XII

 

        Une horretan hasi zen hiru egunez atertu ez zen garrasi hura, hain ikaragarria, non ezinezkoa baitzen bi gela harantzagotik ere ikaratu gabe entzutea. Emazteari erantzuten ari zen unean ulertu zuen, galdua zela, ez zegoela itzulerarik, azkena iritsia zela, azken erabatekoa, eta zalantza oraindik uxatu gabe zegoela eta zalantzak iraun egiten zuela.

        — Ut! Ut! Ut! —oihu egiten zuen intonazio ezberdinetan. Oihuka ekin zion: «Ez dut nahi!» eta hala jarraitzen zuen «i» azken hotsa luzatuz.

        Hiru egun horietan, zeinetan berarentzat ez baitzegoen denborarik, zarramaltzatu egiten zen indar ikusezin eta gaindiezin batek sartzen zuen zaku beltz hartan. Borrokatu egiten zen, heriotzara kondenatua borreroaren eskuetan borrokatzen den bezala, ez zela salbatuko jakinaren gainean eta minutu bakoitzean sentitzen zuen, borrokako indar guztia gorabehera, gero eta hurbilago zegoela izutzen zuen hartatik. Bere tormentua zulo beltz horretara burua agertzea zela, eta oraindik gehiago, bertan ezin sartu izatea zela sentitzen zuen. Bizitza ona izan zuela onartzeak eragozten zion bertan sartzea. Bere bizitzaren justifikazio horrek tinkatu egiten zuen eta ez zion aurrera joaten uzten eta ezerk baino gehiago tormentatzen zuen.

        Supituki, halako indar batek bultzatu zuen bularraren, saihetsaren kontra, oraindik arnasketa zailagotuz; erori zen zuloan eta han, zuloaren hondoan zerbait argitu zen. Trenbideko bagoi batean joan eta aurrera doala pentsatzen duenaren, baina atzera doala, eta supituki benetako norabidea zein den konturatzen denari gertatzen zaion sentsazioa izan zuen.

        «Bai, dena "beste zerbait" zen —esan zuen bere golkorako— baina berdin dio. Baina egin liteke, egin liteke beste "zerbait" hori. Zer da "beste zerbait" hori? —galdetu zion bere buruari eta supituki bare gelditu zen.»

        Hau hirugarren egunaren amaieran zen, hil baino ordubete lehenago. Une horretan bertan gimnasio-ikaslea aitari hurbildu zitzaion isilka. Hiltamukoak atergabe oihuka eta besoei eragiten zien. Haren eskuak mutikoaren buruarekin tupust egin zuen. Mutikoak hartu, ezpainetaratu eta negarrari eman zion.

        Une horretan Ivan Ilitx erori, ikusi argia eta bizitza ez zuela behar bezalakoa izan aurkitu zuen, baina artean konpon zitekeela. Zer zen «zerbait» hura galdetu zion bere buruari eta baretu egin zen adi jarriz. Orduan sentitu zuen norbaitek eskuan musu ematen ziola. Ireki begiak eta semeari begiratu zion. Erruki izan zitzaion. Emaztea ondoratu egin zitzaion. Ivan Ilitxek begiratu egin zion. Emazteak ahoa zabalik eta sudurrean eta masailean malko xukatu gabeekin, aurpegiera etsiarekin begiratzen zion. Ivan Ilitx errukitu egin zitzaion.

        «Bai, tormentatu egiten ditut —pentsatu zuen—. Erruki natzaie, baina hobeto sentituko dira hilko naizenean.» Hori esan nahi izan zuen, baina ez zuen indarrik hitz egiteko izan. «Gainera, zertako hitz egin, egin egin behar da» —pentsatu zuen. Begiradaz semea seinalatu emazteari eta esan zion:

        — Eramazu... erruki natzaio... zuri ere bai... «Barka» esan nahi izan zuen baina «pasa» esan zuen eta zuzentzeko indarrik ez zuelarik, eskuaz keinu bat egin zuen, ulertuko ziotelakoan.

        Eta supituki argi geratu zitzaion tormentatzen mena eta irteten ez zitzaiona, supituki kolpe batean ateratzen zitzaiola, bi aldetatik, hamar aldetatik, alde guztietatik. Erruki zitzaien, zerbait egin beharra zegoen atsekabetu ez zitezen. Bere burua libratzeko eta besteak libratzeko sufrimendu haietatik. «Bai ongi eta bai erraza —pentsatu zuen—. Eta mina? —galdetu zion bere buruari—. Non haiz? Tira, non hago, min?»

        Adi jarri zen.

        «Bai, hor dago. Berdin dio. Utzi bakean mina».

        «Eta heriotza? Non da?»

        Heriotzari zion lehengo eta ohizko beldurraren bila hasi zen. «Non zegoen? Zer heriotza?» Ez zeukan inolako beldurrik, zeren ez baitzegoen heriotzarik.

        Heriotzaren ordez argia zegoen.

        — Orain ulertzen dut! —esan zuen bat-batean goraki—. A zer poza!

        Guzti hau une batetan gertatu zen berarentzat, eta une horren esanahia jadanik ez zen aldatu. Bertan zeudenentzat agonia artean bi orduz luzatu zen. Bularrean zerbaitek gur-gur egiten zion; gorputz aunatua dardaraka zegoen. Ondoren bakanagotu egin ziren gur-gurra eta zurrungak.

        — Bukatu da! —esan zuen norbaitek haren gainean.

        Ivan Ilitxek hitz hauek entzun eta bere ariman errepikatu zituen. «Bukatu da heriotza —esan zuen—. Ez dago heriotzarik.»

        Hartu arnasa barrura, gelditu erdian, luzatu eta hil egin zen.

 

1886

 

 

© Leon Tolstoi

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Leon Tolstoi / Ivan Ilitxen heriotza" orrialde nagusia