VI

 

        Ivan Ilitxek hiltzen zekusan bere burua eta etengabeko etsipenean zegoen.

        Ivan Ilitxek bazekien arimaren barrenean hiltzera zihoala, baina horretara ohitu ezik, besterik gabe, ez zuen ulertzen, inola ere ezin zuen ulertu.

        Kizeverteren logikan ikasia zuen silogismo-adibideari: «Kaio gizakia da, gizakiak hilkorrak dira, beraz Kaio hilkorra da», bere bizitza osoan zuzen iritzi izan zion Kaiorekiko, baina inondik ere ez bere buruarekiko. Kaio gizaki orokorraren kasuan, hori erabat zuzena zen; baina bera ez zen Kaio ezta gizaki orokorra ere, baizik eta bera erabat, erabat berezia zen beste izaki guztietatik; bera Vaña izan zen ama, aita, Mitia eta Volodiarekin, jostailuekin, kotxezainarekin, inudeekin, gero Katenkarekin, haurtzaroko, nerabezaroko, gaztaroko alaitasun, berotasun, samin guztiekin. Agian Kaiok izan al zuen Vañak hainbeste maite zuen larruzko pilotaren usain hura? Agian Kaiok musu eman al zion hala amaren eskuari eta agian Kaiorentzat zurruburru egin ote zuten hala amaren zetazko soinekoko izurrek? Agian sortu ote zuen zarramaltzarik Zuzenbide Eskolan pastel batzuk zirela-eta? Agian Kaio bera bezala maitemindurik egon al zen? Agian Kaiok gidatu al zezakeen bilerarik berak bezala?

        «Kaio hilkorra zen; eta bidezkoa zitzaion hiltzea, baina nirekin, Vañarekin, Ivan Ilitxekin, neure sentimendu, pentsamendu guztiekin gauza besterik da. Eta ezin liteke ni hil behar izatea. Hori izugarriegia litzateke».

        Hala sentitzen zuen.

        «Baldin eta Kaiok bezala hil beharko banu, jakingo nuke, barne-mintzo batek esango lidake, baina ez zait horrelakorik gertatu; nik eta nire adiskide guztiek ulertzen genuen honek ez zuela Kaiorenarekin inolako zerikusirik. Eta orain hara! —esaten zion bere buruari—. Ezina da. Ezina da, baina bada. Nola liteke? Nola ulertu hori?»

        Ezin zuen ulertu eta ahaleginak egiten zituen pentsamendu hori uxatzen faltsua, erratua eta gaixozkoa bailitzan, eta beste pentsamendu zuzen, osasungarri batzuez ordezkatuz. Baina pentsamendu hori ez zen pentsamendu soila, baizik eta errealitate baten gisakoa, berriro etorri eta aurrean jartzen zitzaiona.

        Eta berak txandaka pentsamendu horien ordez beste pentsamendu batzuei dei egiten zien, berorietan bermea aurkituko zuen itxaropenean. Pentsamenduaren lehengo joairara itzultzen ahalegintzen zen, zeinek lehenago heriotzari buruzko pentsamendua trabatzen zuten. Baina —gauza bitxia— lehen heriotzaren kontzientzia trabatu, estali eta deuseztatzen zuen guztiak, orain ezin zuen ondorio hori eragin. Azkeneko denboraren parte handia Ivan Ilitxek heriotza trabatzen zion sentimenduaren joaira berrezartzeko ahaleginetan emana zuen. Hala esaten zion bere buruari: «Neure karguari lotuko natzaio, horretarako bizi bainaiz». Eta Epaitegira joaten zen, bere baitatik zalantza guztiak uxatuz, lagunekin hitz egiten zuen eta, bere ohitura zaharraren arabera, eseri egiten zen begirada galduaz jendeari barreiatuki begira eta esku argalduak haritzezko besaulkian bermatuz, eta ohi bezala, makurtzen zen lagun batengana, hartzen zuen zehaztapidetza, aritzen zen txutxuputxuka eta gero, supituki begirada jaso eta zuzen jarriz, hitz ezagunak ebaki eta hasiera ematen zion auziari. Baina supituki, jardunaren erdian, saihetseko oinazeak, auziaren joairari inolako arretarik egin ezinik, bere auzi parekideari ematen zion hasiera. Ivan Ilitx saiatzen zen bere baitatik pentsamendu hura uxatzen, baina hark jarraitu egiten zuen, eta zera hura etortzen zitzaion, aurrean gelditu eta begiratu egiten zion: Ivan Ilitx zurtu egiten zen, begietatik alde egiten zion argiak eta berriro bere buruari galdezka ekiten zion: «Hori bakarrik ote da egia?» Eta lagun eta menpekoek harrimenez eta saminez ikusten zuten, bera bezalako epaile distiratsu eta zorrotzak hutsak eta errakuntzak egiten zituela. Inarrosten zuen bere burua, ahalegintzen zen baretzen eta nola hala eramaten zuen azkeneraino bilera eta itzultzen zen etxera epaiketa-lanak lehen bezala estali nahi zuena estaltzen lagundu ezin zion kontzientzia tristearekin: epaiketa-lanak hartatik libratu ezin zuelakoarekin. Eta okerrena zen hark ez zuela nahi zerbait egin zezan, baizik eta begira ziezaion bakarrik, aurrez aurre begietara, begira ziezaion, ezer egin gabe, ezin esanezko eran sufrituz.

        Eta egoera honetatik bere burua salbatuz, Ivan Ilitxek kontsolamendua bilatzen zuen, beste pantaila batzuk, eta beste pantaila horiek agertzen ziren eta denbora laburrez salbatzen zuten nonbait, baina berehalakoan berriz ere deuseztatu baino areago zeharrargitu egiten ziren, zera hura guztia igaro eta ezerk traba egingo ez balio bezala.

        Azken denboraldi hartan, berak dekoraturiko egongelan sartzean, (irrigarri eta samingarria zen hartan pentsatzea), berak bizia sakrifikatu zion egongela hartan, zeren ondotxo baitzekien bertan hartu zuen kolpearekin hasi zitzaiola gaixotasuna, sartzean, adibidez, mahai bernizatuan harramazkada bat ikusten zuen, zerbaitez alderen alde egina. Bilatzen zuen kausa eta ertzetik okertua zegoen albumaren brontzezko garnizioan aurkitzen zuen. Hartzen zuen album kutuna, berak maitasunez osatua, eta alabaren eta bere adiskideen zabarkeriaz kexatzen zen: zerbait urratua zegoen, argazkiak nahasturik aurkitzen zituen. Lehia handiz dena txukundu eta garnizioaren ertza zuzentzen zuen berriro.

        Gero bururatzen zitzaion albumaren établissement hori beste zokoren batera aldatzea komeniko zela, loreen artera. Dei egiten zion lekaioari: alaba edo emaztea agertzen zitzaizkion laguntzera; ez ziren ados jartzen, elkarri kontra egiten zioten, bera eztabaidan hasten zen eta haserretu egiten zen; baina horrela hobeto, zeren ez baitzuen gogoratzen, ez bait zuen agerian edukitzen.

        Baina emazteak, bera gauzak egiten hastean, esaten zion: «Utziozu, zerbitzariek egingo dute, berriz ere mina hartuko duzu». eta supituki zera hura berriz ere pantailaz bestaldetik agertzen zen, ikusi egiten zuen zera hura. Une batez agertzen zen zera hura; Ivan Ilitxek espero zuen ezkutatuko zela, baina ohartu gabe saihetsari adi jartzen zitzaion: denak berdin jarraitzen zuen, betiko oinaze sorra, eta ezin zuen jadanik ahaztu, eta zera hark lore artetik begiratzen zion. Zertako hori dena?

        «Egia ote da, hemen, gortina honetan, gaztelu baten kontra bezala, bizia galdu nuela? Ba ote? Bai izugarria eta bai irrigarria! Ezina da! Ezina da, baina bada».

        Joan despatxura, etzan eta berriro bakarrean geratzen zen «zera» harekin. Bekoz beko «zera» harekin, berarekin egitekorik gabe. Begiratu eta hotza sentitzea besterik gabe.

 

 

 

© Leon Tolstoi

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Leon Tolstoi / Ivan Ilitxen heriotza" orrialde nagusia