VIII

 

        Goiza zen. Eta hala bazen Gerasim joan eta Piotr lekaioa etorria zelako bakarrik zen, zeinak kandela itzali, gortinari albora eragin eta isil-misilka txukunketa-lanari ekin baitzion. Goiza edo arratsa, ostirala edo igandea —dena berdin, dena gauza bera zitzaion: une batez ere tormentatzeari uzten ez zion min sorra, bizia ezinbestean baina erabat ez zihoakion kontzientzia; beti hurbiltzen ari zitzaion heriotza ikaragarri eta gorrotagarri hori, errealitate bakar eta beti gezur berori. Zer garrantzi izan zezaketen egunek, asteek eta hilabeteek?

        — Nahi al duzu tea zerbitzatzea?

        «Ordena behar da, jaunek goizean hartzen baitute tea», pentsatu zuen baina hauxe besterik ez zuen esan:

        — Ez.

        — Ba al duzu dibanera aldatzeko gogorik?

        «Ganbara-gela txukundu beharra dauka; traba egiten diot, zikina, nahaste-borraste bat naiz», pentsatu zuen baina hauxe besterik ez zuen esan:

        — Ez, utz nazak.

        Lekaioak lanean jarraitu zuen. Ivan Ilitxek eskua luzatu zion. Piotr zerbitzari hurbildu zitzaion.

        — Zerbait nahi al duzu?

        — Erlojua.

        Piotrek eskumenean zeukan erlojua eman zion.

        — Zortzi t'erdiak. Jaiki al dituk?

        — Ez, jauna. Vasili Ivanovitx —semea zuen— gimnasiora joan da. Praskovia Fiodorovnak iratzar dezagula agindu du zuk bere galdea egiten bazenuen. Nahi al duzu?

        — Ez, ez da beharrezko —«Eta te apur bat hartzen badut?» pentsatu zuen—. Hara, ekarridak tea.

        Piotr atera joan zen. Ivan Ilitxek bakarrik gelditzeko beldurra sentitu zuen. «Zer egingo zuen eradukitzeko? Bai, sendagaia».

        — Piotr, emadak sendagaia.

        «Zergatik ez, oraindik baliteke sendagaiak laguntzea». Koilarakada bat sendagai hartu zuen. «Ez, ez dit lagunduko. Dena zentzugabea da, engainua», erabaki zuen gustu ezagun eta melenga hura sentitzean, etsipenez. «Ez, ezin dut sinetsi. Baina oinaze hau, zertako oinaze hau? Une batez atertuko balitzait behintzat!» Eta intziri egin zuen. Piotr itzuli egin zen.

        — Ez, hoa. Ekardak tea.

        Piotrek alde egin zuen. Ivan Ilitxek, bere burua bakarrik ikustean, intziri egin zuen, ez hainbeste oinazez, ikaragarria bazuen ere, larriduraz baizik. «Beti gauza bera, beti gau eta egun amaigabe hauek. Laster etorriko balitz... Zer laster? Heriotza, ilunpea. Ez, ez. Edozer heriotza baino lehen!»

        Piotr tea bandejan zuela itzultzean, Ivan Ilitxek luzaroan begiratu zion begi galduez, nor zen eta zer nahi zuen ulertzeke. Piotr txunditu egin zen begirada harekin. Eta Piotr txunditzean, Ivan Ilitx bere baitara itzuli zen.

        — Bai —esan zuen—, tea... Ongi zegok, uztak. Aurrena lagunidak garbitzen eta emadak alkandora garbia.

        Ivan Ilitx garbitzen hasi zen. Ikuzi zituen patxadaz eskuak eta aurpegia, garbitu zituen hortzak, orraztu eta ispilura begiratu zuen. Ikara sentitu zuen; aparteko ikara sentitu zuen, batez ere ilea bekoki zurbilari itsatsirik nola gelditzen zitzaion ikustean.

        Alkandora aldatu ziotenean, bazekien beldurra areagotu egingo zitzaiola bere gorputzari begiratuz gero, eta ez zion so egin. Baina dena amaitu zen azkenean. Jantzi zuen bata, estali zituen zangoak burusiaz eta eseri zen besaulkian tea hartzeko. Minutu batez susperturik sentitu zen, baina tea edaten hasi orduko, berriro gustu bera, oinaze bera. Kostata edan eta zangoak luzatuz, etzan egin zen. Etzan eta Piotr bidali zuen.

        Beti gauza bera. Dir-dir egiten du itxaropen-tanta bat, asaldatzen da etsipenaren itsasoa, eta beti oinazea, beti oinazea, beti larridura, beti gauza bera. Bakarra izugarri triste sentitzen da, norbaiti dei egin nahi izaten dio, baina aurretiaz badaki beste batzuekin oraindik okerrago sentituko dela. «Berriro morfina emango balidate, lo egingo nuke. Zera esango diot medikuari, zerbait asmatzeko. Hau ezina da, ezina da honela».

        Ordua joan eta ordua etorri. Baina txilin-hotsa entzuten da hargelan. Hain zuzen, medikua da, bizkor, adoretsu, guri, alai. «Seguru aski zerbait gaizki egin duzue, baina oraintxe konponduko dugu» esan nahizko aurpegierarekin. Medikuak badaki esamolde hau ez dela egokia hemen, baina hain dago hartara ohitua, non ezin baitu utzi, goizetik fraka jantzi eta bisitak egiten ibili denak bezala.

        Medikuak adoretsu, kontsolatzaile, eskuak igurzten ditu.

        — Hoztuta nago. Sekulako hotza egiten du. Utzidazue berotzen— dio berotzeko apur batez itxarotea aski balitz bezalako aurpegierarekin, eta berotutakoan, dena konponduko balu bezala.

        — Eta, zer moduz?

        Ivan Ilitxek sentitzen du medikuak galdetu nahi diola: «Zer moduz gauzak?», baina sentitzen du ezina dela horrela hitz egitea eta esaten du: «Nola eman duzu gaua?»

        Ivan Ilitxek galdera egiteko aurpegieraz begiratzen dio medikuari «Ez al dizu inoiz lotsarik emango horrela hitz egitearengatik?» Baina medikuak ez du galdera ulertu nahi.

        Eta Ivan Ilitxek badio:

        — Beti bezala, izugarria da. Oinazeak ez du alde egiten, ez du amore ematen. Zerbait emango balit!

        — Bai, hara, gaixoak beti berdinak. Tira, berotu naizela, nik uste, ezta Praskovia Fiodorovna guperak berak ere ez luke ezer izango nire tenperaturaren kontra. Tira, egun on! —Eta medikuak eskua estutzen dio.

        Eta aurreko jostaritasun guztia alde batera utzirik, medikua aurpegi serioaz gaixoa miatzen hasten da, pultsua, tenperatura, ukalditxoak eta auskultazioak hasten dira.

        Ivan Ilitxek badaki era irmo eta seguruan guzti hori gezurra eta engainu hutsa besterik ez dela, baina medikua belaunen gainean jarrita, gainean hedatzen zaionean, belarria gorago, eta beherago hurbilduz, eta gainean aurpegi esanguratsuarekin zenbait itzulinguru gimnasiazko burutzen dizkionean, Ivan Ilitx menpean erortzen zaio, behiala abokatuen hitzaldien menpean erortzen zen bezala, nahiz eta oso ongi jakin denak gezurretan ari zirela eta zergatik ari ziren ere bai.

        Medikuak, dibanean belauniko, bere takadatxoekin jarraitzen zuen, atean Praskovia Fiodorovnaren zetazko soinekoaren zurruburrua entzun zenean eta gero Piotri ahakar egin zion medikuaren etorreraren berri eman ez ziolako.

        Sartzen da, ematen dio musu senarrari eta berehalaxe hasten da segurtatzen luzaroan dagoela jaikita eta gaizki-ulertze batengatik ez zegoela han medikua etortzean.

        Ivan Ilitxek begiratu egiten dio, miatzen du burutik oinetaraino, eta zuritasuna aurpegiratzen dio, esku eta lepoaren garbitasuna eta leuntasuna, ilearen distira eta biziz beteriko begien leinurua. Hunkipenak sufrimendua, gorrotozko olatu bat sortzen dio.

        Harekiko eta gaixotasunarekiko bere harremanak berdin jarraitzen du. Gaixoarekiko jarrera bat hartu eta hura albora ezin dezakeen medikuak bezala, emazteak halaxe hartu du jarrera jakin bat Ivan Ilitxekiko (ez du egiten egin beharko lukeena, bera da erruduna eta amultsuki aurpegiratzen dio hori) eta berarekiko jarrera hori ezin du aldatu.

        — Ez du jaramonik egiten! Ez ditu sendagaiak bere garaian hartzen. Eta batez ere etzanda egoten deneko posizioak, ziur aski, kalte egin behar dio: zangoak goian dituela egoten baita.

        Eta Gerasim zangoei goian eustera nola behartzen zuen kontatu zuen.

        Medikuak irribarre egin zuen destainati eta maitekor: «Zer egingo diogu bada? Gaixoek batzuetan horrelako tentelkeriak asmatzen dituzte; baina barka litezke.»

        Miaketa amaitzean, medikuak erlojuari begiratu zion eta Praskovia Fiodorovnak iragarri zion Ivan Ilitxi, berak nahi ez bazuen ere, mediku sonatuari dei egin ziola, eta Mikhail Danilovitxekin batera (hala zuen izena oheburuko medikuak) miatu eta aztertuko zuela.

        — Mesedez, ez zaitez kontra jarri. Neure buruarengatik egiten dut —esan zuen ironiati, dena bere alde egiten zuela eta trikimailu harekin uko egiteko eskubidea kentzen ziola. Berak isildu eta bekokia zimurtu zuen. Inguratzen zuen gezurra hainbeste trinkotu zela sentitzen zuen, non zaila gertatzen zitzaion ezer ulertzea.

        Ivan Ilitxentzako zen guztia bere buruarentzat egiten zuen, eta esaten zion bere buruarentzat egiten zituela hain gauza sinestezinak, non berak alderantzitara aditu behar zituen.

        Izan ere, hamaika t'erdietan mediku sonatua iritsi zen. Berriro hasi tiren auskultazioak eta elkarrizketa serioak haren aurrean eta alboko gela batean, giltzurrinaz eta heste itsuaz, eta galde-erantzunak, hain itxura serioarekin, non berriro ere bizitza eta heriotzari buruzko arazo errealaren ordez, zeina baitzen Ivan Ilitxi interesatzen zitzaion bakarra, giltzurrina eta heste itsuari buruzko arazoa planteatzen zitzaion, zeinak ez baitziren behar bezala portatzen eta horregatik Mikhail Danilovitxen eta sonatuaren menpean eroriko baitziren, konpontzera beharturik.

        Mediku sonatuak itxura serioarekin alde egin zuen, baina ez itxaropenik gabe. Ivan Ilitxek begiak beldurrez eta itxaropenez dirdirka gora jasoak zituela, ea osatzeko ahalbiderik ba ote zegoen egindako galdera ezbaitiari, ez zegoela segurtatzerik erantzun zion baina bazegoela ahalbiderik. Ivan Ilitxek medikuari adio esan zioneko itxaropen-begirada hain zen tamalgarria, non Praskovia Fiodorovna hura ikustean negarrez hasi baitzen, mediku sonatuari alogera ordaintzeko despatxutik irtenik.

        Medikuaren itxarobideak sorturiko gogo-jasoaldiak ez zuen luzaroan iraun. Berriro lehengo gela, koadro eta gortina berak, hormetako paper bera, poto berak eta lehengo gorputz oinazetu eta mindu berbera. Ivan Ilitx intzirika hasi zen—; jarri zioten injekzioa eta lozorrotu egin zen.

        Bere baitara etorri zenean, ilunabartzen hasita zegoen. Jatekoa ekarri zioten. Kostata salda hartu zuen eta berriro gauza bera, berriro gaua hasi zen.

        Bazkal ondoan, zazpietan, Praskovia Fiodorovna sartu zen gelara, bigira baterako bezala jantzita, bular lodi jasoekin eta hauts-arrastoak aurpegian zituela. Jadanik goizean gogoratua zion teatrora joatekoak zirela. Sarah Bernhardt zegoen hirian eta bazuten palko bat berak behin eta berriz erreserbatzeko eskatu zuena. Ivan Ilitxek ahazturik zeukan, eta haren soineko dotoreak haserretu egin zuen. Baina disimulatu egin zuen haserrea, bera izan baitzen palkoa hartzen ahalegindu zena, seme-alabentzat atsegin hezitzaile eta estetikoa omen zelako.

        Praskovia Fiodorovna bere buruarekin asebeterik sartu zen, baina erruduna bailitzan. Eseri zen eta osasunaz galdetu zion; eta Ivan Ilitxek ikusi zuen galdetze aldera galdetu ziola, baina ez ezer jakiteko, bai baitzekien, ezin zuela ezer jakin, eta emazteak zeren premia sentitzen zuen esateari ekin zion: ezergatik ere ez zatekeela joango, baina palkoa hartuta zegoela, Elen, alaba eta Petrixtxev (alabaren senargaia zen instrukzio-epailea) zihoazela, eta horregatik ezina zela haiek bakarrik uztea. Askozaz atseginagoa gertatuko zitzaiokeela berarekin gelditzea, baina bera falta zen bitartean medikuak agindutakoa egin behar zuela.

        — Bai, Fiodor Petrovitxek (senargaiak) ere sartu nahi zuen. Sar al daiteke? Eta Lisak ere bai.

        — Sar daitezela.

        Sartu zen alaba, pinpirin jantzita, gorputz gazte biluziarekin, hainbeste sufriarazten zion harekin. Eta erakutsi egiten zuen indartsu, osasuntsu, ageri zenez maitemindua eta zoriontasunari kontra egiten zioten gaixotasun, sufrimendu eta heriotzarekin sumindua.

        Sartu zen Piotr Petrovitx frakarekin, à la Capoul orraztua, lepo luze eta zaintsua gorbata zuriz loturik, paparreko zuri eskerga eta izter indartsuak fraka beltz meharretan sarturik, guante zurizko eskuan egitaraua zeramala.

        Haren atzetik, ezkutuka, gimnasio-ikaslea sartu zen, bere uniforme berriarekin, gizajoa, guante eta betazpi izugarriekin, zeinen esanahia bai baitzekien Ivan Ilitxek.

        Beti eman izan zion gupida semeak. Eta ikaragarria zen haren begirada izutu eta errukarria. Gerasimez aparte, Ivan Ilitxek uste zuen Vasiak bakarrik ulertzen eta ziola errukia.

        Denek eseri eta osasunaz galdetu zioten. Isilunea gertatu zen. Lisak kataloxak non ziren galdetu zion amari eta liskarra sortu zen ama eta alabaren artean ea nork galdu ote zituen. Ez zen atsegina izan.

        Fiodor Petrovitxek galdetu zion Ivan Ilitxi ea ikusia zeukan Sarah Bernhardt. Ivan Ilitxek hasieran ez zion galdera ulertu; gero esan zuen:

        — Ez, eta zuk?

        — Bai, Adrienne Lecouvreur-en.

        Praskovia Fiodorovnak esan zuen aktoresa bereziki ona zela halako zerbaitetan. Alaba ez zen iritzi berekoa. Hizketaldi bat hasi zuten interpretazioaren dotoretasun eta errealtasunaz: beti ateratzen den betiko hizketa.

        Hizketaldiaren bizienean, Fiodor Petrovitx Ivan Ilitxi begiratu eta isilik geratu zen. Besteak ere begiratu eta isildu egin ziren. Ivan Ilitxek begi distiratsuekin begiratzen zuen, ageri zenez haietaz gogaiturik. Egoera hartatik irten beharra zegoen, baina ez zen bat ere erraza. Isiltasun hura nolanahi ere eten beharra zegoen. Ez zen inor ausartzen, eta denei ikaragarria gertatzen zitzaien, bat-batean gezur errukiorra deuseztatu eta zer gertatzen ari zen argi eta garbi ikusiko zutelakoa. Lisa izan zen erabakitzen aurrena. Denek sentitzen zutena ezkutatu egin nahi zuen baina esan zuen:

        — Halere, joan egin behar da, ordua da —esan zuen aitaren oparia zen erlojuari begira, eta berak bakarrik ulertzen zuen irribarre ia hautemanezin baina esanguratsu bat mutil gazteari zuzentzen zion bitartean, zutitu egin zen soinekoari zurruburrua ateraz.

        Denak zutitu, elkarri agur esan eta joan egin ziren.

        Irten zirenean, hobeki zegoela iruditu zitzaion Ivan Ilitxi: gezurra ez zegoen han, beraiekin alde egina zen baina oinazea gelditu zen. Betiko oinazeak eta betiko beldurrak ezer ez txarragoa eta ez hobea izatea egiten zuten. Dena ezin txarragoa zen.

        Berriro minutuak minutuen atzetik igaro ziren, ordu bat beste ordu baten atzetik, beti gauza bera, beti azkenik gabe, eta gero azken ikaragarri ezinbestekoa.

        — Bai, datorrela Gerasim —erantzun zion Piotren galderari.

 

 

 

© Leon Tolstoi

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Leon Tolstoi / Ivan Ilitxen heriotza" orrialde nagusia