HITZAURREA

 

        Turgeneven garaian auzi larri bat zuten eztabaidagai Errusiako intelektualek. Zer da Errusia? Nondik dator eta nora doa? Zer bide hartu behar du?: horra hor auziaren muina. Oso herri zaharra izan arren, oso sustrai sakonak izanagatik ere, Errusiaren izateak berak zalantza sakonak sortzen zizkien intelligentsia osatzen zuten pentsalariei. Errusiaren izaera baldintzatzen zuten berezitasun nagusi bik eragiten zituzten zalantza horiek. Batetik, Errusiako lur-eremuan bat egiten dute Europako ekialdeak eta Asiako mendebaldeak, Mendebaldeko eta Ekialdeko kulturen elkartoki eta nahasgune da, eta, izan ere, Europaren iritziz Errusia herri asiarra zen, eta Asiaren iritziz, aldiz, herri europarra. Funtsean, kultura errusiarraren oinarriak kultura europarrarenaren berdinak dira, baina, horrekin batera, Errusiak oso ezaugarri bereziak ditu mundu europarraren barruan. Bestetik, Europan ez bezala, Errusian Eliza ortodoxoa da nagusi. 988 urtean Errusiak kristautasuna hartu zuen Bizantzioren eskuetatik, eta, horren ondorioz, euren artean onartu zuten Europako herri kristauek. Jakina denez, 1054an zatiketa handi bat gertatu zen Elizan; Erroma eta Bizantzio elkarrengandik banandu eta bi Eliza sortu ziren: katolikoa eta ortodoxoa. Europako gurutzatuek, 1204an Konstantinopla hartu, eta Bizantzioko Inperioa suntsitu zuten. Ekialdeko kristautasunak hondoa jo zuen eta herri ordotoxo burujabe bakarra geratu zen: Errusia, hain zuzen ere. Mendebaldeko Eliza katolikoaren jokabide horrek biziki mindu zituen errusiarrak, eta, harrezkeroztik, mesfidantzaz begiratu zioten Mendebaldeari. Hori zen, beraz, XIX. mendeko intelektualen arteko gatazkaren oinarria. 1830eko hamarkadan, bi alderditan banatu zen Errusiako intelligentsia: mendebaldezaleak eta eslavofiloak.

        Mendebaldezaleen ustez, inperio errusiarrak, bere eginkizun historikoa beteko bazuen, oroz gain Mendebaldera begiratu behar zuen, eta hango sistemaren ezaugarririk modernoenak bereganatu (erregimen parlamentarioa, joputasunaren ezeztapena, laikotasuna). Eslavofiloek, aldiz, uste zuten Errusiak bere bidea egin behar zuela, bere sustraietatik abiaturik eta Mendebaldea eredutzat hartu gabe. Haien iritziz, Europak, Ilustrazioaren filosofia bere egitean, uko egin zien bere kulturaren erlijio-oinarriei, eta, horrenbestez, ez zuten eredutzat hartu nahi. Haientzat, Mendebaldeko zibilizazioa usteldurik zegoen eta Erromako Eliza katolikoa Europako akats eta gaitz guztien gordailu zen.

        Gatazka latz eta sutsu horretan, Ivan Sergeievitx Turgenev mendebaldezaleen aldera lerratu zen. 1818an jaio zen, aitoren seme eta aberats. Amak, emakume larderiatsu, anker eta gogorra bera, ehun mila hektarea lur eta bost mila jopu zituen. Turgenevek, beraz, joputasunaren krudeltasuna eta bidegabekeriak bertatik bertara ezagutu zituen txiki-txikitatik eta, oso gizon sentibera izaki, erabat gaitzesgarri zeritzon esklabotasunaren pareko erregimen horri. Besteak beste, horrek eraman zuen mendebaldezaleen ideiak aldeztera. 1852an —Gogol hil zen urtean— Ehiztari baten idazkiak kontakizun-bilduma argitaratu zuen. Jopuek jasaten zuten bizimodu latz eta bidegabea salatu zuen obra horretan (gizakien salerosketa, gorputz-zigorrak, denetariko gehiegikeriak, indarkeria). Gobernuak ez zion barkatu salaketa gordin hori, eta, amorru biziz, urte horretan bertan Gogoli buruz idatzi zuen artikulu «subertsibo» bat aitzakiatzat harturik, atxilotu eta urtebetez bere etxaldetik irtetea debekatu zion. Zigorra betetakoan, Errusiatik alde egin zuen Turgenevek, eta, harrezkeroztik, oso joan-etorri labur eta noizbehinkakoak egin zituen sorterrira. Lehenago ere, askotan izana zen Europan: gaztetan Filosofia ikasi zuen Berlingo unibertsitatean; 1843an Pauline Viardot sopranoa ezagutu zuen San Petersburgen, eta, maiteminak jorik, haren atzetik ibili zen herriz herri, Europa osoan barrena. Bougival-en hil zen, Paristik hurbil, bere idazle frantses lagunak aldamenean zituela.

        Turgenevek, gizarte-arazoek biziki arduratu eta bidegabekeriek oro sakon nahigabetzen zutenez, garai hartan Errusian nagusi zen erregimena aldatu beharra aldarrikatzen zuen, baina, bestetik, gizon bakezalea izaki, ez zuen iraultza onesten. Hori dela eta, iraultzaileek atzerakoitzat zeukaten eta kontserbadoreek, aldiz, iraultzailetzat. Bere literatur jardunean estilistika eta artea bera zituen kezka nagusi, eta horixe da haren obraren balio nagusia. Dena dela, 1830-40 urteetan Errusian bor-bor zegoen giro politikoari bizkarra ezin emanik, apurka-apurkako erreforma odol-isurtzerik gabeak nahi zituen liberaltzat aurkeztu zuen bere burua. Zalantza ugari zituen —«argizaria baino bigunagoa» zen askoren iritziz—, eta ez zen mendebaldezale itsua: haren ustez, Mendebaldeko kulturaren gauzarik onenak soilik bereganatu behar zituen Errusiak, bere sustraiei eta berezko izaerari uko egin gabe. Dostoievskik —eslavofilo porrokatua eta Turgeneven arerio intelektual nagusia baitzen—, Errusiako herria urrunetik ikusten zuela leporatzen zion, denbora gehiago ematen baitzuen atzerrian Errusian baino. Errusiarra izanagatik ere, urruntasun horren eraginez errusiar-atzerritar baten erara jokatzen zuela egozten zion. Guztiarekin ere, batekoek zein bestekoek haren ideiak gogor kritikatzen zituzten arren, Errusiako idazlerik onenek aitzakiarik gabe goresten zuten haren idazkera.

        Aita-semeak eleberria eztabaida-giro horren itzalean idatzirik dago eta haren isla da. Belaunaldi berriko gazte ikasien pentsamoldea deskribatu zuen Turgenevek obra horretan, aita-semeen arteko eztabaiden bidez nagusiki. Unibertsitateko ikasketak amaitu berriak zituzten gazte sutsu haiek aurreko belaunaldiaren printzipio moral eta sineste guztiak arbuiatzen zituzten, eta, gizartearen antolaketa ezin okerragotzat zeukatenez, hura errotik suntsitzea beste irtenbiderik ez zegoela aldarrikatzen zuten. Gerora zabalkunde handia izango zuen hitz bat asmatu zuen Turgenevek gazte oro-ukatzaile eta suntsi-gose haiek izendatzeko: nihilistak deitu zien. 1862an argitaraturik, polemika bizia piztu zuen Turgeneven idazlan horrek. Eleberriko protagonista eta «heroia» —Bazarov— nihilista amorratua da, baina Turgenevek, haren ideiekin bat ez badator ere, ez du gaitzesten, eta, beti bezala, gogor eraso zioten alde batekoek zein bestekoek: nihilisten kontrakoek, erabat arbuiatzen zutelako protagonistaren pentsamoldea, eta nihilistek berek, karikaturatzat hartu zutelako Bazarov.

        Polemikak polemika, Turgenev XIX. mendeko prosalaririk onenetakoa dugu. Haren estiloa oso zaindua da, halako xumetasun itxurazko baten mozorropean. Hiztegi aberatsa, sintaxi bikaina eta lirismo sakona dira haren idazlanen ezaugarri nagusiak, eta, horrekin batera, deskripzio ederrak, pertsonaien azterketa psikologiko zorrotza eta bere garaiko gizarte-arazoen ikuspegi orokorra.

Jose Morales Belda

 

 

 

© Jose Morales Belda

 

 

"Turgenev / Aita-semeak" orrialde nagusia