4. KAPITULUA

 

Nolakoa den herrialde hura. Mapa modernoak zuzentzeko proposamena. Erregearen jauregia, eta metropoliari buruzko zenbait berri. Autorearen bidaiatzeko era. Tenplu nagusiaren deskribapena.

 

        Herrialde haren deskribapen labur bat egin nahi diot orain irakurleari, beti ere nik bidaiatu nuen neurrian, eta ez zen bi mila milia baino urrutirago izan Lorbrulgrud metropoliaren inguruan. Zeren eta, Erregina —eta harekin joaten nintzen ni beti— ez baitzen inoiz harantzago pasatzen Erregeari bere ibilaldietan laguntzen zionean, eta hantxe geratzen zen zain Erregeak mugak ikuskatu eta itzuli arte. Errege honen aginterri guztiaren hedapena sei mila miliakoa izango zen luzeran eta hirutik bost milarainokoa zabaleran. Eta beraz, Japoniaren eta Kaliforniaren artean itsasoa baizik ez dagoela suposatzean, Europako gure geografoak oso oker daudela ondorioztatu behar dut derrigorrez; zeren eta, nire iritzia beti izan baita lur-orekatzaileren bat egon behar duela Tartariako kontinente handiaren kontrapisu bezala; eta beraz, mapa arrunt eta itsasokoak ere zuzendu egin beharko lituzkete eta lurralde zabal hori Amerikako ipar-mendebaldeari elkartu, prest egongo naizelarik honetan laguntzeko.

        Penintsula bat da erresuma hura, ipar-ekialdeko mugan hogeita hamar miliako altuera duen mendikatea dagoelarik, inola ere gainditu ezin litekeena gailurretan dituen sumendiengatik. Eta jakintsuenek ere ez dakite nolako jendea bizi den mendiez bestaldean, ezta biztanlerik dagoen ere. Beste hiru aldeetan ozeanoa du muga. Ez dago itsasportu bakar bat ere erresuma osoan, eta ibaiak itsasoratzen diren tokiak harkaitz zorrotzez bete-beteak daudenez, eta itsasoa gehienetan oso zakarra izanik, ez da inor arriskatzen ontzirik txikienaz ere, eta beraz, jende harentzat zeharo eragotzia dago edonolako merkataritza munduaren gainerakoaz. Baina ibai handiak ontziz beteak daude, eta arrain paregabea dute ugari, gutxitan hartzen dutelarik ezer itsasotik, zeren eta, itsasoko arraina Europakoaren tamaina berekoa baita, eta ez du, beraz, harrapatzerik merezi; honek garbi erakusten du, hain tamaina aparteko landare eta animalien produkzioa Naturak kontinente hartara mugatu duela guztiz, honetarako arrazoiak aurkitzea filosofoentzat uzten dudalarik. Halere, noizean behin hartzen dute harkaitzen kontra jo duen balearen bat, jende xeheak oso gogotik jaten duelarik. Nik ikusitako baleak hain handiak zirenez, gizonak bizkarrean nekez eraman zezakeen haietako bat; eta batzuetan bitxikeria bezala Lorbrulgrudera eramaten dituzte saskietan. Haietako bat —ezohikotzat zeukaten— platerean ikusi nuen Erregearen mahaian, baina ez zitzaidan iruditu oso gogoko zuenik; egia esateko, haren handitasuna ez zuela atsegin uste dut, nahiz eta Groenlandian ikusia dudan bat handixeagoa.

        Ongi populatua dago herrialdea, berrogeita hamaika hiri, ia ehun herri harresitu eta herrixka-kopuru handia baititu. Irakurlearen jakingura asetzeko, aski izango da Lorbrulgrud nolakoa den esatea. Hiri honek bi alde ia berdintsu ditu, erditik ibaiak zeharkatzen duelarik. Laurogei mila etxe baino gehiago ditu. Luzeran hiru glonglung ditu (ia berrogeita hamalau milia ingeles) eta bi t'erdi zabaleran, neuk neurtu ahal izan nuenez Erregearen aginduz egindako maparen gainean, espresuki neuretzat zabaldu zutelarik zoruan; hogeita hamar metro baino gehiago zituen: diametroak eta perimetroak zeuzkaten pausuak zenbatu nituen zenbait aldiz oinutsik, eta kalkuluak eginez eskalari buruz, nahikoa zehatz neurtu nuen.

        Erregearen jauregia ez da besteak bezalako eraikuntza, baizik eta eraikin-pilo bat ia zazpi milia dituena biran: gela nagusiek eskuarki laurogei metro dituzte altueran, eta proportzioan zabalera eta luzeran. Zalgurdi bat izendatu zitzaigun Glumdalclitchi eta bioi, bertan sarri eramaten zuelarik haurtzainak hiria ikustera edo denda artean ibiltzera; eta ni ere beti joaten nintzen haiekin, neure kaxan eramana, nahiz eta neskatoak, nire gogoz, sarritan ateratzen ninduen eta bere eskuan ipintzen, etxeak eta jendea hobeki ikusi ahal izateko kaleetan zehar pasatzen ginenean. Gure zalgurdia, ia karratua, Westminster Hall bezain zabala izango zela kalkulatu nuen, baina ez hain altua oro har; edonola ere, ezin dut oso zehatz esan. Egun batean, zenbait dendatan geratzeko agindu zion haurtzainak gurtzainari, eta han, aukera ona zutela ikusiz, zalgurdiaren inguruan pilatu ziren eskaleak, inoiz europar begiek ikusi duten ikuskizunik ikaragarriena eman zidatelarik. Bazen emakume bat bularrean minbizia —beldurgarriro hazia eta zuloz betea— zuena, haietako bizpahirutan erraz sartu ahal izango nintzelarik, gorputza zeharo ezkutatu arte. Bazen beste bat kistearekin lepoan, artilezko bost sorta baino handiagoa zuelarik, eta beste bat zurezko bi zangoekin, bakoitza zazpiren bat metrokoa. Baina ikusteko gauzarik nazkagarriena jantzietan zebilzkien zorriak ziren. Begi hutsez argi eta garbi ikusten nituen piztitxo haien gorputz-adarrak, Europako zorri batenak mikroskopioz baino askoz hobeto, baita haien muturrak ere, haiekin txerriak bezala ibiltzen zirelarik uxarrean. Ordura arte ikusten nituen lehenengoak ziren, eta izan beharko nukeen haietako bat disekatzeko adina jakin-min, tresna egokiak izan banitu (zoritxarrez itsasontzian utziak nituenak), nahiz eta, egia esateko, hain nazkagarria zenez ikuskizuna, guztiz iraultzen zidan urdaila.

        Kaxa handiaz gain, non eramaten baininduten eskuarki, beste txikiago bat egin ziezadatela agindu zuen Erreginak, karratua, lau metro zabal eta hiru altu, bidaietarako egokiagoa izango zena, zeren eta, agian bestea handiegia baitzen Glumdalclitchen altzorako, eta deserosoa zalgurdi barruan eramateko; lehengo artisau berak egin zuen, neuk zuzendu nuelarik ekintza osoan. Bidaiatzeko gelatxoa karratu-karratua zen, leiho batekin alboetako hiru alderen erdian, eta leiho bakoitzak burdin hesia zuen kanpotik, bidaia luzeetan istripurik gerta ez zedin. Laugarren aldean, leihorik ez zeukan hartan, bi urkila sendo finkatu zituzten eta, zaldiz ibiltzeko gogoa nuenean, ninderaman pertsonak haietan zehar larruzko uhal bat pasatu eta bere gerriari lotzen zion. Eginkizun hau, Glumdalclitch ondoezik egotea suertatzen bazen, nire konfiantza zuen morroi serio eta fidagarriren bati egokitzen zitzaion beti, nahiz Errege-Erreginekin joateko izan haien bidaialdi ofizialetan, nahiz lorategiak ikusteko, nahiz Andere ospetsu edo Gobernuko Ministroren bat Gortean bisitatzeko izan; zeren eta, laster hasi bainintzen funtzionario nagusien artean ezagutua eta estimatua izaten, neure merituengatik baino Maiestateen ederrarengatik gehiago, uste dut. Bidaietan, gurdiaz nekatzen nintzenean, zaldiz zihoan morroiren batek nire kaxa gerriari lotu eta bere aurrean ipintzen zuen kuxin gainean; eta hala, landazabalaren ikuspegi osoa izaten nuen hiru aldetara neure hiru leihoetatik. Gelatxo hartan banituen kanpaohea eta sabaitik zintzilika hamaka bat, eta bi aulki eta mahaia, trebeki zoruari torlojutuak, zaldiaren edo zalgurdiaren astinaldiek bota ez zitzaten. Eta itsasoz ibiltzera ohitua egonik luzaroan, mugimendu haiek, batzuetan oso zakarrak izan arren, ez ninduten gehiegi asaldatzen.

        Hiria ikustea bururatzen zitzaidanean, neure bidaiatzeko gelatxoan egiten nuen beti, Glumdalclitchek altzoan eramaten zuelarik esku-aulki ireki batean, herrialde hartako ohituraren arabera, lau gizonek garraiatua eta Erreginaren morroi-jantziak zituzten beste bik lagunduta. Jendeak, sarri entzuna zuelarik nitaz hitz egiten, jakin-min handia zuen eta esku-aulkiaren ingurura biltzen zen, neskatoa behar hainbat adeitsua zelarik eramaileak gerarazi eta bere eskuan hartzeko hobeto ikus nintzaten.

        Irrika bizia nuen ten plu nagusia ikusteko eta, batez ere, haren dorrea, erresumako handientzat jotzen baita. Honela bada, egun batean haraxe eraman ninduen neure inudeak, baina benetan etsita itzuli nintzela esan dezaket, haren altuera ez baita bederatziehun metrora iristen, zorutik xapitel garaienaren gaineraino hartuta ere; eta hau, kontutan izanik jende haren eta gu europarron arteko tamaina-ezberdintasuna, ez da oso gauza miresgarria, eta proportzioan ez da iristen (zuzen gogoratzen badut) Salisburyko kanpandorrearen altuerara. Baina bizi naizen artean nire esker on beroa izango duen nazioari meriturik ez kentzearren, onartu beharra dut dorre ospetsu hark altueran falta duena erraz konpentsatzen duela edertasun eta sendotasunaz. Zeren eta, hormak ia hogeita hamar metro baitira lodi, harri landuz eginak, hauetako bakoitza hamahiru metro inguru zabal, eta alde guztietan jainko eta enperadoreen estatuaz hornituak daude, marmolean zizelkatuak, berezko tamainan baino handiagoak, eta beren nitxoetan ezarriak. Estatua haietako batetik behera erori eta oharkabean hondakin artean zegoen txirkanda bat neurtu nuen, eta zehazki metro bat eta hogeita lau zentimetro zela ohartu nintzen. Glumdalclitchek sudur-zapian bildu zuen, eta poltsikoan etxera ekarri beste huskerien artean gordetzeko, horrelakoen zaletasun handia baitzuen, haren adineko haurren artean ohikoa den bezala.

        Erregearen sukaldea eraikin bikaina da benetan, gangaduna gainean, eta berrehun metro ingurukoa altueraz. Labe handiari hamar oinarte bakarrik falta zaizkio San Pabloko kupula bezain handia izateko, berariaz neurtu nuelarik itzuli nintzenean. Baina sukaldeko parrilla, eltze eta lapiko erraldoiak, okela-zatiak burruntzietan biraka eta beste hainbat xehetasun azalduko banitu, agian nekez sinetsiko lidakete; edo behintzat, ahobero samarra naizela pentsatzeko joera izango luke kritiko zorrotzak, sarri izaten baita bidaiariek horrela jokatzen dutelako susmoa. Salaketa horri ihes egitearren, beldur naiz gehiegi joan ote naizen beste muturrera; eta liburu hau Brobdingnageko (hauxe da erresumaren ohiko izena) hizkuntzara itzulia izatea eta hara eramatea gertatuko balitz, Erregeak eta jendeak izango lukete kexatzeko arrazoirik gauzak faltsutuz eta txikietsiz irain egin diedala esanez.

        Maiestateak gutxitan izaten ditu seiehun zaldi baino gehiago bere tegietan; hauek eskuarki hamazortzi eta hogei metro arteko altuera dute. Baina kanpora irteten denean egun ospetsuetan, bostehun zaldiko milizi guardiak laguntzen dio segizioan, benetan hura iruditu zitzaidalarik inoiz ikus litekeen ikuskizunik zoragarriena, behintzat haren armadaren zati bat gudurako eratuta ikusi nuen arte, baina honetaz hitz egiteko aurkituko dut beste egokierarik.

 

 

 

© Jonathan Swift

© itzulpenarena: Iņaki Mendiguren

 

 

"Jonathan Swift / Gulliver-en bidaiak" orrialde nagusia