzkoak —jarraitu zuen—. Oso pozten nau zu ezagutuak.

        Une horretantxe, edekan bat inguratu eta kontradantzarako gonbita egin zion. Baiezkoa eman zion Odintsovak.

        — Dantza egiten duzu? —galdetu zion Arkadik, begirune handiz.

        — Bai. Zergatik uste duzu ez dudala dantza egiten? Zaharregi deriztazu, ala?

        — Ez hurrik eman ere... Orduan, onar iezadazu mazurka bat dantzatzeko gonbita.

        Odintsovak irribarretxoa egin zuen, barkabera.

        — Atsegin handiz —esan zuen, eta arreba ezkonduek neba gaztetxoei begiratzen dieten bezala begiratu zion Arkadiri, ezen ez handikeriaz.

        Odintsova Arkadi baino zaharxeagoa zen, hogeita bederatzi urte zituen, baina Arkadi eskola-ume, ikasle xehe sentitzen zen haren presentzian, bien arteko adin-aldea oso handia balitz bezala. Matvei Ilitx hurbildu zitzaion, handientsu eta losintxa-jario. Arkadi bazter batera aldendu zen, baina Odintsova zelatatzen jarraitu zuen: ez zuen ikusmenetik galdu kontradantzak iraun zuen bitarte guztian. Goi-mailako funtzionario batekin bezain eroso hitz egiten zuen dantza-lagunarekin; astiro mugitzen zuen burua, emeki kliskatzen zituen begiak, eta ahapekako barretxoak egin zituen birritan. Lodi samarra zuen sudurra, errusiar gehienek bezalaxe, eta azalmintzaren kolorea, berriz, ez guztiz aratza; hori guztia ikusirik, Arkadik erabaki zuen sekula ez zuela ordu arte hain emakume liluragarririk ezagutu. Haren ahotsaren doinua ez zitzaion ezabatzen belarrietatik; soinekoaren tolesek berek ere beste emakumeenen desberdinak ematen zuten, egokiagoak eta lasaiagoak, eta haren mugimenduak bereziki zaluak ziren, eta guztiz naturalak aldi berean.

        Mazurkaren lehen doinuak entzun zirelarik, halako kikiltze bat sumatu zuen Arkadik bihotzean: bere damaren aldamenean eseri zen, eta, solasari ekiteko prest, eskua iletik igaro baino ez zuen egin, hitzik aurkitu ezinik. Baina ez zuen luze iraun kikildurik eta aztoraturik; Odintsovak bere lasaitasuna kutsatu zion berehala: ordu laurden bat igarotzerako, jario errazez ari zen hizketan aitaz, osabaz eta Petersburgeko zein herrixkako bizitzaz. Odintsovak adeitasunezko arretaz entzuten zion, haizemailea leunki zabaldu eta biltzen zuela; Arkadiren hitz-jarioa eten egiten zen galairen batek Odintsova dantza-lagun hautatzen zuen bakoitzean; Sitnikovek bi aldiz egin zion dantzarako gonbita. Itzultzen zen Odintsova, berriro eseri eta atzera hartzen zuen haizemailea, eta haren bularrak ez zuen lehen baino azkarrago hartzen arnasa, eta Arkadik berriro ekiten zion solasari, zorionez gainezka beraren aldamenean zegoelako, berarekin hizketan, bertatik bertara so beraren begietara, beraren bekoki ederrera, beraren aurpegi atsegin, serio, adimentsura. Gutxi hitz egiten zuen Odintsovak, baina haren hitz bakanek bizitza ezagutzen zuela erakusten zuten; haren iruzkin batzuetatik Arkadik ondorioztatu zuen ezen emakume hark, gazte izanagatik ere, asko jasan eta hausnartu zuela ordurako...

        — Norekin zeunden —galdetu zion Odintsovak— Sitnikovek niregana ekarri zaituenean?

        — Begi eman diozu? —galdetu zuen Arkadik—. Ez da egia oso gizon erakargarria dela? Bazarov da, nire adiskidea.

        «Bere adiskidea»z hitz egiten hasi zen Arkadi.

        Hain sutsuki goraipatu zuen, hainbeste xehetasun eman zizkion, ezen Odintsovak, harengantz jiratu, eta adi-adi begiratu baitzion. Ordurako, amaitzear zegoen mazurka. Tamalgarri zitzaion Arkadiri harengandik bereiztea: hain gustura igaro zuen ordu bete inguru berarekin! Egia esan, bitarte horretan guztian Arkadik sentitu zuen Odintsovak samurtasunez tratatu zuela, eta esker ona zor ziola horren ordainez... baina sentipen hori ez da eragozpen izaten bihotz gazteentzat.

        Isildu egin zen mazurka.

        — Merci —esan zuen Odintsovak, jaikitzeaz batera—. Bisita egingo didazula hitzeman didazu, ekar ezazu zeure adiskidea ere. Irrikaz nago ezertan ere ez sinesteko adorea duen gizon bat ezagutzeko.

        Gobernadorea Odintsovarengana hurbildu zen, afaria prest zegoela jakinarazi, eta besoa eskaini zion, arduratsu. Alde egitean, Arkadirenganantz jiratu zen Odintsova, azken aldiz irribarre egiteko eta buruaz agurtzeko. Arkadik, bere aldetik, kilimusi nabarmena egin zion, begiekin atzetik jarraitu (zein lirain ageri zen haren gorputza seda beltzaren distira grisaxkak bildurik!), eta pentsatu zuen: «Une honetantxe, nitaz ahaztu duk jadanik»; eta halako etsipen sotil bat sumatu zuen ariman...

        — Zer moduz? —galdetu zion Bazarovek Arkadiri, bazter-zokora itzuli bezain laster—. Pozik hago? Handi-mandi horietako batek oraintxe bertan esan zidak emakume hori zera dela, ai-ai-ai; baina delako handi-mandi hori ergela duk inondik ere. Zer diok hik?, ai-ai-ai da?

        — Ez diat ondo ulertzen definizio hori —erantzun zuen Arkadik.

        — Horrelakorik! Hi bai inozoa!

        — Nolanahi ere, ez diat hire handi-mandi hori ulertzen. Odintsova oso atsegina duk, inolako zalantzarik gabe, baina hain jokatzen dik hotz eta zorrotz...

        — Begira nazak ur gelditik... badakik! —esan zuen Bazarovek—. Hotza dela diok. Hain zuzen ere, horixe zeukak xarmarik handiena. Ez zaizkik gustatzen izozkiak?

        — Balitekek —murduskatu zuen Arkadik—, ezin diat hori epaitu. Ezagutu nahi hau, eta beraren etxera nirekin eramateko eskatu zidak.

        — Imajinatzen diat nola pintatu nauan! Dena dela, ondo egin duk. Eraman nazak berarengana. Dela probintzietako mari-apain bat, dela émancipée horietako bat, edozer dela ere, aspaldian ez diat ikusi harenak bezalako sorbaldarik.

        Mindu zen Arkadi Bazaroven zinismoarekin, eta kargu hartu zion adiskideari, baina, sarritan gertatu ohi denez, ez preseski gogaikarri gertatu zitzaion horrengatik...

        — Zergatik ez diek onartu nahi emakumezkoei pentsatzeko askatasuna? —galdetu zuen ahapeka.

        — Bada, egiaztatu dudanez, emakume itsusiek bakarrik pentsatzen dutelako askatasunez, nire adiskide hori.

        Hortxe bukatu zen elkarrizketa. Afaria amaitu eta berehala, etxera joan ziren bi gazteak. Kukshinak gorrotozko barre urduri batez baina ez herabetasunik gabe agurtu zituen: izugarri mindurik zeukan bere buruarenganako estimua, ez batak ez besteak batere jaramonik egin ez ziotelako. Inor baino beranduago arte geratu zen dantzaldian, eta gaueko lauak aldera polka-mazurka bat dantzatu zuen Sitnikovekin Parisko erara. Ikuskizun eredugarri horrekin amaitu zen gobernadorearen jaia.

 

 

 

© Turgenev

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Turgenev / Aita-semeak" orrialde nagusia