LEV NIKOLAIEVITX TOLSTOI

 

        Lev edo Leon Nikolaievitx Tolstoi Kondea, 1828an jaio zen Jasnaia Poliana izeneko errusiar herrixkan, Tulako probintzian. Aitonsemea zen eta lursail handien jabea gurasoen aldetik; oinordekotzan jaio zen etxaldea eta hirurehun serbu edo langile bereganatu zituen. Leinargia izaki, Lege-karrera ikasten hasi zen arren. Armadan sartu eta Krimeako gerratean esku hartzera iritsi zen.

        Bere lehen obrak autobiografikoak dira edota gerra-esperientzien berri ematen dutenak. Gerora armadatik aldendu eta Ingalaterra eta Alemanian zehar bidaiak egin ondoren Jasnaia Polianako bere sailetan kokatu zen ingurumarietako jende apalarentzat baliagarri izan zitekeen sistema pedagogiko bat sortzeko asmoarekin.

        1862an ezkondu eta bere sailetan patxadan «Gerra eta Bakea», Napoleonek Errusiara egindako espedizioko gertakariez mamituriko nobela luzea idazteari ekiten dio. Faszikuluka argia ikusi zuen nobela oparo honen ondotik «Ana Karenina» idatzi zuen, bere garaiko errusiar gizartearen azterketa eta erretraturik hoberena.

 

 

        Jendea zoriontasunera eraman nahiko bere idealismoan aurrera egin ahala, erlijio-krisia izatera iritsi zen eta dogmak alde batera utzirik, deismo lauso batean murgildu zen: naturaren sinpletasunera itzuli eta aberastasunak ez zirela kontutan hartzekoak predikatzeari ekin zion. Erlijio-kezka horren fruitu izan zen «Nire aitorkizuna» liburua. Ondoren kaleratu zituen obretan heldutasun ukaezina nabari da; horien artean «Kreutzerren sonata» eta «Berpizkundea» aipatu beharko genituzke. Bere indibidualismo filosofiko eta erlijiozkoak eliza ofizial errusiarrarekiko bihurritzera eraman zuen eta Sinodo Santuak eskomikatu egin zituen Tolstoiren obrak. Emaztearekin ere gatazka eta konponezin ugari izan zuen bere jokabide bitxi edo ulergaitzak zirela bide.

        1910ean, Tolstoik bere etxea utzi eta alde egin zuen trenbide bateko bakardadean era misteriotsuan hil zen arte.

 

 

        Tolstoik entziklopedia baten oparotasun eta aberastasuna ditu bere obretan. Horditurik sentitzen da errealitatearen ikuspenaren aurrean, baina idealismo estetikoaren defentsa egiten ahalegintzen da. Jainkoagan sinesten badu ere, bere irudi eta itxurara taiutzen du. Dostoievskirekin batera, Dickens, Stendhal, edo Balzac-en pareko narratzaile-bikotea eratzen du Errusian, XIX mendeko literaturan nobela urrezko gaindegietaraino jasoz.

 

 

        «Ivan Ilitxen Heriotza» estudio psikologiko bikain bat da. Funtzionario baten baitan gauzatzen den bizitza errutinazkoaren ikuspegia eskaintzen digu bertan karrera, ezkontza eta gurasotasunaren zuinek zertxobait arindua. Ivan Ilitx, protagonistak, bere bizitzaren azken aldean, heriozko gaitza batek sortutako samin eta oinazeekin «kontzientzia hartzen» du eta ordura arte inoiz ez bezalako argitasunez ikusten ditu bere burua eta ingurunea. Pixkanaka, bere izpiritualitateaz jabetzen da. Heriotza hurbildu ahala bizitzaz gero eta kontzientzia handiagoa hartzen du eta horrela gaztaroa eta helduaroa zentzugabekeria hutsal gisa agertzen zaizkio. Bizitza, amildegira doan harriaren gisara, gero eta abiadura handiagoz ikusten du. Bizitza metakor bihurtzen zaio eta heriotzaren atalasean argi-osin sakon eta distiratsu. Analisi psikologiko fina den hau, heriotzari buruzko intuizio sarkorrez oreturik dago.

 

 

Xabier Mendiguren

 

 

 

© Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Leon Tolstoi / Ivan Ilitxen heriotza" orrialde nagusia