II

 

        — Uztazu hautsa kentzen, aitatxo, bestela goitik beheraino zikinduko zaitut eta —zioen Arkadik, aitaren txerei pozik erantzunez, bideak doi bat garrazturik eztarria baina, hala ere, gazte eta zoli ahotsa.

        — Berdin zidak, berdin zidak —errepikatzen zuen Nikolai Petrovitxek, hunkiturik irribarre eginez, eta birritan astindu zituen eskuaz bere berokia eta semearen longainaren lepoa—. Uztak ikusten nolako itxura duan, uztak ikusten —gaineratu zuen, semearengandik aldentzeaz batera, eta pauso bizian joan zen berehala ostaturantz, esanez—: Hona, hona, ekarri zaldiak lehenbailehen!

        Nikolai Petrovitxek semea baino askoz ere urduriago zegoela ematen zuen; bazirudien aztoratu samar zegoela, kikildurik. Arkadik geldiarazi egin zuen.

        — Aitatxo —esan zuen—, Bazarov aurkeztu nahi dizut. Adiskide mina dut, sarritan idatzi dizut berari buruz. Denboraldi batez gure etxean geratzeko gonbita onartu dit, hain da adeitsua.

        Bizkor jiratu zen Nikolai Petrovitx, eta, borlekiko soingaineko luze eta zabal batez jantzirik tarantasetik jaitsi berria zen gizon garai batengana hurbildurik, gogor estutu zion esku biluzi ederra, nahiz eta hark ez zion behingoan luzatu.

        — Pozten nau zu ezagutuak, benetan —hasi zen—, eta eskertzen dizut gurean geratzeko asmo ona; espero dut..., jakin nezake zein diren zure izena eta patronimikoa?

        — Jevgeni Vasiliev —erantzun zuen Bazarovek, ahots nagi baina sendoz, eta, soingainekoaren lepoa beheraturik, osorik erakutsi zion aurpegia Nikolai Petrovitxi. Luzea zen, zimela eta bekoki-zabala, sudurra zapala zuen goiko aldean eta zorrotza muturrean, begi berdexka handiak eta belarrondoko bizar gaztainkara argiak zituen; irribarre lasai batek argiturik, ziurtasuna eta buruargitasuna adierazten zituen aurpegi hark.

        — Espero dut, Jevgeni Vasilitx, ez zarela aspertuko gurean —jarraitu zuen Nikolai Petrovitxek.

        Bazarovek apurtxo bat ireki zituen bere ezpain meheak, baina, erantzun beharrean, kapela altxatu besterik ez zuen egin. Haren adatsak, sarria eta hori iluna, ez zituen ikusmenetik ezkutatzen burezur zabaleko irtengune nabarmenak.

        — Zer, Arkadi, uztartuko ditugu zaldi berriak orain? —mintzatu zen berriro Nikolai Petrovitx, semearenganantz jiraturik—. Ala atseden hartu nahi duk?

        — Ez, etxean hartuko dut atseden, aitatxo. Agindu zaldi berriak uztartzeko.

        — Oraintxe bertan, oraintxe bertan —jarraitu zuen aitak—. Aizak, Piotr! Entzun duk? Ekin lanari, azkar!

        Piotr ate atzean desagertu zen berriro. Belaunaldi berri-berriko zerbitzari bikaindu horietakoa zenez, iristean buru-makurtua egin zion urrunetik nagusi jaunaren semeari, haren eskura hurbildu gabe.

        — Kalesan etorri nauk, baina hemen baduk troika bat hire tarantaserako —esan zuen, arduratsu, Nikolai Petrovitxek. Semea, bitartean, ura edaten ari zen ostatuko ugazabandreak ekarritako ontzi burdinazko batetik; Bazarov, berriz, pipa piztu eta gidariarengana hurbildu zen, une hartan zaldiak askatzen ari baitzen.

        — Kontua duk kalesan birentzako lekua bakarrik dagoela, eta hire adiskidea ere etorriko denez, bada, ez zekiat...

        — Tarantasean joango da —eten zion jarduna Arkadik, ahapeka—. Zuk, aita, konplimendurik ez berarekin, bai? Oso mutil miragarria da, ezin lañoagoa... ikusiko duzu.

        Zaldiak ekarri zituen Nikolai Petrovitxen kotxezainak.

        — Ea, itzul hadi etxera, bizar-handi hori! —esan zion Bazarovek gidariari.

        — Entzun duk, Mitiukha? —sartu zen tartean beste gidaria, eskuak ahari-larruzko beroki luzearen atzealdeko irekiduretan sarturik zeuzkala—. Entzun duk nola deitu dian jaunak? Bizar-handia, alajaina!

        Mitiukha, besterik gabe txanoari airean eragin, eta han joan zen, troikaren erdiko zaldi izerditsua hedetik heldurik zeramala.

        — Bizkor, bizkor, mutilok, lagundu! —egin zuen oihu Nikolai Petrovitxek—. Vodkatarako emango dizuet!

        Handik gutxira, uztarturik zeuden zaldiak; aita-semeak kalesara igo ziren; Piotr gidariaren jarlekuan eseri zen; Bazarovek, jauzi batez tarantasean sartu, eta larruzko bururdian bermatu zuen burua; eta abian jarri ziren bi zalgurdiak.

 

 

 

© Turgenev

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Turgenev / Aita-semeak" orrialde nagusia