ITZULTZAILEAREN OHARRA

 

        Irakurleak orain esku artean duen itzulpen hau Graham Petriek egindako edizioan oinarritzen da (Harmondsworth, Penguin Books, 1984. A. Alvarezen hitzaurrea), 1768ko ingelesezko lehen edizioari jarraitzen diona.

        Itzulpenak alde guztiz errespetatzen ditu Sterneren puntuazioa eta sintaxia, salbu eta euskarazko esaldien segidako erritmoa nolabait galarazita gera zitekeen kasuetan. Sternerengan esaldiek barne erritmo, xede eta zirrarei jarraitzen diete, eta kontzeptu edo ideia multzo baten emaitza berezko bihurtzen. Horiek horrela, Sternek esaldien segida mamitzen edo desegiten du pentsamendua hazi, garatu eta eten ahala, gramatika arauez batere kezkatu gabe. Begi itxi-ireki batean esaldia dislokaturik gera daiteke, aditza galdurik eta subjektuak nahasirik. Era askotariko perpaus erlatibozkoek orpoz orpo jarraitzen diote batak besteari; konparazioek, metaforek eta aipuek areagotu egiten dute nahaste sintaktikoa. Eta halere uste dut ezen, baldin eta irakurlea prest badago ahalegin bat egiteko, dispertsio gramatikal honek gutxitan iluntzen duela esanahi orokorra.

        Sterneren estiloaren bereizgarri guztietatik nabarmenen ageri dena erabiltzen duen puntuazioa da, eta bereziki bere shandean dash edo «marra shandeanoa», testuaren zati integral eta organikotzat jo daitekeena. Sterneren marrek ez dituzte narrazioaren gertakariak isolatzen parentesiek bezala: noiz etenaldi erretorikoak egiteko balio dute, noiz akzioaren erritmoa markatzeko, noiz hitz bat edo esaldi bat azpimarratzeko. Hala, marren luze-laburra aldera daiteke musikako isilune ezberdinen iraupenarekin. Hau guztiau hobeto konprenitzeko, gogoan har beza irakurleak Sterne predikaria zela, eta, hortaz, bere puntuazioak ikuskizun handia duela oratoriarekin. Estilo hain bitxi eta partikular honen aitzinean harri eta zur geratuko da hasieran euskal irakurlea, XVIII. mendeko —eta are egungo— irakurle ingelesak geratu ziren moduan. Ordea uste dut liburuan sartu ahala, berehala ohituko dela Sterneren estilora.

        Orobat bere horretan utzi dira Sternek erabiltzen dituen hitz eta esapide frantses guztiak. Halere, batzuetan, zailtasunen bat edo beste agertzen duten esapideak euskarara itzuli dira orripeko oharretan testuaren ulermena errazteko asmoz.

        Azkenik, hitzaurrean agertzen diren ohar guztiak Virginia Woolfenak dira. Liburuko oharrak, berriz, itzultzailearenak dira, Sterneren oharra dela adierazten dutenak salbu.

 

 

 

© Laurence Sterne

© itzulpenarena: Josu Barambones Zubiria

 

 

"Laurence Sterne / Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar" orrialde nagusia