12

 

        Arratsaldeko ordu bietan turistentzako autobusak bere Monterreyko geltokia utzi zuen penintsulara joan-etorri bat egiteko. Autobusak publizitateak goraipatutako Hamazazpi Miliako Txangoa burutzen zuen bitartean, bidaiariek jakin-minez begiratzen zituzten jende aberatsaren etxe ikusgarriak. Turistak apur bat lotsati sentitzen ziren hautsez betetako leihoetatik begiratzean —zelata egiten duen jendea bezala, pixka bat— baina bai pribilegiatu ere. Autobusa Carmelgo hiritik eta muino batean gora arrastatu zen Carmelo Misioa erdietsi arte, bere batimendu marroi eta kupula okerrarekin, eta han txofer gazteak ibilgailua errepide bazterrera eraman eta guardabarroaren gainean jarri zuen oina, bidaiariak eliza ilun, zaharretik gidatzen zituzten bitartean.

        Beren eserlekuetara itzuli zirenerako, bidaiariek beren inguruan altxa ohi dituzten barreretako batzuk erorita zeuden.

        — Aditu al duzue? —esan zuen gizon prosperoak—. Gidariak esan du eliza itsasontzi bat bezala eraikita dagoela, harrizko gila batekin eta gilaren azpitik kroskoa lurrean barruraino sartuta. Lurrikarentzat da hori... itsasontzi bat bezala ekaitza denean, badakizue. Baina alfer-alferrik izango litzateke.

        Apaiz gazte batek, musu garbi, gorrikoa eta bere sargazko sotana berriarekin harro-harro zegoena, bi asientu atzeragotik erantzun zuen:

        — Baina ez da alferrik izan. Lurrikarak izan dira, eta misioak oraindik ere zutik dirau; buztinez egina eta oraindik ere zutik dirau.

        Gizon zahar bat sartu zen tartean, gizon zahar eta osasun oneko bat begi irrikatsuekin:

        — Gauza bitxiak gertatzen dira —esan zuen—. Emaztea galdu nuen lehengo urtean. Berrogeita hamar urtetik gora egin genituen ezkonduta.

        Irribarrez, ingurura begiratu zuen komentario bat entzuteko esperantzarekin, eta ahaztu egin zituen gertatzen diren gauza bitxiak.

        Ezkon bidaian zebilen bikote bat ere hantxe zegoen eserita, biak elkarri besotik helduta. Neskak estutu gogor bat eman zion senarraren besoari.

        — Galdetu txoferrari nora joango garen orain.

        Autobusak poliki-poliki jarraitu zuen Carmelgo ibar aldera, baratzak eta alkatxofa sailak pasa zituen, eta haitz gorri bat ere bai, aihen berdez zaineztatua. Arratsaldea apalduz zihoan, eta eguzkia itsasora ematen zuen ibarraren ahoan hondoratzen zen. Errepideak Carmel ibaia utzi eta malda bat igotzen zuen, bizkar estu baten tontorretik segitu baino lehen. Han txoferrak bat-batean autobusa errepide bazterrera eraman, eta lau aldiz maniobratu zuen atzera eta aurrera buelta ematea lortu baino lehen. Gero motorra itzali eta bidaiariengana jira zen:

        — Hemen bukatzen da gure paseoa, jaun-andreok. Hankak luzatzea gustatzen zait etxerako bidea hartu baino lehen. Beharbada zuetako batzuk ere gustura aterako zarete bueltatxo bat ematera.

        Beren eserlekuetatik gogor-gogor eginda altxa, mendi-bizkarraren tontorrean gelditu eta beherantz begiratu zuten, Zeruko Belardietara. Airea gasa doratu bat bezalakoa zen eguzkiaren azken kondar haietan. Han beheko lurra zatituta zegoen fruta-arbola berde, gari hori eta lur bioletako laukietan. Lorategien erdian kokatutako etxe sendoetatik, ilunabarreko suen kea gorantz kiribiltzen zen muinoetako brisarak eskobatzen zuen arte. Zintzarriek eztiro jotzen zuten ibarrean; zakur bat zaunka ari zen, hain urruti non soinua zurrumurrutxo txorrotxetan igotzen baitzen bidaiariengana. Juxtu gailurraren behealdean, artalde bat haritz baten azpian bilduta zegoen gauerako.

        — Las Pasturas del Cielo deitzen diote —esan zuen txoferrak—. Barazki ederrak biltzen dituzte hor, mahats ederra ere bai, eta fruta lehenago heltzen da hemen beste inon baino. Izenak Zeruko Belardiak esan nahi du.

        Bidaiariek ibarrera zuzendu zituzten begiak.

        Gizon arrakastatsuak eztarria garbitu zuen. Bere ahotsak profezia doinua zeukan.

        — Gauzak nik uste bezala ateratzen badira, horra zer esaten dizuedan: Egunen batean etxe handiak egongo dira ibar horretan, harrizko etxeak eta lorategiak, golf zelaiak eta burdin landuko hesate handiak. Gizon aberatsak biziko dira hor, hirian lan eta lan jarduteaz nekatutako gizonak, diru mordoxka bat egin dutenak eta toki baketsu baten bila datozenak atseden hartzeko eta disfrutatzeko. Behar den dirua banu, dena erosiko nuke. Bolada batez eutsi, eta gero zatika salduko nuke.

        Isildu eta zerbait biltzeko bezalako keinutxo bat egin zuen eskuaz.

        — Bai, eta alajainkoa, ni neu ere bertan biziko nintzateke.

        Bere emazteak esan zuen:

        — Ixo!

        Gizonak errudun itxuraz bere ingurura begiratu eta inork ez ziola entzuten ikusi zuen.

        Muinoaren itzal purpura ibarraren erdialderantz lerratzen zen; han nonbait, behealdean, txerri batek garrasi egin zuen haserre. Gizon gazteak begiak lurretik altxa eta, irribarrez, aitorpen bat egin zion bere emazte berriari, eta honek irribarre irmo eta gaitzesle batez erantzun zion. Gizonaren irribarreak esan nahi zuen: «Ia-ia pentsatu dut. Atsegina izango litzateke... baina ezinezkoa zait, jakina.»

        Eta emaztearenak erantzun zuen: «Ez, horixe ezinezkoa zaizula! Anbizioa aintzat hartu beharra dago, eta gure adiskide guztiek gauza handiak espero dituzte gugandik. Izen bat egin beharra daukazu zutaz harro egoteko modua izan dezadan. Ezin diozu ihes egin erantzukizunari, zeure burua honelako toki batean lurperatuz. Baina atsegina izango litzateke.» Eta bi irribarreak bigundu eta beren begietan geratu ziren.

        Apaiz gaztea harantz eta honantz zebilen bere kabuz. Otoitz bat xuxurlatzen zuen, baina, praktikak trebatuta, kapaza zen otoitz egin eta aldi berean beste zerbaitetan pentsatzeko. «Eliza polit askoa egon liteke behealde horretan», pentsatzen zuen. «Pobretasunik ez hor, usainik ez, buruhausterik ez. Nire jendeak bekatutxo arinak konfesatuko lituzke, Agur Maria bat edo besteko penitentziaz ezabatzen direnak. Dena bake-bakean egongo litzateke hor; behin ere ez litzateke gertatuko ezer zikin edo biolentorik, niri atsekabea, zalantza edo lotsa eragiteko modukorik. Etxe horietako jendeak bihotzez maiteko ninduke. Aita deituko nindukete, eta zorrotz jokatuko nuke beraiekin zorrotz jokatzea egokia izandakoan.» Kopeta zimurtu eta baztertu egin zuen pentsamendu hura. «Ez naiz apaiz ona. Neure burua zigortuko dut pobreekin, beren usainarekin eta beren borrokarekin. Ezin diet Jainkoaren tragediei ihes egin.» Eta pentsatu zuen: «Beharbada hildakoan horrelako toki batera etorriko naiz.»

        Gizon zaharrak iharrean jarrita zeuzkan bere begi irrikatsuak, eta bere belarri gortuetan altzipres batean dabilen haizetxoa bezala harrotzen zen isiltasuna. Muino urrunenak lauso artean bezala zeuden berarentzat, baina argitasun doratua eta iluntasun purpura ikusi ahal zituen. Bere arnasa estutu egin zen eta malkoak etorri zitzaizkion begietara. Etsipenez, eskuak aldaketara erortzen utzi zituen. «Sekula ez dut pentsatzeko betarik izan. Buruhauste gehiegi izan ditut ezer arretaz pentsatzeko. Hor behera jaitsi eta boladatxo batez bertan bizitzerik banu... alajainkoa! gertatu zaizkidan gauza guztiak errepasatuko nituzke, eta beharbada zerbait atera ahal izango nuke, zerbait pieza batekoa eta esanahia lukeena, orain zintzilik dauzkadan mutur guzti horien ordez. Ezerk ez ninduke hor behean kezkatuko eta pentsatzeko aukera izango nuke.»

        Autobus txoferrak zigarroa errepidera bota eta zanpatu egin zuen hautsean.

        — Ea ba, jaun-andreok —hots egin zuen—. Abiatu beharrean gara.

        Autobusera igotzen lagundu eta ateak itxi zizkien. Baina denak leihoen ondoan pilatu eta beherantz begiratu zuten, Zeruko Belardietara. Airea urdin-urdina zen orain, laku bat bezalakoa, eta granjak baretasunean murgilduta zeuden.

        — Aditzen al didazue —esan zuen txoferrak—. Beti pentsatzen dut atsegina izango litzatekeela hor behean etxetxo bat edukitzea. Nahikoa litzateke behi bat haztea, txerri batzuk eta txakur bat edo beste. Bizitzeko adina eman lezake granja txiki batek.

        Hanka estarterraren gainean jarri eta motorrak orro egin zuen une batez, berak haizea gutxitu arte.

        — Xelebrea irudituko zaizue segur aski, baina niri gustatu egiten zait hor behera begiratzea, gizona etxe txiki batean zer lasai eta zer aise bizi litekeen pentsatuz.

        Martxa aldatzeko palankari eman zion; ibilgailuak abiadura hartu eta ziztu bizian jaitsi zen Carmelgo ibar luze aldera eta eguzki aldera, orduantxe ara baitzen eguzkia ozeanoan sartzen, han, abarraren ahoan.

 

 

 

© John Steinbeck

© itzulpenarena: Maria Garikano

 

 

"John Steinbeck / Zeruko Belardiak" orrialde nagusia