I

 

        Justizi Palazioko eraikuntza handian, Melvinskitarren auzi-ikusketako atsedenaldi batean, epaimahaikideak eta fiskala Ivan Egorovitx Xebeken despatxuan bildu eta Krasovskiren kasuaz hasi ziren hizketan. Fiodor Vasilievitx berotu egin zen, auzi hura ez zegokiola epaitegiari adieraziz; Ivan Egorovitxek bereari eusten zion; Piotr Ivanovitxek, hasieratik hizketan sartu ez zelarik, ez zuen esku hartu eta ekarri berriak zituzten «Vedomost» egunkariaren aleei begira ziharduen bakarrik.

        — Jaunok! —esan zuen—, Ivan Ilitx hil da.

        — Ba ote gero?

        — Hara, irakur ezazu —esan zion Piotr Vasilivitxi ale irten berri usaintsua luzatuz.

        Zerrenda beltzez inguratua hauxe zegoen inprimaturik: «Praskovia Fiodorovna Golovinak doluminez adierazten die adiskide eta ahaideei bere senar maitearen heriotza, Ivan Ilitx Golovin Justizi Palazioko kidearena, zeina 1982ko otsailaren 4ean jazo baita. Gorpuaren ehorzketa ostiralean izango da, eguerdiko ordu batean».

        Ivan Ilitx bilduta zeuden jaun haien lankidea izana zen eta denek maite zuten. Baziren zenbait aste gaixo zegoela; ziotenez eritasun sendaezina zuen. Artean bere lanpostuaren jabe zen, baina hiltzen baldin bazen, agian Alekseiev izendatuko zuten haren lanposturako, eta Alekseieven lanposturako, berriz, Vinnikov edo Xtabell. Honela, bada, Ivan Ilitxen heriotzaren berri izatean, despatxuan bildurik zeuden jaun haiek aurrena pentsatu zuten ea zer eragin izan ote zezakeen heriotza hark epaimahaikideen beren edo ezagunen lanpostu-aldaketan edo igoeran.

        «Orain, seguru aski, Xtabellen edo Vinnikoven postua hartuko dut —pentsatzen zuen Fiodor Vasilievitxek—. Aspaldidanik agindua daukat, eta igoera honek zortziehun errubloko gehikuntza esan nahi du niretzat, kantzelaritza aparte.»

        «Kalugako neure koinatuaren tokialdaketa eskatu beharko dut orain —pentsatu zuen Piotr Ivanovitxek— Emaztea oso poztuko da. Orain ezingo du esan ezer egin ez dudanik bere ahaideen alde.»

        — Pentsatzen nuen nik ez zela altxatuko —esan zuen ozenki Piotr Ivanovitxek— Tamalgarria da.

        — Zer izan du bada, egiatan?

        — Medikuek ezin izan dute zehaztu. Edo hobeto esateko, zehaztu dute, baina nork bere erara. Azkeneko aldiz ikusi nuenean, sendatuko zela iritzi nion.

        — Ni, berriz, ez naiz festez geroztik bere etxean izan. Beti gerorako uzten nuen.

        — Ba al zuen ondasunik?

        — Dirudienez emazteak badu zertxobait. Baina huskeria bat.

        — Joan egin beharko da. Nahikoa urrun bizi dira.

        — Zure etxetik urrun. Zure etxetik dena dago urrun.

        — Ezin dit barkatu, ibaiaz bestaldean bizi izatea —esan zuen Piotr Ivanovitxek Xebeki irribarre eginez. Eta hirietako distantzia handiez hitz egin eta bilerara joan ziren.

        Heriotza honek bakoitzarengan ekar zitzakeen lekualdaketa eta zerbitzuzko izendapen posibleei buruz sortarazi zituen gogoetez aparte, ezagun hurbilaren heriotzaren gertakariak berak, berria jakin zutenengan beti gertatu ohi denez, alaitasun-sentimendua eragin zuen bera hil zelako eta ez norbera.

        «Hori hil egin duk; eta ni ez» —pentsatu eta sentitu zuen bakoitzak. Hurbileko ezagunek, Ivan Ilitxen adiskide omen zirenek gainera, gogoz kontra pentsatu zuten oso higuingarriak ziren komenientziazko eginbehar batzuk bete, eta hiletara eta alargunarengana joan beharko zutela doluminezko bisitan.

        Denetan hurbilenak Fiodor Vasilievitx eta Piotr Ivanovitx ziren.

        Piotr Ivanovitxek kide izan zuen Zuzenbide Eskolan eta zordun sentitzen zen Ivan Ilitxekiko.

        Bazkaltzen ari zirela emazteari Ivan Ilitxen heriotzaren berri eman eta gogoetak egin zituen koinatua bere administrazio-eskualdetik beste tokiren batera aldatzeko zegoen ahalbideaz. Piotr Ivanovitx, atsedena hartzeko etzan gabe, jantzi fraka eta Ivan Ilitxenera joan zen. Ivan Ilitxen etxearen ate nagusian karroza bat eta bi zalgurdi zeuden. Behean, ezkaratzean, arropa-gakotik hurbil, hormaren kontra zerraldoaren estalkia zegoen, zetazko oihal distirantepean, luxuzko mendelez apaindua. Lutuz jantziriko bi andrek larruzko berokia erantzi zuten. Bata Ivan Ilitxen arreba zen, ezaguna, eta bestea andre ezezagun bat. Schwartz, Piotr Ivanovitxen adiskide bat jaitsi zen eskaileratan behera, eta azken mailan etorri berriaz ohartzean gelditu eta keinu bat egin zion, esanez bezala: «Inozokeria bat egin du Ivan Ilitxek; guk biok ez bezala.»

        Schwartzen aurpegia patilla luzeekin eta bere irudi mehe osoa frakez jantzia, beti bezala, handiostasunaren jabe zen, eta Schwartzen izaera jostariarekin erabat kontraesanean zegoen handiostasun horrek oraingoan grazia aparteko bat zeukan. Hala pentsatzen zuen Piotr Ivanovitxek.

        Piotr Ivanovitxek aurrera pasatzen utzi zien andreei eta haien atzetik astiro igo zen eskaileretan gora. Schwartz ez zen mugitu, eta goian geratu zen. Piotr Ivanovitxek ulertu zuen zergatikoa: bistan zegoen orduan bertan bintera non joka zezaketen hitz egin nahi ziola. Andreak alargunaren gelarako eskailerara pasa ziren; eta Schwartzek, bere ezpain handi tolestu eta begirada serioarekin, bekainen mugimenduaz eskuinerantz seinalatu zion Piotr Ivanovitxi, hildakoaren gelarantz.

        Piotr Ivanovitx sartu egin zen, beti gertatzen denez, egin behar zuenaz ezbaiti. Gauza bakarra zekien, kasu hauetan beti ongi etortzen zela aitaren egitea. Ez zegoen ziur aitarenekin batera gurketak ere egin behar ote ziren eta horregatik erdibideari heldu zion: gelara sartu eta aitaren egiteari eta pixkatxo bat makurtzeari ekin zion. Eskua eta buruaren mugimenduek uzten zioten neurrian, aldi berean gela miatu zuen. Bi mutil gazte ari ziren gelatik irteten une hartan: bata ikasle bat, itxuraz, hildakoaren iloba zena. Atso zahar bat zirkînik egin gabe zegoen. Eta bekainak estrainioki kurbatuak zituen andre bat ahapeka hitz egiten ari zitzaion. Sakristaua, lebitaz jantzia, indartsu, erabakior, ozenki eta adierazkortasunez irakurtzen ari zen, kontraesan guztiak baztertuz; Gerasim morroia pauso arinez Piotr Ivanovitxen ondotik pasatu zen, lurrera zerbait eralkiz. Hau ikustean, Piotr Ivanovitxek berehala sentitu zuen desegiten ari den gorpuaren usain lausoa. Ivan Ilitxi egindako bere azken bisitan despatxuan ikusia zeukan morroi hau; erizain-eginbeharrak betetzen ari zen, eta Ivan Ilitxek maitasun aparta zion. Piotr Ivanovitxek aitarenka eta gurka jarraitzen zuen zerraldoa, sakristaua eta txokoko mahai gainean zeuden imajinen alderako erdi-norabidean. Gero, eskuaz egindako mugimenduari luze samarra zela iritzirik, gelditu eta hildakoa miatzen hasi zen.

        Hildakoa etzanda zegoen, hildakoak beti ohi direnez, oso astun, loadarrak hildako-erara zerraldoaren ohatzean hondoraturik zeuden eta betirako burua kurbaturik zeukan burko gainean, eta argizarizko bekoki horia nabarmentzen zitzaion, hildako guztiei nabarmentzen zaienez baldoki hondoratuen artean soiluneekin eta sudurra goiko ezpainaren gainetik gailentzen zitzaiolarik. Oso aldaturik zegoen, argaldurik zegoen Piotr Ivanovitxek azkeneko aldiz bisita egin zionetik, baina aurpegia, hildako guztiena bezala, ederragoa, eta batez ere, bizitzan izan zena baino esanguratsuagoa. Aurpegiak egin beharrekoa egina zegoela adierazten zuen, eta zuzen egina. Gainera, adierazpen horrek zerbait egozten edo gogorarazten zien biziei. Gogorapen hori lekuz kanpo zegoela iruditu zitzaion Piotr Ivanovitxi, edo gutxienez ez zuela berekin zerikusirik. Zerbait higuingarria gertatu zitzaion, eta Piotr Ivanovitx bizkor aitaren egin zuelako, eta bere iritzian bizkorregi, kunplimenduzko arauetarako desegoki bira eman eta atera joan zen. Schwartz itxaroten zeukan alboko gelan, zangoak zabal hedaturik eta bi eskuez bizkarraren atzealdean kapelarekin jolasean. Schwartz dotore, txukun eta jostariari egindako begiratu batek adoretu egin zuen Piotr Ivanovitx. Piotr Ivanovitxek ulertu zuen bera, Schwartz haren gainetik zegoela eta ez zela inpresio abailgarrien menpean erortzen. Haren itxurak esaten zuen Ivan Ilitxen hileten gorabeherak ez zuela inola ere arrazoirik aski izan behar bileraren ordena deuseztatzeko; hau da, inork ezin ziela eragotzi arrats honetan karta-sorta berri bat irekitzea, lekaioak lau kandela ezartzen zituen bitartean; oro har, ez zegoela arrazoirik uste izateko gorabehera hark traba egin behar zienik arrats hura atsegin igarotzen. Eta hitz hauek xuxurlatu ere egin zizkion Piotr Ivanovitxi, arrats hartan Fiodor Vasilievitxen etxean jokatuko zen partidara elkartzea proposatuz. Baina, agi zenez, Piotr Ivanovitxek ez zuen arrats hartan bintean jokatzeko astrurik. Praskovia Fiodorovna, emakume gizen, moztaka, alderantzizkoa lortzeko egin zituen ahalegin guztiak gorabehera, sorbaldez behera zabaltzen jarraitzen zuena, dena beltzez jantzia, burua beloz estalia eta zerraldoaren aurrealdean zegoen andreak bezain bekain harrotuak zituena, gelatik beste andre batzuekin irten zen eta hildakoaren gelako ateraino lagundurik esan zuen:

        — Oraintxe bertan izango da hileta; sar zaitezte.

        Schwartz, zehazkabe makurtu zen, eta proposamena ez onartzen, ez ukatzen ez zuelarik, nabarmen geratu zen. Praskovia Fiodorovnak Piotr Ivanovitx ezagutu zuenean, hasperen egin zuen, eta supituki hurbilduz, heldu eskutik eta esan zion:

        — Badakit Ivan Ilitxen egiazko adiskide zinela —eta begiratu egin zion, hitz hauei zegokien egintzaren zain.

        Piotr Ivanovitxek bazekien lehen aitaren egin behar bazen, orain eskua estutu, hasperen egin eta: «Sinetsidazu!» esan behar zela. Eta honelaxe egin zuen. Eta hau eginik sentitu zuen nahi zuen emaitza lortua zuela, hunkitu egin zela eta alarguna ere bai.

        — Zatoz nirekin, hileta hasi baino lehen zurekin hitz egin behar dut —esan zuen alargunak—. Emadazu besoa.

        Piotr Ivanovitxek besoa eskaini zion eta barne-geletara zuzendu ziren, Schwartzen aurretik igaroz, honek tristeki begia keinatu ziolarik:

        — Kito gure binta! Zu ez bazatoz, beste kide bat hartuko dugu. Bostok jokatuko dugu, libratzen zarenean —esan zuen haren begirada jostariak.

        Piotr Ivanovitxek artean sakonago eta tristeago hasperen egin zuen eta Praskovia Fiodorovnak esker onez estutu zion eskua. Kretona arrosaz tapizaturiko eta kriseilu goibelekiko aretoan sartzean, mahaiaren ondoan eseri ziren: alarguna dibanean, eta Piotr Ivanovitx malgukiak barreiatu zitzaizkion eta gorputzaren pisupean zanpatu zen puf apal batean. Praskovia Fiodorovnak abisatu egin nahi izan zion, beste aulki batean eser zedin, baina abisua bere egoerari ez zegokiola konturatu eta iritziz aldatu zen. Puf horren gainean eserita zegoela, Piotr Ivanovitxek gogora ekarri zuen nola Ivan Ilitxek apaindu zuen areto hura eta beragandik aholku hartu zuela orri berdeekiko kretona arrosa hura zela-eta. Dibanean esertzera zihoala mahaiaren aurretik igarotzean (aretoa trastez eta altzariz beterik zegoen), alargunari mantila beltzaren puntila beltza katigatu zitzaion mahaiaren grabatuan. Piotr Ivanovitx zutitu egin zen soltatzeko, eta harengandik libraturik, pufa asaldatzen eta bigunki gorantz bultzaka hasi zen. Alarguna bere eskuez puntila soltatzen ahalegindu zen, eta Piotr Ivanovitx berriro eseri zen azpian erreboltatzen zitzaion pufa zanpatuz. Baina alargunak ez zuen erabat soltatu eta Piotr Ivanovitx berriro altxatu zen, eta pufak berriro asaldatu eta kirrinka ere egin zuen. Guzti hau amaitu zenean, alargunak batistazko mukizapi garbia atera eta negarrari eman zion. Puntilaren eta pufarekiko borrokaren gertaerak lasaitua zuen Piotr Ivanovitx, eta eserita zegoen bekokia zimurturik. Egoera gogaikarri hau Solokov, Ivan Ilitxen zerbitzariak hautsi zuen aditzera eman zuenean Praskovia Fiodorovnak kanposantuan hautatutako lekuak berrehun errublo kostako zela. Utzi negar egiteari eta, Piotr Ivanovitxi biktima-aurpegiaz begiratuz, asko nozitzen zuela esan zion frantsesez. Piotr Ivanovitxek seinale mutu bat egin zuen, zeinak adierazten bait zuen ziurtasun zalantzagabea zuela bestela ezin izan zitekeelakoaz.

        — Erre ezazu, mesedez —esan zuen Praskovia Fiodorovnak bihotz-zabaltasunezko doinuarekin baina aldi berean jausiaz eta Solokovekin lekuaren prezioaren auzia eztabaidatzen hasi zen. Piotr Ivanovitx, zigarroa piztu eta entzuten ari zen alargunak lurraren prezio ezberdinak xeheki nola galdetzen zituen eta zein hartu nola erabaki zuen. Honen ondoren, lekuarena amaitzean, kantariei buruzko aginduak eman zituen. Sokolovek alde egin zuen.

        — Dena neuk egiten dut —esan zion Piotr Ivanovitxi, mahai gainean zeuden albumak alde batera baztertuz, eta errautsak mahaiari mehatxu egiten ziola ohartzean, errautsontzia luzatzen ahalegindu eta jarraitu zitzaion esaten:

        — Azaluskeria deritzot nahigabearengatik ezin naitekeela arazo praktikoez arduratu esateari. Ni, alderantziz, kontsolatzen ez banau ere... barreiatu egiten nau, haren gauzez arduratzeak.

        Atera zuen berriro mukizapia, negarrari emango balio bezala, eta bat-batean, bere burua menperatuz bezala, inarrosi eta poliki hitz egiten hasi zen:

        — Halere gauza bat esan beharrean naukazu.

        Piotr Ivanovitx makurtu egin zen, pufeko malgukiei banatzen utzi gabe, zeinak berehalaxe hasi bait zitzaizkion mugitzen azpian.

        — Azkeneko egunetan izugarri nozitu du.

        — Asko sufritu al du? —galdetu zuen Piotr Ivanovitxek.

        — Ai, izugarri! Azkeneko minutuetan, orduetan ez dio garrasi egiteari utzi. Azkeneko hiru egun eta gauetan garrasi batean egon da. Ezin jasanezkoa izan da. Ez dakit nola jasan ahal izan duen hau; hiru atetan zehar entzuten zitzaion. Ene, zenbat sufritu duen!

        — Baina ez zen bere senean egongo? —galdetu zuen Piotr Ivanovitxek.

        — Bai —xuxurlatu zion alargunak —azkeneko minutura arte—. Hil baino ordu laurden bat lehenago gugandik despeditu eta Volodia eramateko eskatu du.

        Gizon baten sufrikarioen pentsamenduak, zeina hain hurbiletik ezagutu baitzuen, mutiko, eskolari alaia zenetik hasita, gero lankide nagusi bezala, bere eta emakumearen azaluskeriaren kontzientzia higuingarria gorabehera, bat-batean izutu egin zuen Piotr Ivanovitx. Ikusi zuen berriro bekoki hura, ezpaina zapaltzen zuen sudur hura, eta gaizki sentitzen hasi zen.

        «Hiru egun oinaze izugarritan eta heriotza. Eta hara, hori edozein unetan gerta dakidake niri ere» pentsatu zuen eta une batez oso gaizki sentitu zen. Baina berehala, berak ere nola ez zekiela, hori Ivan Ilitxi eta ez berari gertatu zitzaiolako pentsamendu ohizkoa etorri zitzaion laguntzera, eta berari ezin zitzaiola eta ezingo zitzaiola gertatu halakorik; hala pentsatuz aldartea hondatuko zitzaiola, egin behar ez den gauza, Schwartzen aurpegiari begiratuz argi eta garbi zegoenez. Eta gogoeta hau egin ondoren, Piotr Ivanovitx baretu eta arreta handiarekin galderak egiten hasi zen Ivan Ilitxen amaieraz, heriotza abentura bat balitz bezala, Ivan Ilitxi bai baina berari inola ere ez zegokiona.

        Zenbait hizketa egin ondoren Ivan Ilitxek nozitutako min fisiko benetan izugarrien xehetasunez (Piotr Ivanovitxek xehetasun horiek Ivan Ilitxen oinazeek Praskovia Fiodorovnaren nerbioetan izan zuten erasanetik ezagutu zituen), alargunak, agi zenez, beharrezko zela arazora joatea erabaki zuen.

        — Ai, Piotr Ivanovitx, hau harria, hau harri ikaragarria, hau harri ikaragarria —eta berriro negarrari eman zion.

        Piotr Ivanovitxek hasperen egin eta itxaron egin zuen alargunak zintz egin arte. Zin egin zuenean, alargunak esan zuen:

        — Sinetsidazu... —eta berriro hizketari heldu eta adierazi zuen zer zen, agi zenez, berarekiko arazo garrantzizko hura; arazoa, senarraren heriotza zela-eta, galderak egitea zen Estatuaren Altxorretik dirua eskuratzeko. Piotr Ivanovitxi pentsioari buruzko aholkua eskatuko balio bezalako itxura egin zuen; baina honek ikusi zuen berak ez zekizkien xehetasun txikienetarainokoen berri ere bazekiela: heriotza hura zela-eta, Estatuaren Altxorretik atera zitekeen guztiarena; baina berak jakin nahi zuela ea ez ote zegoen diru gehiago ateratzeko modurik. Piotr Ivanovitxek moduren bat pentsatzeari ekin zion; baina apur bat pentsatu ondoren eta bere komenientziaz gure gobernuaren zikoizkeriarengatik marmar egin ondoren, esan zuen, seguru aski, ezingo zuela gehiago. Orduan alarguna, hasperen egin, eta bere bisitariaz libratzeko modua pentsatzen hasi zen, nonbait. Piotr Ivanovitxek ulertu zuen, itzali zigarroa, zutitu, estutu eskua eta aurregelara joan zen.

        Jantokian erloju bat zegoen, Ivan Ilitxek hain pozik zeukana, zaharki-denda batean erosia, eta bertan Piotr Ivanovitxek apaizarekin eta hiletara zetozen ezagun batzuekin topo egin zuen, eta neskatila eder pertxenta ezagun bat, Ivan Ilitxen alaba, ikusi zuen. Erabat lutuz jantzita zegoen. Gerria oso mehea zuen eta oraindik meheagoa zirudien. Aire goibel, erabakior eta ia sumindua zeukan. Agur egin zion Piotr Ivanovitxi, berau zerbaiten errudun balitz bezala. Alabaren atzean, aire goibel berarekin, Piotr Ivanovitxek ezaguna zuen mutil gazte aberats bat zegoen, epaile instruktorea eta neskaren senargaia omen zena. Piotr Ivanovitx tristeki agurtu eta hildakoaren gelan sartzera zihoan, eta une hartan eskailera-barrenean seme eskolariaren iruditxoa agertu zen: Ivan Ilitxen antz izugarria zuen. Ivan Ilitx bera txikitan bezalakoa zen, Piotr Ivanovitxek Zuzenbide Eskolan ezagutu zuena bezalakoa. Begiak negarretan zeuzkan, hamahiru-hamalau urteko mutiko dohakabeek edukitzen dituzten bezala. Mutikoak, Piotr Ivanovitx ikustean serio jarri, eta muzin lotsor bat egin zuen. Piotr Ivanovitx buruaz gur egin eta hildakoaren gelan sartu zen. Hasi zen hileta-zuziak, intsentsua, erostak, malkoak eta zotinak. Piotr Ivanovitx bekokia zimurturik zegoen, bere oinei begira. Ez zion behin ere hildakoari begiratu eta azkenera arte ez zen eragin aunagarriaren menpean erori eta lehendabizikoetakoa izan zen irteten. Ez zegoen inor aurregelan. Gerasim, jantoki-zerbitzaria, presaka irten zen hildakoaren gelatik, astindu zituen bere esku indartsuez larruzko beroki guztiak, Piotr Ivanovitxena aurkitzeko eta eskaini egin zion.

        — Zer, Gerasim anaia? —esan zion Piotr Ivanovitxek, zerbait esatearren—. Triste al hago?

        — Jainkoaren borondatea izan da —esan zuen Gerasimek, bere baserritar-hortz zuri, estuak erakutsiz eta lanean betean murgildutako gizonak bezala, atea bizkor ireki, deitu kotxezainari, lagundu esertzen Piotr Ivanovitxi eta atzera portxera itzuli zen artean egiteko zer zeukan gogoratzen ari balitz bezala.

        Piotr Ivanovitxi izugarri gustatu zitzaion aire garbia arnastea intsentsu, gorpu eta azido fenikoaren kiratsaren ondoren.

        — Nora zoaz? —galdetu zuen kotxezainak.

        — Ez da berandu. Fiodor Vasilievitxen etxetik igaroko naiz.

        Eta Piotr Ivanovitx bertara joan zen. Eta hain zuzen ere, lehen errobrearen amaieran harrapatu zituen, eta hala egoki jokatu ahal izan zuten bostek.

 

 

 

© Leon Tolstoi

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Leon Tolstoi / Ivan Ilitxen heriotza" orrialde nagusia