II

 

        Ivan Ilitxen iraganeko historia oso sinplea, arrunta eta guztiz ikaragarria zen.

        Ivan Ilitx berrogeita bost urterekin hil zen, Justizi Palazioaren kide zela. Funtzionario baten semea zen, San Peterburgoko ministraritza eta departamendu ezberdinetan karrera egin zuen batena, zeinak erakusten baitu argi eta garbi halakoa ez dela gai garrantzizko eginbeharrak betetzeko, baina bere zerbitzuen luzetasun eta bere eskalafoiarengatik ezin daitekeela kargugabeturik utzi eta horregatik hartzen duela berariaz asmaturiko postu fikziozko bat eta sei milatik hamar mila errublotara bitarteko soldata ez-fizkiozko bat, zeinarekin bizi izaten baita zahartzaro aurreratura arte.

        Halakoa izan zen Ilia Efimovitx Golovin kontseilari sekretua, zenbait erakunde alferrikakoren kide alferrikakoa.

        Hiru seme-alaba zituen. Ivan Ilitx bigarrena zen. Zaharrenak aitaren karrera bera zeraman, nahiz eta beste ministraritza batean, eta jadanik hurbil zuen inertziaren indarrez soldata eskuratzen deneko zerbitzu-aroa. Hirugarren semea frakasatua zen. Gaizki geratua zen izandako postu guztietan eta orduan trenbideetan zegoen enplegaturik: aitak, anai-arrebek eta batez ere berauen emazteek berarekin topo egiteko gogorik ez izateaz gainera, ezinbesteko premietan soilik gogoratzen ziren haren existentziaz. Arreba Gref baroiarekin ezkondurik zegoen, aitaginarreba bezala, San Peterburgoko funtzionario zen batekin. Ivan Ilitx la phénix de la famille omen zen. Ez anaia nagusia bezain hotz eta maratza, ezta txikia bezain eroa ere. Bien tartekoa zen: argia, bizkorra, begikoa eta jatorra. Anaia txikiarekin batera, Zuzenbide Eskolan ikasia zen. Txikiak ez zuen amaitu eta bosgarren ikasturtetik bidali egin zuten; Ivanek, aldiz, ongi amaitu zituen ikasketak. Zuzenbide Eskolan bere bizitza guztian izango zena izan zen: gaitasunez hornituriko gizasemea, alaia, onbera eta lagunkoia, nahiz eta aldi berean bere eginbehartzat zeukanaren betetzaile leiala izan; eta eginbehartzat hartzen zuen goiko postuetan zeudenek halakotzat hartzen zuten guztia. Ez zen inoiz lausengaria izan, ez mutikotan eta ez gero gizon nagusitan ere, baina bere urte gazteetatik, euliak argitara bezala, gizartean goiko postuak zeuzkatenengana erakarria sentitzen zen, haien manerak eta bizitzari buruzko ikuspegiak imitatzen zituen eta adiskide-harremanak ezartzen beraiekin. Haurtzaro eta gaztaroko grina guztiak aztarna handirik utzi gabe igaro ziren haren baitatik; bere burua sentiberatasunera eta banitatera eman zuen-eta azkenik, ezaugarri jasoenetara-liberalitatera; baina beti muga jakin batzuen barruan, zeinak ongi erakusten bait zuen bere zentzu ona.

        Zuzenbide-Eskolan lehenago zenbait egintza burutua zen bilaukeriak begitantzen zitzaizkion eta bere buruaren kontrako arbuioa sorrarazten zizkioten burutzen zituen garaian; baina gerora, goian zeudenek ere egintza hauek burutzen zituztela ikusirik eta ez zeuzkatela txartzat, berak ez zituen ontzat eman, baina erabat ahaztu zituen eta inola ere ez zen mingostu beraiek gogoratzean.

        Zuzenbide Eskolatik irtetean eta aitagandik uniformez hornitzeko dirua jasorik, Ivan Ilitxek Xarmerrenean eragin zuen jantzia eta erloju-bitxien artean domina bat eseki zuen «respice finem» inskripzioarekin; despeditu zen printze eta irakasleengandik, eman zien afari bat lagunei Donon-enean eta maleta berri modako, barne-arropa, jantzi eta bizarra kentzekoak, tokadore-gauzak eta bidai manta almazen hoberenetan eragin eta erosiekin, probintzia batera abiatu zen gobernariaren arazo partikularretako funtzionario postua hartzera, zeina aitak lortua baitzuen.

        Probintzian Ivan Ilitxek laster sortu zion bere buruari egoera erraz eta atsegina, Zuzenbide Eskolan izan zuena bezalakoa. Zerbitzatu, karrera egin eta aldi berean, era atsegin eta egokian jostatzen zen; noizean behin bidaiak egiten zituen buruzagien aginduz eskualdeetara, duintasunarekin egoten zen, bai goikoen eta bai behekoen aurrean, eta zehaztasunez eta jatortasun erostezinez betetzen zituen gomendatzen zizkioten eginbeharrak, zeinez harrotasuna derrigorrean sentitzera beharturik aurkitzen zen, batez ere sektarioei buruzkoak zirenean.

        Zerbitzu-lanetan, bere gaztetasuna eta olgeta arinetarako zuen joera gorabehera, erabat begiratu, ofizial eta zorrotz ere agertzen zen; baina gizartean sarritan jostari, asmagin eta guztiz onbera zen, zuzen eta bon enfant, buruzagiek eta haien emazteak beratzaz esan ohi zutenez, etxekotzat zeukaten-eta.

        Probintzian bazituen harremanak dama batekin, zeinak gaina hartu baitzion legegizon modazaleegiari; bazuen neskalagun modista bat; bazituen parrandak pasuko militar-laguntzaileekin, baita paseoak ere hiriko kale urrunetan barna afalostean; bazituen lausenguak buruzagiarentzat eta baita buruzagiaren emaztearentzat ere, baina guzti hau hain eratasun tonu handian gertatzen zen, non ezinezkoa izango baitzatekeen hitz txarrez aipatzea: guzti hau il faut que jeunesse se passe frantsesezko esaeran laburbiltzen zen. Guzti hau esku garbiekin, alkandora garbiekin eta frantsesezko hitzekin burutzen zen eta, garrantzizkoena, gizarterik garaienean, ondorioz, goian zeudenen onarpenarekin.

        Honela zerbitzatu zuen Ivan Ilitxek bost urtez, eta aldaketa gertatu zen zerbitzuan. Auzi-erakunde berriak sortu ziren; gizon berrien premia sortu zen.

        Eta Ivan Ilitx izan zen gizon berri horietako bat.

        Instrukzio-epaile postu bat eskaini zitzaion Ivan Ilitxi, eta Ivan Ilitxek hartu egin zuen, nahiz eta postu hori beste probintzia batean egon eta beharrezko izan sortutako harremanak uztea eta berriak egitea. Adiskideek lagundu egin zuten Ivan Ilitx, taldeko argazkia atera zuten, zilarrezko zigarrontzia oparitu zioten eta postu berrira abiatu zen.

        Instrukzio-epaile gisa Ivan Ilitx comme il faut, zuzena izan zen, eta zerbitzuko eginbeharrak eta bizitza pribatua bereizten jakin zuen eta arazo partikularretako funtzionario zenean bezala, guztien errespetua bereganatzen zuen. Instrukzio-epailetzak berak eskaintzen zion Ivan Ilitxi lehengoak baino askoz interes eta erakargarritasun handiagoa. Lehengo postuan atsegina zitzaion ibilera librean Xarmer jantzigintzako uniformearekin, errezibituak izateko orduaren zain zeudenen eta buruzagiaren despatxuan sartzen eta berarekin tea hartu eta zigarro bat erretzeko esertzen ikustean inbidia zioten bisitarien aurretik pasatzea, baina zuzenean bere eskumenean zeuzkan pertsonak gutxi ziren. Horiek komisariak eta erlijio-disidenteak ziren, mandaturen bat ematen ziotenean; eta era samurrean, ia kidez kide tratatu nahi izaten zituen bere eskumenean zeuzkanak; eta zapaltzeko gauza zen hark, adiskidekor, sotilki tratatzen zituela sentiarazi nahi izaten zien. Baina horrelako pertsonak gutxi ziren orduan. Orain, berriz, instrukzio-epaile zelarik, Ivan Ilitxek sentitzen zuen guztiak, inolako salbuespenik gabe, pertsonarik garrantzitsuen eta beren buruez asetuenak ere bere eskuetan zeuzkala eta aski zuela hitz jakin batzuk paper tinbredunean idaztea, pertsonarik garrantzitsuena, bere buruaz asetuena ere aurrera ekar ziezaioten salatu edo lekuko gisa, eta esertzera gonbidatzen ez baldin bazuen, zutik bere aurrean egon eta galderei erantzun beharko ziela. Ivan Ilitxek ez zuen sekula bere ahalaz abusatzen, alderantziz, adierazpenak biguntzen ahalegintzen zen; baina ahaltasun horren kontzientzia eta berori biguntzeko posibilitatea ziren kargu berriaren interes eta erakargarritasun nagusienak. Karguan bertan, eginkizunetan, Ivan Ilitxek laster bereganatu zuen karguarekin zerikusirik ez zuten gorabehera guztiak alde batera uzteko ohitura eta arazorik korapilatsuena ere halako moldez errazten zuen, non paperean kanpo-forma bakarrik islatzen zen eta hartatik erabat bazterturik gelditzen baitzen bere iritsi pertsonala eta, areago oraindik, beharrezko formalitate guztiak betetzen zituen. Hau gauza berria zen. Eta bera izan zen lehenengoetakoa 1864ean landuriko arauak praktikan jartzen.

        Hiri berrira instrukzio-epaile bezala joatean, Ivan Ilitxek ezagupide eta harreman berriak egin zituen, jarrera berri bat hartu eta tonua zertxobait aldatu zuen. Probintziako agintariengandik apur bat urrundurik egoten ahalegindu zen eta hirian bizi ziren judikaturako moduko aitonsemeen artean hautatu zituen adiskideak, gobernuarekiko halako nahiez-antxa bat hartuz, liberaltasun neurrizko eta hiritartasun zibilizatu batekin. Horregatik, bere janzkeraren dotorezia batere aldatu gabe, Ivan Ilitxek, bere eginbehar berrian, kokotsa afeitatzeari utzi eta bizarrari nahi zuen tokian libreki hazteko aukera eman zion.

        Ivan Ilitxen bizitza, hiri berrian, oso atsegina izan zen: gobernadorearen aurka sasitzen ari zen gizartea adiskidekor eta atsegina zen; soldata hobea zuen eta bizitzako gozamen nabarmenei whistarena gehitu zitzaien, hartara jokatzen hasi baitzen Ivan Ilitx eta alaitasunez egiten zekien hori, eta bizkor atzematen zituen jokoaren sotiltasunak, horrela beti irabazle gertatzen zelarik.

        Hiri berrian bi urtez karguan egon ondoren emaztea izango zuenarekin topo egin zuen Ivan Ilitxek. Praskovia Fiodorovna Mikhel Ivan Ilitx mugitzen zen zirkuluko neskatilarik erakargarriena, argiena eta distiratsuena zen. Instrukzio-epailetzako lanetatik atsedena hartzeko aukera ematen zioten olgeten artean, harreman arin alaiak ezarri zituen Praskovia Fiodorovnarekin.

        Ivan Ilitxek, gobernadorearen laguntzaile gisa, dantza egiten zuen; orain instrukzio-epaile zelarik, salbuespen gisa dantza egiten zuen. Dantza egiten zuen baina erakunde berrietan eta bosgarren klasean zegoenak bezala, baina dantza egin beharra baldin bazegoen, beste edonork baino hobeki egin zezakeela erakusteko gai zen. Horrela, noizean behin bigiraren amaieran Praskovia Fiodorovnarekin dantza egiten zuen eta batez ere dantzaldia haietan irabazi zuen Praskovia Fiodorovna. Hau beratzaz maite mindu zen. Ivan Ilitxek ez zeukan ezkontzeko asmo garbi eta zehatzik, baina neskatila maitemindu zitzaionean, bere buruari galdera hau egin zion: «Izan ere, zergatik ez ezkondu?» —esan zuen bere baitan.

        Praskovia Fiodorovna polita eta kapare-jatorri onekoa zen, etxalde txiki baten jabea. Ivan Ilitxek aukera distiratsuago baten mira izan zezakeen baina hau ere ona zen. Ivan Ilitxek bere soldata zuen, eta neskatilak ere, hala espero zuen, berea ekarriko zuen. Etorki onean sartuko zen eta emakumea atsegina, polita eta ohitura onetakoa zen. Bere emaztegaiaz maitemindu zelako edota harengan bizitzari buruzko ikuspegi bera aurkitu zuelako ezkondu zela Ivan Ilitx esatea, bere gizarteko pertsonek aukera onartzen ziotelako ezkondu zela esatea bezain bidegabea izango litzateke. Ivan Ilitx bi eratako arrazoiengatik ezkondu zen: emazte hau hautatzean bere gogoko zerbait egin zuelako, eta aldi berean, pertsonarik gorenek egokitzat jotzen zutena ere egin zuelako.

        Eta Ivan Ilitx ezkondu egin zen.

        Ezteien prozesua bera eta ezkon-bizitzaren lehen aldia ezkon-laztan, altzari berri, zerbitzu berri, arropa berri eta guzti, harik eta emaztearen haurdunaldira arte oso bizkor igaro zen, halako moldez, non Ivan Ilitx pentsatzen hasi baitzen bizitza arin, atsegin, alai, beti gisako eta gizarteak onartuari, berak bizitza orokorraren zerbait berezkotzat zeukanari, ezteiak izaera aldatu ordez areagotu egin ziola. Baina gero, emaztearen haurdunaldiko lehen hilabeteekin, zerbait berria, espero gabea, higuingarria, astuna eta gogaikarria sortu zen, espero ez zitekeen eta albora utzi ezin zuen zerbait.

        Emazteak inolako arrazoirik gabe, Ivan Ilitxi iruditzen zitzaionez, de gaieté de coeur, berak esan ohi zuenez, bizitzako atsegin eta gozamena desegiten hasi zitzaion: inolako arrazoirik gabe zelati jartzen zitzaion, atergabeko adiguritasunak eskatzen zizkion, guztiarengatik protestak eta eszena higuingarri eta zantarrak egiten zizkion.

        Hasiera batean Ivan Ilitxek libre ikustea espero zuen bere burua lehenago salbatu zuen bizimodu arin eta gisakora joz: ahaleginak egin zituen emaztearen aldartearen aurrean ez ikusiarena egiten eta lehenagoko bizimodu arin eta atseginera joz: adiskideak etxera gonbidatzen zituen kartetan jokatzera, klubera joaten zen edo adiskideengana. Baina behin emaztea halako energiarekin eta hain hitz zakarrez hasi zitzaion iraintzen eta hain temati jarraitzen zuen iraintzen bere eskakizunak betetzen ez zituen bakoitzean, begien bistakoa zenez harik eta amore eman arte ez gelditzeko asmo sendoarekin, hau da, etxean eseri eta bera bezala aspertu arte, non Ivan Ilitx izularritu egin baitzuen. Ulertu zuen ezkon-bizitza —emaztearekikoa bederen— ez zetorrela beti bat bizitza atsegin eta gisakoarekin, alderantziz, sarritan suntsitu egiten zuela, eta horregatik ezinbesteko zuela suntsiketa horietatik aldentzea. Eta Ivan Ilitxek horretarako baliabideak bilatzeari ekin zion. Kargua zen Praskovia Fiodorovnari ezartzen zion zerbait, eta Ivan Ilitx karguaren bitartez eta hari zerizkion betebeharrez emaztearekin borrokan eta menpekotasunik gabeko bere mundua babesten hasi zen.

        Neskatoaren jaiotza eta bularra emateko ahalegin arrakasta gabeekin, neskatoaren eta amaren gaixotasun benetako eta ametsezkoekin, zeinetan Ivanen partaidetza eskatzen baitzen, baina zeinetarik berak ezin baitzuen ezer ulertu, gero eta ezinbestekoagoa bihurtu zitzaion Ivan Ilitxi familiaz aparte mundu bat babestearen beharrizana.

        Zenbat eta emaztea haserretuago eta eskatzaileago zegoen, Ivan Ilitxek hainbat eta gehiago lerratzen zuen bizitzaren grabitate-zentroa bere kargura. Gero eta zaletasun handiagoa hartu zion karguari eta lehen baino goranahiago bihurtu zen.

        Oso bizkor, ezkondu eta urte beteratsu, Ivan Ilitxek ulertu zuen ezkontzak zenbait erosotasun ematen bazuen ere bizitzan, funtsean oso korapilatsu eta zaila zela, zeinarekiko bere eginbeharra betetzeko, hau da, gizarteak onarturiko bizitza gisakoa eramateko, jarrera jakin bat hartu beharra dagoela, baita karguarekiko ere.

        Eta jarrera hori hartu zuen Ivan Ilitxek bere ezkon-bizitzarekiko. Famili bizitzari otordua, etxekoandrea eta ohearekiko erosotasunak eskatzen zizkion bakarrik, horiek emateko gai bait zen eta, batez ere, gizarte-bizitzak zedarritzen zituen kanpo-formen gisakotasuna. Gainerakoan atsegintasun alaia bilatzen zuen eta aurkitzen bazuen, esker oneko bihurtzen zen; baina kontrakarra eta umore txarrarekin topo egiten bazuen, bat-batean sartzen zen berak babesturiko karguaren beste munduan eta bertan aurkitzen zuen atsegina.

        Ivan Ilitx funtzionario ontzat zeukaten eta hiru urteren buruan fiskalaren ondoko izatera iritsi zen. Betebehar berriek, beraien garrantziak, norbait auzitara eraman eta kartzelaratzeko ahalmenak, jendaurreko hitzaldiek, eta sail honetan Ivan Ilitxek lortutako arrakastak, guzti honek karguari gehiago lotzera eraman zuten.

        Seme-alaba gehiago etorri ziren. Emaztea gero eta umore txarrekoago eta muturtuago zegoen, baina Ivan Ilitxek etxeko bizitzarekiko hartua zuen jarrerarekin ia iragaztezin bihurtu zuen bere burua haren umore txarraren aurrean.

        Hiri berean zazpi urte karguan egon ondoren, Ivan Ilitx fiskal karguarekin beste probintzia batera aldatu zuten lekuz. Joan ziren hara, dirua urria zen eta emazteak ez zuen atsegin leku berria. Soldata lehen baino handiagoa zen, baina bizimodua garestiago zegoen; gainera, bi haur hil zitzaizkien, eta horregatik famili bizitza higuingarriagoa bihurtu zitzaion Ivan Ilitxi.

        Praskovia Fiodorovnak leku berrian gertaturiko ezbehar guztien errua leporatzen zion senarrari. Senarra eta emaztearen arteko hizketagai gehienek, seme-alabei buruzkoek batik bat, eztabaidak gogoraraztera eramaten zuten, eta eztabaida berriak prest egoten ziren uneoro sortzeko. Sortzen ziren senar-emazteen artean maitasunaldi labur batzuk baina labur irauten zuten. Halakoak irlak ziren, zeinetan denbora baterako trikatzen baitziren, baina berehala, elkarrengandik urruntzean sortzen zen etsaigo sorraren itsasoan barrena berriro abiatzeko. Urruntze horrek nahigabetu zezakeen Ivan Ilitx, baldin eta berak uste izan balu, ez zuela hala izan behar, baina orain egoera hori normaltzat ez ezik familian zuen bere jardueraren helburutzat ere hartzen zuen. Helburua nahigabe horietatik gero eta gehiago urruntzean zetzan eta beroriei zerbait kaltegabea eta gisakoaren izaera ematean; eta hori gero eta denbora gutxiago familiarekin emanez lortu zuen, eta etxean egotera beharturik aurkitzen zenean, bere jarrera kanpotarren presentziaz sendartzen ahalegintzen zen. Baina kargua zen Ivan Ilitxek zeukan gauzarik garrantzizkoena. Eta karguaren mundu horretan biltzen zuen bizitzako interes guztia. Eta interes horrek irensten zuen. Bere ahaltasunaren kontzientziak, porrot eragin nahi zion edonori porrota eragiteko ahalbidearenak, kanpotik begiratuta ere epaiketa-aretoan sartzen zeneko itzalak, eta bere menpekoekin edukitzen zuenak, bere gainekoen eta azpikoen aurrean zeukan arrakasta eta, batez ere, arazoak gidatzen zitueneko maisutasunak, zeina nabaritzen baitzuen, guzti honek atsegina ematen zion, eta adiskideekin izaten zituen hizketaldi, otordu eta whistarekin batera, bizitza betetzen. Horrela bada, oro har, Ivan Ilitxen bizitza berak uste zuen modura zihoan: atseginez eta gisaz.

        Horrela bizi izan zen beste zazpi urtez. Alaba zaharrenak hamasei urte zituen, mutiko bat ere hil zitzaion eta gimnasioko ikasle zen beste mutil koskor bat zegoen, eztabaidagai izaten zena. Ivan Ilitxen Zuzenbide Eskolara eraman nahi zuen baina Praskovia Fiodorovnak gimnasiora eramatea lortu zuen. Neskak etxean ikasten zuen eta ongi ari zen hazten; mutila ere ez zebilen gaizki ikasketetan.

 

 

 

© Leon Tolstoi

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Leon Tolstoi / Ivan Ilitxen heriotza" orrialde nagusia