10. KAPITULUA
Luggnaggiarren gorespena. Struldbrugg-en deskribapen zehatza, gai honi buruz autorearen eta goren mailako pertsona batzuen artean izandako elkarrizketa askorekin.
Luggnaggiarrak adeitsu eta eskuzabalak dira, eta Ekialdeko herrialde guztien bereizgarri den harrotasunetik zerbait baduten arren, halere gizalegetsu jokatzen dute atzerritarrekin, batez ere, Gorteak onetsitakoekin. Lagun asko egin nuen mailarik oneneko jende artean eta, betiere interpretariaren laguntzaz, izaten genituen elkarrizketak ez ziren desatseginak izaten.
Egun batez oso lagunarte onean geundela, pertsona berezi batek galdetu zidan ea ikusi al nuen beraien struldbrugg edo Hilezkorrik. Ezetz erantzun nion eta izaki hilkor bati deitura hura ematean zer esan nahi zuen azaltzeko erregutu nion. Esan zidan batzuetan, nahiz eta oso gutxitan, ume bat bekokian, ezkerreko bekainaren gain-gainean, orbain gorri biribil batekin jaiotzea gertatzen zela familiaren batean, sekula hilko ez zelakoaren adierazgarri hutsezina zelarik. Orbaina, azaldu zuenaren arabera, zilarrezko hiru penikekoaren tamainakoa zen gutxi gorabehera, baina denboran zehar handiagotu egiten zen, eta kolorez aldatzen; zeren eta, hamabi urterekin berde bihurtzen baitzen, eta horrela jarraitzen hogeita bostera arte, orduan urdin-urdin jartzen zelarik; berrogeita bostekin, ikatza bezain beltza eta shilling ingeles bat bezain handia egiten zen, baina gero ez omen zuen aldaketa gehiagorik izaten. Jaiotza hauek hain bakanak zirenez, bere ustez, erresuma osoan bi sexuetako mila eta ehun struldbrugg baino gehiago ez zirela izango esan zidan, horietako berrogeita hamar inguru hiriburuan zeudela kalkulatzen zuelarik, eta gainerakoen artean bazela hiru urte lehenago jaiotako neskatila bat. Jaiotza hauek ez zirela gertatzen familia jakin batean, baizik eta kasualitate hutsaren ondorio zirela, eta struldbruggen umeak ere hilkorrak izan ohi zirela gainerako jendea bezalaxe.
Garbi aitortzen dut izugarrizko atsegina jabetu zela nitaz hau dena entzutean; eta kontatu zidanak ulertzen zuenez balnibarbiera —nik oso ongi hitz egiten nuena— ezin izan nion mihiari eutsi eta agian pixka batxo bat xelebreak ziren adierazpenak atera zitzaizkidan. Trantzealdian bezala oihu egin nuen: Zorionekoa nazioa, non jaiotzerakoan haur bakoitzak hilezkor izateko aukera duen! Zorionekoa, antzinako bertutearen hainbeste eredu bizi eta iraganeko jakinduria irakasteko prest dauden maisuak dituen herria! Baina zorion-zorionekoak, konparaziorik gabe, paregabeko struldbrugg horiek dira, giza naturaren zoritxar unibertsal hori gabe jaio direlarik, beren izpirituak libre eta aske baitituzte, heriotzaren etengabeko beldurrak sortzen duen zama eta gogo ezik gabe. Neure harridura azaldu nuen ez nuelako pertsona ospetsu haietakorik Gortean aurkitu, orbain beltza bekokian garbi ikusteko modukoa izanik, ez baitzitzaidan oharkabean erraz pasatuko; eta ezinezkoa zirudiela Maiestatea, zentzu handiko Printzea izanik, hain kontseilari zuhur eta trebeen kopuru handi samarraz inguratu gabe egotea. Nahiz eta gerta zitekeen jakintsu agurgarri haien bertutea zorrotzegia izatea Gorteko jokaera txar eta lizunetarako. Eta sarritan erakusten digu esperientziak gazteak harroputz eta aldakorregiak direla zaharragoen agindu zuhurrez gidatuak izateko. Halere, Erregeak onetsi zuenez ni beraren aurrera joatea, lehen aukera izaten nuenean arazo honi buruzko neure iritzia, interpretariaren laguntzaz, argi eta luze emateko erabakia hartu nuen; eta nire aholkua kontutan hartu ala ez, halere gauza bat egiteko asmo sendoa nuen, alegia, Maiestateak sarri eskainia zidanez herrialde hartan geratzea, esker on handiz onartuko nuen mesedea, eta struldbrugg izaki goren haiekin elkarrizketan emango nuen neure bizitza, atsegin bazuten ni onartzea.
Nire hitzaldiaren entzule izan zen zaldunak (esan dudan bezala, mintzatzen baitzen balnibarbieraz), ezjakinarenganako gupidak sortu ohi duen bezalako irribarreaz, esan zidan bera pozik zegoela ni beraien artean edukitzeko edozein aukeraz, eta adierazi niona bere lagunei azaltzeko baimena erregutu zidan. Honela egin zuen, eta aldi batez elkarren artean hitz egin zuten beren hizkuntzan, silabarik ere ez nuelarik ulertu eta haien aurpegieretatik ere ezin izan nuen atera nire hitzek zer eragin izan zuten. Isilaldi labur baten ondoren, pertsona berak esan zidan bere lagunak eta nireak (horrelaxe adierazteari iritzi baitzion egoki) oso-oso pozik zeudela bizitza hilezkorraren zoriontasun eta abantaila handiez egin nituen oharpen zuhurrekin, eta struldbrugg jaiotzeko zoria egokitu izan balitzait zer bizitza-mota jarraituko nukeen jakiteko gogo bizia zutela, batez ere.
Hain gai zabal eta atseginaz hitz egitea erraza zela erantzun nuen, batez ere niretzat, sarri izaten nuelako Errege, jeneral edo jaun handi bat izango banintz, zer egingo nukeen pentsatuz denbora pasatzeko joera; eta beste gai honetaz ere, sarritan hausnartua nuela zer egingo nukeen neure buruaz eta nola emango denbora, betirako biziko nintzatekeela jakinez gero ziur.
Mundura struldbrugg izanez jaiotzeko zortea izan banu, bizitzaren eta heriotzaren arteko ezberdintasuna ulertuz neure zorionaz jabetu bezain laster, ahal diren baliabide eta metodo guztien bidez lehenik aberastasunak eskuratzea erabakiko nukeela esan nien. Aurrezki eta burubidez hori lortzen saiatuz, zentzuzkoa litzateke pentsatzea berrehun urte ingururako erresumako gizonik aberatsena izango nintzatekeela. Bigarren, gazte-gaztetatik arte eta zientziak ikasteari ekingo nioke, horrela, eta denboraz, beste guztiek baino gehiago jakitera iritsiko nintzatekeelarik. Azkenik, publikoki gertaturiko ekintza edo jazoera garrantzitsu guztiak erregistratuko nituzke kontu handiz eta, alderdikeriarik gabe, printze eta gobernuko ministro handien segidakoen izaerak deskribatuko nituzke, neure oharpenak eginez arazo bakoitzaz. Zehatz-mehatz konstaraziko nituzke ohitura, hizkera, janzkera, jatordu eta dibertsioei buruzko aldaketa ezberdinak. Lorpen guzti hauekin, ezagupen eta jakintza-altxor bizia izango nintzateke, eta nazioko orakulu bihurtuko, zalantzarik gabe.
Ez nintzateke inoiz ezkonduko hirurogei urtez geroztik, baina bai abegikor izango, artean aurrezki-zale izaten jarraitu arren. Gazte itxaropentsuen buruak hezi eta zuzentzen entretenituko nintzateke, neure oroitzapen, eskarmentu eta behaketaren bidez —eta eredu askorekin berretsiz— bizitza pribatu eta publikoan bertutea oso onuragarri dela konbentzitzeko. Baina lagunarte iraunkorrerako, neure anaidi hilezkorreko batzuk nahiko nituzke, hauen artetik hamabiko bat aukeratuko nukeelarik zaharrenetarik neure garaikideetaraino. Hauetarikoren batek ez balu ondasunik, neuk prestatuko nioke egontoki erosoa neure etxalde inguruan, eta haietako batzuk beti mahaian izango nituzke, hilkorren arteko baliotsuenetako banaka batzuk bakarrik nahastuz tartean, azken hauek eragozpen gutxiz edo batere gabe galtzen ohituko nintzatekeelarik denboraz, baita ondorengoak era berean tratatzen ere, gizakiak bere lorategiko krabelin eta tulipen urteroko joan-etorriaz denbora pasatzen duen bezalaxe, aurreko urtean ihartu zirenengatiko atsekaberik gabe.
Struldbrugg hauek eta nik geure behaketa eta oroitzapenen berri emango genioke elkarri denbora pasatu ahala, ustelkeria mailaz maila mundura nola ari den sartzen ohartaraziko genuke, eta aurre egin pausu bakoitzean, gizateriari abisuak eta argibideak emanez etengabe; eta honek, geure jokabidearen eragin indartsuaz batera, ziur aski galaraziko luke giza izaeraren etengabeko endekatzea, hain bidezki garai guztietan deitoratua izan dena.
Gaineratu guzti honi, estatu eta inperioetako iraultza ezberdinak ikusteko atsegina, baita zeru-lurretako aldaketak ere, antzinako hiriak hondakinetan eta herrixka ezezagunak errege-egoitza bihurtuta. Ibai ospetsuak erreka ubeheratsu eginda; ozeanoak kostalde bat lehor utzi eta beste bat urperatzen, eta oraindik ezezagun diren herrialde askoren aurkikuntza; naziorik gizabidetsuenetan basakeria nagusitzen, eta basatienak zibilizatu bihurtzen. Orduan, luzera, etengabeko mugimendua, sendagai unibertsala eta beste asmakizun asko perfekziorik handienera eramanak ikusiko nituzke.
Zer aurkikuntza liluragarriak egingo genituzkeen astronomian, geure iragarpenak berretsiz eta luzaroago ere biziz, kometen joan-etorria, eta eguzki, ilargi eta izarren mugimendu-aldaketak ere behatuz!
Beste gai askotaz ere luzatu nintzen, amaigabeko bizitzaren eta munduko zoriontasunaren berezko irrikak erraz sortarazten zizkidalarik gaiak. Amaitu nuenean, eta aurrekoan bezalaxe itzuli egin zitzaien nire hitzaldiaren funtsa han zeuden gainerakoei, hizketaldi ederra izan zuten beren artean hango hizkuntzan, eta ez batere barrerik gabe nire kontura. Azkenean, nire interpretari izandako zaldun berberak esan zidan zenbait hutsegitetan zuzentzeko erregutzen ziotela besteek, giza izaerari berez dagokion zentzugabekeriaz egin nituelarik huts haiek, eta aitzakia horrengatik erantzukizun txikiagoa nuela haien ustez. Struldbruggen espeziea herri haren bereizgarri zela, ez baitzegoen halako jenderik Balnibarbin edo Japonian, non izana baitzuen bere Maiestatearen enbaxadore izateko ohorea, konturatu zelarik bi erresuma haietako jendeak nekez sinesten zuela hori gerta zitekeenik, eta lehen aldiz gaia aipatu zidanean azaldu nuen harriduragatik nik ere gauza guztiz berritzat eta oso sinesgaitzat hartzen nuela iruditu omen zitzaion. Goian aipaturiko bi erresuma horietan, elkarrizketa luzeak izan zituelarik han egon zen bitartean, bizitza luzea gizateriaren nahi eta irrika unibertsala zela ohartu zela. Hanka bat hilobian zuen edonork, besteaz ahal zuen guztia egiten zuela atzera. Zaharrenak ere oraindik egun bat gehiago bizitzeko itxaropena zuela, eta etsairik handienari bezala begiratzen ziola heriotzari, haren aurrean Naturak beti atzera eragiten ziolarik; Luggnagg irla hartan bakarrik ez zela hain bortitza bizitzeko gogoa, hain zuzen ere, struldbruggen eredua zutelako aurrean etengabe.
Nik ideiaturiko bizi-sistema ez zela arrazoizkoa eta bidezkoa, beti gazte, osasuntsu eta indartsu egotea suposatzen baitzuen, eta ez zegoela gizakirik itxaropen hori izateko bezain txororik, oso neurrigabea izan arren bere nahikundeetan. Kontua ez zela, beraz, ea gizonak aukeratuko lukeen beti gaztaroaren ederrenean bizitzea, oparotasunez eta osasunez inguratua, baizik eta nola emango lukeen amaigabeko bizitza zahartzaroak berekin dakartzan ohiko eragozpen guztien menpean. Zeren eta, hain baldintza gogorretan hilezkor izateko nahia pertsona gutxik aitortuko luketen arren, halere aurrez aipaturiko Balnibarbi eta Japoniako erresumetan, bera konturatua omen zen pertsona guztiek nahi zutela heriotza pixka bat gehiago atzeratzea, beranduago iritsaraztea, eta gutxitan omen zuen entzuna inor irrikatan zegoenik hiltzeko, saminak edo sufrimenduak eraginda izan ezik. Eta galdetu zidan ea nire bidaietan ezagututako herrialdeetan, eta neurean ere, ez al nuen orokorrean jarrera bera sumatu.
Sarrera honen ondoren, beren arteko struldbruggen berri eman zidan zehatz-mehatz. Hogeita hamar urte ingurura arte eskuarki hilkorrek bezala jokatzen zutela esan zidan, gero poliki-poliki goibeldu eta adoregabe bihurtzen zirelarik, areagotuz laurogei urteraino. Beraiek aitortu ziotelako zekien hau; zeren eta, mende batean ez direnez espezie hartatik bi edo hiru baino gehiago jaiotzen, gutxiegi omen ziren beraien behaketaz iritzi orokorra ateratzeko. Laurogei urtera iristean, bizitzeko mugatzat daukatena herrialde hartan, beste agure batzuen zorakeria eta gaitz guztiez gain, beste asko ere izaten zituztela inoiz hilko ez ziren perspektiba beldurgarriak eraginda. Ez zirela setatiak, erretxinak, xuhurrak, zakarrak, harroak eta berritsuak bakarrik, baita adiskidetasunerako ezgaituak eta berezko afekturako sentigaberaziak, hau ez baitzaie inoiz bilobengana baino urrutirago iristen. Bekaizkeria eta ezintasunak jotako nahikundeak direla haien grina nagusiak. Eta antza denez, haien bekaizkeria, batez ere gazteen bizioetara eta zaharren heriotzara dagoela zuzendua esan zidan. Lehenengoaz gogoetan hasten badira, atseginerako batere aukerarik gabe aurkitzen dituzte beren buruak; eta hileta bat ikusten dutenean, atsekabez kexatzen dira beste batzuk joan direlako atseden-portura, beraiek ez dutelarik inoiz hara iristeko itxaropenik. Ez dira ezertaz oroitzen gaztaroan eta adin ertainaz ikasi eta behatu zutenaz izan ezik, eta horretaz ere ez bete-betean. Edozein gertaerari buruzko egiaz edo xehetasunez, hobe da tradizio arruntetan oinarritzea haien oroitzapenik sendoenetan baino. Haien arteko alaienak badirudi txotxaldian sartutakoak direla, oroimena zeharo galtzen dutenak; hauek erruki eta laguntza gehiago aurkitzen dute, besteek ugari dituzten berezitasun txar asko falta izaten baitituzte.
Struldbrugg bat bere izaerako beste norbaitekin ezkontzea gertatzen bada, bietako gazteena laurogeira iristen denean ezkontza hautsi egiten da automatikoki, erresumaren mesede gisa. Zeren eta, legeak uste baitu, arrazoizko barkamena dela, berek errurik izan gabe munduan betierekoz jarraitzera kondenatuta daudenek ez izatea gainera beren atsekabea bikoiztua emazte baten zamaz.
Laurogei urte bete bezain laster, legeak hildakotzat jotzen ditu; oinordekoak berehala jabetzen dira haien ondasunez, errenta ziztrin bat uzten zaielarik beren sostengurako, ardura publikoa izanik behartsuen mantenua. Aldi horretatik aurrera ez dira gaitzat hartzen konfiantza edo probetxuzko karguetarako, ezin dute lurrik berenganatu ezta ezer alokatu ere, eta ez dute baimenik auzietan —zibil nahiz kriminaletan— lekuko izateko, ezta mugarri eta mugei buruz erabakitzeko ere.
Laurogeita hamarrekin hortzak eta ilea galtzen dituzte, adin horretan ez dute dastamenik ere izaten, baizik eta lot dezaketen edozer jaten eta edaten dute, gozamenik eta gogorik gabe. Lehendik zituzten gaitzek halaxe jarraitzen dute ez gehitu ez gutxitu gabe. Hitz egitean, gauzen deitura arruntak ahazten dituzte, baita pertsonen izenak ere, nahiz eta beren hurbileneko adiskide eta ahaide izan. Arrazoi beronengatik ezin dute inoiz irakurtzen gozatu, oroimenak ez baitie balio esaldi baten hasieratik amaieraraino joateko ere; eta akats honengatik ezin dute gozatu bestela baliagarri litzaiekeen entretenimendu bakarra.
Herrialde hartako hizkuntza etengabe ari denez aldatzen, garai bateko struldbruggek ezin diete beste batzuetakoei ulertu, eta berrehun urteren ondoren ez dira gai elkarrizketarik izateko ere (hitz orokor gutxi batzuk salbu) inguruko hilkorrekin, eta horrela, beren sorterrian atzerritarrak bailiran bizitzeko zoritxarra izaten dute.
Gogoratzen dudan neurrian, hau izan zen struldbruggei buruz kontatu zidana. Gero, adin ezberdinetako bospasei ikusi nituen, gazteenak ez zituen berrehun urte baino gehiago izango, eta lagun batzuek behin baino gehiagotan ekarri zituzten niregana; baina oso bidaiari handia nintzela eta mundua guztia nuela ikusia esan zieten arren, ez zuten jakin-minik txikiena ere agertu galderarik egiteko; slumskudask edo oroigarriren bat eman niezaien nahi zuten bakarrik, eskean egiteko era isila delarik hori, zeharo galarazia baitute legez komunitateak mantentzen dituelako, baina oso anoa urriaz, egia esateko.
Mota guztietako jendeak mesprezatu eta gorrotatzen ditu; haietako bat jaiotzen denean, zantzu txarreko gauzatzat hartzen da, eta haien jaiotza ardura bereziz jartzen dute erregistroan; beraz, erregistroa kontsultatuz jakin daiteke haien adina, nahiz eta azken mila urteotakoa bakarrik izan den gordea, edo aurreragokorik izan bada, denborak edo gizarte-istiluek desegingo zuten. Baina zenbat urte dituzten kalkulatzeko bide arrunta, zein errege edo pertsonaia ospetsu gogoratzen duten galdetzea da, eta gero historia kontsultatu, zeren eta, derrigorrez, haiek gogoan duten azken printzea ez baitzen hasiko erreinatzen beraiek laurogei urte bete eta gero.
Inoiz ikusi dudan ikuskizunik mingarriena zen, eta emakumezkoak gizonezkoak baino okerrago zeuden. Oso-oso zahartutakoari dagozkion ohiko itsuskeriez gain, gorpuen ubeltasun moduko zerbait, kontatzekoa ere ez dena, bazuten urte-kopuruaren arabera, eta seikote baten artean berehala asmatu nuen zein zen zaharrena, nahiz eta ez izan haien artean ehun edo berrehun urteko tartea baino handiagoa.
Irakurleak errai sinetsiko du, han entzun eta ikusi nuenaz asko moteldu zela amaigabeko bizitzaz gozatzeko nuen irrika bizia. Neuk eraikitako ameskeria atseginen lotsa handia sentitu nuen, eta pentsatu nuen tiranoek ez zutela asmatuko, nik, halako bizitzatik ihes egitearren atseginez onartuko ez nuen heriotzarik. Erregeak jakin zuen lagunen eta neure artean gertatutako guztia kasu honetan, eta atsegin handiz jo zidan adarra, haren nahia zelarik nik struldbrugg pare bat bidali ahal izatea neure sorterrira, jendea heriotzarekiko beldurraren aurka prestatzeko; baina dirudienez hau galarazi egiten dute erresumako lege nagusiek, bestela, nik oso pozik hartuko nituzkeen neure gain haiek garraiatzeko lan eta gastuak.
Erresuma hartako legeak, struldbruggei buruzkoak, oso arrazoi sendoetan daudela oinarrituta onartu behar izan nuen, eta antzerako zirkunstantzietan beste edozein herrialdetan ere halakoxeak eman beharko liratekeela. Horrela ez balitz, zikoizkeria izanik zahartzaroaren nahitaezko ondorio, hilezkor haiek nazio guztiaren jabe bilakatuko lirateke denboraz, aginte zibila ere berenganatuz, baina administraziorako gaitasunik ez dutenez, gizartearen hondamendian amaituko litzateke.
© Jonathan Swift
© itzulpenarena: Iņaki Mendiguren