10. KAPITULUA
Autorearen etxe-burubidea eta bizimodu zoriontsua houyhnhnmen artean. Haiekiko harremanen ondorioz, onbidean egindako hobekuntza handia. Elkarrizketak. Herrialde hartatik alde egin behar duela adierazten dio ugazabak autoreari. Zorabiatu egiten da saminez, baina etsipenez hartzen. Kanoa batasmatu eta morroi lagun baten laguntzaz egiten du, eta itsasoratu egiten galdu gordean.
Etxeko burubidetxoa ezin hobeki antolatua nuen. Hangoak bezalako bizitegi bat etxetik sei bat metrora presta ziezadatela agindu zuen ugazabak, haren hormak eta zorua buztinez estali nituelarik, neuk asmaturiko ihi-zerriez estalita. Kalamua jo erazi nuen, han berez etortzen dena, eta harekin lastaira moduko bat egin nuen; hau zenbait txoriren lumaz bete nuen, txoriak, yahoo-ilez egindako lakioz harrapatuak, janari aparta zirelarik. Bi aulki ere landu nituen ganibetaz, moxal beilegiak lagundu zidalarik eginkizunik zakarren eta neketsuenean. Jantziak higatuta zarpailtsu geratu zitzaizkidanean, beste batzuk egin nituen untxien eta tamaina bertsuko beste animalia eder baten larruz, azken hauek nnuhnoh deituak, biloxka finez estalia zutelarik larrua. Hauez galtzerdi aski dezenteak ere egin nituen. Arbola bati moztutako zuraz zolatu nituen oinetakoak eta gaineko larrura moldatu, hau ere higatu zenean, beronen ordez, eguzkitan lehortutako yahoo-larrua jarri nuelarik. Sarritan hartzen nuen eztia barne-hutsik zeuden zuhaitzetatik, uraz nahastu eta ogiarekin jaten nuelarik. Beste inork ezin zituen bi esaldi hauek gehiago egiaztatu, alegia, oso erraz asebetetzen dela natura, eta beharra dela asmakizunen sortzailea. Gorputzeko osasun eta barneko bake bete-beteak nituen; ez nuen lagunen traiziorik edo aldakorkeriarik jasaten, ezta ezkutuko edo agiriko etsaien kalterik ere. Ez nuen eroskeria, koipekeria edo luparkeriatan ibiltzeko aukerarik handikiren baten edo haren faboritoaren ederrik lortzearren. Ez nuen babesik behar iruzurkeria edo zapalkuntzaren aurka; han ez zegoen ez medikurik gorputza hondatzeko, ezta legegizonik aberastasunak xahutzeko; ezta salataririk nire hitz eta ekintzak zelatatzeko edo diruagatik nire kontrako akusazioak faltsuztatzeko; han ez zegoen murrikari, maiseatzaile, gaitzesale, litxarrero, bidelapur, etxelapur, letratu, lupeme, bufoi, jokozale, politikari, orojakile, ipurterre, gogaikarri, aurkagile, bortxatzaile, hiltzaile, atrakatzaile edo sasi-jakintsurik; ez zegoen alderdi edo taldeetako buruzagi eta jarraitzailerik; ezta biziora eragiten zuenik sedukzioz edo eredu txarrez; ez zegoen ziegarik, aizkorarik, urka-bilurrik, zigor-haberik edo urkaberik; ez zegoen dendari edo mekanikari zizakaririk; ezta harrokeria, handikeria edo arrandikeriarik; ezta finolari, matoi, mozkor, emagaldu ibiltari edo sifilisik; ezta emazte zaratatsu, lizun eta garestirik; ezta sasi-maisu inozo eta harroputzik; ezta lagun astun, menperatzaile, liskarti, zaratatsu, ahozabal, hutsal, harro eta biraolaririk; ezta beren bizioen merituz lohitik irtendako lotsagaberik, edo bere bertuteengatik bertan jausitako aitonen semerik; ezta jaun agurgarri, musikari, epaile edo dantza-maisurik ere.
Ugazaba bisitatzera edo berarekin bazkaltzera etorritako zenbait houyhnhnmekin egoten uzteko mesedea egin zidaten; halakoetan gelan egon eta haiek esaten zutena entzun nezan onartzen zuen jaun ohoragarri hark bihotz-zabalki. Sarritan niri galderak egin eta erantzunak hartzeari ere ongi irizten zioten berak eta berarekin zeudenek. Beste batzuei egiten zien bisitaldietan ugazabarekin joateko ohorea ere izan nuen batzuetan. Sekula ez nintzen hitz egitera ausartzen, galdetutakoari erantzuteko izan ezik, eta orduan ere barne-damuz egiten nuen, neure burua hobetzeko denbora alferrik galtzea baitzen; baina zeharo liluraturik egoten nintzen elkarrizketa haietan entzule apal izateko aukeraz, non gauza onuragarriak baizik ez baitziren esaten, ahalik eta hitzik gutxien eta esanguratsuenez; halakoetan (jadanik esan dudan bezala) egokitasunik handienaz jokatzen zen, inolako zeremoniarik gabe; eta inork ez zuen hitz egiten bere buruari eta gainerakoei atsegin eman gabe; eta ez zen etenik, asperdurarik, suhartasunik edo iritzi-ezberdintasunik egoten. Jendea bilduta dagoenean, isilaldi labur bat elkarrizketarako lagungarri izaten dela pentsatzen dute; hau egia zela ohartu nintzen; zeren eta, bitarte labur horietan, ideia berriak sortzen baitzitzaizkien buruan, elkarrizketari bizitasun handia ematen ziotelarik. Hizketagaiak gehienetan adiskidetasuna eta onginahia izaten dira, edo ordena eta ekonomia, batzuetan Naturaren ageriko lanak, edo antzinako ohiturak, bertutearen mugak, adimenaren arau ziurrak, edo hurrengo Batzar Nagusian hartu beharreko erabakiren batzuk eta poesigintzaren bikaintasun ezberdinak sarritan. Zilegi izan bekit harrokeriarik gabe eranstea neure presentziak ere sarri ematen ziela hizketagaia, aukera izaten baitzuen ugazabak neure eta nire sorterriaren historia lagunei azaltzeko, eta honetaz atsegin izaten zuten guztiek luze mintzatzea giza espeziearentzat oso mesedegarri ez zen moduan; eta horregatik ez dut hemen errepikatuko han esaten zutena. Bakarrik, zilegi bekit esatea jaun ohoragarri hark, niretzat gauza harrigarria, hobeto ezagutzen bide zuela yahooen izaera nik neuk baino. Gure bizio eta txorakeria guztiez jarduten zuen eta sekula aipatu ez nizkion asko ere aurkitu zituen, bere herrialdeko yahoo bat adimen pixka batez zer-nolako gaitasunak zertzeko gai izan zitekeen suposatuz bakarrik; eta aski egiantz handiaz ondorioztatzen zuen zein izaki donge eta mesprezagarria izan behar duen.
Garbi aitortzen dut ikasia dudan baliozko guztia ugazabarengandik eta beraren eta lagunen hizketaldiak entzunez hartutako irakaspenen ondorio dela; harroago sentituko nintzatekeelarik haiei entzuteaz Europako batzarrik handien eta jakintsuenari aginduak emateaz baino. Biztanle haien indarra, lerdentasuna eta bizkortasuna miresten nituen; eta halako bertute-pilaketak hain pertsonaia maitagarrien baitan begirunerik handiena sortarazten zuen niregan. Egia esateko, hasieran ez nuen sentitzen yahooek eta gainerako animaliek haiengana duten berezko begirune hori, baizik eta poliki-poliki zertu zen niregan, imajinatu baino askoz bizkorrago, eta begirunezko maitasun eta esker onarekin nahastua zegoen, ni espezieko gainerakoengandik bereiztea onetsi zutelako.
Neure etxekoez, lagunez, erkideez edo giza arrazaz oro har oroitzen nintzenean, ziren bezala ikusten nituen, hots, yahooak gorputzez eta izaeraz, pixka bat zibilizatuagoak agian eta mintzamenaren dohainaren jabe, baina herrialde hartako neba-arrebek Naturak emandako neurrian soilik zituzten bizioak areagotu eta ugaltzeko bakarrik erabiltzen zutelarik gutarrek adimena. Laku edo iturriren batean neure irudia ikusten nuenean islatua, neure buruaren izuz eta nazkaz itzultzen nuen aurpegia, eta jasangarriagoa zitzaidan yahoo arrunt bat ikustea neure burua baino. Houyhnhnmekin izandako harremanarengatik eta liluraz miresten nituelako, haien ibilera eta keinuak imitatzen hasi nintzen, orain ohitura bihurtu zaidalarik, eta lagunek sarri esaten didate argi eta garbi, zaldiak bezala ibiltzen naizela trostan; halere, konplimendu handitzat hartzen dut hau; eta ez dut ukatuko houyhnhnmen ahots eta hizkera neureganatzen ditudala mintzatzerakoan eta horregatik barre egiten didatela, ez zaidalarik batere mingarri gertatzen.
Zoriontasun guzti honen erdian, bizitza osorako ezarria nengoela uste nuenean, goiz batez, ohi baino pixka bat lehenago, beregana joateko agindu zidan ugazabak. Bere aurpegia ikustean pixka bat aztoratua zegoela ohartu nintzen, eta ez zekiela nola hasi hizketan. Isilaldi labur baten ostean, esan zidan ez zekiela nola hartuko nuen adierazi behar zidana; azken Batzar Nagusian, yahooen arazoa aztertu zenean, ordezkariek gaizki iritzi ziotela berak yahoo bat (nitaz ari zen) etxean edukitzeari houyhnhnm bezala eta ez animalia adimengabetzat. Jakina zela sarri hitz egiten zuela nirekin, nolabaiteko onura edo atsegina lortu ahal izango balu bezala niregandik; jokaera hura ez zetorrela bat Adimen edo Naturarekin, eta ez zela sekula halakorik entzun haien artean. Beraz, edo espezieko gainerakoak bezala erabiltzeko ni aholkatzen ziola Batzarrak, edo igerian sorterrira itzul nendin agindua emateko. Konponbide hauetako lehenari uko biribila eman ziotela inoiz ugazabaren edo beren etxean ikusia ninduten houyhnhnm guztiek; zeren eta, alegatzen omen zuten, adimen-aztarna batzuk banituenez, yahoo haien berezko gaiztakeriaz bat eginda, beldur izatekoa zela herrialdeko alde basotsu eta menditsuetara eramango ote nituen eta, gero, gauez houyhnhnmen ganadua suntsitzera ekarriko ote nituen taldeka, jangura handikoak baitziren berez eta lanerako gogogabeak.
Auzoteriako houyhnhnmek egunero Batzarraren aholkua jarraitzera behartzen zutela gaineratu zuen ugazabak, ezin zuelarik luzaroago atzeratu. Zalantza zuen ea joan ahal izango ote nintzen igerian beste herrialderen batera, eta beraz, nik deskribatua nion ibilgailuaren antzeko zerbait asma nezan nahi zuen, ni itsasoz eraman ahal izango ninduena, lan hartan bere eta auzokoen morroien laguntza izango nuelarik. Amaitzeko, bere aldetik bizitza osoan poz-pozik edukiko ninduela bere zerbitzura esan zidan, zenbait ohitura eta joera txarretatik sendatua nengoela konturatzen baitzen, neure izaera arruntagoaz ahal zen neurrian saiatzen nintzelarik houyhnhnmak imitatzen.
Azaldu beharra diot hemen irakurleari, Batzar Nagusiaren dekretua hnhloayn hitzaz adierazten dela herri hartan, aholkua esan nahi duelarik, eman nezakeen itzulpen zehatzenaz; zeren eta han ez baita ulertzen izaki adimendun bati aginduak ematerik, baizik eta gomendio edo aholkuak bakarrik, ezin baitio inork adimenari desobeditu izaki arrazional izateko asmoari uko egin gabe.
Ugazabaren hitzak entzun ondoren, atsekabe eta etsipenik handienak hartu ninduen, eta samin hura jasateko gauza ez nintzenez, haren oinetara jausi nintzen zorabiatuta; senera etorri nintzenean, hilda nengoela uste izan zuela esan zidan (jende hark ez baitut honelako gogo-ahuleziarik jasaten). Heriotza zorion handiegia izango zatekeela erantzun nion ahots ahulez; Batzarraren aholkuari edo lagunen presari errurik egotzi ezin nien arren, halere, neure zentzu ahul eta galduaz pentsatzen nuela adimenaren araberakoagoa izango zatekeela hain zorrotz ez jokatzea. Ezin nuela legoa bat ere igerian egin, eta haiengandik hurbilen izango zen lurraldea ehun baino gehiagora egongo zela ziur aski; ni handik atera nintzakeen itsasontzi txiki bat egiteko beharrezko material asko zeharo falta zela herri hartan, baina halere, jaun ohoragarri harenganako obedientzia eta esker onez, saiatuko nintzela egiten, nahiz eta pentsatzen nuen ezinezkoa zela hura eta, beraz, jadanik galdua ikusten nuela neure burua. Heriotza ez-natural baten etorkizun ziurra zela nire gaitzik txikienetakoa; zeren eta, abentura bitxiren batetik bizirik aterako nintzela jota ere, ea nola pentsa nezakeen asaldatu gabe nire egunak yahoo artean ematea, neure lehengo galdukerietan berreroriz eta bertutearen bidetik eraman eta gida nintzakeen eredurik gabe. Ongiegi nekiela zein arrazoi sendotan zeuden oinarrituta houyhnhnm zuhurren erabaki guztiak, nire, yahoo mesprezagarri honen, argudioz aldaezinak; eta beraz, nire esker on apala eman ondoren ontzia egiten laguntzeko bere zerbitzariak eskaini zizkidalako, eta zentzuzko epe bat erregutu niolarik lan zail hartarako, saiatuko nintzela agindu nion zoritxarreko neure izaki hura zaintzen; eta inoiz Ingalaterrara itzultzen banintzen, ez zela izango neure espeziekoentzat onuragarri izateko itxaropenik gabe, houyhnhnm entzutetsuen gorespenak ospatu eta beraien bertuteak giza espezieak imita zitzan proposatuko nituelarik.
Labur, maitagarriro erantzun zidan ugazabak, bi hilabeteko epea emanez ontzia amaitzeko; eta moxal beilegiari, nire morroi-lagunari (horrela deitzera ausartzen bainaiz distantzia honetara) nire argibideei jarraitzeko agindu zion, haren laguntza nahikoa izango nuela esan bainion ugazabari, bai bainekien maite ninduela ere.
Ontzilari matxinatuek ni lehorreratzeko agindua eman zuteneko kostalde hartara, berarekin batera joatea izan zen lehen eginkizuna. Gain batera igo eta itsasorantz alde guztietara begiratuz, ipar-ekialderantz irla txiki bat ikusten nuela iruditu zitzaidan; poltsikoko kataloxa atera eta orduan garbi ikusi ahal izan nuen bosten bat legoara, kalkulatu nuenez; baina hodei urdin bat besterik ez zela iruditu zitzaion moxal beilegiari, zeren eta, bere herriaz gain besteren ideiarik ez zuenez, urrutiko gauzak bereizten ezin izan horretan hainbeste jardun dugunok bezain iaioa.
Irla hura aurkitu ondoren, ez nuen gehiago pentsatu, erabaki baizik, ahal izanez gero, hura izango zela nire deserriko lehen tokia, ondorioak Zoriaren esku utzita.
Etxera itzuli eta moxal beilegiarekin hitz egin ondoren, basotxo batera joan ginen, eta han, nik ganibetaz eta hark antze handiz beren erara zurezko girten bati lotutako sukarri zorrotzez zenbait haritz-haga moztu genuen, ibiltzeko makila baten lodierakoak ia, eta beste batzuk handiagoak. Baina ez dut irakurlea nekaraziko neure tekniken azalpen zehatzekin; aski bedi esatea sei asteren buruan, moxal beilegiaren laguntzaz, berak egin zuelarik lanik handienekoa, kanoa indiar baten modukoa —baina askoz handiagoa— egin nuela, yahoo-larruz estalia, larruak ongi elkarjosita zeudelarik neuk egindako kalamu-hariz. Bela ere animalia beraren larruz osatua zen, baina lortu ahal bezain gazteenena erabili nuen, zaharrenena sendo eta lodiegia baitzen, eta lau arraun ere eskuratu nituen. Untxi eta hegazti-haragi egosiaz hornitu nintzen eta bi ontzi ere hartu nituen, bata esnez betea eta bestea uraz.
Ugazabaren etxe ondoko istilean frogatu nuen kanoa, eta akatsak zuzendu nizkion; yahoo-bilgorrez estali nizkion zirriztu guztiak, ongi itxita zegoela eta neure eta nire gauzen zama jasan zezakeela ikusi nuen arte. Eta nik ahal beste burutua egon zenean, yahooek tira egindako gurdiz poliki-poliki itsasertzera eraman nuen, moxal beilegiaren eta beste morroi baten zuzendaritzapean. Dena prest egon zenean, eta irteteko eguna iritsi zitzaidanean, agur esan nien ugazabari, andereari eta etxeko guztiei, begiak malkoz gainezka eta bihotza saminez eroria nituela. Baina jaun ohoragarri hark, ikusminez, eta agian (harrokeriarik gabe esan badezaket) maitakortasunez neurri batean, kanoan ikusi nahi ninduen eta auzoko zenbait lagun eraman zuen berekin. Ordu bete baino gehiago itxaron behar izan nuen mareagatik, eta gero, haizeak irlarantz oso ederki jotzen zuela ohartu nintzenez, hara bideratzeko asmoa nuelarik, bigarrenez esan nion agur ugazabari; baina haren apatxari muin egiteko makurtzera nindoanean, poliki-poliki nire ahorantz altxatzeko ohorea egin zidan. Badakit zenbat kritikatu nauten azken xehetasun hau aipatu izanagatik. Zeren eta, nire gaizki-esaleek atsegin baitute pentsatzea gertagaitza dela pertsona argitsu hura ni bezalako izaki kaskarrari halako begirunea adierazteraino beheratzea. Eta bidaiari batzuek, hartu dituzten mesede apartak harrokeriaz agertzeko duten zaletasuna ere ez dut ahaztu. Baina kritikatzaile hauek hobeto ezagutuko balute houyhnhnmen izaera bikain eta gizabidetsua, laster aldatuko lukete iritzia.
Agur esan nien jaun ohoragarri harekin batera zeuden gainerako houyhnhnmei ere; gero kanoara sartu eta urrundu egin nintzen itsasertzetik.
© Jonathan Swift
© itzulpenarena: Iņaki Mendiguren