IV

 

        Denak osasuntsu zeuden. Ez zegoen esaterik Ivan Ilitx osasuntsu ez zegoenik, noizean behin ahoan gustu estrainioa eta sabelaren ezkerraldean ondoeza sentitzen zuela aipatzeagatik.

        Baina eragozpen horiek gehitu egin ziren eta artean min izatera iritsi ez baziren ere, saihetsean nekea eta barrenean aldarte txarra sortzen zizkioten. Barreneko aldarte txar hori Golovindarren familian zegoen bizitza arin eta gisakoaren atsegintasuna pixkanaka andeatzen hasi zen. Senar-emazteak gero eta sarriago haserretzen ziren, eta laster desagertu ziren arintasuna eta atsegintasuna, gisakotasunari nekez eusten ziotelarik. Eszenak gero eta maizagoak ziren. Berriro irlote batzuk bakarrik geratu ziren, eta gutxi gainera, zeinetan senar-emazteak leherketarik gabe bat etor zitezkeen.

        Orain Praskovia Fiodorovnak zioen, eta ez arrazoirik gabe, senarra izaera makurrekoa zela. Gauzak bapikatzeko ohiturarekin beti izan zela izaera makurrekoa aitortzen zuen, eta bere ontasunari esker bakarrik jasan izan zituela hogei urte haiek. Egia zen orain senarrarengatik sortzen zirela haserreak. Bere liskarrak beti bazkaltzeko orduan hasten zituen eta sarritan, zopa jaterakoan. Edo ohartzen zuen plateren batek mailatua zeukala, edo jatekoa ez zegoela behar bezala, edo semeak ukondoa mahaian jarri zuela, edo alabak halako orrazkera zeukala. Eta Praskovia Fiodorovnak zuen guztiaren errua. Praskovia Fiodorovna aurre egiten hasi zitzaion eta gauza gogorrak esaten, baina bi aldiz bazkaria hasterakoan hainbeste amorratu zen, non ulertu zuen gaixozko egoera, jakia hartzearen ondoriozkoa zela, eta eutsi egin zion bere buruari, ez zion aurre egin eta lehenbailehen jaten ahalegindu zen. Bere otzantasuna meritu handitzat zeukan Praskovia Fiodorovnak. Azkenean erabaki zuen senarrak aldarte higuingarria zeukala eta dohakabe bihurtu ziola bizitza eta bere buruaz errukitzen hasi zen. Eta zenbat eta bere buruaz errukituago, hainbat eta ezinikusi handiagoa zion senarrari. Hil zedin nahi izaten ere hasita zegoen, baina ezin zezakeen horrelakorik nahi izan, zeren soldatarik gabe geratuko baitzatekeen. Eta horrek bere kontrako amorrua areagotu egiten zion. Guztiz dohakabe sentitzen zen, hain zuzen ere heriotzak berak ere ezin zuelako salbatu eta amorratzen bazen ere disimulatu egiten zuen eta amorru ezkutuko horrek gehitu egiten zion amorrua.

        Eszena baten ondoren, zeinean Ivan Ilitx bereziki bidegabea izan baitzen, desenkusak aurkeztu eta oso suminkor sentitzen zela esan zuen, baina hori gaixotasunarengatik zela; emazteak esan zion gaixorik baldin bazegoen, sendatu egin behar zuela eta mediku ospetsu batengana joateko eskatu zion.

        Joan egin zen. Dena espero zuenez gertatu zen; dena beti gertatzen den bezalakoa izan zen. Itxaronaldia, berak ere Epaitegitik hain ongi ezagutzen zuen medikuaren seriotasun itxuratua, takadatxoak eta auskultazioak, erantzuten denbora apur bat eskatzen duten eta erantzun alferrak dituzten galderak, itxura esanguratsua, zeinak baitzirudien esan nahi zuela: «Jar zaitez gure eskuetan eta dena konponduko dugu, badakigu eta ez dugu zalantzarik dena nola konpondu, dena era berean egiten baita, nornahi dela ere». Dena, zehatz-mehatz, Epaitegian egiten zen bezala zen. Berak Epaitegian akusatuekin jarduten zuen bezala, ziharduen mediku ospetsuak berarekin.

        Medikuak zioen: «Honek eta honek esan nahi dute zure barruan hau eta hau daudela; baina hau halako eta halako ikerketak ez badute berresten, orduan uste izan beharko dugu halako eta halako duzula. Baldin eta halako eta halako uste izaten bada, orduan... eta abar. Ivan Ilitxentzat, ordea, galdera garrantzizko bakarra zegoen: egoera larrian zegoen ala ez? Baina medikuak ez zion jaramonik egiten galdera zentzugabe horri. Medikuaren ikuspuntutik, galdera hori hutsala zen eta ez zuen aintzakotzat hartzea merezi, zegoen gauza bakarra gertakortasunen kalkulua zen: giltzurrin flotakorra, kostuma kronikoa eta heste itsuko gaitza. Ez zegoen Ivan Ilitxen bizitzaren arazorik, baizik eta gatazka giltzurrin flotakorraren eta heste itsuaren artean zegoen. Eta gatazka hori, Ivan Ilitxen begietarako, era distiratsuan ebatzi zuen medikuak heste itsuaren alde, gernuaren analisiak froga berriak eman zitzakeelako salbuespena eginez eta orduan arazoa berrikusi egin beharko zela esanez. Guzti hori, puntuz puntu, Ivan Ilitxek mila aldiz egiten zuen auzitaratuekin, era distiratsu berean. Halaber, era distiratsuan egin zuen laburpena medikuak eta garaikor, pozik ere bai, begiratu zion betaurrekoen gainetik auzitaratuari. Laburpen honetatik Ivan Ilitxek gaizki zegoela atera zuen ondoriotzat, nahi zuena esaten zutela ere medikuak eta guztiek, baina gaizki zegoela. Ondorio honek kolpe mingarria eman zion Ivan Ilitxi, bere buruarenganako errukizko sentimendu handi bat eta halako arazo garrantzizkoaren aurrean hain axolagabe ageri zen medikuarenganako amorru handia sortu zitzaion.

        Baina ez zuen ezer esan, aitzitik, zutitu, ezarri dirua mahaiaren gainean eta hasperen eginez esan zuen:

        — Guk, gaixook, seguru aski, galdera zentzugabeak egiten dizkizuegu sarritan —esan zuen—. Oro har, gaixotasun arriskutsua da ala ez?.

        Medikuak begiratu zorrotza egin zion betaurrekoetan zehar begi bakarraz, esan nahiz bezala: «Auzitaratu hori, ez baldin baduzu geratu nahi egiten zaizkizun galderen muga-barruan, beharturik aurkituko naiz epaiketa-aretotik urrunaraztera».

        — Dagoeneko adierazia dizut zer jotzen dudan beharrezko eta ezinbesteko —esan zion medikuak—. Gainerakoa analisiak erakutsiko du. Eta medikuak gur egin zion.

        Ivan Ilitx astiro irten zen, abaildurik trineoan eseri eta etxera joan zen. Bide guztian medikuak esandakoari birak ematen zizkion buruan hitz zientifiko nahasi eta ilun haiek guztiak hizkuntza soilera bihurtzeko eta beraietan «Gaizki, oso gaizki nago, ala oraindik ez nago?» galderaren erantzuna irakurtzeko ahaleginak eginez. Eta bazeritzon, medikuak esandako guztiak oso gaizki zegoela adierazten zuela. Kaleetan dena triste zegoela iruditu zitzaion Ivan Ilitxi. Kotxezainak triste zeuden, etxeak triste, oinezkoak, dendak triste. Oinaze hark, oinaze sor, lauso hark, une batez ere atertzen ez zenak, bazirudien, medikuaren hitz ilunen ondoren, beste esanahi bat, askoz serioagoa hartzen zuela. Ivan Ilitxek sentimendu berri mingarri batekin kasu egiten zion orain.

        Etxera iritsi eta emazteari kontatzen hasi zitzaion. Emazteak entzuten zion, baina kontaeraren erdian alaba sartu zen kapelarekin: amarekin irteteko hitzemana zegoen. Kostata aspergarrikeria hura entzuten hasi zen, baina ez zuen luzaroan iraun, eta amak ere ez zion azkeneraino entzun.

        — Tira, benetan pozten naiz —esan zuen—; orain, begira, dagokion garaian sendagaia hartu behar duzu. Emadazu errezeta, bidaliko dut Gerasim farmaziara. —Eta janztera joan zen.

        Ivan Ilitxek arnasari eutsi zion emaztea gelan zegoen bitartean, eta sakon hartu zuen arnasa, hura irtetean.

        — Zer egingo diogu ba? —esan zuen—. Behar bada, oraindik ez da ezer...

        Hasi zen sendagaiak hartzen, medikuaren aginduak betetzen, zeinak gernuaren analisiaren ondoren aldatu baitziren. Baina oraingoan, analisi honetan eta ondoren egin behar izan zenean, nahaste apur bat sortzea gertatu zen. Medikuarengana berarengana iristea ezina zen, eta ez zuela medikuak esandakoa egiten gertatzen zen. Edo ahaztu egin zuela, edo huts egiten zuela, edo zerbait ezkutatzen ziola.

        Baina Ivan Ilitxek zehatz-mehatz betetzen zituen aginduak eta hasieran kontsolamendua aurkitzen zuen agindu horiek betetzen.

        Medikuari bisita egin zionetik Ivan Ilitxen zereginik nagusiena medikuaren aginduak zehatz-mehatz betetzea izan zen higieneari eta sendagaiak hartzeari zegokionez, eta oinazeari eta organismoaren jarduera guztiei kasu egitea. Jendearen gaixotasunak eta jendearen osasuna bihurtu zen Ivan Ilitxen interesik nagusiena. Bere aurrean gaixoez, hildakoez, osatuez hitz egiten zutenean, batez ere berak zuenaren antzeko gaixotasunaz, bere asaldura estaltzeko ahaleginetan, adi jarri, galdetu eta bere gaixotasunerako ondorioak ateratzen zituen.

        Oinazea ez zen gutxitzen; baina Ivan Ilitxek ahaleginak egiten zituen bere buruari hobeki zegoela pentsarazteko. Eta bere burua engainatzea lortzen zuen ezerk asaldatzen ez zuenean. Baina emaztearekin nahigaberen bat izan orduko, ezbehar bat Epaitegian, karta txarrak bintean, bere gaixotasunaren indar guztia sentitzen zuen bat-batean; ezbehar guzti horiek lehen oker egina zuzenduko zuelakoan, garaitia, gurenda lortuko zelakoan jasaten zituen. Orain, berriz, edozein ezbeharrek abailtzen eta etsipenean murgiltzen zuen. Bere buruari esaten zion: «Suspertzen ari nintzenean eta sendagaia bere eragina izaten hasi denean halako zorigaitz madarikatu hura edo bestelako atsekabe hori sortu da...» Eta sumindu egiten zen zorigaitzaren kontra edo atsekabea sortu eta hainbeste sufriarazten ziotenen kontra; eta amorru horrek kalte handia egiten ziola sentitzen bazuen ere, ezin zuen gainditu. Bazirudien garbi eduki behar zuela inguruabarren eta pertsonen kontrako amorratze horrek areagotu egiten ziotela gaixotasuna eta horregatik ez ziela jaramonik egin behar gertakari higuingarriei; berak zeharo alderantzizko arrazoiketa zerabilen: patxada behar zuela esaten zuen, patxada hori eragozten zuen guztia zelatatzen zuen eta eragozpen txikienaren aurrean sumindu egiten zen. Egoera okerragotu egiten zion medikuntza-liburuak irakurri eta medikuei aholkua eskatzeak. Gaizkitzea hain zen atergabea, non bere burua ere ezin bait zuen engainatu, egun bat bestearekin alderatuz: aldea oso txikia izaten zen. Baina medikuei aholkua eskatzen zienean, orduan bazeritzon okerrago zihoala eta oso bizkor gainera. Guztiarekin ere, taigabe eskatzen zien aholkua medikuei.

        Hil hartan beste sonatu batengana jo zuen: beste sonatu hark ia aurrekoak esandako gauza bera esan zion, nahiz eta galderak aldatu. Eta sonatu horrengandik hartutako aholkuak Ivan Ilitxen zalantzak eta beldurra areagotzea besterik ez zuen lortu. Adiskide baten adiskideak —oso mediku ona bera— erabat bestelako gaixotasuna iragarri zion, eta berriz osatuko zela agindu zion arren, bere galdera eta aieruekin oraindik gehiago nahastu zuen Ivan Ilitx eta zalantzak areagotu zizkion. Homeopata batek bestelako gaixotasun bat iragarri eta sendagai berri bat eman zion, eta Ivan Ilitxek, besteen bizkar, astebetez hartu zuen. Baina astearen buruan, hobekuntzarik ez sentitzean, eta aurreko tratamenduetan eta honetan ere itxaropena galdurik, oraindik abaildura handiagoaren menpe erori zen. Behin dama ezagun batek ikonoen bidezko sendakuntzaz hitz egin zion. Ivan Ilitxek bere burua behartu egin zuen arretaz entzutera eta gertakariaren errealitatea sinestera. Horrek ikaratu egin zuen. «Ba ote liteke honenbesteraino burua ahuldurik edukitzea? —esan zuen bere golkorako. —Lelokeriak! Dena tentelkeria da, ez dut begitazioen menpean erori behar, mediku bat hautatu eta berak agindutakoa zorrotz bete behar dut. Hala egingo dut. Orain kitto dena. Ez dut pentsatuko eta udara arte agindutakoa zorrotz beteko dut. Eta orduan ikusiko dugu. Orain amaitu dira zalantza-malantza hauek!...» Erraza zen esaten, baina ezina betetzen. Saihetseko oinazeak traba egiten zion, areagotzen ari zitzaiola ematen zuen, atergabe ari zitzaion, ahoko gustua gero eta estrainioagoa zitzaion, bazirudien arnasa nazkagarria zeriola ahotik, eta jateko gogoa eta indarrak ahultzen ari zitzaizkion. Ezinezkoa zitzaion bere burua engainatzea: zerbait ikaragarria, berria eta garrantzizkoa, Ivan Ilitxi bizitzan inoiz gertatu ez bezalakoa ari zitzaion gertatzen. Eta berak bakarrik zekien hori; inguruko guztiek ez zioten ulertzen edo ez zioten ulertu nahi, eta uste zuten gauza guztiek lehen bezala jarraitzen zutela. Horretxek atsekabetzen zuen Ivan Ilitx beste ezerk baino gehiago. Etxekoek —bisita-aroa betean zeuden emazteak eta alabak batik bat—, ez ziotela ezer ulertzen ikusten zuen: haserretu egiten ziren hain muzin eta eskale zegoelako, berak horren errua balu bezala. Eta ezkutatzeko ahaleginak egiten zituzten arren, haientzat traba zela ikusten zuen berak, eta emazteak jarrera jakin bat hartua zuela bere gaixotasunarekiko eta hari eusten ziola Ivan Ilitxek esaten edo egiten zuena gorabehera. Jarrera hori honelakoa zen:

        — Badakizue —esaten zien adiskideei—; Ivan Ilitxek ezin ditu pertsona normalak bezala medikuaren aginduak zehatz-mehatz bete. Gaur tantak hartu, zilegi zaiona jan eta goiz oheratzen da; bihar berriz, nik esan ezean, ahaztu egiten zaio hartzea, gaizkata jaten du ( ez zaio zilegi) eta bintean jokatzen du ordu bata arte.

        — Noiz izan da hori? —esaten zuen Ivan Ilitxek sumindurik—. Behin bakarrik, Piotr Ivanovitxen etxean.

        — Eta atzo, Xebekekin.

        — Berdin dio, minak ez zidan lo egiten uzten...

        — Berdin dio zergatik izan den edo ez den izan, horrela ez zara inoiz osatuko eta alamena emango diguzu.

        Praskovia Fiodorovnak senarraren gaixotasunaz pentsatzen zuena kanpokoei eta bere buruari esaten ziona bera zen: erruduna bera zela eta gaixotasun guztia emazteari egiten zion beste higuingarrikeria bat baizik ez zela. Ivan Ilitxek sentitzen zuen hori nahi gabe gertatzen zitzaion zerbait zela, baina hala ere ez zen lasaiago aurkitzen.

        Epaitegian Ivan Ilitxek nabaritzen edo pentsatzen zuen berekiko jarrera estrainio bat zegoela: bazeritzon laster bere postua uztera zihoan bati bezala begiratzen ziotela; bat-batean, lagunak adiskidekor txantxetan hasi zitzaizkion bere begitazioez, bere barruan zeraman gauza izugarri eta lazgarri, entzungabeko hura, atergabe zurrupatzen zuen eta jarki ezinik herrestan zeraman hura, txantxetarako gairik atseginena bailitzan. Schwartzek, bere jostaritasun, bizitasun eta comme il faut jarrerarekin, hamar urte lehenago bere burua gogorarazten zionak, bereziki amorratzen zuen Ivan Ilitx.

        Etortzen ziren adiskideak karta-partida bat jokatzera, esertzen ziren, banatzen zituzten kartak, pilatzen zituzten bubniak, zazpikoak. Kideak esaten zuen: «Triunforik gabe?»; eta bi bubnirekin laguntzen zion. Oraindik ba al zegoan? Pozik, kementsu egon beharra zegoen-kapotea. Eta supituki Ivan Ilitxek oinaze zorrotz hura, ahoko gustu hura sentitzen zuen, eta zentzugabea zeritzon guzti harekin inola ere alaitzeari.

        Mikhail Mikhailovitx, kideari begiratzen zion, nola jotzen zuen mahaia esku odolbiziz eta adeitsuki eta onbera, igozak biltzeari uko egin eta Ivan Ilitxi hurbiltzen zizkion kartak, haiek jasotzeko atsegina emateko, bere burua behartu gabe, eskua gehiegi luzatu gabe.

        Horrek uste du eskua luzatzeko ere ahulegi nagoela» —pentsatzen zuen Ivan Ilitxek, triunfoa ahaztuz eta bere lagunaren igoza estaldu eta ondorioz galduz, eta txarrena Mikhail Mikhailovitxek nola sufritzen zuen eta berari ez zitzaiola axola ikustea zen. Eta gogorra zitzaion zergatik ez zion axola pentsatzea.

        Guztiek ikusten zuten nekagarri zitzaiola eta esaten zioten: «Nekaturik bahago utz zezakeagu. Atsedena har ezak». Atsedena hartu? Ez, ez zuen nekerik sentitzen; amaitu egingo zuten partida. Guztiak mudurri eta hitzurri zeuden. Ivan Ilitx ohartzen zen berea zuela mudurritasuna eta ezin zuela uxatu. Afaldu eta alde egiten zuten, eta Ivan Ilitx bizitza pozoitua zeukan kontzientziarekin gelditzen zen eta besteen bizitza ere pozoitzen zuelakoarekin, eta hori gero eta gehiago bere izatean sartzen ari zitzaion ustearekin.

        Eta kontzientzia horrekin, min fisikoa eta izuarekin ere oheratu behar izaten zuen eta sarritan ez zuen lo egiten, gauaren parterik handienean, oinazez. Eta goizean berriro jaiki, jantzi, Epaitegira joan, hitz egin, idatzi egin behar izaten zuen, eta hori egin ezean, etxean egon behar izaten zuen hogeita lau orduetan, zeinetariko bakoitza tormentu baitzitzaion. Eta hondamendiaren ertzean bizitzea bakarrik egin behar zuen, ulertu eta errukituko zitzaion inor eduki gabe.

 

 

 

© Leon Tolstoi

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Leon Tolstoi / Ivan Ilitxen heriotza" orrialde nagusia