VII

 

        Ivan Ilitxen gaixotasuneko hirugarren hilean nola gertatu zen hura, ezin zitekeen esan, zeren urratsez urrats, ezarian gertatu baitzen, baina emazteak, eta alabak, eta semeak, eta zerbitzariek, eta adiskideek, eta medikuek, eta areago oraindik, berak ere bazekiena gertatu zen: besteek berarekiko zuten interes guztia, azkenean, postua noiz utziko ote zuen jakitea zela, noiz libratuko zituen bizidunak bere presentziak sortzen zizkien eragozpenetatik, eta noiz libratuko ote zuen bere burua sufrimenduetatik.

        Gero eta gutxiago lo egiten zuen; opioa ematen zioten eta morfina ziztatzen hasi zitzaizkion. Baina horrek ez zuen arintzen. Lozorroan sartzean sentitzen zuen larridura sorrak hasiera batean zerbait berriak bezala arintzen zuen, baina gero oinaze agerikoa bezain edo are mingarriagoa bihurtzen zitzaion.

        Medikuen aginduz jaki bereziak prestatzen zizkioten, baina jaki horiek gero eta zozoago eta nazkagarriago gertatzen zitzaizkion.

        Bere beharrizanetarako adrazu berezi bat ere egin zioten, eta aldi oro suplizio bihurtzen zitzaion egintza hori. Zikintasunaren, desegokieraren eta kiratsarengatiko suplizioa, beste pertsona batek horretan lagundu behar zion kontzientziarengatikoa.

        Baina arazo higuingarriena den horretan, Ivan Ilitxek aurkitu zuen kontsolamendurik. Gerasim morroi baserritarrak laguntzen zion beti.

        Gerasim garbia, guria, kaleko jakiez gizenduriko baserritar gaztea zen. Beti alai eta aldarte onean egoten zen. Hasiera batean gizonaren itxura beti garbiak, errusiar erara jantziak, kezkarazi egiten zuen Ivan Ilitx, hain egiteko higuingarria zeukalako.

        Behin batean, kanetatik jaiki eta frakak goratzeko indarrik ez zuela, besaulki biguinean erori zen eta izuturik geratu zitzaien bere izter biluzi eta indargabeei, gihar erabat markatuekikoei, begira.

        Sartu zen Gerasim bere bota sendoekin, inguruan betun-usain eta negu-eguratsaren freskura atsegina zerizkiola, urrats sendo eta arinekin, perkalezko amantal garbia eta satenezko alkandora garbiarekin, beso sendo eta indartsuetan jasoriko mahukekin, eta Ivan Ilitxi begiratu gabe —agerian zegoenez bere buruari eutsi egiten ziola aurpegian nabari zitzaion bizi-pozaz gaixoa ez iraintzeko— kanetara hurbildu zen.

        — Gerasim —esan zuen ahulki Ivan Ilitxek.

        Gerasimek dardara egin zuen, zerbaitetan huts egin zuelakoan, eta zirkin bizkor batez itzuli zuen gaixoarengana ordurako bizarra irteten hasia zeukan bere aurpegi gordin, zintzo, jator gaztea.

        — Zer nahi duzu?

        — Hau, uste diat, higuingarri izango zaiala. Barkaidak. Ezin diat.

        — Baita zera ere—. Eta Gerasirnek begiez izarniatu eta bere hortz zuri gazteak erakutsi zizkion. —Zergatik ez dut egingo, bada? Gaixo zaude.

        Eta esku zalu eta sendoez burutu zuen ohizko egitekoa eta urrats arinekin aldendu zen. Eta bost minutu geroago, berriz ere urrats arinekin, itzuli egin zen.

        Ivan Ilitxek oraindik ere besaulkian eserita jarraitzen zuen.

        — Gerasim —esan zuen hark kaneta garbi, ikuzia ezartzean— mesedez, lagunidak, hator hona. —Gerasim hurbildu egin zitzaion—.Jaso nazak. Neuk bakarrik ezin diat, eta dagoeneko bidalia diat Dmitri.

        Gerasim hurbildu egin zitzaion; esku indartsuez, urrats arinak ematen zituen bezala, heldu, trebeki, bigunki jaso eta eutsi egin zion, beste eskuaz frakak goratzen zizkion bitartean eta eserarazi egin nahi izan zuen. Baina Ivan Ilitxek eskatu zion dibanera eramateko. Gerasimek, indarrik egin gabe eta sakatu ere egingo ez balu bezala, ia airean dibanera eraman eta eserarazi egin zuen.

        — Eskerrik asko. Bai trebeki, bai ederki... egiten duala dena.

        Gerasimek berriro irribarre egin eta alde egin nahi izan zuen. Baina Ivan Ilitx hain ongi sentitzen zen berarekin, non ez baitzuen bidali nahi.

        — Hara, hurbilidak, mesedez, aulki hori. Ez, beste hori, oinpera. Hobeto sentitzen nauk, zangoak goian dauzkadanean.

        Gerasimek aulkia ekarri, kolperik eman gabe, aldi berean behearen parera eraitsi zuen eta Ivan Ilitxen zangoak aulkiaren gainera jaso zituen; Ivan Ilitxek uste izan zuen hobeki sentitzen zela Gerasimek zangoak jasotzen zizkionean.

        — Hobeto sentitzen nauk, zangoak goian dauzkadanean —esan zuen Ivan Ilitxek—. Kuxin hori ere azpian jarridak.

        Gerasimek horrela egin zuen. Berriro zangoak jaso eta jarri zizkion. Berriro Ivan Ilitx hobeki sentitu zen, Gerasimek zangoei eusten zienean. Eraitsi zituenean, okerrago sentitzen zela zeritzon.

        — Gerasim —esan zion— ba al duk zereginik orain?

        — Ez, jauna —esan zuen hiriko jendearen artean jaunekin hitz egiten ikasia zuen Gerasimek.

        — Ba al duk oraindik zerbait egiteko?

        — Zerbait egiteko? Dena egina daukat, biharko egurra txikitzea izan ezik.

        — Edukiko al dizkidak zangoak goian?

        — Bai horixe. —Gerasimek jaso zizkion zangoak gora eta Ivan Ilitxek jarrera hartan ez zuela batere minik sentitzen iritzi zion.

        — Eta egurra?

        — Ez hadi estutu. Denetarako zegok astia.

        Ivan Ilitxek esertzeko agindu zion Gerasimi, zangoei eusteko eta berekin hitz egiteko. Eta —gauza bitxia— bazeritzon hobeki sentitzen zela, Gerasimek zangoei eusten zienean.

        Aurrerantzean Ivan Ilitxek noizean behin Gerasimi deitzeko ohitura hartu zuen eta zangoei sorbalda gainetan eustera eta berekin hitz egitera behartzen zuen. Gerasimek aisa, gogara egiten zuen hori, Ivan Ilitx samurtzen zuten sotiltasun eta jatortasunez. Beste guztien osasunak, indarrak, bizi-jasak iraindu egiten zuen Ivan Ilitx; Gerasimen indarrak eta bizi-jasak bakarrik ez zuten iraintzen, aitzitik lasaitu egiten zuten.

        Gezurra zen Ivan Ilitxen supliziorik handiena —guztiek onarturiko gezurra, gaixo besterik ez zegoela, baina ez zela hilko, eta lasai egotea eta sendagaiak hartzea besterik ez zuela behar, eta orduan dena oso ongi joango zela. Baina berak bazekien, halere, zernahi egiten zutela ere, sufrimenduak eta heriotza besterik ez zela sortuko. Eta tormentatu egiten zuen gezur horrek, tormentatu egiten zuen denek zekitena eta berak ere bazekiena ez onartu nahi izateak, baizik eta bere egoera ikaragarriaz gezurra esan nahi izateak, bera ere gezur horretan esku hartzera behartuz. Gezurra, bere heriotzaren bezperan burutzen zitzaion gezur hori, bere heriotzaren egintza izugarri eta lazgarria bere bisita, gorrina, bazkariko gaizkata guztien mailan jarri behar zuen gezur hori... ikaragarri tormentagarria zen Ivan Ilitxentzat. Eta —gauza estrainioa— sarritan, trikimailu hura egiten ziotenean, oihuka esateko zorian egoten zitzaien: «Ez gezurrik esan; badakizue badakidala, hiltzen nagoela; gutxienez utzi gezurra esateari». Baina ez zuen inoiz hori egiteko adorerik izan. Hiltzearen egintza izugarri eta beldurgarria, bazekusan, inguratzen zuten guztiek eragozpen pasakor, nolabaiteko gisagabekeria baten mailan jarria zeukatela (egongelara sartzean usain txarra leriokeen pertsonarekin egingo litzatekeenez), berak bizitza osoan zerbitzatu izan zuen «gisakotasun» horrekiko leialtasunean; bazekusan inor ez zitzaiola errukitzen, zeren ez baitzuen inork bere egoera ulertu nahi. Gerasimek bakarrik ulertzen zuen bere egoera eta errukitzen zitzaion. Eta horregatik Ivan Ilitx Gerasimekin bakarrik sentitzen zen ongi. Ongi sentitzen zen, batzuetan Gerasimek, gau osotan zehar, zangoei eusten zienean eta lotara joan nahi izaten ez zuenean, esanez: «Ez zaitez kezkatu, Ivan Ilitx, geroago lo egingo dut»; edo supituki, hika hitz egitera pasatuz, gaineratzen zionean: «Gaixo ez bahengo, baina zergatik ez haut zaindu behar?» Gerasim zen gezurrik esaten ez zuen bakarra, denak adierazten zuen bera bakarrik jabetzen zela egoeraz eta ez zuela ezkutatu nahi, eta errukia zion pixkanaka aunatzen ari zen ugazabari. Behin argi eta garbi hitz egin zuen, Ivan Ilitxek lotara bidali zuenean:

        — Denok hil behar diagu. Zergatik ez that neke hau hartu behar? —esan zuen lanak ez zuela inola ere nekarazten adieraziz, hain zuzen ere hiltzen zegoen batentzat zelako eta espero zuela norbaitek berari ere egingo ziola garaia iritsitakoan.

        Gezur horretaz gainera, edo berorren ondorioz, Ivan Ilitxentzat tormentagarriena, berak nahi izango zukeenez, inork berari errukirik ez izatea zen: Ivan Ilitxek, zenbait unetan, suplizio luzeen ondoren, ezer baino gehiago nahi izaten zuen, norbaitek zen bezala har zezan: haur gaixo bat bezala hartu eta errukia izan ziezaiola. Laztanak egin, musu eman eta berekin negar egitea nahi izaten zuen, haurrak laztantzen eta kontsolatzen diren modura. Bazekien pertsona larria zela, bizar-urdindua eta, eta horregatik ezinezkoa, baina guztiarekin ere, horixe nahi zuen. Eta Gerasimekiko harremanak bazeukan harengana hurbiltzen zuen zerbait, eta horregatik Gerasimekiko harremanak kontsolatu egiten zuen. Ivan Ilitxek negar egin nahi izaten zuen, laztandu eta berekin negar egin zezaten nahi izaten zuen; baina iristen zen lagun bat, Xebek eta berak eta negar egin eta laztantzeko eskatu ordez, Ivan Ilitxek aurpegi serio, zorrotz eta pentsakorra jartzen zuen eta inertziaz ematen zuen bere iritzia kasazioko erabaki baten esanahiaz eta defendatzen ahalegintzen zen. Bere inguruko eta bere baitako gezur horrek pozoitzen zituen ezerk baino gehiago Ivan Ilitxen bizitzako azken egunak.

 

 

 

© Leon Tolstoi

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Leon Tolstoi / Ivan Ilitxen heriotza" orrialde nagusia