I

 

        — Eta, Piotr? Oraindik ez da ezer ikusten? —galdetu zion 1859ko maiatzaren 20an jaun batek bere mirabeari, *** galtzadako ostatu bateko estalpe apalera txanorik gabe irtenik. Jaunak berrogei bat urte zituen, laukizko galtzak eta hautsez zikinduriko berokia; mirabeak, gazte masaila-handia bera, begi txiki margulak zituen, eta bilo zurixka kokospean.

        Zirtzilu urdin berdexka belarri batean, adats ñabar ukenduz gantzutua, keinu adeitsuak: haren ezaugarri guztiek argi adierazten zuten belaunaldi berri-berriko gizona zela, belaunaldi bikaindu horretakoa alegia. Etorkor, bidearen bi aldeetara begiratu, eta erantzun zuen:

        — Ez, ez da ezer ikusten.

        — Ez da ezer ikusten? —errepikatu zuen jaunak.

        — Ez, ez da ezer ikusten —erantzun zuen mirabeak bigarren aldiz.

        Jaunak hasperen egin zuen eta jarleku txiki batean eseri zen. Hankak jarlekuaren azpian tolesturik eta inguruak pentsakor arakatzen eseririk dagoen bitartean, aurkez diezaiogun irakurleari.

        Nikolai Petrovitx Kirsanov deritzo. Ostatutik hamabost verstara etxalde ederra dauka, berrehun arimakoa, edo, bere lurrak nekazarien sailetatik bereizi eta «landetxea» sortu zuenetik esaten zuen bezala, bi mila desiatinakoa. Aitak, jenerala bera, esku hartu zuen 1812 urteko gerran; zakarra eta eskola gutxikoa izanagatik ere, ez zen gizon txarra, lan gogaikarrietan eman zuen bizitza osoa, brigada bat zuzendu zuen aurrena, dibisio bat hurrena, eta probintzietan bizi izan zen beti, non, bere graduazioa zela eta, nahikoa itzal handia izan baitzuen. Nikolai Petrovitx Errusiako hegoaldean jaioa zen, Pavel anaia nagusia bezala —aurrerago hitz egingo dugu hari buruz—, eta etxean hezi zuten hamalau urte bete zituen arte, erdipurdiko irakaslez, edekan ozar baina losintxariz eta errejimentuko zein armadaren agintaritza nagusiko bestelako jaunez inguraturik. Ama —Koliazindarren familiakoa, ezkongaietan Agathe eta jeneralarekin ezkondu zenetik Agafokleia Kuzminishna Kirsanova— agintzea izugarri atsegin zaien emakume horietakoa zen, buruko harroak eta sedazko soineko zaratatsuak jantzi ohi zituen, elizan lehena hurbiltzen zen gurutzera, ozenki eta asko hitz egiten zuen, goizean eskuan muin egiten uzten zien haurrei, eta gauean berak bedeinkatzen zituen; hitz batean, bere gogara bizi zen. Nikolai Petrovitxek, jeneral baten semea izanik, ausardiarengatik ez nabarmentzeaz gain oilo busti gaitziziena merezi bazuen ere, soldadutza egin behar zukeen, anaia Pavelek bezala, baina hanka hautsi zuen armadarako deia iritsi zitzaion egun berean, eta, bi hilabetez ohean egon ondoren, «herrentxo» geratu zen bizitza osorako. Aitak, muzin egin, eta zibila izaten utzi zion. Hemezortzi urte bete bezain laster, Petersburg-era eraman eta unibertsitatean sartu zuen. Ordurako, anaia ofiziala zen Guardiako errejimentuan. Bi gazteak elkarrekin bizitzen jarri ziren egoitza batean, Ilia Koliazinek, amaren aldetiko osaba txikia eta goi-mailako funtzionarioa bera, urrunetik zaintzen zituela. Aita bere dibisiora eta emaztearen ondora itzuli zen, eta noizean behin, oso gutxitan, eskribauen ezaugarri den idazkera laxo horretaz estu-estu beteriko orri gris handiak bidaltzen zizkien semeei. «Piotr Kirsanof, jeneral-maiorra» idazten zuen orri bakoitzaren amaieran, ardura handiz marrazturiko apaingarri dotorez inguraturik. 1835 urtean Nikolai Petrovitxek unibertsitateko ikasketak amaitu zituen, lizentziadun, eta urte horretan bertan Kirsanov jeneralak erretiroa hartu behar izan zuen emaitza txarreko ikuskatze baten ondorioz, eta, emaztearekin batera, Petersburgera joan zen bizitzera. Etxe bat alokatu zuen Tavritxeski lorategitik hurbil, eta izena eman zuen Klub Ingeleseko bazkide izateko, baina ustekabean hil zen, apoplexiak jota. Agafokleia Kuzminishna laster elkartu zen senarrarekin: ezin izan zen ohitu hiriburuko bizimodura, hain zen berria berarentzat, eta lehengo bizitzaren oroiminak bizia iraungi zion. Nikolai Petrovitx, gurasoak artean bizi zituela eta haien atsekabe handiz, Prepolovenski funtzionarioaren alabaz maitemindu zen. Prepolovenski jauna ikasle-garaiko haren egoitzaren jabea zen, eta alaba, berriz, oso neska liraina, eta, esan ohi denez, buru-jantzia: aldizkarietako «Zientziak» saileko artikulu sakonak irakurri ohi zituen. Dolualdia amaitu bezain laster ezkondu zen berarekin, eta, Ondare Ministerioa utzirik —aitak, bere itzalaz baliaturik, han sartzea lortu baitzuen—, zoriontsu bizi izan zen bere Masharekin, aurrena Baso Institututik hurbil zegoen datxa batean, hurrena hirian, zurubi txukun-txukuna eta atari freskoa zituen etxebizitza txiki eta on batean, eta azkenik herrian, non behin betiko kokatu baitzen eta, handik gutxira, haien seme Arkadi jaio baitzen. Senar-emazteak oso ondo eta lasai bizi ziren: ia inoiz ez ziren elkarrengandik aldentzen, biek batera irakurtzen zuten, esku lauka jotzen zuten pianoa eta aho bika abesten zuten. Emazteak loreak landatu eta eskortako hegaztiak zaintzen zituen, senarra ehizara joaten zen noizean behin eta etxaldea gobernatzen zuen, eta Arkadi haziz eta haziz zihoan, ondo eta lasai bera ere. Hamar urte igaro ziren, ametsetan bezala. 1847 urtean Kirsanoven emaztea zendu egin zen. Senarrak nekez eraman zuen hain ezbehar latza, eta, aste gutxian, erabat urdindu zitzaion ilea. Atzerrira joatea erabaki zuen, nola edo hala jostatze aldera..., baina 1848 urtea iritsi zen. Nahitaez, herrira itzuli behar izan zuen, eta, denbora luzez ezer egin gabe egon ondoren, etxaldea berrantolatzeari ekin zion. 1855 urtean unibertsitatera eraman zuen semea, eta hiru negu eman zituen berarekin Petersburgen, etxetik oso gutxitan irteten zela eta Arkadiren lagun gazteen adiskide izateko ahaleginak eginez. Azken neguan ezin izan zen Petersburgera joan, eta hortxe dakusagu 1859 urteko maiatzean, guztiz zaharturik, lodi eta konkortuxe: semearen zain dago, lizentziadun-titulua jaso berria baitu, garai batean berak bezala.

        Mirabea, begirunezko sentimendu batek eraginik eta, beharbada, nagusiaren ikusmenean geratzeko gogorik ez zuelako, atarian sartu zen eta pipa piztu zuen. Nikolai Petrovitx estalpeko zurubi zaharrari begira geratu zen, burua makurturik. Oilasko ñabar handi bat batera eta bestera zebilen, patxada ederrean eta lurra gogor zapalduz bere hankatzar horixkekin; katu zikin batek, barandan uzkurturik, gogo gaiztoz begiratzen zion tarteka-marteka oilaskoari. Eguzki kiskalgarria zegoen; zekale-ogi egin berriaren usaina ateratzen zen ostatuko atari itzaltsutik. Gure Nikolai Petrovitx ametsetan ari zen, esna: «Semea... lizentziaduna... Arkasha...»; atergabe ari zitzaizkion hitz horiek jirabiraka buruan; beste zerbaitetan pentsatzeko ahaleginak egiten zituen, baina gogoeta berberak etortzen zitzaizkion behin eta berriro. Gogoan zuen emaztea... «Ez zian itxaron!», zioen bere artean, tristuraz... Uso urdinxka lodi bat, bidean pausatu, eta lasterka joan zen putzuaren alboan zegoen istil txiki batetik edatera. Nikolai Petrovitx begira geratu zitzaion, baina, bat-batean, gurpil-hotsa entzun zuten haren belarriek, gero eta hurbilago...

        — Antza denez, badatoz —esan zuen mirabeak, atean azaldurik.

        Nikolai Petrovitxek, jauzi batez zutitu, eta bidean josi zituen begiak. Tarantas bat agertu zen, posta-zaldiz osaturiko troika batek tiraturik. Tarantasean une batez begiztatu zituen ikasleek kapelan eraman ohi duten xingola berezia eta berak hain maite zuen aurpegiaren hazpegi ezagunak...

        — Arkasha, Arkasha! —egin zuen oihu Kirsanovek, eta lasterka hasi zen, besoei eraginez... Lipar bat geroago, haren ezpainek sutsuki musukatu zituzten lizentziadun gaztearen masaila bizargabe, beltzaran eta hautsez beteak.

 

 

 

© Turgenev

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Turgenev / Aita-semeak" orrialde nagusia