III

 

        Horrela igaro zen Ivan Ilitxen bizitza ezkontzaz gerozko hamazazpi urteetan. Ordurako lekualdaketa zenbaiti uko egindako fiskal zaharra zen, leku desiragarriago bati itxaroten zegoena, eta ustekabean gertakari atsekabezko bat jazo zen, bizitza lasaia erabat nahastu ziona. Ivan Ilitx unibertsitate-hiri batean lehendakari karguari itxaroten zegoen, baina Goppek aurrea hartu zion eta lekuaz jabetu zen. Ivan Ilitx sumindu egin zen, ahakarrak egiten hasi eta berarekin eta bere buruzagiarekin haserretu zen; haiek hoztu egin zitzaizkion eta hurrengo izendapenean ere alboan utzi zuten.

        Hori 1880 urtean gertatu zitzaion. Ivan Ilitxen bizitzako urterik zailena izan zen. Urte horretan gertatu zitzaion, alde batetik, soldata ez iristea bestetik, guztiek ahazturik edukitzea eta berak bidegabekeriarik handien eta krudelentzat zeukana, besteek hori erabat gauza normaltzat hartzea. Aitak berak ere ez zuen uste izan laguntzeko obligaziorik zeukanik. Guztiek bertan behera utzia zeukatela sentitzen zuen, 3.500 errublotako soldatarekin bere egoera erabat normala eta desiragarritzat hartzen zutelarik. Berak, ordea, egin zizkioten bidegabekeria horien kontzientziarekin, emakumearen marmarra atergabearekin eta bere ahalbideez gainetik bizi izanez egindako zorrekin, berak bazekien bere egoera ez zela mola ere normala.

        Urte hartako udan, gastuak arintzeko, oporrak hartu eta baserrira joan zen emaztearekin uda ematera, Praskovia Fiodorovnaren nebarenera.

        Baserrian, kargutik aparte Ivan Ilitxek lehendabiziko aldiz sentitu zuen gogaita, baina gogait eramanezina, eta erabaki zuen hala ez zegoela bizitzerik eta neurri zorrotzen batzuk hartu beharra zeukala.

        Gau oso bat lo egin gabe eman ondoren, terrazan alde batetik bestera zebilela, Peterburgora joatea erabaki zuen gestioak egitera, beste haiek, behar bezala balioztatu ez zuten haiek zigortzeko, beste ministraritza batera tokiz aldatzeko.

        Biharamunean, emaztea eta koinatuaren gomendio guztiak gorabehera, Peterburgora joan zen.

        Gauza bakar batengatik joan zen: bost mila errubloko postu bat eskatzeagatik. Berdin zitzaion ministraritza, joera edo jarduera mota. Postu bat behar zuen bakarrik, bost mila errubloko postu bat administrazioan, bankuan, trenbideetan, Maria enperadoresaren erakundeetan, aduanan bertan ere bai, baina derrigorrean bost mila errublo eta balioztatzen ez zuten ministraritzatik derrigorrean irtetea behar zuen.

        Eta hara non Ivan Ilitxen bidaia horrek arrakasta harrigarri eta ustekabekoa izan zuen. Kursken ezagun bat igo zen lehen klasera, F.S. Ilin, eta Kurskeko gobernadoreak bidalitako telegrama baten berri eman zion, ministraritzan egun batetik bestera iraulketa bat gertatzekoa zela esanez: Piotr Ivanovitxen postuan Ivan Semionovitx jarriko zutela.

        Ustezko iraulketak, Errusiarentzat zeukan esanahiaz aparte, esanahi berezia zuen Ivan Ilitxentzat ere, zeren pertsona berri bat, Piotr Petrovitx sustatzeak eta, agerikoa zenez, adiskide zuen Zakhar Ivanovitx ere bai, abantailarik handiena baitzekarkion Ivan Ilitxi. Zakhar Ivanovitxek lagun eta adiskide zuen Ivan Ilitx.

        Moskun berretsi egin zioten albistea. Eta Peterburgora iristean, Ivan Ilitxek Zakhar Ivanovitxekin topo egin eta Justiziako ministraritza berean goren postu bat emango zitzaion promesa jaso zuen.

        Handik aste betera emazteari telegrafiatu zion:

        «Zakhar Millerren postuan lehen sinaketakoan izendapena hartzen dut».

        Pertsonen aldaketa honi esker, Ivan Ilitxek ustekabean bere lagunen gainetik bi maila gorago jartzen zuen izendapena hartu zuen, bost mila errubloko soldata eta lekualdaketa-gastuetarako hiru mila eta bostehunekin. Lehengo etsaien eta ministraritza osoaren kontrako herra guztia ahaztu eta Ivan Ilitx erabat zoriontsu izan zen.

        Ivan Ilitx pozik, gogobeterik, aspaldian ez bezala, itzuli zen baserrira. Praskovia Fiodorovna ere poztu egin zen eta bien artean menia egin zuten. Ivan Ilitxek Peterburgon nolako barrera egin zioten kontatu zuen, nola etsai izandako guztiak orain bere aurrean lotsatzen eta umiliatzen zitzaizkion, nola zioen inbidia posizioarengatik eta, batez ere, zeinen biziki maite zuten Peterburgon.

        Praskovia Fiodorovnak entzun eta sinesten balio bezalako itxura egin zuen, ez zion ezertan ere kontra egin, eta planak egin zituen joan behar zuteneko hirian bizimodua antolatzeko. Eta Ivan Ilitxek pozarren ikusi zuen plan horiek bere plan zituela, haiekin bat zetorrela eta berriro bere bizitza trabatsua zegokion benetako izaera bartzen ari zela: alai, atsegin eta gisakoa.

        Aldi laburrerako etorria zen Ivan Ilitx. Irailaren 10ean hartu behar zuen karguaren jabegoa eta, gainera, denbora behar zen leku berrian gauzak antolatzeko, probintziatik gauza guztiak aldatzeko, gauza asko erosi eta eragiteko, hitz batean: bere bailan erabaki zuenez gauzak antolatzeko eta baina Praskovia Fiodorovnak bere barrenean erabaki zuenez antolatzeko ere.

        Eta orain, dena hain egoki antolatu eta emaztearen helburuekin bat zetorrelarik, nahiz eta elkarrekin denbora gutxi bizi, beren ezkon-bizitzako lehen urteez geroztik ez bezalako adiskidetasuna sentitu zuten beren artean. Ivan Ilitxek familiarekin berehalaxe alde egiteko asmoa zuen, baina bat-batean, Ivan Ilitx eta bere familiarekiko oso maitakor eta hurbil sentitu ziren ahizpak eta koinatuak behin eta berriz eskatu zielako, bakarrik alde egin behar izan zuen.

        Ivan Ilitxek alde egin zuen, eta arrakastaren eta emaztearekin bat etortzearen ondorioa zen barne-aldarte alaiak (batak bestea indartzen zuen) denbora guztian irauten zion. Etxebizitza zoragarria aurkitu zuen, senarrak eta emazteak amets egiten zuten bezalakoa. Areto zabal, garaiak, antzinako erako gelak, despatxu handios eta erosoa, emaztea eta alabarentzako koartoak, semearentzako ikasgela, dena bereziki beraientzat pentsatua izan balitz bezala. Ivan Ilitx bera arduratu zen etxea antolatzeaz, berak hautatu zuen papera, erosi zituen altzariak, zaharrak batik bat, oso comme il faut estiloa sortzen dutenak, tapizeria eta dena hazi zen, hazi eta berak irudikaturiko ideal bihurtu zen. Erdia antolatu zuenean, antolaketak bere itxaropenak gaindituak zituen. Bazekien nolako estilo comme il faut eta hauta izango zuen dena prest egotean. Lo egitean, aretoa nolakoa izango zuen irudikatzen zuen. Egongelari begiratzean, nahiz eta artean amaitu gabe egon, jadanik supazterra, pantaila, apalak eta aulkitxo barreiatu haiek, plater haiek, handiak eta txikiak, hormetan eta brontzeak, zein bere tokian egongo zirenak, ikusten zituen. Poza ematen zion pentsatzeak nola alaituko ziren Paxa eta Lisanka, gustu handikoak baitziren gauza hauetarako. Ez zuten halakorik espero. Bereziki gauza zaharrak, denari izaera oso noblea ematen ziotenak aurkitu eta merke erosteko aukera izan zuen. Beretarrei idatzitako gutunetan, nahita, dena zen baino okerrago jartzen zuen, gero txunditurik uzteko. Guzti honek hainbesteraino lanpetzen zuen, non kargu berriak, atsegineko gai batean, espero baino gutxiago betetzen zuen. Bileretan barreialdiak izaten zituen: gortinen gaineko erlaizak zuzenak ala bilduak egin beharko ote ziren. Hainbesteraino arduratzen zuten gauza hauek, non sarritan berak esku hartzen zuen altzaria jartzen edo gortinak esekitzen. Behin eskailerara igo zen ulertzen ez zion papereztatzaileari tapizatzea nola nahi zuen aditzera emateko, baina behaztopatu eta erori egin zen, baina gizaseme sendo eta zalua izaki, oratu egin zion, leiho-sapailoaren kontra kolpe bat hartzea beste ondoriorik gabe. Mailatuak min eman zion baina laster pasatu zitzaion. Ivan Ilitx oso alai eta osasuntsu sentitzen zen denbora guzti honetan. Idatzi zuen: «Aldetik hamabost urte kendu ditudala sentitzen dut». Irailean amaitzeko asmoa zuen baina urriaren erdira arte luzatu zitzaion. Baina dena zoragarri zegoen: ez zuen berak bakarrik esaten hori, ikusten zuten guztiek zioten.

        Funtsean, erabat aberatsak ez izan arren, aberatsen antzeko izan nahi duten pertsonen etxeetan gertatzen den gauza bera zen, eta horregatik elkarren antza izatea besterik ez dute lortzen: gortinoiak, ebanoak, break, alfonbrak eta brontzeak, tonu ilunak eta distiratsuak; klase jakin bateko pertsonek egiten dutena, klase jakin bateko pertsona guztien antzekoak izateko. Hartan hain zen antzekoa dena, non ezinezkoa zen arreta ez erakartzea; baina berak guzti hari oso berezia zeritzon. Familiakoei trenbidearen geltokian harrera egin eta argi biztuekin eta prestaturik zegoen etxera eramatean, eta lekaioak gorbata zuriarekin lorez apainduko hargelako atea irekitzean, eta ondoren egongelara eta despatxura pasarazi eta atseginezko hasperenak egitean oso pozik sentitu zen, alde guztietara eraman zituen, gorespenak jasotzen eta gogobetetasunez dirdirka ari zuen. Arrats hartan, tea hartzeko orduan Praskovia Fiodorovnak, besteak beste, nola erori zen galdetu zionean, Ivan Ilitxek barre egin eta bizitasunez deskribatu zuen nola hegaz egin eta papereztatzailea ikaratu zuen.

        — Ez naiz alferrik gimnasialaria. Beste batek mina hartuko zukeen, baina nik ukitutxo bat besterik ez nuen hartu hementxe; sakatzean min ematen dit, baina pasatzen ari zait; ubeldura bat baizik ez da.

        Eta egoitza berrian bizitzen hasi ziren, zeinean beti ongi samar bizitzeko eran jartzean, gela bat soilik falta izaten den, eta baliabide berriekin, nahiz eta, beti bezala, behar baino gutxixeago —bostehunen bat errubloren falta— izan. Oso ongi joan ziren gauzak. Lehen aldia bereziki ongi joan zen, artean dena antolatu gabe eta zerbait egiteko zegoenean: erosi, eragin aldatu, txukundu. Senarra eta emaztearen artean ezadostasun batzuk bazeuden arren, biak hain zeuden gogobeteak eta hainbeste zegoen egiteko, non dena inolako gatazkarik gabe amaitzen zen. Ezer egiteko geratu ez zenean, apur bat gogaitzen hasi ziren, zerbaiten falta balute bezala, baina etorri ziren adiskide berriak, ohitura berriak eta bizitza bete egin zitzaien.

        Ivan Ilitx, goiza epaitegian eman eta bazkalorduan itzultzen zen etxera, eta lehen aldian aldarte ona izan zuen, nahiz eta zerbait pairatu egoitzarengatik. (Zamauko, gortinoiko edozein mantxak, gortinetan eteten zen edozein sokak sumindu egiten zuen: hainbeste Ian hartua zuen antolaketan, non edozein desegokierak min ematen zion.) Baina, oro har, Ivan Ilitxen bizitza, bere ustez, behar zuen bezala zihoan: arin, atsegin eta gisaz. Bederatzietan jaiki, kafea edan eta kazeta irakurtzen zuen, gero uniformea jantzi eta Epaitegira joaten zen. Han jadanik prestatua izaten zuen lanaren uztarria, eta berehala men egiten zion. Eskalariak, kantzileriarako ofizioak, kantzileria bera, bilerak publikoak eta administraziokoak. Guzti honetan epaiketa-auzien joairaren zuzentasunari kalte egiten dioten bizitza eta biguntasunarekin zerikusia duenari alde batera eragin beharra zegoen: ezin zuen inolako harremanik onartu jendearekin ofizial hutsak izan ezik, eta harremanetarako kausak ere ofiziala izan behar zuen eta harremanek berek ere ofizialak izan behar zuten soilik. Esate baterako, etortzen da norbait eta zerbait jakin nahi du. Ivan Ilitxek pertsona partikular bezala ezin du izan inolako harremanik pertsona horrekin; baina pertsona horrekiko harremana baldin eta paper menbretedunean adierazteko bezalakoa baldin bazen, muga horien barruan Ivan Ilitxek, zinez, ahalegin guztiak egiten eta aldi berean adiskidetasunaren moduko giza harremanak ezartzen zituen, hots, kunplimenduzkoak. Harreman ofizialak amaitzean, amaitzen dira gainerako guztiak ere. Alderdi ofiziala bereizteko gaitasun hori, bere bizitzarekin ez nahastekoa, Ivan Ilitxek goren mailan zeukan, eta praktika luzea eta talentuarekin halako mailaraino landu zuen, non batzuetan bertutetsu baten gisara, aukera ematen zion bere buruari, txantxetan bezala, harreman gizatiarrak eta ofizialak nahasteko. Aukera hau bere buruari ematea, behar zuenean alderdi ofiziala berezi eta gizatiarrari albora eragiteko bere baitan nahikoa indar sentitzen zuelako baizik ez zen. Hori Ivan Ilitxengan erraza, atsegina eta gisakoa ez ezik, artezkoa ere bazen. Tarteetan erre, tea hartu, politikaz apur bat, arazo orokorrez apur bat, kartez apur bat eta, batez ere, izendapenez hitz egiten zuen. Eta nekaturik, baina ezin hobeki bere partitura jo duen orkestrako lehen biolin bertutetsuaren sentimenduarekin etxera itzultzen zen. Etxean ama eta alaba norabait joanak edota norbaiti barrera egiten ibiltzen ziren. Semea gimnasioan izaten zen, irakasle bereziekin ikasgaiak prestatzen, eta ongi ikasten zuen gimnasioan irakasten ziotena. Dena ongi zihoan. Bazkalostean, gonbidaturik ez bazegoen, Ivan Ilitxek jendeak asko aipaturiko libururen bat irakurtzen zuen, eta arratsean bere arazoetan ari izaten zen, hau da, paperak irakurri, legeak kontsultatu, aitorpenak alderatu eta legepean ezartzen zituen. Hori ez zen ez gogaikarri, ez jostagarri. Bintean jokatzeko aukera zuenean gogaikarri gertatzen zitzaion; baina bintik ez zegoenean, nolanahi ere hobe zen bakarrik edo emaztearekin eserita egotea baino. Ivan Ilitxen atseginak gizartean posizio garrantzizkoa zuten damak eta jaunak otordutxoetara gonbidatzea izaten zen eta beraiekin denbora-pasatzekoak egitea ere, zeinek izan behar baitzuten areto guztien antzeko aretoaren jabe zirenen ohizko denbora-pasatzekoen antzekoak.

        Behin arrats batean dantza ere egin zuten. Ivan Ilitx pozik zegoen eta dena ongi atera zen, nahiz eta emaztearekin istilu bat sortu zitzaion tartak eta konpitak zirela-eta. Praskovia Fiodorovnak bazuen bere plana, baina Ivan Ilitxek behin eta berriz eskatu zuen dena gozotegi garesti batetik ekartzeko eta tarta asko erosarazi zituen, eta tartak soberan geratu eta gozotegiko faktura berrogeita bost errublotakoa izan zelako sortu zen istilua. Istilua handia eta higuingarria izan zen, hainbestekoa, non Praskovia Fiodorovnak «inozoa, erretxina» deitu baitzion. Berak buruari heldu eta berotasunean bizialarguntzeaz ere hitz egin zuen. Baina arrats berean alaitu zen. Jaia ongi atera zen eta Ivan Ilitxek Tufonova printzesarekin dantza egin zuen «Eramazu nire samina» izeneko elkartea sortzeagatik sonatu bihurtu zenaren ahizparekin. Bizitza ofizialeko pozak nork bere burua maitatzearen pozak ziren; baina Ivan Ilitxen benetako pozak bintean jokatzearen pozak ziren. Aitortzen zuen, azkenaren buruan, nolabaiteko gertakari atsekabezko baten ondoren, beste guztien aurretik argi egiten zuen poza jokalari onekin esertzearena zela, isilik egoten zekiten jokalariekin bintean jokatzeko eta ezinbestez lau izan behar zuten (bost izanez gero higuingarria izaten zitzaion, nahiz eta berak oso pozik zegoela esan) eta joko azkar, serioa egin behar izaten zen (karta onak zetozenean) gero afaldu eta basokada bat ardo edateko. Eta bintaren ondoren, zertxobait irabazi zuenean (asko irabaztea ez zen gisakoa), Ivan Ilitx oso izpirituzko aldarte onean oheratzen zen.

        Honela bizi ziren. Eratzen zuten gizarte-zirkulua ezin hobea zen eta jende garrantzizkoa eta gaztea joaten zitzaien.

        Ezagupideen zirkuluari zegokionez, senarra, emaztea eta alaba erabat ados zeuden, eta ezer mintzatu gabe, etortzen zitzaizkien behe-mailako ezagun eta ahaide mota guztiak aldentzen zituzten eta haietaz libratzen ziren, beren samurkeriez, hormetan plater japoniarrak zituen aretora haizatuz. Behe-mailako ahaide hauek laster utzi zioten etortzeari eta Golovindarrenean gizartearen floria geratu zen. Mutil gazteek errondan zebilzkion Lisankari, eta Petrixtxev, Dmitri Ivanovitx Petrixtxeven semea eta ondasunen oinordeko bakarra, instrukzio-epailea, halako eran hasi zen Lizari begia botatzen, non Ivan Ilitxek Praskovia Fiodorovnarekin hitz egin baitzuen horretaz, ea ez ote zen komeniko troikan ibiltzera eramatea edo ongintzazko emanaldiren bat ez ote zen antolatu beharko. Honela bizi ziren. Eta dena aldaketarik gabe zihoan, eta dena primeran zihoan.

 

 

 

© Leon Tolstoi

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Leon Tolstoi / Ivan Ilitxen heriotza" orrialde nagusia