—BIGARREN LIBURUKIA—

BIDAIA SENTIMENTALA
ETAB., ETAB.

 

 

FILLE DE CHAMBREA
PARIS

 

        Frantses ofizial zaharrak bidaiei buruz kontatu zidanak gogora ekarri zidan Poloniok gai beraren inguruan bere semeari eman zion aholkua — eta horrek Hamlet-era eraman ninduen; eta Hamlet-ek Shakespearren gainerako obra guztietara; etxerakoan, Quai de Contin gelditu nintzen bilduma osoa erostearren.

        Liburusaltzaileak esan zidan ez zeukala bakar bat ere — Comment!, esan nuen bion erdian zegoen mostradore gaineko bilduma batetik bat hartuz. — Esan zidan igorri zizkiotela soilik enkoaderna zitzan, eta biharamun goizean Versaillesera bidali behar zituela Count de B****ri itzultzeko.

        — Eta Count de B**** horrek Shakespear irakurtzen al du? C'est un Esprit fort, ihardetsi zidan liburusaltzaileak. — Oso gogoko ditu liburu ingelesak; eta are ohoragarriago egiten duena, Monsieur, ingelesak ere maite ditu. Halako kortesiarekin mintzatzen zara, esan nion, nahikoa baita ingeles bat behartzeko Louis d'or bat edo bi zure dendan uztera — liburusaltzaileak erreberentzia bat egin zuen, eta zerbait esatera zihoanean, hara non hogei urte inguruko neska gazte prestu batek, bere planta eta janzkeragatik emakume modazale sutsu baten fille de chambrea zirudienak, dendara sartu eta liburusaltzaileari galdetu dion ea baduen Les Egarements du Coeur E de l'Esprit: liburusaltzaileak berehalakoan eman zion liburua; neskak saten berdezko zorrotxo bat atera zuen, kolore bereko zinta bat jirabueltan zeukana, eta hatz erakuslea eta erpurua zorrotxo barruan sartuz, dirua atera eta liburua ordaindu zuen. Nola jada ezerk ere ez baininduen dendan geratzera behartzen, biok elkarrekin irten ginen ateraino.

        — Eta zer egin behar duzu, ene maitea, Bihotzaren Galbideak-ekin, noiz eta bat ere duzunentz ez baitakizu?, ez behintzat harik eta lehenik amodioak baduzula aitortuko dizun arte, edo artzain desleialen batek bihotza minduko dizun arte, eta ziur egon zaitezke halaxe dela. — Le Dieu m'en guard!, bota zuen neskak.— Arrazoi guztiarekin, esan nion nik; izan ere, zinez bihotz ona bada, tamalgarria litzateke norbaitek halako bihotza lapurtzea; zure altxor preziatua da, eta itxura hobea ematen dio zure aurpegiari, are perlaz apaindurik balego ere.

        Neska gaztea arreta maltso batekin ari zen entzuten, denbora guztian zehar satenezko zorrotxoa zintatik helduta zeukalarik — Oso zorro txikia da, esan nuen zorroaren azpialdeari helduz — eskura luzatu zidan — eta gauza gutxi dago barruan, ene maitea, esan nuen; baina ederra zaren bezain ona bazara, Jainkoak beteko dizu. Koroa batzuk neramatzan eskuan Shakespearrena ordaintzeko; eta zorroa erabat soltatu zuenez, txanpon bat sartu nuen barruan; eta zinta begizta batekin lotuz, berriz ere eman nion.

        Neska gazteak egin zidan erreberentzia gertuago zegoen apal izatetik lurretik baino — makurtze isil eta esker onetariko bat izan zen, non izpirituak berak gur egiten duen — gorputzak adierazi baino ez du egiten — Neska bati koroa bat emateak ez zidan nire bizitza guztian horrenbeste plazer eman inondik inora ere.

        Nire aholkuak, maitea, ez zuen fitsik balioko, esan nuen, aldi berean koroa hau eman ez banizu; baina orain, koroa ikusten duzunean, gogoratu egingo duzu — beraz, ene laztana, ez ezazu zintetan xahutu.

        Zin dagizut, Sir, esan zuen neskak serio-serio, ez naizela horretarako kapaz — eta hori esan eta, ohorezko paktu txikietan ohikoa den legez, bere eskua luzatu zidan — En verité Monsieur, je mettrai cet argent apart, esan zidan.

        Gizon baten eta emakume baten artean tratu bertutezko bat egiten denean, haien pausorik sekretuenak santifikaturik geratzen dira; beraz, iluntzen ari bazuen ere, eta nola gure bideek norabide bera hartu baitzuten, ez genuen inolako eskrupulorik izan Quai de Contin zehar elkarrekin paseatzen joateko.

        Beste gur bat egin zidan abiatu ginenarekin batera, eta atetik hogei yardatara ez geundenean, lehenago egin zuena nahikoa izan ez balitz bezala, hara non halako geldiune txiki bat egiten duen berriz esateko eskertu egiten didala.

        Tributo txiki bat zen, esan nion, ezinbestean ordaindu behar izan niona bertuteari, eta ez zitzaidan gustatuko jaso zuen pertsonak gaizkitzat har zezala inondik inora ere — izan ere inozentzia ikusten dut, ene maitea, zure aurpegian — eta zoritxarrak hartuko ahal du haren ibilbidean lakio bat jartzen duen gizona!

        Bazirudien neska nolerebait hunkituta zegoela esan nuenaz — zizpuru leun bat egin zuen — Ohartu nintzen ez neukala guztiarekin ere horretaz galdetzeko inolako eskurik — beraz, ez nuen ezer esan harik eta Rue de Neverseko izkinaraino iritsi nintzen arte, non banantzekoak baikinen.

        — Baina bide hau al da, ene maitea, esan nion, Hotel de Modenera daramana?, hala zela erantzun zidan — edo Rue de Guineygaudetik ere joan nintekeela, zeina buelta eman eta bertan baitzegoen. — Orduan, ene maitea, esan nion, Rue de Guineygandetik joango naiz bi arrazoirengatik: aurrena, nire burua kontent utziko dudalako, eta, hurrena, nire konpainiaren babesa emango dizudalako behintzat zure bideari jarraitzea izango dudan arte. Neska konturatu zen xeratsu nintzaiola — eta esan zuen nahiago zukeela Hotel de Modene Rue de St Pierren egon balitz — Han bizi al zara?, esan nuen. — Esan zidan Madame R****ren fille de chambre zela — Ene Jainkoa!, bota nuen nik, hain zuzen ere Amiensetik gutun bat ekarri diodan emakume bera da — Neskak esan zidan Madame R****, aidanez, gutun bat eraman behar zion arrotz baten zain zegoela, eta arrotza ikusteko ezinegonak hartua zegoela — horrenbestez, neskari galdegin nion nire konplimenduak ager ziezazkion Madame R****ri, eta esan ziurrenera bisita egingo niola biharamun goizean.

        Hori gertatu zenean, geldirik geunden Rue de Neverseko izkinan — Orduan, une batez geratu ginen neskak bere Egarements de Coeur, etab. jar zezan eskuan baino erosoagoa izango zen beste toki batean — bi ale ziren; hala bada, bigarrenari heldu nion berak lehenengoa bere poltsan gordetzen zuen bitartean; eta orduan poltsa luzatu zidan eta bestea sartu nuen.

        Atsegingarria da sentitzea zein hari finez dauden elkarrekin josita gure txerak.

        Berriro abiatu ginen gure bidean, eta hirugarren pausoa eman zuenean, eskua jarri zidan besoan — ni ere eskatzekotan nengoen — baina hain bere-beretik eta halako lañotasun deliberatugabearekin egin zuen, non argi agertu baitzen ez zitzaiola burutik pasa ere egin lehenago ikusia ninduenik. Neure aldetik, hain gogor sentitu nuen odolkidetasunaren froga, non nahitaez buelta erdia eman bainuen neskaren aurpegiari so egin eta ikusteko ea aurpegian aurki nezakeen famili antzekotasun baten trazarik — Hara!, esan nuen, ez al gara guztiok ahaide?

        Rue de Guineygandeko izkinaraino iritsi ginenean, gelditu nintzen adio betiko esateko; neskak berriz ere eskerrak eman zizkidan nire konpainia eta adeitasunagatik — Adio esan zidan birritan — Nik ere beste horrenbeste egin nuen; eta hain amultsua izan zen gure agurra ezen, beste nonbait gertatu izan balitz, ez bainago oso seguru agurra karitatezko musu batekin itxiko nuenentz apostolu batek bezain txeratsu eta santukiro.

        Ordea nola Parisen inork ez dion batak besteari musu ematen gizonek salbu, hein berdineko ordaina eman nion —

        — Jainkoari erregu egin nion bedeinka zezala.

 

 

PASAPORTEA
PARIS

 

        Ostatuz nengoen hotelera iritsi nintzenean, La Fleurrek kontatu zidan poliziako teniente bat nire galdezka ibilia zela — Deabruak eraman dezala berekin!, esan nuen — Badakit zergatia. Bada garaia irakurlea jakinaren gainean jar dezadan, zeren fortunatu ziren gauzen ordenaren arabera, bazter batean utzi bainuen; ez nire burutik at zegoelako, baizik eta, kontatu izan banu, honezkero ahazturik egongo zelako — eta oraintxe nahi nuke aditzera eman.

        Presaren presaz abiatu nintzelarik Londresetik, ez zitzaidan burutik pasa ere egin Frantziarekin gerran geundenik; eta Doverrera iritsi eta nire antiojoekin Boulognez haragoko mendiskei so egin ez nien arte, ez zitzaidan halako ideiarik otu; eta gerran egoteak zekarren ondorioa ere ez, hau da, ez zegoela pasaporterik gabe haraino iristerik. Kale baten bukaeraraino baldin banoa, gorroto izugarria diot abian jarri naizenean baino jakintsuago ez itzultzeari; eta nola hau baitzen nire jakinduria emendatzeko bizitzan inoiz egin izan nituen ahaleginetan handienetako bat, pentsatze hutsa ere ezin nuen eraman; beraz, Count de ****k pakebotea alokatua zuela entzunik, erregu egin nion bere suitean har nintzan. Kondeak pixka bat ezagutzen ninduenez, eragozpen gutxi jarri zuen edo batere ez — soilik esan zuen bere lagundu-nahia ez zela Calais baino harago helduko, izan ere Parisera itzuli beharra baitzeukan Bruselarako bidea harturik; haatik, behin eta Calais igarorik, Parisera irits nintekeela geldialdirik gabe; baina Parisen lagunak hartu beharko nituela eta bakar-bakarrik moldatu. — Uztazu Pariseraino joaten, Monsieur le Count, esan nuen nik, eta poliki asko konponduko naiz. Horrenbestez, pakebotera igo nintzen eta ez nuen gehiago gai horretaz pentsatu.

        La Fleurrek esan zidanean poliziako tenientea nire galdezka ibilia zela, kolpetik etorri zitzaidan gogora atzera ere — eta La Fleurrek aferaren jakitun jarri ninduenerako, hoteleko jabea gelara etorri zitzaidan gauza bera esatera eta hau gaineratu, alegia, poliziak nire pasaporteaz galdetu zuela bereziki; hoteleko jabeak bukatu zuen esanez gutxienez espero zuela nik bat izango nuela — Ez, alajaina!, bota nuen.

        Hori aitortzearekin batera, hoteleko jabea nigandik hiru pausotara aldendu zen, izurriak joa dagoen norbaitengandik bezala — eta La Fleur gaixoak hiru urrats eman zituen niganantz arima zintzo batek dohakabe bat faboratzearren egin ohi duen mugimendu horrexekin — horrela mutilak nire bihotzean sartzea erdietsi zuen; eta jokaera sinple horretatik haren izaera hain ondo ezagutu nuen, eta haren izaeraren ezagutza hain oso bat erdietsi nuen, eta haren baitan hain konfiantza sendoa ezarria nuen, nola zazpi urtez zintzo eta leialki zerbitzatu izan banindu.

        Mon seigneur!, oihukatu zuen hoteleko jabeak — baina sosegua ostera bereganatu zuelarik deiadarra bukatu zueneko, hitzetik hortzera aldatu zuen tonua — Baldin eta Monsieurrek, esan zuen, ez badauka pasaporterik (apparemment), seguruenik Parisen izango du pasaportea eskuratu ahalko dion lagunen bat. — Ez bederen nik ezagutzen dudanik , esan nion axolakabe antzean. — Orduan certes, ihardetsi zuen, Bastilara edo Chateletera bidaliko zaituzte, au moins. — Bai zera!, esan nuen nik, Frantziako erregea bihotz oneko gizasemea da — ez lioke inori minik emango. — Cela n'empeche pas, esan zuen — ez dago dudarik batere, bihar goizean Bastilara bidaliko zaituzte.— Baina zure ostatua hartua dut hilabete baterako, erantzun nuen, eta ez dut egun bakar bat ere lehenago utziko ezta Frantziako errege guztiek hala eskatuta ere. La Fleurrek belarrira xuxurlatu zidan inor ezin zitzaiola jarki Frantziako erregeari.

        Pardi!, esan zuen ostalariak, ces Messieurs Anglois sont des gens très extraordinaires — eta behin esan eta juramentu egin zuenean, alde egin zuen.

 

 

PASAPORTEA
PARISEKO HOTELA

 

        Ez nuen behar adina bihotz La Fleur martirizatzeko nire estuasunaren zergatiari buruzko ikuspegi serio batekin, eta arrazoi horrexegatik hain arrandia handiarekin erabili izan nuen; eta La Fleurri erakustera emateko nire buruak zer karga arina zeraman gainean, arazoa erabat bazter utzi nuen; eta afaria mahaira ekartzen zidan bitartean, ohikoa zena baino alaitasun handiagorekin mintzatu nintzaion Parisi buruz eta opera comiqueaz. — La Fleur bera ere izana zen han, eta kaleetan zehar niri jarraika etorria zen liburusaltzailearen dendaraino; baina ikusi ninduelarik kanpora irteten fille de chambre gaztearekin, eta elkarrekin paseoan abiatu ginela Quai de Contin barrena, berekiko pentsatu zuen ez zela beharrezkoa izango nire atzetik pauso bat gehiago ematea — hala bada, gorabehera horren gainean bere gogoeta partikularrak egin zituelarik, bide lasterrago bat hartu eta hotelera garaiz heldu zen poliziarekin nire etorrera zela-eta izandako aferaren berri jakiteko.

        Kreatura zintzo eta prestua mahaia jasotzen bukatu eta afaltzera jaitsi zen bezain laster, serioxeago pentsatzen hasi nintzen nire egoeraz. ——

        — Eta hemen badakit, Eugenius, barre egingo duzula bideari lotzera nindoan unean biok eduki genuen hizketa labur hura gogoratzean — Hemen dut orain kontatu behar.

        Eugeniusek, ezaguturik hala diruz nola pentsamenduz gainezka kargaturik egoteko gauza ez nintzela, leku apart batera eraman eta itaundu zidan ea zenbat neraman aldean; zenbateko zehatzaren berri eman nionean, buruari eragin zion eta esan ez zela aski izango; beraz, bere diruzorroa atera zuen nirean husteko xedearekin. — Nire kontzientziak aski du honekin, Eugenius, esan nion. — Bai zera, Yorick, ez duzu nahikoa, ihardetsi zuen Eugeniusek; zuk baino hobeto ezagutzen ditut Frantzia eta Italia. — Baina ez al zara konturatzen, Eugenius, esan nion haren eskaintza errefusatuz, ezen Parisen hiru egun igaro baino lehenago, propio arduratuko naizela Bastilan ni katez lotzeko moduko zerbait esaten edo egiten, eta bertan hilabete pare batez edo biziko naizela Frantziako erregearen lepotik. — Barkamena eskatzen dizut, esan zuen lehor Eugeniusek; egia esateko, kako-mako horretaz erabat ahazturik nengoen.

        Orduan, alaitasunez erabili izan nuen gertaera ate joka etorri zitzaidan serio asko.

        Zentzugabekeria al da, edo axolagabekeria, edo filosofia, edo setakeria — edo zer ote dut nire barnean noiz eta, azkenean, La Fleur eskaileretan behera joan zenean eta bakar-bakarrik geratu nintzenean, ezin izan bainuen afera hura burutik kendu eta pentsatzen jarraitzen bainuen Eugeniusekin hitz egin nuen okasio hartan bezalaxe?

        — Eta nora eta ... Bastilara!, hitzak berak sortzen du izu-ikara — Imajina ezazu ahal duzun guztia, esan nion neure buruari, Bastila, guztiarekin ere, dorre batentzako hitza baino ez da — eta zer ote da dorre bat, ezpada beste hitz bat irteterik ez daukazun eraikuntza batentzat — Gupida izan hezueriak jota dauden horietaz!, izan ere urtean bitan bertan ematen baitituzte beren egunak — haatik, bederatzi librarekin eguneko, luma, tinta, papera eta egonarria edukitzez gerotan, ezein gizasemek irteterik ez izanagatik ere, poliki asko moldatuko lirateke barruan — behintzat hilabete baterako edo sei astetarako; eta behin denbora hori igaro dutenean, eta ogi puska bat baino hobeak badira, haien errugabetasuna azalduko da eta sartu zirenean baino gizon hobeak eta jakintsuagoak irtengo dira.

        Halako gogoeta nire artean nerabilelarik, okasio bat edo beste izan nuen (zein ahaztu dut ordea) patiora ateratzeko; eta gogora datorkit nola eskailerak jaitsi nituen nire arrazoibide handiusteko hartan garaile baino garaileago irten izan banintz bezala — Pintzel itzaltsu madarikatua!, bota nuen harro antzean — izan ere ez diet batere inbidiarik haren ahalmen, bizitzaren zorigaitz beltzak hain kolore gordin eta latzekin pintatzen dituztenei: gogoa izu-ikarak hartua dago berak goretsi eta belztu dituen objetuei begira; alda itzazu haien neurri eta kolore berezkoetara; eta gogoak ez die arretarik eskainiko — Egia da, esan nuen eskaintza zuzenduz — Bastila ez da arbuia daitekeen gaitz bat — baina ken iezaizkiozu dorreak — bete ezazu fosséa — bota barrikadak ateetatik kanpora — konfinamendua besterik ez deitu, eta demagun alditxar baten tiraniaren bat dela — eta ez barruan preso atxikitzen zaituen gizonarena — gaitza itzaltzera doa, eta zuk beste erdia jasaten duzu kexarik eman gabe.

        Bakarrizketa horren erpinean nengoelarik, ahots, haur batena iruditu zitzaidan batek eten egin ninduen, zeina kexaka ari baitzen «ezin naiteke irten». — Pasadizoaren alde batera eta bestera begiratu nuen, eta ez gizonik, ez emakumerik, ez haurrik ere ikusi ez nuelarik, kanpora joan nintzen arreta gehiagorik gabe.

        Atzera ere pasadizoan barrena nindoalarik, hitz berberak aditu nituen behin eta birritan errepikatuak; eta gora begira jarrita ikusi nuen arabazozo bat zela, zintzilik zegoena kaiola baten barruan. — «Ezin naiteke irten — Ezin naiteke irten», zioen arabazozoak.

        Txoriari beha geratu nintzen; eta jendea nondik hurbildu, hara jausten zitzaien hegaldaka pasadizotik igarotzen ziren guztiei bere gatibutasunaren gaineko lantu berdinarekin. — «Ezin naiteke irten», zioen arabazozoak —— Jainkoak lagun diezazula!, bota nuen nik, ordea nik askatuko zaitut kosta ahala kosta; beraz, kaiola inguruan buelta eman nuen ateraino iristearren; hain irmo lotuta eta birlotuta zegoen burdin hariz, non ez baitzegoen inondik ere irekitzerik kaiola jo eta txikitu gabe — Bi eskuekin heldu nion.

        Txoria hegan joan zen hura libre uzteko ahalegina egiten ari nintzen lekuraino, eta burua barretara oldartuz, bularra estutu zuen haien kontra ezinegonak hartua bailegoen —— Beldur naiz, kreatura gaixo hori!, esan nion, ezin zaitudala askatu — «Ez», esan zuen arabazozoak — «Ezin naiteke irten — Ezin naiteke irten», zioen arabazozoak.

        Zin dagit inoiz ez zaizkidala ene grinak hain amoltsuki iratzarri; eta ez dudala gogoratzen beste gertaerarik, non izpiritu barreiatuak, zeinen ustez ene arrazoia zirtzileria besterik ez baita, hain tupustean itzuli diren nire baitara. Notak mekanikoak izan arren, halere naturarekiko hain harmonia goxoan kantatuak ziren, ezen kolpetik deuseztu baitzituzten Bastilari buruz eginak neuzkan arrazoitze sistematiko guztiak; eta astun nituen eskailerak igo, jaistean esandako hitz guztiak jan egin nituelarik.

        Mozorro zaitez zeinahi gisaz, baina beti gatibu!, esan nuen — oraino ere gustu garratza daukazu; eta garai guztietan milaka badira ere dastatu zaituztenak, horregatik ere lehen bezain garratza zara. — Zeu zara, hiru aldiz eztia eta graziaz betea zarenori!, Libertateari zuzendu nintzaiolarik, guztiek agerian nahiz ezkutuan adoratzen dutena, zeinaren zaporea atsegina baita, eta betiko izango ahal da!, harik eta Naturaleza bera mudatuko den arte — ezein hitzezko orbanek ezin du zure elurrezko maindirea zikindu, ez inongo ahalmen kimikok zure zetroa altzairuzko bihurtu — artzain-mutil bat, zeinak ondoan baitzauzka irribarre egin diezaiozun bere ogi kozkorra jaten duen bitartean, kortetik erbesteratu zaituen erregea baino zoriontsuagoa da — Jainkoarren!, oihukatu nuen belauniko jarririk nire igoerako azken-aurreko harmailan — emaidazu aski osagarri, Emaile handia zaren horrek, eta eman ere laguntzat jainkosa eder hau — eta egotzi zure mitrak, baldin eta ongi iruditzen bazaio zure probidentzia jainkozkoari, haien irrikaz daudenen buru gainera!

 

 

GATIBUA
PARIS

 

        Kaiolako txoriak gela barruraino jarraitu zidan; nire mahaiaren hurbilean jezarri nintzen, eta burua eskuan bermatuz, imajinatzen hasi nintzen giltzapetzeak zekartzan miseriak. Gogo aldarte egokian aurkitzen nintzen horretarako, eta beraz irudimenaren hegoak askatu nituen.

        Esklabotasunera jaiotzea baino beste ondarerik jaso ez duten milioika lagun hurkorekin hastera nindoan; baina oharturik ezen, irudiaren hunkigarritasuna gorabehera, ezin nuela irudia niregana hurbilarazi, eta imajinan ageri ziren dohakabeen samalda izugarriak adia kendu besterik ez zidala egiten ——

        — Gatibu bakar bat hartu eta, aurrena leotzean itxi nuelarik, burdinesizko atetik irazten zen argi-izpitik so egin nuen haren irudia egitearren.

        Haren gorputza ikusi nuen itxaropenak eta konfinamenduaren luzeak erdi ahitua, eta sentitu nuen zer-nolako bihozmina den gerora dagoen esperantzak sortzen duena. Gertuagotik begiratutakoan, zurbil eta sukartsu antzeman nion: hogeita hamar urtetan behin ere ez zuen mendebaldeko brisak haren odola freskatu — denbora horretan guztian ez zuen ez eguzkirik, ez ilargirik ikusi — ez inongo lagunen edo senideren ahotsak burdinesitik arnasa eman — ez bere seme-alabenak —

        — Baina hemen bihotza erdiratzen hasi zitzaidan — eta behartu ninduen potretaren beste parte batekin jarraitzera.

        Lurrean zegoen lasto pixka baten gainean zegoen eserita, leotzaren bazterrik urrutienean, noiz bere aulkia, noiz bere ohea zena: burualdean zotzezko kalendario txiki bat zegoen jarrita, bertan igaroak zituen egun eta gau zorigaiztokoen koskekin alderik alde markatua — eskuan zotz txiki horietako bat zeukan, eta iltze herdoiltsu batekin beste egun miseriazko bat grabatzen ari zen gainerakoei gehitzeko asmoarekin. Nola ilundu egiten bainion zeukan argi eskaxa, begirada esperantzagabeko bat egotzi zuen ate alderantz, gero begiak jaitsi zituen, buruari eragin zion eta aurrera jarraitu zuen bere lan nahigabez betearekin. Oinetan zeramatzan kateak entzun nituen, bere zotz txikia pila gainean jartzearren gorputza jiratu zuenarekin batera — Hasperen sakona egin zuen — Burdina bere ariman sartzen ikusi nuen — Negarrari eman nion — Ezin nuen eraman nire fantasiak irudikatu zuen imajina — Aulkitik zutitu nintzen eta La Fleurri hots eginez, arren eskatu nion remise bat akura zezala eta hoteleko ate aurrean gertu eduki zezala goizeko bederatzietarako.

        Zuzen-zuzenean joango naiz Monsieur le Duc de Choiseul ikustera, esan nuen.

        Oherakoan La Fleurrek pozik asko lagunduko zidan eranzten; baina nola ez bainuen nahi halako gizaseme zintzo batek nire masailan ikus zezan bihotzekoak jotzeko moduko deusik ere, inoren laguntzarik gabe oheratuko nintzela esan nion — eta arren eskatu nion berdin egin zezala berak ere.

 

 

ARABAZOZOA
VERSALLESEKO BIDEA

 

        Nik ezarritako orduan sartu nintzen remisean, eta erregu egin nion karroza gidariari ahalbait biderik lasterrenetik joan zedila Versallesera.

        Nolaz eta ibilbide honetan zehar ez baitzegoen ezer, edo gutxienez bidaiatzean bilatzen dudan ezertxo ere, zer egokiago orri zuri hau betetzeko lehen aipatu txoriaren gaineko istorio laburra baino, zeina azken kapituluaren gai bihurtu baitzen.

        Mr **** ohoragarria Doverren zen bitartean haizea noiz jaikiko zain, bere otseina zen mutil ingeles batek labarretan harrapatu zuen txoria, hegan ondo egiten artean ez zekiela; eta mutila txoria hiltzeko prest ez zegoenez gero, golkoan gorde eta pakebotean sartu zuen — eta jaten emanez, eta behin bere magalpean hartu zuenean, egun batean edo bitan txoriari gero eta atxikimendu handiagoa hartu zion, eta onik eraman zuen berekin Pariseraino.

        Mutilak libra bat gastatu zuen Parisen arabazozoarentzako kaiola txiki bat erosten, eta nola ez baitzuen beste zeregin hoberik aurkitu bere ugazabak han igaro zituen bost hilabeteotan, bere ama hizkuntzan irakatsi zizkion lau hitz sinple horiek — (eta ez gehiago) — zeinen aitortu bainuen zordun handia nintzela.

        Haren ugazaba Italiarako bidean abiatu zelarik, mutilak hoteleko nagusiari eman zion txoria — Baina askatasunaren aldeko kantu labur hori Parisen ezezaguna zen hizkuntza batean zegoenez, hoteleko nagusiak ez zion jaramon handirik egin edo batere — beraz, La Fleurrek bai txoria bai kaiola erosi zituen niretzat Borgoinako botila baten truke.

        Italiatik bueltan nirekin ekarri nuen notak ikasi zitueneko hizkuntzaren herrialdera — eta Lord A-ri kontatu niolarik txoriari buruzko istorioa, Lord A-k erregutu zidan txoria eman niezaion — aste baten buruan Lord A-k Lord B-ri eman zion — Lord B-k oparitu egin zion Lord C-ri — eta Lord C-ren ganbarazainak txelin batean saldu zion Lord D-renari — Lord D-k Lord E-ri eman zion — etab., etab. — alfabetoaren erdiraino — Maila horretatik beheko Ganbarara pasatu zen, eta Komun anitzen eskuetan ibili zen — Ordea nola hauek guztiek barruan sartu nahi zuten, eta nire txoriak kanpora irten gura zuen, Londresen ere ez zioten Parisen baino jaramon handiagorik egin.

        Agian nire irakurleetariko askok txoriaren berri izango zuten; eta inork deskuiduan inoiz ikusi badu, arren eskatzen diot aditzera eman dezala txori hori nirea zela — edo nire txoria imitatzeko erabilitako kopia zitalen bat.

        Txoriari buruz ez daukat ezer gehiago eransteko, salbu eta ordutik hona arabazozo gaixo hau hartu dudala nire armarriaren gainaldetzat. — Hots:

        Eta utziezu heraldikako ofizialei lepoa bihurri diezaioten, baldin eta horretarako ausardia hartzen badute.

 

 

ESKAERA
VERSALLES

 

        Ez litzaidake inola ere gustatuko nire arerioak nire gogoari begiratu bat egotziko balio norbaiti bere babesa eskatzera noakionean; eta arrazoi horrexegatik gehienetan saiatzen naiz neure burua babesten; baina Monsieur Le Duc de C*****rengana jotzea bortxazko egitate bat izan zen — aukerako egitate bat izan balitz, sinetsita nago, gainerako jende guztiak bezala egingo nukeen.

        Nire bidean nindoalarik, zenbat eskaera zikinetan ez ote zituen nire mirabe-bihotzak bere asmo ezduinak mamitu! — Bastila ongi irabazia nuen asmo horiengatik guztiengatik.

        Versalles ikusmenean izatean deusik ere ez zitzaidan baliatuko, salbu eta hitzak zein esaldiak elkarrekin jartzea, eta Monsieur Le Duc de C*****ren fabore eta graziak iristeko moduko jarrera eta tonuak asmatzea — Honek balioko du, esan nuen — jostun abenturazale batek Monsieurri bere neurriak hartu gabe egindako jakak balio duen bezalaxe, ihardetsi nuen berriz ere — Ergela!, jarraitu nuen — ikusi lehenik Monsieur Le Ducen aurpegia — soizu zer-nolako izaera ageri duen — erreparatu nolako postura hartzen duen zuri entzuteko — apuntatu haren gorputz eta gorputzadarraren imintzio eta espresioak — Eta tonuagatik — haren ezpainetatik irteten den lehen hotsak emango dizu aditzera nola jokatu behar duzun — eta seinale horiei guztiei esker, hitzetik hortzera eta han bertan moldatuko duzu eskaera bat, Dukea nahigabetuko ez duena — ingredienteak bere-bereak dira, eta seguraski harrera ona izango dute.

        — Ongi da, esan nuen, nahiago nuke auzi hau bukaturik balego — Koldar halako hori!, lur gainean gizakiak oro bata bestearen aurrean berdinak ez bagina bezala; eta baldin eta bataila-zelaian halaxe bada — zergatik ezin egon aurrez aurre kabinetean ere? Eta sinetsidazu, Yorick, noiz ere horrela ez baita, gizona gezurretan ari da bere buruarekin, eta hamar aldiz saldu egiten ditu bere helpideak, Naturalezak behin bakarrik saltzen dituen bitartean. Zoaz Duc de C*****rengana zure begirada Bastilan finkatuta duzula — lepoa egingo nuke ordu erdi baten inguruan Parisera bidaliko zaituztela eskolta eta guzti.

        Iritzi berekoa nauzu ni ere, esan nuen — Orduan, alafede!, dukeagana joango naiz munduko alaitasun eta adeitasunik handienarekin. ——

        — Eta hara non berriro ere oker zauden, ihardetsi nuen — Goxo-goxo dagoen bihotz bat, Yorick, ez da inoiz muturretaratzen — erdian dago betiere. — Ongi da! Ongi da!, oihukatu nuen karroza gidariak sarrerarantz bira egin zuenarekin batera, uste dut oso ondo egingo dudala; eta patiorantz jira egin eta ateraino eroan ninduenean, hain ondo sentitu nintzen nire lezioagatik, ezen ez bainituen harmailak igo justiziaren biktima baten moduan, zeina bizitzari harmailarik altuenetik agur esatera baitoa — ez igo ere jauzi batez eta oinkada pare batez, zugana hegaldatu nintzenean bezala, Eliza!, bizitzarekin elkartzeko.

        Salako atetik sartu nintzenean, harrera egin zidan seguraski maitre d'hôtela izango zen gizon batek, idazkariordeetako baten traza handiagoa bazuen ere, eta aditzera eman zidan Duc de C***** lanpetua zegoela — Erabat ezjakina naiz, esan nuen, audientzia lortzeko jarraitu beharreko urrats eta moduetan, alde guztiz arrotza naizenez gero, eta are okerragoa dena aferen oraingo egoeran: ingelesa ere naizenez gero. — Erantzun zuen ingelesa izateak ez zuela zailtasuna areagotzen. — Erreberentziatxo bat egin eta adierazi nion banuela garrantzi handiko zerbait Monsieur le Duci esateko. Idazkariak harmailetarantz begiratu zuen, aferaren berri ematera norbaitengana jotzen uzteko prest egon balitz bezala — Baina ez zaitut tronpatuko, esan nuen; zeren esateko dudanak ez baitauka inolako garrantzirik Monsieur le Duc de C*****rentzat — baina bai ordea niretzat. — C'est une autre affaire, ihardetsi zuen — Inola ere ez gizon prestu batentzat, esan nuen. — Baina otoi, ene jauna, jarraitu nuen, noiz izan dezake arrotz batek accesse izateko itxaropena? — Bi ordu baino lehenago ez behintzat, esan zidan erlojuari begiratuz. Patioan zegoen ekipaje mordoak kalkulua justifikatzen zuela zirudien, eskueran beste aukerarik ez izatekoa alegia — eta nola salan une hartan atzerantz nahiz aurrerantz eta hizketa lagunik gabe ibiltzea Bastilan bertan egotea bezain txarra baitzen, bet-betan itzuli nintzen nire remisera, eta arren eskatu nion karroza gidariari Cordon Bleuraino eraman nintzan, huraxe baitzen hurbilen zegoen hotela.

        Uste dut nolabaiteko halabeharra dagoela honetan guztian — gutxitan joan ohi naiz abian jartzen naizeneko tokiraino.

 

 

LE PATISSER
VERSALLES

 

        Kalean barrena abiatu eta kale erdira iritsi baino arinago, ideiaz aldatu nuen: Versallesen naizenez gero, pentsatu nuen neure artean, berdin joan naiteke hiriari begiratu bat ematera; beraz, kordeletik tiratu eta karroza gidariari agindu nion eraman nintzala kale garrantzitsuenetatik zehar paseo bat ematera — Uste dut hiria ez dela oso handia, esan nion. — Gidariak barkamena eskatu zidan nire ustea zuzentzeagatik, eta adierazi zidan hiria berebizikoa zela, eta duke, markes eta konde handienetariko askok eta askok bertan zituztela beren egoitzak — Count de B****, zeinari buruz Quai de Contiko liburusaltzailea hain bikain mintzatu baitzen lehengo gauean, kolpetik etorri zitzaidan burura. — Eta zergatik ez naiz joango, otu zitzaidan, Count de B**** ikustera, zeinak hain iritzi ona baitauka ingeles liburuez eta jendeaz, eta nire historia kontatu?, horrenbestez, bigarrenez aldatu nuen iritziz — Egia esateko hirugarrena zen; zeren egun hartan Madame de R****rekin lotuta bainengoen Rue St Pierren, eta debozio handi batekin igorria bainion nire hitza haren fille de chambrearen bitartez dudarik ez izateko agurtzera joango nintzaiola — baina zirkunstantziek gobernatzen naute — nik haiek ezin goberna ordea; beraz, gizon bat otzara batekin ikusi nuelarik kalearen beste aldean, zerbait saltzeko balu bezala, arren eskatu nion La Fleurri harengana hurbil zedin eta galde ziezaion kondearen egoitzaz.

        La Fleur zurbil samar itzuli zen; eta esan zidan Chevalier de St Louis bat zela pâtésak saltzen zebilena — Ezin daiteke izan, La Fleur!, bota nuen. — La Fleurrek ez zion nik baino fede handiagorik ematen halako fenomenoari; baina behin eta berriz ekiten zion gertaera kontatzeari: gurutze urreztatua ikusi ziola, zinta gorrixta bere botoizuloari josia zeukala — eta otzara barruan begiratu eta ikusi zituela Chevalier saltzen ari zen pâtésak; beraz, ezin zitekeela horretan oker ibili.

        Halako nahigabe batek jakinmina baino printzipio hobeago bat iratzartzen du gizonaren bitzitzan: remisean jezarrita nengoen bitartean, ezin izan nuen saihestu une batez Chevalierri begira geratzea — zenbat eta gehiago so egiten nien hari, haren gurutzeari eta otzarari, orduan eta nahasiago matazatzen ziren nire buruan haien irudiak — Remisetik jaitsi eta harenganantz zuzendu nintzen.

        Lihozko amantal garbi batez zegoen beztitua, belaunetatik behera erortzen zitzaiona, eta papar pareraino iristen zitzaion lerde-zapi antzeko batekin lotua; lerde-zapi horren goialdean baina azpildura baino beheraxeago zeraman zintzilik bere gurutzea. Pâté txikiz beteriko otzara damasko zurizko oihal batekin estalia zegoen; otzararen hondoan antzeko beste oihal bat zegoen hedatua; eta guztiari halako propreté eta txukuntasun aire bat zerion, ezen edonork lasai asko erosi ahalko baitzizkion pâtésak hala apetituagatik nola sentimenduengatik.

        Izan ere, bere pâtésak ez zizkion inori eskaintzen; baina, aitzitik, geldi-geldi zegoen bere gozopilekin etxe baten izkinan, eskatu gabe erosi nahiko zituztenen peskizan.

        Berrogeita zortzi urte inguru zituen — traza sosegatukoa, nolabait ere grabitatera hubiltzen zitzaiona. — Ez nintzen harritu. — Harengana baino areago otzarara hurbildu nintzen, eta oihala altxatu eta pâtésetariko bat eskuan hartu nuelarik, erregu egin nion arren esplika ziezadan hain hunkitu ninduen agerraldia.

        Hitz gutxitan azaldu zidan ejerzituan igaro zuela bere bizitzako zatirik onena, non, bere ondarearen parte txiki bat gastatu ondoren, konpainia bat eta konpainiarekin batera gurutzea ere erdietsi baitzituen; baina azken bakealdiaren hondarrean, haren errejimentua berrosatu zelarik, eta gudaroste osoa beste zenbait errejimenturenekin batera hornigairik gabe geratu zelarik, lagunik eta librarik gabe aurkitu zela mundu zabal honetan — eta, egia aitortzeko, gurutzeaz beste ezertxo ere gabe — (hau esateaz bat, gurutzea seinalatzen zuelarik) — Zaldun gaixoak nire errukia irabazi zuen, eta eszena amaitu zuenerako nire estimua ere bereganatua zuen.

        Erregea, esan zidan, printzeetan esker onekoena zen, baina halere bere esker onak ezin zituen gizaseme guztiak libratu, ez saritu ere, eta soilik haren dohakabetasunari zor zitzaiola zoritxarrekoen artean suertatzea. Bazuen emazte bat, esan zuen, maite zuena eta patisserie egiten zuena; eta erantsi zuen ez zuela inolako desohorerik sentitzen bere emaztea eta bere burua behartasunetik horrela defenditzeagatik — non eta Probidentziak beste bide hobeago bat eskainiko ez zion.

        Gaiztakeria handia litzateke ongiari plazer bat kenduko bagenio, eta St Louisen zaldun gaixoari bederatzi bat hilabete lehenago gertatu zitzaiona bazter utziko bagenu.

        Aidanez, bere postua jarri ohi zuen jauregiraino zeramaten burdinazko ateetatik hurbil, eta nola haren gurutzeak makina bat lagunen begia jo baitzuen, makina bat jendek ere nik egin galdera bera egina zion — Istorio berdina kontatu zien guztiei, eta okasio guztietan hain apaltasun handiarekin eta hain zentzu onarekin kontatu ere, non azkenean erregearen belarrietara heldu baitzen — eta erregeak entzun zuen zalduna ofizial kementsua izan zela, eta errejimentu osoak itzal handia ziola gizon ohorezkoa eta zuzena zen aldetik — eta erregeak haren negozio txikia bertan behera uztera behartu zuen urtean mila eta bostehun librako pentsioa emanez.

        Nolaz eta hau kontatu baitut irakurleari atsegin emateko xedearekin, erregu egiten diot irakurleari utz diezadan orain nire gogoa asetzeko harira ez datorren beste kontu bat esaten — bi istorioek argi egiten diote elkarri — eta tamalgarria litzateke bi istoriook bata bestetik bereiztea.

 

 

EZPATA
RENNES

 

        Estatuek eta erresumek beren gainbeheraldiak dituztenean, eta noiz batzuek, noiz besteek zer den atsekabea eta pobrezia nozitzen dutenean — orduan gelditu egiten naiz aditzera ez ematearren zeintzuk izan ziren d'E****ren Bretainiako leinua hondamendira arian-arian eraman zuten arrazoiak. Marquis d'E**** irmoki borrokatu zen bere estatuaren aurka, bere arbasoak izan zirenari buruzko zertzeladatxo batzuk gerora ere iraunarazi nahi zituelako, eta oraino ere munduari erakutsi behar zizkiolako — baina bere arbasoek egin arinkeriek markesaren ahalmenetatik at utzi zuten haren nahia. Artean ere nahikoa geratzen zitzaion iluntasunaren eskakizun ttipientzat — Baina bi ume zeuzkan, zeinek harengana jotzen baitzuten argi bila — markesak pentsatu zuen bere semeek zerbait argitasun merezi zutela. — Ezpatarekin saiatu izan zen — baina ezpatak ezin izan zion bidea ireki — gastuak handiegiak ziren — eta ekonomia doia ez zitzaion aski aurrera ateratzeko — ez zegoen beste erremediorik merkataritzari lotzea baino.

        Frantziako beste edozein probintziatan, Bretainian izan ezik, gauzak saltzen ibiltzeak berekin ekarriko zuen markesaren harrotasunak eta sentimenak birloratzen ikusi nahi zuten zuhaixkaren erroak behin-betiko moztea — Baina Bretainian halako kasuetarako hitzarmen bat zegoenez, nolabaiteko abantaila atera zion hitzarmen horri; eta Estatuak Rennesen asanbladan bildurik zeudela profitatuz, markesa gortera sartu zen bere bi semeekin batera; eta dukerriaren antzinako lege baten eskubidea aldarrikatu zuelarik, zeinak, gutxitan erreklamatzen bazen ere, esan zuen markesak, ez baitzuen guztiarekin ere indar gutxiago, gerrian lotua zeraman ezpata hartu zuen — Hona hemen, esan zuen, har ezazue; eta izan zaitezte ene ezpataren zaindari leialak, harik eta garai hobeei esker zuei berriro eskatzeko moduan egongo naizen arte.

        Asanbladako buruak markesaren ezpata onartu du — zenbait minutuz geratu da ikusteko nola uzten duten haren etxeko artxiboetan, eta orduan alde egin du.

        Hurrengo egunean, markesa eta bere familia osoa Martinikarako untzira igo ziren, eta tratuetan hemeretzi edo hogei bat urtez arrakasta handiarekin ibili eta gero, eta bere familiako adar urruneko batzuengandik ustekabean jaso zituen ondareekin batera — etxera itzuli zen bere noblezia aldarrikatu eta galtzen ez uztera.

        Zorte oneko pasadizo bat izan zen, bidaiari sentimentalari ez beste inolako bidaiariri inoiz gertatuko ez zaiona, alegia ni Rennesen egokitu izana hotsandiko errekeritze hori egin zen unean berean: hotsandiko esaten diot — halakoxea izan zen-eta niretzat.

        Markesa gortera sartu da bere familia osoarekin: emaztea besotik helduta darama — seme zaharrenak besotik heltzen dio bere arrebari, eta gazteena lerroaren beste aldean dago, amaren ondoan — markesak birritan eraman du zapia aurpegira —

        — Isilune luze eta sakona egon zen. Halako batean, markesak tribunaletik sei urratsetara hurbildu eta markesgoa eman dio bere seme gazteenari, eta bere familiagandik hiru pauso aurrerago jarri delarik, ezpata erreklamatu du. Ezpata eman diote eta eskuan hartu duen mementuan, ia ezpata osoa atera ez du bada zorrotik — behinola abandonatu zuen lagun baten aurpegi distiratsua zen — alderik alde begiratu dio, arretaz, eskulekutik hasiz, ezpata bera ote denentz ikusi nahian bezala — eta erreparaturik puntatik hurbil herdoil apur batek joa zegoela, begietaratu eta burua ezpata parera makurtu zuelarik, uste dut ikusi nuela nola malko bat erori zen orbanaren gainean: horren ondotik gertatu zenak ezin engaina nintzakeen.

        «Aurkituko dut», esan zuen, «beste eraren bat orbana garbitzeko».

        Markesak aurreko esaldia bukatu zuenean, berriz ere gorde zuen ezpata zorroan, eta erreberentzia egin zien ezpata-zaindariei — eta, emazteak, alabak eta bi semeek atzetik jarraitzen ziotela, atera egin zen.

        Oi nolako bekaitzez so egin nien markesaren sentimenduei!

 

 

PASAPORTEA
VERSALLES

 

        Ez nuen arazorik batere izan Monsieur le Count de B****k abegi onez har nintzan. Shakespearsen bilduma mahai gainean zegoen jarrita, eta kondea hantxe zegoen liburuak eskuztatzen. Mahaira hurreratu nintzen, eta lehenik begiratu bat egotzi nielarik liburuei, kondeari aditzera eman nahirik ezagutu ondo asko ezagutzen nituela liburu haiek, esan nion ez nuela nire aurkezpena egingo zuen inor ekarri, banekienez gero lagun batekin aurkituko nintzela haren etxean, zeinak nire ordez egingo baitzuen, edo hala espero nuen bederen — Nire herrikide Shakespear handia da, esan nuen haren lanak seinalatuz batera — et ayez la bonté, mon cher ami, erantsi nuen haren izpirituari apostrofe eginez, de me faire cet honneur là. —

        Kondeak irribarre egin zuen hain sarrera bitxiagatik; eta ikusi ninduenez zurbilxe nengoela eta gaixo antza nuela, behin eta berriz esaten zidan besaulki bat har nezan; horrenbestez, bada, eseri nintzen; eta kondeak susmo txarrik har ez ziezaion bisita, arau guztietatik at zegoen bati, soilik kontatu nion liburusaltzailearen dendan gertaturikoa, eta nola dendako pasadizo horrek bultzatu ninduen Frantziako beste edozein gizonengana bainoago harengana jotzera nire estuasunaren gaineko kontuarekin — Eta zein da zure estuasun hori? Kontaidazu, esan zuen kondeak. Hortaz, istorioa kontatu nion irakurleari kontatu diodan bezalaxe —

        — Eta hoteleko jabeak, esan nuen istorioa bukatu nuenarekin batera, noraezean behar du pasaportea, Monsieur le Count, bestela Bastilara bidaliko naute eta — ordea nik ez daukat inolako goganbeharrik, jarraitu nuen nik — izan ere, munduan denik eta jenderik gizabidetsuenaren eskuetan erortzez gerotan, eta kontziente izanik gizon zintzoa naizela eta ez naizela etorri lurralde hau bere biluztasunean zelatatzera, nekez pentsatuko nuen nik frantsesen mendean eroriko nintzenik. — Ez dator bat frantses populuaren jendetasunarekin, Monsieur le Count, zuen adeitasuna elbarrituen kontra erabiltzea, esan nion.

        Hau esan nueneko, lotsa gorri bizi bat lerratu zen Count de B****ren masailetan — En craignez rien — Ez izan beldurrik, esan zidan kondeak — Ez, beldurrik ez, berriz ihardetsi nion — Gainera, jarraitu nuen airoso samar, barrez etorri naiz Londresetik Pariserainoko bide osoan zehar, eta ez dut uste Monsieur le Duc de Choiseul algararen hain etsai handia izango denik nola ni atzera ere bidaltzeko nire nahigabeengatik negar eginez.

        Hona hemen egiten dizudan erregua, Monsieur le Count de B**** (hau esateaz bat erreberentzia sakon bat egin nion): arren eska diezaiozula nire hoteleko jabeari egotz ez nazan.

        Kondeak xalotasun handiarekin entzun zidan; osterantzean ez nuen esango ezta erdia ere — eta behin edo birritan esan ere zuen — C'est bien dit. Hala, nire auzia bere horretan utzi nuen — eta hari buruz ezer gehiago ez esateko erabakia hartu nuen.

        Kondeak solasaren haria zeraman; honetaz eta hartaz mintzatu ginen: liburuez, politikaz eta gizonez — eta gero emakumeez — Bizi luzea diela Jaungoikoak guztiei!, esan nuen behin eta emakumeei buruz luze aritu ginenean — ez dago gizonik lurraren gainean nik bezainbat maitatuko dituenik; ikusi dizkiedan ahultasun guztiak eta haien kontra irakurri ditudan satira guztiak gorabehera, guztiarekin ere oraino maite ditut; izan ere ongi asko jabetzen naiz ezen emakumezko guztienganako nolabaiteko txera ez duen gizona ez dela bere bizi guztian gauza izango emakume bakar bat ere behar bezala maitatzeko.

        Heh bien! Monsieur l'Anglois, esan zuen alaikiro kondeak — Ez zara etorri lurralde honetako biluztasuna zelatatzera — Sinetsi egiten dizut — ni encore, ausartuko naiz esatera, gure emakumeena ere ez — Baina uztazu igartzen ezen — baldin eta, par hazard, emakumeren bat bidera irtengo balitzaizu, ikuspenak ez lizukeela zirrararik eragingo.

        Badut zerbait nire barnean inolako intsinuazio lizunen astindua eramaterik ez daukana, intsinuaziorik ttikiena izanik ere; autu-mautuen jolasean maiz saiatu izan naiz halako intsinuazioak azpiratzen, eta min ikaragarriarekin jaulki izan dizkiet milaka gauza dozena bat emakumezkori batera — noiz eta ez bainintzateke gauza horietariko hutsalena ere emakume bakar bati esatera menturatuko, ezta zerua irabaziko banu ere.

        Barkatu, Monsieur le Count, esan nuen nik — zure lurraldeko biluztasuna dela eta, baten bat ikusiko baldin banu, begiratu egingo nuke negar malkoak isuriz — eta emakumezkoei dagokienez (halako gogoetak nigan ernarazi zuen ideiarekin lotsa-gorritu nintzen), hain ebanjelikoa naiz eta hain begi onez begiratzen diot haiengan flako den zernahi gauzari, ezen soineko batekin estaliko bainuke, baldin eta gainean nola jarri baneki — Baina seguraski nahiago nuke haien bihotzen biluztasuna zelatatu, eta ohitura, klima eta erlijio ezberdinek hartzen dituzten mozorroen bitartez aurkitu zer den on haiengan, modu horretan nire bihotza haienera moldatzearren — eta horretarako, hain zuzen ere, etorri naiz.

        Eta arrazoi honexegatik, Monsieur le Count, jarraitu nuen, ez dut Palais Royal ikusi — ez Luxemburgekoa — ez Louvreko fatxada — ez ahaleginik egin gure katalogo, pintura, estatua eta elizei buruzkoak gehitzeko — Izaki ondradu guztiak tenplutzat hartzen ditut, eta nahiago nuke bertan sartu eta pintura jatorrizko eta zirriborro lausoak ikusi Rafaelen beraren transfigurazioa baino.

        Eta adituaren bularra puzten duen grina bezain eraman gutxiko egarri honetxek ekarri nau nire herritik Frantziaraino — eta Frantziatik Italian barrena ere gidatuko nau — bihotzak Naturalezaren atzetik egiten duen bidaia lasai bat da, hala nola naturalezatik sortzen diren samurtasunezko sentimenen atzetik, zeinek elkar maitatzera bultzatzen baikaituzte — eta mundua maitatzera orain maite dugun baino hobeto.

        Kondeak gauza xeratsu franko esan zidan egokiera hartan; eta gizalegez erantsi zuen noraino zitzaion esker-zordun Shakespearri nire aurkezpena egin izanagatik — Baina, à-propos, esan zuen — Shakespear gauza ederrez beterik dago — halere xehetasun ttipi bat ahaztu zitzaion: zure izena aditzera ematea — ahaztu izanak ezinbestean behartzen zaitu zuk zeuk esatera.

 

 

PASAPORTEA
VERSALLES

 

        Bizitza honetan ezerk ere ez nau hain zur eta lur uzten nola jendeari nor naizen esaten hasi beharrak — izan ere, ia mundu guztiaz neure buruaz baino kontu hobea emango nuke; eta maiz desiratu izan dut hitz soil batez esan ahal izatea — eta horrela kontu honi behin betiko azkena eman. Nire bizitza guztiko aldi eta okasio bakarra zen nire desirari nolabaiteko atarramentua atera ahal niola — zeren mahai gainean Shakespear zegoenez, eta gogora etorri zitzaidanez Shakespearren liburuetan agertzen nintzela, Hamlet hartu eta bet-betan orriak itzuli nituen bosgarren ekitaldiko lur-emaileen eszenaraino iritsi nintzen arte, eta behatza Yoricken gainean pausatu eta liburua kondeari luzatu niolarik denbora guztian zehar behatza izenaren gainean neukala — Horra ni, Voici!, esan nion.

        Halere Yorick gaixoaren buruhezurraren ideia zer dela-eta otu zitzaion kondeari, hau da, nire buruhezur propioaren errealitateaz ohartzeagatik izan ote zen, edo aztikeriaren bati esker zazpiehun edo zortziehun urteko aldi bat oharkabean bezala igaro ote zuen, ez dator auzi honen harira — Egia da frantses jendea gauzak asmatzen eratzen baino iaioagoa dela — Mundu honetan ezerk ere ez nau harritzen, eta are gutxiago kontu honek; zeren eta gure elizako buruetariko batek, zeinaren xalotasunari eta sentimendu aitazkoei begiramendurik handiena gordetzen baitiet, oker hori bera egin baitzuen kasu horretan berean. — «Ezin zuen jasan», esan zuen, «Danimarkako erregearen bufoiak idatziriko sermoiak irakurtzea».— Ene Jainkoaren izenean!, bota nuen nik — baina bi Yorick daude eta! Ene jaun horrek buruan darabilen Yorick hori duela zortziehun urte hil eta ehortzi zuten; Horwendillusen gortean loratu izan zen — beste Yorick hori ni neu naiz, zeina ez baita inoren gortetan loratu, ene jauna — Kondeak buruari eragin zion — Jainko maitea!, esan nuen nik, berdin-berdin nahastuko zenituzke Alexandro Handia eta Alexandro galdaragilea, ene jauna — Bat eta bera ziren, ihardetsi zuen kondeak —

        — Baldin eta Mazedoniako errege Alexandrok zure jabegoa aldatzeko eskurik balu, ziur naiz berorrek ez lukeela halakorik esango, esan nion nik.

        Count de B**** gaixoak oker berdina egin zuen ordea —

        — Et, Monsieur, est il Yorick?, oihukatu zuen kondeak. — Je le suis, esan nion. — Vous? — Moimoi qui ai l'honneur de vous parler, Monsieur le Compte Mon Dieu!, esan zuen kondeak besarkatzen ninduenarekin batera — Vous etes Yorick.

        Kondeak hitzetik hortzera gorde zuen bere sakelan Shakespearren liburua, eta bakarrik utzi ninduen bere gelan.

 

 

PASAPORTEA
VERSALLES

 

        Ezin igarri izan nuen zergatik Count de B**** gelatik irten zen hain supituki, eta era berean ezin izan nuen asmatu zer dela-eta gorde ote zuen Shakespearren liburua bere sakelan — Berez esplikatu behar diren misterioek ez dute merezi haietaz aieruka aritzeak hartzen digun denbora alferrik galtzea: hobe zen Shakespear irakurtzea; beraz, Much Ado about Nothing hartu nuelarik, kolpe batez aldatu nintzen eserita nengoen aulkitik Siziliako Messinara, eta Don Pedro, Benedick eta Beatrice hain gogoan hartu nituen, non ez bainuen gehiago pentsatu ez Versallesez, ez kondeaz, ez eta pasaporteaz ere.

        Gizakien izpirituaren malgutasunaren xaloa, berehala etsitzen dakiena ametsen aitzinean, zeinek itxaropena eta tristezia engainatzen baitituzte haien memento saminak arintzearren! —— Aspaldi — aspaldi du nire egunak bukatuak behar zirela egon, baldin eta haietariko gehienak igaro ez banitu lur sorgindu honen azala zapaltzen. Nire oinentzat bidea gogorregia denean, edo nire indarrentzat erpinegia, orduan apartatzen naiz bidetik eta zelai belus-antzekoren batera joaten, zeina irudimenak arrosa-begi guriez estali baitu alde guztiz; eta xidorraren inguruan jira eta bira banaka batzuk eman eta indarberrituta eta adoretuta etortzen naiz atzera — Gaitzek minaren minez estutzen nautenean, eta mundu honetako gaitzetatik libratzerik ez dagoenean, beste ibilbide bat hartzen dut — Abandonatu egiten dut — eta nola ideia argiagoa baitaukat Eliseoko Zelaiez zeruaz baino, neure burua, Eneasek egin zuen eran, bortxatzen dut haietara sartu beharrez — Ikusi egiten dut nola Eneasek edireten duen bere Dido abandonatuaren itzal gogoetatsua — eta desiratzen dago ezagut dezan — Ikusten dut nola Didoren izpiritu zaurituak astintzen duen bere burua, eta nola isilpean ihes egiten duen bere miseria eta desohoreen egileagandik — Nireganako sentimenduak Didorenganakoetan galtzen dira, eta eskolara joaten nintzenean harengatik negar eragin ohi zidaten sentimenetan.

        Ziurraski hau ez da itzal huts baten ondotik ibiltzea — eta ezein gizon ere ez da alferrik artegatzen horregatik — Gizona maizago aztoratu ohi da noiz eta bere asaldazioen ondorioa uzten baitu arrazoiaren eskuetan bakarrik. — Konfiantza osoarekin esan dezaket nire alde inoiz ez naizela gauza izan bihotzaren sentsazio txar bakar bat ere hain behin-betiko azpiratzeko nola horrelako sentsazio baten ordez beste sentsazio amultsu eta adeitsu bat ahalik eta hurbilena jarriz, modu horretara haren zelai propioan eraso egitearren.

        Hirugarren ekitaldiaren amaieraraino iritsi nintzenean, Count de B**** sartu zen nire pasaportea eskuan zekarrela. Mons. Le Duc, ausartuko nintzateke esatera, profeta bezain estatugizon bikaina da, esan zuen kondeak — Un homme qui rit, esan zuen kondeak, en sera jamais dangereux.— Baldin eta erregearen bufoiagatik ez beste inorengatik izan ez balitz, gaineratu zuen kondeak, ez nukeen bi ordu hauetan lortzerik izango. —— Pardonnez moi, Monsieur le Compte, esan nion — ni ez naiz erregearen bufoia. — Baina zu Yorick al zara? — Bai. — Et vous plaisantez? —— Erantzun nion baietz, irri eta burlak egiten nituela — baina ez zizkidatela ordaintzen — erabat nire lepotik ziren guztiak.

        Guk, berriz, ez daukagu bufoirik gortean, Mons. le Count, esan nion nik; izan genuen azkena Carlos II.aren erreinaldi lizentziosoan izan zen — harrezkero gure ohiturak halako moduan joan dira gero eta finago bihurtuz, non egungo egunean gure gortea patriotaz mukuru beterik dagoen, zeinak herriaren ohoreaz eta onuraz bakarrik arduratzen diren — eta gure damak oro hain dira kasto, orbangabe, txintxo eta deboto — bufoi batek ez baitauka zerekin bufoikeriak egin —

        Voila un persiflage!, oihukatu zuen kondeak.

 

 

PASAPORTEA
VERSALLES

 

        Nola pasaportea zuzendurik baitzegoen gobernadore eta gobernadore nagusi guztiei, hirietako komandante eta ejertzituetako jeneralei, eta magistratu eta justiziako ofizial guztiei ere, esanez utz ziezaieten Mr Yoricki, erregearen bufoiari, eta bere ekipajeari bidaia osoa bakean egiten, aitortu behar dut pasaportea erdiestearen garaipena apur bat ilundurik geratu zela pasaportean ezarri nuen erretratuagatik — Baina mundu honetan ez dago ezer aratz eta garbia denik; eta gure teologoetan benazkoenetariko zenbait hain urrun joan direnez halako ustean, baieztatu izan baitute ezen are gozamenari berari zizpuru bat jarraitzen zitzaiola beti — eta ezagutzen zuten gozamenik gogobetekoena, oro har, konbultsio bat baino apenas zerbait gehiago ez zen uzkurtze batez bukatzen zela.

        Gogora datorkit nola Bevoriskius teologo benazko eta ikasia, bere Adamen ondorengo belaunaldien gaineko azalpenean, naturaltasun osoarekin sartzen den ohar baten erdian, munduari aditzera emateko bere leiho hegian pausaturik zeuden txolarre pare baten kontua, zeinek erabat gogaitu baitzuten idazten egon zen bitartean, eta, azkenean, egiten ari zen genealogian kontzentratzea zeharo galarazi baitzioten.

        — Arraroa da gero!, idazten du Bevoriskiusek; baina egitateak benetakoak dira, bada nire jakin nahiak bultzatu egin nau egitateok nire lumarekin banan banan idaztera — baina txolarre arrak moztu egin zidan ohar honen beste erdia bukatu behar nuen unean, bere txerak hogeita hiru eta erdi bider errepikatuz.

        Zer bihozbera den zerua bere kreaturekin!, erantsi zuen Bevoriskiusek.

        Zorigaiztoko Yorick!, izan ere nork eta ... zure anaiarik benazkoenak halako azalpena eman behar mundu osoari, noiz eta zuri kopiatze hutsak gorritzen baitizu aurpegia, are zure idazgelan bertan kopiatuta ere.

        Baina kontu honek ez dauka zerikusirik nire bidaiekin — Beraz, birritan — birritan eskatzen dut barkamena.

 

 

IZAERA
VERSALLES

 

        Eta zer iruditzen zaizkizu frantsesak?, esan zuen Count de B****k behin eta pasaportea eman zidanean.

        Irakurleak aise igarriko du ezen, kortesiazko hain froga estimagarri baten ondoren, ezin gal nezakeela inola ere zerbait atsegingarri erantzuteko aukera.

        — Mais passe, pour cela — Argi eta garbi mintza zaitez, esan zuen kondeak; frantses jendearengan edireten al duzu mundu osoak ohore handiz egozten digun gizabidea? — Aurkitu ditudan zer guztiek halako iritzia baieztatzen dute, esan nuen nik — Vraiment, esan zuen kondeak. — Les Français sont polis. — Neurrigabe izan ere, ihardetsi nuen.

        Kondeak gogoan atxiki zuen neurrigabe hitza; eta, ausaz, esan nuena baino gehiago esan nahi nuela antzeman zidan. Neure burua luzaz eta ahal izan nuen moduan defendatu nuen kondearen ustearen aurka — behin eta berriz esaten zuen diskrezioz eta zuhurtzia handiarekin mintzo nintzaiola, eta nire iritzia argi eta garbi agertu behar niola.

        Uste dut, Mons. le Count, esan nion, gizonak errejistro neurri mugatu batzuk dauzkan moduan, hala instrumentua ere badaukala; eta dei sozial eta bestelakoek aukera ematen diotela klabe guztiak zein bere orduan jotzeko; hortaz, nota bat altuegi edo baxuegi hasten baduzu, ezinbestean goialdean edo behealdean hutsune bat egongo da harmoniazko sistema osatzeko garaian. — Count de B****k ez zuen musikaz ezer ulertzen, eta beraz beste era batera esplika niezaion nahi izan zuen. Herri jantzi batek, ene konde maitea, guztiok egiten gaitu bere zordun; eta gainera, gizabideak berak, emakumezkoek bezala, hainbeste xarma dituenez, bihotzaren aurka baitoa esatea halako jokabideak kalte egin ahal dizula; eta areago, sinetsita nago badagoela betegintzarrera daraman halako ildo antzeko bat, eta gizona, bere osotasunean hartuta, dohaindua dagoela haraino heltzeko — gizonak, ildo horretaz baino harago heltzez gerotan, kualitateak aldatu egiten ditu bereganatu baino areago. Esan gabe doa frantses jendearengan norainoko eragina izan duen honek mintzagai darabilgun auziari dagokionean — baina baldin eta, menturaz, ingelesen kasua balitz gero eta gustu fin eta delikatuagoak izatea, harik eta ingelesek frantsesak nabarmentzen dituen adeitasun berdina erdietsiko duten arte, eta, betiere, politesse de coeur delakoa galduko ez bagenu, zeinak gizatasunezko egintzetara eramaten baikaitu kortesiazkoetara bainoago — orduan, gutxienez galduko genuke gure izaeraren bereizgarri partikular eta orijinala, bereizi egiten gaituena ez bakarrik bata bestearengandik, baita mundu guztiarengandik ere.

        Errege Gilermoren txelin, kristala bezain leun banaka batzuk neramatzan sakelan; eta aurreikusia nuelarik baliagarri gertatuko zitzaizkidala nire hipotesia ilustratzeko, horretarako abagunea izan nuenean eskuan hartu nituen —

        Begira, Monsieur le Count, esan nion zutik jarriz eta txanponak aurrean zuen mahai gainean ipiniz — hirurogeita hamar urtez mutil baten eta beste baten sakeletan txintxin egiten eta bata bestearen aurka igurtzitzen egon ondoren, nekez bereiziko zenuke txelin bat beste txelin batetik, hain peto-peto bihurtu dira.

        Ingelesak, antzinako txanponen gisara, ohituago daude bakardadean bizi izaten, eta jende gutxiren eskuetatik pasatu direlarik, izadiaren esku leunak eman zien lehen laztasuna atxiki dute — gauzekiko ukimen eskaxa dute — baina horren ordainez mitoa hain agerikoa da, ezen edozeinek lehenengo begiratuan ikus dezakeen zer planta duten eta beren gainean eraman behar duten inskripzioa. — Baina frantsesak, Mons. le Count, gaineratu nuen leundu nahirik esan berri nuena, horrenbeste bikaintasunen jabe dira, non ederki asko molda daitezkeen bikaintasunik gabe ere — zerupean ez dago frantses jendea bezain jende leial, xalo, burutsu eta aldarte-onekorik — hutsen bat izatera — serioegiak dira.

        Mon Dieu!, oihukatu zuen kondeak aulkitik altxatuz.

        Mais vous plaisantez, esan zuen bere harridurazko oihua zuzenduz. — Eskua bihotzera eraman nuen eta seriotasun larri batekin ziurtatu nion nire iritzietan sendoena zuela hori.

        Kondeak esan zuen biziki sentitzen zuela nire arrazoiak entzutera ezin gera zitekeelako, bada une hartan lotuta zegoen Duc de C*****rekin bazkaltzera joateko.

        Baina Versalles ez bazaizu urrunegi geratzen nirekin otordu bat egitera etortzeko, jakin ezazu ezen, Frantziatik joan aurretik, atsegin handia hartuko nukeela baldin eta ezagutaraziko bazenit zure iritzia zuzendu duzula — edo, nolaz defendatzen duzun. — Baina defendatu, benetan defendatzen baduzu, Mons. Anglais, esan zidan, zure indar guztiekin defendatu beharko duzu, zeren kontra izango duzun mundu osoa. — Kondeari hitz eman nion ohore handia izango zela niretzat harekin bazkaltzera joatea Italia aldera abiatu baino lehenago — horrenbestez, erretiratu egin nintzen.

 

 

TENTALDIA
PARIS

 

        Hotelean suertatu nintzenean, hoteleko atezainak esan zidan kartoizko kutxa bat zeukan emakume gazte bat egon zela une hartan nitaz galdezka. — Ez dakit dagoeneko joan den ala ez, esan zuen atezainak. Nire gelako giltza hartu nion, eta gora joan nintzen; eta ate aurreko eskailburutik hamar urratsetara nengoela, emakumea topatu dut eskailerak lasai asko jaisten.

        Quai de Contin barrena nirekin paseatzera etorri zen fille de chambre liraina zen: Madame de R****k bidalia zuen mandatu batzuk egitera Hotel de Modenetik urrats batera edo bitara zegoen merchande de modes batengana; eta nola, agindu nionaren kontra, ez bainintzaion bisita egitera joan, eskatu zion galde zezala ea Parisetik alde egina nintzen; eta hala izatera, hari zuzenduriko gutunik utzi ote nuenentz.

        Nola fille de chambre liraina hain gertu zegoen nire atetik, atzerantz jiratu eta une batez nirekin batera sartu zen gelara gutuna idazten nuen bitartean.

        Arrats eder eta barea zen, maiatzeko hilaren hondar aldera — karmin koloreko kortinak (ohe-errezelen kolore berdinekoak zirenak) itxita zeuden — eguzkia sartzera zihoan, eta kortinetan zehar halako tonu epel bat islatzen zuen fille de chambre lirainaren aurpegian — pentsatu nuen gorritu egin zela — burutazio horrek ni ere gorriarazi ninduen — bakar-bakarrik geunden; eta horrek bigarren aldiz gorriarazi zizkidan koloreak lehenengoak erabat ezabatuko ziren baino lehen.

        Badago halako ahalke erdi-errudun eta atsegingarri bat, non errua gehiago baita odolarena gizonarena baino — oldar bizian igotzen da bihotzetik, eta bertutea ziztu bizian abiatzen da haren atzetik — ez hura itzularazteko, baizik nerbioetan sentipen goxoagoa sortzeko — dena uztarturik dago. —

        Baina ez dut deskribatuko. — Hasiera batean zerbait sentitu nuen nire barnean, aurreko gauean emana nion lezio bertutezkoarekin guztiz bat ez zetorrena — Bost minutuz ibili nintzen gutunaren bila — banekien ez neukala bakar bat ere —— Luma bat hartu nuen — berriz utzi nuen — eskuak dar-dar egiten zidan — deabrua nire barnean zen.

        Edonork bezain ongi dakit deabrua gure arerioa dela, baina, halere, gogor egiten badiogu, gugandik aldenduko dela — guztiarekin ere, gutxitan jarkitzen natzaio nire indar guztiekin, hain da-eta izugarria diodan beldurra; bada, menderatu ahal dudan arren, borrokan zauritua gertatzea ere badagokit — beraz, garaipena baino nahiago izan nuen segurantzia; eta deabruari nola ihes eragin pentsatzeko ordez, gehienetan ni naiz ihes egiten duena.

        Fille de chambre liraina hurbildu zen gutuna bilatzen ari nintzen idazmahairaino — aurrena hartu zuen lurrera bota nuen luma, hurrena bere burua eskaini zuen tintontziari eusten laguntzeko: eskaintza onartzera nindoan, hain modu goxo eta eztian egin zidan — baina ez nuen nahiko ausardia izan — Ene laztana, ez daukat zeren gainean idatzirik, esan nion. — Idatz ezazu, besterik gabe, edozeren gainean. —

        Garrasi egiteko zorian nengoen: Orduan idatzi egingo dut, laztana!, zure ezpainen gainean. —

        — Egiten badut, esan nuen, galduko naiz — beraz, eskutik hartu nuen, ateraino lagundu nion eta erregu egin ahantz ez zezala eman berria nion lezioa — Neskak esan zuen ez zuela inola ere ahantziko — eta nola esan baitzuen suharki samar, buelta eman eta bere bi eskuak luzatu zizkidalarik, nireen kontra estutu zituen — egoera hartan ezinezkoa zen elkarren eskuak ez estuagotzea — eskuak askatu nahi izan nituen; eta neska eskuetatik helduta izan nuen denbora guztian, neure buruarekin eztabaida betean egon nintzen afera hau dela medio — eta oraino ere eskuei heltzen jarraitzen nuen. — Bi minutu aski izan ziren kontura nendin bataila osoa jo beharko nuela berriz ere — eta sentitu nuen nola nire hankak eta gorputzadar guztiak dardaraz jartzen ziren pentsatze hutsarekin.

        Ohearen oinaldea gu geunden tokitik metro bat eta erdi eskasera zegoen — Artean ere neskaren eskuei helduta jarraitzen nuen — eta nola gertatu zen, ezin dut inolako esplikaziorik eman, baina ez nion galdetu ere egin — ez nuen herrestan eraman — ez eta oheaz pentsatu ere — baina gertatu, gertatu zen: biok ohe gainean eseri ginen.

        Erakutsi nahi dizut, esan zuen fille de chambre lirainak, zure koroa gordetzeko gaur egiten aritu naizen diruzorrotxoa. Hortaz, eskua sartu zuen eskuineko sakelan, zeina nire ondoan baitzegoen, eta tarte batez sakela haztatzen ibili zen koroaren bila — gero ezkerrekoan saiatu zen — «Koroa galdua zuen». — Ez dut egundaino ezerengatik ere horren isilik itxaron behar izan — azkenean eskuineko sakelan zegoen — diruzorrotxoa atera zuen; tafeta berdezkoa zen, barrubiguneko saten zurizko zati ttikiz forratua, eta koroa gordetzeko adinako tamaina zuena — nire eskuan jarri zuen — polita zen; eta hamar minutuz eduki nuen nire eskuaren atzealdea haren magalean bermaturik neukala — noiz diruzorrotxoari begira jartzen nintzela, noiz diruzorrotxoaren albo batera.

        Hari-lits bat edo bi askatu zitzaizkion nire alkandora-lepoaren izurrari — fille de chambre lirainak, txintik atera gabe, bere jostorratzen kutxatila atera zuen, jostorratz baten begitik albainua sartu eta pasaratu zuen — Sumatu nuen egintza hori peril handian jartzera zihoala egunaren loria; eta halako maniobra egin beharrez, bere eskua isil-isilik pasatu eta pasatu zebilelarik nire lepoaren alde batetik eta bestetik, sentitu nuen irudimenak buruan jarria zidan loriazko koroa kulunka zebilela.

        Fille de chambreari oinetakoaren begizta bat askatu zitzaion ibiltzean, eta oinetakoaren belarria laxatzera zihoan — Begira, esan zidan bere oina altxatuz bat — horren aurrean oinetakoaren belarria arima-arimatik lotzea beste aukerarik ez zitzaidan geratzen, eta begizta bat egin nion — eta bukatu nuenarekin batera beste oina ere goratu zuelarik, biak ondo lotuta zeudenentz ikusi nahian bezala — eta hain azkarregi goratu ere zuen, non halako maniobrak nahitaez oreka galarazi baitzion fille de chambreari — eta orduan ——

 

 

KONKISTA

 

        Bai — eta orduan — Oi zuek, zeinen buru hotz eta bihotz epelek grinak menderatzen eta ezkutatzen baitakite, esaidazue zer-nolako lege haustea da gizonak grinak izatea?, edo zer dela eta gizonaren izpirituak erantzun behar dio izpiritu guztien aitari grinei men eginez jokatzeagatik?

        Baldin eta naturalezak halako moldez bilbatu badu bere graziazko sarea, sare horretan maitasunezko eta desirazko hainbat hari mataza bat eginda daudelarik piezarekin, sare osoa urratu behar al da bilbea askatzeko? — Bihurtzazu zure azoteak estoikoen bizkar gainera, naturalezaren gobernadore handiorrek!, esan nion neure buruari — Non ere zure probidentziak ezar nazan nire bertutearen frogak emateko — zeinahi ere den aurkitzen naizeneko peril handia — zein ere den nire estatua — uztazu sentitzen egoera horretatik sortzen diren mugidak, zeinak niri baitagozkit gizona naizen heinean, eta ene bihotz mugidok azpiratzea lortzen baldin badut gizon on eta zintzo batek legez , uste osoa jarriko dut zure justiziaren egintzetan — zeren zeuk sortu baikaituzu, eta ez guk geure burua.

        Nire eskaera bukatu nuenean, fille de chambre lirainaren eskua hartu nuen, ohetik altxatu nuen eta gelatik at eroan — nire ondoan egon zen harik eta atea itxi eta giltza sakelan gorde nuen arte — eta orduan — garaipena ia erabatekoa izanik — eta ez lehenago, orduan nire ezpainak hurbildu nituen haren masailara, eta ostera eskutik heldu niolarik, onik eroan nuen hoteleko ateraino.

 

 

MISTERIOA
PARIS

 

        Gizonak bere bihotzaren berri badaki, seguraski ulertuko du ezinezko zitzaidala une hartan nire gelara itzultzea — musika-konposizio baten kodan eskala frigia bat hiruko minor batez jotzea bezala zen, zeinak nire afektoak ernarazi baitzituen — hortaz, fille de chambrearen eskua aske utzi nuenean, tarte batez geratu nintzen hoteleko atean, ondotik igarotzen ziren guztiei so egin eta haien gaineko juzkuak egiten ibili nintzelarik harik eta arreta ezarri nuen arte objetu soil batean, objetu horrek korapilatu egin zituelarik hari buruz eginak nituen arrazoiketa mota guztiak.

        Figura luze bat zen, itxura filosofiko, serio eta zakarra zuena, eta kalean barrena behin eta berriz eta berriz ere paseatzen zebilena lasaikiro eta serio antzean, hoteleko atearen alde batera eta bestera hirurogei bat pauso ematen zitueneko, bira egiten zuelarik — gizonak berrogeita hamabi urte inguru zituen — galtzarbean makilatxo bat zeraman — kasaka arre iluneko bat, txaleko bat eta zaragoila batzuk janzten zituen, gizonaren zerbitzuan urte dexente emanak zituztela ziruditenak — oraino ere txukun zeuden, eta gizonari, oro har, propreté apal baten halako aire bat zerion. Sonbrerua eranzteko moduagatik, eta handik pasatzen zen jende askotxori nola oldartzen zitzaion erreparaturik, jabetu nintzen limosna eske ari zela; beraz, sos bat edo bi atera nuen sakelatik gizonari emateko asmoz, nire ondotik igarotzea egokitu zitzaionez gero — nire ondotik pasatu zen ezer eskatzeke — eta hara non nigandik bost urrats ere eman gabe limosna eskatu dion emakumetxo bati — Argi zegoen ni gertuago nengoela limosna emateko emakumea baino. — Emakumetxoarekin ia bukatu ez duelarik, hara non sonbrerua erantzi duen eta oldartu zaion bide beretik zetorren beste emakume bati. — Adinean sartua zen jaun bat poliki-poliki hurbiltzen ari zitzaion — eta jaun horren atzetik jaun gazte eta apain bat — bioi pasatzen utzi zien ezertxo ere eskatu gabe; ordu erdiz egon nintzaion begira, bitarte horretan hamabi buelta eman zituelarik aurrera eta atzera, eta ohartu nintzen aldi oroz jarraitzen ziola metodo berari.

        Misterio honetan baziren beste bi gauza oso bitxiak, buruhauste franko eman zidatenak, eta alferrik eman ere — lehenbizikoa, zergatik gizonak soilik kontatu behar zien bere historia emakumezkoei — eta bigarrena, zer-nolako historia zen hura, eta zer ele eder ziren horiek, emakumeen bihotzak samurtzen zituztenak, eta, berak zekienarengatik, gizonekin erabiltzea alferrik baitzen.

        Baziren beste bi gorabehera misterioa areago korapilatzen zutenak — lehenbizikoa zen gizonak belarrira esaten ziela emakume guztiei kontatzeko zeukana, eta kontatzen zien erak traza handiagoa zuen isilmandatu batena eskaera batena baino — bigarren kontua zen betiere lortzen zuela arrakasta izatea — inoiz ez zuen emakumerik geldiarazten, halere emakumeek beren diruzorroak atera eta hitzetik hortzera zerbait ematen zioten.

        Ezin eratu izan nuen inolako sistemarik halako fenomenoa esplikatzeko gauza zenik.

        Banuen enigma bat libertitzeko arratsaldea bukatu artean; horrenbestez, nire gelara igo nintzen.

 

 

KONTZIENTZIA KASUA
PARIS

 

        Hoteleko jabeak orpoz-orpoz jarraitu zidalarik, nire gelara sartu zen esateko beste nonbait hartu beharko nuela ostatu. — Zergatik baina, adiskidea?, esan nion. — Erantzun zidan emakume gazte batekin bi orduz itxita egon nintzela nire logelan arratsalde hartan, eta hori haren etxeko arauen kontra zihoala. — Ederki, esan nuen, orduan abiatuko gara adiskide onak bagina bezala — zeren neska lehengo bera da — eta ni ere — eta zuk jarraituko duzu aurkitu zintudanean bezalaxe. — Nahikoa izan zen hotel honen izen ona zikintzeko, esan zuen. — Voyez vous, Monsieur, esan zuen neska eta biok eserita egon ginen ohearen oinaldea seinalatuz. — Aitortu behar dut horrek bazuela zantzu argi baten nolabaiteko traza; baina nola nire harrotasunak ez baitzidan kasuaren inolako xehetasunetan sartzen uzten, erregu egin nion hoteleko jabeari bere arimari bakean lo egiten utz ziezaion, nola nik neureari bake santuan lo egiten uztea erabaki bainuen, eta gosalorduan ordainduko niola zor nion guztia.

        Ez nintzatekeen batere arduratuko, Monsieur, hogei neskarekin itxita egon bazina — nire burutik inoiz edo behin pasatu direnak baino gehiago dira, ihardetsi nion moztu nionarekin batera — Baina betiere goizez izan balitz, gaineratu zuen — Eta Parisen eguneko ordu batetik bestera den aldeak diferentziarik egiten ote du bekatu batez eta besteaz? — Diferentzia egiten du, esan zuen, eskandaluaz. — Nire bihotzak biziki estimatzen ditu bereizketa dotoreak, eta ez nuke esango gizonarekiko patxada erabat galdu nuenik. — Ondo jabetzen naiz, ostera ekin zion hoteleko jabeak, ezen Parisera datorren arrotz bat oihal-xerra, zetazko galtzerdi eta parpailak, et tout cela erosteko egokitzen zaizkion aukera guztiez baliatu behar dela — eta ez dauka ezer apartekorik baldin eta emakume bat hurbiltzen bazaio kartoizko kutxa batekin. — Kontzientziak esaten dit kutxa bat zeukala, esan nuen; ordea ez nuen behin ere barruan begiratu. —— Orduan, Monsieur, berorrek ez du ezer erosi. —— Ezta ezertxo ere, ihardetsi nion. — Zeren, esan zuen jabeak, en conscience tratatuko zaituen bat gomendatuko nizuke. — Baina gau honetan bertan ikusi behar dut, esan nuen nik. — Erreberentzia sakon bat egin zidan eta eskaileretan behera joan zen.

        Baina maitre d'hotel hau azpiratuko banu, oihukatu nuen — gero zer? — Gero erakutsiko nioke jakin badakidala alu zikin bat baino ez dela. — Eta gero zer? — Gero zer! — Nire baitan sartuegi nengoen esateko beste batzuen onuragatik egiten nuela hau. — Ez zitzaidan erantzun egokirik geratzen — nire asmoak gehiago azaleratzen zituen gorrotoak printzipioak baino, eta gorrotoek itsuturik nindukaten nire asmoari buru eman baino lehenago.

        Minutu gutxiren buruan Grisseta sartu zen bere kutxa bete oihal-xerrarekin — Ez diot ezer erosiko halere, esan nuen neure kautan.

        Grissetak dena erakutsi zidan — Kontentagaitza nintzen oso: bazirudien ez zela horretaz konturatu; bere gordailu txikia ireki zuen, eta zeramatzan oihal-xerra guztiak bata bestearen ondotik nire aurrean utzi zituen — eta berriz ere banan banan zabaltzen eta biltzen zituen samurtasunezko patxadarik patxadatsuenarekin — Banuen zerbait erostea — edo ez — gauza guztiak salduko zizkidan nik jarritako prezioan — bazirudien gaixoak penike bat eskuratzeko irrika bizia zeukala; eta bere burua peril handian jartzen zuen ni limurtu nahirik, ez hainbat arte handiko zirudien molde bat erabiltzeagatik, nola tolesgabe eta amultsu iritzi nion modu batez baliatzeagatik.

        Gizonengan ez badago sineskortasun tolesgabearen iturririk, hainbat okerrago haientzat — ene bihotza beratu zen, eta amore eman nion nire bigarren erabakiari lehenbizikoari amore eman nion bezalaxeko lasaitasunarekin — Zergatik zigortu beharko nuke bat besteak egin duen bekatuagatik? — Halako ostalari tirano baten mendean erori bazara, gogorragoa izanen da jango duzun ogia, pentsatu nuen haren begitarteari so egiten nion bitartean.

        Nire diruzorroan lau Louis d'or besterik izan ez banitu ere, ez zen bidezkoa izango altxatu izan banintz eta neskari ateko bidea erakutsi izan banio, behintzat harik eta lehenik hiru Louis d'or gastatuko ez nituen arte parpaila pare batean.

        — Seguraski hoteleko jabeak emakumearekin partituko ditu irabaziak — ez dio ardurarik — azken finean hainbat arima gaixok nire aurretik ordaindu duten bezainbat ordaindu dut nik ere, egitea zuten baina ezin egin izan zuten egintza batengatik, edo burutik pasa ere egin ez zitzaien egintza batengatik.

 

 

ENIGMA
PARIS

 

        La fleur gelara igo zenean nire afaria zerbitzatzera, kontatu zidan nola hoteleko jabea oso penaturik zegoen ostatuz alda nendila eskatzean egin zidan laidoagatik.

        Gau bateko atseden goxoa estimatzen duen gizona ez da inondik ere oheratuko bere bihotzean gorrotoa gurutzatua daramalarik, nolabait galaraztea badauka behintzat — Beraz, arren eskatu nion La Fleurri esan ziezaiola hoteleko jabeari nik ere neure aldetik sentitzen nuela horretarako aukera eman izana — eta esan ere ahal diozu, nahi izatera, La Fleur, gaineratu nuen nik, ezen lehengo emakume gazte horrek berriz ere deitzen badu, ez dudala inondik inora ikusi nahi.

        Horrelako sakrifizioa neure buruari egiten nion, eta ez hoteleko jabeari, izan ere erabaki bainuen, hain gutxigatik ihes egitea lortu ondoren, neure burua arrisku gehiagotan ez jartzea, eta Parisetik alde egitea, posible baldin bazen, Parisera heldu nintzen bezain bertutetsu.

        C'est deroger à noblesse, Monsieur, esan zuen La Fleurrek lur behereraino iritsi zen erreberentzia bat egin zidanarekin batera — Et encore Monsieur, esan zuen, berorrek sentimenduak mudatu ahalko lituzke — eta baldin (par hazard) berorrek libertitu nahi balu — Nik ez diot inolako libertimendurik bilatzen, esan nuen moztu nionarekin batera —

        Mon Dieu!, esan zuen La Fleurrek — eta alde egin zuen.

        Handik ordu batera La Fleur etorri zitzaidan eranzten laguntzera, eta ohi baino arduratsuago zebilen — bazuen zerbait zintzilik mihi puntan, esan edo galdetu nahi zidana, baina kanpora ezin bota zuena: ez zitzaidan burutik pasa ere egiten zer izan zitekeen; eta egia esan, txit gutxi kezkatzen ninduen zer ote zen aurkitzeak, zeren buruan beste enigma askoz ere interesgarriago bat nerabilen, alegia, hoteleko atearen aurrean limosna eske zebilen gizonarena — edozer gauza emango nukeen enigmaren muin-muineraino iristeagatik; eta ez jakinminaren jakinminez — hain da arrunta ikerka ibiltzearen printzipioa, non, gehienetan, bi arditeko txanpon bat ere ez bainuke ordainsaritzat emango — baina, pentsatu nuen, hurbiltzen zaizkizun emakume guztien bihotzak hain azkar eta hain segur samurtzen dituen sekretu batek filosofoen harriaren sekretuaren pareko izan behar zuen gutxienez: bi Indiak izan banitu, pozarren emango nukeen bat sekretuaren jabe egitearren.

        Ia gau osan zehar hamaika jira eta bira eman nion neure buruan inolako ondoriotara iritsi gabe; eta goizean esnatu nintzenean, nire izpiritua hauteman nuen hain laztua nire ametsekin nola Babiloniako erregea bereekin egon baitzen; eta ez dut inolako dudarik egiten noiz eta baieztatu behar baitut enigma honek hainbat nahasi egingo zituela Pariseko gizon zuhur guztiak nola Kaldeakoek, baldin eta interpretatu beharrean aurkitu izan balira.

 

 

LE DIMANCHE
PARIS

 

        Igandea zen; eta goizean La Fleur nire logelara sartu zenean, kafea, opila eta gurina zekarzkidala, ia ezagutu ere ez nuen egin, hain dotore eta handikiro apaindua zetorren.

        Montriulen hitz eman nion ezen, Parisera heltzean, zilarrezko botoidun eta zinta batekiko sonbreru bat erosiko niola, eta lau Louis d'or emango nizkiola pour s'adoniser; eta gaixoak, legez zor zaiona aitortzeko, gauzarik miragarrienak egin zituen nik eman diruarekin.

        Eskarlatazko kasaka distiratsu eta garbi bat, eta itxura berdineko zaragoila pare bat erosi zituen — Ez zaizkit txakur txiki bakar bat ere kostatu, esan zuen, erabiliaren erabiliaz hain zeuden-eta higatuak — Urka zezatela nahi izan nuen halako aitormena egiteagatik — Hain berriak ziruditen ezen, jakin banekien arren jada ez zela posible, halere askoz ere nahiagoko bainuen nire irudimenari sinestarazi berri-berriak erosi nizkiola, mutilak erositako jantziak Rue de Friperietik atera zirela pentsatzea baino.

        Halako detaileek ez diete bihozminik ematen paristarrei.

        Gainera erosi zuen saten urdinezko txaleko dotore bat, bordatu nahiko zoragarriz apaindua — egia esateko, txalekoak egoera lastimosoagoa zuen maiz erabili izanagatik, baina garbi bezain zuri zegoen — urrezko edergarriak ukitu zenbait hartuta zeuden, eta, oro har, arranditsu samarra zen beste ezer baino gehiago — eta nola txalekoaren kolore urdina ez zen batere bizia, txit ondo geratzen zitzaion kasaka eta zaragoilekin: diruak estu-estu enplegatu zituen, eta horretaz guztiaz gain diamantezko orratz bat eta zetazko peluka-zorro bat ere lortu zituen; eta tirabiran ibili zen fripierarekin zaragoilak belaunean lotzeko behar zuen urrezko galtzari pare bat zela medio — Lau liberarekin muselinazko parpaila batzuk erosi zituen, bien brodées, haren beraren dirutik — eta zeta zurizko galtzerdi pare bat bost libra gehiagorekin — eta, errematea emateko, naturalezak itxura apain batez dohaindu zuen sos bat ere kobratu gabe.

        Gisa horretan apainduta sartu zen gelara, txukun eta azken modaren arabera jantzita, bular parean bouquet dotore bat zeukala — hitz batean, haren inguruko gauza guztiei halako jai-giroko usaina zerien, non bat-batean pasa zitzaidan burutik igandea zela — eta bi gauzak batera konbinatuz, kolpetik etorri zitzaidan burura aurreko gauean eskatu nahi izan zidan mesedea zela, hain zuzen ere, eguna pasatzea Parisen mundu guztiak pasatzen duen eran. Mesede horri susmo txarra hartuko nion baino lehenago, La Fleurrek, apal baino apalago, baina begitarte fidakorra ageri zuela, haren erregua onartzera behartuta banengo bezala, arren eskatu zidan egun osorako lizentzia eman niezaion pour faire le galant vis-à-vis de sa maitresse.

        Baina horixe zen, hain justu, nik neuk ere Madame de R****rekin vis-à-vis egiteko asmoa nuena — Horretarakoxe hain zuzen jarraitzen nuen oraindik ere remisearekin, eta nire hantusteak ez zuen asko sofrituko baldin eta remisearen atzealdean La Fleur bezain txukun apaindua zegoen mirabe bat eramaten banuen: ziur asko inoiz ez nuen egokiera desegokiagorik La Fleurren zerbitzuari uko egiteko.

        Baina enbarazu hauetan murgildurik gaudenean, sentitu egin behar dugu, ez arrazoitu — zerbitzatzearen seme-alabek Libertatea arbuiatu zuten beren kontratuak sinatzean, ez ordea beren Naturaleza; hezur eta haragi dira, eta gatibutasunaren etxean bizi badira ere, haiek ere beren hantuste ttiki eta gurariak dituzte, haien nagusiek bezala — ez dago dudarik nork bere prezioa jarri diola bere buruari uko egiteari — eta haien itxaropenak hain dira zentzugabeak, ezen maiz etsiaraziko bainituzke, non eta haien kondizioak bide ematen ez didan hala jokatzeko.

        Begira! Begira!, zure mirabea naiz — Hori esan eta bet-betan geratzen naiz nagusi baten botererik gabe —

        — Joatea daukazu, La Fleur!, esan nuen nik. —

        — Eta zein emakumeren maitasuna irabazi duzu, La Fleur, esan nion, Parisen hain denbora gutxi badaramazu? La Fleurrek bularrera eraman zuen eskua, eta esan zidan petite demoiselle bat zela, Monsieur le Count de B****ren etxean ezagutu zuena. — La Fleur jendartean ederki moldatzen zen bihotz baten jabe zen; eta zor zaiona aitortzeko, haren nagusiak bezain okasio gutxi uzten zuen bere eskuetatik ihes egiten — honelakoak edo bestelakoak; baina nola — Jainkoak baizik ez daki — demoisellearen ezagutza egin zuen eskailerako eskailburuan, ni neure pasaportearen kontuarekin nenbilen bitartean; eta nahiko denbora izan nuenez kondea nire interesen aldera makurrarazteko, hala La Fleurrek ere abilezia nahikoa izan zuen neskamea bere interesen aldera makurrarazteko — familia, dirudienez, Parisen egotekoa zen egun horretan, eta La Fleurrek festa bat ospatu zuen demoisellearekin eta kondearen zerbitzupeko bi edo hiru gehiagorekin boulevardsetan

        Gizon-emakume zoriontsuak!, gutxienez astean behin ziur baitzaudete zuen kezkak oro bazter batean utziko dituzuela; eta dantza egin eta kantatuko duzuela, eta kezkabideen karga astunez trufatuko zaretela, zeinek beste nazio batzuen izpiritua makurrarazten baitute lurra jo arte.

 

 

PASARTEA
PARIS

 

        La fleurrek egiaz espero nuena eta bai hari bai niri inoiz burutik pasatuko zitzaiguna baino gauza askoz ere entretenigarriagoa utzia zidan egun osoan zehar liberti nendin.

        La Fleurrek gurinezko opiltxoa pikuondo hosto baten gainean ekarri zidan, eta goiza beroa zenez, eta bide luzea egin behar zuenez gurina mahairaino eramateko, paper zahar baten orri bat eskatu zuen pikuondo hostoaren eta bere eskuaren artean jartzeko — Nola orria plater gisa ere erabil zitekeen, eskatu nion mahai gainean utz zezan zegoen zegoenean, eta nola erabakita bainengoen egun osoa barruan ematea, La Fleurri agindu nion traiteurrari galdegin ziezaiola nire bazkaria prest edukitzeko, eta gosaria neure kasa hartzen uzteko.

        Gurina bukatu zitzaidanean, pikuondo hostoa leihotik behera bota nuen, eta gauza bera egitera nindoan paper zaharrarekin — baina lehenbiziko orria irakurtzearren baratu nintzelarik, lehenbizikoak bigarrenera eraman ninduen eta bigarrenak hirugarrenera — Eta hartan pentsatu nuen uste baino balio handiagoa zutela; beraz, leiho ondora aulki bat eraman eta papera irakurtzera eseri nintzen.

        Rabelaisen garaiko frantses zaharrean zegoen, eta nekientxoarenagatik bazitekeen Rabelaisek berak idatzia izatea — gainera, idazkera gotikoan zegoen, eta lan ikaragarria kostatu zitzaidan zentzu pixka bat hartzea, hain marguldua eta ezabatua zegoen hezetasunagatik eta denboraren joanagatik — lurrera jaurti nuen; eta orduan gutun bat idatzi nion Eugeniusi — gero berriz ere hartu nuen papera, eta ostera hautsi zuen nire barneko bakea — eta hartan, nire onera bihurtzeko, gutun bat idatzi nion Elizari. — Artean ere ezin nuen papera nire burutik kendu; eta papera ulertzeko zailtasunak nire guraria areagotu baizik ez zuen egiten.

        Bazkaria ekarri zidaten; eta behin ene izpiritua argitzea lortu nuenean Borgoinako botila batekin, berriro lotu nintzaion — eta bi edo hiru orduz paperaren hausnarrean murgildu ondoren, ia hain arreta sakonarekin nola Gruterrek edo Jacob Sponek jartzen baitzuten inskripzio zentzugabe batean, uste izan nuen nolabaiteko zentzua bilatu niola; baina otu zitzaidan ziur egoteko zegoenik eta biderik onena zela ingelesera itzultzea, eta behin itzuliz gero, nola atera zen ikustea — horrenbestez, patxadaz ekin nion, gizon txoriburu batek egiten duen gisara, noiz esaldi bat itzuliz — noiz paseo bat edo bi emanez — noiz leihotik begiratuz munduaren ibilbideari; hala, gaueko bederatziak jo zuten bukaturik edukiko nuen baino lehenago — Orduantxe ekin nion eta irakurri nuen hemen gero datorrena.

 

 

PASARTEA
PARIS

 

        —— Baina nola notarioaren emazteak kontua sutsuki eztabaidatzen baitziharduen notarioarekin — Nahiago nuke, esan zuen notarioak pergaminozko plegu bat lurrera jaurtikiz, hemen balego beste notario bat, soilik hau idatziz jaso eta honen guztiaren fede eman dezan —

        — Eta orduan zer egingo zenuke, Monsieur, esan zuen emakumeak zutik jarriz suak hartu bailuen — notarioaren emaztea erretxin samarra zen, eta notarioak ondo iritzi zion gainera zetorkion ekaitz-erauntsia saihesteari erantzun samur baten bitartez — Ohera joango naiz, erantzun zuen notarioak. — Antzarak ferratzera ere joan zaitezke, erantzun zion notarioaren emazteak.

        Baina nola etxean ohe bat besterik ez baitzegoen, beste bi gelak altzaririk gabekoak ziren-eta, Parisen ohiko denez, eta nola notarioak ez baitzuen inolako gogorik ohe berean etzateko une hartan bertan antzarak ferratzera harrapaka bidali zuen emakume batekin, etxetik joan zen kapelua, makilatxoa eta kapa motza berekin harturik, gaua oso haizetsua zenez, eta guztiz aztoraturik joan zen paseatzen Pont Neuf aldera.

        Egundaino eraiki izan diren zubietan, Pont Neuf gainetik igaro den jende aldra guztia aitortu beharrean dago nobleena dela — dotoreena — bikainena — distiratsuena — luzeena — eta lurbira guztiaren azal gainean bi erribera bata bestearekin lotzen dituen zubirik zabalena ——

        Hau irakurrita, badirudi pasartearen egilea ez zela frantsesa izan.

        Sorbonako teologo eta doktoreek pasarteari bilatzen dioten akatsik larriena da ezen, Parisen edo ingurumarietan are haize pittin bat badago ere, hiriko inongo bazterretan ez dela sacre Dieuren kontra hainbeste blasfemia botatzen nola han — eta arrazoi faltarik ez dute, ene Messieurs zintzo eta sineskorrak; bada zure gainera oldartzen da garde d'eau oihukatu gabe, eta hain ustekabeko kolpeak ematen ditu, non, zubia kapelua jantzita igarotzen duten banaka batzuen artean, berrogeita hamarretik batek ere ez bailuke bi libera eta erdi arriskatuko, izan ere horixe da-eta kapeluak balio duen diru guztia.

        Notario gaixoak, zentinelaren ondotik pasatzen ari zen unean berean, senak edo bultzaturik, bere makilatxoa kapeluaren albo batean bermatu eta irmoki eutsi zion, baina bere makila goratzearekin batera makilaren puntak harrapatu ez du bada, zentinelaren sonbreruaren zinta, eta sonbrerua kareletik gora bidali Senako uretara arrastorik batere utzi gabe ——

        — Haize txar bat da, esan zuen txalupari batek, zeinak sonbrerua hartu baitzuen, inori ere ezer onik ekartzen ez diona.

        Zentinelak, gaskoia baitzen, haserre gorri eginik, bere biboteari tira egin eta arkabuza destatu zuen.

        Garai haietan arkabuzak metxekin piztu beharra zegoen; eta nola zubiaren beste aldean zegoen atso bati unetxo bat lehenago bere paperezko linterna itzaltzea fortunatu zitzaion, zentinelari bere metxa eskatu behar izan zion linterna pizteko — eta horri esker gaskoiaren odol beroak denbora nahikoa izan zuen hozteko, eta istripu horri nolabaiteko probetxua ateratzeko — Haize txar bat da, esan zuen zentinelak notarioaren kastorea hartzen zuenarekin batera, nolabait ere harrapaketa legitimatu nahirik txalupariaren esaerarekin.

        Notario gaixoak zubia igaro zuen, eta Rue de Dauphine zeharkatu eta St Germaineko auzora sartu zelarik, bide osoan zehar auhen eta negar egiten zihoan honela:

        Zorigaiztoko gizona ni!, zioen notarioak, nire bizitzako egun guztietan haize-erauntsien jostailua bainaiz — mundura jaio bainaiz hizkera zakarraren ekaitza nire eta nire ogibidearen aurka altxa dadin, noranahi ere noalarik — elizaren trumoi hotsak ezkonarazi bainau ekaitz baten pareko den emakume batekin — etxe barruko haize-boladek nire etxe propiotik egotzi bainaute — eta pontifikatuek nire kastoreaz biluztu bainaute — hemen egokitzea tokatu baitzait, gau haizetsu batean burusoildurik eta ustekabeko gertakizunen gorabeheren esku — non pausatuko dut ene burua? — gizon miserablea!, haize-arrosaren hogeita hamabi puntuetatik zer haizek haizemango du zure aldera, gainerako lagun hurkoen aldera haizematen duen bezala, o Jainkoa!

        Notarioa pasadizo ilun batetik igarotzen ari zelarik era horretan lantua joz, hots bat deika ari zitzaion neskatxa bati, gertuen zegoen notarioaren bila joan zedin eskatuz — gure notarioari egokitu zitzaionez gertuen egotea, eta bere egoeraz baliaturik, pasadizoan barrena abiatu zen ateraino iritsi zen arte, eta halako sala zahar bat zeharkatu zuelarik, beste sala handiago batera sartu zen, zeina gauza guztiez biluztua baitzegoen salbu eta — pika militar luze bat — bularreko bat — ezpata zahar ugertsu bat, eta bandolera bat, guztiak ere hormatik zintzilikatuak zeudela distantzia berdinera zeuden lau toki ezberdinetan.

        Pertsonaia zahar bat, behinola zalduna izan zena, eta, gutxienez fortunaren gainbeherak berekin ekartzen ez badu odolaren zikintzea, orduan ere zalduna zena, ohean etzanda zegoen burua esku batean bermaturik zeukala; haren ondo-ondoan mahaitxo bat zegoen, gainean kandela irazeki bat zuena, eta mahaitxoaren ondoan aulki bat jarria zegoen — notarioa aulkian jezarri zen; eta sakelan zeuzkan adarrezko tintontzia eta paper orri bat edo bi atereaz, agurearen aurrean jarri zituen, eta luma tintontzian busti, eta bularra mahai aldera makurtu zuelarik, dena prestatu zuen zaldunaren azken nahia edo testamentua egiteko.

        Ai!, Monsieur le Notaire, esan zuen zaldunak apur bat goratu zenarekin batera, ez daukat inolako ondarerik zeinekin testamentuaren gastuak ordaindu, nire bizitzaren historia salbu, eta ez naiz bakean hilko non eta lehenago munduari utziko ez diodan nire ondare gisa; eta historiak emango dituen irabaziak zuri uzten dizkizut nigandik jasotzeak emango dizkizun nekeengatik — historia hain da ez-ohikoa, mundu guztiak irakurri beharko bailuke — aberastasun handia ekarriko dio zure etxeari — notarioak luma busti zuen tintontzian — Nire bizitzako gertakari guztien gidari guztiahalduna!, esan zuen seriotasunez zaldun zaharrak begiak altxatuz eta eskuak zerurantz jasoz — zu, zeinaren eskuak eraman bainau pasadizo estrainio batzuen halako labirintuan zehar desolaziozko eszena honetaraino, lagun iezaiozu ajeek jorik dagoen eta bihotza erdiratua duen zahar baten memoria eroriari, gida ezazu ene mihia zure egia betierekoaren izpirituaz, modu horretara arrotz honek soilik Liburu hartan idatzita dagoena jaso dezan, zeinaren agirien argitan kondenatua edo absolbitua izanen bainaiz, esan zuen zaldunak bi eskuak elkarrekin estutuz — notarioak kandelaren eta bere begiaren artean jarri zuen lumaren punta ——

        — Halako historiak, Monsieur le Notaire, esan zuen zaldunak, naturalezaren zirrara guztiak ernarazi egingo ditu — humanitatearekin bukatuko du, eta errukiz hunkituko du ankerkeriaren bihotza ——

        — Notarioaren odola irakiten zegoen hasteko gogoarekin, eta hirugarren aldiz busti zuen luma tintontzian — eta zaldun zaharra notarioaren aldera apur bat gehixeago jiratu eta bere historia diktatzen hasi zitzaion hitz hauekin ——

        — Eta non dago gainerako guztia, La Fleur?, esan nuen nik La Fleur gelara sartu zenarekin batera.

 

 

PASARTEA
ETA BOUQUETA
PARIS

 

        La fleur mahairaino hurbildu zenean, eta nik nahi nuena konpreniarazi nionean, esan zidan beste bi orri bakarrik geratzen zirela, baina bi orri horietan bildu zituela bouquet baten zurtoinak lore sorta ondo loturik eramateko, eta bouqueta boulevardsetan ezagutu zuen demoiselleari oparitu ziola — Orduan, otoi, La Fleur, esan nion, zoaz berriz ere haren bila Count de B****ren etxera eta ikusi ea lortzerik daukazun — Ez beza horretaz dudarik egin, esan zuen La Fleurrek — eta ziztu bizian alde egin zuen.

        Luze gabe, gaixoa itzuli zen arnasestuka, pasartearen ezin erremediatuzko galera soilak eragingo zizkion baino atsekabezko marka sakonagoak ageri zituela begitartean — Juste ciel!, bi minutu eskax dira gaixoak bere demoisellearen azken adio amultsua jaso duela — eta haren maitale desleialak eman ez dio bada, haren gage d'amour kondearen lekaioetariko bati — lekaioak neskatxa jostun bati — eta jostunak biolinjole bati, bouquetak azpialdean zeramala nire pasartea — Gure zoritxarrak uztarturik zeuden — hasperen bat jaurti nuen — eta La Fleurrek nire belarrietan errepikatu zuen oihartzun baten gisara —

        — Traidore alaena!, oihukatu zuen La Fleurrek — Hau zoritxarra!, esan nuen nik. —

        — Ez nukeen hainbeste sofrituko, Monsieur, esan zuen La Fleurrek, demoiselleak galdu izan balu — Ez nik ere, La Fleur, aurkitu izan banu.

        Eta aurkitu ote nuen ala ez, aurrerago ikusiko da.

 

 

KARITATEZKO EGINTZA
PARIS

 

        Pasadizo ilun baten barrena ibiltzea errefusatzen duen edo bertara sartzeko beldur den gizona gizon bikaina izan daiteke, eta ehunka gauza egiteko txit egokia; baina ez du lortuko bidaiari sentimental ona izaterik. Ardura gutxi dit eguerdi-argitan kale zabalen erdian nire begien aurrean gertatzen diren hainbat eta hainbat gauza ikusteak. — Naturaleza herabeti da, eta gorroto du ikusle askoren aurrean aritzea; baina halako izkina bakarti eta ezkutu batean, batzuetan eszena labur eta partikular bat ikusteko parada duzu, berez balio duena hamabi drama frantsesek batera eragiten dituzten sentimendu guztiek adina — eta guztiarekin ere arras bikainak dira; — eta noiz ere nire eskuetan ohi baino afera ederragoren bat daukadan, eta aukera-aukeran datorkienez hala predikari bati nola heroi bati, nire sermoia egin ohi dut afera horretan oinarri harturik — eta irakurgaiari dagokionez — «Kapadozia, Ponto eta Asia, Frigia eta Panfilia» — Bibliako beste edozein irakurgai bezain baliagarri zaizkit.

        Opera comiquetik irtetean, pasadizo luze eta ilun bat dago, kale estu bateraino daramana; fiacre bat akuratzeko umilkiro itxaroten duten edota opera bukatzean patxada osoz oinez irten nahi duten banaka batzuek zapaltzen dute delako pasadizoa. Pasadizioa bukatzen den tokian, teatro alderantz zoazela, argi ematen dion kriseilu bat dago, zeinaren argia ia galtzen den bide erdira baino lehen, baina atetik hurbil — gehiago balio du apaingarri gisa erabiltzeko baino: kriseilua ikusten duzu magnituderik txikieneko izar finko bat bailitzan; irazekirik dago — baina dakigunagatik, ezer gutxirako balio dio munduari.

        Pasadizotik bueltan nentorrela, eta atetik bost edo sei urratsetara nengoela, erreparatu nuen bi emakume elkarrekin besoz beso zeudela, beren sorbaldez hormari eutsika, eta, imajinatzen nuenez, fiacre baten zain zeudenak, — ate ondoan zeudenez gero, lehentasuna izango zutela pentsatu nuen; beraz, haiengandik yarda batera edo apurtxo bat urrunago jarri nintzen, eta lasai-lasai geratu nintzen nire txandaren zain — beltzez jantzita nengoen, eta kasik ikusiezina nintzen.

        Ondoan nuen damak hogeita hamasei urteko emakume baten planta liraina zuen; bestea, tamaina eta eite berdina zuena, berrogei bat urte ingurukoa; ez batak, ez besteak ere ez zuten inon ageri emazte baten edo alargun baten markarik — iduri zuten bi ahizpa vestale prestu zirela, balakuek adoretuak, baina diosal txeratsuek ukitu gabeak: gustora saia nintekeen bi emakumeak zoriontsu egiten — ordea halabeharrak erabakita zeukan gau hartan beste auzo batean sortzea haien zoriontasunaren iturria.

        Ahots apal, espresio tonu egokia eta amaieran kadentzia atsegina zuen bat, hamabi soseko txanpon baten eske ari zitzaien Jainkoaren izenean bien erdian jarrita. Bitxia bilatu nuen eskale batek amoinaren kuota ezartzea — eta zenbatekoa izatea ilunbean eman ohi dena baino hogei aldiz handiagoa. Bi emakumeak ni bezain zurturik zeudela iruditu zitzaidan. — Hamabi sos!, esan zuen batek — Hamabi soseko txanpon bat!, esan zuen besteak — eta erantzunik ez.

        Behartsuak esan zuen ez zekiela nola eskatuko zien diru gutxiago haien klase eta mailako dameei, eta burua lur beheraino makurtu zuelarik, erreberentzia bat egin zien.

        Ba, ba!, esan zuten emakumeek, ez daukagu dirurik.

        Eskalea mutu geratu zen tarte batez edo biz, eta erregua berritu zien.

        Arren, ene dama gazte prestuak, ez itzazue zuen belarriak tapatu, esan zuen — Zin dagizut, gizon zintzo hori, esan zuen gazteenak, ez daukagula batere kanbiorik —— Orduan Jainkoak gorde zaitzatela, esan zuen behartsuak, eta ugal ditzala beste batzuei kanbiorik gabe eman ahal dizkiezuen pozak! —— Erreparatu nuen ahizpa zaharrenak eskua sartu zuela bere sakelan — Ikusiko dut, esan zuen, ea sosen bat ote dudan. — Sos bat!, eman hamabi, esan zuen erregutzaileak; Naturaleza onbera izan da zurekin, izan zaitez zu ere onbera gizon gaixo honekin.

        Bihotz-bihotzez emango nizuke hamabikoa, esan zuen gazteenak, bakar bat banu.

        Ene dama prestu eta karitatetsua!, esan zuen behartsuak zaharrenari zuzenduz — Zer izanen da zure onberatasuna eta bihozberatasuna baino, zure begiei hain disdira samurra eragiten diena, ezen goiz-argiak baino gehiago distiratzen baitute are pasadizo ilun honetan ere?, eta zer izan ote zen Marquis de Santerre eta bere anaia zuen bien gainean hainbeste gauza esatera bultzatu zituena, oraindik orain hemendik pasatu direnean?

        Bi damek oso hunkituak ziruditen; eta eskuak kolpetik eta beren kabuz aldi berean eraman zituzten sakeletara, eta bakoitzak hamabi soseko txanpon bat atera zuen.

        Emakumeen eta erregutzaile gaixoaren arteko ika-mika bukatu zen — emakumeek halere jarraitu zuten eztabaida betean, ea bietatik zeinek karitatez emango hamabi soseko txanpona — eta eztabaidari azkena emateko, biek batera txanpon bana eman zioten, eta gizonak alde egin zuen.

 

 

ENIGMA ARGITUA DA
PARIS

 

        Azkar asko joan nintzen gizonaren atzetik: hoteleko ate aurrean emakumezkoei karitatea eskatzen zien gizon hura bera zen, zeinaren arrakastak hain zur eta lur utzi baininduen — eta bat-batean konprenitu nuen zein zen haren sekretua, edo gutxienez sekretu horren sustraia — lausengu hutsa besterik ez zen.

        Gozozko esentzia!, nolako kemenez indarberritzen duzun naturaleza!, nolako indarrez jartzen dituen zure alde bere botere eta ahultasun guztiak!, zer eztikiro nahasten zaren odolarekin, eta nola laguntzen diozun bihotzera daramaten pasadizorik neketsuen eta bihurrienetan zehar!

        Behartsua, nola denborak ez baitzuen estutzen, ohi baino denbora dosi luzeagoa emana zuen hemen: egia da beste modu bat ere bazuela zeremonia gutxiagorekin egiteko, hainbeste ziren-eta kaleetan bat-batean aurre egin behar zien okasioak; baina nola moldatzen ote zen bere diskurtsoa zuzendu, eztitu, kontzentratu eta dohaintzeko — ez dut nire izpiritua aztoratuko galdera horrekin — aski da, eskaleak hamabi soseko txanpon bi eskuratu zituen — eta gainerako guztia ondo baino hobeto konta dezakete kontu hau dela eta, beren eskuarteak ugariagotu dituztenek.

 

 

PARIS

 

        Mundu honetan aitzina goaz ez hainbat zerbitzuak egiteagatik nola errezibitzeagatik: adaxka ihartu bat hartzen duzu eta lurrean ezartzen; eta orduan urez ihinztatzen duzu, zeren landatu baituzu.

        Mons. le Count de B****k, soilik fabore bat egin zidalako nire pasaportearen auzia zela medio, aurrera jarraitu zuen eta beste mesede bat egin zidan Parisen igaro zituen egun bakanetan, noiz eta jaun printzipal batzuen ezaupideak egiten lagundu baitzidan; eta jaun horiek beste batzuen aurrean aurkeztu ninduten, eta horrela bata bestearen ondoan.

        Nire sekretuaren jabe egin nintzen ohore hauetatik probetxuren bat edo beste ateratzeko garaiz; bestela, gertatu ohi den bezala, behin edo bitan bazkaldu edota afaltzea lortuko nukeen gehienez ere, eta orduan frantses begirada eta jarrerak ingeles erraz eta garbi batera itzuli beharrez, berehala ohartuko nintzen gonbidatu entretenigarriagoren baten couvertez jabetzen ari nintzela; eta horren ondorioz nire postuak utzi beharko nituen bata bestearen ondotik, soilik postu horiek ezin mantendu nituelako. — Eta hala zenez gero, gauzak ez ziren askoz okerrago irten.

        Ohorea izan nuen Marquis de B**** zaharraren aurrean aurkeztua izateko: behinola nabarmendu egin zen Court d'amourren burutu zituen zalduntzako balentria txiki batzuk zirela medio, eta harrezkero jesta eta torneoen ideia gurutzatuta geratu zitzaion buruan — Marquis de B****k nahiagoko zuen pentsatzea halako aferak bere buruan ez ezik beste nonbait ere gertatzen zirela. «Agian gustatuko zitzaiokeen Ingalaterrarainoko bidea egitea», eta gauza asko galdetu zidan dama ingelesen gainean. Gera zaitez oraintxe zauden tokian, arren eskatzen dizut, Mons. le Marquis, esan nuen —— Egia aitortzeko les Messrs. Angloisek nekez lortzen dute begirada samurrik haiengandik. — Markesak afaltzera gonbidatu ninduen.

        Mons. P**** zerga-biltzaile nagusiak, jakinmin berdina zuen gure zergen gainean — Oso handiak zirela entzunda zegoen — Baldin eta jakingo bagenu nola bildu, esan nuen erreberentzia sakon bat eginez.

        Ez nintzatekeen inola ere Mons. P****ren kontzertuetara gonbidatua izango nire hitz horiengatik izan ez balitz.

        Madame de Q****ren aurrean oker-aurkeztu ninduten esprit bat bainintzan — Madame de Q**** bera zen esprit bat; ni ikusteko eta niri hitz egiten entzuteko irrikak zoraturik zeukan. Artean jezarri gabe nengoelarik, ohartu nintzen bost axola ziola talenturen bat banuen edo ez — Soilik hartu ninduen berak bazeukala talenturik konbentzitzeko xedearekin. — Jainkoari dei egiten diot testimonio eman dezan ez nuela behin ere nire ezpainetako atea ireki.

        Madame de Q****k hitz ematen zien topatzen zituen gizaki guztiei «bere bizi guztian inoiz ez zuela inongo gizonekin solasaldi ereduzkoagorik izan».

        Hiru aro daude emakume frantses baten inperioan — irtirina da — gero deista — eta gero devôte: halere inperioa ez da inoiz galtzen hiru aro hauetan zehar — soilik bere mendekoak aldatzen ditu: hogeita hamabost urterekin edo gehiagorekin haren jabetzako lurrak maitasunaren esklaborik gabe geratu direnean, berriz ere betetzen ditu desleialtasunaren esklaboez — eta gero Elizaren esklaboez.

        Madame de V**** bilintzi-balantza zebilen lehenbiziko aro hauen artean: arrosaren kolorea bizkor moteltzen ari zen — jadanik deista behar zuen izan nire lehen ikustaldia egiteko ohorea izan eta bost urte lehenagotik.

        Sofa berean plantatu ninduen bere ondoan, erlijioaren auzia estuago eztabaidatzeko asmoz — Labur esateko, Madame de V****k kontatu zidan ez zuela ezertan sinesten.

        Madame de V****ri esan nion bazitekeela hori haren printzipioa izatea; baina ziur nengoela ez zuela inolako interesik izango kanpoko harresiak botatzeko, bada harresi horiek gabe ezin nuen ulertu nola harena bezalako zitadela bat defenda zitekeen — ezen dama eder batentzat ez zegoela mundu honetan gauza arriskutsuagorik deista izatea baino — nire sinesmenarekin nuen zorra zela arrisku hori hari ez ezkutatzea — ezen artean bost minutu ere ez neramala haren ondoan sofan eserita, eta jada burutazio batzuk izaten hasia nintzela — eta zer izan ote daiteke nire burua kontrolatzera behartu ninduena, ezpada erlijiozko sentimenduak, eta halako sentimenduak haren bihotzean existitu zirelako uste sendoa?

        Ez gara diamanteak bezalakoak, esan nion eskua hartuz — eta brida guztiak erabili behar ditugu, harik eta bere garaian adinak ebatsiko eta apurtuko dizkigun arte — baina, ene dama maitea, esan nion eskuan muin eginez — oraindik ere oso — oso goiz da —

        Zin dagit Paris osoan zehar hedatu zela Madame de V*** perbertsiobideetatik libratu nuelako fama. — Mons. D***ri eta Abbé M***ri baieztatu omen zien ordu erdi batean gauza gehiago kontatu niola erlijio errebelatuaren gainean haien Entziklopediak haren kontra jartzen duen guztia baino — Zuzen-zuzenean Madame de V***ren Coterieko zerrenda barruan sartu ninduten — eta deismo aroa bertan behera utzi zuen bi urtez.

        Gogoratzen naiz haren Coterien izan zela, hitzaldi baten erdian, frogatzen ari nintzelarik hasierako kausa baten beharra, noiz eta Count de Faineant gazteak eskutik hartu eta gelako bazter batera eraman baininduen esateko nire solitaire estu-estu lotua neramala lepoan Plus badinant egon beharko luke, esan zuen kondeak begiak bereganantz jaitsiz — hitz gutxi, Mons. Yorick, gizon zuhurrari

        — Eta gizon zuhurrengandik badator, Mons. le Count, erantzun nion erreberentzia bat eginez — aski da.

        Count de Faineantek eman zidan besarkada inork inoiz eman didan besarkadarik suharrena izan zen.

        Hiru astez jarraian, ezagutu nituen pertsona guztien estimua irabaztea lortu nuen. — Pardi! ce Mons. Yorick a autant d'esprit que nous autres. — Il raisonne bien, esan zuen batek. —— C'est un bon enfant, esan zuen beste batek. — Eta prezio horretan nire bizitzako gainontzeko egun guztietan Parisen jaten, edaten eta libertitzen jarraitu ahalko nuen; baina kontuak lohikiro egitea zen — lotsa sentiarazi zidan — esklabo baten irabazia zen — kontra bihurtu ziren sentimendu ohorezko guztiak— zenbat eta gorago heltzen nintzen, hainbat eta behartuago nengoen eskeko sistema honetaz baliatzera — zenbat eta bikainagoa izan Couteriea — orduan eta gehiago ziren Arteetako gizasemeak — Naturalezaren gizasemeen irrikaz nengoen; eta gau batez, behin eta nire burua erarik zitalenean prostituitu nuenean dozen erdi lagunen aurrean — La Fleurri agindu nion zaldiak lor zitzala hurrengo goizean Italiako bideari ekitearren.

 

 

MARIA
MOULINES

 

        Gaur arte inoiz ez dut inola ere ezagutu nolakoa zen oparotasunaren zorigaitza — zorigaitz horren artean bidaiatzea Bourbonnoisetik zehar, Frantziako eskualderik zoragarrienetik — mahats-biltzearen unerik gorenean, Naturalezak bere aberastasunak oro isurtzen dituenean guztion baitara, eta begiak oro goratuak direnean — bidaia bat non eta, ibili ahala, musikak konpasa markatzen baitio Lanari, eta haren ume guztiek atsegin hartzen baitute beren mahats-mordoak garraiatzen dituzten bitartean — hemen iragaitzaz egoteaz sentimendu guztiak leher eginik ditudala, nire ondotik pasatzen diren talde guztien aitzinean piztu egiten zaizkidalarik — eta talde horietariko bakoitzak mundu bete abentura zeraman berekin.

        Jainkoarren! — hogei liburuki beteko lituzkete — eta ai!, orri bakan batzuk besterik ez zaizkit geratzen horiek betetzeko — eta orri hauetatik erdiak bete behar dira Maria gaixoarekin, nire adiskide Mr Shandy-k Moulinesetik gertu topatu zuen emakumearekin.

        Burutik nahasia zebilen dontzeila horri buruz kontatu zidan istorioak ez ninduen batere hunkitu irakurri nuenean; baina bera bizi zen auzora iritsi nintzenean, hain gogorki jarri zidan berriz ere buruan, ezen ezin jasan izan bainuen sentitu nuen bihotz-ukaldia, bihotz-ukaldi horrek bultzatu ninduelarik bidetik legoa erdi batera aldentzera eta haren gurasoak bizi ziren herrira joatera dontzeilaz galdetzeko asmoarekin.

        Aitortu behar dut hau dela abentura malenkoniatsuen bila joatea, Itxura Tristeko Zaldunaren gisara — ordea ez dakit zergatik ote den, baina inoiz ez dut nire barnean dagoen arima horren existentziaren kontzientzia hain argia nola nire burua abentura horietan nahasirik dabilenean.

        Haren ama zaharra atera zen, eta haren begiratuek historia kontatu zidaten berak ahoa irekiko zuen baino lehenago — Senarra galdu izan zuen; senarra bihozminez hil zen Mariak burua galdu eta handik hilabetera gutxi gora-behera, esan zuen emakumeak. — Hasieran beldurra izan zuen senarraren heriotzak bere alaba gaixoari geratzen zitzaion zentzu apurra erabat nahasiko ote zion — baina, aitzitik, areago bildu zuen haren baitara — guztiarekin ere beti kexu zen — alaba gaixoa, zioen negarrez bere amak, noraezean zebilen bidearen inguru-minguruetan —

        — Zergatik nire pultsuak hain taupada motelak egiten ditu hau idazten ari naizen bitartean?, eta zer izan zen La Fleur bultzatu zuena bere eskuaren atzealdea begietatik birritan pasatzera emakumea zutik hitz egiten ari izan zitzaidan bitartean, noiz eta La Fleurren bihotzak baitzirudien soilik alaitzeko egina zegoela? Postako mutilari agindu nion atzera ere biderantz itzul gintezen.

        Moulinesetik legoa erdi batera geundenean, itxitura bateraino zeraman bide-xidor baten parean, Maria gaixoa ediren nuen makal baten azpian eserita — ukondoa belaun gainean eta burua eskuaren aurrealdean bermaturik zeuzkan — errekatxo bat igarotzen zen zuhaitzaren oinaldean barrena.

        Arren eskatu nion postako mutilari Moulineseraino jarrai zezala kotxearekin — eta La Fleurri nire afaria eska zezala — eta haren atzetik joango nintzela.

        Zuriz jantzita zegoen, eta nire lagunak deskribatu zidan bezalatsu, adatsa izan ezik, bada lehen zetazko sare batean kiribildurik bazeraman ere, orain, aldiz, sorbaldaraino erortzen zitzaion. — Era berean, zinta berde argi bat zeraman txaketari erantsia, sorbaldatik gerriraino erortzen zitzaiona; eta zinta horren muturretik dilindan zeraman bere xirula. — Haren ahuntza maitalea bezain desleial izan zitzaion; eta maitalearen ordez txakurtxo bat hartu zuen, berekin zeramana gerruntzeari kordel batez lotua; txakurrari begiratzen nion bitartean, Mariak kordelari tira egin eta beregana erakarri zuen. — «Ez nauzu utziko, Sylvio», esan zion. Mariaren begietara zuzendu nituen neureak, eta ikusi nuen gehiago ari zela pentsatzen aitaz bere maitaleaz edo ahuntz txikiaz baino; bada hitz horiek jaulki zitzaizkiolarik, negar malkoak isuri zituen masailetatik behera.

        Haren ondoan eseri nintzen; eta Mariak utzi zidan bere negar malkoak nire zapiarekin xuka niezaizkion begietatik atera ahala — Gero nire malkoez blai-blai eginik geratu zen zapia — eta gero haren malkoez — eta gero nireez — eta orduan berriz ere xukatu nizkion — eta xukatzen nizkionarekin batera, hain adieraezineko sentsazioak sentitu nituen ene baitan, ezen ziur bainaiz ezin esplika zitezkeela materiaren eta higiduraren arteko inolako konbinazioren arabera.

        Seguru baino seguruago nago arima bat badudala; eta materialistek mundu osoa usteldu duten liburu guztiek ere ez naute sekula kontrakoaz konbentzituko.

 

 

MARIA

 

        Maria bere senera apur bat etorri zenean, galdetu nion ea gogoratzen zuen itxura zurbil eta argaleko gizon bat, bi urte-edo lehenago haren eta ahuntzaren artean eseri izan zena. Mariak esan zuen oso urduri eta artega ibili zela garai hartan, baina halere gogoratu egiten zuela bi konturengatik — zegoen bezain gaixorik egonagatik ere, ohartu zelako gizona erruki zitzaiola; eta hurrena, ahuntzak gizonaren zapia lapurtu zuelako, eta berak ahuntza jo egin zuela lapurreta horregatik — zapia errekatxoan garbitu zuen, esan zidan, eta harrezkero bere sakelan gorderik zeraman gizon horri itzultzeko asmoz, baldin eta inoiz ikusten bazuen, izan ere gizonak, erdizka bada ere, hitz eman zion ostera ikustera joango zitzaiola. Hau esaten zidanarekin batera, zapia atera zuen sakelatik niri erakustearren; zapia arreta handiz bildurik zeraman txirbil batekin alderik alde loturik zegoen mahats-hosto pare batean — zapia zabaltzean, S bat ikusi nuen idatzia izkinetariko batean.

        Ordu ezkero, esan zidan, alderrai ibili zen Erromaraino iritsi zen arte, eta behin San Pedro elizaren inguruan ibili zen — eta atzera itzuli zen — eta Apeninoetatik zehar zihoala, ez zuela bere bidean arimarik aurkitu — Lonbardia guztian barrena dirurik gabe bide egin zuela — eta oinetakorik gabe Saboiako bide harritsuetan gaindi — nola jasan ote zuen halako egoera, eta nola lortu ote zuen bizirik irautea, ez luke kontatzen jakingo — baina Jainkoak haizea baretzen dio, esan zuen Mariak, bildots triskilatuari.

        Egiaz ere ondo triskilatua dago!, eta giharrean ukitzeraino gainera, esan nuen nik; eta nire herrian bazina, non etxalde bat daukadan, haraino eramango zintuzket eta aterpea emango: nik jaten dudan ogi beretik jango zenuke, eta nik edaten dudan kopa beretik edango — Adeitsu izango nintzateke zure Sylviorekin — zure ahulezia eta harat-honat guztietan zure bila joango nintzateke eta atzera ekarriko — eguzkia sartzean, nire errezoak egingo nituzke, eta errezoak bukatutakoan zure arratseko kantikak abestuko zenituzke zure xirularekin; eta nire intsentsuaren oparia ez litzateke gaizkiago onartua izango bihotz erdiratu batenarekin batera zerura sartzeagatik.

        Hori esan nuenarekin batera, naturalezak huts egin zidan; eta Mariak erreparatu zuelarik ezen, zapia atera nuenean, blai-blai eginda zegoela eta ezin zela, beraz, erabili, nahi izan zuen errekatxora joan zapia garbitzera. — Eta non lehortuko duzu, Maria?, esan nuen — Nire bularrean dut lehortuko, esan zuen — Horrek on egingo dit.

        Eta hain bero al da dago oraindik zure bihotza, Maria?, esan nion.

        Haren samin guztiak dilindan zeuden kordela ukitu nuen — tarte batez kexuzko samintasunez begiratu zidan aurpegira; eta orduan, hitzik esan gabe, bere xirula hartu eta Ama Birjinari otoitz eta kantu egin zion — Ukitu nuen kordelak dardaratzeari utzi zion — une baten edo biren ondoren Maria bere senera etorri zen — xirula erortzen utzi — eta goratu zen.

        Eta nora zoaz, Maria?, esan nuen. — Moulinesera, esan zuen. — Goazen elkarrekin, esan nion. — Mariak nire beso gainean jarri zuen berea, eta kordela lasaitu zuelarik, modu horretan txakurrari gure atzetik etortzen uzteko, ordena horretan sartu ginen Moulinesera.

 

 

MARIA
MOULINES

 

        Nahiz eta gorroto ditudan merkatuko plazako diosal eta ongietorriak, halere plazaren erdira iritsi ginenean, gelditu egin nintzen Mariari azken begirada bat eman eta nire azken adioa esateko.

        Maria, altua ez izanagatik ere, guztiarekin ere formarik fin eta delikatuenen jabe zen — saminak haren begitartea ukitua zuen ia mundu honetakoak ez ziruditen markak utziz — oraino emakumezko baten eitea zuen — eta orobat harengan biltzen ziren bihotzak desira dituen zer guztiak, edota begiek emakume batengan aurkitzea espero duten guztia, halako moduan non, markak haren burutik inoiz ezabatzea lortzez gerotan, hala nola nire burutik Elizak utzitakoak, Mariak ez bailuke bakarrik jango nik jaten dudan ogi beretik, ez edango nik edaten dudan kopa beretik, baita nire altzoan etzanen ere litzateke, eta nire alabatzat hartuko nuke.

        Adio, zorigaiztoko emakume gaixoa! — arrotz batek bide egiten duen bitartean, busti zaitez arrotz horren errukiak zure zaurien gainera isurtzen duen olioaz eta ardoaz — birritan kolpatu zaituen izakiak bakarrik sendatu ahalko dizkizu betiko.

 

 

BOURBONNOISA

 

        Jadanik ez zen ezer geratzen mahatsa biltzeko aroan Frantziako eskualde honetan zehar egindako bidaian nire imajinazioari afektoen algara alaitsu baten gisara agertu zitzaion irudi hartatik; izan ere, atsekabeen atearen zirrikitutik sartu nintzelarik, nire sofrimenduek erabat ezdeus bihurtu ninduten: bozkariozko eszena guztietan Maria ikusten nuen ekitaldiaren atzeko planoan, makalaren azpian pentsakor eserita; eta ia Lyoneraino iritsi behar izan nuen haren irudia behin betiko itzaltzea lortuko nuen baino lehenago —

        — Sentikortasun maitea!, gure pozaldietan preziatua eta gure atsekabeetan neketsua den guztiaren iturri ezin agortuzkoa!, zerorrek lotzen duzu katez zeure martiria bere lastozko ohean — eta zu zara Zeruraino altxatzen duena — gure sentimenduen iturri betierekoa! — hementxe zaitut nik aurkitu — zure jainkotasunak ene barnea inarrosten du — ez une triste eta ezatsegin horietan, noiz eta nire arima uzkurtua gelditzen den, eta hondamenaren aurrean izu-ikarak hartzen duen — hitz harro hutsak! — ordea sentitu egiten dut berebiziko alaitasun eta arretak nitaz baino harago daudela — guztiak zerorrengandik datoz, munduaren Sensorium handi eta goren hori!, zeina dardaratzen baita gure buruetako ile bat lurrean erortzearekin zure kreazioaren basamorturik urrutienean. — Zure eskuak gidatzen nauela, Eugeniusek nire kortina zabaltzen du adoregabeturik nagoenean — nire sintomen kontakizuna entzuten du, eta eguraldiari egozten dio errua bere nerbioen asalduagatik. Batzuetan mendi elkorrenak zeharkatzen dituen nekazaririk zakarrenari ere ematen diozu zure asalduaren zati bat — beste artalde bateko bildots zauritua aurkitzen duenean — Une honetan ikusten dut nola duen burua bere artzain-makila gainean makurtua, eta nolako jaidura errukiorrez begiratzen dion! — Oh!, lehenago etorri izan banintz! — odolusten ari da hiltzeraino — haren bihotz samurra ere odolusten da bildotsarenarekin batera ——

        Bakea dela zurekin, artzain bihozbera hori! — Ikusten dut nahigabeturik zoazela — baina zure pozak berdinduko du zure nahigabea — zeren zoriontsua da zure etxola — eta zoriontsua ere da zurekin partekatzen duena — eta zoriontsu dira zure inguruan jauzika dabiltzan bildotsak.

 

 

AFARIA

 

        Ferra bat lasaitu egin zitzaiolarik gurdi-zaldiaren aurreko hankari, Taurira mendira igotzen hastean, postako mutila zalditik jaitsi zen, ferra birarazi, kendu eta sakelan gorde zuen; bost edo sei milako igoera zenez, eta zaldi horren beharra noraezeko zitzaigunez, adierazi nion postako mutilari egokiena izango zela ferra berriro jartzea ahal bezain ongi; eta karroza-kutxan mailu bat generaman arren, halere iltzerik gabe balio gutxiko zitzaigunez, etsi nuen aurrera jarraitzera.

        Artean milia erdi bat gorago igo gabe geundela, eta bide zati harritsu batetik igarotzen ari ginela, hara non abere koitaduak beste ferra bat galdu duen, oraingoan aurreko beste hankakoa; hartan, serio asko jaitsi nintzen zalgurditik; eta milia laurden batera edo etxe bat ikusirik ezker aldean, asko kostata baina azkenean lortu nuen postako mutila konbentzitzea bira egin eta etxe alderantz abia zedin. Gerturatu ahala, etxearen eta inguruko zer guztien eiteak eta itxurak berehala errekontziliarazi ninduten deskalabro harekin. — Etxalde txiki bat zen, hogei bat akre mahastiz inguratua, artasoroz beste gutxi gora-behera — eta etxetik hurbilean, alde batean, potagerie bat zegoen, akre bat eta erdikoa, nekazari frantses baten etxea oparotasunean bizi dadin adinakoa — eta beste aldean oihan txiki bat zegoen, etxea janzteko beharrezko ziren hornigai guztiak ematen zizkiena. Arratsaldeko zortziak inguru izango ziren etxaldera iritsi nintzenean — beraz, postako mutila utzi nuen bera bakarrik molda zedin ahalko zuen bezala — eta ni nire aldetik, zuzenean sartu nintzen etxe barrura.

        Ile urdineko gizon zahar batek eta bere emazteak osaturik zegoen familia, bost edo sei seme-alaba eta suhirekin, eta haien emazteekin batera, bai eta haiengandik sorturiko ondorengo alaitsu batek ere.

        Guztiak elkarrekin jezarrita zeuden erretilu bat bete lenteja jaten ari zirela; garizko ogi-xerra handi bat zegoen mahai erdian; eta pitxer bat bete ardo mahaiko izkina bakoitzean ikusteak poztasun handia iragartzen zuen afaldu bitarteko geldialdietarako — amodiozko festa bat zen.

        Gizon zaharra altxatu zen niri ongi etorria emateko, eta begirunez beteriko amultsutasunarekin gonbidatu ninduen mahaira esertzera; jadanik nire bihotza eserita zegoen gelara sartu nintzen unetik beretik; beraz, hitzetik hortzera eseri nintzen familiako seme bat banintz bezala; eta pertsonaiaren papera ahalik eta azkarrena nireganatzeko, kolpetik eskuratu nuen gizon zaharraren ganibeta, eta ogi-xerra hartu nuelarik, puskatzar eder bat ebaki nuen; eta puskatzarra ebakitzean guztien begietan ikusi nuen froga bat ez bakarrik ongi etorri zintzo batena, baita abegi ona egingo zidatenik dudan ipini ez nuelako esker onez nahasturiko ongi etorri batena ere.

        Egin zidaten abegi samurra ote zen?, edo esaidazu, Naturaleza, zer gehiago izan ote zitekeen mokadu hau hain goxagarri egin zuena? — eta zer magiari zor diot mokaduarekin batera haien pitxerretik hartu nuen zurrutada hain goxoa gertatzea, ezen gaurdaino ere ene ahosabaian jarraitzen baitu?

        Baldin afaria nire gustukoa izan bazen — afalostean niganako erakutsi zuten esker ona hein bertsukoa izan zen.

 

 

ESKER ONA

 

        Afaria bukatzean, gizon zaharrak kolpe bat eman zuen mahai gainean ganibetaren giderrarekin — familiakoei aditzera emateko presta zitezela dantzarako: dantzarako seinalea egin zuenean, emakume eta neska guztiak elkarrekin joan ziren korrika gibeleko gela batera ilea behar bezala apaintzera — eta gizon gazteak atera ziren aurpegia garbitzera, eta beren eskalapoinak aldatzera; eta hiru minuturen buruan jende guztia prest egon zen etxe aurreko zelaigune txiki batean dantzan hasteko — Gizon zaharra eta bere emaztea azken lekuan irten ziren, eta bien artean jarri nindutelarik, ate ondoko belarrezko sofa batean eseri ginen.

        Gizon zaharra zarrabetejole aparta izana zen berrogeita hamar bat urte lehenago — eta orduan zituen urteak gorabehera, aski ondo jotzen zuen halako egokieretarako. Emazteak noizik behin pixka bat laguntzen zion bere ahotsarekin — gero gelditu egiten zen — eta berriz ere ekiten zion senarrarekin batera, seme-alaba eta bilobak haien aurrean dantzan zebiltzan bitartean.

        Ez zen izan bigarren dantzaldiaren erdira arte noiz eta, beren mugimenduetan egiten zituzten geldiune batzuk zirela medio, zeinetan baitzirudien guztiek begiak goratzen zituztela, imajinatu bainuen bereiz nezakeela halako igotze izpiritual bat, poztasun soilaren kausa edo ondorio den goratzetik ezberdina zena — Hitz batean, uste izan nuen Erlijioa ikusi nuela dantzarekin batera nahasia — baina nola egundaino ez nuen Erlijioa hain okupatua ikusi, betiere ni tronpatzen dabilen irudimenak sorturiko ilusio horietariko bat zela pentsatuko nukeen, baldin eta gizon zaharrak dantza amaitu orduko esan izan ez balu betidanik dantzatu izan zirela modu horretan; eta beti arautzat hartu izan zuela bere bizi guztian zehar familiakoak dantzara eta libertitzera deitzea afaria bukatutakoan; ezen gogo alaitsu eta pozez beteriko bat zela nekazari eskolagabe batek zeruari eskaini ahal zion eskerrik onena —

        — Bai eta prelatu eskoladun batek ere, esan nuen nik.

 

 

KONTU HANDIKO KASUA

 

        Taurira mendi gailurreraino iritsi zarenean, istantera hasten zara aldapan behera jaisten Lyonerantz — akabo orduan mugimendu bizkor guztiak! Arretazko bidaia bat da; eta hobeto datorkie sentimenduei beraiekin presaka ez ibiltzea; beraz, voiturin bat alokatu nuen mando pare batekin, beharko zuen denbora guztia erabil zezan, eta nire kotxe propioan onik eraman nintzan Turineraino Saboiatik zehar.

        Jende gaixoa, eroapen handikoa, lasaia eta zintzoa!, ez beldurrik izan; munduak ez dio inbidiarik izango zuen pobreziari, zuen bertute tolesgabeen altxorra denari, ez eta munduak zuen haranak inbadituko ere — Naturaleza!, zure desordenarik handienen erdian ere zerorrek sortu duzun urritasunaren laguna zara — inguratzen zaituzten obra guztiak gorabehera, gutxi utzi duzu emateko hala kodainari nola igitaiari — baina utzi duzun apurrarekin segurantzia eta babesa eskaintzen dituzu; eta zoriontsuak dira halako babesean bizi diren etxeak.

        Utziozu bideak ahiturik dagoen bidaiariari asaska ditzan bere kexak zure errepideetako ustekabeko bihurgune eta arriskuak direla eta — zure harkaitzak — zure amildegiak — igotzeko zailtasunak — jaisteko izu-ikarak — mendi ibilgaitzak — eta ur-jauziak, beren erpinetatik harritzarrak itzulika jausarazten dituztenak eta bidean oztopo egiten dutenak. — Nekazariak lanean aritu ziren egun osoan harri puskatzar horietako bat kentzen St Michael eta Madane artean; eta nire voiturina haraino iritsi zenerako, oraindik beste bi ordu bete lan behar izan ziren nola edo hala igarobide bat irekitzea lortu baino lehenago: patxadaz itxarotea beste erremediorik ez zegoen — gau heze eta ekaiztsua zen; eta hortaz, atzerapena zela medio, eta bai aurrekoagatik ere, voiturina errepide ondoko halako ostatu txiki eta txukun batean geratzeko beharrean aurkitu zen, bere postatik bost miliara zegoela.

        Berehalaxe egin nintzen logelaren jabe — su handia piztu — afaria eskatu nuen; eta Jainkoari eskerrak ematen ari nintzaiola gauza okerragorik gertatu ez izanagatik — zaldi-kotxe bat iritsi zen, barruan dama bat eta bere neskamea zekartzala.

        Nola etxean ez zegoen beste logelarik, ostalertsak nire logelaraino ekarri zituen, kontu eta arreta eskaxarekin ekarri ere, barrura sartzen laguntzen zienarekin batera esaten zielarik logelan jaun ingeles bat baino ez zegoela — logelan bi ohe on zeudela, eta beste ohe bat logela barruko kabinan — hirugarren ohe horretaz hitz egiteko erabili zuen tonuak ez zuen gauza handirik esaten haren alde — halere, esan zuen, hiru ohe zeudela eta hiru lagun baino ez — eta gainera esango zuela jaunak edozer gauza egingo zukeela elkarrekin nolabait konpontzeko. — Ez nion une bat ere damari utzi inolako susmorik har zezan horretaz — beraz, istantera eman nion aditzera nire eskuetan egongo zen guztia egingo nuela.

        Baina horrek ez zuen adierazi nahi nire logelari erabat uko egiten nionik. Artean sentintzen nuen hain nirea zela nola halako ohorea egiteko eskubidea izateko — hortaz, erregu egin nion damari eser zedin — eserlekurik epelenean eserarazi nuen — egur gehiago ekartzeko dei egin — ostalertsari agindu eskatu niona baino afari oparoagoa presta zezan, eta zuenik eta ardorik onena ekartzeko faborea egin ziezagun.

        Damak sutondoan berotzen bost minutu eskax zeramala, atzerantz jiratu zen, eta begiratu bat egotzi zien oheei; eta zenbat eta maizago zuzentzen zituen begiak norabide hartarantz, hainbat eta txundituago itzultzen ziren — Errukia sentitu nuen damagatik — eta neure buruagatik ere; zeren minutu batzuk geroago dama egon ahal zen bezain nahasia eta asaldatua nengoen ni ere hala haren begiradengatik nola kasuagatik beragatik.

        Biok etzan behar genuen oheak gela bakar eta berean egotea aski zen berez halako asaldua eragiteko — baina oheen kokapenak, zeren paralelo jarrita zeuden, eta bata bestetik hain gertu egoteak, bada bien artean bakarrik zumezko aulki txiki bat jartzeko adinako tartea zegoen, are herstura handiagoan jartzen gintuen — gainera sutatik hurbil zeuden, eta tximiniaren islak batetik, eta gela zeharkatzen zuen argi errainu handi batek bestetik, halako etzaleku bat eratzen zuten, gure sentsazioen atsegintasunarentzat batere aproposa ez zena inondik inora ere — eta guztiari zerbait gaineratu behar izatez gerotan, hau gaineratu behar, alegia bi oheak hain txikiak zirenez gero, ez zitzaigula burutik pasa ere egin damak eta bere neskameak elkarrekin lo egitea izango zutenik; eta bietariko edozeinen aldamenean etzatea, halakorik posible izatera eta nahiz eta desiratu behar ez zen gauza bat izan, halere horretan ez zegoen imajinazioak sofrimendurik gabe gogoan ez hartzeko moduko gauza ikaragarririk.

        Barruko kabinari zegokionez, ez zigun inolako kontsolamendurik ematen; kabina heze eta hotza zen, kontraleihoa erdi desegina zuena, eta gaueko ekaitzari sartzen ez uzteko ez kristalik ez oliozko paperik ere ez zuena. Ez nintzen saiatu ere egin eztula geldiarazten damak begiratu azkar bat bota zionean kabinari; beraz, murgildurik geundeneko okasioari aukera hau besterik ez zitzaion geratzen — damak uko egitea bere osasunari bere sentimenduen aldera, eta kabinarekin kontenta zedila, eta nire ohe ondoko ohea bere neskameari uztea — edo bestela neskak kabina hartzea, etab. etab.

        Emakumea hogeita hamar urte inguruko piemontear bat zen, masailetan kolore gorri bizi osasuntsua zuena; neskamea hogei urteko lyondar bat zen, inoiz ikusi dudan frantses neskarik gertuena eta biziena. — Nonahi ageri ziren zailtasunak — eta errepideko harriaren oztopoa, estuasun larri honetan jarri gintuena, handia bazirudien arren nekazariak kentzen ari izan ziren bitartean, hartxintxar bat besterik ez zen orduan gure bidean aurrez aurre topatu genuen eragozpenaren aldera — soilik gaineratu behar dut halako oztopoak ez zuela gure izpirituen gainean generaman pisua arindu, biok oso delikatuak ginela egoera hartan zer sentitzen genuen elkarrenganako elkarri erakustera emateko orduan.

        Afari-legea egiteko eseri ginen; eta baldin eta Saboiako ostatu txiki batek eskain zezakeen baino ardo bizkorragorik izan ez bagenu, ezpainak ondo loturik izango genituzkeen, harik eta premiak mihiak askatuko zituen arte — baina damak bere kotxean Borgoinako botila banaka batzuk zituenez gero, fille de chambrea bidali zuen botila pare bat hartzera; hala, afari-legea bukatu eta bakarrik utzi gintuztenean, biok inspiratuak sentitu ginen, eta gogo adore nahikoarekin behintzat gure egoerari buruz diskreziorik gabe mintzatzeko. Buruan hamaika jira eta buelta eman genion gure egoerari, eta bi orduko negoziazio batean zehar eztabaidatu eta hausnartu genuen ikuspegi guztiak aintzat harturik; eta azkenik negoziazio horren amaieran artikulu batzuk ezarriak izan ziren gure artean, eta bake itun baten eran eta gisaz xedatu — eta uste dut, hain zuzen ere, xedatu genituela jadanik geroaren eskuetan utzia izateko ohorea izan duten itunetan ez bezalako zintzotasunez eta fede onez bion aldetik.

        Hona hemen artikuluok:

        Lehenik. Nola logelaren gaineko eskubidea Monsieurri dagokion, eta berak pentsatzen duelarik sutondotik hurbilen dagoen ohea beroena dela, gogor ekiten dio emakumearen aldeko kontzesio bat egiteari, logela emakumearen eskuetan uztekoa alegia.

        Onartu egiten da emakumearen aldetik; betebehar batekin halere, alegia ohe horretako kortinak kotoi mehez eta gardenez eginak direnez gero, eta era berean laburregiak bide direnez oso-osorik itxi ahal izateko, fille de chambreak irekigunea lotu beharko duela orratzen bidez nahiz jostorratz edota harien bidez, harik eta Monsieurren aldea nahiko hesiz ingurutaturik egongo den arte.

        Bigarrenik. Madamearen aldetik eskatzen da Monsieur gau osoan zehar egon dadin etxeko mantala jantzita duela.

        Ez da onartzen: izan ere Monsieurrek ez dauka etxeko mantalik; bada bere maletan sei alkandora eta zeta beltzezko zaragoila pare bat besterik ez dauzka.

        Zaragoila parea aipatze hutsak goitik behera aldarazi zuen artikulua — bada zaragoilak onartuak izan ziren etxeko mantalaren parekotzat; eta halaxe ezarri eta onartua izan zen gau osoan nire zeta beltzezko zaragoilak jantzita egon beharko nuela.

        Hirugarrenik. Damak behin eta berriz ekin ondoren, xedatu zuen ezen, behin eta Monsieur ohera zenean, eta kandela eta sua itzalirik zeudenean, Monsieurrek ezin txintik ere esan zezakeela gau osoan.

        Onartu egiten da; betiere baldin eta Monsieurrek bere errezoak egitea ituna hautsi izanaren seinaletzat hartzen ez bada.

        Halere bazegoen itun honetan alde batean utzitako puntu bat, eta hori zen, hain justu, damak eta nik derrigorrez erantzi eta ohera sartu behar genuen era — bide bat besterik ez zegoen horretarako, eta zein zen, irakurlearen esku uzten dut asma dezan; protesta egiten dudalarik, zinez protesta egin ere, ezen naturalezako modurik delikatuena ez bada, irakurlearen imajinazioaren errua dela — eta irakurlearen imajinazioaz ez da lehenengo aldia nire kexa agertzen dudala.

        Baina behin eta ohean sarturik geundenean, egoeraren berria izan ote zen edo beste zerbait, ez dakit, baina kontua da ezin nitzakeela begiak itxi; albo batean zein bestean jartzen saiatu nintzen, eta behin eta berriz eta berriz ere jiratu nintzen batera eta bestera, harik eta gauerdiaz geroz ordu bete igaro zen arte, noiz eta, naturaleza eta egonarria, bi-biak, zeharo akiturik zeudelarik — Oi ene Jainko maitea!, esan nuen —

        — Ituna hautsi duzu, Monsieur, esan zuen damak, zeinak ez baitzuen nik baino lo gehiago egin. — Mila barkamen eskatu nion — baina behin eta berriz eta berriz adierazi nion jakulatoria bat besterik ez zela izan — dama gogor tematu zen hori ituna alde guztiz haustea zela baieztera — nik neure burua defendatzeari ekiten nion esanez hori aurreikusita zegoela hirugarren artikuluko klausulan.

        Damak ez zuen bere argudioari amore emateko inolako asmorik, hori zela medio bere hesia laxatzea lortu bazuen ere; bada eztabaidaren berotasunean entzun nuen nola bi edo hiru orratz erori ziren kortinatik lurrera.

        Nire ohoreagatik zin dagizut, Madame, esan nuen nik — besoa ohetik kanpora luzatzen nuenarekin batera nire baieztapena egin beharrez —

        — (Gaineratzera nindoan ez nuela ituna hautsiko ezta ahalkeari buruzko ideiarik lausoenagatik ere) —

        — Baina fille de chambreak entzun zuelarik gure arteko sesioa, eta beldur izanik liskarrak aurrera jarraituko zuela, bere kabinatik herrestan atera zen ixilean, eta ilun-ilun zegoenez, hainbeste hurbildua zen gure oheetara, non sartu baitzen bi oheok bereizten zituen hutsune estuan, eta hain aurrera joana zenez, bere damaren eta nire arteko lerroan kokatzeraino iritsi zen —

        Horrela bada, nire eskua luzatu nuenean, fille de chambrearena hartu nuen —

 

AMAIERA

 

 

 

© Laurence Sterne

© itzulpenarena: Josu Barambones Zubiria

 

 

"Laurence Sterne / Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar" orrialde nagusia