XI

 

        Honela igaro ziren bi aste. Aste horietan jazo zen Ivan Ilitxek eta emazteak desiratutako gertakaria: Petrixtxevek formaiki egin zuen ezkontzeko eskaria. Hori arratsean gertatu zen. Biharamunean Praskovia Fiodorovna senarraren gelan sartu zen, Fiodor Petrovitxek egindako eskariaren berri nola emango zion pentsatuz, baina gau hartan bertan Ivan Ilitxek aldaketa berri bat egin zuen okerragora. Praskovia Fiodorovnak betiko dibanean aurkitu zuen, baina posizio berrian. Aratinik zegoen, intzirika eta begirada finkoaz begiratzen zuen aurrealdera.

        Emaztea sendagaiez hitz egiten hasi zitzaion. Ivan Ilitxek begirada berarengana saihestu zuen. Emazteak ez zuen hasitakoa amaitu, halako amorrua adierazten baitzion begirada hark.

        — Ala Kristo, utz nazazu lasai hiltzen —esan zion.

        Emazteak alde egin nahi izan zuen, baina une hartan alaba sartu eta agurtzera hurbildu zitzaion. Ivan Ilitxek alabari emazteari bezala begiratu zion eta osasunaz egin zizkion galderei lehor erantzun zien esanez laster libratuko zituela denak bere buruagandik. Biek isildu, eserita egon eta alde egin zuten.

        — Zertan gara errudun gu biok? —esan zion Lisak amari—. Geuk egin izan bagenio bezala. Tamalgarri zait aitarena baina zergatik tormentatzen gaitu?

        Ohizko orduan medikua etorri zen. Ivan Ilitxek «bai, ez» erantzuten zion, begirada herratsua harengandik apartatu gabe eta azkenean esan zuen:

        — Badakizu ezin duzuela ezer egin, utz nazazu beraz.

        — Oinazea arindu dezakegu —esan zuen medikuak.

        — Hori ere ezin duzue: utz nazazu.

        Medikuak irten egongelara eta azaldu zion Praskovia Fiodorovnari oso gaizki zegoela eta baliabide bakarra zeukala ikaragarriak bide ziren oinazeak arintzeko: opioa.

        Medikuak esan zuen min fisiko ikaragarriak zituela, eta hori egia zela; baina min fisikoak baino askoz ikaragarriagoak zituela min moralak, eta hori zuela tormenturik larriena.

        Gau hartako tormentu moralak Gerasimen aurpegi loguratsu, onbera eta masail-irtenari begiratzean: «Izan ere, nire bizitza, nire bizitza kontziente osoa, «beste zerbait» izan da» supituki bururatzeak sortu zizkion.

        Lehen erabat ezinezkotzat zeukana eman zion buruak, agian bere bizitza behar ez zuen bezala pasatu zuelakoa egia izan zitekeela. Buruak eman zion ozta-ozta hautemangarriak ziren nahikundeen aurkako borroka, goren kokaturiko pertsonek egokitzat zeukatena, beregandik berehalakoan aldentzen zituen ozta-ozta hautemangarriak ziren nahikundeak —horiek benetakoak izan zitezkeela, eta gainerakoa bazitekeela ez izatea. Kargua, bizitza antolatzeko era, familia eta gizartea eta karguaren interes haiek, guzti hori bazitekeen beste zerbait izatea. Guzti hori bere buruaren aurrean defendatzen ahalegindu zen. Eta supituki defendatzen ari zenaren ahulezia guztiaz jabetu zen. Eta ez zegoen zer defendaturik.

        «Hori horrela bada —esan zuen bere baitarako— eta eman zaidan guztia deuseztatu dudan kontzientziarekin baldin banoa bizitzatik, eta konpontzerik ez badago, orduan zer?» Aratinik etzan eta bere bizitza osoa birpasatzeari ekin zion. Goizean lekaioa ikusi zuenean, gero emaztea, gero alaba, gero medikua, bere zirkin bakoitzak, bere hitz bakoitzak gauez aurkitu zuen eta beretzat egia ikaragarria zen hura berresten zuen. Haiengan bere burua ikusten zuen, bizi izandako guztia, eta argi ikusten zuen guzti hori «beste zerbait» zela, guzti hori engainu ikaragarri handi bat izan zela, bizitza eta heriotza ikusten uzten ez zuena. Kontzientzia horrek areagotu, hamar halakotu egiten zizkion min fisikoak. Intziri egin eta inarrosi eta arropak erantzi nahi zituen. Ito eta zanpatu egiten zutela iruditzen zitzaion. Eta horregatik ezinikusia zien besteei.

        Opio-dosi handi bat eman zioten eta erdi-lotan geratu zen; baina bazkalorduan berriro ekin zion. Guztiak beregandik bidali eta atergabe lekuz aldatzen hasi zen.

        Emazteak etorri eta esan zion:

        —Jean, laztana, egizu niregatik (niregatik?). Honek ez dizu kalterik egingo, eta sarritan lagundu egiten du. Hau, hutsa da. Eta osasuna sarritan...

        Begiak zabal ireki zituen.

        — Zer? Jaunartu? Zertako? Ez dago premiarik! Baina bestalde...

        Emazteak negarrari eman zion:

        — Bai, ene adiskidea? Apaizari deituko diot, hain da begikoa...

        Apaiza etorri eta aitortu zenean, samurtu egin zen, zalantzak arindu egin zitzaizkiola sentitu zuen eta ondorioz baita oinazeak ere, eta horretan une bateko itxaropena aurkitu zuen. Berriro heste itsuan eta hura konpontzeko ahalbidean pentsatzeari ekin zion. Begiak malkoturik jaunartu zuen.

        Jaunartzearen ondoren, oheratu zutenean, une batez lasai egon zen, eta berriro sortu zitzaion bizi-itxaropena. Proposatzen zioten ebakuntzan pentsatzen hasi zen. «Bizi egin nahi dut, bizi» —esaten zuen bere golkorako. Emaztea zorionak ematera etorri zitzaion; ohizko hitzak esan eta gehitu zion:

        — Ez al zara hobeto sentitzen?

        Ivan Ilitxek, begiratzeke, baietz esan zion.

        Emaztearen soinekoak, haren sozkoak, aurpegiaren adierazpenak, mintzoaren soinuak, denak gauza bakarra esaten zioten: «Beste zerbait duk. Hire bizitza izan den eta oraindik den hori, gezurra, engainua duk, bizitza eta heriotza estaltzen dizkik» Eta pentsatze hutsarekin gorrotoa sortu zitzaion eta gorrotoarekin batera oinaze fisiko mingarriak eta oinazeekin hondamendi hurbil eta ezinbestekoaren kontzientzia. Zerbait berria gertatu zen: bihurritzen, hotsak ateratzen eta hatsanka hasi zen.

        «Bai» esatean zeukan aurpegiera ikaragarria zen. Emaztearen aurpegiari begira, «Bai» hori esatean, zeukan ahultasunerako bizkortasun harrigarriz itzuli eta oihu egin zuen:

        — Zoazte, zoazte, utz nazazue!

 

 

 

© Leon Tolstoi

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Leon Tolstoi / Ivan Ilitxen heriotza" orrialde nagusia