IX

 

        Egun horretan bertan, Fenetxkaren ezaupidea egin zuen Bazarovek ere. Lorategian zebilen Arkadirekin batera, eta azaltzen ari zitzaion zergatik zuhaitz batzuk, bereziki haritz gazteak, ez ziren errotu.

        — Hemen, makalak landatu behar dituk, eta izeiak, eta, agian, ezkiak ere bai, lur beltza gehiturik. Horko itzaltegi hori ondo hazi duk —erantsi zuen— akaziak eta lilak landare zintzoak direlako, ez zegok zaindu beharrik. Bah! Baina hor baduk norbait.

        Fenetxka itzaltegian eseririk zegoen Duniasha eta Mitiarekin batera. Gelditu egin zen Bazarov, eta Arkadik, berriz, buru-mugimendu batez agurtu zuen Fenetxka, aspaldiko laguna balu bezala.

        — Nor da? —galdetu zion Bazarovek, handik urrundu eta berehala—. Zein polita den!

        — Nortaz ari haiz?

        — Argi zegok: bat bakarra zuan polita.

        Arkadik, ez aztoramenik gabe, hitz gutxitan azaldu zion nor zen Fenetxka.

        — Hara! —egin zuen Bazarovek—. Hire aitak, bistan denez, bazekik egokierez baliatzen. Atsegin zaidak hire aita, alajaina! Gizon jatorra duk. Baina ezagutu beharra zeukaat —erantsi zuen, eta itzaltegirantz joan zen atzera.

        — Jevgeni! —egin zion oihu Arkadik atzetik, beldurrez—. Tentuz ibili, Jainkoarren.

        — Ez kezkatu —esan zuen Bazarovek—, eskarmentu handia zeukaagu guk, hirian bizi izan gaituk.

        Fenetxkaren parera iristean, kapela erantzi zuen.

        — Utz iezadazu neure burua aurkezten —hasi zen, adeitasunezko kilimusia eginez—, Arkadi Nikolaitxen adiskidea nauzu, eta gizon baketsua.

        Fenetxkak, jarlekutik doi-doia altxatu, eta isilik begiratu zion.

        — Bai haur zoragarria! —jarraitu zuen Bazarovek—. Ez larritu, oraindik ez diot begizkorik egin inori. Zergatik dauzka hain gorri masailak? Hortzak ateratzen ari zaizkio, ala?

        — Bai —erantzun zuen Fenetxkak—, lau hortz atera zaizkio jadanik, eta orain berriro dauzka handiturik oiak.

        — Utzi ikusten... ez izan beldur, sendagilea naiz.

        Bazarovek besoetan hartu zuen haurra, zeinak, Fenetxkaren eta Duniasharen harridurarako, ez baitzion inola ere gogor egin, ezta izurik agertu ere.

        — Ikus dezagun, ikus dezagun... Arazorik ez, behar bezala dago dena: hortz ederrak izango ditu. Zerbait gertatzen bazaio, jakinaraz iezadazu. Eta zu, ondo zaude osasunez?

        — Bai, Jainkoari eskerrak.

        — Jainkoari eskerrak, bai, sari hoberik ez dago. Eta zu? —erantsi zuen Bazarovek, Duniasharenganantz jiraturik.

        Duniashak, etxean oso serioa eta kalean irrizalea baitzen, barre egin zuen erantzun gisa.

        — Ederto. Hartu zeure bogatira.

        Fenetxkak besoetan hartu zuen haurra.

        — Zein lasai egon den zurekin —esan zuen, ahapetik.

        — Nirekin haur guztiak egoten dira lasai —erantzun zuen Bazarovek—. Badakit nola jokatu behar den haiekin.

        — Haurrek sumatu egiten dute nork maite dituen —ohartarazi zuen Duniashak.

        — Hala da, bai —baietsi zuen Fenetxkak—. Mitia, esaterako, inola ere ez da joaten besteren besoetara.

        — Nireetara ere ez? —galdetu zuen Arkadik, apur batean urrun egon ondoren itzaltegira hurbildu zelarik.

        Besoetan hartzeko keinua egin zion Mitiari, baina Mitia, burua atzera bota, eta mainak egiten hasi zen, eta horrek zeharo nahasirik utzi zuen Arkadi.

        — Beste egun batean hartuko dut, ohitzen zaidanean —esan zuen, eramankor, Arkadik, eta han joan ziren bi adiskideak.

        — Nola du izena? —galdetu zuen Bazarovek.

        — Fenetxka... Fedosia —erantzun zuen Arkadik.

        — Eta patronimikoa? Hori ere jakin beharra dago.

        — Nikolaievna.

        — Bene. Gustatu egin zaidak, ez baita lar aztoratu. Beste batek, beharbada, gaitzetsi egingo likek berezitasun hori. Zentzugabekeria handiagorik! Zergatik aztoratu? Ama duk, eta zuzen zegok.

        — Zuzen zegok, bai —esan zuen Arkadik—, baina horra nire aita...

        — Bera ere zuzen zegok —eten zion Bazarovek.

        — Ez, nik ez diat horrela uste.

        — Inondik ere, ez zaik atsegin beste oinordeko bat izatea.

        — Ez dik lotsarik ematen niri horrelako pentsamendurik egozteak? —esan zuen Arkadik, sutsuki—. Nire iritziz, aita ez zegok zuzen, baina ez ikuspuntu horretatik; uste diat ezkondu egin beharko lukeela berarekin.

        — Horratx! —esan zuen Bazarovek, patxadatsu—. Bai gogo-zabalak, gu! Oraindik ere garrantzia ematen diok ezkontzeari; ez nian hiregandik horrelakorik espero.

        Bi adiskideek isilik egin zituzten urrats batzuk.

        — Goitik behera aztertu diat hire aitaren etxaldea —ekin zion berriro Bazarovek—. Abereak txarrak dituk, eta zaldiak leher eginik zeudek. Eraikuntzak ere kaxkarrak dituk, eta langileak zorria baino alferragoak iruditu zaizkidak; eta ez zekiat administratzailea ergela ala maltzurra den, oraindik ez zioat ondo erreparatu.

        — Zorrotza hago gaur, Jevgeni Vasilitx.

        — Are mujik onek ere iruzur egiten ziotek hire aitari, ondo egin ere. Badakik zer dioen esaera zaharrak: «Mujik errusiarra Jainkoa bera irensteko gai».

        — Osabarekin bat etortzen hasiko nauk —ohartarazi zion Arkadik—, iritzi txarra duk errusiarroz.

        — Hara bestea! Errusiarrak gauza bakarra dik ona: bere buruaz duen iritzi ezin txarragoa. Bi eta bi lau direla duk garrantzizkoa, gainerako guztia huskeria duk.

        — Natura ere huskeria da? —esan zuen Arkadik, pentsakor urrunera begira, zelai ñabarretara, eguzki jadanik behera etorriak eder eta motel argiturik baitzeuden.

        — Bai, natura bera ere huskeria duk, hik ematen dioan zentzuan. Natura ez duk tenplua, lantegia baizik, eta gizakia, berriz, horko behargina.

        Une horretantxe, biolontxelo baten soinu astiroa iritsi zitzaien etxetik. Norbait Schubert-en Itxarotea jotzen ari zen, sentimenduz baina esku antzegabez, eta melodia atsegin hura gozoki hedatzen zen airean.

        — Nor da? —galdetu zuen Bazarovek, txunditurik.

        — Aita.

        — Hire aitak biolontxeloa jotzen du?

        — Bai.

        — Baina zenbat urte ditu?

        — Berrogeita lau.

        Bazarov barre-algaraka hasi zen tupustean.

        — Zeri egiten diok barre?

        — Barkatu! Berrogeita lau urteko gizon bat, pater familias, bazter leku honetan, biolontxeloa jotzen!

        Bazarovek barrez jarraitu zuen; Arkadik, aldiz, bere maisua zinez miresten zuen arren, oraingoan ez zuen irribarrerik ere egin.

 

 

 

© Turgenev

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Turgenev / Aita-semeak" orrialde nagusia