9. KAPITULUA

 

Eztabaida handia houyhnhnmen Batzarrean, eta nola erabakitzen den. Houyhnhnmen kultura. Beraien eraikuntzak. Hiletak. Hizkuntzaren hutsarteak.

 

        Batzar handi hauetako bat neu han nengoen bitartean egin zen, handik irten baino hiru hilabete lehenago, gure eskualdeko ordezkari izan zelarik ugazaba. Kontseilu hartan beraien eztabaida zahar bati ekin zioten, herrialde hartan inoiz izandako eztabaida bakarrari, egia esateko; eta itzuli zenean, zehatz eman zidan ugazabak beraren berri.

        Ea yahooak lurraren gainetik garbitu behar zituzten ala ez zen eztabaidagaia. Alde zegoen batzarkide batek indar eta pisu handiko zenbait argudio eskaini zuen, yahooak, Naturak inoiz sortu dituen animaliarik zikin, kaltegarri eta desitxuratuenak ez ezik, bihurri eta hezkaitz, petral eta maltzurrenak ere bazirela alegatuz; houyhnhnmen behien errapetik edoskitzen zutela ezkutuan, katuak akabatu eta jaten, belarra eta oloa zapaltzen eta, ez bazituzten etengabe zaintzen, beste milaka gehiegikeria egiten zutela. Tradizio orokor bat aipatu zuen, alegia, yahooak ez zirela betidanik herrialde hartan egon, baizik eta, urte asko zirela, animalia haietako bi mendian azaldu omen ziren batera, inoiz jakin ez zelarik eguzkiaren beroak buztin eta lokatz usteletik sortu zituen, edo itsasoko lohi eta aparretatik. Yahoo haiek kumeak izan zituztela, eta denbora laburrean haien ondorengoak nazio osoa inbaditu eta hondatzeko beste ugaldu zirela. Gaitz hartatik libratzeko, houyhnhnmek harrapaketa orokorra egin zutela, azkenean talde osoa inguratu zutelarik; eta zaharrenak suntsituz, houyhnhnm bakoitzak bi gazte gorde zituela tegian, eta berez hain basatia den animalia batekin lor litekeen neurriraino hezi zituela, lorreta eta garraiorako erabiliz. Zirudienez, egia hutsa zela tradizio hau, eta izaki haiek ezin zirela ylnhniamshy (jatorriz bertakoak) izan, houyhnhnmek eta gainerako animalia guztiek zieten gorroto biziagatik; zeren eta, gorroto hau, aski merezia bazuten ere beren izaera maltzurrarengatik, sekula ez zela hain goren mailara iritsiko jatorriz bertakoak izan balira, edo aspaldi suntsituko zituztela bestela. Zentzugabea izan zela bertakoak, yahooen zerbitzuaz baliatzeko gogoa izan zutelarik, astoen hazkuntzaz ez arduratzea, animalia erakargarriak, erraz zaintzekoak, otzan eta mantsoagoak, inolako usain txarrik gabeak eta lanerako nahikoa indartsuak baitziren, nahiz eta besteak baino gutxiago izan gorputz-zalutasunez; eta astoen aharrantza ez izan arren soinu atsegina, yahooen ulu ikaragarriak baino askoz hobea zela.

        Beste zenbaitek ere antzerako iritziak azaldu zituen, eta nire ugazabak konponbide bat proposatu zion batzarrari, ideia neuregandik hartuta, egia esateko. Ontzat eman zuen aurrez hitz egindako batzarkide ohoragarriak aipaturiko tradizioa, eta beren artean lehenengoz ikusi omen zituzten bi yahoo haiek itsasoz iritsi zirela baieztatu zuen; lehorrera heltzean, eta lagunek abandonatu egin zituztelarik, mendietara jo zutela, eta poliki-poliki endekatuz joan zirenez, bi haien jatorrizko herrialdean geratutako kideak baino askoz basatiago bihurtu zirela denboraren poderioz. Baieztapen honen arrazoia berak orduan zeukan yahoo miragarri batengan omen zetzan (nitaz ari zen), gehienentzat entzunez ezaguna, eta askok ikusia ere bai. Lehenengo aldiz nola ikusi ninduen kontatu zien orduan, beste animalia batzuen larru eta ilezko osakin artifizialez guztiz estalia nuelarik gorputza; neure hizkuntza berezian mintzatzen nintzela eta oso ongi ikasi nuela beraiena; hara eraman ninduten gorabeherak azaldu nizkiola; estalkirik gabe ikusi ninduenean, yahoo hutsa nintzela oso-osorik, kolore zuriagoa, ile gutxiago eta atzazal motzagoak baldin banituen ere. Gaineratu zuen, nola konbentzitu nahi izan nuen, neure sorterrian eta beste batzuetan yahooak zirela animalia arrazional eta nagusiak, houyhnhnmak zirelarik zerbitzariak; niregan yahooen tasun guztiak nabaritzen zituela, adimen-izpiren batez pixka bat zibilizatuagoa izan arren, baina halere houyhnhnm arrazakoen azpitik nengoela honetan, beren herriko yahooak nire azpitik zeuden bezalaxe; beste gauza batzuen artean, houyhnhnmak, gazteak ziren bitartean, irentzeko genuen ohitura aipatu nuela, otzanago bihurtzeko egiten omen zelarik; ebaketa erraza eta arriskugabea zela; ez dela lotsagarria animaliengandik jakinduria ikastea, lan-zaletasuna inurriak irakasten baitu eta eraikuntza enarak (horrela itzultzen dut lyhannh hitza, nahiz eta askoz hegazti handiagoa izan). Asmakizun hau bertako yahoo gazteenekin erabil zitekeela, eta honela, atsegingarri eta lanerako egokiago bihurtzeaz gain, mende baten buruan espezie osoa desagertuko zela, inor akabatu gabe. Bitartean, asto-hazkuntzara dedikatzeko aholkatu behar litzaiekeela houyhnhnmei, alde guztietatik abere baliotsuagoak izateaz gain, bai baitute abantaila hau ere, hots, bost urterekin egokiak direla lanerako, eta besteak hamabira arte ez.

        Hau izan zen Kontseilu nagusian gertatutakoaz orduan ugazabak kontatu nahi izan zidan guztia. Baina neuri zegokidan xehetasun bat gordetzeari ederretsi zion, beraren zorigaiztoko eragina laster sentitu nuelarik irakurleak bere garaian jakingo duen bezala, eta haren ondoriozkoak dira nire bizitzako geroko ezbehar guztiak.

        Houyhnhnmek ez dute letrarik, eta beraz haien jakintza tradiziozkoa da. Baina hain ongi elkartua, bertute guztietara berez emana, guztiz adimenak zuzendua eta beste nazioekin traturik gabea den jendearen artean garrantzizko gertakari gutxi izaten denez, historikoa dena erraz gordetzen dute oroimenak larregi bete gabe. Aipatua dut jadanik ez daudela eritasunen menpe eta ez dutela, beraz, medikuen beharrik. Halere, belarrez egindako sendagai paregabeak dituzte halabeharrezko makadurak eta harri zorrotzez apatxeko trabatoki edo axurtunetan egindako ebakiak osatzeko, baita gorputzeko beste aldeetan egindako lesio eta minetarako ere.

        Eguzkiaren eta ilargiaren biraketaz kalkulatzen dute urtea, baina ez dute astetan azpizatitzen. Aski ongi ezagutzen dituzte bi argizagi horien mugimenduak, baita ulertzen ere eklipseen izaera; eta hau da haien astronomiaren aurrerapen handiena.

        Poesigintzan onartu beharra dago gainerako bizidun guztiak baino hobeak direla; haien konparazioen doitasuna eta xehetasuna, baita haien deskribapenen zehaztasuna ere benetan imitagaitzak dira. Ugari dira bi hauetakoak haien bertsoetan, eta edukiez, adiskidetasun eta onginahiari buruzko argibide bikainak edo lasterketa eta beste ariketa fisikoetan garaile gertatutakoen gorespenak izaten dira gehienetan. Beraien eraikinak, oso trauskil eta xumeak izan arren, ez dira desegokiak, baizik eta ongi pentsatuak hotz-beroaren eragozpen guztietatik babesteko. Badute zuhaitz-mota bat, berrogei urterekin sustraiak maskaldu eta lehen ekaitzaz jausten dena; zuzen-zuzen hazten dira, eta harri zorrotzez (houyhnhnmek ez baitute burdinaren erabilera ezagutzen) taketei bezala punta atera ondoren, zoruan sartzen dituzte tente hogeita bosten bat zentimetroko tarteaz eta gero, olo-lastoa edo batzuetan gereta artekatzen dute haietan. Era berean egiten dute sabaia, baita ateak ere.

        Houyhnhnmek, aurreko hanketako trabatoki eta apatxaren arteko hutsarteak erabiltzen dituzte guk eskuak bezala, eta nik hasieran imajina nezakeen baino trebetasun handiagoz gainera. Ikusia dut geure familiako behor zuri bat orratzean haria sartzen giltzadura horrekin (orratza neuk utzi niolarik horretarakoxe). Behiak eraitsi, oloa segatu eta eskuak eskatzen dituzten lan guztiak era berean egiten dituzte. Sukarri gogor bat bezalakoa ere badute, beste harri batzuen aurka zorroztu ondoren, tresnak egiten dituztelarik, taket, aizkora eta mailutzat erabiliz. Halaber, sukarri horiez egindako lanabesez ebakitzen dute belar ondua eta segatzen oloa, han berez etortzen delarik zenbait landatan. Azauak yahooek garraiatzen dituzte gurdietan etxera, eta estalpe batzuetan morroiek zapaltzen dituzte alea banatzeko, hau biltegietan gordetzen dutelarik. Buztinezko eta zurezko ontzi trauskil samar batzuk egiten dituzte, lehenengoak eguzkitan erretzen dituztelarik.

        Istripurik izaten ez badute, zaharrez bakarrik hiltzen dira eta aurki litezkeen lekurik ezkutuenetan lurperatzen dituzte, hildakoen alde egin beharraz lagunek eta ahaideek ez pozik eta ez atsekaberik ez dutelarik adierazten; eta hiltzen ari denak ere ez du auzokoren bat ikusi ondoren etxera itzultzera doanak baino nahigabe handiagorik azaltzen. Gogoan dut, behin, garrantzizko arazoren bat zela eta, lagun bat bere etxekoekin nire ugazabarenera etortzekotan geratu zela; eta etorri behar zuen egunean, oso berandu iritsi zelarik etxekoandrea bere bi umeekin, barkatzeko eskatu zuela bi arrazoirengatik: lehenengoa, berak esan zuen bezala, senarrari goiz hartantxe egokitu zitzaiolako lhnuwnh. Hitza oso adierazkorra da haien hizkuntzan baina ez itzultzeko erraza; bere lehen amarengana itzuli esan nahi du. Eta bera lehenago ez iritsi izanaren zergatia zera zen, goizean berandu hil zelarik senarra, luzez egon zela morroiekin hizketan gorpua uzteko leku egokiari buruz; eta gure artean gainerakoak bezain alai portatzen zela ohartu nintzen. Hiru hilabete geroago hil zen bera.

        Oro bar, hirurogeita hamar edo hirurogeita hamabost urtera arte bizi ohi dira, gutxitan laurogeira arte; hil baino aste batzuk lehenago poliki-poliki gainbeheran hasten dira, baina minik gabe. Aldi honetan lagunen bisita asko izaten dute, ezin baitira beraiek kanpora irten ohi bezalako erraztasun eta atseginez. Halere, hil baino hamarren bat egun lehenago, gutxi izaten direlarik hauek zenbatzen ez dituztenak, hurbileko auzotarrak ikustera joaten dira lehen egindako bisiten trukean, lera egokietan yahooek garraiatzen dituztelarik, ibilgailu honetaz baliatuz ez bakarrik kasu honetan, baita zahartzen direnean, bidaia luzeetan edo istripuren batez herrenka geratzean ere. Eta horrela, hiltzear dauden houyhnhnmek bisitak itzultzen dituztenean, handikiro agurtzen dituzte lagunak, herrialdeko eskualde urrutiren batera balihoaz bezala bizitzaren gainerakoa bertan pasatzeko asmoz.

        Ez dakit mereziko duen ohartaraztea, houyhnhnmek ez dutela beren hizkuntzan ezer txarrik adierazteko hitzik, yahooen itsuskeria edo kualitate txarretatik hartutako maileguak izan ezik. Honela bada, morroi baten zentzugabekeria, ume baten hutsegitea, hankan ebakia egiten dien harria, etengabeko eguraldi txar eta nahasia eta antzerako gauzak adierazteko bakoitzari yahoo epitetoa eransten diote. Esate baterako, hhnm yahoo, whnaholm yahoo, ynlhmnawihlma yahoo, eta gaizki-asmaturiko etxea, ynholmhnmrohlnw yahoo.

        Atsegin handiz luzatuko nintzateke herri bikain haren ohitura eta bertuteei buruz, baina laster beste liburu bat argitaratuko dudanez gai honetaz, jo beza hara irakurleak. Eta bitartean, neure ezbehar tristearen berri emango dut.

 

 

 

© Jonathan Swift

© itzulpenarena: Iņaki Mendiguren

 

 

"Jonathan Swift / Gulliver-en bidaiak" orrialde nagusia