HITZAURREA

 

        «Nire argitaratzaileak Zenoren kontzientziaren ale guztiak bidali dizkit. Nik —megalomano honek— gehiegi eginarazi nituen. Ganbaran daude pilatuta eta halako pisua dutenez nire ohe gainean amil daitezke... liburu horiek hegalak izan zitzaketela pentsatzen dut eta han goitik hegaldatu ahal izango liratekeela, besterik ez bada ere, nire ondoren alde egiteko.»

Italo Svevo (gutun batetik)

 

        LITERATURAREN HEGALETAN

        EDO SVEVOREN KONTZIENTZIA

        «Bidaia sentimental laburra», hirugarrena eta famatuena den nobelaren garaian, edo hobeto esanda, haren arrakastaren gerizpean idatzitako ipuin luzea da eta ondo baino hobeto biltzen ditu Svevoren idazkeraren ezaugarriak.«Corto viaggio sentimentale e altri racconti inediti» izenburuko liburuaren baitan argitaratu zen. Estreinako argitalpena 1957koa da, alegia, hil eta hogeita bederatzi urte beranduagokoa. Bere bizitzan zehar idatzi zituen ipuin gehienak argitaratu ziren horrekin batera eta lehenengoetatik hasi eta heriotza iritsi zitzaion garaian idazten ari zen zirriborroarekin amaitzen da. Tartean, solte argitaratu zituen ipuinak, sekula argitaratu ez ziren ipuin amaituak, amaitu gabe edota zirriborro hutsean baino geratu ez ziren ipuin nobelak aurkitzen dira, asko data jakinik gabekoak.

        Bidaia izateko laburra eta ipuin izateko luzea. Bidaia, askotan bezala, metafora da. Baina baita bidaia fisikoa ere. Introspekziorako aitzakia baina baita askatasun espazio propio bat eskuratzeko une bat ere, benetako bizikizuna. Dena den, eta berehala, Aghios jaun bidaztiak askatasun hori bere hurkoarekin usatzearen ondorioz, askatasun hori nola mugatzen zaion ikusten du. Beraz, bidaia pertsonaia tipo andana bat aurkezteko aukera ere bada, zeren, eta bere hitzak parafraseatuz, «bere askatasunaz nori mintzatu, (...) hartaz harrotzeko aukera» behar du. Eta amaitzeko, istorioak entzuteko bidaia ere bada, egiazkoak zein gezurrezkoak, idazketaren benetako bidaia. Aghios «arruntak» egiak gezurrak bailiran kontatzen ditu eta horrek «poeta», «filosofo» bihurtzen du. Eta gezurrak egiak bailiran sinetsi nahi ditu, bidaia ederragoa baita horrela. Istorio horiek entzuteko eta horien aurrean erantzun eta jokatzeko erak Aghiosen izateko moduaz askoz ere gehiago adierazten du inongo deskripzio luzeek baino.

        Aghiosek badu Zeno bere anaia izpiritualaren antzik: jarrera ulerkorra, bihozberatasuna eta umorea, bai bere burua eta bai inguratzen dutenak aztertzeko garaian. Horrela, bi kontakizunek: behin eta berriz disgresioek eten egiten duten ildo narratibo fin bat dute, baina inoiz ez dira bidaia/trenaren erritmoa hausteko bestekoak.

        Dena dela, ez da harritzekoa bi narrazio horien arteko antzekotasuna. Bere bizitzan zehar idatzitako guztian, han eta hemen, elementu eta gai, tonu eta estilo beretsuak aurkitzen dira. «Benetan idaztera iristeko, egunero zer edo zer zirriborratzea baino modu hobeagorik ez dago». Batek daki, orain esku artean daukagun idazki hau beretzat ez ote ziren zirriborroak besterik izango, esan ahala zer esan eta nola esan bilatzen ari denaren zundaketa. Baina, hain zuzen, horretan datza bere indarra.

 

        BIOGRAFIAZ ZERTXOBAIT

        Italo Svevo egiatan Ettore Schmitz-en ezizena dugu. 1861ean, artean Austriaren menpe zegoen Triesten jaio zen familia ugari batean. Aita Triesten bizitzen jarri zen aleman jatorriko judu bat zen, baina etxean zegoen giroa Italiari oso atxikita zegoen. Hala ere, bigarren mailako ikasketak, ikasketa komertzialak, Bavieran egin zituen, aitaren beiraki negozioan lan egiteko. Horrek, Alemaniako erromantikoen lanak irakurtzeko aukera eman zion. 1878an Italiara itzultzean, Florentziara joan nahi izan zuen italiera hobeto ikasteko, nahikoa ondo ez zuela menperatzen iruditzen baitzitzaion eta ordurako argi baitzuen idazle izan nahi zuela. Baina aitak ez zion utzi. Bi urte geroago, aitaren negozioak porrot egin zuenean, lana bilatu behar izan zuen. Vienako banku baten korrespontsal gisa hasi zen lanean eta hemeretzi urtez egon zen bertan. Aldi berean, eta lan orduz kanpo, orduak ematen zituen Bibliotekan bere heziketa literarioa osatzeko. Musika ere landu zuen eta biolina ikasteari ekin zion.

        1880an argitaratu zuen bere lehen artikulua «Independente» egunkarian eta beste hamar urtez parte hartu zuen Trieste Italiara itzultzearen aldekoa zen egunkari horretan. 1886an Umberto Veruda eskultorea ezagutu zuen eta adiskide minak izan ziren hain desberdinak ziren bi artista hauek Veruda hil zen arte (1904). Ordurako ezaguna zen Svevok bizitzaren aurrean zuen ezkortasuna eta jarrera horrekin hasi zen bere lehen nobela idazten. Zalantzaz eta damuz beteta, bost urte luze eman zituen «Una Vita» nobela idazten. 1887an idazten hasi zen nobela hura 1890ean argitaratu zuen Triesteko argitaldari txiki batean eta kostua bere poltsikotik ordainduta. Orduan erabili zuen estreinakoz Italo Svevo ezizena. 1896an Livia Venezianirekin ezkondu zen. Agi danean, horrek bere ezkortasuna deuseztu ez bazuen ere, halako baretasun bat ekarri zion eta familiarekin (baita anai arrebekin ere, ordurako gurasoak galduak baitzituen) oso konprometitutako gizona izan zen bizitza guztian zehar. 1898an, zatika argitaratu zen arestian aipatutako egunkarian «Senilitá» bere bigarren nobela eta geroxeago aurrekoa bezala liburu gisa kaleratu zuen.

        Esan beharra dago, nobela bi hauek ez zutela inongo arrakastarik izan. Kritika on solteren bat salbu, garaiko kritikak eta irakurleek alde batera utzi zuten. Bigarren porrotaren ondoren, Svevok idazten jarraitzeari uko egin zion eta irakurketan babestu zen.

        1899an aitaginarrebaren negozioan sartu zen, urpeko bernizen fabrikan. Horrek, lasaitasun ekonomiko handia ekarri zion eta ordura arte egitera behartuta zegoen iharduera ugariak utzi ahal izan zituen. Aldi berean, lan berri horrek kanpora bidaiak egiteko aukera eman zion, eta bere hainbat idazkitan ikusi denez, oso garrantzitsuak izan ziren beretzat. 1905ean Triesteko Berlitz School-en ingelesa hobetzeko eskolak hartzea erabaki zuen eta bertan irakasle gazte bat ezagutu: orduan hogeitahiru urte zituen eta artean ezagunegia ez zen James Joyce idazlea. Harremana berehala bihurtu zen estua eta elkar trukatu zituzten beren idazkiak. Joyce-k, Chambers music poemak eta Dubliners, eskuizkribua irakurrarazi zizkion eta Svevok, aldiz, Una vita eta Senilità. Joyce liluratuta gelditu zen eta aitortu zion nobelagile bizien arteko orijinalenetakoa zela eta interesa piztu zion idazle italiar bakarra. Harreman horrek biziberritu egin zuen, eta berriro idazteari ekiteko asmoa erakutsi zuen.

        1914ko gerrak egoera berezia sortu zuen Triesten. Aitaginarreba, italiarra izanik, alde egitera behartu zuten. Alabak ere alde egin zuen eta Svevotarrak bakarrik gelditu Triesten. Svevo, nazionalitate austriarra zuenez, fabrikaren arduradun gelditu zen. Baina Svevok egin zien bihurrikeria baten ondorioz, eta jakina, hainbat elkarte abertzaletako partaide zelako, fabrika itxi eta etxea errekisatu zieten agintari austriarrek.

        Laneza egoera honek asko irakurtzeko beta eman zion. Garai hartan idazle ingelesak irakurri eta Freuden lanak italierara itzultzen hasi zen.

        1921ean gerra amaitua zen eta familia itzulia. Suhia fabrikan sartu zenean hirugarren nobela idazteari ekin zion «La coscienza di Zeno». 1923an argitaratu zen, oraingoan Boloniako argitaletxe baten eskutik. Baina oraingoan ere kritika italiarrak jaramon gutxi egin zion.

        Svevok, nahikoa jota, ez zuen etsi eta Joyce-ri bidali zion. Horri, aurretik liluratuta bazegoen ere, hori iruditu zitzaion hiruetan onena. Zenbait kritiko ingeles eta frantses garrantzitsurekin hitz egingo zuela agindu zion. Harreman horien ondorengo arrakasta izugarria izan zen Frantzian.

        Ordukoa da, 1925ekoa «Bidaia sentimental laburra». Urte horretan bertan jaso zuen lehenengoz Italian bere obraren goraipamena, Eugenio Montale kritiko italiarraren eskutik.

        1926an Italian «Svevo kasuaz» hitz egiten zen: alegia, hirurogeitalau urteko idazle bat, hogeitamalau urtetan zehar ezezaguna izan, eta orduan, batez ere atzerrian, «jeinu bat» eta «Italiak duen analisiaren lehen nobelagilea» zela ohartu.

        Ipuinak idazten jarraitu zuen eta Italian polemika handia zegoen Svevoren aldeko eta aurkakoen artean. Frantzian, aldiz, eta Alemanian ere dagoeneko ezagutzera eman baitzen, arrakasta eta onarpena gero eta handiagoak ziren.

        1928an, laugarren nobela hasi berria zuela, automobil istripu baten ondorioz hil zen, hirurogeitasei urte zituenean.

 

 

 

© Maite Lopetegi

 

 

"Italo Svevo / Bidaia sentimental laburra" orrialde nagusia