IX

 

        Gauean berandu itzuli zen emaztea. Oin-puntetan sartu zen, baina Ivan Ilitxek entzun egin zuen; ireki begiak eta bizkor itxi zituen berriro. Emazteak irtenarazi egin nahi zuen Gerasim eta beratekin gelditu, baina Ivan Ilitxek begiak ireki eta esan zuen:

        — Ez. Zoaz.

        — Min handia al duzu?

        — Berdin dio.

        — Har ezazu opioa.

        Ados zegoen eta edan egin zuen. Emazteak alde egin zuen.

        Hirurak arte lozorro tormentagarri batean egon zen. Bazeritzon zaku mehar beltz batean, oso sakon, sartzen zutela, baina ezin zutela barruraino sartu. Eta ikaragarria zitzaion egintza honek sufriarazi egiten zion. Ikaratan zegoen, ez zuen hara erori nahi, kontra egin, laguntza eskatzen zuen. Eta supituki zakua lehertu, erori eta bere senera etorri zen. Bitartean Gerasim ohearen oinetan eserita, erdi lo zegoen patxadaz, egonarriaz. Ivan Ilitx etzanda zegoen, galtzerdietan sarturiko zango argalduak haren sorbaldetan zituela; eta betiko kriseilua zegoen bere pantaila eta guzti, eta inoiz atertzen ez zen oinaze bera.

        — Hoa, Gerasim —marmar egin zuen.

        — Ez dio axola, hemen segituko dut.

        — Ez, hoa.

        Kendu zituen zangoak, etzan zen albokara, besoaren gainean eta bere buruari errukia izan zion. Gerasim alboko gelara irten arte itxaron zuen eta ezin izan zion gehiago eutsi eta haur batek bezala eman zion negarrari. Bere ezintasunarengatik, bere bakardade ikaragarriarengatik, jendearen krudelkeriarengatik, Jainkoaren krudelkeriarengatik, Jainkoaren absentziarengatik egiten zuen negar.

        «Zergatik egin duzu hori? Zergatik ekarri nauzu hona? Zer dela-eta, zer dela-eta tormentatzen nauzu hain ikaragarriro...?»

        Ez zuen erantzunik espero eta negar egiten zuen erantzunik ez zegoelako eta egon ezin zitekeelako. Oinazea areagotu egin zitzaion, baina berak ez zuen zirkinik egin, ez zion inori dei egin. Bere golkorako esan zuen: «Tira, emaiok gehiago! Baina zer dela-eta? Baina zer egin diat nik? Zer gero?»

        Gero baretu eta negar egiteari ez ezik, arnasa hartzeari ere utzi egin zion; eta dena aditasun bihurtu zen: bazirudien soinutan aditzera emandako mintzo bat ez, baizik eta arimaren mintzoa entzuten zuela, bertan sortzen ziren pentsamenduen joaira.

        — Zer behar duk? —izan zen entzundako lehen kontzeptu argia, hitzen bitartez aditzera eman zitekeena. — Zer behar duk? Zeren beharra duk? —errepikatu zuen bere barrurako—. Zerena? — Ez sufritzearena. Bizitzearena —erantzun zuen.

        Eta berriro halako aditasun tenkatu batean, oinazeak berak ere ezin ezabatuzko batean, murgildu zen.

        — Bizi? Nola bizi? —galdetu zuen arimako mintzoak.

        — Bai, lehen bizi nintzen bezala bizi: ongi, atsegin.

        — Nola bizi hintzen lehen, ongi eta atsegin? —galdetu zion mintzoak. Eta bere bizitza atsegineko unerik hoberenak irudimenak birpasatzeari ekin zion. Baina —gauza bitxia— baina bizitza atsegineko une hoberen haiei ordukoez zeharo bestelako zeritzen orain. Guztiei, haurtzaroko lehen oroitzapenei izan ezik. Han, haurtzaroan, bazegoen zerbait atsegina, itzuliz gero, bizi zitekeena. Baina atsegin hura hauteman zuen pertsona falta zen orain: beste norbaiten oroitzapena bezalako zerbait zen.

        Oraingo ondorioa zen hura hasten zenean, Ivan Ilitxi orduko poz guzti haiek begietatik lausotzen zitzaizkiola eta zerbait funsgabe eta sarritan nazkagarri bihurtzen.

        Eta zenbat eta aldentzenago zen haurtzarotik eta hurbiltzenago presentera, hainbat eta funsgabeagoak eta badaezpadakoagoak zitzaizkion pozak. Hori Zuzenbide Eskolan hasten zen. Han oraindik zerbait benetan ona bazegoen: alaitasuna zegoen, adiskidetasuna zegoen, itxaropenak zeuden. Baina goiko klaseetan bakanagoak ziren une on horiek. Gero, gobernadorearekiko bere lehen karguko urteetan, berriro agertzen ziren une onak: emazteari zion maitasun-oroitzapenak ziren. Gero guzti hori nahastu egiten zen eta ona gero eta bakanagoa zen. Eta zenbat eta aurrerago, hainbat eta on gutxiago, eta aurrerago, gutxiago.

        Ezteia... bat-bateko deslilura, emaztearen ahoko usaina, zentzukoitasuna, itxurakeria. Eta kargu hil hura, eta diruarengatiko kezka haiek, eta horrela urtebete, bi urte, hamar, hogei-eta beti gauza bera. Eta zenbat eta aurrerago, hainbat eta hilago. «Etengabe maldan beherantz nindoan, gorantz nindoalakoan. Hala izan zen. Jendearen iritzian gorantz nindoan, eta bizitza oinpetik alde egiten ari zitzaidan...Eta orain prest nago, hil nadin!»

        «Zer esan nahi du honek? Zertako? Ezina da. Ezina da bizitza hain zentzugabea eta nazkagarria izatea. Eta hain nazkagarria eta zentzugabea bada, zertako hil eta hil oinazetan? Hemen bada ongi ez dabilen zerbait.»

        «Agian ez ote naiz bizi izan behar nuen bezala? —eman zion buruak bat-batean. «Baina nola izan liteke hori, dena behar bezala egin nuelarik?» —esan zuen bere golkorako eta bat-batean errefusatu zuen bizitza eta heriotzaren enigma osoaren soluzio bakarra erabat ezinezkotzat bailitzan.»

        «Zer nahi duzu orain? Bizi? Nola bizi? Epaitegian bizi zaren bezala bizi, ujierrak iragartzen duenean: «Auzi-mahaikoak sartzen ari dira!...» «Auzi-mahaikoak sartzen ari dira, auzi-mahaikoak sartzen ari dira, auzi-mahaikoak sartzen ari dira!» errepikatu zion bere buruari. —Horra auzi-mahaia! Baina ni ez naiz errudun! —oihu egin zuen suminez. «Zergatik?» Eta negar egiteari utzi zion, hormari aurpegia eman eta gauza berean pentsatzen hasi zen: zergatik, zertako izudura guzti hori?»

        Baina behin eta berriz pentsatu bazuen ere, ez zuen erantzunik aurkitu. Eta sarritan guzti hori behar bezala bizi izan ez zelako gertatzen zitzaiola bururatzean, bere bizitzaren zuzentasuna gogoratu eta ideia estrainio hura baztertu egiten zuen.

 

 

 

© Leon Tolstoi

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Leon Tolstoi / Ivan Ilitxen heriotza" orrialde nagusia