GULLIVER KAPITAINAREN ESKUTITZA,
SYMPSON ADIXKIDEARI
Eskatzen zaizunean, publikoki aitortzeko prest egongo zarela uste dut, biziki eta sarri estutu ninduzulako lortu zenuela nire adostasuna neure bidaien kontakizun nahaspilatu eta akastuna argitaratzeko; eta unibertsitateren bateko zaldun gazteren batzuk kontratatzeko eskatu nizula beroriek ordenatu eta idazkera zuzentzeko, Dampier adixkideak nire aholkuz egin zuen bezalaxe Munduaren inguruko bidaia deitu liburuan. Baina ez dut gogoratzen baimenik eman nizunik ezer ken zezaten onartzeko eta are gutxiago ezer erantsia izateko; beraz, azken honi buruz, hementxe bertan uko egiten diot horrelako edozeri; batez ere, Ana Erregina zenduari —ospe santu eta aintzatsuko Maiestateari— buruzko paragrafo bati, nahiz eta giza espezieko beste inori baino begirune eta estima handiagoa nion. Baina zuk, edo zure tartekatzaileak, pentsatu beharko zenuketen ez zela nire joera eta beraz ez zela bidezkoa geure espezieko animaliarik goraipatzea nire houyhnhnm ugazabaren aurrean; eta gainera, gertaera hura gezurrezkoa zela; zeren eta, dakidanez —Maiestate haren erregealdiko zati batean Ingalaterran izan bainintzen— Lehen Ministro baten bidez gobernatu zuen; ez, bi izan zituen jarraian: lehena, Godolphineko Lord-a izan zen, eta Oxfordeko Lord-a bigarrena; beraz, ez zen gauza esan erazi didazue. Era berean, Proiektugileen Akademiako kontakizunean eta houyhnhnm ugazabari esandakoaren zenbait pasartetan garrantzizko xehetasun batzuk ere kendu dituzu, edo hainbesterainoxe nahastu edo aldatu dituzu ezen nekez jakin baitezaket neure lana denik. Honetaz aurreko eskutitz batean zerbait adierazi nizunean, norbaiti min egiteko beldur zinela erantzuteari ederretsi zenion; agintean zeudenek zorrotz zaintzen zutela prentsa eta prest zeudela ez bakarrik interpretatzeko, bai eta zirikada-itxurako guztia (horrela esaten zenuela uste dut) zigortzeko ere. Baina mesedez, orain dela hainbeste urte eta bost mila legoara baino urrutirago beste erresuma batean esandakoa, nola aplika dakioke orain, taldea gidatzen omen duten yahooetariko inori, batez ere, berauen menpe bizitzearen zoritxarraz gutxi pentsatzen eta beldurrik ez nuenean? Ez al dut arrazoi osoa kexatzeko yahoo hauek berauek houyhnhnmek garraiaturiko ibilgailuetan ikusten ditudanean, hauek animaliak eta haiek izaki adimendunak balira bezala? Eta egia esateko, hain ikuskizun nazkagarri eta higuingarriari ihes egitea izan zen hona erretiratzeko arrazoi nagusietariko bat.
Hauxe zen zeuri buruz eta zeuregan jarritako usteonaz esan nahi nizuna.
Ondoren, neure zentzugabezia handia deitoratu nahi dut zure eta beste batzuen erregu eta arrazoiketa faltsuen eraginez eta neure iritziaren kontra, onartu egin nuelako neure Bidaiak argitara zitezen. Gogora ezazu, mesedez, guztion ongia aipatzen zenuenean, nik zenbat aldiz erregutu nizun kontutan hartzeko yahooena, aginduz nahiz eredu onez, zeharo zentzakaitz den animali espeziea dela; eta hemen duzu froga: irlatxo honetan bederen, gehiegikeria eta ustelkeria guztiei betirako amaiera nola ematen zaien ikusi ordez, nik espero nuen bezala, ohartarazi nuela sei hilabete baino gehiago igaro direlarik, ez dut entzuten nire liburu honek neure asmoen araberako eragin txikienik izan duenik. Eskutitzez jakin erazteko erregutu nizun ea noiz desagertzen ziren alderdi eta taldekeriak; noiz epaileak jakintsu eta zuzenak bilakatzen; abokatuak zintzo eta apalak, zentzu-izpiren batekin; noiz zegoen Smithfield lege-liburu piloekin sutan; edo aitonen seme gazteen heziketa oso-osorik aldatua; medikuak erbesteratuak; yahoo emeak bertute, ohore, egia eta zentzuz jantziak; ministro handien omenaldi eta jaialdiak zeharo kendu eta garbituak; trebetasuna, meritua eta jakinduria sarituak; eta prentsa prosaz nahiz bertsoz iraintzen duten guztiak beren kotoia bakarrik jatera eta egarria beren tintaz asetzera kondenatuak. Zure laguntzaz, hauen eta beste mila eraberrikuntzaren itxaropen sendoa nuen; izan ere, argi eta garbi ondoriozta baitzitezkeen liburuan emandako aginduetatik. Eta yahooen nagusi diren bizio eta txorakeria guztiak zuzentzeko zazpi hilabete aski denbora dela aitortu behar da, beren izaeraz bertute edo zuhurtasunerako batere joerarik izateko gai balira. Halere, zeure eskutitzetan oso urruti zaude nire esperantzari erantzuteko, eta aitzitik, gure mezularia astero zamatzen duzu libeloz, klabez, kritikaz, oroit-idazkiz eta bigarren zatiz, zeinetan ikusten dudan estatista handiei kalte egiteaz akusatzen nautela, giza izaera endekatzeaz (oraindik usteona dutelarik horrela deitzeko) eta emakumezkoak iraintzeaz. Halaber, paper-sorta horien idazleak beren artean ez datozela bat ohartzen naiz, zeren eta, batzuek ez bainaute neure Bidaien autoretzat ere aitortzen, beste batzuek guztiz arrotz zaizkidan liburuen autore bihurtzen nauten bitartean.
Ohartu naiz, halaber, zure inprimatzaileak garaiak nahasten dituela axolagabeziaz eta oker jartzen dituela nire bidaia eta itzuleren datak, ez duelarik asmatzen ez benetako urtea, ezta benetako hila edo hileko eguna ere; eta entzun dut jatorrizko eskuizkribua suntsitua izan dela liburua argitaratuz geroztik. Eta nik ere ez dut haren kopiarik; halere, zuzenketa batzuk bidali dizkizut, inoiz bigarren argitalpenik egiten bada sar ditzakezunak; baina oraingoz ezin dut nik horien erantzukizuna hartu, baizik eta arazo hori nire irakurle zentzudun eta bihotz onekoen esku utziko dut, beraiek molda dezaten nahi bezala.
Entzun dut gure itsas yahooetarikoren batzuei akastuna iruditzen zaiela nire itsas hizkera, desegokia zati askotan eta erabiltzen ez dena gaur egun. Ezin dut horretan lagundu. Lehen bidaietan, gaztea nintzenean, marinel zaharragoek irakatsi zidaten eta haiek bezala hitz egiten ikasi nuen. Baina geroztik konturatu naizenez, itsas yahooek, lehorrekoek bezalaxe, modari jarraitzen diote beren hitzetan, eta hauek urtero aldatzen dira; eta hainbesteraino gainera, ezen gogoratzen dut bidaia bakoitzaren ostean neure sorterrira itzultzean, dialekto zaharra hain aldatua egoten zenez, nekez ulertu ahal izaten nuela berria. Eta konturatzen naiz, yahooren bat ikusminez Londrestik etortzen zaidanean bisita egitera etxera, ez hark eta ez nik ezin izaten ditugula geure ideiak adierazi bestearentzat ulergarri izateko moduan.
Yahooen kritikak inolako eraginik izango balu niregan, arrazoi osoa izango nuke kexatzeko horietako batzuek nire bidai liburua neure buruaren fikzio hutsa dela pentsatzeko bezain lotsagabeak direlako; eta houyhnhnmak eta yahooak Utopiako biztanleak baino egiazkoagoak ez direla adierazteraino ere iritsi dira.
Benetan aitortu beharra dut Liliput, Brobdingrag (horrela idatzi beharko bailitzateke hitz hau eta ez hutsegitez «Brobdingnag») eta Laputako biztanleei dagokienez, oraindik ez dudala inoiz aurkitu haien izatea edo beraietaz kontatzen ditudanak eztabaidatzeko bezain yahoo harroputzik, zeren eta, egiak berehala sinesbetetzen baitu irakurlea. Eta zergatik ez da sinesgarria houyhnhnm edo yahooei buruz kontatzen dudana, nabaria denean hiri honetan bertan ere azken hauetariko milaka asko dagoela Houyhnhnmlandiako neba-arreba adimengabekoekiko duten ezberdintasun bakarra kiskun-kaskun mintzatu eta biluzik ez ibiltzea denean? Zentzarazteko idatzi nuen, eta ez onespen emateko. Arraza osoaren ahobatezko gorespena gutxiago axola zait, tegian ditudan bi houyhnhnm endekatuen irrintzia baino, zeren eta, hauei esker, endekatuak egon arren, neure burua hobetzen baitut zenbait bertutetan, inolako bizio-nahasketarik gabe.
Neure egiatasuna defendatzeko bezain endekatua naizela uste ote dute animalia miserable hauek? Yahooa naizen arren, ongi dakite Houyhnhnmlandia osoan, nire ugazaba bikainaren irakaspen eta eredu onari esker bi urteren buruan (neke handiz izan zela aitorturik ere) lortu nuela gezurra esateko, itxurak eta iruzur egiteko, eta nahastarazteko ohitura madarikatua neuregandik kentzea, hain sakon sustraiturik dagoen ohitura nire espezieko guztien baitan, europarrenean batez ere.
Badut kexa gehiagorik ere arazo iraingarri honetaz, baina ez dut jarraituko neure burua edo zu zeu gogaitarazten. Argi eta garbi aitortu behar dut, azkenekoz itzuli nintzenetik, nire yahoo izaerako okerkeria batzuk indarberritu egin zaizkidala zeure espezieko zenbaitekin, eta batez ere neure familiako batzuekin halabeharrez, elkarrizketatzean; bestela, sekula ez nintzatekeen hasiko yahoo arraza erresuma honetan erreformatzeko proiektu zentzugabeaz; baina orain amaitu dut betirako egitasmo ameslari guzti horiekin.
1727ko apirilak 2
© Jonathan Swift
© itzulpenarena: Iņaki Mendiguren