2. KAPITULUA

 

Houyhnhnm batek bere etxera eramaten autorea. Etxearen deskribapena. Autoreari egiten zaion harrera. Houyhnhnmen elikadura. Autorea larri zer janik ez duelako, baina azkenean lortzen du laguntza. Bere elikatzeko modua herrialde hartan.

 

        Hiru bat milia ibili ondoren, nolabaiteko eraikin luze batera iritsi ginen, zoruan sartutako egurrez eta tartean lasto-estalkiak ipinita egina zelarik; sabaia baxu zegoen eta lastoz estalia. Pixka bat eroso sentitzen hasi nintzen orduan eta purtxileria batzuk atera nituen, Amerikako eta beste alde batzuetako indiar basatiei erregalatzeko bidaiariek eraman ohi dituzten horietakoak, hala etxeko jendeak maitagarriro hartuko ninduelakoan. Haren aurretik sar nendin keinu egin zidan zaldiak; gelaune handi bat zen, buztinezko zoru leunaz, askak zeudelarik alde bateko luzera guztian. Hiru moxal eta bi behor zeuden, ez jaten, baizik eta batzuk behintzat atzeko hanken gainean eserita, honek biziki harritu ninduelarik; baina are harrigarriagoa izan zen gainerakoak etxeko lanak egiten ikustea. Azken hauek ganadu arrunta ematen zuten; halere, nire lehen iritzia berretsi zuen honek, alegia, adimen gabeko animaliak hala zibiliza zitzakeen jendeak, munduko beste nazio guztiak baino jakinduria handiagokoa behar duela izan. Berehala sartu zen zuri-beltza, horrela eragotziz besteek egin ziezadaketen edozein kalte. Irrintzi egin zien zenbait aldiz aginte-itxuraz, eta besteek erantzun egin zioten.

        Gela haren ondoren beste hiru zeuden, etxearen luzera guztia hartuz, haietara igarotzeko hiru atetik pasatu behar zelarik, eta hauek, galeria batean bezala, bata bestearen aurrez aurre zeuden; bigarren gela igaro eta hirugarrenerantz joan ginen; hona zaldi zuri-beltza sartu zen lehenengo, itxaroteko keinu eginez. Bigarren gelan egon nintzen zain, eta erregaluak prestatu nituen etxeko jaun-andreentzat; bi ganibet, sasi-perlazko hiru eskumuturreko, ispilutxoa eta txirtxiludun lepokoa. Zaldiak hiruzpalau aldiz egin zuen irrintzi, eta giza ahotsezko erantzunen bat entzuteko zain egon nintzen, baina hizkuntza berean ezik ez nuen beste erantzunik entzun, eta bat edo bi bakarrik berarenak baino pixka bat zorrotzagoak. Etxe hura, haien artean oso garrantzitsua zen pertsonaren batena izango zela hasi nintzen pentsatzen, zeremonia handia egin behar baitzen onartua izan aurretik. Baina goi-mailako gizon bat zaldiek bakarrik zerbitzatzea, ulertu ezin nuen zerbait zen. Beldur nintzen neure zoritxar eta ezbeharrengatik burua nahastuta ote nuen. Astindu esnatzeko, eta gelan ingurura begiratu nuen, bertan bakarrik utzia nengoelarik; hau ere lehenengoa bezala zegoen altzaritua, baina dotoreago. Sarri igurzten nituen begiak, baina gauza berberak ikusten jarraitzen nuen. Ametsetan egon nintekeelakoan, neure besoetan eta hegaletan txatxamurka egin nuen, esnatzeko. Eta garbi erabaki nuen orduan, ikuskari guzti haiek ez zirela nekromantzia eta aztikeria baizik. Baina ez nuen gogoeta hauekin jarraitzeko astirik izan, zeren eta, zaldi zuri-beltza etorri baitzen atera, eta hirugarren gelara berari jarraitzeko keinu egin zidan, han behor eder bat ikusi nuelarik, potto eta pottokarekin batera kokoriko eserita lastozko zerrien gainean, artez eginak eta oso txukun eta garbi zeudenak.

        Ni sartu eta berehala, behorra altxatu egin zen bere zerriatik, eta hurbilduz, eskuak eta aurpegia arretaz aztertu ondoren, mesprezu handiko begiratua egin zidan; gero, zaldiarengana jiratuz, yahoo hitza entzun nien beren artean sarri errepikatzen; hitz haren esanahia ezin nuen orduan ulertu nahiz eta ahoskatzen ikasi nuen lehenengoa izan; baina laster informatu ninduten hobeto, nire amaigabeko atsekaberako; zeren eta zaldiak, bere buruaz keinu eginez eta bidean egin zuen bezalaxe hhuun, hhuun hitza errepikatuz —ni bere ondora joatea nahi zuela ulertzen nuelarik—, patio antzeko leku batera eraman baininduen, han beste eraikin bat zegoelarik, etxetik halako tarte batera. Hara sartu ginen, eta lehorreratu ondoren lehenengo aurkitu nituen izaki higuingarri haietako hiru ikusi nituen; sustraiak jaten ari ziren, eta beste animalia batzuen haragia, asto eta txakurrena zela ohartu nintzelarik gero, baita noizean behin istripuz edo gaitzez akabatutako behiren batena ere. Guztiak lepotik lotuta zeuden zume sendoz habe bati; aurreko atzaparren artean eusten zioten janariari, eta haginez zatikatzen.

        Animalia haietako handienari jaregin eta patiora eramateko agindu zion zaldi nagusiak moxal beilegi bati, bere morroietako bati. Piztia hura eta biok elkarren ondoan jarri gintuzten eta arretaz konparatu zituzten gure itxurak, bai nagusiak eta bai morroiak, gero zenbait aldiz yahoo hitza errepikatu zutelarik. Ez dago azaltzerik nire izua eta harridura animalia nardagarri hark giza itxura osoa zuela ohartu nintzenean; egia esateko, aurpegia laua eta zabala zuen, sudurra zanpatua, ezpainak lodiak eta ahoa handia. Baina ezberdintasun hauek nazio basati guztiek dituzte, begitartea desitxuratu egiten baitzaie, haurrei zoruan arrastaka ibiltzen uzten dietelako bertakoek, edo bizkarrean eramaten dituztelako aurpegia amaren sorbaldaren kontra zanpatuta dutela. Yahooaren aurreko hankek eta nire eskuek ez zuten beste ezberdintasunik haien atzazalak luzeago, ahurrak latz eta nabarrago eta gainak iletsuago izatea baino. Gure oinak ere antzerakoak ziren, ezberdintasun bertsuekin, nik ongi nekizkienak baina zaldiek ez, neure oinetako eta galtzerdiengatik; eta antzerakoak gorputzeko edozein zati, ile-kantitate eta kolorean izan ezik, jadanik azaldu dudan bezala.

        Dirudienez, bi zaldiak txunditzen zituen arazo nagusia nire gorputzaren gainerakoa eta yahooarena hain ezberdinak izatea zen, jantzia nengoelako gertatzen zelarik hau, baina ez ziren honetaz jabetzen; moxal beilegiak sustrai bat eskaini zidan bere apatx eta trabatokiaren artean hartuta (ohi zuten bezala, behar den lekuan adieraziko dudanez); neure eskuan hartu eta usain egin ondoren, itzuli egin nion ahal bezain gizalegetsu. Yahooaren tegitik astaki-zati bat ekarri zidan, baina hain usain higuingarria zuenez, atzera egin nuen nazkaz; orduan yahooari bota zion, hark irrikaz irentsi zuelarik. Gero eskukada bat belar ondu erakutsi zidan eta olo-mordoxka bat ere bai apatx gaineko ileetan; baina buruaz ezezkoa egin nion elikagai haiek ez zirela niretzat egokiak adierazteko. Eta benetan, goseak hil beharko nuela konturatu nintzen orduan, ez banuen behintzat neure espezieko norbait aurkitzen; zeren eta, garai hartan ni baino gizateriaren maitale handiagorik gutxi izango ziren arren, yahoo zikin haiei buruz aitortu behar dut inoiz ikusi gabea nintzela izaki sentikor higuingarriagorik zentzu guztietan; eta zenbat eta gehiago hurbildu haiengana, are higuingarriago egin zitzaizkidan, herrialde hartan egon nintzen bitartean. Ohartu zen honetaz ugazaba-zaldia nire jokaeragatik, eta bere tegira bidali zuen yahooa. Orduan, ahora eraman zuen bere aurreko apatxa —oso harritu ninduelarik, nahiz eta berak erraz egin eta guztiz arrunta ematen zuen mugimenduaz— eta beste keinu batzuk ere egin zituen zer jango ote nuen jakiteko; baina ezin izan nion eman hark ulertzeko moduko erantzunik; eta ulertu izan balit ere, ez zitzaidan bururatzen nola aurki nezakeen elikagairik neuretzat. Honetan ari ginela, pasatzen ari zen behi bat ikusi nuen eta, harengana keinu eginez, joan eta eraisten uzteko nahia adierazi nion. Honek izan zuen ondoriorik; zeren eta, berriro etxe barrura eraman baininduen, eta neskame-behor bati agindu zion gela bat zabaltzeko, non buztinezko eta zurezko ontzietan esne-pilo dezentea baitzegoen, oso txukun eta garbi gordeta. Kaiku handi bat bete eman zidan, oso gogotsu edan nuelarik, neure burua indarberrituz.

        Eguerdi aldera, etxerantz nolabaiteko ibilgailua zetorrela ohartu nintzen, lera balitz bezala lau yahook ekarria. Zaldi zahar bat zegoen han, goi-mailakoa zirudiena; lehenengo atzeko hankak botaz jaitsi zen, min hartua baitzen istripuz aurreko ezkerreko hankan. Gure zaldiarekin bazkaltzera etorri zen, honek oso adeitsu hartu zuelarik. Gelarik onenean jan zuten, eta bigarren jakia oloa esnetan egosia izan zen, zaldi zaharrak epelduta jan zuelarik, baina gainerakoek hotz. Askak biribilean zeuden gelaren erdian, behar bezala banatuta, haien inguruan esertzen zirelarik kokoriko lastozko zerria biribilen gainean. Erdian jakitegi handi bat zegoen, aska-banaketari zegokion angeluz. Beraz, zaldi eta behor bakoitzak bere belarra eta olo-esnea jaten zituen oso txukun eta modu onean. Potto eta pottokaren jokaerak oso egokia ematen zuen, eta etxeko ugazaba eta ugazamarenak alai eta atsegingarria gonbidatuarekiko. Zaldi zuri-beltzak bere ondoan zutik egoteko agindu zidan, eta lagunak eta biek asko hitz egin zuten nitaz, kanpotarrak sarri egiten zizkidan begiratuengatik ohartu nintzenez, baita yahoo hitza asko errepikatzen zutelako ere.

        Jantzita neramatzan eskularruak, eta ugazaba zuri-beltza konturatu zenean, txundituta geratu bide zen, harridura-keinuak egin baitzituen neure aurreko hankari egin nionagatik; hiruzpalau aldiz ukitu zituen apatxaz, lehengo itxurara itzularazteko adieraziz bezala, eta halaxe egin nuen, eskularruak kendu eta poltsikoan sartu nituelarik. Hau ere hizketagai izan zuten eta nire jokabideaz mahaikideak pozik zeudela ohartu nintzen, honen ondorio onak laster ikusi nituelarik. Ulertzen nituen hitz gutxi haiek esateko agindu zitzaidan, eta jaten ari ziren bitartean, olo, esne, su, ur eta beste gauza batzuen izenak irakatsi zizkidan ugazabak, nik berehala errepikatzen nituelarik haren ondoren, gaztetatik erraztasun handia izan baitut hizkuntzak ikasteko.

        Jatordua amaitu zenean, ugazaba-zaldiak aparte eraman eta, ezer ez nuelako jateko, bere kezka adierazi zidan keinuz eta hitzez. Oloari haien hizkuntzan hlunnh esaten zaio. Bizpahiru aldiz errepikatu nuen hitz hau; zeren eta, hasieran uko egin banion ere, gero, hobeto pentsatuta, ogi moduko zerbait egin ahal izango nuela bururatu baitzitzaidan, esnearekin batera aski izan zitekeelarik bizirik irauteko, beste herrialderen batera eta neure espezie bereko izakiengana ihes egin ahal izan arte. Zaldiak berehala agindu zion familiako neskame-behor zuri bati olo-kantitate dezentea ekartzeko zurezko azpil moduko batean. Ahal bezain ongi berotu suaren aurrean eta azala kendu arte lauskitu nuen, gero haizaratu eta alea garbi geratu zelarik; lurrean utzi eta bi harri artean eho nuen, gero ura nahasi eta ore edo opila eginez, sutan xigortu eta beroa jan nuen esnearekin. Oso dieta zozoa zen hasieran, nahiz eta arrunta izan Europako leku askotan, baina eramangarriago bihurtu zen denboraz; eta sarritan egon naizenez gaizki jatera behartua neure bizitzan, ez zen hura lehenengo aldia izan natura zein erraz asetzen den esperimentatzen nuena. Eta ohartarazi behar dut ordu bete ere ez nintzela gaixorik egon irla hartan egin nuen denboraldian. Egia esateko, batzuetan untxi edo txoriren bat harrapatzea lortzen nuen yahoo-ilez egindako lakioz, eta sarri biltzen nituen belar osasungarriak, egosita edo entsalada modura ogiarekin jaten nituenak, eta noizean behin, zerbait aparteko gisa, gurin pixka bat ere egiten nuen, eta gazura edan. Hasieran gatzaren behar handia sumatzen nuen, baina laster ohitu nintzen hau gabe egotera; eta ziur nago guk gatza sarri erabiltzea luxuaren eragina dela, eta hasieran, edanera bultzatzeko bakarrik sartu zela, bidaialdi luzeetan edo azoka handietatik urruti dauden lekuetan okela kontserbatzeko behar denean izan ezik. Zeren eta, ikusten baita ez dagoela beste animaliarik gatzaren zale denik, gizakia baizik; eta neuri dagokidanez, herrialde hartatik irten ondoren, denboraldi luzea behar izan nuen beronen gustua jasan ahal izateko edozein jakitan.

        Aski da hau nire dietaren gaiaz, nahiz eta beste bidaiari batzuek beren liburuak betetzen dituzten beronekin, guk ongi edo gaizki jateak irakurleak pertsonalki kezkatzen balitu bezala. Halere, aipatu beharrekoa zen arazo hau, jendeak pentsa ez zezan ezinezkoa izan zitzaidala hiru urtez mantenurik aurkitzea halako herrialdean eta halako biztanleen artean.

        Iluntze aldera, niretzat leku bat prestatzeko agindu zuen ugazaba-zaldiak; etxetik seiren bat metrora zegoen, eta yahooen ukuilutik bananduta. Lasto pixka bat eraman hara, eta neure jantziez estalita, berehala nintzen lozorroan. Baina laster ostatu hobea prestatu zidaten, irakurleak geroago jakingo duen bezala, neure bizimoduaz zehazkiago hitz egingo dudanean.

 

 

 

© Jonathan Swift

© itzulpenarena: Iņaki Mendiguren

 

 

"Jonathan Swift / Gulliver-en bidaiak" orrialde nagusia