7. KAPITULUA

 

Autorearen maitasuna bere sorterriarekiko. Oso proposamen abantailatsua egiten dio Erregeari, baina honek errefusatu. Erregearen ezjakintasun handia politikan. Herrialde hartako kultura batere osagabea eta mugatua. Haien legeak, arazo militarrak eta Estatuko alderdiak.

 

        Egiazaletasun ikaragarriak bakarrik eragotzi ziezadakeen neure istorioaren zati hau ezkutatzea. Alferrikakoa zen nire erresumina agertzea, barre egiten baitzuten beti; eta nire herri zintzo eta maiteenaz hain iraingarriro mintzo ziren bitartean, ni behartua nengoen hura eroapenez jasatera. Biziki sentitzen dut, nire edozein irakurlek senti lezakeen beste, aukera hura eman izana, baina Printze hura hain jakingura handikoa eta galdetzailea zenez gai bakoitzaz, ez zatekeen esker oneko edo gizalegearekin koherentea izango eman niezazkiokeen satisfazio guztiak ez ematea. Halere, zilegi bekit neure burua zuritzeko zerbait esatea, hots, galdera askori ihes egin niola azerikeriaz, eta egiaren zorroztasunak onar lezakeen baino askoz itxura hobea ematen niola gauza bakoitzari. Zeren eta, nik beti izan baitut neure sorterriarekiko, Dionysius Halicarnassensis-ek historialariari oso zuzen gomendatzen dion alderdikeria laudagarri hura. Neure aberriaren ahulezia eta itsuskeriak ezkutatzen nituen, eta beraren bertuteak eta edertasunak ahal zen agerien jartzen. Zintzo saiatu nintzen honetan monarka ahaltsu harekin izan nuen hainbat hizketalditan, nahiz eta zoritxarrez ez izan arrakastarik.

        Baina oso bihotz-zabala izan beharra dago munduaren gainerakotik ia zeharo isolatua bizi den errege batekin, izan ere, beste nazio batzuetan nagusi diren era eta ohiturak ez baititu batere ezagutuko; eta ezjakintasun honek aurreiritzi asko sortuko dizkio, baita nolabaiteko buru-estutasuna ere, honetatik gu geu eta Europako herrialde zibilizatuak erabat libre gaudelarik. Eta benetan gogorra izango litzateke, bertute eta bizioari buruz hain urrutiko Printze hark dituen ideiak gizateria osoaren eredutzat ezarriko balira.

        Orain esan dudana baiesteko, eta hezkuntza mugatuaren ondorio tristeak erakusteko gainera, nekez sinetsiko duzuen pasadizo bat sartuko dut hemen. Maiestatearen ederra are gehiago irabazteko itxaropenaz, orain dela hirurehun eta laurehun urte artean egindako asmakari baten berri eman nion; alegia, bazela hauts bat, halako pilo batera txinpartarik txikiena jausiz gero, dena piztu une batean —nahiz eta mendi bat bezain handia izan— eta dena batera bidaliko lukeena airean, trumoiarena baino zaratots eta astinaldi handiagoz. Eta hauts honen kantitate egoki bat letoi edo burdinazko hodi huts batean estu sartuta, tamainaren arabera, burdin edo berunezko bola bat jaurtiki lezakeela, inork eustezinezko indar handi eta abiadaz. Honela botatako bolarik handienek armada bateko lerrokada osoak suntsi ditzaketela aldi berean, baita harresirik sendoenak eraitsi edo mila gizoneko itsasontziak urperatu eta hondora bidali ere; eta elkarlotuz gero kateaz, mastak eta aparailuak ebaki, ehunka gorputz erdi-erditik moztu eta aurrean aurkitutako guztia deseginda utz lezakeela. Barrutik hutsik zeuden burdinazko bola handietan hauts hura jarri eta inguratua genuen hiriren baten gainera sarritan botatzen genituela tramankulu bidez, zoladurak harrotu, etxeak zati-zati egin eta lehertzean metraila barreiatzen zutelarik, inguruan harrapatzen zituen guztiei burmuinak ateraz. Oso ongi ezagutzen nituela osagaiak, merkeak eta arruntak zirelarik, eta banekiela nola nahastu eta argibideak ere emango nizkiela haren langileei hodiak egin zitzaten Maiestatearen erresuma hartan beste gauza guztiek zuten proportzioaren tamainan, eta handienak ez zeukala hirurogei metrokoa baino luzeagoa izan beharrik; hodi hauetako hogeik edo hirurogeik, behar beste hauts eta bolaz beteak, haren aginterriko hiririk sendoenaren harresiak eraits zitzaketela ordu gutxitan, edo metropoli osoa suntsitu, beraren aginte absolutua zalantzan jartzen bazen. Hau apaltasunez eskaini nion Maiestateari esker onaren erakusgarri txikitzat, berarengandik hartutako mesede eta babesaren ordainez.

        Izu-ikaratuta geratu zen Erregea tresna beldurgarri hauei buruz egin nion azalpenaz eta aurkeztu nion proposamenaz. Ezin zuen ulertu nola ni bezalako intsektu ezgauza eta doilorrak (hitz hauexek erabili zituen) hain ideia ankerrak izan zitzakeen eta nolako arruntasunez mintza zitekeen nik neuk makina birrintzaileon ondorio ohikotzat azaldu nizkion odol- eta hondamen-eszena guztien aurrean batere hunkitugabe agertuz; eta makina hauen lehen asmatzailea gizateriaren etsai zen jenio maltzurren bat izango zela esan zuen. Berari zegokionez, arte eta natura arloko aurkikuntza berriez gain ezer gutxik liluratzen bazuen ere, halako sekretuaren konplize izatea baino bere erresumaren erdia galtzea nahiago zuela esan zuen zorrotz eta, neure bizia estimatzen banuen, berriro sekula ez aipatzeko agindu zidan.

        Printzipio estuen eta ikuspegi laburren ondorio bitxiak! Nola liteke itzala, maitasuna eta estima sortzen duten tasun guztien jabe den printze batek, gaitasun sendoa, zuhurtzia handia eta jakintza sakona dituelarik, gobernatzeko talentu miresgarriz hornitua eta bere menpekoek ia gurtua izanik, Europan pentsaezinak diren premiagabeko eskrupulu bitxiengatik, bere aurre-aurrean jarritako hain aukera paregabea galtzen uztea, aukera honek bere menpekoen bizitza, askatasun eta ondasunen jaun eta jabe bihurtuko zukeenean! Eta ez dut hau esaten Errege paregabe haren bertute guztiei ezertxo ere kentzeko asmoz, nahiz eta konturatzen naizen kontatutakoaren ondorioz haren ospea asko murriztuko dela irakurle ingelesaren iritzian; baina esango nuke jende haren arteko akats hau ezjakintasunetik sortua dela, ez dutelako orain artean politika zientzia bihurtu, Europako buruargi zorrotzenek egin duten bezala. Zeren eta, oso ongi oroitzen bainaiz, egun batez Erregearekin izandako hizketaldian, gobernatzeko arteaz gure herrian milaka liburu zegoela idatzita esan niolarik, honek (zuzen-zuzen nire asmoaren kontra) gure ezagupenekiko oso iritzi kaskarra sortu ziola. Printze nahiz ministroengan, edonolako misterio, errefinamendu eta azpikeria nardagarri eta mesprezagarri zitzaizkiola aitortu zuen. Ezin zuen ulertu zer esan nahi nion Estatu-sekretuak aipatzean, ez bazegoen areriorik edo nazio etsairik kasuan inplikatuta. Gobernatzen jakitea oso muga estuetara murrizten zuen: zentzu on eta zuhurtziara, zuzentasun eta neurritasunera, auzi zibil eta kriminalak bizkor ebaztera eta kontutan hartzekoak ere ez diren beste zenbait gauza jakinetara. Eta haren iritziz, lehen bat bakarra zegoen lur-zatian bi galburu edo bi belar-izpi sortarazten zituenak tratu hobea merezi zuen gizateriaren aldetik, eta bere herriari zerbitzu garrantzitsuagoa ematen zion, politikarien klase osoak batera baino.

        Jende haren kulturak hutsune handiak ditu, morala, historia, poesia eta matematika bakarrik baitute, hauetan nagusi direla onartu beharra dagoelarik. Baina hauetako azkena bizitzan erabilgarri denari aplikatzen zaio erabat, nekazaritzaren hobekuntzari eta arte mekaniko guztiei; beraz, gure artean ez litzateke oso aintzat hartua izango. Eta ideia, izaki, abstrakzio eta transzendentalei dagokienez, ezin izan nuen kontzepturik txikienik ere haien buruetan sartu.

        Herrialde hartako legeek ezin dute alfabetoko letrak baino hitz-kopuru handiagorik izan, hogeita bi bakarrik alegia. Baina, egia esateko, gutxi iristen dira muga horretaraino ere. Hitzik argien eta errazenez idazten dira, jende hura ez delarik lege haietan interpretazio bat baino gehiago aurkitzeko bezain zolia. Eta heriotza-zigorra izaten du legeren bati buruzko iruzkinik idazteak. Auzi zibiletako epaitzei edo kriminalen aurkako prozedurei dagokienez, hain kasu gutxi izan dutenez aurrez, arrazoi askorik ez dute aparteko trebetasunaz harrotzeko.

        Antzina-antzinako garaietatik izan dute, txinatarrek bezalaxe, inprimatzeko artea. Baina haien liburutegiak ez dira oso handiak, zeren eta, Erregearenak, handiena izango denak, ez baititu mila liburuki izango, hirurehun eta hirurogei metroko luzerako galerian ezarriak, handik nahi nituen liburuak hartzeko askatasuna nuelarik. Erreginaren arotzak zurezko nolabaiteko tramankulu bat asmatu zuen Glumdalclitchen gela baterako; zazpi metro t'erdi zen luze eta zutik ipinitako eskailera baten antzekoa; hamabost metroko luzera zuen maila bakoitzak eta, egia esateko, eskailera pare mugikorra zen, barrena gelako paretatik hiru bat metrora zegoelarik ezarria. Irakurri nahi izaten nuen liburua paretaren kontra jartzen zuten. Lehenik eskaileraren goren mailaraino igotzen nintzen eta, burua libururantz itzulirik, orrialdearen goiko lehen lerroan hasten nintzen, eta lerroen luzeraren arabera zortzi edo hamar pausu emanez eskuinerantz eta ezkerrerantz ibiltzen nintzen, begien altuerara baino pixka bat beheraxeago iritsi arte, eta gero jaitsi egiten nintzen poliki-poliki barreneraino; ondoren, berriro igo gora eta hurrengo orrialdean hasten nintzen era berean, eta gero orria pasatzen nuen —bi eskuez erraz egiten nuen gauza—, zeren eta, kartoia bezain lodi eta zurruna baitzen, eta foliorik handienak ez ziren bost edo sei metro baino luzeagoak.

        Haien idazkera argia da, indartsua eta leuna, baina ez loretsua, zeren eta, biziki ihes egiten baitute beharrezko ez diren hitzak pilatu edo adierazpide ezberdinak erabiltzetik. Haien liburu asko irakurri dut oso arretaz, historia eta moralari buruzkoak, batez ere. Azken hauei dagokienez, oso ongi pasatzen nuen beti Glumdalclitchen logelan zegoen liburutxo zahar batekin: haren haurtzainarena zen, beti moral eta deboziozko liburu artean zebilen adineko andere kopetilun harena. Giza espeziearen ahuleziari buruzkoa da liburua, eta estimazio gutxikoa emakume eta jende xehearen artean izan ezik. Halere, banuen jakingurarik ea gai honi buruz zer esaten ote zuen herrialde hartako idazle batek. Europako moralisten ohiko gai guztiak aztertzen zituen idazleak, izatez gizakia zein animalia ñimiño, mesprezagarri eta babesgabea den erakutsiz; zein ezgauza den eguraldiaren gogortasunetik edo piztien basakeriatik bere burua babesteko; berau baino zenbat gehiago den animalia bat indarrez, beste bat bizkortasunez, hirugarren bat gauzak aurreikusten, laugarren bat lanean. Munduaren beheraldiko azken garaiotan Natura endekatu egin zela gaineratzen zuen, eta orain abortu txikiak bakarrik jaiotzen zirela antzinako haien aldean. Giza espeziea hasieran askoz handiagoa izan zela pentsatzea oso zentzuzkoa zela esaten zuen, baita erraldoiak egongo zirela ere iragan garaietan, historiak eta tradizioak baieztatzen duten eta erresumako zenbait aldetan aurkitutako hezurtzar eta burezurrek ere bide batez berresten duten bezala, hauek gaur egun ohikoa den giza espezie murriztuarenak baino askoz handiagoak direlarik. Argudiatzen zuenez, Naturako legeak berak eskatzen omen zuen gu hasieran tamaina handiagokoak eta indartsuagoak izatea, eta ez edozein istripu txikik —etxetik teila bat jausteak, edo mutikoren baten harrikadak, edo errekastoren batean itotzeak— desegiteko modukoak. Arrazoibide honetatik, zenbait aplikazio moral ateratzen zuen autoreak bizitzako jokabiderako, baina ez da beharrezkoa hemen errepikatzea. Neure aldetik, ezin nion utzi pentsatzeari zein hedatua dagoen alde guztietan, Naturarekin ditugun liskarretan oinarrituz, moral-sermoiak —edo hobeto esanda, deskontentu eta kexugaiak— sortzeko ohitura hau. Eta ikerketa zorrotza egingo balitz, uste dut liskar hauek funsgabeak direla frogatuko litzatekeela bai gure artean, baita haien artean ere.

        Arazo militarrei dagokienez, harro daude Erregearen armadak ehun eta hirurogeita hamasei mila oinezko eta hogeita hamabi mila zaldun gerlari dituelako; bidezko bada armada deitzea hiri ezberdinetan merkatariz eta landa-herrietan nekazariz eratua dagoen hari, beronen agintariak aitonen seme eta goi-burgeseriakoak bakarrik direlarik. Egia esateko, aski trebeak dira beren ariketetan, eta oso diziplinatuak, honetan ez nuelarik meritu handirik ikusi, zeren eta, zergatik ez horrela jokatu nekazari bakoitza bere nagusiaren eta hiritar bakoitza bere hiriko buruzagien agindupean baldin badago, hauek, Venezian bezala, botazioz aukeratuak direlarik?

        Sarritan ikusi dut Lorbulgrudeko milizia kanpora irtenda hiri ondoko zabalgune handi batean —hogei milia zen zabal— ariketak egiten. Ez ziren guztira hogeita bost mila oinezko eta sei mila zaldizko baino gehiago izango; baina ezinezkoa zitzaidan haien kopurua kalkulatzea, hartzen zuten lurralde zabala kontutan izanda. Zaldizko bat zaldi arin handi baten gainean hogeita zazpi metro altu izan zitekeen. Ikusia dut zaldizkoen multzo hau osorik, aginduari jarraituz, beren ezpatak atera batera, eta airean eragiten. Irudimenak ezin du hain handios, harrigarri eta txundigarririk ezer imajinatu. Hamar mila oinaztargi aldi berean zeruko bazter guztietatik geziak botatzen ari balira bezala ematen zuen.

        Banuen gogorik jakiteko, aginterri hartara beste inondik sartzerik ez dagoelarik, Printze hari nola bururatu ote zitzaion armadarena edo bere herriari militar-jarduerak irakastea. Eta laster jakin nuen, bai izandako elkarrizketen bidez baita haien historiak irakurriz ere. Izan ere, giza espezie osoari dagozkion gaitz berberak jasan behar izan dituzte mende luzetan zehar: nobleteria boterearengatik borrokan sarri, herria askatasunaren bila, eta Erregeak aginte absolutua nahi zuelako. Gauza guzti hauek, nahiz eta zorionez erresuma hartako legeek murriztu izan, hiru aldeetako bakoitzak hautsi izan ditu batzuetan; eta behin baino gehiagotan gerra zibilak sortu dira, azkenekoari oraingo Printzearen aitonak eman ziolarik amaiera zoriontsua guztien akordioaz; eta adostasun orokorraz orduan ezarri zen miliziak geroztik bere zereginen barnean iraun izan du beti.

 

 

 

© Jonathan Swift

© itzulpenarena: Iņaki Mendiguren

 

 

"Jonathan Swift / Gulliver-en bidaiak" orrialde nagusia