—LEHEN LIBURUKIA—

BIDAIA SENTIMENTALA
ETAB., ETAB.

 

 

        — Arazo hau, esan nuen nik, hobeto konpontzen dute Frantzian —

        — Frantzian izana zara?, esan zuen gizonak niganantz azkar jiraturik munduko alaitasunik gizabidetsuenarekin. — Harrigarria!, esan nuen arazoa gora eta behera neure artean nerabilela, hogeita bat miliako txango bat itsasoz egiteak, zeren Doverretik Calaiserainoko distantzia ez da handiagoa inondik inora ere, eskubide hauek ematea gizaseme bati — Gogoan hartu beharko ditut; hortaz, auzia alde batera utziz — nire logelara zuzen-zuzenean joan eta dozen erdi alkandora eta zetazko zaragoila beltz pare bat prestatu nituen. — «Soinean daramadan berokia, esan nuen mahukara so eginez, nahikoa izango da» — Doverreko zalgurdian leku hartu nuen; eta pakeboteak hurrengo goizeko bederatzietan itsasoratu behar zuelarik — hiruretarako jada jezarrita nengoen oilasko erregosi baten aurrean, eta Frantzian halako jakia hain da eztabaidaezina, non gau hartan indijestio batek jota hil banintz, inortxok ere ez baitzituzkeen Droits d'aubaine bertan behera utziko — nire alkandora, zetazko zaragoila beltz parea, maleta eta gainerako guztia Frantziako erregearen eskuetara joango ziren, bai eta aspaldion aldean eraman dudan erretratu maitea ere, zeinez hainbestetan esan baitizut, Eliza, nirekin eramango nuela hilobira, lepotik kenduko zidaten. — Eskergabea! — bidaiari gaixo baten hondoratzeaz baliatzea ere!, zeina berorren menpekoek deitu baitute beren itsasertzera — Jainkoarren!, Maiestate, ez dago ongi egina; eta oso atsekabetzen nau, berori jende hain ongi hezi eta adeitsuaren errege izanik, ospe handia duena bere sentiberatasunagatik eta sentimendu onengatik, eztabaidan hasi beharrak ——

        Baina berorren jabetzako lurrak zapaldu berria naiz —

 

 

CALAIS

 

        Bazkari-legea bukatu eta Frantziako erregearen osasunaren alde topa egin ondoren, horretara neure buruari sinestarazteko ez niola inolako gorrotorik, baina, aitzitik, biziki ohoratzen nuela haren aiurriaren bihozberatasunagatik, hazbete luzeago goratu nintzen egokitzearen ondorioz.

        — Ez — esan nuen — borboitarrak ez dira inola ere arraza ankerrekoak: oker ibil daitezke, guztiok bezala; baina otzantasuna dario haien odolari. Hau aitortzearekin batera, beste jario goxoago bat sentitu nuen masailetan — Borgoinak (gutxienez bi liberako botila ardoa, halakoa baitzen edan nuena) gizakiei sorrarazi ahalko ziena baino epelago eta atseginagoa.

        — Jainko maitea!, esan nuen maleta ostikoz baztertuz, zer ote da mundu honetako ondasunetan adimendua zorrozten diguna, eta hainbat anai-arreba bihotz oneko elkarren aurka gogorki liskartzera bultzatzen duena, gu ere bidenabar liskartzen garen eran?

        Gizona bakeak eginda dagoenean gainerako gizakiekin, metalik astunena luma baino are arinago bihurtzen da haren eskuetan! Bere diruzorroa sakelatik atera eta, arinki eta laxoki eusten diolarik, bere ingurura egiten du so, banatu nahian ibiliko bailitzan. — Hori egitean nire gorputzeko zain guztiak zabaldu egiten zirela sentitu nuen — arteria guztiek batera taupada alaiak egiten zituzten, eta bizitzaren habe eta sostengu ziren indar guztiek hain igurtzi leunekin egiten zuten beren lana, ezen Frantziako physical precieuserik handiena ere nahastuko baitzuten: halako emakume bat, bere materialismoa eta guzti, nekez ausartuko zen niri makina deitzera —

        Ziur naiz, esan nion neure buruari, haren sinesmen guztiak irauli egingo nizkiola.

        Une hartan halako ideia bururatzeak ahal bezain gora eraman zituen nire barneko jaidurak — lehenago bakean nengoen munduarekin eta horrek hautsi egiten zuen neure buruari egindako zina —

        — Ordea, baldin eta orain Frantziako erregea banintz, oihukatu nuen — a zer abagunea umezurtz batentzat bere aitaren maleta eskatzeko!

 

 

FRAIDEA
CALAIS

 

        Hitz horiek esan bezain laster, San Frantziskoren ordenako fraide behartsu bat sartu zen gelara zerbait eskatzera bere komenturako. Ezein gizasemeri ez dio axola bere bertuteak gertakizunen jostailu izateak — gizon bat, nolabait esateko, eskuzabala izan daiteke, beste bat ahaltsua den bezala — sed non quo ad hanc — edo nolanahi ere den — zeren ez dago arrazoi iraunkorrik gure aldarteen gorabeherak azaltzen dituenik; nik dakidala, mareetan eragina duten zio berdinen menpean egon daitezke — ez liguke desohorerik ekarri beharko hala dela pentsatzeak: seguru nago, niri dagokidanez behintzat, gehienetan atseginago litzaidakeela munduaren ahotan hau entzutea: «Inkontru bat izan nuen ilargiarekin, non ez baitzen izan ez lotsarik ez bekaturik», halako egitatea eta obra niri leporatzea baino, noiz eta, hein handi batean, halaxe baitzen.

        — Baina dena dela. Begiak egotzi nizkionean, aldez aurretik deliberaturik nengoen batere sosik ez ematera; eta beraz diruzorroa sakelan gorde nuen — botoiak lotu egin nituen — arreta handixeagoa ipini nuen niregan eta seriotasunez hurbildu nintzaion; nire begiratuan bazen, beldur nintzen, garratza zen zerbait: orain begien aurrean daukat haren irudia eta uste dut hartan bazela zer bat abegi hobea merezi zuena.

        Fraidearen tontsurako soiluneei erreparatuta, eta lokietan ile urdin barreiatu banaka batzuk besterik ez zitzaizkiola geratzen ikusita, hirurogeita hamar urte inguru izango zituela iruditu zitzaidan — baina begietan eta begiei zerien sugar modukoari, urteek bainoago jendetasunak baretua zirudienari, erreparatuz gero, ez zituen izango hirurogei urte baino gehiago — Hor nonbait ibiliko zen — Egiazki hirurogeita bost urte zituen; eta, oro har, fraidearen begitartearen itxura bat zetorren ateratako kontuekin, nahiz eta bazirudien zerbait ari izan zitzaiola begitartean zimurrak landatzen ohi baino arinago.

        Guidok hainbestetan margotu izan dituen buru horietako bat zen — laño, zurbil — sarkorra, ezjakintasuna kontentatu eta asetzen duten ohiko ideiez gabetua, munduari goitik behera begiratzen diona — aurrerantz begira zegoen. Ordea bazirudien mundu honetaz harago zegoen zerbaiti egiten ziola so. Jainkoak baizik ez daki nolatan heldu zen horren gisako buru bat fraide baten sorbalden gainean egokitzera; baina ederki emango zion brahman bati, eta Industango lautadetan aurkitu izan banu, gur egingo niokeen.

        Fraidearen gainerako profila zertzelada gutxirekin azal daiteke: haren profilaren zirriborroa egiteko ardura lasai asko utz zitekeen marraztu nahiko zuen edozeinen eskuetan, izan ere ez zen liraina ez bestelakoa ere, baina izaerak eta espresioak horren gisako bihurtua zuten: itxura mehe eta zimela zuen, batez besteko neurria baino handixeagoa, baldin eta ez balitzaio antzeman aurrealderantz zeukan eroria — baina erreguzko jarrera zen, eta hari esker, orain gogora datorkidan bezala, galdu bainoago irabazi egiten zuen.

        Gelara sartu eta hiru urrats eman ondoren, geldi geratu zen, eta ezkerreko eskua bularrean ipini zuen (eskuinean, berriz, ibiltzean erabiltzen zuen makila mehe eta zuri bat zeukan) — hurreratu nintzaionean, bere burua aurkeztu zuen komentuak eta ordenak zituzten behar gorriei buruzko kontuarekin — eta halako gatzarekin mintzatzen zen — eta haren begiratu eta irudiaren tankera hain zen arranguratsua, non miretsirik gelditu bainintzen nola ez ninduen batere hunkitu —

        — Bazegoen arrazoi pisutsuago bat: deliberaturik nengoela batere sosik ez ematera.

 

 

FRAIDEA
CALAIS

 

        — Egia handia da, esan nuen, hizketa bukatzean gorantz zuzendu zuen begiradari erantzunez — egia handia da zerua dela jendearen limosna besterik ez dutenen baliabide bakarra, eta zeruak dituen hornigaiak, beldur naiz, ez dira inola ere nahikoak, bada asko dira egunero egiten zaizkion eskari larriak.

        Eskari larriak esan bezain laster, erdeinuz begiratu zuen bere tunikaren mahuketarantz — fraidearen deiaren indar guztia sentitu nuen — Aitortu beharra dut, esan nuen — aztura zakarra da, eta bai eskean ibiltzea, hiru urtean behin bada ere, nola bijilia egitea gauza hutsalak dira; eta benetan tamalgarria da ezen, eskariok munduan lan gutxi eginez lor badaitezke ere, zure ordenak erdietsi nahiago dituela herren, itsu, adineko eta gaixoen diru-ondasunak eskuratuz; preso dagoena ere, zeinak gatibutasuna igarotzen baitu bere atsekabeen egunak behin eta berriz kontatzen, ondasun horietatik dagokion zatiaren irrikaz dago; eta baldin mesedeetako ordenakoa bazina, San Frantziskorenekoa izan ordez, naizen bezain behartsua naizela, jarraitu nuen nire maleta seinalatuz, bozkario handiarekin irekiko nizuke dohakabeak erredimitzeko — Fraideak erreberentzia egin zidan — baina gainerako guztien artean, berriz ekin nion, gure herriko dohakabeak dira inork baino eskubide gehiago dauzkatenak; eta gure itsasertzean ehundaka utzi ditut behar gorrian — Fraideak keinu maitekorra egin zidan buruarekin — esateko moduan: egon ere nahiko premia gorria dago mundu honetako bazter guztietan, bai eta gure komentu barruan ere — Ordea guk bereizi egiten ditugu, esan nuen eskua haren janzkiaren mahukan jarriz, egin zidan deiaren ordain gisa — guk bereizi egiten ditugu, ene aita gaixoa!, bakarrik beren lanetik ateratzen duten ogia jan nahi dutenak — eta Jainkoaren izenean bizitza hau nagikerian eta ezjakintasunean iragaitea beste asmorik ez dutenak.

        Frantziskotar gaixoak ez zuen erantzun: une batez zalantza islatu zitzaion aurpegian baina ez zuen luze iraun — Bazirudien naturalezak behin betiko aienatuak zizkiola erresuminak; ez zuen erresumin izpirik erakutsi — baina makila beso artean erortzen utzi, bi eskuak bularraren kontra etsipenez estutu eta alde egin zuen.

 

 

FRAIDEA
CALAIS

 

        Atea itxi zuenean, bihotzak ausiki egin zidan — Ba!, esan nuen axolagabeki hiru aldiz — baina ez zitzaidan ezertarako baliatu: esan nizkion hitz zakar guztiak gainezka etorri zitzaizkidan; pentsatu nuen beste eskubiderik ez neukala frantziskotar gaixoa arbuiatzea baino, eta halako zigorra aski zitzaiola desesperatuari, hizkera bidegabekoari deus gehitu gabe — Fraidearen ile urdinak gogoratu nituen — bazirudien haren irudi adeitsua berriro sartzen zela nire gelara eta galdetzen zer irain egin zidan, eta zergatik tratatzen nuen horrela — Hogei libera emango nizkion abokatu batentzat — Oso gaizki jokatu dut, esan nuen neure artean; baina bideari ekin berri diot; eta aurrera egin ahala, gizamanera hobeak ikasiko ditut.

 

 

DESOBLIGEANTA
CALAIS

 

        Bakoitza norbere gogara ez egoteak badu, halere, abantaila bat: gogo-aldarte ezin hobean aurkitzea tratu egiteko. Nolaz eta orain Frantzian eta Italian zehar ez baitago ibiltzerik kotxerik gabe, eta naturalezak gehienetan bulkatzen baikaitu gaien garen gauzetara, patiora irten nintzen nire asmorako baliagarri izan zitekeen zerbait erosi edo alokatzeko. Desobligeant zahar batek, patioko bazterrik apartatuenean baitzegoen, atentzioa eman zidan lehenengo begi-kolpean; hortaz, berehalaxe igo nintzen kotxera eta nire sentimenduekin bat, hain bat ere, zetorrenez, morroiari agindu nion Monsieur Desseini, ostatuko nagusiari, dei ziezaion — baina Monsieur Dessein bezperetara joana zen, eta nola ez nuen gogorik frantziskotarrarekin aurrez aurre egokitzeko, zeina patioaren beste aldean ikusi bainuen hitz-aspertuan ostatura iritsi berria zen emakume batekin — bion artean tafetazko kortina zabaldu nuen; eta nire bidaiari buruz idaztera deliberaturik nengoelarik, luma eta tinta hartu, eta hitzaurrea idatzi nuen Desobligeantean.

 

 

HITZAURREA
DESOBLIGEANTEAN

 

        Ziurrenik, filosofo peripatetiko asko ohartuko zen ezen naturalezak, bere ahalmen ukaezinaren poderioz, hainbat muga eta hesi ezarri dituela gizakien nahigabea zedarriztatzeko: naturalezak modurik isilen eta errazenean iritsi du bere xedea, gizakiei beren sosegua aurkitu eta beren oinazeak etxean pairatzeko eginbide ia gaindiezinak konpliaraziz. Hain zuzen ere, etxean bertan bakarrik jarri dizkie eskura hala zoriontsu izateko nola herri eta garai guztietan sorbalda pare batentzat beti astunegia izan den zamaren zati bat jasateko behar dituzten objekturik aproposenak. Gauza jakina da indar ez-perfektu batez dohainduak garela batzuetan gure zoriontasuna bere mugez harago hedatzeko, baina halako moduan xedaturik dago, non hizkuntzak ez jakiteagatik eta lotura nahiz harremanak ez ezagutzeagatik, hala nola heziketa, ohitura eta aztura ezberdinengatik, eragozpen asko ediren ohi baititugu sentimenduak gure inguru propiotik at adierazteko garaian, sarri askotan guztiz ezinezko gertatzen zaigularik sentimenduok agertzea.

        Hortik beti ateratzen den ondorioa da sentimenduen salerosketako balantza inoiz ez dela makurtzen menturazale atzerriratuaren aldera: erosi beharra dauka erosi beharrik ez daukana, eta, gainera, saldu nahi dioten prezioan — nekez onartuko dute haren hitzak hizpidera ekartzerik deskontu ederrik egin gabe — eta horrek, bide batez, aldi oro eramaten du halako hizketarako topa ditzakeen baino tratulari askoz ere egokiago batzuen eskuetara: ez da aztia izan behar zein izango den egokituko zaion zatia igartzeko —

        Eta honek nire harira narama, eta berez eraman ere (baldin Desobligeant honen balantzak jarraitzen uzten badit), bidaiatzera bultzatzen gaituzten azken arrazoietara —

        Zuek, alferrik zaudeten horiek, jaioterria utzi eta atzerrira zoaztenok arrazoi bat edo beste dela medio, arrazoi horiek sorburua izan behar dutelarik ondoko arrazoi orokor hauetako batean —

 

                Gorputzaren ahulezian,

                gogoaren ergelkerian, edo

                ezinbesteko betebeharrean.

 

        Lehenengo bien barruan sartzen dira lehorrez nahiz itsasoz bidaiatzen duten guztiak, harrotasun, ikusmin, harropuzkeria edota gorrotoak eraginik lan egiten dutenak, in infinitum banatu eta konbinaturik baitaude.

        Hirugarren motaren barruan sartzen da martiri erromesen tropa guztia; eta bereziki, apaizgoaren oniritziarekin bideari ekiten dioten bidaiariak, delinkuente gisa bidaiatzen dutenak magistratu batek gomendaturiko gobernadoreen agindupean — edo gizon gazteak bailiran bidaiatzen dutenak, guraso eta zaindarien ankerkeriak horretara bulkatu dituenak, eta Oxford, Aberdeen eta Glasgow-ek gomendaturiko gobernadoreen aginduei jarraitzen dietenak.

        Badago laugarren mota bat, baina hain gutxi dira ezen ez bailukete aipatzerik mereziko, baldin eta honelako lan batean beharrezkoa ez balitz xehetasun eta argitasunik handienak ematea pertsonekin nahasketarik sor ez dadin. Ahotan darabiltzadan gizon hauek itsasoak zeharkatu eta, asmo eta arrazoi zenbaitek hartaraturik, atzerriko lurralde batean dirua aurreratzearren gelditzen diren horietakoak dira; baina nola gizon hauek etxean dirua aurreratuz salbatu ahal diren, eta aldi berean beste batzuk ere salba ditzaketen alferrikako arazoetatik — eta nola bidaiatzeko dituzten arrazoiak beste edozein emigrante-espeziek dituenak baino are sinpleagoak diren, jaun hauek bereiziko ditut izen honekin:

 

                Bidaiari arruntak.

 

        Beraz, bidaiari-talde osoa izenburu hauetara bil daiteke:

 

                Bidaiari alferrak,

                bidaiari ikusminak,

                bidaiari gezurtiak,

                bidaiari harroak,

                bidaiari handiustekoak,

                bidaiari umore txarrekoak.

                Gero datoz bidaiari behartuak.

                Bidaiari delinkuente eta traidorea,

                zoritxarreko bidaiari errugabea,

                bidaiari arrunta,

                eta guztietan azkena (ongi baderitzozue),

 

        bidaiari sentimentala (alegia, ni neu), munduan zehar bidaiatu duena, zeinaren berri emateko eserita bainago ni orain — nahiz beharrak nahiz besoin de Voyager delakoak bultzaturik, klase honen barruan sartzen den beste edozeinen gisara.

        Orobat ederki konturatzen naiz ezen, hala bidaiak nola oharrak nire aitzindarienak guztiz ez bezalakoak direlarik, baneukala setatsu jarraitzea niretzat ez beste inorentzat izan behar zuen nitxoaren kontuarekin — baina, orduan, atentzioa neureganatu nahirik, bidaiari handiustekoaren mugak joko nituzke, noiz eta halako bidaiariaren eremuan sartzeko ez baitut nire ibilgailuaren berritasuna baino arrazoi hoberik.

        Nire irakurleari aski zaio jakitea ezen, baldin eta bera ere bidaiaria izan bada, eta esandako guztia ikasten eta hausnartzen badu, bera ere gai izango dela katalogoaren barruan duen lekua eta maila zehazteko — bere burua ezagutzeko aurrerapauso bat izango da. Zailtasunak asko izan arren, oraindik ere oroimenean gordetzen ditu orain arte bereganatu eta obratu duen guztiaren trazu eta ñabardurak.

        Esperantza Oneko Lurmuturrean Borgoinako mahatsondo bat estraina birlandatu zuen gizonak (kontura zaitezte holandarra zela) ez zuen inoiz amestu lurmuturrean edango zuenik Frantziako mendietako mahatsek ematen duten bezalako ardorik — flematikoegia zen horretarako — baina zalantzarik gabe, bazuen itxaropena ardo horren antzeko edari bizirik edatekoa, ona, txarra edo hala-holakoa bazen ere — mundu honetan nahiko eskarmentu hartuta zegoen jakiteko ez zegoela haren eskuetan, baizik eta eskuarki zori esaten zaion horretxek erabakiko zuela haren arrakasta; nolanahi ere, hoberena itxaro zuen; eta itxaropentsu zegoela eta bere buruaren sendotasunean eta bere senaren sakonean zeukan konfidanza neurrigabekoarekin, Mynheer-ek, aidanez, biak hondatu omen zituen mahasti berrian; eta jaun holandarra bere biluztasunaz jabetu zenean, jende guztiaren irrigarri egina ibili zen.

        Halaber gertatzen zaio bidaiari gaixoari ere, itsasoan nahiz postako zaldi gainean jakinduria eta hobekuntza bila ibiltzen denari lurreko erresumarik ederrenetan zehar.

        Asmo hori gogoan hartuz eta itsasoan nahiz postako zaldi gainean ibiliz erdietsi behar dira jakinduria eta hobekuntzak; ordea, hala jakinduria onuragarria nola hobekuntza egiazkoak zori-kontu hutsa dira — eta menturazaleak arrakasta lortzen duenetan ere, zentzuz eta neurriz erabili beharra dago norberak bereganatu duen ondasuna, etekin bat aterako bazaio — baina nola ondasuna lortzeko zein erabili ahal izateko aukerek miragarriro jarraitzen baitiote beste bide bati, uste dut gizon batek zuhurtziaz jokatuko lukeela, baldin eta bere burua gobernatu ahalko balu jakinduria edo hobekuntza arrotzik gabe pozik bizi izateko, batik bat bion beharrik ez duen herri batean bizi bada — eta egia esateko, maiz atsekabe handiak hartu izan ditut eta denbora asko galdu, noiz eta ohartu bainaiz zenbat pauso alferrikako eman izan dituen bidaiari ikusminak ikusgaiak ikusi eta aurkikuntzei so egitearren; horiek guztiak, Santxo Panzak On Kixoteri esan zion bezala, etxean bertan ikus zitezkeen zapatak urratu beharrik gabe. Hain argitasun handiko garaia dugu hau, Europan nekez aurkitzen baita herririk edo txokorik bere errainuak besteenekin gurutzatu eta aldatzen ez dituenik — Jakinduria, bere adar eta gai gehientsuenetan, Italiako kale batean musika entzutea bezala da, non edonork parte har dezakeen ezer ere ordaindu ez arren — Baina ez dago naziorik zeru azpian — eta Jainkoa lekuko (egunen batean agertu beharko dut haren tribunalaren aurrera eta lan honen berri eman), ez dudala hitz egiten hitz egite aldera — Baina ez dago naziorik zeru azpian, non mota guztietako ikasketak oparoago eskaintzen diren — non zientziak era egokiagoan lantzen diren, edo haietara iristea hemen baino errazagoa den — non arteak sustatzen diren, eta aurki gailurreraino igoko ahal dira! — non ere naturalezak deus gutxiren kontua eman behar duen — eta, errematea emateko, non ere adimena elikatzeko agudezia handiagoa eta izakera mota ugariago dagoen — Orduan, bada, ene herritar maiteak, nora ote zoazte? —

        — Karroza honi begiratu besterik ez dugu egiten, esan zuten haiek — Zuen zerbitzaririk leialena nauzue, esan nuen bertatik jauzi egin eta sonbrerua kenduz — Galdezka ari ginen, esan zuen haietako batek, zeina begitandu zitzaidan bidaiari ikusmina zela — ea zerk mugiarazten ote zuen. — Hitzaurre bat idazteak sortzen duen asaldua da, esan nuen patxadaz — Ez dut egundaino jakin, esan zuen besteak, bidaiari arrunta baitzen, hitzaurre bat Desobligeant batean idatzi izanaren berri. — Hobe zatekeen, esan nuen, Vis a Vis batean.

        — Nolaz eta ingeles batek ez baitu bidaiatzen ingelesak ikusteko, nire gelara erretiratu nintzen.

 

 

CALAIS

 

        Gelara nindoala nabaritu nuen zerbaitek nik baino errainu handiagoa egiten zuela korridorean; Mons. Dessein zen hain zuzen ere, ostatuko nagusia, bezperetatik itzuli berria baitzen, eta, sonbrerua besapean zekarrelarik, atsegin handiarekin segika zetorkidana nire beharrak gogora ekartzeko. Desobligeanta ez nuen oso begiko, eta halaxe idatzia nuen; eta Mons. Desseinek sorbaldak jasoz bat hitz egiten zidan, esanez bezala ez zitzaidala oso egoki etortzen, eta berehala igaro zitzaidan burutik errugabeko bidaiari batena izan behar zuela, zeinak, etxera bueltan zetorrela, Mons. Desseinen gomendioan utzi baitzuen ahalbait etekinik handienak atera ziezaizkion. Lau hilabete zeramatzan Mons. Desseinen patioko bazter batean Europan barrena egiten zituen lasterketei amaiera eman zienetik; eta hasiera batean handik atera zelarik konponketa-tratu bat egiteko xedearekin, negozioa birritan mila puska eginda geratu bazen ere Cenis mendian, ez zuen probetxu askorik atera bere abenturetatik — baina inongo abenturak ez zion hain mesede gutxi egin nola Mons. Desseinen patioko bazterrean inoren errukia jaso gabe hainbeste hilabetez emandako denborak. Egia esan, ezer gutxi esan zitekeen haren alde — baina agian zerbait bazitekeen — eta hitz banaka batzuek miseria bere atsekabetik askatzeko balio badute, gorroto dut hitz-zekena den gizona.

        — Ordea ostatuko nagusia banintz, esan nuen hatzerakuslearen punta ipiniz Mons. Desseinen bularrean, ezinbestean ahaleginak egingo nituzke Desobligeant zoritxarreko honetatik libratzeko — zabuan bezala dabilkizu agiraka haren aurretik igarotzen zaren bakoitzean ——

        Mon Dieu!, esan zuen Mons. Desseinek — Ez daukat inolako interesik, esan nuen nik, salbu eta gogo-jarrera jakin bateko gizonek beren sentipenengatik erakusten duten interesa, Mons. Dessein. Hala beste gizonenganako nola bere buruarenganako sentimendu berdinak agertzen dituen gizon bat naizen aldetik, konbentzituta nago ezen gau euritsu guztiek, zeinahi gisaz desitxuratuko badituzu ere, gogoa hoztu behar dizutela — Makinak bezainbat sofritzen duzu, Mons. Dessein —

        Beti ohartu izan naiz mingotsa bezain goxoa den laudorio baten aurrean, ingeles bat zer egin ez dakiela dagoela betiere, laudorioari kasu egin edo bakean utzi; frantses bat sekula ere ez dago halako trantzean: Mons. Desseinek erreberentzia egin zidan.

        C'est bien vrai, esan zuen — Baina kasu honetan kezka baten truke beste bat hartuko nuke bakarrik, eta galduan irten: kontu egizu, ene jaun maitea, kotxe bat ematen dizutela, mila puska eginda geratuko dena Parisera bide erdia egin baino arinago — kontu egizu zenbateraino sofritu beharko nukeen nitaz inpresio txarra emango banio gizon ohorezko bati, eta geratuko banintz, geratu behar dudan legez, d'un homme d'espriten eskuetan.

        Nire errezeta propioari zehatz-mehatz jarraituz prestatua zen dosia; beraz, hartzea beste erremediorik ez nuen izan — eta Mons. Desseini erreberentzia itzuliz, kasuistika gehiagorik gabe, elkarrekin abiatu ginen kotxetegira kotxeen gordailuari begiratu bat ematearren.

 

 

KALEAN
CALAIS

 

        Mundu hau etsai eta arerio dugu noiz eta erostuna (postako zela ziztrin batena bada ere) ezin kalera irten baitaiteke saltzailearekin euren arteko desadostasunetan elkar hartzeko, baina, aitzitik, saltzailea jotzen duen gogo-aldarte berdinak hitzetik hortzera hartzen du erostuna ere, eta Hyde parkeko bazter batera dueluan aritzera elkarrekin joango balira bezalako begiez ikusten du kontrarioa. Niri dagokidanez, ezpatari kaxkar bat baizik ez naizenez gero, inola ere ez Mons. Desseinekin lehian aritzeko duin, egoera hartara aukeran zetozen mugida guztien jira-birak sentitu nituen neure baitan — Goitik behera begiratu nion Mons. Desseini — oinez zebilela, albotik egin nion so — gero, en face — judua begitandu zitzaidan — gero, turkiarra — haren peluka ez zitzaidan batere gustatu — madarikazioak jaurtiki nizkion — deabruetara igorri nuen ——

        — Eta bihotza asaldatu behar al da hiru edo lau louis d'or-en kontu hutsal batengatik, gehienez ere diru hori galtzera irits naitekeenean? — Grina zitala!, esan nuen beste aldera itzuliz, sentimenduen bat-bateko mudantza baten aurrean edozeinek berez egiten duen gisara — grina doilor eta zitala!, zure eskua gizon ororen aurka altxatzen da eta gizon ororen eskuak zure aurka — Jainkoak gorde nazala!, esan zuen emakumeak bere eskua kopeta pareraino jasoz, izan ere ez dut aurrez-aurre topo egin bada, fraidearekin hitz-aspertuan ikusi nuen emakumearekin — gure atzetik etorri zen oharkabean — Jainkoak gorde zaitzala, eta luzaroan gorde ere!, esan nion eskua eskainiz — Zetazko eskularru beltzak zeramatzan, erpuruaren eta hatzerakuslearen aldean irekiuneak zituztenak; hala, erreparorik gabe onartu zidan — eta kotxetegiko atariraino eroan nuen.

        Monsieur Desseinek berrogeita hamar bider baino gehiagotan madarikatu zuen giltza, harik eta eskuan okerreko bat zeramala konturatu zen arte. Bera bezain artega geunden atea noiz irekiko zain, eta aldi berean hain adi eta erne oztopo horren aurrean, ezen jarraitu bainuen emakumearen eskuari heltzen kasik konturatzeke; hartan, Monsieur Desseinek elkarrekin utzi gintuen emakumearen eskuak nirea harturik zeukala, eta gure begitarteak kotxetegiko aterantz itzulirik geneuzkala; eta esan zuen bost minuturen buruan itzuliko zela.

        Baina egoera horretan bost minutuko solasaldiak kalera begira mende askotan egindako solasaldiak bezainbat balio du: azken kasuan kanpoko objektu eta gertaeretara jartzen da arreta — begiak puntu zuri batean finkaturik dituzunean, zuregandik ez beste inorengandik ekarri beharra dago hizpidea. Monsieur Desseinek gugandik alde egin osteko isilunerik laburrenak ere ezbeharren bat ekarriko zukeen egoera hartan — ziurrena emakumea bestaldera jiratuko zen — hortaz, hitzetik hortzera hasi nintzen hizketan. ——

        —— Baina zeintzuk izan ziren jasan nituen tentazioak (zeren ez dut idazten barkamena eskatzeko nire bihotzaren txango honetako flakeziengatik — horien berri emateko baizik), aditzera emango dizuet sentitu nituen bezalaxeko sinpletasunarekin.

 

 

KOTXETEGIKO ATEA
CALAIS

 

        Irakurleari kontatu diodanean ez nuela Desobligeantetik irten nahi izan, fraidea hitz eta pitz ikusi nuelako ostatura iritsi berria zen emakume batekin, egia esan nion; baina ez nion egia osoa aitortu; zeren fraidearekin hizketan ari zen emakumearen eite eta itxurak erabat geldiarazita bainindukaten. Susmo txar batek hartu ninduen, eta neure artean esan nuen fraidea ari zitzaiola kontatzen gertatutakoa: barneko mintzo batek hala hots egiten zidan — Indar guztiekin desiratu nuen fraidea komentuan gera zedin.

        Bihotza adimendua baino arinago doanean, hamaika neke eta izerdi arintzen dizkio zentzuari — Ez neukan inolako zalantzarik emakumea izakirik gorenen ordenakoa zela — alabaina, ez nuen harengan gehiago pentsatu, baizik aurrera jarraitu nuen eta hitzaurrea idatzi.

        Lehengo inpresioa itzuli zen kalean aurrez aurre egokitu nintzenean emakumearekin; bere eskua ematean agertu zuen zintzotasun arretazkoak erakusten zuen, halaxe uste nuen nik, haren heziketa eta zentzu ona; eta eskutik helduta neramala, halako eztitasun goxo bat sentiarazi zidan, nire arima erabat baretu zuena ——

        — Ene Jainkoa!, nola ibil daiteke gizon bat munduan zehar hau bezalako kreatura bat lagun harturik? —

        Emakumearen aurpegia ikusi gabe nengoen artean ere — ez zuen axola handiegirik; izan ere, berehala irudikatu nuen haren potreta, eta kotxetegiko ateraino heldu baino askoz lehenago, Irudimenak burua osatua zuen, eta hain plazer handia hartzen zuen haren izate jainkozkoari hain ederki ematen ziola ikusita, ezen bazirudien Tiberreko uretan murgildua zela gisa horretako buru baten bila —— baina, Irudimena!, txerri limurkor eta limurtzailea zara; eta egunean zazpi aldiz lilluratzen bagaituzu ere zure pintura eta irudiekin, eta horretarako xarma anitzez baliatzen bazara ere, eta zure erretratuak argizko aingeruen edergarriz apaintzen badituzu ere, guztiarekin ere lotsagarria da zurekin ongi ez etortzea.

        Kotxetegiko ateraino heldu ginenean, eskua kendu zuen bekokiaren paretik, eta orduan orijinala ikusteko aukera eman zidan — hogeita sei urte inguruko aurpegia zuen — beltzaran argi eta gardenekoa, kolorete edo hautsik gabe lañokiro apaindua — ez zen izugarri ederra, baina bazuen zerbait eder, zeinak, nengoen aldartean nengoela, areago erakartzen baininduen harengana — interesgarria zen; alargun trazako markak zituela begitandu zitzaidan, eta atsekabearen lehenengo bi paroxismoak igaroak zituen egoera gainbeherako hartantxe aurkitzen zela, eta orain poliki-poliki ohitzen hasia zela galera hartara; baina beste hamaika nahigabek ere seinale berdinak utziko zituzten haren bisaian; zein nahigabe nozitu ote zituen jakin gogo nuen — eta itauntzeko gertu nengoen (baldin elkarrizketaren bon tonak berak utzi izan balit, Esdrasen garaietan bezala.— «Zerk zaitu atsekabetzen? Zergatik zara horren kexu? Eta zergatik asaldatua duzu adimendua?» — Hitz batean, harenganako onginahia sentitu nuen, eta nolaerebait deliberatu nintzen nire adeitasun-pizarra eskaintzera — nire zerbitzua ez esateagatik.

        Horrelakoak ziren nire tentazioak — eta haiei amore emateko puntuan nengoelarik, hara non bakarrik utzi nauten emakumearekin beraren eskuak nireari heltzen diola, eta bion aurpegiak kotxetegiko ate aldera arrimatuak ditugula egiaz behar zena baino gehiago.

 

 

KOTXETEGIKO ATEA
CALAIS

 

        Egiaz ere, andre on hori!, esan nuen haren eskua leunkiro jasoz hizketan hasi nintzaionarekin batera, Fortunaren apeta horietako baten aitzinean egon behar dugu: alde guztiz arrotz diren bi lagun elkarren eskutik hartzea — sexu ezberdinekoak eta agian lurreko bazter ezberdinetakoak, eta istant batean biak elkarrekin jartzea hain egoera amultsuan, ezen Adiskidetasunak berak ere nekez erdietsiko baitzukeen halakorik, hilabete batez berariaz bilbatu izan balu ere —

        — Eta horretaz darabilzun gogoetak erakusten du, Monsieur, norainoko aztoramena sortu dizun Adiskidetasun horrek abentura hau dela medio. —

        Egoera nahi genukeen bezalakoxea denean, ezer ez dator hain desorduan nola estatu horretara eraman gaituzten zirkunstantziak hitz-erdika adieraztea: eskerrak ematen dizkiozu Fortunari, jarraitu zuen berak — hizpidean zeunden — bihotza horren jakitun egin eta gogobeterik geratu zen; eta nork ezpada filosofo ingeles batek bidaliko ote zion bere buruari horren berri adimendua mudaraztearren?

        Hori esatearekin batera bere eskua soltatu zuen, ene ustez testuari argibide nahikoa emateko aukera-aukerakoa zen begirada bat egotziz.

        Benetan koadro negargarria pintatzera noa nire bihotzaren flakeziaren gainean, noiz eta aitortu behar baitut ene bihotza hain minduta geratu zela, ezen beste egokiera hobe batzuek nekez lortuko baitzuten halako bihozmina sortzea. — Penaturik nengoen oso haren eskua galdu izanagatik, eta galdu nuen erak ez zion ez olio ez ardo ekartzen zauriari: nire bizitzan ez dut inoiz hain barru-barrutik sentitu halako mendekotasun lotsagarrizkoak sortzen duen mina.

        Egiazko bihotz emakumezko baten garaipenek ez dute luzaroan irauten durduza hauen aurrean. Segundo batzuen buruan nire berokiaren muturrean bermatu zuen eskua, erantzunari errematea ematera balihoa bezala; nolanahi ere den, Jainkoak baizik ez daki nola itzuli nintzen lehengo egoerara.

        —— Berak ez zeukan zer gaineraturik.

        Berehalaxe hasi nintzen elkarrizketari bestelako tankera bat ematen, eta, alderdi izpirituzkoa zein morala aintzat harturik, ohartu nintzen oker nengoela haren izakerarekin; baina emakumeak bere aurpegia niganantz jiratuz bat, halako erantzuna ematera bulkatu zidan izpiritua itzalia zen — giharrak laxatu ziren, eta harengana estraineko aldiz erakarri ninduen begirada saminezko huraxe ikusi nuen — oi malenkonia!, halako izpiritu alaitasunez betea saminaren atzaparretan ikustea. —— Bihotz-bihotzetik errukitu nintzaion; eta nahiko barregarria irudituko bazaio ere bihotz lozorrotu bati, besto artean hartu eta, gorritu gabe, txerak egingo nizkion kale erdian bertan izanagatik ere.

        Haren behatzak nireen kontra tinkatzean nire behatzetako arteriek egiten zituzten dardarek aditzera ematen zioten andreari zer ari zen gertatzen nire baitan: beherantz begiratu zuen — gero une batzuetako isilaldia egon zen.

        Nire ahurrean sortu zitzaidan sentipen goxoagatik susmoa dut bitarte hartan ahalegin ttiki batzuk egin behar izan nituela haren eskua estuagotzeko asmoz — ez emakumea bere eskua apartatzera joan izan balitz legez — baizik eskua soltatu-ez soltatu egon bailitzan — eta noraezean galduko nuen bigarren aldiz emakumearen eskua, non eta arrazoiak bainoago senak gidatu izan ez banindu halako estuasunetan geratzen den azken erremedioraino — eskuari lasai-lasai eusteraino, edozein unetan neure kasa askatu beharko banu bezala; hala, emakumeak elkarren eskuek helduta jarrai zezaten utzi zuen, harik eta Monsieur Dessein giltzarekin itzuli zen arte; eta bitartean pentsatzen jarri nintzen nola ezabatuko nuen fraide gaixoak kontatu zion istorioak, baldin eta fraideak kontatu bazion, bihotzean nire kontra ezbairik gabe landatu behar izan zion inpresio txarra.

 

 

TOXA
CALAIS

 

        Fraide zahar onbera gugandik sei urratsetara zegoen hari buruzko pentsamendua burutik igaro zitzaidanean; eta guganantz zetorren, bidetik apur bat aldaraturik, gure solasa hautsi-ez hautsi egon balitz bezala. — Guganaino iritsi orduko, halere, gelditu eta hitz atsegin batzuk zuzendu zizkigun; eta eskuan adarrezko toxa bat zeukalarik, zabaldu eta eskaini egin zidan — Nirea dastatu beharko zenuke, esan nion neurea atereaz (kareizko toxa txiki bat baitzen), eta haren eskura luzatuz — Ederra da oso, esan zuen fraideak; orduan, ihardetsi nion, arren onar ezazu toxa eta gainerako guztia, eta toxatik hauts pixka bat hartzen duzun bakoitzean, gogora ezazu gizon baten eskaintza bakezkoa izan zela, eta gizon horrek behin batean zakarkiro erabili zintuela, baina ez bihotz barrenetik.

        Fraide gaixoa txingarra bezain gorri jarri zen. Mon Dieu!, esan zuen eskuak estutuz — inoiz ez nauzu-eta zakarkiro erabili. — Ni ere sinetsita nago, esan zuen emakumeak, ez dela horretarako kapaz. Hartan, niri ere egokitu zitzaidan gorri jartzea; baina zer-nolako bihotz-mugidek ukitu ninduten argitzea, gauzak aztertzea gogoko duten banaka batzuen eskuetan uzten dut — Barkatu, Madame, ihardetsi nion, zakar baino zakarrago erabili dut; eta gainera berak akuilatu gabe — Ezin liteke inondik ere, esan zuen emakumeak. — Ene Jainkoa!, oihu egin zuen fraideak bere-berezko ez zirudien ziurtasun suhar batekin — errua nirea zen eta nire grinaren zuhurtziarik ezarena — emakumea ez zegoen ados, eta nik harekin bat egin nuen esatean ezinezkoa zela berea bezain ondo gobernaturiko izpiritu batek inori irain egitea.

        Egia esan, ez nuen pentsatzen liskartzea hain gauza goxo eta atsegingarria izan zitekeenik nerbioentzat, nola sentitu bainuen nik orduan. — Mutu geratu ginen, baina halako egoeretan sentitzen den kezka ergel hori nozitu gabe, noiz eta, halako konpainian zaudela, hamar minutu pasatzen baitituzu txintik atera gabe gainerakoen aurpegietara begira. Egoera horrek zirauen bitartean, fraidea toxari distira ematen ari zen bere tunikaren mahukarekin; eta igurtziei esker distira pixka bat atera zioenean, makurtu zen, erreberentzia egin zuen, eta esan zuen beranduegi zela esateko gure gogo-aldarteen flakezia edo ontasuna ote zen eztabaida horretan murgilarazi gintuena — baina nolanahi ere den — toxak elkarri emateko erregua egin zidan. — Hori esatean, bere toxa luzatu zidan esku batekin, nirea beste eskuarekin hartu zuelarik; eta muin eman ziolarik — eta haren begiei borondate oneko jario bat zeriela — golkoan gorde eta erretiratu zen.

        Toxa hau gordetzen dut nire erlijioaren alderdi instrumentalak gordeko nituzkeen eran, nire gogoari adorea eman diezaion zerbait hobe erdiets dezan; egia esatera, gutxitan joaten naiz erbestera hura gabe, eta, sarri askotan hartaz baliaturik dei egin izan diot haren jabearen izpiritu xaloari nirea ere goberna dezan munduko gorabeheretan. Haren istorioagatik ikasi nuenez, bizitzaren aldarteek makina bat astindu eman zizkioten, harik eta berrogeita bost urte inguru zituela, hala armadan eginiko zerbitzuen aldera sari eskaxak jaso izanak nola, aldi berean, grinetan den xamurrenean hartu zuen saminak eraman zuten arte ezpata eta sexua alde batera uztera eta komentu barrura bainoago haren baitara aterpe bila joatera.

        Gogoa hoztu egiten zait noiz eta gaineratu behar dudan ezen, Calaisera azkeneko aldiz itzuli nintzenean, aita Lorentzoz galdetzean entzun nuela bazirela hiru bat hilabete hil zela, eta, haren nahia betez, lur eman ziotela ez bere komentuan baizik eta komentuarena zen eta bi legoatara zegoen kanposantu txiki batean. Gogo bizia piztu zitzaidan ikusteko lur eman zioten lekua — hala, hilobi ondoan eseri eta fraide gaixoak eman zidan adarrezko toxa atera, eta hilobiaren buruan zeuden asun-lore bat edo bi kendu nituelarik, zeinek ez baitzuten han hazteko batere eskubiderik, halako eszenak hain bortizki eragin zien ene sentimenei, ezen negar anpuluak lehertu baitzitzaizkidan hitzetik hortzera — baina emakume bat bezain ahula naiz; eta munduari erregu egiten diot ez dezala nitaz barre egin, baizik eta nitaz gupida izan dezala.

 

 

KOTXETEGIKO ATEA
CALAIS

 

        Denbora horretan guztian ez nuen behin ere andrearen eskua askatu, eta hain denbora luzea neraman eskutik helduta, ezen erabat lotsagarria izango baitzen joaten uztea, non eta lehenik nire ezpainen kontra estutzen ez banuen: ene odola eta gogo-aldarteak, zeinek errebultsio bat jasan baitzuten emakumea zela medio, berriz ere emakumearengana bihurtu ziren muin eman nionarekin batera.

        Baina krisi larri horretan hara non fortunatu den gure aurretik igarotzea patioan nirekin hizketan aritu izan ziren bi bidaiariak, eta gure hartu-emanei erreparaturik, hara non bururatu zaien inondik ere senar-emazteak izan behar dugula; horrela bada, kotxetegiko ateraino iritsi zirenean gelditu ziren, eta haietako batek, bidaiari ikusmina baitzen, galdetu zigun ea hurrengo goizean Pariserantz abiatu behar genuen — Nik neure aldetik bakarrik erantzun dezaket, arrapostu eman nion; eta andreak gaineratu zuen Amiensera zihoala. — Hara non Amiensen bertan bazkaldu genuen guk atzo, esan zuen bidaiari arruntak — Amienseko herritik igaro beharra dago Pariserako bidea hartuz gero, gaineratu zuen besteak. Mila esker ematera nindoakion argitzeagatik Amiens Pariserako bidean zegoela; baina, fraide gaixoaren adarrezko toxa atera nuenez tabako hauts pixka bat hartzeko asmoz — erreberentzia txiki bat egin nien, eta Doverrera bidaia ona izan zezatela opatu eta bakarrik utzi gintuzten —

        — Zer kalte egiten du ordea, esan nion nire buruari, emakume nahigabetu honi eskaturik nire eserlekuaren erdia onar dezan? — eta hortik zer zorigaitz etor dakioke?

        Nire barneko grina lohiak eta jaidura gaiztoak ernatu ziren eskaintza egin nioneko — Horrela hiru zaldi beharko dituzu, esan zuen Zekenkeriak, eta horrek hogei libra ateraraziko dizu sakelatik. —— Ez dakizu nor den, esan zuen Zentzuak — edo zer estutasunetara eramango zaituen afera honek, xuxurlatu zuen Koldarkeriak ——

        Zure esku dago, Yorick!, esan zuen Zuhurtziak, gero esango dute emakume ezkondu batekin atera zinela, eta Calaisera propio etorri zinela zita bat zela medio —

        — Gero munduaren aurrean ezin aurpegi emanik egongo zara, ozenkiro egin zuen oihu Hipokresiak — edo elizan ezingo zara zutitu, esan zuen Makurkeriak — edo prebendadun doilor bat baizik ez zara izango , esan zuen Harrokeriak.

        — Baina gizalegezko egintza bat izan da, esan nuen — eta nola gehienetan jokatzen baitut lehenengo zirrarari kasu eginik, eta, beraz, gutxitan egiten baitiet jaramon aieru hauei, zeinek, nik dakidala, ez baitute ezertarako balio ezpada bihotza gogortasunez janzteko — bet-betan jiratu nintzen emakumearen aldera —

        — Baina oharkabean alde egina zen, ni auzi-mauzitan nenbilen bitartean, eta kalean behera hamar edo hamabi urrats eginak zituen erabakia hartu nuenerako; eta salto batean joan nintzaion atzetik nire proposamena nekienik eta erarik egokienean egiteko; baina oharturik ezen masaila bere ahurraren kontra erdi bermaturik zeramala — pentsakor dabilenaren urrats pausatu eta laburrekin, eta urratsez urrats zihoala begiak lurrean finkaturik zituela, buruan jarri zitzaidan nirea bezalako auzian murgildurik ibiliko zela. — Jainkoak lagun diezaiola!, jaulki zitzaidan, egokiera horretarako izango ahal du, nik bezala, amaginarreba bat edo izeba tartufo bat, edo atso ergel bat aholku eske joateko! Hala bada, prozesua oztopatu nahi ez nuenez, eta pentsatuz adeitsuagoa izango zela ustekabean baino jakinaren gainean egonik harrapatzea, buelta erdia eman, eta jirabira txiki batzuk eman nituen kotxetegiko ate aurrean, emakumea alde batean hausnarrean zebilen bitartean.

 

 

KALEAN
CALAIS

 

        Emakumea begien aurrean estrainekoz agertu zitzaidanean, nire irudimenak erakustera eman zidalarik emakumea izakirik gorenen ordenakoa zela — eta lehenengoa bezain ukaezina zen bigarren axioma bezala ezarri alarguna zela, eta saminez lotua zirudiela — ez nintzen harago joan; banuen nahiko aukera hain gogoko nuen egoera hartan aurrera egiteko — eta baldin nire ondoan ukondoz ukondo geratu izan balitz gauerdira arte, nire sistema egiazkoa zela frogatuko nukeen, eta emakumea aintzakotzat hartuko bakarrik ideia orokor horren eredura.

        Niregandik hogei urrats eskasera zegoela, barneko mintzo batek hots egin zidan itaunketa zorrotzagoa egin nezan — mintzoak elkarrengandik banandu egingo ginen ideia ekarri zidan gogora — akaso ez nuen sekula berriz ikusiko — bihotzak atxiki egiten du ahal duen guztia; eta ahalegindu nintzen nire nahiak harengana helarazteko bidea irekiko zidaten zantzuak bilatzen, baldin eta inoiz ere aurkituko ez banuen: hitz batean, haren izena jakin nahi nuen — haren familiarena — haren estatua; eta nora zihoan banekienez, jakin nahi izan nuen nondik zetorren, baina ez zegoen horien guztien berri jakiterik: ehundaka kontu eta arretak eragozten zidaten bidea. Hogeitaka asmo egin nituen — Mundu zabalean ez zegoen gizonik halako emakumeari zuzen itauntzera ausartuko zenik — halako gauza egitea ez zen posible.

        Kapitain frantses debonaire txiki batek, dantzan bezala baitzetorren kalean behera, erakutsi zidan gauza hori munduko gauzarik errazena zela; izan ere, emakumea kotxetegiko aterantz itzultzen ari zelarik, jarri ez zaigu bada, bion erdian eta bere burua aurkeztu ezagutza egina nuen emakumeari, eta ezer jakin baino lehenago arren eskatu ez dit bada, emakumea aurkez diezaiodan — ni neu aurkeztu gabe nengoen artean ere — Hala, emakumearenganantz jiratuz, bere burua bere kasa aurkeztu eta emakumeari galdetu dio ea Parisetik etorri den —— Ez: Pariserako bidean zihoala, ihardetsi zion. — Vous n'etez pas de Londre? ——— Ezetz, arrapostu eman zuen emakumeak — Orduan Madame horrek Flandesetik etorri behar izan du. Apparemment vous etez Flammande?, esan zuen kapitain frantsesak. — Baietz, flandestarra zela erantzun zion. — Peut-être, de Lisle?, gaineratu zuen — Ez zela Lislekoa esan zion. — Ez Arrasekoa? — ez Cambraykoa? — ez Gantekoa? — Ez Bruselakoa? Bruselakoa zela erantzun zuen.

        Kapitainak kontatu zion Bruselako bonbardaketan egoteko ohorea izan zuela azken gerratean — hiria ondo kokatua zegoela pour cela — eta jende prestuz betea frantsesek inperialistak egotzi zituztenean (emakumeak begirunezko keinu txiki bat egin zuen) — beraz, hala kontu horren nola aferan izan zuen partearen berri eman ziolarik, erregu egin zion arren esateko zer izen zuen — beraz, erreberentzia egin zion.

        —— Et Madame a son Mari? — galdetu zion atzerantz begira jarriz bi urrats eman zituenean — eta erantzun baten peskizan geratu gabe, dantzan abiatu zen kalean behera.

        Baldin eta nik zazpi urte enplegatu izan banitu heziketa oneko legeetan aprendizkoa egiten, nekez erdietsiko nukeen horrenbeste.

 

 

KOTXETEGIA
CALAIS

 

        Kapitaintxo frantsesak utzi gintuenean, Mons. Dessein agertu zen eskuan kotxetegiko giltza zekarrela, eta istantera eroan gintuen kotxe-biltegiaren barruko aldera.

        Mons. Desseinek kotxetegiko atea ireki zuenean, lehenengo objetua begia jo zidana beste Desobligeant zahar eta birrindu bat izan zen; eta ordu bat eskas lehenago patioan hainbeste erakarri ninduen harexen berdin-berdina bazen ere — oraingoan hobeto begiratzearekin sentsazio desatsegina sortu zitzaidan nire barnean; eta pentsatu nuen benetan piztia doilorra izan behar zuela halako makina bat egiteko burutazioa aurreneko aldiz izan zuen gizonak; eta ez nintzaion errukiago makina erabiltzea burutik pasatuko zitzaion gizonari ere.

        Konturatu nintzen kotxeak ni bezain gutxi erakartzen zuela emakumea ere; beraz Mons. Desseinek eroan gintuen aurrez aurre zeuden kotxe pare bateraino eta esan, goraipatzen zituenarekin batera, Lord A.k eta Lord B.k erosi zituztela grand tourrera joatearren, baina Parisetik baino harago iritsi ez, eta beraz on bezain berriak zeudela alde guztiz — Ondoegi zeuden — Hala, hirugarren batera igo nintzen, atzealdean baitzegoen, eta berehala hasi nintzen prezioarekin tratua egiten — Barruan bi lagun ozta-ozta kabitzen dira ordea, esan nuen atea ireki eta barrura sartuz — Mesedez, Madam, sar zaitez barrura, esan zion Mons. Desseinek besoa eskainiz — Andrea segundo batez egon zen sartu-ez sartu, eta azkenean igo egin zen; eta hartan, morroiak keinuka adierazi ziolarik Mons. Desseini berarekin hitzegin nahi zuela, kotxeko atea itxi eta barruan utzi gintuen.

 

 

KOTXETEGIA
CALAIS

 

        C'est bien comique, ondo bitxia da, esan zuen emakumeak irribarre eginez kontu egitean hau zela bigarren aldia elkarrekin bakarrik utzi gintuztela gorabehera zentzugabe batzuk zirela medio — C'est bien comique, esan zuen berak —

        — Ez du ezer falta hala izan dadin, esan nion, salbu eta frantses gizon baten galanteriak emango liokeen tratu komikoa — lehen mementoan amodioa egin, eta bere arimaren eskaintza egitea bigarrenean.

        Haien fort da hori, ihardetsi zuen emakumeak.

        Gutxienez hala uste ohi da — eta nola gertatu den, jarraitu nuen, ez dakit; baina ezbairik gabe, frantsesek fama dute inork baino gehiago ulertzen dutela amodioaz, eta egin ere mundu zabaleko edozein herrik baino hobeto egiten dutela; baina nik neure aldetik, berriz, alderrai dabiltzan lardats batzuk irizten diet, eta egia esatera, Kupidoren egonarria inoiz ere artegatu duen tiratzaile-koadrilarik txarrena.

        — Sentimenduengatik amodioa egitea pentsatzea ere!

        Soineko dotore bat oihal-zatiz harrapaka egitea bururatzea bezala da: — eta egitea ere — deblauki — begiz jotzeaz bat zure bihotza erakusten duzularik — eskaintza eta eskaintzarekin batera norbera ere, bere pour eta contre guztiekin, buru hotz baten bahetik pasa daitezen amore ematea da.

        Emakumea arretaz entzuten ari zen, nik zer esango zain balego bezala.

        Kontuan hartu, Madam, jarraitu nuen nire eskua haren esku gainean pausatuz —

        Ezen jende benazkoak maitasuna gorroto duela izenarengatik —

        Ezen jende berekoiek gorroto dutela haiengatik berengatik —

        Hipokritek zeruarengatik —

        Eta guztiok, gazte nahiz zahar, hamar aldiz izutuago gaudela aipatze hutsarekin ematen duen minarekin baino — A zer jakitaterik eza erakusten duen gizon batek salerosien adar honetan, noiz eta hitza bere ezpainetatik itzurtzen uzten baitu isiltasuna tormentu bilakatzen zaionetik gutxienez ordu bat edo bi iragan baino lehenago. Adeitasunezko izpi nare batzuen kateak, ez hain nabarmen nola alarma jotzeko modukoak — ez hain lauso nola gaizki ulertuak izan daitezen, — noizik behin begirada samur batekin edo besterekin batera, eta aferaz ezer gutxi edo hobe ezer ere esan gabe — naturaleza erakusten dio zure damari, eta berak bere gogoaren eredura moldatzen du. —

        Orduan handikiro aitortu behar dut, esan zuen emakumeak lotsagorrituz bat — niri amodioa egiten aritu zarela bitarte honetan guztian.

 

 

KOTXETEGIA
CALAIS

 

        Monsieur Dessein itzuli zen emakumea eta biok kotxetik kanpo ateratzera, eta jakinarazi zion emakumeari ezen L-ko kondea, haren neba, iritsi berria zela ostatura. Eta emakumearenganako erakusten nuen onginahia azkengabea bazen ere, ezin esan bihotza alaitu zitzaidanik gertakari horren aurrean — eta hala aitortzea beste erremediorik ez nuen izan — izan ere, ordu ezinago gaitzean datorkio, Madam, egin behar nizun proposamen bati, esan nion —

        — Ez duzu esan beharrik zer proposamen zen, esan zuen emakumeak bere eskua nire bi eskuen artean jarriz, moztu zidanarekin batera. — Gizonak, ene jaun on hori, gutxitan dauka eskaintza amultsu bat emakume bati egiteko, halere, emakumeak badu horren susmoa une batzuk lehenago —

        Naturalezak arma horretaz hornitu du babesgarri bat eskura izan dezan, esan nion — Ordea uste dut, esan zuen emakumeak nire aurpegira so eginez, ez nukeela inolako mesfidantzarik izango — eta argi esateko, proposamena onartzea erabakita nengoen. — Mesfidantzarik izan banu (une batez gelditu zen), uste dut azkenean zure onginahiak nire ezpainetatik istorio bat ateratzea lortuko zukeela, eta istorio horrek errukia egingo zuen bidaiaren gauza arriskutsu bakarra.

        Hori esatean, eskuan birritan muin egiten utzi zidan, eta sentiberatasuna eta kezka nahasian zerizkion begirada bat ageri zuela, kotxetik irten zen — eta adio esan zidan.

 

 

KALEAN
CALAIS

 

        Nire bizitza guztian ez dut inoiz hamabi gineako mauka bat hain bizkor lortu: emakumea galdu nuenetik, denborari luzetsita nengoen, eta jakinik une bakoitza biren pareko izango zela abian jarriko ez nintzen bitartean — zuzen-zuzenean eskatu nuen postako zaldiak ekar zitzaten, eta ostaturantz abiatu nintzen.

        Jainko maitea!, esan nuen herriko erlojuak laurak jotzen zituela entzunik, eta Calaisen apenas ordu bat baino gehiago neramala kontu eginik —

        — Bizitzaren tarte labur honetan mundu bete abentura jartzen zaizkio irispidean gauza guztietan arima eta gorputzeko interesa jartzen duenari, bai eta, bidez bide dabilen bitartean, unean uneko aukerek etengabe eskaintzen diotena ikusteko begiak izanik, onez onean eskuratzea daukana albora uzten ez duenari ere. —

        — Honekin ezer lortuko ez badut, beste zerbaitekin izango da — ez dio axola — giza izaerari buruzko saiakera bat da — Nire ogibidea ateratzen dut nire nekeen bidez — aski da — esperimentuarekin hartu dudan gozatuak erne eduki ditu nire sentimen guztiak eta nire odolaren parterik onena, gainerako gorputz guztiari lo egiten uzten zion bitartean.

        Erruki dut Danetik Bersaberainoko bidea egiteko gai den eta eta deiadar egiten duen gizona: «Guztia da elkorra» — eta halaxe da; eta mundu osoa ere elkor da lurrak eskaintzen dituen fruituak landatzen ez dituenarentzat. Aitortzen dut, esan nuen eskuak alaikiro igurtziz, ezen basamortu batean banintz, nire grinek edirenen luketela zerekin piztu — Eta gauza egokiagorik aurkitu ezik, mitre ederren bati erakutsiko nizkioke, edo bestela altzifre goibelen bat bilatuko nuke eta haren ondora arrimatuko — Haren itzala gorteiatuko nuke eta adeitasunez agurtuko ematen didan babesagatik — Bertan grabatuko nuke nire izena, eta basamortuko zuhaitzetan ederrenak direla zin egingo: hostoak ihartuko balitzaizkie, neure buruari irakatsiko nioke erosta jotzen, eta berriz piztean, ni ere alaituko nintzateke haiekin batera.

        Smelfungus jakintsuak Boulognetik Pariserako bidea egin zuen — Parisetik Erromara — eta abar — baina bideari ekin zion behazunez eta minoriak jota, eta bidean zehar topatu zituen objetu guztiak koloregabetuta eta desitxuratuta geratu ziren — Bere bidaiei buruzko istorio bat idatzi zuen, baina bere sentimendu miserableei buruzko istorio bat besterik ez zen.

        Panteoiako portiko handian egin nuen topo Smelfungusekin — une hartantxe irteten ari zen — Oilartoki izugarri handia besterik ez da, esan zuen — Espero dut aipamen iraingarriagorik egin ez izana Mediciko Venusen gainean, ihardetsi nion — izan ere Florentziatik igarotzean aditu nuen eroaldi batek hartu zuela eta jainkosari gogor eraso ziola, eta prostituta arrunt bat baino okerrago erabili zuela, jainkosak bere aldetik inolako akuilurekin zirikatu ez zuelarik.

        Berriz ere gurutzatu nintzen Smelfungusekin Turinen, etxera bueltan zihoala; eta bazuen kontatzeko bizi izan zituen zorigaiztoko abenturei buruzko istorio bat, «non aipatzen baitzituen lehorrez eta itsasoz igarotako ezbehar lazgarriak, eta elkar jaten zuten gizon batzuk: antropofagoak» — Smelfungus bizirik larrutua izan zen, eta gorriak ikusi zituen, eta San Bartolome baino okerrago erabili zuten egokitu zen leku guztietan —

        — Mundu guztiari kontatuko diot, oihu egin zuen Smelfungusek. Hobe zenuke, esan nuen nik, zure medikuari esango bazenio.

        Mundungusek, aberastasun handiak baitzituen, tour osoa egin zuen: Erromatik Napolira joan zen — Napolitik Veneziara — Veneziatik Vienara — Dresdenera, Berlinera, handik bueltan kontatzea mereziko zuen inolako harreman oparorik edo pasadizo atsegingarririk gabe; baina artez-artez egin zuen bidaia, eskuinetara edo ezkerretara begiratu gabe, maitasunak edota errukiak liluratu eta bere bidetik apartatuko ote zuen beldurrez.

        Bakea dela haiekin!, bakea bilatzen baldin badute; baina zeruak berak, halako umorearekin bakea dagoen tokiraino iristea posible izatera, seinaleak eskatuko lituzke bakea eman aitzin — izpiritu onbera guztiak maitasunaren hegoetan etorriko lirateke ongi etorria ematera — Smelfungus eta Mundungusen arimek ez lukete jadanik ezer entzungo, salbu eta pozezko himnoak, amodiozko zoroaldi berriak, eta haien bion zoriontasuneko konplimendu berriak — Bihotz-bihotzetik erruki ditut: ez dute lan horretarako inolako ahalmenik garatu; eta Smelfungus eta Mundungusi zeruko egoitzarik zoriontsuena egokituko balitzaie, hain urrun egongo lirateke zoriontsu izatetik, non haien arimak penitentzia egiten egongo bailirateke eternitate guztian.

 

 

MONTRIUL

 

        Behin nire maleta jausi zen zalgurdiaren atzealdetik, eta birritan jaitsi behar izan nuen euri artean, eta haietariko aldi batean, postako mutilari maleta zalgurdiari berriz ere lotzen laguntzeagatik, lokatzez bete-bete egin nintzen belaunetaraino, igarri ezinik nenbilela zer ote zen falta egiten zidana — Eta ez nuen jakiterik lortu, harik eta Montriulera iritsi nintzen arte, ostalariak galdetu zidanean ea ez nuenentz morroi bat nahi, eta orduantxe erreparatu nuen horixe zela, hain zuzen ere, falta egiten zidana.

        Morroi bat!, horixe bai behar dudala, esan nion — Bada, Monsieur, esan zuen ostalariak, gazte azkar bat ezagutzen dut, oso harro egongo litzatekeena ingeles bat zerbitzatzeko ohorea izateaz — Baina zergatik ingeles bat beste edozein baino areago? — Hain dira eskuzabalak, esan zuen ostalariak — Urkatuta hil nazatela hori ez bazaio nire sakelari libra bat kostatzen gau honetan bertan, esan nuen neure kautan — Ordea eskuarte handia daukate hain eskuzabalak izateko, Monsieur, gaineratu zuen — Hori beste libra bat kostako zaio nire sakelari, alajaina!, esan nuen nik — Bart arratsean gertatu zen, ostalariak esan zuen, qu'un my Lord Anglois presentoit un ecu a la fille de chambreTant pis, pour Madamoiselle Janatone, esan nuen nik.

        Baina Janatone izanik ostalariaren alaba, eta ostalariak uste izan zuenez frantsesean hasiberria nintzela, atrebentzia hartu zuen gaztigatzeko ez nuela tant pis esan behar izan — baizik tant mieux. Tant mieux, toujours, Monsieur, esan zuen ostalariak, atarramenturen bat ateratzea dagoenean — tant pis, atarramentu onik ez dagoenean. Azken finean, gauza bera da, esan nuen. Pardonnez moi, esan zuen ostalariak.

        Ez zait aukera aproposagorik egokituko behin eta betiko kontura nadin ezen tant pis eta tant mieux frantsesezko solasaldietako giltz hitzik handienetariko bi direnez gero, arrotz batek hobe duela bi-biak zuzen erabiltzen ikasten badu Parisera heldu baino arinago.

        Gure enbaxadorearen mahaian zegoen markes frantses bizkor batek galdetu zion Mr. H-ri ea bera H- poeta ote zen. Ez, esan zuen H-k patxadaz — Tant pis, ihardetsi zion markesak.

        H— historialaria da, esan zuen beste batek — Tant mieux, esan zuen markesak. Eta Mr. H-k, zeina oso bihotz zabaleko gizona baita, eskerrak itzuli zizkien tant pis eta tant mieux-engatik.

        Ostalariak gai honen jakitun egin ninduenean, La Fleurri deitu zion sar zedin, horixe zen-eta ostalariak aipatu berri zidan mutilaren izena — eta hasieran bakarrik kontatu zidan ezen, mutilaren abildadeei zegokienez, ez zela ausartuko deus ere esatera — Monsieur zen epailerik onena komeni zitzaiona erabakitzeko; baina La Fleurren leialtasunari zegokionez, erantzukizun osoa hartuko zuela bere gain kosta ahala kosta.

        Ostalariak hori aditzera eman zuen erak berehala jarrarazi zidan arreta esku artean nerabilen egitekoan — eta La Fleur, zeina kanpoan zain baitzegoen Jainkoaren seme garen guztiok aukera egokitzen zaigunean sentitu dugun itxaropen arnasa gabeko horrexekin, barrura sartu zen.

 

 

MONTRIUL

 

        Lehenengo begi-kolpean gertu nago jende klase guztiekin ondo etortzeko; baina inoiz ez hain gertu nola gizakume gaixo bat datorrenean bere zerbitzua eskaintzera ni bezalako gaixo bati; eta ahuldade hau ezagutzen dudanez, beti uzten diot nire zentzuari amore apur bat eman dezan okasio hori egokitzez gerotan — eta gutxi edo asko, dudan umorearen arabera, eta zer kasu den — eta generoa ere gaineratuko nuke, gobernatu behar dudan pertsonarena.

        La Fleur gelan sartu zenean, behin eta nire arimaren alde egin ahal izan nituen deskontu guztiak egin nituenean, mutilaren begiratu samurrak eta itxura jatorrak bertatik erabaki zuten auzia haren alde; hortaz, aurrena mutila alokatu nuen — eta hurrena hasi nintzaion galdezka ea zer zekien egiten: baina haren abildadeak agertuko zaizkit, esan nuen, haien beharra sortu ahala — gainera, frantses batek gauza guztiak egiten daki.

        Ordea La Fleur gaixoak danborra jotzen baino ez zekien egiten mundu honetan, eta martxa bat edo bi txirularekin. Deliberaturik nengoen haren abildadeak erabilaraztera; eta ezin esan dezaket nire jakitateak nire ahuldadea inoiz ere hain iraindu zuenik nola ahalegin hartan.

        La Fleur goiz hasia zen bizitzan aurrera egiten, frantses gehienek izaten duten galanteria horrexekin, urte gutxitan zehar norbaiten zerbitzuan lan eginez; eta zerbitzatzea bukatzean, bere sentimendua asebete zuelarik, eta aurkitu zuelarik ezen, gainera, ziur asko danborra jotzearen ohorea izango zela jasoko zuen sari bakarra, horretaz baino haragoko gloriarako bide gehiago ireki ez zionez gero — à ses terres erretiratu zen, eta comme il plaisoit à Dieu bizi izan zen — esan nahi baita, ezer gabe.

        — Eta beraz, esan zuen Jakitateak, danbolin-jole bat alokatu duzu zain zaitzan Frantzia eta Italian zehar egin behar duzun txangorako! Ba!, egin nuen, eta ez al doaz gure familiarik prestuen eta nobleenen erdiak compagnon du voyage baldar batekin halako ostera berdin egitera, txirula-jolea, eta deabrua eta guzti ordaindu behar dutelarik gainera? Gizon batek halako borroka orekagabeko batetik equivoque batekin libratzea daukanean — ez dabil eskas — Baina ba al dakizu zerbait gehiago egiten, La Fleur?, esan nion — O qu'oui! — bazekien azpantarrak egiten, eta pixka bat bibolina jotzen — Hori da hori!, esan zuen Jakitateak — Izan ere, nik ere baxua jotzen dut, esan nuen nik — ederki konponduko gara. Ba al dakizu bizarra kentzen eta peluka bat nolerebait apaintzen, La Fleur? — Munduko gaitasun guztien jabe zen — Nahikoa da Jainkoaren izenean!, esan nuen moztu nionarekin batera — eta nire izenean ere nahikoa izan beharko — Hala, afaria ekarri zutenez, eta nire aulkiaren alde batean spaniel ingeles jostalari bat nuenez, eta zerbitzari frantses bat, zeinari begitartean ageri baitzitzaion naturalezak begitarte batean inoiz pintatu duen irribarrerik zabalena, beste aldean — gogobeterik nengoen nire bihotzak nire inperioa ikusita ageri zuen pozarekin; eta monarkek balekite soilik dutenarekin konformatzen, agian ni nengoen bezain gogobeterik egongo lirateke haiek ere.

 

 

MONTRIUL

 

        Nolaz eta La Fleur nirekin batera joan baitzen txango Frantzia eta Italian zehar, eta maiz agertuko baita eszenarioan, irakurlearen interesa gehixeago piztu behar dut haren mesederako, eta hortaz esan ez dudala behin ere izan arrazoi gutxiago gehienetan determinatu ohi nauten zirrarez damutzeko nola mutil honi dagokionean — filosofo baten orpoei inoiz segitu zien arimarik leial, maitekor eta lañoena zuen; eta danbolina jotzeko zein azpantarrak egiteko zituen abildadeak gorabehera, zeinek, berez oso onak izan arren, ez baitzidaten probetxu handiegirik ekartzen, nahiz eta orduoro jasotzen nuen haren aldarte alaitsuaren saria — halako aldarteak akats guztiak osatzen zituen — Nire zailtasun eta ezbehar guztietan iturri agorrezina aurkitzen nuen haren begiradetan — eta gaineratzera nindoan: bai eta haren estuasunetan ere; baina La Fleur gauza guztien eskumenetik at zegoen; zeren nahiz eta goseak egon, edo egarriak, edo hotzak, edo biluzik, edo beiletan, edo zoritxarreko zeinahi azoterekin topatu gure bidaldietan, ez zegoen haren fisionomian inolako seinalerik aldarte bakoitzaren berri emango zuenik — bat eta bera zen betiere; beraz filosofotik zerbait badaukat, lantzean behin Satanek buruan sartzen didana — zerbait horrek beti mortifikatu egiten du kontzeptuaren hantustea, erakustera ematen didalako zenbat zor diodan gizagaixo horren gorpuzkeraren filosofiari beste ordena hobeago batena izateaz lotsa-gorritzeagatik. Honekin guztiarekin ere, La Fleurrek bazuen txoropito antz txiki bat — baina lehenengo begiratuan areago zirudien berezko txoropitoa ofiziokoa baino; eta behin eta harekin Parisen hiru egun igaro nuenean, ez zirudien txoropitoa izango zenik inondik inora ere.

 

 

MONTRIUL

 

        La Fleurrek bere lan berriari ekin zioneko hurrengo goizean, maletako giltza eman nion nire dozen erdi alkandoraren eta zetazko zaragoila pare baten zerrendarekin batera; eta agindu nion tinko lot zezala guztia kotxearen gainaldean — zaldiak amarra zitzala — eta mesedez eska ziezaiola ostalariari kontuarekin etortzeko.

        C'est un garçon de bonne fortune, esan zuen ostalariak leihotik seinalatuz bat La Fleurren ingurura bildu ziren dozen erdi neskatxa, txeratsuki agur egiten ziotenak postako mutila zaldiak ateratzen ari zen bitartean. La Fleurrek muin egin zien eskuetan behin eta berriz eta berriz ere, eta hirutan xukatu zituen begiak, eta hirutan ere hitz eman zuen barkamen guztiak ekarriko zizkiela Erromatik.

        Herri guztiak maite du mutila, esan zuen ostalariak, eta Montriulen ez dago bazter bakar bat ere non haren falta nabarituko ez den; halere, mundu honetan zoritxar bat besterik ez du, jarraitu zuen, «Maiteminez dago beti». — Bihotz-bihotzez pozten naiz horretaz, esan nuen nik — gauero zaragoilak buru azpian jartzearen nekea kenduko dit. Hori esatearekin, ez nintzen La Fleur hain laudatzen ari nola nire burua, ia nire bizitza guztian printzesa batekin edo besterekin maitemindurik egon naizenez, eta espero dut horrela jarraitzea hilko naizen arte, ondo baino hobeto konbentziturik bainago ezen, inoiz ekintza erdeinagarriren bat egiten badut, grina baten eta beste baten bitartean izan beharko duela: interregno honek diraueno, beti antzematen dut nire bihotza gatibu dagoela — Ozta-ozta aurki dezaket nire bihotzean sei penny-ko txanpon bat Miseriari emateko; eta beraz beti alde egiten dut ahal dudan bezain laster, eta zuzpertzen naizen unean, eskuzabala eta borondate onekoa naiz berriz ere; eta mundu honetan edozein gauza egingo nuke edozeinentzat nahiz edozeinekin, baldin eta bakar-bakarrik konbentzituko banindute egintza horretan ez dagoela bekaturik batere.

        — Hori esatearekin ordea — ziur asko grina goraipatzen ari naiz — ez neure burua.

 

 

PASARTE BAT

 

        — Abderako herria, nahiz eta Demokrito bertan bizi izan zen herria jaregin nahirik ironia eta algararen indar guztiak erabiliz, guztiarekin ere Trazia osoko herrietan zitalena eta lizunena zen. Izan ere, pozoitze, konspirazio eta hilketak — libelo, paskin eta matxinadak zirela eta, ez zegoen egun-argitan hara joaterik — are gutxiago gauez.

        Baina gauzak ezin okerrago zeudenean, gertatu zen ezen, Abderan Euripidesen Andromeda antzezten ari zelarik, orkestra osoa liluraturik geratu zela obra horrekin; baina liluratu zuten pasarte guztietatik ezeinek ere ez zuen haien irudimenean eragin handiagorik izan nola naturalezari buruzko lerro hunkigarri, poetak idatzi zituen haiek, Perseoren diskurtso patetiko hartan,

 

                O Kupido! Jainkoaren eta gizonen printzea, etab.

 

        Hurrengo goizean jende guztiak bertso janbiko garbietan hitz egiten zuen ia, eta Perseo, eta haren hitzaldi patetikoa, baino ez zerabilen ahotan — «O Kupido! Jainkoaren eta gizonen printzea» — Abderako kale guztietan, etxe guztietan — «O Kupido! Kupido!» — aho guztietan, melodia atseginen baten nota berezkoak bailiran, zeina ahoei itzurtzen baitzaie nahi bada edo nahi ez bada ere — deus ez, salbu eta «Kupido! Kupido! Jainkoaren eta gizonen printzea» — sua piztu zen — eta hiri osoak, gizon baten bihotzaren gisara, atea ireki zion Maitasunari.

        Ez zegoen botikaririk otsobaba alerik saltzerik zeukanik — ez armaginik ere bihotzik izango zuenik heriotzako lanabes bat forjatzeko — Adiskidetasunak eta Bertuteak elkarrekin topo egin eta kalean musu eman zioten elkarri — ostera etorri zen urrezko aroa, eta zelatan jarri Abderako herri gainean — abderatar guztiek zeinek bere olozko txilibituak hartu zituzten, eta emakume abderatar guztiak beren oihal purpurazkoak utzi eta kastoki eseri ziren kanta entzutera —

        Bere inperioa, dio pasarteak, zerutik lurreraino eta are itsasoaren hondoraino ere hedatzen duen Jainkoaren ahalmenean zegoen bakarrik halako obra egin izana.

 

 

MONTRIUL

 

        Dena prest dagoenean, eta ostatuko kontu guztiak ondo eztabaidatuta eta ordainduta daudenean, abenturagatik garraztu samurtuta ez bazaude behintzat, kotxera igo aurretik beti dago auziren bat edo beste atean konpondu beharrekoa; eta hain zuzen ere pobreziaren seme-alabekin garbitu beharra dago auzi horiek, zure ingurura biltzen diren horietxekin. Inork ez dezala esan: «doazela infernura», — bada halako bidaia ankerra da miserable banaka batzuk haraino bidaltzeko, eta nahiko sofrimendu jasan dituzte bidaia hori gabe ere: beti uste izan dut hobe dela sos gutxi batzuk sakelatik atera eta eskura jartzea; eta aholku hau emango nieke bidaiari onbera guztiei: berdin-berdin joka dezatela; ez dute zertan guztiz zehatzak izan behar sosak emateko dituzten arrazoiak idazteko orduan — beste nonbait jaso egingo dira.

        Niri dagokidanez, ez dago inor nik bezain gutxi ematen duenik; ezagutzen ditudanen artean gutxi baitira emateko horren gutxi daukatenak: baina egintza hau zenez Frantzian jendaurrean egiten nuen aurreneko egintza karitatezkoa, albait arretarik handiena jarri nuen.

        Ai ene!, zortzi sos besterik ez dauzkat, esan nuen nire eskuan erakutsi nituenarekin batera, eta zortzi gizon behartsu eta zortzi emakume behartsu daude haien zain.

        Arima gaixo zarpailtsu, alkandorarik ez zuen batek, berehala erretiratu zuen bere eskaria, taldetik at bi pauso eman eta bere aldetik erreberentzia iraingarri bat eginik. Baldin eta teatroaren atzealde guztiak aho batez Place aux dames garrasi egin balu, ez zukeen beste sexuarekiko halako sentimendu begirunezkoa adierazterik lortuko, ezta hurbilik ere.

        Jainkoarren!, zein arrazoi zuhurrengatik erabaki duzu behartasunak eta gizalegeak, zeinak beste herrialde batzuetan elkarren lehian ibiltzen diren, gurean moduren bat aurkitu beharko zutela bat etortzeko?

        — Gogor tematu nintzen gutxienez sos bat har zezan soilik bere politesseagatik.

        Kemen handiko nano gaixo batek, zirkulu barruan nire pare-parean jarrita zegoenak, aurrena besapean zerbait jarri, zeina behinola sonbrerua izan bide zen, bere toxa sakelatik atera eta hauts pixka bat eskaini zien eskuzabalkiro alde bietan zituenei: munta handiko oparia zen, apaltasunez baztertua izan zena — Gizontxo gaixoak zerbait hartzera animatzen zituen burua amultsukiro makurtuz — Prenez en — prenez, zioen beste alde batera begira jarririk; beraz, bakoitzak pixka bat hartu zuen — Erruki inortxok ere gura ez zuen zure kutxa horretaz!, esan nion neure buruari; horrela bada, sonbreru barruan sos pare bat jartzearekin batera, hauts pixka bat hartu nuen toxatik, hartara sosen balioa handiagotu nahian — Nanoak lehenengo betebeharraren pisua baino areago bigarrenarena sentitu zuen — hari ohore egitea zen — besteak karitatea bakarrik egiten zion — eta hargatik erreberentzia bat egin zidan lur behererainokoa.

        — Hona!, esan nion soldadu zahar eta besamotz bati, zeina kanpaina batean soldadu ibili baitzen indar guztiak erabat ahitzeraino — hona hemen sos pare bat zuretzat. Vive le Roi!, esan zuen soldadu zaharrak.

        Hartan, hiru sos besterik ez zitzaidan geratzen; beraz, bat eman nuen soilik pour l'amour de Dieu, horixe izan baitzen eskatzeko erabilitako arrazoia — Emakume gaixoak mehakezur lokatu bat zeukan; beraz, ez zuen izango arrazoi hoberik.

        Mon cher et très charitable Monsieur — Ez dago horren kontra ezer esaterik, esan nuen nik.

        My Lord Anglais — entzute hutsak zenbait sos balio zuen — hortaz, nire azken sosa eman nion horrexegatik. Baina emateko irrikaren irrikaz, alde batera utzia nuen pauvre honteux bat, zeinak ez baitzuen nori eskaturik sos bakar bat ere, eta, sinetsita nengoen, hil egingo baitzen beretzat bat eskatu baino lehenago: kotxe ondoan geratu zen, zirkulutik apur bat aparte, eta ene irudiz egun hobeak ikusiak zituen aurpegitik malko bat isuri zuen — Ene Jainkoa!, egin nuen — eta ez zait sos bat ere geratzen hari emateko — Milaka daukazu ordea!, garrasi egin zuten naturaren indar guztiek nire barnean iratzartuz bat — beraz eman egin nion — berdin da zenbat — lotsa ematen dit orain zenbat esateak — lotsa ematen zidan orduan zein gutxi zen pentsatzeak; beraz, irakurleak susmoren bat egiten baldin badu nire gogo aldartearen gainean, bi puntu xehe horiek eman zaizkionez, seguraski iritziko dio libra bat edo biren inguruan ibiliko zela kopuru zehatza.

        Gainontzekoei ezin ezer ere eman, baina, Dieu vous benisse Et le bon Dieu vous benisse encore — zioten soldadu zaharrak, nanoak eta abarrek. Pauvre honteuxak ezin deus esan — zapi txiki bat atera eta begitartea xukatu zuen beste aldera begira jartzearekin batera — eta pentsatu nuen beste guztiek bainoago estimatzen zidala.

 

 

BIDETA

 

        Behin eta gorabehera ttiki horiek guztiak bideratuta utzi nituenean, postako zalgurdira igo nintzen nire bizitza guztian zalgurdi batera igoa nintzen baino lasaitu handiagoa harturik; eta La Fleurrek jarria zuelarik zaldiz ibiltzeko bota handitzar bat bidet txiki baten hango aldean, eta bestea hemengoan (ezen haren hankei buruz ez dut ezer kontatuko), trostan pasatu zen nire aurretik printze bat bezain pozik eta xut. —

        — Zer da zoriona ordea!, zer da handitasuna bizitzako eszenaren deskripzio honetan! Legoa bat egin baino lehenago, hara non asto hildako batek geldiarazi duen La Fleurren lauhazkaldia — bidetak ez zuen aurrera jarraitu gura — mokoka hasi ziren elkarren artean, eta gaixoa bere botetatik egotzia izan zen bidetak lehenengo ostikoa ematearekin batera.

        La Fleurrek erorikoa eraman zuen frantses kristau batek bezala, ez zuelarik esan Diable! baino gehiago ez gutxiago; hala, anitz denbora gabe altxatu da, eta berriro ekin dio erasoari bidet gainean zangalatrau jarririk, bideta jo eta jo darabilelarik danborra joka ariko balitz bezala.

        Bideta salto batean joan zen bidearen alde batetik bestera, gero atzera berriz ere — gero hona — gero horra, eta, labur esateko, asto hila zegoen tokira ez beste alde guztietara. — La Fleurrek gogor eusten zion bereari — eta bidetak lurrera bota zuen.

        Zer gertatzen zaio, La Fleur, zure bidet horri?, esan nion — Monsieur, esan zuen, c'est un cheval le plus opiniatré du monde — Orduan, abere egoskorra bada, derrigorrean jarraitu beharko dio bere bideari, erantzun nuen nik — orduan La Fleur zaldi gainetik jaitsi eta, zigorrarekin zartada galanta emanez, bidetak berba hartu zidan, eta deabruak harturik itzuli zen Montriulera. — Peste!, esan zuen La Fleurrek.

        Ez dator hemen mal à propos ohartaraztea ezen, La Fleur baliatu bazen ere harridurazko bi hitz ezberdinez inkontru horretan — hots: Diable! eta Peste!, hiru direla alabaina Frantziako hizkuntzan; hala nola positiboa, konparatiboa eta superlatiboa, horietatik bai batek bai beste biek ere balio dutelarik bizitza honek ustekabean egin ohi duen dardo jaurtiketa bakoitzerako.

        Le Diable!, aurrenekoa dena eta maila positiboa duena, zeina erabili ohi den gogoa astintzen duten zirrara arruntekin, bakarrik gauza ttikiak zure itxaropenaz bestera gertatzen direnean, hala nola: — behin bi dado jaurtiki eta pareak ateratzen direnean — La Fleur ostikoz zalditik lurrera egoztean, eta abar eta abarretan — horrexegatik, gizona adarduna denean, beti esaten da: — Le Diable!

        Baina halabeharrak akuilagarri den zerbait duen kasuetan, nola bidetak ihesari eman zionean La Fleur botak eta guzti lurrean utzita, orduan bigarren maila da.

        Orduan esaten da: Peste!

        Eta hirugarrenari dagokionez,

        Baina hemen errukiak eta kidetasun sentimenduek bihotza erdiratzen didate, noiz eta pentsatzen baitut zer-nolako miseriak ezagutu behar izan zituen haien zoriak, eta halako jende finak nolako mingostasunak nozitu behar izan zituen hirugarrena erabiltzeraino iristeko. ——

        O, emaizkidazu botere, ezbeharretan mingaina hitz-jarioz ukitzen dutenak!, — zeinahi izanik ere niri patua, emaizkidazu berba erazkoak deiadar egiteko, eta nik bide egingo diot neure senari.

        — Baina Frantzian halako berbarik ez zutenez gero, erabaki nuen zoritxar bakoitza eramango nuela fortunatuko zitzaidan bezalaxe, inolako deiadarrik egiteke.

        La Fleurrek, zeinak ez baitzuen bere buruarekin inolako itunik egina, begiekin jarraitu zion bidetari, harik eta bideta ikusmenetik kendu zen arte — eta orduan, imajina dezakezue, nahi baduzue, zein hitzekin eman zion bukaera afera guztiari.

        Nolaz eta ez baitzegoen zaldi izutu bat harrapatzerik postako botak jantzita, ez zen geratzen beste aukerarik La Fleur kotxearen atzealdean edo kotxe barruan eramatea baino. —

        Azken aukera nahiago izan nuen, eta ordu erdiren buruan iritsi ginen Namponteko postako ostatura.

 

 

NAMPONT
HILDAKO ASTOA

 

        — Eta hau, esan zuen ogi-koskor baten hondarrak bere zakutoan sartuz — eta hau zure zatia izango zen, zioen, nirekin banatzeko bizirik egon bazina. Azentuagatik pentsatu nuen bere umeari egiten zion apostrofe bat zela; baina bere astoari zuzentzen zion; eta, hain zuzen ere, bidean hilda ikusi genuen asto berari, La Fleurren zoritxarreko abentura eragin zuenari. Bazirudien gizonak biziki deitoratzen zuela bere astoaren heriotza; eta berehala ekarri zidan gogora Santxok bereagatik egindako auhena; baina Santxok benetako eta bere-berezko ukitu gehiagorekin egin zuen.

        Lantu-jotzailea ate ondoan eserita zegoen harrizko eserleku batean, alde batean asto basta eta brida zituela, noizik behin hartzen zituenak — gero lurrean uzten — haiei begira jartzen, eta burua astintzen zuen. Gero, berriz ere hartu zuen bere ogi koskorra bere zakutotik, jatera balihoa bezala; une batez eskuan eduki — gero utzi bere astoaren bridaren ahoko ondoan — egin zuen prestaketari etsipenez begiratu — eta orduan hasperen egin zuen.

        Gizonaren atsekabearen lañotasunak lagun aldra izugarria erakarri zuen haren ingurura, eta gainerako guztien artean La Fleur ere, zaldiak gertatzen zituzten bitartean; postako kotxean eserita jarraitzen nuenez gero, haien buru gainetik ikus eta entzun nezakeen guztia.

        — Espainiatik etorri berria zela esan zuen, nora joan baitzen Frankoniako mugarik urrutienetatik; eta ostera ere etxera bueltan zetorrelarik, honaino iritsia zela astoa hil zitzaionean. Bazirudien guztiak irrikaz zeudela jakiteko zer aferak eraman ote zuen halako gizon zahar eta gaixo bat bere etxea utzi, eta hain bide luzeari lotzera.

        Zeruak nahi izan zuen, esan zuen gizonak, hiru semerekin dohaindu, Alemania guztian parerik ez zutenak; baina aste batean baztangak bi zaharrenak kendu zizkiolarik, eta gazteena ere gaixotasun berak jorik geratu zelarik, seme guztiak galduko zituen beldur zen; eta zin egin zuen ezen, zeruak beste semea eramaten ez bazion, Espainiako Donejakuera joango zela bere esker ona agertzera.

        Lantu-jotzailea bere istorioarekin horraino iritsi zenean, gelditu egin zen naturalezari bere ordaina ematearren — eta negar egin zuen saminki.

        Gizonak esan zuen zeruak baldintzak onartu zizkiola, eta txabola utzi eta bideari ekin ziola animalia koitadu hau lagun hartuta, zeina eroapen handiko bidelaguna izan baitzen — bide guztian zehar ogi beretik jan zutela biek, eta adiskide mina izan zuela.

        Inguruan zeuden guztiek jakinmin handiarekin entzuten zioten gaixoari — La Fleurrek dirua eskaini zion. — Lantu-jotzaileak esan zuen ez zuela dirurik nahi — ez zela astoaren balioa — haren galera baizik. — Ziur zegoen, esan zuen gizonak, astoak maite zuela — eta orduan istorio luze bat kontatu zien Pirinioetatik igarotzean gertatu zitzaien istripu baten gainean, elkarrengandik hiru egunez bananduta utzi zituena; denbora horretan astoa ibili zela haren bila, bera astoaren bila ibili zen bezainbat, eta ez zutela kasik jan, ez edan ere, harik eta berriz elkartu ziren arte.

        Bederen baduzu kontsolamendu bat, adiskidea, esan nion, zure abere koitadua galduta ere; ziur naiz jabe errukiorra izan zaituela. — Ai ene!, egin zuen lantu-jotzaileak, halaxe uste nuen nik ere bizirik zegoenean — baina orain hilda dagoenean, bestela uste dut. — Beldur naiz ni eta nire atsekabeak dena batera ez ote zaizkion pisutsuegi gertatu — nire nahigabeek laburrago egin dituzte koitaduaren egunak, eta beldur naiz ez ote dudan horregatik erantzun beharko. — Munduaren lotsaizuna!, esan nion neure buruari — Guk ere elkar maite bagenu arima gaixo honek bere astoa maite zuen bezainbat — ez litzateke gutxi izango.

 

 

NAMPONT
POSTAKO MUTILA

 

        Gaixoaren istorioak nigan piztu zuen interesak arreta apur bat eskatzen zuen; postako mutilak ez zion batere kasurik egin, baizik lauhazka bizian abiatu zen pavé gainean.

        Arabiako basamortu hareatsueneko arimarik egarrituenak ere ez zukeen hainbat desiratuko katilu bat ur hotz, nola nireak une hartan desiratzen baitzituen mugimendu astitsu eta isilak; eta oso juzku ona edukiko nukeen postako mutilari buruz, baldin eta nirekin alde egin izan balu halako ibilera gogoetatsu batean. — Alabaina, lantu-jotzaileak bere auhena bukatu zuenean, mutilak abereei azote gogor, erruki gabe bana eman, eta abian jarri zen berebiziko zalaparta atereaz.

        Ahal izan nuen bezain ozenki hots egin nion, Jainkoaren izenean astiroago joan zedin — eta zenbat eta ozenago hots egin, orduan eta gupidagabekiago galopatzen zuen. — Deabruak eraman ditzala bera eta bere galopatzea ere — esan nuen — nire nerbioak behin eta berriz dantzan jartzen segituko du, harik eta nire barnea su ero batek hartuko duen arte, eta orduan astiro joanen da, modu horretara su horren plazerrez gozatzea izan dezadan.

        Postako mutilak miragarriro erdietsi zuen bere xedea: Nampontetik abiatu eta legoa erdi bat ibili ondoren, nire onetik ateratzea lortu zuen — eta gero neure buruarekin haserretu egin nintzen hala jartzeagatik!

        Horiek horrela, nire kasuak bestelako tratamendua behar zuen; eta zinetan lagungarri gertatuko zitzaidan abaila biziko lauhazkaldi bat. —

        — Orduan, arren, azkarrago ibili — azkarrago ibili, ene adiskide ona, esan nuen.

        Postako mutilak muinorako bidea seinalatu zuen — Ni orduan saiatu nintzen alemaniar gaixoaren eta bere astoaren istoriora itzultzen, baina ildotik aterea nintzen — eta hain ezinezko egiten zitzaidan niri lehengo ildora itzultzea, nola trostan ibiltzea postako mutilari. —

        — Doala guztia pikutara!, esan nuen. Hemen nago, eserita, okerrenetik atarramenturik onena ateratzera deliberaturik nagoela inozo baino inozoago, eta guztia nire kontra jartzen zait.

        Badago behinik behin aringarri goxo bat zorigaitzetarako, zeina naturalezak eskumenean jartzen digun; beraz, xaloki hartu nuen haren eskuetatik eta lo hartu; eta lehenengo hitza iratzarri ninduena Amiens izan zen.

        — Ene Jainkoa!, esan nuen begiak igurtziz — herri honexetara etortzekoa da nire dama gaixoa.

 

 

AMIENS

 

        Hitzak nire ahotik atera ziren bezain laster, hara non L***ko kondearen postako kotxea, bere arreba barruan zela, lasterka igaro den gure aurretik: andreak doi-doi izan zuen denbora erreberentzia esker oneko bat egiteko — eta egin zidan era bereziagatik, zerbaitek ematen zidan aditzera oraindik ere nirekiko eginkizun guztiak bukatzeke zituela. Zuen itxura bezain atsegina zen; zeren, nire afari-legea bukatu aurretik, haren nebaren mirabea sartu zen gelara mezu batekin, non esaten baitzuen atrebentzia izan zuela gutun baten mandatua niri emateko, eta gutuna nik neuk eman beharko niola Madame R***ri Parisen egitekorik izango ez nuen lehenengo goizean. Horretaz gain, bakarrik esaten zuen sentitzen zuela, baina kontutan hartu ez zuen penchant batek galarazi ziola bere historia niri kontatzea — artean ere zor zidala; eta nire ibilbidean inoiz ere deskuiduan pasatzen banintzen Bruselatik, eta artean Madame de L***ren izenaz gogoratzen banintzen, Madame de L***k poz-pozik beteko zuela bere obligazioa.

        Orduan Bruselan bilduko naiz zurekin, oh izpiritu leiala!, esan nuen — Italiatik bueltan, Alemanian barrena abiatu eta, Flandeseko bideari jarraiki, Holandaraino joan besterik ez dut egin behar — hamar bat posta eskas izanen dira nire bidetik at; hamar mila balira ere!, hau bai poztasun morala nire bidaia koroatzea partaide izanik halako sofridoreak kontatzera doakidan miseriazko istorio baten gertaera lazgarrietan? Andrea negarrez ikustea!, eta nahiz ezin dudan lehortu haren malkoen iturria, zer sentsazio goxoak dirauen oraindik emakumeetan lehena eta maitagarriena den horren masailetatik malkoak xukatzean, zapia eskuan dudala, eta gau osoan haren ondoan isil-isilik jezarrita nagoen bitartean.

        Ez zegoen ezer txarrik sentipen hartan; eta hala ere berehala kargu hartu nion nire bihotzari esapiderik garratzen eta zitalenarekin.

        Irakurleari kontatu diodan bezala, ia orduoro norbaitekin txora-txora eginda egotea izan da nire bizitzako dohainik partikularrenetariko bat; eta gertaturik nire azken sugarra jeloskortasunezko putz batek iraungitzea kale-kantoi batean supituan bira egitean, ostera piztu nuen Elizaren kandela aratzean hiru bat hilabete lehenago — eta zin egin nuelarik, zin egin ere, bidaia osoan zehar pizturik iraun beharko zidala — zergatik ezkutatu behar nuen? Zin egin nion leial izango nintzaiola betiere — nire bihotz osoaz jabetzeko eskubidea zuen — nire afektoak zatitzea afektook gutxiagotzea zen — nire afektoak azaleratzea haiek arriskuan jartzea zen; non ere arriskua baitago, galtzea ere egon daiteke: — eta zer erantzungo diozu, Yorick!, konfiantza eta segurantzaz mukuru beterik dagoen bihotz hain on, hain atsegin eta tatxagabea den bati?

        — Ez naiz Bruselara joango, ihardetsi nuen neure buruari hitza kenduz — nire irudimenak aurrera jarraitu zuen halere — andrearen begiradak gogoratu nituen elkarrengandik banandu ginen krisialdi hartan, gutako inork indarrik ez zuenean adio esateko! So egin nion lepo inguruan zinta beltz batez lotu zidan erretratuari — eta gorritu egin nintzen begiratuz bat — Neureak eta bost emango nituen musukatzeagatik, baina lotsa nintzen — Eta lore samur honek, esan nuen esku artean estutuz, erroetaraino ihartu behar ote du — eta zuk, Yorick!, iharrarazi behar, zure altzoan aterpea emango zeniola hitz eman zenuen horrek?

        Zoriontasunezko iturri betierekoa!, esan nuen lurrean belauniko jarriz — izan zaitez ene lekuko — eta dastatuko duen edozein izpiritu aratz ere izan dadila ene lekuko, ez nintzatekeela Bruselaraino joango, non eta Eliza nirekin etorriko ez balitz, are eta bideak zeruraino eramango banindu ere.

        Horrelako liluraldietan bihotzak, adimendua gorabehera, lar eta gehiegi hitz egiten du beti.

 

 

GUTUNA
AMIENS

 

        Fortuna beti egon zen La Fleurren kontra; izan ere, ez zuen arrakastarik izan bere zalduntzako balentrietan — eta ez zen ezertxo ere jazo ni zerbitzatzeko zuen ardura handia erakusteko aukera emango zionik, ia hogeita lau ordu iragan baziren ere nire zerbitzuan jarri zenetik. Ezinegonaren suak erretzen zuen arima gaixoa; eta L***ko kondearen mirabeak gutun bat zekarrelarik, eta hori zenez gero egokitzen zitzaion lehen aukera, La Fleurrek fortuna on horretaz baliatu nahi izan zuen, eta bere ugazabari ohore egiteko asmoz, mirabea eraman zuen ostatuko atzeko sala batera, eta gonbidatu Pikardiako ardorik onenetik kopa bat edo bi hartzera; eta L***ko kondearen mirabeak, La Fleurren gonbitaren aldera, eta adeitasunean La Fleurren baino atzerago ez gelditzeko, ostera ere eroan zuen berarekin kondearen ostatura. La Fleurren prevenancya zela medio (zeren pasaporte bat baitzeraman bere begitartean bertan), berehalakoan ongi konpontzen hasi ziren La Fleurrekin sukaldean ziren zerbitzari guztiak; eta frantses baten gisara, zeinahi izanik ere frantses horren abildadeak, inolako milikeriatan ibiltzen ez delarik bere trebetasunak erakustera emateko orduan, La Fleurrek bost minutu baino lehenago atera du bere xirula, eta berak ere hasi duelarik dantza estraineko nota jotzearekin batera, hara non jarri dituen fille de chambre, maitre d'hotel, sukaldari, sukaldeko morroi, eta etxe guztia, txakurrak zein katuak, are tximino zahar bat ere, dantzan: suposatzen dut ez dela inoiz sukalde alaiagorik egon uholde handiaren egunetatik.

        Madame de L***k, bere ganbarara bidean nebarenaren aurretik igaro eta, eskailera azpian bozkario handia sumaturik, bere fille de chambreri deitu zion horren arrazoiaz galdetzearren; eta aditurik jaun ingelesaren mirabea izan zela bere xirularekin etxe guztia pozez zoratzen jarri zuena, agindu zion igoaraz zezan.

        Nola gaixoa ezin ager baitzitekeen esku hutsik, Madame de L***rentzat hamaika konplimenduz kargatu zen bere ugazabaren partetik eskaileretan gora zihoala — gaineratu zuen galdeketa apokrifo luze bat Madame de L***ren osasunari buruz — esan zion ezen Monsieur, bere ugazaba, au desespoire zegoela Madame bidaiaren nekeetatik atera eta ostera bizkor zedin — eta, errematea emateko, Monsieurri ohore handia egin ziola Madamek igorri gutuna jasotzeak — Eta Monsieurrek ohore handia egin dit niri, esan zuen Madame de L***k La Fleur moztuz bat, mezu bat bidaltzearekin erantzun gisa.

        Madame de L***k halako tonu konfiantzazko batekin esan zuen hori, non La Fleurrek ez baitzuen indarrik izan andrearen itxaropenak zapuzteko — eta ikara batean jarri zen nire ohoreagatik — eta ausaz bere ohoreaz ere nolabaiteko ardura izango zuen, en egards vis-à-vis d'une femme desiratzen egongo zen ugazaba bati lotuta egoteko gai den gizaseme baten gisara; hala bada, Madame de L***k La Fleurri galdetu zionean ea gutuna ekarri zuen, O qu'oui ihardetsi zion; beraz, bere sonbrerua lurrean jarriz, eta ezkerreko eskuarekin eskuinaldeko sakelaren hegalari heltzen ziolarik, gutunaren bila hasi zen eskuinarekin — gero alderantziz — Diable! — gero sakela guztiak arakatu zituen — banan banan, alde guztietan, faltrikera txikia ere ahaztu gabe — Peste! — orduan La Fleurrek lurrera hustu zituen guztiak — lepoko zikin bat atera zuen — zapi bat — orrazi bat — zigor-traila bat — lo egiteko txano bat — gero begirada azkar bat egotzi zion sonbreruari — Quelle etourderie! Gutuna ahantzia zuen ostatuko mahai gainean — laster batean joango zen bila, eta hiru minuturen buruan ekarriko zuen.

        Afaria bukatu berria nuelarik, La Fleur etorri zen bere abenturaren berri ematera: zen bezain sinple kontatu zidan pasadizo guztia; eta soilik gaineratu zuen ezen, baldin eta Monsieurri (par hazard) ahaztu bazitzaion Madamearen gutunari erantzutea, konponketak aukera ematen ziola faux pas hura zuzentzeko — eta hala ez izatera, gauzak zirela ziren bezalakoxeak.

        Halere, ez nengoen ni oso seguru neure etiquetteaz, ea idatzi behar ote nuen ala ez; baina behar izatera — ziur asko deabrua bera ere ez zen haserretuko: nire ohorea salbatzearren asmo oneko gizaseme batek jartzen zuen ardura adeitasunezkoa besterik ez zen; eta gizaseme horrek bide okerra hartu ahal izan bazuen ere — edo estuasunen batean sartu izan banindu hala jokatuz — haren bihotzak ez zuen kulparik — Ez neukan zertan idatzi beharrik — eta guztia bainoago pisatzen zuena — ez zuen ematen asmo txarrez egin zuenik.

        — Ongi da, La Fleur, esan nuen. — Aski izan zen. La Fleur tximista bat bezala atera zen gelatik, eta ostera etorri eskuan luma, tinta eta papera zekartzala; eta mahaira hurbilduz, aurre-aurrean jarri zizkidan, eta halako poza lerratu zitzaion aurpegian, non luma hartzea beste erremediorik ez bainuen izan.

        Behin eta berriz eta berriz hasten nintzen; eta esatekorik ez izanagatik ere, eta dozen erdi lerrotan adieraz zitekeen ezertxo ez egonagatik ere, dozen erdi hasiera ezberdin egin nituen, eta ezin neure burua pozik utzi.

        Hitz gutxitan, ez neukan idazteko umorerik.

        La Fleur irten zen eta ur pixka bat ekarri zuen edalontzi batean tinta diluitzeko — gero harea eta lakrea eskuratu zituen — Dena alferrik izan zen: idatzi, borratu, papera urratu, sutan jarri eta berriro idatzi — Le Diable l'emporte!, esan nion hitz-erdika neure buruari — ezin idatz dezaket ditxosozko gutun hau; hau esatearekin batera, etsi-etsita jaurtiki nuen luma lurrera.

        Luma jaurtiki bezain laster, La Fleur mahairaino hurbildu zen itxurarik begirunezkoenarekin, eta segituan hartuko zuen atrebentziagatik hamaika barkamen eskatzen zidanarekin batera, esan zidan gutun bat zeramala sakelan, bere erregimentuko danborjole batek kabu baten emazteari idatzi ziona, eta, bere iritzi apalean, egoera hartan aukera-aukeran zetorrena.

        Hala, buruan jarri zitzaidan mutil gaixoaren apetari amore eman behar niola — Orduan, esan nuen, arren uztazu gutuna ikusten.

        La Fleurrek istantera atera zuen karteratxo zikin bat, oso egoera eskaxean zeuden eskutitz txiki eta amodiozko gutunez leporaino betea, eta mahai gainean utzi eta gutun guztiak lotzen zituen kordela askatu zuelarik, gaingiroki begiratu zituen banan banan, delako gutuna aurkitu zuen arte — La voila!, esan zuen txalo joka; hortaz, lehenik gutuna zabaldu zuelarik, aurrean jarri zidan, eta mahaitik hiru urratsetara erretiratu zen nik irakurri bitartean.

 

 

GUTUNA

 

        Madame,

        JE suis penetré de la douleur la plus vive, et reduit en même temps au desespoir ce retour imprevú du Corporal qui rend notre entrevue de ce soir la chose du monde la plus impossible.

        Mais vive la joie! et toute la mienne sera de penser à vous.

        L'amour n'est rien sans sentiment.

        Et le sentiment est encore moins sans amour

        On dit qu'on en doit jamais se desesperer.

        On dit aussi que Monsieur le Corporal monte la garde Mercredi: alors ce sera mon tour.

        Chacun a son tour.

        En attendant — Vive l'amour! et vive la bagatelle!

        Je suis, Madame,

        Avec toutes les sentiments les plus respecteux et les plus tendres tout à vous,

Jacques Roque

 

        Bakarrik kondea idatzi behar zen kabuaren ordez — eta ez zen tutik ere esan behar asteazkenean guardia egiteaz — eta gutuna ez zegoen ondo ez gaizki ere — beraz mutil gaixoa saritzearren, zeina ikara batean egona baitzen nire ohoreagatik, bereagatik eta gutunaren ohoreagatik, emekiro atera nion zukua, eta neure gisara irabiatu — Gutuna itxi nuen, eta La Fleurri eman nion Madame de L***ri eraman ziezaion — eta hurrengo goizean berriz ekin genion Pariseko bideari.

 

 

PARIS

 

        Gizon batek lekua dela medio liskarrean aritzea daukanean ekipajearen poderioz, eta tramankulu guztiak garraiatzea daukanean haren aurretik balantzaka doazela dozen erdi lekaiorekin eta sukaldari pare batekin — bere gogara dago Paris bezalako toki batean — gogoak emango dion edozein kale bazterretaraino irits daiteke.

        Zaldieria eskasa duen printze behartsu batek, zeinaren infanteria ez baita gizon bakar batetik igarotzen, hobe luke zelaia utziko balu; eta kabinetean gailenduko balitz, baldin eta kabinetean gora egiterik baleuka — kabinetean gora diot — zeren ez baitago haiengana zuzen eta artez oldartzerik hau esanez «Me voici! mes enfants», — hona hemen ni — askok pentsatu ahal dutenagatik ere.

        Aitortzen dut hoteleko ganbaran bakardadean eta bakarrik geratu nintzen bezain laster izan nituen estraineko sentsazioak ez zirela inondik ere izan aurretik irudikatu nituen bezain lausengariak. Leihora hurbildu nintzen handikiro, nire longain beltz, hautsez betearekin, eta kristaletik begira jarri nintzelarik, mundu guztia ikusi nuen horiz, urdinez eta berdez, plazerren atzetik lasterka. — Zaharrek lantza apurtuak zeuzkaten eskuetan, eta biserak galduak zituzten helmetak zeramatzaten — gazteak urrearen gisara dir-dir egiten zuten armadura distiratsuez apainduak zeuden, zein bere ekialdeko luma ikusgarriez jantzia — guztiak — guztiak, zaldun liluratuak bailiran, justetan borroka eginez ospeagatik eta maitasunagatik behinolako torneotan bezalaxe. —

        Ai, Yorick gaixoa!, oihukatu nuen, zer egiten ari zara hemen? Burrunba distiratsu honen guztiaren estraineko erasoan atomo bihurturik geratu zara — bilatu — bilatu kaleaz beste aldean langa bat duen kalezulo bihurri bat, non gurdiei ezinezko gertatuko zaien bira egitea, eta non zuziek ezingo duten errainurik jaurti — han zure arima kontsolatu ahalko duzu bizargin baten emaztearen grisset atseginen bati hitz goxoak esanez, eta halako lagunartean onartua izatea lortu! —

        — Hil nadila hala egiten badut!, esan nuen Madame de R***ri entregatu behar nion gutuna atereaz. — Bisita egingo diot, horixe izanen da egingo dudan lehenengo gauza. Beraz, La Fleurri hots egin nion bizargin baten bila joan zedin lehenbailehen — eta itzul zedin nire longaina zepilatzera.

 

 

PELUKA
PARIS

 

        Bizargina etorri zenean, erabat uko egin zion nire pelukarekin inolako apaindurarik egiteari: edo bere antzearen gainetik edo azpitik zegoen: nik ez nuen zer eginik haren gomendioari jarraitu eta jada egina zuen bat hartzea baino.

        —— Beldur naiz halere, adiskidea!, esan nuen, ile kizkur honek buru gainean iraungo ez ote duen. — Ozeanoan bertan murgilduta ere, ihardetsi zidan, iraun egingo du —

        Zer eskala handiarekin neurtzen den guztia hiri honetan!, pentsatu nuen — Pelukero ingeles baten ideien hedatzerik handiena ere ez zen iritsiko «baldekada bat uretan sartzera» baino harago — A zer aldea!, denbora eternitatearekin berdintzea bezala da.

        Aitortu beharra daukat gorroto ditudala ikuskera hotz guztiak, sortarazten dituzten ideia ziztrinak gorroto ditudan legez; eta gehienean hain zurturik nago naturaren obra handiekin, ezen, nire aldetik, lagundu ahalko banu, inoiz ez bainukeen konparaziorik egingo gutxienez mendi bat baino handiagoa izango ez den ezertxorekin ere. Frantses sublimearen adibide den kasu honen aurka esan daitekeen guztia hau da: handitasuna gehiago datzala hitzean; eta gutxiago gauzan. Dudarik gabe, ozeanoak berebiziko ideiekin puzten du burua; baina Paris hain barrualdean egonik, ezinezkoa zen ni lasterka joatea ehun miliako bidea postaz egitera esperimentua egitearren — paristar bizargileak ez zuen benetan ezer adierazi nahi izan. —

        Baldekada bat ur itsaso sakonaren aldamenean ipintzeak zinez irudi penagarria sortzen du hizpidean — baina esan, esango dute — badauka abantaila bat — ondoko gelan dago, eta hor ile kizkurrari buruzko egia froga daiteke zarata handiagorik atera gabe, aitaren batean.

        Egi-egiaz eta arazoa tolesgabeago aztertzekotan, frantses adierazpideak gehiago ematen du erakustera obratzen duena baino.

        Uste dut gehiago ikusi ahal ditudala nazio izaeraren marka zehatz eta bereizgarriak zentzugabeko minutiae hauetan Estatuko arazorik garrantzitsuenetan baino; non nazio guztietako gizon handiek hainbeste hitz egiten eta orobat zelatatzen duten, ezen ez bainuke txakur txiki bat ere emango haien artean aukeratu behar izatera.

        Hainbeste denbora behar izan nuen bizarginaren atzaparretatik libratzeko, ezen jada beranduegi baitzen pentsatzeko gau hartan Madame R***ri gutuna eramatera joateaz; baina behin eta gizon bat oinetatik bururaino jantzita dagoenean kalera irteteko, haren gogoetek axola gutxi daukate; beraz, ostatu hartuta nengoen Hotel de Modeneren izena paper batean idatzi eta abian jarri nintzen, nora joan deliberatu gabe nengoela — Horretaz pentsatuko dut, esan nuen, bidean aurrera egin ahala.

 

 

PULTSUA
PARIS

 

        Agur, bizitzaren dohaintxo eztiak, zeren bizitzaren ibilbidea lautu egiten duzuen!, lehenengo begi-kolpean maitemina ernarazten duten graziaren eta edertasunaren gisara; zuek zarete ate hau irekitzen duzuenak, eta arrotzari barrura sartzen uzten.

        — Arren, Madame, esan nuen, esango al didazu zer bide hartu behar dudan Opera comiquera joateko: — Bai pozik esan ere, Monsieur, esan zidan bere lana une batez alde batera utziz —

        Dozen erdi dendatan egotzi nituen begiak horrelako etenaldiak erraz asaldatuko ez zuen aurpegi baten bila kalerik kale nenbilen bitartean; harik eta, azkenean, denda honek begia jo zidalarik, barrura sartu nintzen arte.

        Parpaila pare bat brodatzen ari zen, dendaren beste aldean aulki baxu batean eserita eta aterantz begira jarrita —

        —— Très volontiers; bai pozik esan ere, esan zuen emakumeak bere egitekoa ondoan zeukan aulki batean utziz eta eserita zegoen aulkitxotik altxatuz, eta hain mugimendu eta halako aire alaiekin, ezen berrogeita hamar louis d'or gastatu izan banitu emakume horrekin, esan egingo nukeen — «Esker onekoa da emakume hau».

        Hartu behar duzu, Monsieur, esan zidan dendako ateraino lagunduz eta jarraitu behar nuen kaleko bidea erakutsiz — aurrena ezkerretara hartu behar duzu — mais prenez garde — bi kantoi daude; mesedez, har ezazu bigarrena — orduan ibili apur bat kalean behera eta eliza bat ikusiko duzu, eta eliza parean zaudenean, zuretzat traba handia ez bada, zuzen jo eskuinetara, eta bide horrek eramango zaitu Pont Neufeko oinera, iragan beharko duzuna — eta han edozeinek erakutsiko dizu bidea atsegin handiz —

        Hiru aldiz errepikatu zizkidan instrukzioak aldarte oneko patxada berdinarekin hala hirugarren aldian nola lehenengoan; — eta tonuek eta moduek esanahirik badute, eta izan, zalantzarik gabe badute, ate guztiak ixten dituzten bihotzentzat izan ezik — bazirudien emakumeak benetan interes handia zuela ni gal ez nendin.

        Ene iduriz inoiz ere ikusita nengoen grissetik politena izanagatik ere, ez nuke suposatu nahi emakumearen edertasunak zerikusi handirik izan zuenik haren kortesiari buruz neukan irudipenarekin; soilik gogoan dut ezen, zenbateraino nintzaion esker-zordun esan nionean, bete-betean begiratu niola begietara, — eta eskerrak hain maiz errepikatu nizkiola nola berak bere instrukzioak eman baitzizkidan.

        Atetik irten eta hamar urrats eman gabe nengoelarik, hara non konturatu naizen ez dudala esan didanetik tutik ere gogoratzen — hala, atzera so eginez eta ikusiz artean ere dendako atean dela, zuzen noanentz begiratu nahi balu bezala — atzera itzuli naiz eta galdetu diot ea aurrena eskuinetara ala ezkerretara hartu behar dudan — zeren erabat ahaztu dudan hori. — Posible ote da?, esan zuen emakumeak erdi barrezka. — Posible da oso, ihardetsi nion, gizon bat gehiago pentsatzen ari denean emakumeaz beraren aholku onaz baino.

        Hau egi-egia zenez gero — emakumeak hartu zuen emakume guztiek zuzena dena hartzen duten legez: erreberentzia ttiki bat eginez.

        — Attendez!, esan zidan bere eskua nire beso gainean jarriz ni geldiaraztearren, denda ostean zegoen mutiko bati hots egiten zion bitartean eskularru sorta bat presta zezan. Oraintxe bertan noa mutikoa bidaltzera pardel batekin auzo horretara, esan zuen, eta, ongi baderitzozu, denda barrura sartu eta segituan egongo da prest, eta leku horretaraino lagunduko dizu. — Hortaz, emakumearekin joan nintzen dendaren barruko alderaino, eta aulki gainean jarriak zituen parpailak nire eskuan hartuz, esertzeko asmoa banu bezala, andrea bere aulki baxuan eseri zen, eta berehalaxe eseri nintzen ni ere haren ondoan.

        — Une batean prest egongo da, Monsieur, esan zuen — Eta une horretan, ihardetsi nion, poz-pozik esan nahiko nizuke zerbait adeitsu kortesia hauengatik guztiengatik. Edonork egin dezake ustekabeko egintza onik, baina haiek jarraian egiteak erakusten du pertsona horren izateko moduaren parte direla; eta ezbairik gabe, gaineratu nuen, baldin eta bihotzetik datorren eta (haren eskumuturra ukitzen duela), gorputzadarretara jaisten den odol bera bada, ziur naiz munduan gutxi direla zuk baino pultsu hobea duten emakumeak — Har ezazu, bada, ene pultsua, esan zidan bere besoa luzatuz bat. Beraz, nire sonbrerua lurrean jarriz, behatzak hartu nizkion esku batekin, eta bestearen bi hatz erakusleak jarri arteria gainean. —

        — Alajainkoa, ene Eugenius maitea!, nire ondotik pasatu zara, eta hara non ikusi nauzun hemen eserita nire longain beltzarekin eta nire baitan sar-tu-e-gi-a, taupadak kontatzen, banan banan, hain debozio egiazkoarekin nola etsaminatzen egon banintz haren sukarraren goratze-beheratze kritikoak — Nola egingo zenuen barre eta zenbat moralizatuko zenuen nire ogibide berria dela medio? — eta baliteke barre egin eta moralizatu behar izana — Sinestazu, ene Eugenius maitea, esango nuke «mundu honetan badaude lanbide txarragoak emakume baten pultsua hartzea baino». — Baina grisset batena!, esango zenuke — eta denda ireki batean, Yorick! —

        — Hainbat hobe: zeren nire azterketak zuzenak direnean, Eugenius, bost axola zait are mundu guztiak pultsua hartzen ikusten banau ere.

 

 

SENARRA
PARIS

 

        Hogei taupada kontatuak nituelarik, eta ziztu bizian berrogeigarrenerantz nindoalarik, hara non senarra ustekabean azaldu den denda gibeleko gela batetik, eta zenbaketan jarria nuen arreta galarazi. — Ez zela inor haren senarra baizik, esan zuen emakumeak — beraz, berriro ekin nion kontaketari — Monsieur hain ona da, esan zuen emakumeak, ezen gure aldamenetik igarotzen ari zela, nekea hartu baitu nire pultsua hartzeko — Senarrak bere sonbrerua kendu, erreberentzia egin, eta esan zidan ohore handia egiten niola — eta hori esatean, sonbrerua jarri eta kanpora irten zen.

        Ene Jainkoa maitea!, esan nion neure buruari irten zenean — eta gizon hau emakume honen senarra izan ote daiteke?

        Ez dezatela tormenturik har deiadar honen arrazoiak zeintzuk izan ziren ezagutzen duten banaka batzuek, baldin eta ezagutzen ez dutenei esplikatzen badiet.

        Londresen dendari batek eta bere emazteak hezur eta mami dirudite: gogo eta gorputzaren dohain desberdinak direla eta, noiz batzuk izaten ditu batek, noiz beste batzuk besteak, halako moduan non gehienetan elkarren pareko eta bata bestearen berdinak baitira, nola senar-emazteek ia ezinbestean izan behar duten.

        Parisen nekez aurkitzen da bi izaki mota desberdinagorik: dendaren botere legislatibo eta exekutiboak gizonarengan ez dautzanez gero, gizona gutxitan joaten da dendara — gibeleko gela ilun eta ospelen batean egoten da eserita merkatari plantarik gabe eta lo egiteko txano zirpiltsu bat jantzita duela, naturak mundura ekarri zuen bezain seme basati egina.

        Monarkiaz beste guztia salique ez den herri baten jeinuak oso-osorik emakumeen esku utzi zuelarik arlo hau beste zenbaitekin batera — goizetik gauera arte maila eta tamaina guztietako bezeroekin etengabeko tratuak egin beharrez, hainbat eta hainbat legar lakarren antzera, noiz eta poltsa batean guztiak batera luzaz astintzen diren, laztasunak eta ertz biziak higatu dituzte kolisio adiskidetsuen bidez, eta ez bakarrik biribil eta leun bihurtu, baita haietako batzuei dirdaia ere jarioko zaielarik harri bitxiak bailiran — Monsieur le Mari oinen azpian duzun harria baino hobexeagoa da —

        — Jakina — jakina, gizona!, ez da on zuretzat bakarrik eser zaitezen — hartu-eman sozial eta agur adeitsuetarako egin zintuzten, eta gure izaeraren hobekuntza honetara jotzen dut nire testimonioaren adierazgarri gisa.

        —— Eta zer iruditzen taupadak, Monsieur?, esan zidan. — Benignitate guztiarekin, esan nion haren begiei lasaikiro so eginez, halakoxeak espero nituen —— Zerbait atsegin esatera zihoan erantzun moduan, baina orduan mutikoa sartu zen dendara eskularruekin — A propos, esan nuen; bi pare behar ditut nik.

 

 

ESKULARRUAK
PARIS

 

        Grisset ederra zutitu egin zen hori esan nuenean, eta mostradorearen atzeko aldera joanez, pardel bat hartu zuen eta askatu: ni haren aldera hurbildu eta aurrez aurre jarri nintzaion: eskularru guztiak luzeegiak ziren. Grisset ederrak banan banan probatu zituen nire eskuaren luze-zabala neurtuz — Horrek ez zien tamaina aldatuko — Arren eskatu zidan pare bat besterik ez probatzeko, hain justu txikiena zela ematen zuena — Irekita eusten zion — nire eskua bat-batean labaindu zen barruraino — Ez zait ongi joango, esan nuen burua apur bat astinduz — Ez, esan zidan gauza bera eginez.

        Badira zenbait begirada elkarren sotiltasunez beteak — non gutizia eta zentzua, seriotasuna eta zentzugabetasuna hain nahasian baitaude, ezen Babelgo hizkuntza guztiak batera askaturik ere, ez bailirateke halako begiradak aditzera emateko gai — hain bizkor komunikatzen eta hautematen dira, ezen ozta-ozta esan ahal duzun zein alderdi den adierazlea. Letragizonen eskuetan uzten dut kontu horri buruz orriak hanpatzeko lana — dagoeneko aski da berriz esatearekin: eskularruak ez zaizkit ongi joango; beraz, gure eskuak beso gainean gurutzaturik, goxo-goxo bermatu ginen mostradore gainean — estua zen, eta soilik pardela bion artean jartzeko adinako lekua zegoen.

        Grisset ederrak noiz eskularruei begiratzen zien, noiz leihora zeharka begira jartzen zen, noiz eskularruei berriz ere — eta noiz niri ere. Ez nengoen prest isiltasuna hausteko — Haren etsenpluari jarraitu nion; hortaz, eskularruei begira jarri nintzen, gero leihora, gero eskularruei, eta gero berari — eta horrela jarraitu nuen, txandaka.

        Ohartu nintzen dexente galtzen nuela eraso bakoitzean — begi bizkor eta beltzak zituen, eta begi horiek beren betile luze eta sedazkoetatik hain begirada sarkorrak jaurtitzen zituzten, non grissetak nire bihotza eta barrunbea ikusten baitzituen — Arraroa iduri luke, baina benetan senti nitzakeen haren begiradak —

        — Ez dio axola, esan nuen ondoan nituen eskularru pareetatik bi hartuz eta sakelan jarriz.

        Ederki konturatu nintzen Grisset ederrak ez zidala eskatu balio zutena baino libra bakar bat ere gehiago — Nahiago nukeen libra bat gehiago eskatu izan balit, eta burua hausten ari nintzen nola lortuko ote nuen grissetak hori eskatzea — Uste al duzu, ene jaun maitea, esan zidan nire aztoramena gaizki ulertuz, gehiegizko sous bakar bat ere eskatuko niola arrotz bati — eta gainera arrotz bati zeinaren adeitasunak, eskularruen beharrak bainoago, ohore egin baitit bere burua nire eskuko jartzearekin? — M'en croyez capable? — Jainko maitea!, ni ez behintzat, esan nuen; eta kapaz bazina, ongi hartua izango zinateke — Beraz, dirua kontatu, eskura eman eta dendari baten emazteari batek gehienetan egin ohi dion erreberentzia apalago bat eginez, dendatik irten nintzen grissetaren mutikoak atzetik jarraitzen zidala bere pardelarekin.

 

 

ITZULPENA
PARIS

 

        Sartu nintzen palkoan ez zegoen inor, frantses ofizial zahar eta atsegin bat izan ezik. Pertsonaia gustukoa nuen, ez bakarrik ohoratu egiten dudalako gizon gaiztoak gaiztoago egiten dituen lanbideak bere jokabidea leuntzen dion gizona, baita behin halako gizon bat ezagutu nuelako ere — dagoeneko zendua baita — eta zergatik ez dut orri bat profanatzetik erreskatatuko haren izena orri horretan idatziz eta munduari esanez Tobias Shandy izan zela, nire lagun eta adiskideen artean maitagarriena, zeinaren filantropiaz ez baitut inoiz pentsatzen haren heriotza hain urrun dagoenez gero — baina nire begietatik anpuluak jaisten dira. Hari zor diodan itzalarengatik, begi-begikoa dut beteranoen talde osoa; eta hortaz, atzealdeko bi ilaren gainetik jauzi handi bat egin, eta ondoan jarri nintzaion.

        Ofizial zaharra arreta handiz ari zen irakurtzen planfetotxo bat antiojo handi pare batekin: operaren libretto bat izango zen. Eseri nintzen bezain laster, antiojoak kendu zituen, eta larruzko zorrotxo batean jarriz, berriz sartu zituen bere sakelan liburuarekin batera. Erdi altxatu nintzen, eta erreberentzia egin nion.

        Munduko edozein hizkuntza zibilizatutara itzuliz gero, zentzua hau da:

        «Hona hemen palkora sartu den arrotz gaixo bat — iduri du ez duela inor ezagutzen; eta seguraski ez du sekula inoren ezaupidea egingo, are Parisen zazpi urte emanagatik ere, baldin eta hurbiltzen zaizkion gizon guztiek antiojoak sudurretan dituztela jarraitzen badute — solaseko ateak aurpegian bertan ixtea da — eta alemaniar bat baino okerrago tratatzea».

        Orobat ofizial frantsesak ozenki esan zezakeen hori guztia; eta hala egin izan balu, frantsesera ere behar bezala aldatuko nukeen egin nion erreberentzia, eta esango niokeen zinez estimatzen niola hartu zuen ardura, eta horregatik mila esker emango.

        Ez dago sekreturik hainbeste laguntzen dionik soziabilitatearen aurrerapenari nola zeinu labur hauetaz jabetzea eta argi ibiltzea era askotako begirada eta hazpegiak, beren inflexio eta zertzelada guztiekin, hitz lauetara aldatzeko orduan. Nire aldetik, ohitura zaharra dela medio, hain modu mekanikoan egiten dut, ezen Londreseko kaleetan barna nabilenean, bide osoan etengabe itzuliz bainoa; eta behin baino gehiagotan geratu izan naiz lagun talde baten ondoan, non bi hitz ere esan ez, eta hogei autu ezberdin erabili ditudan neure artean, zintzotasun osoz idatziko eta baieztatuko nituenak.

        Arratsalde batez Milanen Martiniren kontzertu batera nindoalarik, eta halleko atetik sartzen ari nintzelarik, Marquesina di F*** irteten ari zen presaka bezala — nik ikusi orduko, gain-gainean neukan ia; hartan, salto egin nuen alde batera marquesinari pasatzen uzteko — Berak berdin egin zuen, eta alde berera jauzi zen; hala, bion buruek elkar ukitu zuten: istantera beste aldera joan zen irteteko asmoz: bera izan zen bezain zoritxarrekoa izan nintzen ni ere; izan ere, alde horrexetara ez dut bada jauzi egin, eta pasatzea berriz eragotzi — Jauzi batean joan ginen biok bestaldera, eta orduan atzera ere — eta berriz eta berriz ere — txit barregarria zen; biok gorritu egin ginen ezin eramateraino; beraz, azkenean egin nuen aurren-aurrena egin behar izan nuena — Geldi-geldi lotu nintzen, eta Marquesinak jada ez zuen traba gehiagorik izan. Ez nuen kemenik gelara sartzeko, gutxienez harik eta, egin nuenaren ordaingarri gisa, emakumeari itxaron eta nire begiekin korridorearen bukaeraraino jarraituko ez nion arte — Birritan begiratu zuen atzerantz, eta nahiko zeharka-meharka zihoan, eskailerak gora joango zen edozeini aurrera pasa zedin leku egin nahi izan balio bezala — Ez, esan nuen nik, itzulpen eskasa da hori: Marquesinak eskubidea dauka nik eskaini ahal diodan barkamenik zuzenena hartzeko; eta tarte hori utzi dit egin dezadan — beraz, laster batean joan nintzaion, eta barkamena eskatu eman nion enbarazuagatik, aldi berean esanez nire asmoa izan zela pasatzen uztea. Ihardetsi zuen adieraziz nireganako asmo berberari jarraitu ziola — hala, biok elkarri eman genizkion eskerrak. Eskaileren gainaldean zegoen; eta inguruetan chichesbee bakar bat ere ez ikusiz, arren eskatu nion kotxeraino laguntzen utz ziezadan — beraz, eskailerak behera joan ginen, hiru pauso ematen genituenero geldiune bat egiten genuelarik kontzertuaz eta abenturaz mintzatzeko — Zin dagizut, Madame, esan nion behin eta kotxera igotzen lagundu nionean, ezen sei ahalegin ezberdin egin nituela zuri irteten uzteko — Eta ni ere sei aldiz saiatu nintzen, ihardetsi zuen, zuri sartzen uzten — Jainkoak nahi izan dezala zazpigarrenez ere saia zaitezen!, esan nuen nik — Bihotz-bihotzetik, esan zidan leku egiten zidanarekin batera — Bizitza laburregia da formekin luzamendutan ibiltzeko — beraz, hitzetik hortzera sartu nintzen kotxe barruan eta bere etxera eraman ninduen — Eta zer gertatu zen kontzertuarekin, Santa Zeziliak, zeina, uste dudanez, bertan baitzegoen, nik baino gehiago jakingo du.

        Soilik gaineratuko dut ezen itzulpen hartatik sortu zen erlazioak atsegin handiagoa eman zidala Italian ohore handiz egin nuen beste edozeinek baino.

 

 

NANOA
PARIS

 

        Ez nion sekula inori azalpen hori egiten entzun, bati izan ezik; eta zein izan zen, seguraski kapitulu honetan aterako da; beraz, batere erakargarria ez izanik, arrazoiren bat egon behar izan zuen parterrean begiak ipini nituenean zur eta lur utzi ninduen hartarakoxe — eta kontua zen naturaren ezin neurtuzko libertimendua hainbeste nano pila egiten — Dudarik gabe, une batzuetan natura txantxetan ibiltzen da kasik munduko txoko guztietan; baina Parisen naturaren jostaketek ez dute azkenik — Jainkosak ia jakintsua den bezain alai dirudi.

        Nire gogoeta opera comiquetik at nirekin atera nuenez gero, gogoeta horren arabera neurtzen nituen kaleetan ikusten nituen guztiak — Aplikazio malenkoniatsua!, bereziki tamaina txiki baino txikiagoa zenean — aurpegiera ilun baino ilunagoa — begiak bizkorrak — sudurra luzea — hortzak zuriak — masailezurra irtena — hainbeste miserable ikustea beren klase propiotik beste baten ertzeraino ezbeharren poderioz egotziak, ezen idazte hutsak min ematen baitit — hiru gizonetatik bat pigmeoa da! — batzuk buru errakitiko eta bizkar konkortuengatik — beste batzuk hanka okerrengatik — hirugarren talde bat Naturaren eskuak geldiarazia haien hazkuntzako seigarren eta zazpigarren urteetan — laugarren talde batekoek, egoera perfektuan eta berezkoan, sagarrondo ñaño batzuk iduri dute; haien existentziaren lehenengo errudimentu eta ernamuinetatik ezagun zen inoiz ere ez zirela gorago haziko.

        Bidaiari mediku batek esan lezake: «bendaje desegokiei zor zaie» — umore txarreko bidaiari batek, berriz, airerik ezari — eta bidaiari ikusmin batek, sistema indartzeko, haien etxeen goibehea neur dezake — haien kaleen estua, eta zein oin karratu gutxiren barruan zenbat Bourgoisieren kidek elkarrekin jaten eta lo egiten duten seigarren eta zazpigarren bizitzetan; halere, gogora datorkit nola Mr. Shandy zaharrak, zeinak ez baitzuen bere gain hartzen ezeren erantzukizuna, beste edozeinek bezala, arratsalde batez honetaz mintzo zelarik, baieztatu zuen ezen haurrak, beste animalia batzuen gisara, edozein tamainataraino haz zitezkeela ia, baldin eta onik munduratzen baziren; baina zoritxarrez, Pariseko hiritarrak hain metaturik zeuden, non, egia esateko, ez baitzuten nahiko toki umeak egiteko — Nik ez dut uste hori zerbait egitea denik, esan zuen — ezertxo ere ez egitea da — Bai zera, jarraitu zuen bere hizpideari gogorrago eutsiz, ezer ere ez egitea baino askoz okerragoa da, bereziki behin eta hogei edo hogeita bost urtez artarik amultsuenak eta elikagairik elikagarrienak hartzen igarorik, erdietsi duzun guztia ez bada guztiarekin ere nire hanka bezain luzea. Ordea, Mr. Shandy oso motza izanik, ez dago horri buruz ezer gehiago esaterik.

        Nolaz eta hau ez den arrazoitzeko lan bat, soluzioa uzten dut aurkitu nuen bezalaxe, eta soilik azalpenaren benetakotasunarekin pozten naiz, Pariseko kale eta txoko guztietan egiaztatu egin daitekeena. Carousaletik Palais Royalera daraman kalean barrena nindoalarik, eta ume kozkor bat erreten baten aldean estu eta larri ikusi nuelarik, eskutik heldu nion eta lagundu erreten gainetik pasatzen. Aurpegia ikusteko buelta eman nionarekin batera, erreparatu nuen berrogei urte inguru zituela — Ez arduratu, esan nion; edozein pertsona onberak beste horrenbeste egingo du nigatik laurogeita hamar urte ditudanean.

        Uste dut printzipio ttiki batzuk aurkitzen direla nire baitan, nire espeziearen zati zapuztu eta gaixo honekiko errukior izatera bultzatzen nautenak, zeinek munduan aurrera egiteko ez baitute tamainarik ez kemenik — Ezin eraman dezaket haietako bat zapalduta ikustea; eta frantses ofizial zaharraren ondoan eseri orduko, hara non nahigabea sortu zaidan ikustean hori bera ari zela gertatzen jezarrita geunden palko azpian.

        Orkestraren gibelean eta horren eta alboko lehen palkoaren artean kokaturik dago zabaldegi bat, non, teatroa beteta dagoenean, klase eta maila orotako jendetzak aurkitzen baitu bere aterpea. Parterren bezala zutik egonagatik ere, orkestran bezainbeste ordaintzen duzu. Maila honetako izaki defentsagabeko gaixo batek nola edo hala aurrera egitea lortu zuen leku dohakabe hartan — gaua beroa zen, eta bera baino bi oin eta erdi altuagoko izakiez inguraturik zegoen. Nanoak ikaragarri sofritzen zuen alde guztietatik; baina enbarazurik gehiena egiten ziona alemaniar tantai, handikote bat zen, ia zazpi oin luze zeukana eta kokaturik zegoena nanoaren eta eszenatokia nahiz aktoreak ikusteko epotxak zituen aukera guztien artean. Nano gaixoak ahal zuen guztia egiten zuen aurrean gertatzen ari zenari begi emateko, eta alemaniarraren besoaren eta bere gorputzaren artean zirrikituren bat bilatzeko, aurrena alde batetik saiatuz, hurrena bestetik; baina alemaniarra tente geldirik zegoen, imajina daitekeen jarrerarik deserosoenean — nanoa berdin-berdin jar zitekeen Pariseko putzurik sakonenaren hondoan; beraz, adeitasun osoz altxatu zuen eskua alemaniarraren mahuka pareraino, eta bere nahigabea azaldu zion — Alemaniarrak atzerantz jiratu zuen burua, eta goitik behera so egin zion Goliatek Davidi begiratu zion eran — eta bihotzgabe, lehengo jarrera hartu zuen.

        Orduantxe ari nintzen hartzen tabako hauts pixka bat nire fraidearen adarrezko toxatxotik — Eta zure izpiritu apal eta adeitsu horrek, ene fraide maitea!, beti prest eraman eta jasateko! — nolako samurtasunez entzungo zion arima gaixo horren kexari!

        Frantses ofizial zaharrak apostrofea egin nuenarekin batera ikusi zuelarik begiak jaso nituela zirrararen batek astindurik, atrebentzia izan zuen galdetzeko zer gertatzen zitzaidan — Bi hitzetan kontatu nion istorioa; eta gaineratu zer ankerra zen.

        Ordurako nanoa suak harturik zegoen, eta lehenbiziko asaldazioek jo zutenean, zeinak gehienetan arrazoigabeak baitira, esan zion alemaniarrari mototsa moztuko ziola bere labanarekin — Alemaniarrak atzera begiratu zuen, hotz, eta esan zion utziko ziola atzeman ahal baldin bazuen.

        Irain batek zauria areagotzen duenean, zeinahiri ere dela, sentimenduekiko pertsona guztiek bat egiten dute: palkotik salto egin nezakeen iraina ordainaraztearren. — Frantses ofizial zaharrak askoz ere deskuidu gutxiagorekin egin zuen; zeren apur bat makurtuz eta zentinela bati buruarekin imintzio bat eginez, eta aldi berean bere behatzarekin nahigabetua seinalatuz, zentinelak nahigabetuarengana jo zuen. — Ez zegoen aukerarik laidoa esplikatzeko — bere kabuz esplikatzen zen; beraz, berehala alemaniarrari bere mosketearekin atzerantz bultza eginez, ñaño gaixoa eskutik hartu eta alemaniarraren aurrean plantatu zuen. — Hau zoragarria da!, esan nuen bi eskuekin batera txalo eginez — Eta halere, zuek Ingalaterran ez zenukete hau onartuko, esan zuen ofizial zaharrak.

        — Ingalaterran, ene jaun maitea, esan nion, bakoitza norbere nahierara eserita gaude.

        Frantses ofizial zaharrak nire buruarekin bat egin nezan lortu zuen, baldin eta nire buruarekin ezin aditurik egon banintz, esanez hori bon mot bat zela — eta nola Parisen bon mot batek beti zerbait merezi duen, hauts pixka bat eskaini zidan.

 

 

ARROSA
PARIS

 

        Hartan, txanda etorri zitzaidan frantses ofizial zaharrari galdetzeko «Zer gertatzen ari zen?», izan ere «Haussez les mains, Monsieur l'Abbé» oihuaren oihartzuna errepikatua izan zen parterreko hamabi bat alde ezberdinetatik, eta oihu hori hain ulertezina izan zitzaidan nola fraideari egin nion apostrofea gertatu zitzaion frantses ofizialari.

        Ofizialak esan zidan goiko palkoetako batean zegoen Abbé pobreren bat izango zela, bere ustez grisset pare baten atzean perdu infiltratu zena opera ikusteko asmoarekin, eta parterreko ikusleek, Abbéren zelatan baitzeuden, behin eta berriz esaten zioten eskuak gora eduki zitzan antzeztaldiak ziraueno. — Eta inori otu dakioke, esan nuen, elizgizon bat grisseten sakeletan eskuak sartzen ibiliko dela? Frantses ofizialak irriño bat egin zuen, eta nire belarrira xuxurlatu zidalarik, batere ideiarik ez nuen jakituria baten ateak ireki zizkidan ——

        Jainko maitea!, esan nuen harridurak zurbilduta — posible ote da sentimenduez hain hunkitua dagoen jendea aldi berean hain desonesto eta bere buruaz hain bestelakoa izatea — Quelle grossierté!, gaineratu nuen.

        Ofizial frantsesak esan zidan sarkasmo zarpail bat zela, elizaren aurkakoa, teatroan hasi zena Moliereren Tartuffe antzezten ari zen garaietan — baina, usadio gotikoen beste hondar batzuk bezala, gainbehera etorria zen — Nazio bakoitzak, jarraitu zuen, zeinek bere fintasunak eta grossiertés dauzka, zeinetan batak besteari hala aurrea hartzen dion nola bakoitzak txandaka galtzen duen — herrialde askotan izana zela, baina halere inoiz ez zuela herrialderik batere ezagutu non aurkituko ez zituen beste herrialde batzuek falta bide zituzten fintasun batzuk. Le pour et le contre se trouvent en chaque nation; nonahi oreka bat dago, esan zuen, ongiaren eta gaizkiaren artekoa; eta bakarrik jakiteak munduaren erdia libra dezake erdi horrek beste erdiaren aurka eginak dauzkan aurrejuzkuetatik — ezen bidaiatzearen abantaila, sçavoir vivre delakoari dagokionez, izaki eta ohitura ugari ikustean zetzala; bidaiatzeak erakusten zigula elkarrekin toleranteak izaten; eta elkarrekiko tolerantziak, bukatu zuen erreberentzia eginez bat, elkar maitatzen erakusten zigula.

        Frantses ofizial zaharrak halako lañotasun eta zentzuzkotasun aire batekin adierazi zuen hori, non bat etorri ziren haren izaera dela-eta hasieratik bertatik nituen aldeko irudipenak — Uste nuen gizona begikoa nuela; baina objetuarekin tronpatu ote nintzen beldur nintzen — nire pentsatzeko modu propioa zen — ezberdintasuna zen ni ez nintzela kapaz izango hain ondo adierazteko ezta hurrik eman ere.

        Orobat nekeza da bai zaldizkoarentzat bai bere aberearentzat ere — azken honek belarriak tente badaramatza, eta bide osoan zehar lehenago ikusi ez dituen zer guztiei begira badabil — Edozein kreatura bizidunen antzera, era honetako oinaze gutxi nozitzen dut; eta halere argi eta garbi aitortzen dut gauza askok min ematen zidatela, eta lehenengo hilabetean gorritu egiten nintzela hitz frankoren aurrean — eta bigarren hilabetean hutsal eta guztiz inozo irizten niela.

        Madame de Ramboulietek, sei bat astez harekiko ezaupideak egin eta gero, ohore handia egin zidan bere kotxean herritik bi bat legoatara eramanez — Emakume guztien artean, Madame de Rambouliet zuzenena da; eta ez nuen inoiz espero izan beste emakume bertute gehiagoko eta bihotz garbiagoko bat ikusterik — Atzera bueltan gentozela, Madame de Ramboulietek nahi izan zuen gorontzetik tira egin niezaion — Nik galdetu nion ea zerbait nahi zuenentz — Rien que pisser, ihardetsi zuen Madame de Ramboulietek ——

        Penarik ez hartu, bidaiari prestua zaren horrek, Madame de Ramboulieti pixa egiten uzteagatik. Eta zuek, ninfa mistiko xarmantak!, zoazte guztiak zuen arrosei loreak kentzera eta barreia itzazue zuen zidorrean — zeren Madame de Ramboulietek ez zuen besterik egin — Madame de Ramboulieti lagundu nion kotxetik jaisten; eta Castalia kastuaren apaiza izan banintz, ezin zerbitzatuko nukeen haren iturrian begirunezko ahalke handiagorekin.

 

 

 

© Laurence Sterne

© itzulpenarena: Josu Barambones Zubiria

 

 

"Laurence Sterne / Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar" orrialde nagusia