VII

 

        Pavel Petrovitx Kirsanov etxean hezi zuten hasieran, Nikolai anaia gaztea bezala, eta ikastetxe militar berezi batean gero. Txikitatik, bere edertasun miragarriarengatik nabarmendu zen; gainera, uste handia zuen bere buruarengan, irrilari samarra zen, eta jostagarriro suminkorra: ezinezkoa gertatzen zen mutil hura gogoko ez izatea. Ofizial-mailara iritsi bezain laster, leku guztietan agertzen hasi zen. Begikotasunez eta losintxaz tratatzen zuten denek, eta berak apetak ematen zion guztia egiten zuen, are denetariko zorakeriak eta ziminokeriak ere; baina hori ere eder egiten zitzaion. Emakumezkoek burua galtzen zuten berarengatik, gizonezkoek putzontzitzat zeukaten eta ezkutuko ondamua zioten. Lehenago esan dugunez, denboraldi batez egoitza batean bizi izan zen anaiarekin. Zinez maite zuen anaia, haren antzik batere ez zuen arren. Nikolai Petrovitx herren-antzean ibiltzen zen, haren hazpegiak xumeak eta atseginak ziren, baina goibel samarrak, begi beltz txikiak zituen, eta ile urri, leuna; atsegin zitzaion nagitasuna, baina baita irakurtzea ere, eta herabe zen gizarteko bizitzarako. Pavel Petrovitxek ez zuen arrats bat bera ere igarotzen etxean, ospetsua zen bere bizkortasun eta ausardiarengatik (modan jarri zuen gimnastika gazte munduzaleen artean) eta guztira bospasei liburu frantses irakurri zituen. Hogeita zortzi urte bete zituenerako, kapitaina zen, eta etorkizun distiratsua zeukan aurrean. Bat-batean, ordea, dena aldatu zen.

        Garai hartan, oraindik ahaztu ez duten emakume bat agertzen zen noizean behin Petersburgeko gizartean: R. printzesa. Haren senarra erazkoa eta heziketa onekoa zen, baina inozoa, eta ez zuten haurrik. Andrea, berriz, bat-batean atzerrira joaten zen, bat-batean Errusiara itzultzen zen, oro har bizimodu bitxia zeraman. Irtirina eta zentzu gutxikoa zelako ospea zuen, grina biziz ematen zen mota guztietako plazerretara, indarrak ahitzeraino dantzatzen zen, barreak eta txantxak egiten zituen gazteekin —bazkaldu aurretik argitzalean hartzen baitzituen egongelan—, eta gaua negarrez eta otoitzean ematen zuen, ez zuen inon sosegurik aurkitzen eta, sarri askotan, eguna argitu arte atzera-aurrera ibiltzen zen gelan barrena, eskuak tristuraz bihurritzen zituela, edo eseririk egoten zen, guztiz zurbil eta hotz, salmo-liburua eskuan. Argitzen zuen eguna, eta dama munduzale bihurtzen zen berriro, jaietara joaten zen berriro, barre egiten zuen, berriketan aritzen zen, eta oldarrean abiatzen zen edonolako atseginik ekar ziezaiokeen guztiaren bila. Harrigarriro lerdena zen; urre koloreko txirikorda bat zuen, urrea bezain astuna, belaunak baino beherago iristen zitzaiona, baina inork ez zuen esango emakume polita zenik; aurpegian, begiak zituen gauza eder bakarra, edo, hobeto esan, ez begiak berak —txikiak eta grisak baitziren—, haien begirada baizik, begirada enigmatiko hura, lasterra eta sakona, ausardiaraino axolagabea eta malenkoniaraino pentsakorra. Ohiz kanpoko zerbaitek distiratzen zuen begirada hartan, are mihiak solasik hutsalenak aletzen zituenean ere. Oso dotore janzten zen. Pavel Petrovitxek dantzaldi batean ezagutu zuen, mazurka bat dantzatu zuen berarekin, eta kartsuki maitemindu zen, dantza-saioan hark zentzuzko hitz bat ere esan ez zion arren. Nagusitzera ohiturik zegoenez, bertantxe erdietsi zuen bere helburua; baina garaipenaren berehalakotasunak ez zion barruko sua moteldu. Aitzitik, lokarri are mingarriago eta estuago batez lotu zitzaion emakume hari, zeinaregan, are inolako oztoporik ematen zenean ere, zerbait ezkutukoa eta helezina geratzen baitzen, eta ez zegoen hara irits zitekeen gizakirik. Jainkoak daki zer ote zegoen arima haren sakonean! Bazirudien indar gorde eta are berarentzat ezezagun batzuen mende zeukala; nahierara gobernatzen zuten; haren adimen urriak ezin zituen bridatu indar haien gurariak. Haren jokabidea zeharo aldakorra eta zentzugabea zen. Senarrarengan susmo arrazoizkoak sor zitzaketen gutun bakarrak gizon berarentzat alde-aldean arrotz bati idazten zizkion, baina maitasun hark tristura eragiten zion: harrezkero ez zuen barrerik ez txantxarik egiten bere bihotzekoarekin, eta nahasirik entzun eta begiratzen zion. Noizean behin, tupustean gehienetan, nahasmedu hori izulaborri hotz bihurtzen zitzaion; haren aurpegiak hilotzen zurbiltasuna hartzen zuen, halako aire basati batekin batera; bere logelan ixten zen, eta neskameak, belarria sarrailan jarririk, haren negar-zotin sorrak entzun zitzakeen. Behin baino gehiagotan, maitearekin egon ondoren etxera itzultzean, Kirsanovek halako haserre sakon eta mingots bat sentitzen zuen bihotzean, behin betiko porrotaren ondotik sentitzen den haserre hori, alegia. «Zergatik maite dut oraindik?», galdetzen zion bere buruari, bihotza erdibiturik. Behin, harrian esfinge bat zizelaturik zeukan eraztun bat egin zion opari.

        — Zer da hau? —galdetu zuen printzesak—. Esfinge bat?

        — Bai —erantzun zion—, eta esfinge hau zeu zara.

        — Ni? —galdetu zion hark, eta astiro jaso zuen berarenganantz bere begirada enigmatikoa—. Badakizu hau oso lausengarria dela? —erantsi zuen, adierazkortasunik gabeko irribarretxoa eginez eta begiek ohiko modu bitxian begiratzen ziotela.

        Pavel Petrovitxek neke latzak igaro zituen are R. printzesak maite zuenean ere, baina haren baitan maitasuna iraungi zenean, eta luzaro gabe gertatu zen hori, zoratzeko puntuan egon zen. Jeloskortasunak oinazeturik, ez zion bakerik ematen, orpoz orpo jarraitzen zion leku guztietara; gogaitu egin zen R. printzesa hain jazarpen itogarriaz, eta atzerrira joan zen. Pavel Petrovitxek erretiroa hartu zuen, lagunen aholkuei jaramonik egin gabe, agintarien eskariei entzungor, eta printzesaren atzetik abiatu zen; lau urte eman zituen erresuma arrotzetan, noiz haren aztarnei jarraituz, noiz ikusmenetik galdu nahirik; lotsatu egiten zen bere buruaz, haserretu egiten zen hain koldarra izateagatik... baina ezin bestela jokatu. Sakonegi erroturik zeukan ariman haren irudia, irudi ulertezin, ia zentzugabe baina liluragarri hura. Behin, Baden-en, hasierakoen antzeko harremanak izan zituen berriro berarekin; bazirudien R. printzesak sekula ez zuela hain kartsuki maitatu... baina handik hilabetera amaiturik zegoen dena: sua, azken aldiz piztu, eta betiko itzali zen. Elkarrengandik bereiztea saihestezina zela sumatuz, behinik behin haren adiskide izaten jarraitu nahi izan zuen, horrelako emakume baten kasuan adiskidetasun soila ahalezkoa balitz bezala... R. printzesa isilgordean joan zen Badenetik, eta orduz geroztik etengabe ihes egiten zion Kirsanovi. Errusiara itzuli zen Pavel Petrovitx, garai batean bezala bizitzen saiatu zen, baina ezinezkoa gertatu zitzaion berriro ere lehengo bizimodu hura eramatea. Pozoiturik balego bezala, nora gabe ibiltzen zen leku batetik bestera; jaietara joaten zen, gizon munduzalearen ohitura guztiak atxiki zituen; beste bizpahiru garaipenez harrotu ahal izan zen; baina jadanik ez zuen ezer berezirik espero ez bere buruarengandik ez besteengandik, eta ez zion ezeri ekiten. Zahartu egin zen, urdindu egin zitzaion ilea; ezinbesteko bilakatu zitzaion arratsak klubean eseririk igarotzea, erresumindurik aspertzea, ezkongabeekin axolagabeki eztabaidatzea, eta, jakina denez, zantzu txarra da hori. Esan gabe doa ezkontzea ez zitzaiola bururatu ere egiten. Hamar urte joan ziren horrela, ilaun, antzu eta azkar, izugarri azkar. Denbora inon ez da Errusian bezain azkar igarotzen; diotenez, espetxean are lasterrago joaten da. Behin batean, bazkaritan, klubean, R. printzesa hil zela jakin zuen Pavel Petrovitxek. Parisen zendu zen, burua zorotasunetik hurbil zeukala. Mahaitik altxatu, eta luzaz ibili zen klubeko geletan barrena, noizean behin karta-jokalarien alboan gelditzen zela, oinak lurrari josirik, harri eta zur eginik balego bezala; hala ere, ez zen ohi baino lehenago etxeratu. Handik gutxira, bere helbidea zeukan pakete bat jaso zuen: printzesari oparituriko eraztuna zegoen barruan. Gurutze bat ageri zen esfingearen gainean, eta printzesaren aginduz esan zioten gurutze hori zela enigmaren giltza.

        48 urtearen hasieran gertatu zen hori, Nikolai Petrovitx, emaztea galdu ondoren, Petersburgera joan zen garaian, alegia. Herrixkan kokatu zenetik, Pavel Petrovitxek oso gutxitan ikusi zuen anaia: Nikolai Petrovitxen ezkontza Pavel Petrovitxen eta printzesaren arteko harremanen hasierako egunekin egokitu zen. Atzerritik itzulitakoan, anaiaren etxera joan zen, pare bat hilabetez geratzeko asmoz, haren zorionaren miresle, baina aste bat soilik eman zuen han. Alde handiegia zegoen bi anaien egoeren artean. 48 urtean gutxitu egin zen alde hori: Nikolai Petrovitxek emaztea galdu zuen, Pavel Petrovitxek bere oroitzapenak galdu zituen; printzesa hil zenez geroztik, harengan ez pentsatzen ahalegintzen zen. Nikolaik, hala ere, bizitza zuzen bideratu zuelako sentimendua gordetzen zuen bere baitan, eta semea beraren begien aurrean hazten zen; Pavel, aldiz, ezkongabe eta bakarrik, bihozmina itxaropenaren antzekoa eta itxaropena bihozminaren antzekoa izaten den sasoi zehazgabe eta ilun horretan zegoen, gaztaroa amaitu eta zahartzaroa oraindik hasi ez den sasoi horretan, alegia.

        Sasoi hori beste inorentzat baino latzagoa gertatu zen Pavel Petrovitxentzat: iragana galtzean, dena galdu zuen.

        — Ez haut orain Marinora gonbidatuko —esan zion behin Nikolai Petrovitxek (emaztearen omenez jarri zion izen hori herrixkari)—; lehen, emaztea bizi nuenean, aspertu egiten hintzen han, eta orain, inondik ere, asperraren asperraz hilko hintzateke.

        — Garai hartan ergela eta urduria ninduan artean —erantzun zuen Pavel Petrovitxek—, harrezkeroztik, zentzatu ez banaiz ere, lasaitu egin nauk behintzat. Orain, eragozpenik ez baduk, prest nagok hirean betiko geratzeko.

        Nikolai Petrovitxek, erantzun ordez, besarkatu egin zuen; baina urtebete eta erdi igaro zen elkarrizketa hartatik, Pavel Petrovitx bere asmoa burutzera erabaki zen arte. Hala ere, behin herrixkan kokaturik, ez zuen inoiz utzi, ezta Nikolai Petrovitxek semearekin batera Petersburgen eman zituen hiru negu haietan ere. Irakurtzeari ekin zion, ingelesez gehien bat; oro har, Ingalaterrako ereduaren arabera antolatu zuen bere bizitza osoa, gutxitan ikusten zituen auzolagunak eta hauteskundeetara joateko bakarrik irteten zen etxetik, eta, irtenaldi bakan haietan ere, isilik egoten zen ia beti, noizean behin soilik lehengo era zaharreko lurjabeak amorrarazi eta ikaratzen zituen bere purrustada liberalekin eta inoiz ez zen inguratzen belaunaldi berriaren ordezkariengana. Eta hala batzuek nola besteek harrotzat zeukaten; eta hala batzuek nola besteek begirunea zioten, haren manera bikain, aristokratikoengatik, haren garaipenen ospearengatik, oso dotore janzten zelako eta ostaturik oneneko gelarik onena hartzen zuelako beti, ondo bazkaldu ohi zuelako eta behin Wellington-en eta Luis Feliperen mahaikide izan zelako, edonora zihoala ere zilarrezko nezeser bat eta bidaietarako bainu-ontzi bat eramaten zituelako aldean, ezohiko urrin «noble» zoragarri bat zeriolako, whistean maisutasunez jokatu arren beti galtzen zuelako; azkenik, bere prestutasun makulagabearengatik errespetatzen zuten. Damen iritziz, gogo iluneko gizon liluragarria zen, baina berak ez zuen harremanik izaten damekin...

        — Horra, Jevgeni —esan zuen Arkadik, bere kontakizunari amaiera emateaz batera—, horra zein bidegabea den nire osabari buruz duan iritzia! Eta ez diat kontatu behin baino gehiagotan ezbeharretik atera duela aita, bere diru guztia emanik; beharbada, hik ez dakik ez dutela etxaldea erdi bana egin, baina pozarren laguntzen ziok edonori, eta, besteak beste, nekazarien alde egiten dik beti; egia esan, haiekin hitz egiten duenean, begitartea zimurtu eta Kolonia ura usaintzen dik...

        — Jakina, nerbioak direla eta —eten zion Bazarovek.

        — Balitekek, baina bihotz ezin zabalagoa dik. Eta ez duk batere ergela. Oso aholku zuhurrak eman zizkidak... batez ere... batez ere emakumeekiko harremanei dagokienez.

        — Horratx! Ur beroz errea, hotzaren beldur. Bazekiagu horren berri!

        — Hitz batean —jarraitu zuen Arkadik—, oso dohakabea duk, benetan; ez duk zuzena hura arbuiatzea.

        — Eta nork arbuiatu du? —ihardetsi zuen Bazarovek—. Kontuak kontu, nire ustez, bere bizitza osoa emakumezkoen maitasunaren kartara jokatu eta, karta hori galtzen duenean, zabartu eta ezertarako gai ez izateraino abailtzen den gizonezkoa ez duk gizona, ez duk arra. Dohakabea dela diok: inondik ere, hik hobeto ezagutzen duk; baina ergeltasuna oraindik ez zaiok erabat ezabatu. Ziur nagok zentzuduntzat daukala bere burua, oso zentzuduntzat, zergatik eta Galiniashka irakurtzen duelako eta hilean behin mujik bat zigorretik salbatzen duelako.

        — Baina gogoan izan haren heziketa, gogoan izan bizitzea egokitu zaion garaia —ohartarazi zuen Arkadik.

        — Heziketa? —moztu zion Bazarovek—. Gizabanako orok bere burua hezi beharra zeukak, nola edo hala, nire antzera bada ere, esaterako... Eta garaiari dagokionez, zergatik egon behar dut nik garaiaren mende? Hobe duk garaia nire mende egotea. Ez, adiskidea, hori guztia lasaikeria duk, hutsaltasuna! Eta zer dira gizon-emakumeen arteko harreman misteriozko horiek? Guk, fisiologook, bazekiagu zertan diren harreman horiek. Azter ezak begiaren anatomia: nondik atera duk begirada enigmatikoaren kontu hori? Hori guztia erromantizismoa duk, lelokeria, usteldura, artea. Hobe diagu kakalardoa ikustera joan.

        Eta bi adiskideak Bazaroven gelara joan ziren, non ordurako medikuntza eta kirurgiako gaien usaina bazter guztietara hedaturik baitzegoen, tabako merkearen usainarekin nahasirik.

 

 

 

© Turgenev

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Turgenev / Aita-semeak" orrialde nagusia