BIDAIA SENTIMENTALA

 

        Tristram Shandy, Sterneren lehen nobela den arren, idatzia izan zen beste idazle askok jadanik hogeigarrena idatzi dutenean, hau da, Sternek berrogeita bost urte zituenean. Alabaina, heldutasuna iritsi duen lan baten seinale guztiak ageri ditu. Ezein idazle hasiberri ez zen ausartuko halako lizentziak hartzen gramatika, sintaxia eta zentzuarekin, arauekin eta nobela bat nola idatzi beharko litzatekeen erakusten duen tradizio luze eta zaharrarekin. Adin erdikoak ematen duen segurantzatik dosi gogorra behar zen, bai eta adin on horrek zentsurarekiko erakusten duen axolagabetasuna ere halako arriskuak hartzeko: letratuak norberaren estiloaren konbentzionaltasunik ezagatik, eta jende errespetagarria norberaren moralaren irregularitateagatik harri eta zur uzterainokoak. Baina Sternek bere gain hartu zuen arriskua, eta arrakasta berebizikoa izan zen. Handikiak oro eta jaun estu eta zorrotz guztiak txunditurik geratu ziren. Sterne herriko idolo bihurtu zen. Liburuari ongi etorria eman zioten algara eta txaloen artean soilik adimen laburreko jendearen ahotsa entzun zitekeen protestaka esanez eskandalu bat zela halako idazlan bat elizgizon baten eskuetatik ateratzea, eta Yorkeko artzapezpikuak, gutxiena jota ere, haserre-gorri egin beharko ziola. Artzapezpikuak, dirudienez, ez zuen ezer egin. Baina kritikek, Sternek oso gutxi azaleratu bazuen ere, sakon hunkitu zuten haren bihotza. Bihotz hori saminak ere hartua zegoen Tristram Shandy argitara eman zenetik. Eliza Draperrek, Sterneren pasioaren arrazoia, Bonbairako untzia hartua zuen bere senarrarekin elkartzeko. Bere hurrengo liburuan Sterne deliberaturik zegoen ustekabean jasan zuen aldakuntza mamitzera eta frogatzera ez bakarrik bere jeinuaren distira, baita bere sentiberatasunaren sakona ere. Bere hitz propioetan: «nire liburu honen xedea zen mundua eta gure lagun hurkoak maitatzen erakustea orain maitatzen ditugun baino hobeto». Hain zuzen ere, arrazoi horietxek bultzatu zuten Frantzian zehar egindako txangoari buruzko narrazioa idaztera esertzera, Bidaia Sentimentala deitu zuena.

        Baina Sternek bere jokaera zuzendu ahal izan bazuen ere, ezinezko gertatu zitzaion estiloa zuzentzea. Estiloa bihurtua zuen bere izaeraren parte eta zati, bere sudur luzea edo bere begi distiratsuak bezala. Liburuko lehenengo bi hitzekin «— Arazo hau, esan nuen nik, hobeto konpontzen dute Frantzian —», Tristram Shandyren munduan aurkitzen gara. Mundu horretan edozein gauza gerta daiteke. Nekez ezagutuko dugu zer ateraldi, zer eztenkada, zer poesia errainu ote doan halako batean begiratu bat ematera luma ikaragarriro zalu honek prosa ingelesaren hesi sendo eta trinkoan ireki duen zirritutik. Sterne bera ote da erantzulea? Ba ote daki Sternek hurrena esatera doana, albait zintzoena jokatzeko oraingoan hartu duen erabakia gorabehera? Perpaus inarrosiak eta loturarik gabekoak hain azkarrak dira eta hain gutxi dirudite kontrolpean daudela, nola hiztun bikain baten ezpainetatik erortzen diren esaldiak. Puntuazioa bera hizkuntza mintzatuarena da, ez hizkuntza idatziarena, eta soinua eta ahots hitz egiten duenaren loturak ekartzen ditu berekin. Ideien ordena, haien bat-batekotasuna eta garrantzigabetasuna leialago zaizkio bizitzari literaturari baino. Nolabaiteko pribatutasuna dago hartu-eman horretan, gauzak gaitzespenik gabe itzurtzea ahalbidetzen duena, gauza horiek gustu dudazkoak izango zirelarik baldin jendaurrean esan izan balira. Berebiziko estilo honen eraginaren ondorioz, erdi-garden bilakatzen da liburua. Irakurlea eta idazlea elkarrengandik aldendurik dauzkaten ohiko zeremonia eta konbentzioak desagertu egiten dira. Egon ahal garen bezain gertu gaude bizitzatik.

        Sternek bere ilusioa erdietsi zuela soilik antze bikaina baliatuz eta oinaze minak pairatuz begien bistakoa da Sternek idatziriko eskuizkribura jo gabe ere frogatzeko. Zeren idaztearen zeremonia eta konbentzioak nola edo hala bazter uztea posible izan daitekeela eta irakurleari ahoz bezain zuzen hitz egin behar zaiolako usteak idazlea beti itsuturik daukan arren, halako esperimentua egiten saiatu diren guztiak mutu geratu dira zailtasunagatik, edo, bestela, egundoko desordenaren eta zehaztugabetasunaren zelatan. Sternek, ordea, nolerebait lortu zuen konbinazio miresgarri hori mamitzea. Gogo aldarteen gorabeherak adierazteko nahiz barne zirrara eta apetarik txikienari erantzuteko ez dirudi idazlan bakar bat ere dagoenik gai denik bere jarioa gizabanakoen gogoaren plegu eta tolesturetan xeheago isurtzeko; eta guztiarekin ere, ondorioa ezinago perfektua izateaz gain, bikain konposatua dago. Jariotasunik handiena iraunkortasunik handienarekin batera existitzen da. Iduri du marea hara eta hona lasterka dabilela hondartzan, eta lasterka egitean bere uhin eta zurrunbiloak uzten dituela hondar gainean marmolez ebakiak.

        Jakina, inork ez zuen Sternek baino gehiago sentitu norbera izateko askatasunaren premia. Zeren dohain inpertsonala duten idazleak dauden bitartean, modu horretan Tolstoi batek, esate baterako, pertsonaia bat sortu eta bakarrik utzi ahal gaituelarik pertsonaia sortu-berri horrekin, Sternek beti egon behar du presente gure arteko harremanetan laguntza emateko. Gutxi edo deus ere ez litzateke Bidaia Sentimentalatik geratuko baldin eta Sterne bera deitzen dugun guztia liburutik aterako bagenu. Sternek ez dauka informazio baliotsurik eskaintzeko, ez arrazoibidezko filosofiarik irakasteko. Londresetik presaren presaz abiatu zelarik, diosku Sternek, «ez zitzaidan burutik pasa ere egin Frantziarekin gerran geundenik». Ez dauka ezer esateko koadro edo elizei buruz, edo herrialdearen miseria edo ongi izateari buruz. Egia da Frantzian zehar bidaiatzen ari izan zela, baina sarri askotan bere gogoan barna zen iragaten bidea, eta haren abentura nagusiak ez ziren bidelapurrekin edo amildegietan gertatzen, haren bihotzeko zirrarekin baizik.

        Ikuspuntuaren aldaketa hau berrikuntza ausarta izan zen berez. Ordura arte, bidaiariek perspektiba eta proporzioaren lege jakin batzuk bete izan zituzten. Katedrala beti izan zen eraikuntza zabalegia edozein bidai liburutan eta gizona figura txiki bat, benetan ñimiñoa, haren aldean. Baina Sterne erabat gai izan zen katedrala alde guztiz saihesteko. Saten berdezko poltsa bat daraman neska bat Notre-Dame baino askoz ere inportanteagoa izan daiteke. Zeren, Sternek iradokitzen bide digunez, ez dago balore-eskala unibertsalik. Neska bat katedral bat baino interesgarriagoa izan daiteke; asto hil batek ikasbide gehiago eman dezake filosofo bizi batek baino. Norberaren ikuspegiaren araberako kontua baino ez da guztia. Sternek hain egokituak zituen bere begiak, ezen askotan gauza txikiek handiek baino tamaina handiagoa hartzen baitzuten haren begietan. Bizargin baten solasak haren pelukaren ile kizkurrari buruz gehiago esan zion frantses jendearen izaeraz frantsesen estatu-gizonen elokuentzia handiak baino.

 

        «Uste dut gehiago ikusi ahal ditudala nazio izaeraren marka zehatz eta bereizgarriak zentzugabeko minutiae hauetan Estatuko arazorik garrantzitsuenetan baino; non nazio guztietako gizon handiek hainbeste hitz egiten eta orobat zelatatzen duten, ezen ez bainuke txakur txiki bat ere emango haien artean aukeratu behar izatera.»

 

        Era berean, baldin eta norbaitek heldu nahi baldin badio gauzen funtsari bidaiari sentimental batek egingo lukeen bezala, gauzen funtsa bilatu beharko luke ez eguerdi-argitan kale zabalen erdian, baizik kalezulo ilun bateko izkina bakarti eta ezkutu batean. Norberak landu beharko luke takigrafia moduko sistema bat era askotako begirada eta hazpegiak hitz lauetara aldatuko lituzkeena. Hain zuzen ere, arte horretantxe trebatu zen luzaroan Sterne gero antze horren praktikan aritzeko.

 

        «Nire aldetik, ohitura zaharra dela medio, hain modu mekanikoan egiten dut, ezen Londreseko kaleetan barna nabilenean, bide osoan etengabe itzuliz bainoa; eta behin baino gehiagotan geratu izan naiz lagun talde baten ondoan, non bi hitz ere esan ez, eta hogei autu ezberdin erabili ditudan neure artean, zintzotasun osoz idatziko eta baieztatuko nituenak.»

 

        Horrela, gure interesa kanpoaldetik barrualdera eramatea lortzen du Sternek. Alferrik da gida-liburura jotzea; gure gogoa kontsultatu beharrean gaude. Soilik gure gogoak esan ahal digu zein den katedrala, astoa eta saten berdezko poltsa bat daraman neskaren garrantzi konparatiboa. Sternek nahiago dituelarik bere gogoaren bihurguneak gida-liburua eta gida-liburuko errepide zanpatua baino, gure garai berekoa da nabarmen baino nabarmenago. Solaserako baino areago isiltasunerako interes hori dela bide, modernoen aitzindari dugu Sterne. Eta arrazoi hauengatik gaur egun harreman askoz ere estuagoak dauzka gurekin garaikide zituen Richardson eta Fielding idazle handiekin baino.

        Badago ezberdintasun bat ordea. Izan ere, psikologian ipintzen zuen interes guztia dela eta, Sterne eskola sedentario samar horretako maisuak harrezkero bilakatu zirena baino argiagoa izan zen, ordea ez haiek bezain sakona. Azken finean, istorio bat kontatzen ari da, ibilbide bati darraio, bere metodoak arbitrarioak eta sigi-sagakoak badira ere. Gure dibagazio guztiak gorabehera, oso orri gutxiren barruan egiten dugu Calaisen eta Modaneren arteko bidea. Interes handia zuelarik gauzak ikusten zituen moduan, interes sakona erakutsi zuen gauzetan beretan ere. Hautatzen duen aukera apetak ematen diona da eta gainera indibiduala, baina inongo idazle errealistak ezin dezake izan arrakasta distiratsuagorik unean uneko inpresioa emateko garaian. Bidaia Sentimentala erretratu batzuen segida bat da — fraidea, dama, pâtésak saltzen dituen zalduna, liburudendako neska, La Fleur bere zaragoila berriekin — eszena segida bat dugu liburua. Eta nahiz gogo alderrai honen hegaldia burruntzi batena bezain sigi-sagakoa den, inork ezin uka dezake burruntzi honek metodoren bati jarraitzen diola, eta loreak hautatzen dituela ez abespeluan baizik halako harmonia dotore bat edo disonantzia bikainen bat dela medio. Aldizka egiten dugu barre, negar edota burla, edo errukia erakusten dugu norbaiten aldera. Barne-zirrara batetik zirrara horren kontrako beste zirrara batera bihurtzen gara begi itxi-ireki batean. Ontzat hartzen den errealitatearekiko atxikimendu arin honek, narrazioaren sekuentzia ordenatuarekiko zabartasun honek, bide ematen dio Sterneri poeta baten lizentziak hartzeko ia. Hain zehatz adierazten dakien ideiak nobelagile arruntek bazter utzi beharko lituzkete hizkuntza dela kausa, izan ere nobelagile arrunten orrietan arrotz iduri bailukete ezin eramateko punturaino, are hizkuntza menderatuko balute ere.

 

        «Leihora hurbildu nintzen handikiro, nire longain beltz, hautsez betearekin, eta kristaletik begira jarri nintzelarik, mundu guztia ikusi nuen horiz, urdinez eta berdez, plazerren atzetik lasterka. — Zaharrek lantza apurtuak zeuzkaten eskuetan, eta biserak galduak zituzten helmetak zeramatzaten — gazteak urrearen gisara dir-dir egiten zuten armadura distiratsuez apaindurik zeuden, zein bere ekialdeko luma ikusgarriez jantzia — guztiak — guztiak, zaldun liluratuak bailiran, justetan borroka eginez ospeagatik eta maitasunagatik behinolako torneotan bezalaxe.»

 

        Halako poesia hutseko pasarte anitz dago Sternerengan. Batek ebaki ditzake eta irakur testutik aparte, eta guztiarekin ere — zeren Sterne kontrastearen antzean maisu zen — bata bestearen ondoan harmonia guztiz ederrean daude orri inprimatuan. Haren freskotasun eta kemena, haren betiereko indarra harritzeko eta ikaratzeko, kontraste hauen ondorio dira. Arimaren amildegi sakonen baten ertzeraino bertaraino eroaten gaitu; haren sakontasunetik begiraldi azkar bat osten diogu; hurrenik, herrestan eramaten gaitu beste aldean distira egiten duten larre berdeei so egin diezaiegun.

        Baldin Sternek nahigabetzen bagaitu, beste arrazoi batengatik da. Eta puntu honetan, kulpa, neurri batean bederen, irakurlegoarena da — harri eta zur geratu zen irakurlego horrena, zeinak Tristram Shandy argitara eman eta gero protesta bizia egin baitzuen esanez idazlea ziniko hutsa zela, eta abitua kentzea merezi zuela. Sternek, zoritxarrez, uste izan zuen behar zuela erantzuna eman.

 

        «Munduak imajinatu du [Lord Shelburneri kontatzen zion] Tristram Shandy idatzi nuelako, benetan inoiz izan naizen baino shandeanoagoa naizela ... Baldin liburu hau (Bidaia Sentimentala) liburu kastutzat hartzen ez bada, erruki irakurriko duten horietaz, zeren egiaz ere irudimen beroa baitute, bai horixe!»

 

        Horiek horrela, Bidaia Sentimentalan ez zaigu sekula uzten ahantz dezagun ezen Sterne, gauza guztien gainetik, sentibera, errukior eta bihozbera dela; ezen gauza guztien gainetik giza bihotzaren gizalegezko ohiturak eta xalotasunak preziatzen dituela. Eta idazle batek bere kasa hau edo hura frogatzeari ekiten dion bezain laster, susmoak sortzen zaizkigu. Zeren harengan ikustea nahi duen tasun bereizgarri horretan jartzen duen aparteko enfasi apurrak zakartu egiten du liburua, gehiegi hanpatzen du, eta horregatik umorearen ordez fartsa daukagu, eta sentimenduen ordez sentimentalismoa. Hemen, Sterneren bihotzaren samurtasunaz konbentziturik egoteko ordez — Tristram Shandyn inoiz ere zalantzan jartzen ez zena — Sterneren samurtasunaz duda egiten hasten gara. Zeren sentitu egiten dugu Sterne ari dela pentsatzen ez kontu horretaz beraz, baizik eta berari buruz dugun iritzian izango duen ondorioaz. Eskaleak haren ingurura biltzen dira, eta pauve honteuxari ematen dio zinez eman nahi ziona baino gehiago; haren gogoaren zati bat gugan dago ezarrita haren onberatasuna estimatzen dugula ikustearren. Eta hortaz bere konklusioa: «eta pentsatu nuen beste guztiek bainoago estimatzen zidala», kapituluaren amaieran jarrita dagoelarik enfasi handiagoa emateko asmoz, nazka ematen digu bere eztitasunarekin nola azukre puruko apur batek katilu baten hondoan. Egiaz ere, Bidaia Sentimentalaren akats nagusia dator, hain zuzen, Sternek bere bihotzaren gainean iritzi ona izan dezagun ipintzen duen arduratik. Nolabaiteko monotonia bat dario liburuari, bere distira guztia dela medio, idazleak bere gustuetako barietate eta bizitasun berezkoak bridatu izan balitu bezala, min emango ote liguketen beldurrez. Guztiz naturala izateko beti batekoegi den jarrera adeitsu, samur eta errukiorra ageri duen gogo aldarte batek menderatzen du liburu osoa. Batek faltan bilatzen ditu Tristram Shandyren barietatea, kemena eta gordinkeriak. Bere sentiberatasunerako ardurak kamustu egin zuen bere zorroztasun naturala, eta maiz galdatzen zaigu so egin diezaiegun agian denbora luzeegiz apaltasun, lañotasun eta bertuteari, agian geldiegi daudelarik haiei begira egoteko.

        Baina hain modu harrigarrian ukitu gaituen gustu-aldaketa horren adierazgarri dena hau da, hots, Sterneren sentimentalismoak mintzen gaituela eta ez bere moraltasunik ezak. Hemeretzigarren mendearen begietan Sternek idatzi zuen guztia senar eta maitale bezala zuen jokaerak lausoturik zegoen. Thackeray-k larderiatu zuen bere haserre bertutetsuarekin, eta ozenki mintzatu zen hau esanez: «Sterneren obretan ez dago orri bakar bat ere bazter batean egotea merezi ez duenik, eta usteldura ezkutua baino ez denik — presentzia lohi baten zantzuaren gisara». Guri gaur egun nobelagile viktoriarraren harrokeria iruditzen zaigu gutxienez hemezortzigarren mendeko elizgizonaren desleialtasunak bezain errudun. Viktoriarrek haren gezur eta arinkeriak deitoratzen zituzten bitartean, bizitzako traba guztiak barregarri bihurtu zituen adorea eta adierazpidearen distira anitzez nabarmenagoak dira orain.

        Egiaz ere, Bidaia Sentimentala, bere arinkeria eta gatza direla eta, oinarri-oinarrian filosofikoa den zerbaitetan dago zimendaturik. Egia da viktoriar aroan modatik guztiz kanpo zegoen filosofia bat dela: plazerraren filosofia; gai handietan txikietan bezain zuzen jokatu beharra dagoela defendatzen duen filosofia, zeinak plazerra, are beste pertsona batzuena bada ere, sofrimendua baino desiragarriagoa egiten duen. Lotsagabeko gizonak ausardia izan zuen aitortzeko egon zela «ia bizitza guztian printzesa batekin edo besterekin maitemindurik», eta hau gaineratzeko: «eta espero dut horrela jarraitzea hilko naizen arte, ondo baino hobeto konbentziturik bainago ezen, inoiz ekintza erdeinagarriren bat egiten badut, grina baten eta beste baten bitartean izan beharko duela». Gaixoak ausardia izan zuen bere pertsonaietariko baten ahotik garrasi egiteko: «Mais vive la joie! ... Vive l'amour! et vive la bagatelle!». Elizgizona izanagatik ere, nekazari frantsesak dantzan ikusi zituenean, ez zuen begiramenik batere izan bere kautan pentsatzeko dantzan bereiz zezakeela halako goratze izpiritual bat, poztasun soilaren kausa edo ondorio den goratzetik ezberdina zena. «Hitz batean, uste izan nuen Erlijioa ikusi nuela dantzarekin batera nahasia».

        Elizgizon batentzat gauza ausarta zen erlijioaren eta plazerraren arteko hartu-eman bat hautematea. Halere, Sterneren kasuan zoriontasunaren erlijioak traba eta eragozpen handiak gainditu beharrak desenkusa dezake agian. Dagoeneko gaztea ez bazara, zor handiak badituzu, zure emaztea ezatsegina bada, baldin eta, Frantzian barrena postako zalgurdi batean zoazela, edozein unetan tisiak jorik hilko bazara, orduan zoriontasuna bilatzea ez da azkenean hain erraza. Guztiarekin ere, oraindik bilatu beharra dago. Artazika ibili beharra dago munduan zehar, begi ukaldiak emanez eta zelatan jarriz, maitasunezko jolasez gozatuz han, txanpon txiki batzuk emanez hemen, eta eserleku hartuz aurki daitekeen edozein bazter eguzkitsutan. Iseka egin beharra dago, are iseka guztiz zuzena ez bada ere. Are eguneroko bizitzan ez da ahaztu behar oihu egitea «Agur, bizitzaren dohaintxo eztiak, zeren bizitzaren ibilbidea lautu egiten duzuen!». Batek behar du ... — baina aski da horrenbeste beharrekin; behar ez da Sterneri erabiltzea atsegin zitzaion hitza. Soilik batek liburua uzten duenean, eta bere simetria gogoratzen duenean, bere jostaketak, bere alaitasun bihotz-bihotzekoa bizitzako alderdi ezberdin guztien aurrean, eta alderdi horiek guztiak aditzera ematen dizkigun naturaltasun eta edertasun berebizikoak, orduan batek aitortzen dio idazleari konbentzimendu sendoz eginiko bizkarrezur bat daukala, oinen gainean iraunarazten diona. Sterne ez zen Thackeray koldar alaen hura — hainbeste emakumerekin hain modu ez-moralean jolasean ibili zen gizona, amodiozko gutunak urrezko ertzekiko paperean idazten zituena erientzako ohe batean etzanda edo sermoiak idazten egon beharko zuenean — bada, Sterne ez al zen bere gisara izan estoiko bat, moralista bat eta irakasle bat? Idazle handi gehienak hala dira, azken finean. Eta Sterne idazle bikaina izan zela ezin dudarik egin dezakegu.

 

Virginia Woolf, 1928

(Josu Barambonesek euskaratua)

 

 

 

© Virginia Woolf

© itzulpenarena: Josu Barambones Zubiria

 

 

"Laurence Sterne / Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar" orrialde nagusia