3. KAPITULUA

 

Hizkuntza ikasteari ekiten diolarik autoreak, bere ugazaba houyhnhnmak irakasten dio eta laguntzen. Hizkuntzaren deskribapena. Ikusminez, zenbait houyhnhnm handiki etortzen dira auto rea bisitatzera. Honek bere bidaiaren berri ematen dio labur ugazabari.

 

        Nire kezka nagusia hizkuntza ikastea zen, nire ugazaba (horrela deituko dut aurrerantzean), bere seme-alabak eta etxeko zerbitzari guztiak gogoz zeudelarik irakasteko. Zeren eta, miragarria iruditzen baitzitzaien adimengabeko animalia batek izaki arrazionalaren halako zantzuak agertzea. Edozein gauza seinalatu eta haren izena galdetzen nuen, neure egunkarian idazten nuelarik bakarrik nengoenean, eta ebakera txarra ere zuzentzen nuen, sarritan ahoskatzeko erregutuz etxekoei. Eginkizun honetan, moxal beilegi bat, azpi-zerbitzarietako bat, oso prest egoten zen laguntzeko.

        Hitz egiterakoan, sudur eta eztarri bidez egiten dute, eta haien hizkuntza goi-holanderari edo alemanari hurbiltzen zaio gehien Europan ezagutzen ditudanetatik; baina askoz dotoreago eta adierazkorragoa da. Karlos V Enperadoreak ere ia oharpen bera egin zuen, bere zaldiari hitz egin behar balio goi-holanderaz egingo liokeela esan zuenean.

        Nire ugazabaren jakin-mina eta ezinegona hain handiak zirenez, astia zuenean ordu asko ematen zituen niri irakasten. Konbentziturik zegoen (gero esan zidanez) ni yahoo bat nintzela, baina harriturik zeukan nire ikasteko gaitasun, gizalege eta garbitasunak; kualitate hauek zeharo bateraezinak baitziren animalia haiekin. Baina batez ere nire jantziek txunditzen zuten gehien, gorputzaren parte ote ziren pentsatzen zuelarik bere baitan noizean behin; zeren eta, ez bainituen inoiz kentzen etxekoak lo egon arte, eta goizean haiek esnatu baino lehen janzten nituen. Nondik etorria nintzen eta ekintza guztietan agertzen nituen adimen-aztarna haiek nola lortu ote nituen jakiteko irrikaz zegoen ugazaba, baita nire istorioa neure ahotik entzuteko ere, hau laster gerta zitekeela uste zuelarik beraien hitz eta esaldiak ikasi eta esaten egiten nuen aurrerapen handiagatik. Oroimenari laguntzeko, ikasitako guztia ingeles alfabetora pasatu eta itzulpenarekin idazten nituen hitzak. Azkeneko hau, denboraldi baten ondoren, ugazabaren aurrean egitera ausartu nintzen. Dezente kostatu zitzaidan azaltzea zertan ari nintzen, jende hark ez baitu inolako ideiarik liburu edo literaturari buruz.

        Hamar asteren buruan gai izan nintzen haren galdera gehienak ulertzeko, eta hiru hilabeterako erantzun egoki samarrak ere ematen nizkion. Gogo handia zuen herrialdeko zein aldetakoa nintzen jakiteko, eta nola irakatsi ote zidaten izaki arrazionalak imitatzen, zeren eta, yahooak (agerian nituen buru, esku eta aurpegian guztiz haien antzeko nintzela ikusten zuen), maltzurkeri aztarna batzuk eta gaiztakeriarako joera bizia zutelarik, adimengabekoen arteko hezkaitzentzat hartzen baitzituzten. Neure espezieko beste askorekin urrutiko leku batetik itsasoz etorria nintzela erantzun nion, zuhaitz-enborrez egindako kaiku huts handi batean. Kosta hartan lehorreratzera behartu nindutela lagunek, eta gero neure kontura utzi. Zailtasun pixka batez eta keinu askoren laguntzaz, lortu nuen ulertaraztea. Oker egongo nintzela erantzun zidan, edo ez ziren gauzak esan nituela (beren hizkuntzan ez baitute gezurra edo faltsukeria adierazteko hitzik). Bazekiela ezinezkoa zena itsasoz harantzago beste herrialderik egotea baita adimengabekoen talde batek zurezko ontzi bat urgainean noranahi eramatea ere. Ziur zegoen ez zegoela munduan houyhnhnmik halako ontzirik egin zezakeenik edo yahooen esku uzten fidatuko zenik.

        Houyhnhnm hitzak zaldia esan nahi du haien hizkuntzan, eta etimologiaz, Naturako Perfekzioa. Adierazkortasuna falta zitzaidala esan nion ugazabari, baina ahal bezain azkar hobetuko nuela; eta denbora laburrean gauza harrigarriak kontatzeko gai izatea espero nuela; niri irakasteko aukera guztiez balia zitezela agindu zien pozik bere behor, potto eta pottokari eta etxeko zerbitzariei, eta egunero bizpahiru orduz bera ere arduratzen zen eginkizun honetaz; auzoko hainbat zaldi eta behor handiki etortzen zen sarri gure etxera, yahoo liluragarri bat, houyhnhnmak bezala mintza zitekeena eta bere hitz eta ekintzetan adimen-izpiren bat agertzen zuena omen zegoela zabaldu baitzen. Hauek pozik hitz egiten zuten nirekin; galdera asko egiten zidaten, eta ahal nuen bezalako erantzunak ematen nizkien. Abantaila guzti hauekin hain aurrerapen handia egin nuenez, iritsi nintzenetik bost hilabeterako esandako guztia ulertzen nuen, eta neuk ere nahikoa ongi hitz egiten.

        Ikusi eta nirekin hitz egiteko gogoz ugazaba bisitatzera etortzen ziren houyhnhnmek nekez sinesten zuten benetako yahooa nintzenik, nire gorputzak nire espezieko besteenak ez bezalako estaldura baitzuen. Buruan, aurpegian eta eskuetan izan ezik, ohiko ile edo larruazalik ez nuela ikustean, harriturik geratzen ziren; baina isilpeko arazo hau ugazabari azaldu nion aste pare bat lehenago gertatutako zerbaiten ondorioz.

        Esan diot jadanik irakurleari, gauero etxekoak oheratu ondoren, jantziak erantzi eta beraiez estali ohi nintzela; goiz batean goiz, bere gelazain zuen moxal beilegia bidali zuen ugazabak nire bila; iritsi zenean, lozorroan nengoen, jantziak alde batera jausita, eta nire atorra gerriz gora. Hark egin zuen zaratak iratzarri egin ninduen, eta pixka bat asaldatuta eman zidala mezua ohartu nintzen; gero, ugazabarengana joan eta, biziki izututa, ikusitakoaren berri nahasia eman zion. Honetaz berehala jabetu nintzen, zeren eta, jantzi bezain laster, Jauna agurtzera joan nintzelarik, morroiak kontatua zionaren esanahiaz galdetu zidan, alegia, lo nengoenean ez nuela beste momentu batzuetako itxura bera; bere gelazainak baieztatu zionez, nire zati bat zuria omen zen, beste bat horia, edo behintzat ez hain zuria, eta beste bat iluna.

        Ordura arte isilean gordea nuen jantziarena, neure burua ahal zen guztia bereizteko yahooen enda madarikatu hartatik; baina orduan konturatu nintzen alferrikakoa zela hala jarraitzea. Gainera, jantziak eta oinetakoak laster izango nituela higatuta pentsatzen nuen, menstuta baitzeuden jadanik, eta yahooen edo beste animaliaren batzuen larruz egindako asmakizunen batez ordezkatu beharko nituela; orduan, jakin egingo zen nire sekretu osoa; beraz, esan nion ugazabari, nire sorterrian nire espeziekoek beti estaltzen zituztela gorputzak trebetasunez landutako zenbait animaliaren larruz, bai lotsaz bai eguraldiaren gorabeheretatik, hotz nahiz berotik, babesteko; eta neuri zegokidanez, guzti honen froga berehala emango niola, horrela agintzeari ederresten bazion, baina Naturak ezkutatzen erakutsi digun parte haiek ez erakustea barkatzeko erregutzen niola bakarrik. Nik esandako guztia oso arraroa zela aitortu zidan, eta azken zatia, batez ere; ezin baitzuen ulertu zergatik erakutsi behar zigun Naturak berak emandakoa ezkutatzen; ez bera ezta etxekoak ere ez zirela gorputzeko ezein parteren lotsa, baina, edonola ere, nik, nahi nuena egin nezakeela. Ondoren, kasaka askatu eta erantzi egin nuen. Gauza bera egin nuen txalekoaz; oinetakoak, galtzerdiak eta prakak ere kendu egin nituen. Atorra gerriraino beheratu eta barrena jaso nuen, faja bezala erdialdean lotuz biluztasuna estaltzeko.

        Jakinguraz eta miresmenez ikusi zuen ugazabak ekitaldi osoa. Jantzi guztiak hartu bere trabatokian banan-banan eta arretaz aztertu zituen. Gero, gorputza ukitu zidan poliki-poliki eta inguru guztian begiratu hainbat aldiz, eta bete-betean yahoo bat nintzela garbi zegoela esan zuen azkenean; baina neure espezieko gainerakoekiko oso ezberdina nintzela larruazalaren biguntasun, zuritasun eta leuntasunagatik, ilerik ez nuelako gorputzaren zenbait aldetan, aurreko eta atzeko atzazalen itxura eta laburtasunagatik, eta beti atzeko bi hanken gainean ibiltzeko nuen arazeriagatik. Ez zuen gehiago ikusi nahi izan, eta berriro arropak janzteko baimena eman zidan, hotzak dar-dar bainengoen.

        Neure kezka adierazi nion hain sarri yahoo deitzen zidalako, animalia higuingarri harekiko izugarrizko gorroto eta mesprezua sentitzen nituelarik; ez zezala hitz hura niretzat erabili erregutu nion, eta agindu bera eman ziezaiela etxekoei eta ni ikustera etortzen uzten zien lagunei. Erregutu nion, halaber, gorputzean sasi-azala neramalako sekretua ez zezala beste inork jakin, berak ezik, orduko jantziek iraun bitartean behintzat; eta beraren gelazain zen moxal beilegiak ikusi zuenari buruz, jaun ohoragarri hark eman ziezaiokeela isilik gordetzeko agindua.

        Guzti hau gogo onez onartu zuen ugazabak, eta horrela eutsi zitzaion sekretuari jantziak higatzen hasi arte, hainbat asmakizunen bidez ordezkatu behar izan nituelarik, geroago aipatuko dudan bezala. Bitartean, arretarik handienaz haien hizkuntza ikasten jarraitzeko erregutu zidan, berarentzat harrigarriagoa baitzen hitz egiteko eta pentsatzeko nuen gaitasuna gorputzaren itxura eta estalia zegoen ala ez baino; eta agindu nizkion gauza miragarriak entzuteko irrika bizia zuela gaineratu zuen.

        Ordudanik areagotu egin zituen bere ahaleginak niri irakasten; lagunarte guztietara eramaten ninduen eta ni adeitasunez tratatzera bultzatzen zituen, zeren eta, isilean esaten zien bezala, umore onez jartzen baininduen horrek, eta dibertigarriago bihurtzen.

        Egunero harekin nengoenean, irakasten hartzen zuen lanaz gain, neure buruaz hainbat galdera egiten zidan, ahal bezain ongi erantzuten niolarik; eta horrela, lortuak zituen ideia orokor batzuk, nahiz eta ez oso zehatzak. Aspergarria litzateke aipatzea elkarrizketa joriagoetara iristeko emandako urrats ezberdinak, baina neure buruaz egin nion lehen kontaketa, ordena eta luzera pixka batekoa, honako hau izan zen:

        Oso urrutiko herrialde batetik iritsi nintzela, aurrez esaten saiatu nintzaion bezala, neure espezieko beste berrogeita hamarren batekin; itsasoetan ibili ginela, zurezko ontzi huts handi batean, jaun ohoragarri haren etxea baino handiagoa zelarik. Ahal bezain ongi deskribatu nion itsasontzia, eta sudur-zapia zabaldu eta haren laguntzaz, haizeak nola bultza egiten zion azaltzen ahalegindu nintzaion. Geure artean eztabaida izan ondoren, lehorreratu egin nindutela kostalde hartan, noraezean ibili nintzelarik, yahoo nardagarri haien jazarpenetik berak libratu ninduen arte. Nork egin zuen ontzia galdetu zidan, eta nola zitekeen nire herrialdeko houyhnhnmek adimengabeen esku uztea haren gidaritza. Gehiago kontatzera ez nintzela ausartzen erantzun nion, ez bazidan behintzat bere ohore-hitza ematen ez zela minduko baieztatuz, eta orduan esango nizkiola sarri agindutako harrigarriak. Konforme zegoen; eta aurrera jarraitu nuen esanez, neu bezalako izakiek egin zutela ontzia, nik bidaietan ezagututako herrialde guztietan, baita neurean ere, gobernuan zeuden animalia adimendun bakarrak zirelarik; eta hara iritsi ondoren, oso harritua geratu nintzela houyhnhnmak izaki arrazional bezala jokatzen ikusita, bera eta bere lagunak egongo ziratekeen bezala hark yahoo deitu nahi zuen izakiarengan adimen-zantzuak aurkituz gero; eta nik neuk ere yahoo horien antz handia nuela, baina berorien endekatze eta izaera basatiaz ez nuela erantzuten. Gaineratu nion, zorte onak inoiz itzularazten baninduen sorterrira eta han neure bidaien berri ematen banuen, ez zen gauza esaten nuela pentsatuko zutela guztiek, neure baitan asmaturiko istorioa zela; eta berarekiko, bere familia eta lagunekiko ahal zen begirune guztiaz —eta ez zela minduko hitz eman zidanez— esan behar niola nire erkideek nekez sinetsiko zutela houyhnhnma izatea nazio bateko izaki nagusia, eta yahooa abere adimengabea.

 

 

 

© Jonathan Swift

© itzulpenarena: Iņaki Mendiguren

 

 

"Jonathan Swift / Gulliver-en bidaiak" orrialde nagusia