V

 

        Honela igaro ziren hilabete bat eta bi. Urte Berriaren bezperan koinatua hirira etorri eta etxean geratu zitzaien. Ivan Ilitx Epaitegian zen. Praskovia Fiodorovna erosketak egitera irtena zen. Despatxura sartzean, koinatuarekin, bere kasa maletakoak txukuntzen ari zen odolbizi osasuntsuarekin topo egin zuen. Ivan Ilitxen oinotsak entzutean buru jaso eta segundo batez isilik begiratu zion. Begirada hark dena agerian jarri zion Ivan Ilitxi. Koinatuak ahoa ireki zuen deiadar egiteko baina eutsi egin zion. Mugimendu hark dena berretsi zion.

        — Aldatu egin al naiz?

        — Bai... aldea nabari zaizu.

        Eta nahiz eta Ivan Ilitxek behin eta berriz ekin zion koinatuaren atzetik bere kanpoko itxuraz hitz egiteko, hark isilik jarraitu zuen. Iritsi zen Praskovia Fiodorovna eta koinatua hurbildu egin zitzaion. Ivan Ilitxek giltzaz atea itxi eta ispiluari begiratu zion, aurrez aurre eta gero soslaitara. Emaztearekin baterako argazki bat hartu eta ispiluan ageri zenarekin erkatu zuen. Aldea izugarria zen. Gero besoak ukondoraino agerian jarri, begiratu, mahukak beheratu eta otomanan eseri zen, gaua baino ilunago jarririk.

        «Ezina da, ezina da», esan zion bere buruari, zutitu, hurbildu mahaira, hartu zehaztapidetza bat, ekin zion irakurtzeari baina ezin izan zuen. Ireki atea eta aretora joan zen. Egongelako atea erdi irekita zegoen. Oin-puntetan hurbildu eta entzuten jarri zen.

        — Ez, ahoberokeria bat esaten ari zara —esaten zion Praskovia Fiodorovnak.

        — Ahoberokeria? Zuk ez duzu ikusten baina hildako bat da, begiraiezu begiei. Ez dute argirik. Baina zer dauka?

        — Inork ez daki. Nikolaievek (beste medikuak) zerbait esan du, baina ez dakit. Lextxetitzkik (mediku sonatuak) kontrakoa esan du...

        Ivan Ilitx aldendu, bere gelara joan, etzan eta pentsatzen jarri zen: «Giltzurrina, giltzurrin flotakorra». Gogora ekarri zuen medikuek esandakoa nola jaulki zen eta nola flotatzen zuen. Irudimenaren ahalegin batez giltzurrin hori harrapatu, geldiarazi eta tinkatzen ahalegindu zen; oso gutxi falta zitzaiola zeritzon. «Ez, berriro Piotr Ivanovitxengana joango naiz» (Adiskide mediku bat zeukan adiskidea zuen). Deitu, zalgurdia prestatzeko eskatu eta irteteko prest jarri zen.

        — Nora zoaz, jean? —galdetu zion emazteak aurpegiera bereziki triste eta ohi ez bezain on batekin.

        Ohi ez bezalako ontasun horrek sumindu egin zuen. Mudurri begiratu zion.

        — Piotr Ivanovitxen etxera joan beharrean nago.

        Adiskide mediku bat zeukan adiskidearenera joan zen. Bertan medikua aurkitu zuen. Berarekin hizketaldi luzea izan zuen.

        Gertatzen zitzaionaren zertzelada anatomiko eta fisiologikoak, medikuaren iritzian, aztertu ondoren, dena ulertu zuen.

        Zeratxo bat, zeratxo txiki bat zeukan heste itsuan. Baina konpontzeko modukoa zen. Organ baten energia indartuz gero, bestearena ahulduz gero, berrurrupaketa bat gertatuko zen eta dena konponduko zen. Bazkarira berandu samar iritsi zen. Alai jan eta berriketan egin zuen, baina luzaroan ezin izan zen bere zereginetara itzuli. Azkenean joan despatxura eta lanerako eseri zen. Zehaztapidetzak irakurri, lan egiten zuen baina bere baitan barne-arazo larri alboratu bat zeukan kontzientziak, zeinaz amaitutakoan arduratuko baitzen, ez zion alde egiten. Zehaztapidetzak amaitu zituenean, gogoratu zuen barne-arazoa heste itsuan pentsatzea zela. Baina ez zen hartan murgildu eta egongelara joan zen tea hartzera. Gonbidatuak zeuden, pianoa jo eta kantatzen ari ziren; instrukzio-epailea, beren alabaren senargaitzat nahi zutena bertan zegoen. Ivan Ilitxek arratsa, Praskovia Fiodorovnaren arabera, ohi baino alaiago pasatu zuen, baina une batez ere ez zuen ahaztu pentsamendu larri alboratuak zeuzkala heste itsuari buruz. Hamaiketan alde egin eta bere gelara joan zen. Gaixotasuna hasi zitzaionetik bakarrik lo egiten zuen, despatxuaren ondoko gelatxo batean. Bertara joan, arropak erantzi eta Zolaren eleberri bat hartu zuen, baina irakurri ordez pentsatzeari ekin zion. Irudimenean bere heste itsuaren konponketa desiratua gertatzen zitzaion. Zerbait berrurrupatu, kanporatu eta inarkun zuzena lehengoratu zen. «Bai, hala da, —esan zion bere buruari—. Naturari laguntzeaz aski da». Gogoratu zuen sendagaia, agondu, hartu eta aratinik etzan eta adi egon zitzaion sendagaiaren eragin ongileari eta gaitza deuseztatzeko erari. «Garai jakinetan hartu eta eragin kaltegarrietatik ihes egiteaz aski da; orain zerbait hobeto sentitzen naiz, askoz hobeto». Saihetsa haztatzen hasi zen, baina ez zuen minik hartzen. «Bai, ez dut sentitzen, egia da, askoz hobeto nago». Argia itzali eta saihetsaren gainean etzan zen... «Heste itsua konpontzen, bere burua berrurrupatzen ari da.» Supituki lehengo oinaze ezagun, sor, mintzurria, atergabe, isil, serio. Ahoan berriz ere nazka ezaguna. Bihotza uzkurtu egin zitzaion, burua lausotu. «Jainko maitea! Jainko maitea! —esaten zuen—. Berriz ere bai, berriz ere bai, eta hau ez da inoiz amaituko». Eta supituki gauza zeharo beste maila batean agertu zitzaion. «Heste itsua, giltzurrina! —esan zion bere buruari—. Gauza ez dago heste itsuan, ez giltzurrinean, bizitzan eta... heriotzan baizik. Bai. Bizitza hor zegoen eta orain badoa, badoa eta ezin diot eutsi. Bai. Zergatik engainatu neure burua? Agian ez al dago guztientzat agerian, niretzat izan ezik, hiltzen nagoela eta auzia aste, egun kontua dela oraintxe bertan hil naitekeela? Lehen argia zegoen, orain ilunpea. Hemen nengoen, eta orain hara noa! Nora?» Hotzak menperatu zuen, arnasa gelditu egin zitzaion. Bihotzaren taupadak soilik entzuten zituen.

        «Ez naizenean, zer gertatuko ote zait? Ez da ezer gertatuko. Non izango naiz, ez naizenean? Heriotza agian? Ez, ez dut nahi». Salto batez zutitu, argia piztu nahi izan zuen, esku dardaratiez bilatu zuen, kandela lurrera bota zuen kanderailu eta guzti, eta berriro atzera erori zen burkoaren gainera. «Zertako? Berdin dio —esan zuen bere baitan, begi irekiez ilunpeari begira—. Bai, heriotza. Eta horietako inork ez daki eta ez du jakin nahi, eta dira errukitzen. Olgetan ari dira. (Urrunean, atetik, mintzoak eta ritornelloak entzuten ziren.) Berdin zaie, baina horiek ere hilko dira. Inozoak. Ni lehenago baina horiek ondoren; horiei ere etorriko zaie txanda. Eta jostatzen ari dira. Kaikuak! Suminak ito egiten zuen». Ondoeza jasanezin mingarria sortu zitzaion. Ezinezkoa zen guztiak beti beldur izugarri horretara kondenatuak egotea. Jaiki egin zen.

        «Bada bestelako zerbait: lasaitu beharrean nago, dena hasieratik birpentsatu beharrean nago.» Eta birpentsatzen hasi zen. Bai, gaixotasunaren hasieran. Kolpe bat hartu nuen saihetsean, baina denak berdin jarraitu zuen, orduan eta biharamunean; min piska bat sentitu nuen, gero gehiago, gero medikua, gero abaildura, larridura, eta berriz ere medikuak; eta ni gero eta hurbilago amildegitik. Indarra gutxiago. Hurbilago eta hurbilago. Eta orain ertzean nago, ez daukat argirik begietan. Heriotza da eta ni hestean pentsatzen. Hestea nola konpondu pentsatzen ari naiz eta heriotza da. Heriotza ote da gero?«Berriro ere izuak mendean hartu zuen. Arnasestuka makurtu, pospoloen bila hasi eta ukondoaz mahaitxoari bultza egin zion. Nekarazi eta mina ematen zion, sumindu egin zen haren kontra, indar gehiagorekin bultza egin zion herraz eta bota egin zuen mahaitxoa. Etsita, lehiatsu, aratinik erori zen, une hartan bertan heriotzari itxaronez.

        Gonbidatuak elkarri adio esaten ari ziren une hartan. Praskovia Fiodorovnak kanpora lagundu zituen. Entzun zuen erorikoa eta irten egin zen.

        — Zer duzu?

        — Ezer ez. Nahi gabe bota dut.

        Emazteak irten eta kandela bat ekarri zuen. Ivan Ilitx etzanda zegoen, arnasa nekez eta bizkor hartuz, versta bat lasterka egin duena bezala, begi josiez emazteari begira.

        — Zer duzu, jean?

        — Ezer... ez. Bota ...egin... dut...

        «Zertarako ezer esan. Horrek ez du ulertuko» —pentsatu zuen.

        Izan ere, ez zuen ulertu. Hartu kandela, piztu eta berehalakoan irten zen: gonbidatuei agur esan beharrean zegoen. Itzuli zenean aratinik aurkitu zuen, gora begira.

        — Okerrago al zaude?

        — Bai.

        Emaztea buruari eragin eta aulkian eseri zen.

        — Ba al dakizu, jean, nik uste, Lextxetitzki etxera gonbidatu beharko genukeela.

        Horrek esan nahi du mediku sonatuari dei egitea eta dirurik ez murriztea. Ivan Ilitxek barre zitala egin eta ezetz esan zuen. Praskovia Fiodorovnak eserita jarraitu zuen, hurbildu eta musu eman zion bekokian.

        Ivan Ilitxek arimako indar guztiez gorrotatzen zuen musu ematen zion une horretan, eta ahalegina egin behar izan zuen ez errefusatzeko.

        — Agur. Jainkoak emango dizu loa.

        — Bai.

 

 

 

© Leon Tolstoi

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Leon Tolstoi / Ivan Ilitxen heriotza" orrialde nagusia