11
Richard Whiteside Far West-era etorri zenean, 50ean, urre meatzeak aztertu, eta baztertu egin zituen bertan zereginik ez zuelakoan.
— Lurrak urre uzta bakarra ematen du —esan zuen—. Uzta hori mila maizterren artean banatutakoan, ez dio inori luzaro jaten ematen. Buruzpide kaxkarra da hori.
Richardek Californiako soro eta muinoak zeharkatu zituen; etxe bat altxatzeko asmo sendoa zekarren gogoan, artean jaio gabeko umeentzat eta ume horien umeentzat. Garai hartan inor gutxik sentitzen zuen Californian bere ondorengoekiko ardurarik.
Egun argitsu eta eder bateko ilunabarrean, bere bi zaldi uharrak Zeruko Belardiak inguratzen dituzten muinotxoen gailurreraino eraman zituen. Han, zaldi-parea geldiarazi, eta beheko ibar berdean jarri zituen begiak. Eta Richardek jakin zuen aurkitu zuela bere herria. Makina bat toki eder topatu izan zituen herrialdetik barrena egindako joan-etorrietan, baina bat ere ez betetasun sentsazio hau emango zionik. Atenaseko eta Lazedemoniako kolonoak etorri zitzaizkion gogora, hala-moduzko orakuluek deskribatutako lur berrien bila; Aztekak aurrera jo ezinik imajinatu zituen, arrano gidariaren atzetik. Richardek esan zion bere buruari: «Orain seinaleren bat ager baledi, perfektua izango litzateke. Badakit hau dela tokia, baina aztarnaren bat ager baledi gogoan hartu eta umeei kontatzeko...» Zerura begiratu zuen, baina garbi zegoen, txori edo hodeirik gabe. Orduan, muino gainean ilunabarrez ibiltzen den brisara altxa zen. Haritzek keinutxo sekretuak egin zituzten ibar aldera, eta muinoaren maldan zirimola ñimiño batek hosto batzuk goratu eta aurreraka bota zituen. Richardek irri egin zuen ezpain artean. «Erantzuna! Makina bat hiri eder altxa izan dira, seinale hau baino argiagorik jaso gabe jainkoen aldetik,»
Tartetxo baten ondoren bere gurdi txikitik jaitsi eta zaldiak libratu zituen. Behin biak peiatu eta gero, animaliak bide bazterreko belarretara abiatu ziren pausotxo mizkinekin. Richardek urdaiazpiko hotza eta ogia jan zituen afaltzeko, eta gero bere tapakiak zabaldu eta belar gainean jarri zituen. Ibarrean ilunabar grisa trinkotzen zen bitartean, berak bere ohean deskantsatu eta beherantz begiratzen zuen, bere etxe izango ziren Zeruko Belardi haietara. Haranzko alderdian zegoen tokia, haritz ederreko arboladi baten ondoan; aukeratutako leku honen atzean muino bat zegoen eta sastrakez betetako tolestura bat, erreka bat segur aski.
Argia badaezpadakoa eta magikoa bihurtu zen. Richardek etxe zuri eder bat ikusi zuen, aurrean lorategi txukun bat zuena eta, aldamenean, zisterna baten dorre zuria. Argitxo horiak ageri ziren leihoetan, argi txeratsuko mantxak. Sarrerako ate handia zabaldu, eta Lime multzo bat atera zen galeriara, sei ume bai, gutxienez. Zerbait ikusten saiatzen ziren ilunpe geroz handiagoan, eta muinoaren goialdera begiratzen zuten bereziki, Richard bere tapakien gainean zegoen tokira. Une baten ondoren etxera sartu ziren ostera eta atea itxi egin zen beren atzetik. Atea ixtearekin batera, bai etxea, bai lorategia eta zisterna zuria ere, ezkutatu egin ziren. Richardek hasperen egin, satisfazioz, eta bizkar gainean etzan zen. Zerua izarrez dirdirka zegoen.
Astebetez Richardek ibar guztia zeharkatu zuen amorratu beharrean. Berrehun eta berrogeita hamar Are erosi zituen Zeruko Belardietan; Monterreyra joan zen bere tituluen bila eta erosketa erregistratzera, eta saila segurtasun osoz bereganatutakoan, arkitekto batengana jo zuen.
Sei hilabete behar izan ziren etxea altxatzeko, tapizatu eta janzteko, putzu-zulo bat egin eta haren gainean dorre itxurako zisterna eraikitzeko. Richardek jabe bezala pasatako lehen urte guztian langileak egon ziren Whiteside etxaldean. Lurrak ez zuen hazirik jaso.
Auzoko bat etorri zen, jardunbide harekin kezkatuta zegoena, eta aurpegia eman zion jabe berriari.
— Familia etortzekoa al duzu, Mr. Whiteside?
— Familiarik ez dut —esan zuen Richardek—. Gurasoak hilak ditut. Emazterik ez dut.
— Hortaz zer arraio dela-eta ari zara horrenbesteko etxea altxatzen?
Richarden aurpegia seriotu egin zen.
— Hemen bizitzeko asmoa dut. Bertan gelditzeko asmoz etorri naiz. Nire umeak eta beren umeak eta beren umeen umeak etxe honetan biziko dira. Whiteside asko jaioko dira hemen, eta asko hilko dira bertan. Behar bezala zainduz gero, etxeak bostehun urtez iraungo du.
— Oso ondo ulertzen dut zer esan nahi duzun —esan zuen auzokoak—. Gauza ona dirudi, baina ez dugu guk hemen horrela lan egiten. Guk txabolatxo bat altxatzen dugu, eta lurrak zerbait emanez gero, handitu egiten dugu txabola. Ez da ona etxe batean diru gehiegi jartzea. Beharbada etxez aldatu nahiko duzu.
— Ez dut etxez aldatu nahi! —hots egin zuen Richardek—. Ideia horrexen kontra ari naiz etxea altxatzen. Altxatuko dudan eraikuntza ikaragarri sendoa izango da, eta hala, ez nik ez nire ondorengoek ez dugu etxez aldatzerik izango. Prekauzio bezala, hemen ehortziko naute hiltzen naizenean. Gizonari zaila egiten zaio aitaren hilobia bertan behera uztea. —Bere aurpegia samurtu egin zen—. Tira, adiskide, ez al duzu konprenitzen egiten ari naizena? Dinastia bat sortzen ari naiz. Familia bat eta familia baten egoitza osatzen ari naiz, betirako iraungo ez duena, baina bai zenbait mendez. Plazer ematen dit, etxe hau altxatzen dudan bitartean, nire ondorengoak bere zoru gainean ibiliko direla jakiteak, eta umeak jaioko direla bertan, aitona-amonak oraindik sortu gabe dituzten umeak. Tradizio baten ernamuina ezarriko dut nire etxean.
Richarden begiek txinpartak botatzen zituzten hitz egiten zuen bitartean. Arotzen mailuen danbatekoek bere hizketa puntuatzen zuten.
Auzokoak pentsatu zuen ero baten aurrean zegoela, baina halako begirune bat sentitzen zuen erotasun harekiko. Adierazi egin nahi zuen begirune hura nola edo hala. Amerikarra izan ez balitz, bere sonbreirua ukituko zuen bi behatzez. Gizon honen bi seme helduak egurra moztera joanak ziren handik hirurehun miliara, eta alaba ere ezkondu eta Nevadara joana zen. Bere familia benetan osatzen hasi baino lehen sakabanatu zen.
Richardek sekuoia egurrez egin zuen etxea, usteltzen ez den egurra baita. New Englandeko landetxe ederren arabera modelatu zuen, baina, Zeruko Belardietako klimaren goratzarrez, etxe guztia galeria zabal batez inguratu zuen. Teilatua oholez estali zuten probisionalki, baina, Bostonen bere mandatuak jaso zituztenean, eta itsasontziak itzultzeko beta izan bezain laster, oholxak kendu eta arbela jarri zuen haien tokian. Teilatu hura gauza garrantzitsu eta sinbolikoa zen Richardentzat. Ibarreko jendearentzat arbelezko teilatua herrialdeko ikuskizunik handiena zen. Beste ezerk baino gehiago, harexek bihurtu zuen Richard Whiteside ibarreko biztanle nagusi. Gizon serioa zen, eta hantxe zeukan etxea. Ez zuen korrika alde egiteko asmorik beste urre meatze batera. Nola ba, bere teilatua arbelezkoa zen eta! Gainera, gizon eskolatua zen. Harvarden estudiatua. Dirua zuen, eta bai aski fede ere ibarrean etxe handi, luxuzko bat altxatzeko. Herria gobernatuko zuen. Familia baten sortzaile eta patriarka zen, eta bere teilatua arbelezkoa zen. Arbelezko teilatu hura zela-eta, jendeak gehiago estimatzen eta baloratzen zituen Zeruko Belardiak. Richard politiko bat izan balitz, herrian gora egitea bilatzen zuena, ezin izango zuen egin bizkorkeria hoberik bere etxeari arbelezko teilatua ematea baino. Distira ilunak botatzen zituen euritan; eguzkiak altzairuzko ispilu bihurtzen zuen.
Azkenik etxea bukatu zutenean, bi gizon hartu zituzten baratza landatzeko eta lurra hazitarako prestatzeko. Artaldetxo batek koskaka jaten zuen etxearen atzealdean zegoen maldako belarra. Richardek bukatutzat eman zituen bere prestakuntzak. Gertu zegoen emazte bat hartzeko. Urrutiko senide baten eskutitza jaso zuenean, esanez San Franciscora heldu berria zela emazte eta alabarekin eta pozik etorriko zitzaiola bisitan, gehiago bilatu beharrik ez zeukala konprenitu zuen Richardek. San Franciscora joan baino lehen ere, bazekien alaba harekintxe ezkonduko zela. Gauzarik egokiena zen. Ez zen odol ezbeharrik izango neska harekin ezkontzen baldin bazen.
Nahiz eta ohiturazko ezkongai-aldia pasa beharra izan, biek elkar ezagutu orduko erabaki zen auzia. Alicia pozik zegoen bere amaren eskupetik atera eta bere agintaritza domestikoari hasiera eman ahal izateaz. Etxea berarentzat egina izan zen. Bertan hogeita lau ordu pasatzerako, festoiak zabalduta eta paperak iltzatuta zeuzkan despentsako apaletan, Richardek bere amaren despentsan ikusi izandako festoi eta paperen antzera. Alicek aspaldiko modu eroso hartan zuzendu zuen etxea, modu aldaezin eta zikliko hartan: lixiba astelehenean, plantxa asteartean eta holaxe dena, alfonbrak urtean bitan altxa eta astindu: mermelada, tomate eta pepinoak kontserban jarri eta sotoko apaletan gorde udazkenero. Granja goraka zihoan, ardi eta behiak ugaritu egin ziren, eta lorategian, nabar-lore, krabelin ttanttodun, bestelako krabelin eta malba gorriek urteroko loraketan ziharduten. Eta Alicia haur baten esperoan zegoen.
Hura dena gertatuko zela lehendik ere bazekien Richardek. Dinastiaren erroak ezarrita zeuden. Tximiniek mantxa beltzak ageri zituzten beren koroen jira guztian. Egongelako suak ke juxtua botatzen zuen etxea egur errearen intsentsu goxoaz betetzeko. Bere aitaginarrebak emandako itsas bitsezko pipa handia, berritan igeltsuaren zuritasuna zuena, horitasun aberats eta krematsua ari zen hartzen.
Umea jaiotzekotan zegoela, Richardek elbarria balitz bezala tratatzen zuen Alicia. Ilunabarrez, suaren aurrean esertzen zirenean, tapaki batean biltzen zizkion oinak. Bere beldurrik handiena, haurraren sabelaldian zerbait oker joatea zen. Lehen-jaioaren itxuran eragiteko Aliciak begiratu beharko zukeen koadroaz hitz egin zuten, eta, emazteari sorpresa bat ematearren, Migel Angelen Daviden brontzezko kopia txiki bat enkargatu zuen San Franciscotik. Alicia gorritu egin zen haren biluztasunaren aurrean, baina luze gabe figuratxoaren zale itsu bihurtu zen. Oheratzen zenean bere mesanotxearen gainean jartzen zuen. Egunez, lanean ari zela, berarekin eramaten zuen gelaz gela, eta ilunabarrez tximini gaineko koskan jartzen zuen. Sarritan, haren soin-adar garai eta sendoei begiratzerakoan, ziurtasun eta galderazko irribarretxo bat joan eta etorri ibiltzen zuen aurpegian. Erabat sinetsita zeukan bere umeak David haren antza izango zuela.
Richard emaztearen ondoan eseri eta eskua laztantzen zion eztiro. Aliciari gustatu egiten zitzaion senarrak esku-ahurra laztantzea, baina tinko, kilimakirik ez egiteko. Richardek emeki hitz egiten zion:
— Urrundu da madarikazioa —esan zion—. Badakizu, Alicia, nire familia eta zurea, denboran atzera joaz apur bat, etxe berean bizi izan zirela ehun eta hogeita hamar urtez. Jatorrizko etxe hartatik gure odola New Englandeko odol on eta garbiarekin nahastu zen. Behin batez aitak esan zidan hirurogeita hamahiru ume jaio zirela etxe hartan. Gure familia ugarituz joan zen nire aitonaren garaira arte. Nire aita seme bakarra izan zen, eta ni neu ere seme bakarra izan nintzen. Huraxe izan zen nire aitaren bizitzako tristurarik handiena. Hirurogei urte besterik ez zituen hil zenean, Alicia, eta ni bere seme bakarra nintzen. Hogeita bost urte nituela, eta artean benetan bizitzen hasteke nengoela, gure etxe zaharra erre egin zen. Ez dakit zerk hasi zuen sua.
Sofaren beso gainean utzi zuen Aliciaren eskua aberetxo ahul bat balitz bezain goxo. Txingar bat sutatik alde eginda zegoen, adreiluzko supazterretik kanpora. Atzera beste txingarren artera bota eta berriro ere Aliciaren eskua hartu zuen. Honek irribarre egiten zion, ahul antzera, tximiniako koskan zegoen David-ari.
— Ohitura bat hazen antzinako garaietan —jarraitu zuen Richardek. Bere ahotsa leuna eta urruna bihurtu zen, antzinako garai haietatik ari balitz bezala hizketan. Bizitzan aurrera, Alicia gai izan zen igartzeko, senarrak burua nola jartzen zuen ikusita, haren ahotsaren doinu eta espresioagatik, noiz zihoan antzinako garaiez hitz egitera. Zeren Herodoto, Xenofonte edo Tuzididesen Antzinako Garaiak gauza pertsonalak baitziren Richardentzat. Mendebalde eskolatu gabean Herodotoren istorioak herak asmatuak balira bezain berriak ziren. Urtero-urtero irakurtzen zuen Persiarren Gerraren historia.. Peloponesoko gerrena eta Hamar Milena. Eta orain irmoxeago laztantzen zuen Aliciaren eskua.
— Antzinako garaietan, hiri bateko biztanleek, etengabeko zorigaitzak ikusirik, madarikazio baten pean zeudela pentsatzen zutenean, edo jainko baten gaitzespenaren pean, pilatu ondasun guztiak itsasontzietan eta urrutirako bidea hartzen zuten hiri berri bat sortzeko asmoz. Beren hiri zaharra hutsik eta nahi zuenarentzat zabalik uzten zuten.
— Ekarriko al didazu estatua, Richard? —galdetu zion Aliciak—. Batzuetan eskuan edukitzea gustatzen zait.
Richard bizkor zutitu eta magalean jarri zion David-a.
— Entzun, Alicia! Etxea erre aurreko bi belaunaldietan bi ume bakarrik jaio ziren. Nire ondasunak itsasontzi batean pilatu eta mendebal aldera jo nuen etxe berri bat sortzeko asmoz. Badakizu galdu nuen etxea altxatzeko ehun eta hogeita hamar urte behar izan zirela. Ezin nuen haren tokian bestea egin. Etxe berri bat lur zaharrean penagarria izango zen niretzat. Ibar hau ikusi nuenean, berehala jakin nuen hauxe izango zela tokia nire familiaren egoitza berrirako. Eta orain belaunaldiak osatzen ari dira. Oso zoriontsua naiz, Alicia.
Aliciak besoa luzatu zuen Richardi eskua estutzeko, esker onez senarraren zorionean zegokion parteagatik.
— Begira —esan zuen Richardek bat-batean—, seinale bat ere izan zen aurreneko aldiz ibarrera etorri nintzenean. Hau ote zen tokia galdetu nien jainkoei, eta erantzun egin zuten. Zer iruditzen zaizu, Alicia? Hitz egingo al dizut seinaleaz eta muinoan pasa nuen lehen gauaz?
— Bihar gauean kontatuko didazu —esan nuen berak—. Orain hobe dut erretiratzea.
Richard altxa eta belaun inguruko tapakia askatzen lagundu zion. Alicia astun apoiatu zen eskaileretan gora laguntzen zion senarraren besoan.
— Etxe honetan zerbait mistikoa dago, Alicia, zerbait zoragarria. Arima berria da, arraza berriaren lehen-jaioa.
— Estatua txikiaren antza izango du —esan zuen Aliciak.
Tapakietan bil-bil egin ondoren hotzik harrapa ez zezan, Richard egongelara itzuli zen. Umeak sentitzen zituen etxean. Korrika txikian zebiltzan eskaileretan gora eta behera, lardaskan zebiltzan tximiniako errautsarekin. Haien ahotsak aditu zituen galerian isil-isilik elkarri hoska. Ohera joan baino lehen, liburutegiko goiko apalean jarri zituen hiru liburukoteak.
Haurgintza oso nekeza izan zen. Dena bukatu zenean, eta Alicia bere ohean zurbil-zurbil eta akituta zegoela, Richardek semetxoa ekarri eta emaztearen ondoan jarri zuen.
— Bai —esan zuen Aliciak satisfazioz—, estatuaren antza du. Banekien haren antza izango zuela. Eta bere izena David izango da, noski.
Monterreyko sendagilea behera etorri eta Richardekin batera sutondoan eseri zen. Kopeta zimurtu zuen goibelki, bere eraztun masonikoari erdiko behatzean bueltak ematen zizkion bitartean. Richardek cognac botila bat ireki eta bi baso txiki bete zituen.
— Nire semearen izenean edango dut basokada hau, sendagile jauna.
Sendagileak bere basoa sudurrera eraman eta zaldi batek bezala hartu zuen hatsa.
— Aparta pattarra. Hobe zenuke emaztearen izenean edango bazenu.
— Horixe —edan egin zuten—. Eta beste hau nire semeagatik.
— Hori ere edan ezazu emaztearen izenean.
— Zergatik? —galdetu zuen Richardek harrituta.
Sendagileak pattarrean sartuta zeuzkan sudur-zuloak ia-ia.
— Eskerrak emateko edo. Alarguntzeko zorian egon zara.
Richardek zurrut batez eztarriratu zuen cognaca.
— Ez nekien. Uste nuen... Ez nekien. Uste nuen aurrenekoaren jaiotza zaila izaten zela beti.
— Emadazu beste basokada bat —eskatu zuen sendagileak—. Ez duzu beste haurrik izango.
Richard botila eskuan zuela gelditu zen.
— Zer esan nahi duzu? Horixe baietz, horixe izango dudala haur gehiago.
— Ez, emazte honekin behintzat ez. Honek berea eman du. Beste haur bat izanez gero emazterik gabe geratuko zara.
Richard geldi-geldirik eserita zegoen. Azken hilabetean etxean aditutako ume zalaparta goxoa isildu egin zen kolpetik. Iruditu zitzaion haien oin sekretuak ate nagusitik lerratzen eta atariko koskak jaisten sentitzen zituela.
Sendagileak barre egin zuen garratz.
— Zergatik ez zara mozkortzen, gogoa baldin badaukazu?
— Oh! ez, ez. Ez dut uste mozkortzerik izango nukeenik.
— Hortaz eman niri beste basokada bat abiatu baino lehen. Hotza izango dut kotxean etxerakoan.
Sei hilabete pasa arte Richardek ez zion emazteari aipatu ezingo zuela beste umerik izan. Indarrak berreskura zitzan nahi zuen errebelazioaren kolpea sufritu aurretik. Azkenean hitz egin zionean, errudun sentitu zen sekretua gorde izanaz. Aliciak magalean hartuta zeukan haurra eta aldian behin makurtu egiten zen haren behatz luzatu bat ahoan sartzeko. Umeak begi lausotuez gora begiratu eta irribarre egiten zuen lerdea zeriola, behatz xuxenei eraginez amak miazka zitzan. Eguzkia ibaika sartzen zen leihotik. Urruti batean morroietako bat sentitzen zuten, areari lotutako zaldi pareari maldizioka lelo baten monotoniaz. Aliciak burua goratu zuen, bekozko ilun samarrez.
— Umea bataiatzeko garaia badugu, ez al zaizu iruditzen, Richard?
— Bai —onartu zuen senarrak—. Monterreyra joango naiz antolamenduak egitera.
Asko kosta zitzaion Aliciari beste alderdi garrantzitsu hura aipatzea.
— Beranduegi iruditzen al zaizu bere izena aldatzeko?
— Ez, ez da beranduegi. Zergatik aldatu nahi duzu? Zer izen jarri nahi diozu?
— John jarri nahi diot. Testamentu Berriko izena da —begiak goratu zituen onespen bila— eta gainera, nire aitaren izena da. Poza hartuko du nire aitak. Gainera, ez zitzaidan oso zuzena iruditzen estatua horren izena jartzea, nahiz David umearen estatua izan. Estatua jantzita balego, beste kontu bat litzateke.
Richardek ez zuen logika hari jarraitzeko ahaleginik egin. Horren ordez, bere aitormenean murgildu zen. Segundo batean bukatu zuen, uste baino denbora gutxiago behar izan zuen. Aliciak irribarre egiten zuen Richardi ulertezina zitzaion irribarre berezi eta enigmatiko batekin. Nahiz bere ustetan emaztea ezagutu, irribarre hark, pixka bat ironikoa, apurtxo bat tristea, eta isilpeko zuhurtasunez betea, haren pentsamenduen ateak ixten zizkion. Alicia irribarre haren atzera erretiratzen zen. Irribarreak zioen: «Zer ergela zaren. Nik badakizkit hainbat gauza zure ezagupena lotsagarri utziko luketenak kontatzea erabakiko banu.» Umeak bere behatz irrikatsuak amaren aurpegira luzatzen zituen, eta honek tolestu egiten zizkion aurreraka eta atzeraka.
— Zaude pixka batean —esan zuen—. Medikuek ez dakite dena. Zaude pixka batean, Richard. Ume gehiago izango ditugu.
Mutikoa mugitu zuen eta eskua haren pixoihalaren azpira eraman zuen.
Richard kanpora atera eta sarrerako harmailetan eseri zen. Bere atzean etxea, minutu batzuk lehenago isilik eta hilda egon zena, bizitzaz gainezka zegoen berriro ere. Milaka gauza zeuden egiteko. Ezpel-hesia, lorategia inguratzen zuena, azken sei hilabeteetan batere moztu gabe zegoen. Sail bat belazetarako gordea zeukan aspalditik, alboko patioan, eta hantxe segitzen zuen haziaren zain. Arropa lehortzeko tokirik ere zegoen artean. Sarrerako eskaileraren baranda aldamenean zeukan. Richardek eskua luzatu eta laztandu egin zuen zaldi baten lepo arkeatua balitz bezala.
Whiteside-tarrak Zeruko Belardietako familia nagusia bihurtu ziren ia bertan finkatu orduko. Eskolatuak ziren, granja ederra zeukaten, eta aberats ez izan arren diru estutasunik ez zuten. Denetan garrantzitsuena zen eroso bizi zirela, etxe eder batean. Etxea familiaren sinboloa zen, zabal handikoa, luxuzkoa garai hartarako, epela, abegi onekoa eta zuria. Bere tamainak sendotasun irudipena ematen zuen, baina pintura zuria zen, maiz berritu eta garbitua, ibarreko beste etxeen gainetik jartzen zuena, Rhineko gaztelu batek bere herriaren gainetik erakusten duen segurtasun berarekin. Familiek miretsi egiten zuten etxe zuria, eta aldi berean seguruago sentitzen ziren hura han zegoelako. Nagusitasuna eta kultura adierazten zituen, ezaguera eta jokamolde zuzena. Etxe hari begiratuta, auzokoek garbi ikusten zuten Richard Whiteside sekula ezer gaiztorik, ezer krudel edo zentzugaberik egingo ez zuen gizona zela. Harro zeuden etxeaz, dukerri bateko sailen maizterrak jauretxeaz harro dauden bezala. Nahiz auzoko batzuk Whiteside baino aberatsagoak izan, bazekiten, antza, ezin izango zutela halako etxe bat altxa goitik behera imitatuta ere. Batik bat bere etxe harengatik bihurtu zen Richard jokamoldearen arbitroa ibarrean, eta, geroago, kargu gabeko epaile moduko bat sesio txikiren bat zenean. Ordain gisara, bere auzokoen konfiantzak ibarrarekiko sentimendu aitakoia esnatu zuen Richarden baitan. Zahartu ahala, ibarreko arazo guztiak bere-bereak balira bezala hartzera heldu zen, eta jendea harro zegoen hori horrela izateaz.
Bost urte igaro ziren Aliciari bere senak beste haur bat izateko prest zegoela esan arte.
— Sendagilearen bila joango naiz —esan zuen Richardek, emazteak jakinaren gainean jarri zuenean—. Sendagileak jakingo du arriskurik baden ala ez.
— Ez, Richard. Sendagileek ez dakite. Beti esaten dizut emakumeek hobeto ezagutzen dutela beren burua sendagileek baino.
Richardek obeditu egin zion, beldurra baitzuen sendagileek esan ziezaiokeenaz. «Emakumeengan dagoen jainkotasunezko ukitu hori da», esan zion bere buruari azalpen gisara. «Naturak emakumeengan akatsik gaheko jakintza hori landatu du arrazak ugaritzeko aukera izan dezan.»
Dena ondo joan zen sei hilabetez, eta ondoren gaitz hondatzaile bat presentatu zen. Azkenean hots egin ziotenean, haserreegi zegoen sendagilea Richardi hitzik egiteko. Haurgintzaren momentua latza izan zen benetan. Richard egongelan eserita zegoen, sofaren besoei heldu eta goiko logelatik zetozen garrasi ahulak entzuten. Bere aurpegiak tonu grisa zeukan. Ordu asko pasa ondoren, garrasiak isildu egin ziren. Richard hain zegoen beldurrak jota non begirik ez baitzuen altxa sendagilea gelara sartu zenean.
— Atera ezazu botila —esan zuen sendagileak nekatu itxurarekin—. Edan dezagun zure izenean, txoro madarikatu hutsa zarelako.
Richardek ez begirik altxa zuen, ez erantzunik eman zuen. Beste pixka batean sendagilea errietan aritu zitzaion, eta gero gozoago hitz egin zion.
— Ez da hil zure emaztea, Jainkoak bakarrik daki zergatik. Soldadu talde bat hiltzeko beharko zena baino okerragoak pasa ditu. Emakume ahul horiek! Munstroek adinako sasoia dute. Umea hil egin da.
Bat-batean, Richard zigortzeko gogoa sentitu zuen bere lehen aginduak aintzat hartu ez zituelako.
— Lurperatzeko adina ez da geratu haur horretaz.
Jira eta joan egin zen etxetik purrustadan, ezin baitzuen eraman norbaitez errukitzea une hartan Richard Whitesidez errukitzen zen bezala.
Alicia elbarri geratu zen. John txikiak ez zuen bere ama elbarritu aurreko oroitzapenik. Bere bizitzaz zeuzkan oroitzapen guztietan aita Alicia besoetan hartuta ikusten zuen, eskaileretan gora eta behera zeramala. Aliciak ez zuen oso sarritan hitz egiten, baina irribarre ironiko eta zuhur hura gero eta maizago azaltzen zen bere begietan. Eta bere ahultasuna gorabehera, nabarmenki ondo zuzentzen zuen etxea. Etxean zerbitzatzen zuten neska nekazari ezjakinak —prestakuntza gutiziatua baitzen hura, ezkondu nahi zuenarentzat—, agindu bila etortzen zitzaizkion otordu bakoitzaren aurretik. Aliciak, bere ohetik edo bere kulunkaulkitik, dena antolatzen zuen.
Gauero Richardek oheratzen zuen. Alicia bere burko zurien gainean etzandakoan, Richardek inguratu sila bat eta ohe ondoan esertzen zitzaion pixka batean, esku-barrena laztanduz lokartzen hasi arte. Gauero, Aliciak galdetzen zion:
— Pozik al zaude, Richard?
— Pozik nago —esaten zuen berak. Eta gero granjaz eta ibarreko jendeaz hitz egiten zion. Gertatutakoaren eguneroko informea zen, nolabait esateko. Berak hitz egin ahala, irribarrea Aliciaren aurpegira etorri eta bertan geratzen zen bere betazalak beheratu arte, eta orduan Richardek argia itzaltzen zuen. Zeremonia bat zen.
Johnen hamargarren urtebetetzean festa bat egin zuten bere izenean. Ibarreko txoko guztietatik etorri ziren umeak eta etxe handitik hanka-punttaka ibiltzen hasi ziren, begi zabalekin begiratuz aditzeraz ezagutzen zuten galantasunari. Alicia galerian eserita zegoen.
— Ez duzue hain isilik ibili beharrik, umeak —esan zien—. Korri egizue eta pasa ondo.
Baina ezinezkoa zitzaien Whiteside-tarren etxean korrika eta garrasika hastea. Elizan garrasi egitea bezala izango zen. Gela guztiak zeharkatu zituztenean, tentsio hura eramanezina egin zitzaien. Bihitegira erretiratu zen talde osoa, eta aireak hango garrasi basatiak ekarri zituen galeriara, Alicia irribarrez eserita zegoen tokiraino.
Gau hartan, ohean zegoela, galdetu zuen:
— Pozik al zaude, Richard?
Richarden aurpegia artean ere dizdizka zegoen festan hartutako gozatuagatik.
— Pozik nago —esan zuen.
— Ez duzu umeengatik kezkatu behar, Richard —jarraitu zuen Aliciak—. Itxoin ezazu pixka bat. Dena ondo joango da. —Aliciaren jakinduria handia zen hura, dena biltzen zuena—. Itxoin ezazu pixka bat. Ez da une bateko larritasunaz aurrera luzatzen den atsekaberik.
Eta Richardek konprenitu zuen berea baino jakinduria handiagoa zela hura.
— Ez da luze itxoin beharko —jarraitu zuen Aliciak.
— Itxoin zeri?
— Begira, pentsa ezazu pixka bat. Hortxe daukazu John. Hamar urte ditu orain. Hemendik hamar urtera ezkondu egingo da, eta orduan, ez al duzu ikusten? Erakutsiozu dakizuna. Familia salbatuta dago, Richard.
— Horixe, badakit. Etxea salbatuta dago. Herodoto irakurtzen hasiko natzaio. Alicia. Edadea badu.
— Bihar Myrtlek gonbidatuen gela guztiak garbitu beharko lituzke. Ez dituzte egurastu azken hiru hilabeteotan.
John Whitesidek beti gogoratu zuen nola irakurtzen zizkion bere aitak hiru autore handiak, Herodoto, Tuzidides eta Xenofonte. Itsas bitsez egindako pipa hura marroi gorrizta zen ordurako, delikatuki eta uniformeki tindatua.
— Historia guztia hemen dago —esaten zuen Richardek—. Gizadia egiteko kapaz den guztia hiru liburuotan bildua dago. Arrazaren maitasuna eta azerikeria, desoneskeria ergela, moztasuna eta ausardia, prestutasuna eta tristura. Liburu horiei jarraituz etorkizuna juzka zenezake, John, zeren ezin baita ezer gertatu lehen ere gertatu ez dena eta liburu hauetan bildua ez dagoena. Hauen aldean, Biblia bera ere gizatalde ilun baten kronika osatu gabea da.
Eta Johnek gogoan zeukan zer sentimendu zituen aitak etxearekiko, eta etxe hura familiaren sinbolo zela, supazterraren inguruan altxatutako tenplua.
Johnek bere azken urtea zuen Hareardeko Unibertsitatean bere aita bat-batean pneumoniaz hil zenean. Amak eskutitza idatzi zion esanez ikasturtea bukatu behar zuela itzuli baino lehen. «Guk egin ez dugunik ezingo zenuke zuk egin», idatzi zion. «Zuk ikasketak bukatzea zen zure aitaren nahia.»
Azkenean etxeratu zenean, oso zahartua aurkitu zuen ama. Ohetik jaiki ezin zela zegoen ordurako. John aldamenean eseri eta aitaren azken egunen kontaketa aditu zuen.
— Zuri gauza bat esateko eskatu zidan —esan zuen Aliciak—. «Ulertarazi Johni aurrera egin behar duela. Iraun egin nahi dut belaunaldiz belaunaldi» eta hori esan eta laster delirioak hartu zuen.
Johnek leihotik begiratzen zuen etxe atzeko muino borobilera.
— Deliratzen egon zen zure aita bi egunez. Bitarte guzti horretan umeei buruz hitz egiten aritu zen, beste konturik aipatu gabe, bakarrik umeak. Eskaileretan gora eta behera korrika eta bere oheko sobrakamari tiraka sentitzen zituen. Altxa eta besoan eduki nahi zituen, John. Gero, justu hil aurretik, ametsak desagertu egin ziren. Zoriontsu zegoen. Esan zuen: «Etorkizuna ikusi dut. Hainbeste ume sortuko dira! Pozik nago, Alicia.»
Johnek esku-ahurretan jarria zeukan burua. Eta orduan bere ama, sekula ezeri aurre egin ez ziona, arazo guztiak denboraren esku utzi zituena, ohean tentetu eta zakarki mintzatu zen:
— Ezkon zaitez! —esan zion—. Ikusi egin nahi dut. Ezkon zaitez! Emakume sendo bat nahi dut, haurrak izan ditzakeena. Zure ondoren ezin izan nuen nik besterik eduki. Hil egingo nintzen beste bat izan banu. Aurki ezazu azkar emazte bat. Ikusi egin nahi dut.
Etzan egin zen atzera bere burkoen gainean, baina bere begiek nahigabea adierazten zuten, eta jakinduriazko irribarrea ez zen bere aurpegian ageri.
John ez zen beste sei urtetan ezkondu. Bitarte hartan bere ama zimelduz joan zen eskeleto txikitxo bat bilakatu arte, azal urdinxka, ia transparente batez bildua; eta, hala eta guztiz, atxiki egiten zion bizitzari. Bere begiek gaitzespenez segitzen zioten semeari; Johnek lotsa sentitzen zuen amak begiratzen zionean. Azkenean Johnen ikaslagun bat Mendebaldera etorri zen bazterrak ezagutzera eta arreba lagun zuela. Hilabete pasa zuten Whiteside granjan, eta hilabete haren bukaeran Johnek Willari ezkontzeko eskatu eta onartu egin zuen neskak. Amari kontatu zionean, honek Willarekin bakarka egon nahia adierazi zuen. Ordu erdi bat geroago, neska gorri-gorri eginda atera zen eriaren gelatik.
— Zer gertatzen da, maitea? —galdetu zion Johnek.
— Zera, ezer ez. Ondo doa dena. Berebiziko galdera pila egin dit zure amak, eta gero begira eduki dut denbora luzean.
— Zaharra da —azaldu zuen Johnek—. Bere burua ere hain da zaharra!
Bere amaren gelara sartu zen. Begirada beltzuri eta sukartsua aurpegitik ezkutatua zeukan, eta haren ordez hantxe zegoen aspaldiko irribarre hura, jakinduriazkoa eta ironikoa.
— Ondo doa dena, John —esan zuen—. Gustura itxoingo nuke umeak ikusi arte, baina ezin dut. Ahal bezain luzaro heldu diot bizitzari. Nekatuta nago lan horretaz.
Ia posible zen ikustea nola laxatzen zen bere gorputzean borondate tematsuaren atzaparra. Gau hartan konortea galdu zuen, eta hiru egun geroago loak hartu balu bezain bakean eta eztiro hil zen.
John Whitesidek ez zuen zehazki aitak bezala pentsatzen etxeari buruz. Gehiago maite zuen. Bere gorputzaren kanpoko oskola zen. Bere izpirituak bere gorputza utzi zezakeen bezala urrutira bidaiatzeko, hala utzi zezakeen berak bere etxea, baina izpiritua bera bezain derrigortua zegoen itzultzera. Bi urtean behin zuritu berria ematen zion etxeari, eta berak landatzen zuen lorategia eta inausten ezpel-hesia. Ez zuen ibarrean betetzen aitak eduki zuen postu garrantzitsua. John ez zen hain zorrotza, ez zuen ezertan hain sendo sinesten. Erabaki beharreko eztabaida baten aurrean, joera handiegia zuen bi alderdietan adarkadura bukaezinak aurkitzeko. Itsas bitsezko pipa handia oso ilundua zegoen ordurako, ia beltza, distira gorri batzuekin.
Willa Whitesideri hasieratik gustatu zitzaion ibarra. Lehengo etxekoandrea, Alicia, pertsona apartatu eta lasaia izan zen, beldur pixka bat ere ematen zuena. Ibarreko biztanleek gutxitan ikusten zuten, eta ikusten zutenean, berak kortesiaz eta adeitsuki tratatzen zituen, eskuzabala zen eta aintzat hartzen zituen haien sentimenduak. Gaztelura zerbaitetara joandako nekazariak bezala sentitzen ziren haren aurrean.
Willak berriz, gogoko zuen ibarreko emakumeei bisitak egitea. Gogoko zuen haien sukaldeetan esertzea te zakarra edanez eta etxeak dituen gauza garrantzitsu eta kontaezinei buruz hitz eginez. Errezeta-trafikatzaile eskuzabala bihurtu zen azkenerako. Bisitaren bat egitera joaten zenero, koadernotxo bat eramaten zuen ikasitako formulak idazteko. Auzokoek Willa deitzen zioten eta sarritan goizez bere sukaldera etortzen ziren tea hartzera. Agian, neurri batean Willaren eraginez bihurtu zen John konpainia-zale. Galdu egin zuen bere aitak aparte mantenduta eduki zuen boterea. Johnek gogoko zituen bere auzokoak. Udako arratsalde epeletan galerian eseri, bere lonazko silan, eta lanari ihes egitea lortutako gizon guztiak errezibitzen zituen. Hauteskunde batzarrak osatzen ziren galeria hartan, bileratxoak egiten ziren limoi-ur basoen inguruan. Ibar osoko egitura sozial eta politikoa portxe hartan eraikitzen zen, eta beti giro onean. Johnek halako ironia umoretsu batez begiratzen zion bere inguruko bizitzari, eta, bere ikuspegi hari esker, ibarrean bukatu egin ziren herri txikietako giroa pozoitu ohi duten politika eztabaida sutsuak eta erlijio iritzi biolentoak. Herriko edo nazioko krisi edo kalamidaderen bat aipatzen zenean, gizonen arteko eztabaida haietan, Johni hiru liburu handi haiek ateratzea gustatzen zitzaion, antzinako egoera paraleloren bat ozenki irakurtzeko. Bere aitak adinako maitasuna sentitzen zuen antzinakoengana.
Bazkariak ere egiten zituzten igandetan, auzoko bikoteren bat eta beharbada herriz-herriko predikariren bat gonbidatuta. Emakumeek su-aldean laguntzen zuten eguerdiko bazkaria prestatu arte. Mahaian, tolerantzia gozoko giro hartan, predikariak bere misioaren su gupidagabea itzaltzen zihoakiola sentitzen zuen, eta gertatu ohi zen ere, behin postrea ekarri eta sagardoa bukatu eta gero, Baptista ausart batek bihotz-bihotzez barre egitea erabateko murgilaldiari buruzko bromatxo batekin.
Johnek asko gozatzen zuen gauza horiekin, baina bere bizitzaren gunea egongelan zegoen. Larruzko besaulkiak, molde anatomiko erosoen antzeko hutsune eta kozkorrekin, bere pertsonaren atal ziren. Hormetan, hantxe segitzen zuten txikitatik lagun izandako koadroak, altzairuzko grabatuak orein eta Suitzako alpinista eta basahuntzen irudiekin. Koadro haiek hain zeuden lotuta bere bizitzarekin non ikusi ere ez baitzituen egiten, baina haietako baten galera anputazio bat bezain mingarria izango zen berarentzat. Plazerik handiena ilunabarretan izaten zuen. Adreilu gorriko supazterrean su txiki bat piztuta zegoen. Johnek, bere besaulkian eserita, itsas bitsezko pipa handia laztantzen zuen. Aldian behin, oliotzeko, sudur-bizkarretik pasatzen zuen haren kazola lustretsua. Georgiarrak irakurtzen zituen, edo agian Varron, nekazaritzari buruz. Willak berriz, bere lanpararen argitan, ezpainak zimur-zimur egin, eta manteltxoak lore irudiekin bordatzen zituen ekialdeko senideei bidaltzeko Gabonetako opari bezala, haiek bidalitako manteltxoen ordainetan.
Johnek liburua itxi eta idazmahaira hurbildu zen. Tapaki korredizoa trabatu egiten zen beti eta mimoak behar zituen. Kolpetik amore eman eta karraka hotsaz goratu zen. Willak ezpainak laxatu zituen. Zerbait arretaz egiterakoan jartzen zitzaion sufrimendu biziko espresioa joan egin zen bere aurpegitik.
— Zertan zabiltzan jakin al daiteke?
— Oh! Ezer ez, gauza batzuen bila.
Ordubetez idazmahaiaren atzean jardun zuen, eta gero:
— Entzun hau, Willa.
Willa lasaitu egin zen berriro.
— Pentsatzen nuen, poema bat izango zenuela.
Johnek bere bertsoak irakurri eta zain geratu zen desenkusatu nahiz bezala. Willa berriz, errespetuz, isilik geratu zen. Isiltasuna errespetuak eskatzen zuenaz aurrera luzatu zen.
— Uste dut ez dela oso ona.
Johnek barre egin zuen tristeki.
— Ez, ez da.
Papera zimurtu eta sutara bota zuen.
— Momentu batez ona izango zela pentsatu dut.
— Zer ari zinen irakurtzen, John?
— Ba begira, nire Virgilio horrekin ari nintzen eta pentsatu dut saiatu egin behar nuela bertso bat egiten, zeren ez bainuen nahi... oh, beno, ia ezinezkoa da gauza eder bat irakurtzea norberak ere beste horrenbeste egiteko gogoa sentitu gabe. Berdin dio.
Idazmahaiaren tapakia beheratu eta beste liburu bat aukeratu zuen liburutegitik.
Egongela bere etxea zen. Osorik sentitzen zen han, perfektua eta zoriontsua. Rochester lanparen argitan, bere pertsonaren puska sakabanatu guztiak bildu egiten ziren entitate zehatz eta mugatu bat osatuz.
Bizitza gehienek bihurgune baten forma hartzen dute. Aurrena anbizioaren gorakada dator, ondoren heldutasunaren gailur borobildua, jarraian desilusioaren aldapa behera suabea eta azkenik heriotzaren itxaroteari dagokion aldi laua. John Whiteside lerro zuzenean bizi zen. Anbiziorik gabeko gizona zen; bere granjak, ederki bizitzeko aukera eskaintzeaz gain, nahiko diru ematen zion gizonak kontratatzeko bere ordez lan egin zezaten. Ez zuen nahi zeukana edo erraz eskura zezakeena besterik. Gizon bakana zen, beste askok ez bezala momentua dastatzen zekiena, eskuartean zeukan bitartean. Eta bazekien bizimodu ona zeramala, bizimodu bereziki ona.
Premia bakarra zuen bere bizitzan. Umerik ez zuen. Umeak izateko grina ia bere aitagan bezain bizia zen beragan. Willak ez zuen umerik izan, nahiz senarrak adina desiratu. Gaiak aztoratu egiten zituen eta sekula ez zuten aipatzen.
Beren ezkontzako zortzigarren urtean, istripu kimiko edo zerutiar bat medio, semea sortu zen Willaren sabelean, eta haurdunaldi normal eta minik gabea pasa ondoren ume osasuntsu bat ekarri zuen mundura.
Istripua ez zen inoiz berritu, baina bai Willak bai Johnek esker ona besterik ez zuten, esker on ia debota. Irauteko desira indartsua, ordura arte gutxi edo gehiago lotan egondakoa Johnen barrean, azalera igo zen. Zenbait urtez, goldeaz lurra jiratu, eskuareaz harramazkatu eta alferraz zigortu zuen. Granjaren adiskide huts izan zena, nagusi bihurtu zen etorkizuneko belaunaldiekin zorretan sentituta. Haziak lurpean sartu eta uzta berdeak noiz azalduko zain egon zen irrikatsu.
Willa ez zen bere senarra bezala aldatu. William mutikoa gauza natural bezala hartu zuen, Bill deitu zion eta umea adoratzearen kontra azaldu zen. Johnek, beste inork ez bezala, bere aita ikusten zuen mutil harengan.
— Bizkorra al da, zure ustez? —galdetzen zion Johnek emazteari—. Nik baino denbora gehiago pasatzen duzu berarekin. Batere bururik ba al du, zure ustez?
— Hala-holakoa. Normala edo.
— Hain poliki desarroilatzen dela ematen du! —esaten zuen Johnek luzeiritzita—. Ea lehenbailehen heltzen zaion gauzak ulertzen hasteko garaia.
Billen hamargarren urtebetetzean, Johnek bere Herodoto mardula ireki eta irakurtzen hasi zitzaion. Bill lurrean eserita zegoen, aitari begira inolako espresiorik gabe. Gauero Johnek orri batzuk irakurtzen zituen liburutik. Astebeteren bat zeramatela horretan, begiak bere liburutik altxa, ilunabar batez, eta Willa barrez ari zitzaiola ikusi zuen.
— Zer gertatzen da? —galdetu zion.
— Begiratu zure sila azpira.
Makurtu eta zera ikusi zuen, Billek etxe bat eraikita zeukala pospoloekin. Umea zeharo murgilduta zegoen bere lanean, eta ez zen irakurketaren etenaz ohartu.
— Ez al du batere entzun?
— Ezta hitzik ere. Hitzik ez du aditu aurreneko gauetik, bigarren paragrafoan arreta galdu zuenetik.
Johnek liburua itxi eta apalean utzi zuen. Ez zuen adierazi nahi zenbateraino sentitzen zen zauritua.
— Segur aski oraindik ez du garaia. Urtebete itxoin eta beste froga bat egingo dut.
— Behin ere ez zaio gustatuko, John. Ez dago zu edo zure aita bezala osatua.
— Zer interes ditu, hortaz? —galdetu zuen Johnek etsita.
— Ibarreko beste mutilei gustatzen zaizkien gauzak, eskopetak eta zaldiak eta behiak eta zakurrak. Ihes egin dizu, John, eta ez zait iruditzen sekula harrapatu ahal izango duzunik.
— Esadazu egia, Willa. Ez da ba izango... inuzentea?
— Ez —esan zuen Willak erantzuna pentsatu ondoren—. Ez, ez da inuzentea. Zenbait aldetatik zu baino gogorragoa eta bizkorragoa da. Ez da zure terrajekoa, John, eta geroago jakitea baino orain jakitea hobe duzu.
Johnek nabaritu zuen lurrarekiko bere ardura gero eta ahulagoa zela. Lurra seguru zegoen. Egunen batean Billek landuko zuen. Etxea ere seguru zegoen. Bill ez zen inuzentea. Gauza mekanikoetarako interes eta trebetasun handia erakutsi zuen beti. Gurdi txikiak egiten zituen, eta Gabonetako opari bezala, jostailuzko lurrun-makinak eskatzen zituen. Johnek beste desberdintasun bat ere antzeman zuen mutikoagan, Whiteside familiari arrotza zitzaion alderdi bat. Oso isilkoia izateaz gain, zorrotza zen, hitzaren zentzu komertzialean. Bere ondasunak beste mutilei saltzen zizkien, eta haietaz nekatzen zirenean, erosi egiten zizkien atzera prezio merkeagoan. Egiten zizkioten diru oparitxoak modu misteriotsuan ugaritzen ziren bere eskuetan. Johni kosta egin zitzaion bere semearekin komunikatzerik ez zeukala onartzea. Billi bigantxa bat eman zionean, eta Billek berehala txerrikume-aldi batekin trukatu zuenean, eta bai txerrikumeak hazi eta saldu ere, Johnek barre egin zuen berekiko.
— Ni baino bizkorragoa da, inondik ere —esan zion Willari—. Behin batean bigantxa bat eman zidan nire aitak, eta neurekin eduki nuen zahartuta hil zen arte. Bill arbaso baten berraragitzea da nolabait, pirata batena, beharbada. Bere umeak Whiteside-tarrak izango dira segur aski. Odol boteretsua da. Dena dela, nahiago nuke hain isila ez balitz egiten dituen gauza guztiekin.
Bai bere larruzko besaulkiak, bai bere itsas bitsezko pipa beltzak eta bere liburuek ere, apartatu egin zuten ostera John granjako zereginetatik. Eskola-batzarreko idazkari aukeratu zuten. Nekazariak berriro ere bere etxean biltzen ziren hitz egiteko. Johnen ilea zuritzen ari zen, eta ibarrean zuen eragina sendotuz zihoan urteak aurreratu ahala.
Whiteside-tarren etxea Johnen nortasun gorpuztua zen. Ibarrekoek John imajinatzerakoan, behin ere ez zuten gizona bakarrik ikusten soro batean edo kotxe batean edo dendan. Buruan osatutako irudia herren geratzen zen etxea ere hartzen ez bazuen. Bere larruzko besaulkian eserita zegoen bere liburu lodiei irribarre eginez, edo portxeko sila batean deskantsatzen bere galeria zabal, xarmantean, edo aiztur txiki eta saski batekin loreak mozten lorategian, edo mahaiaren buruan errekia zatitzen kontu handiz eta trebeki.
Mendebaldean, non familia bateko bi belaunaldi etxe berean bizi izan badira etxea zahartzat eta familia pionerotzat hartzen baiten, mesprezioz nahastutako halako benerazio bat sentitzen da etxe zaharrekiko. Oso etxe zahar gutxi daude Mendebaldean. Lurra kolonizatu zuten amerikar artega haiek behin ere ez dira gai izan toki batean oso luzaro geratzeko. Etxe txatxuak altxa eta, luze gabe, Promisioko Herri berri batera abiatzen ziren. Etxe zaharrak hotzak eta itsusiak izaten dira ia beti.
Bert Munroek bere familia Zeruko Belardietako Battle granjara ekarri zuenean, ez zitzaion asko kosta John Whitesidek zeukan posizioa ulertzea. Ahal bezain azkar, Whitesideren galerian biltzen ziren gizonekin elkartu zen. Bere granja mugakide zen Whitesideren lurrekin. Ailegatu eta laster, Bert eskola-batzarreko partaide aukeratu zuten, eta hala Johnekin harreman ofizialean jarri zuten. Gau batez, batzarraren bilera batean, Johnek Tuzididesen lerro batzuk aipatu zituen. Bertek beste batzarkideak etxera abiatu arte itxoin zuen.
— Zerbait galdetu nahi nizun gaur aipatu duzun liburu horri buruz, Mr. Whiteside.
— Peloponesoko Gerrez, alegia?
Liburua ekarri eta Berten eskuetan jarri zuen.
— Pentsatu dut gustura irakurriko nukeela, niri uztea axola ez bazaizu.
Une batez zalantza egin zuen Johnek.
— Horixe. Eraman ezazu. Nire aitarena zen liburu hau. Bukatzen duzunean, beste batzuk ere badauzkat beharbada gustura irakurriko zenituzkeenak.
Pasadizo harrezkero halako intimitate bat erne zen bi familien artean. Batak bestea bazkaltzera gonbidatzen zuen, bisitatxoak egiten zizkioten elkarri. Bert libre sentitzen zen Johni tresna hau edo bestea eskatzeko.
Ilunabar batez, Munroe-tarrek urte t'erdi zeramatenean ibarrean bizitzen, Bill tentetasun handiz Whiteside-tarren salara sartu eta aita-amen aurrean jarri zen. Bere urduritasunean, zakar mintzatu zen.
— Ezkondu egingo naiz —esan zuen.
Berri txarra zela pentsarazten zuen bere jokamoldeak.
— Zer kontu da hori? —esan zuen Johnek—. Zergatik ez diguzu orain arte ezer esan? Nor da neska?
— Mae Munroe.
Bat-batean Johnek konprenitu zuen berri ona zela hura, ez krimen baten aitormena.
— Hara! Hara zer ederki! Pozten naiz. Neska ona da, ez al da hala, Willa?
Willak ebitatu egiten zituen gizonaren begiak. Goiz hartan bisita egina zien Munroe-tarrei.
Billek gelaren erdian segitzen zuen mozolotuta bezala.
— Noizko duzue asmoa? —galdetu zuen Willak. Tohnek pentsatu zuen ia zipotza zela emaztearen doinua.
— Denbora gutxi barru. Monterreyko etxea bukatzen digutenean.
John bere besaulkitik altxa, hartu itsas bitsezko pipa beltza tximiniako koskatik eta piztu egin zuen. Gero bere besaulkira itzuli zen.
— Oso isilik gorde duzu kontua —adierazi zuen serioski—. Zergatik ez diguzu ezer esan?
Billek ez zuen erantzun.
— Monterreyn biziko zaretela diozu. Zer esan nahi duzu, ez duzula emaztea hemen bizitzera ekarriko? Ez al zara etxe honetan biziko eta ez al duzu lur hau landuko?
Billek ezetz egin zuen buruaz.
— Lotsatu egiten al zara zerbaitez. Bill?
— Ez, jauna —esan zuen Billek—. Ez naiz ezertaz lotsatzen. Behin ere ez zait gustatu nire gauzez hitz egitea.
— Ez al zaizu iruditzen gure gauza ere badela neurri batean, Bill? —galdetu zion Johnek garratz—. Gure semea zara. Zure umeak gure bilobak izango dira.
— Mae hirian hazi zen —eten zuen Billek—. Bere lagun guztiak, berarekin eskolan ibilitakoak-eta, Monterreyn bizi dira. Hau ez du gustukoa, hemen zereginik ez dago eta.
— Ulertzen dut.
— Horregatik, hirian bizi nahi zuela esan zuenean, akzio batzuk erosi nituen Ford agentzian. Beti izan dut negoziotan sartzeko gogoa.
Johnek buruari eragin zion poliki-poliki. Bere hasierako haserrea baretzen ari zen.
— Ez al duzu uste beharbada onartuko lukeela etxe honetan bizitzea, Bill? Hainbeste toki daukagu! Nahi dituen aldaketa guztiak egin genitzake.
— Ez zaio ordea gustatzen herri txiki batean bizitzea. Bere lagun guztiak Monterreyn daude.
Willaren ezpainek estu-estu itxita segitzen zuten.
— Begiratu zure aitari, Bill! —agindu zuen.
Johnek kolpetik burua tentetu eta irribarre egin zuen goibelki.
— Ederki. Nik uste ondo aterako dela dena. Nahiko diru ba al duzu?
— Bai, noski! Nahikoa. Eta entzun gauza bat, aita. Etxe handi samarra ari gara eginarazten, bi lagunentzako handi samarra, alegia. Hitz egiten aritu gara, eta pentsatu dugu beharbada ama eta bioi gustatuko litzaizuekeela gurekin bizitzera etortzea.
Johnek irribarrez segitzen zuen goibeltasun adeitsu batez.
— Eta orduan zer gertatuko litzateke etxearekin eta granjarekin?
— Begira, hitz egin dugu horretaz ere. Dena salduz gero, nahiko diru aterako zenukete bizitza guztia hirian bizitzeko. Nik astebetean salduko nizueke.
Johnek hasperen egin eta bere besaulkiaren kuxinetan hondoratu zen.
Willak esan zuen:
— Bill, garrasi egingo zenukeela baneki, makilarekin emango nizuke.
Johnek bere pipa piztu eta tabakoa zanpatu zuen kazolan.
— Ezin zara denbora luzerako joan —esan zuen onez-onean—. Egunen batean, eramanezina egingo zaizun etxe-mina sentituko duzu. Toki hau zure odolean dago. Haurrak izaten dituzunean konprenituko duzu ezin direla beste inon hazi. Aldi baterako joatea badaukazu, baina ez betirako. Hirian zauden bitartean, Bill, gu zain egongo gara hemen eta etxea pintatuta edukiko dugu, eta lorategia ere txukun-txukun. Itzuliko zara. Zure umeak zisterna ondoan ibiliko dira jostatzen. Horren zain egongo gara. Nire aita umeekin amets eginez hil zen —irribarre egin zuen lotsatuta bezala—. Ia ahaztua neukan hori.
— Emango nioke makilarekin —murmuratu zuen Willak.
Bill joan egin zen gelatik, lotsatuta.
— Itzuliko da —errepikatu zuen Johnek, semea joan eta gero.
— Horixe —egin zuen bat emazteak goibelki.
Johnek burua goratu eta, susmati, emazteari begiratu zion.
— Benetan pentsatzen duzu hori, ezta, Willa? Ez duzu ba ni lasaitzeagatik esango? Zahartua sentituko nintzateke hala balitz.
— Horixe pentsatzen dudala. Txistua alferrikaltzen ari naizela uste al duzu?
Bill uda bukaeran ezkondu zen, eta ezkondu eta segituan Monterreyra joan zen bere iztukuzko etxe berrian bizitzera. Udazkenean John Whitesideri ezinegona jarri zitzaion berriro ere, Bill jaio aurretik bezalaxe. Etxea pintatu zuen nahiz premia handirik izan ez. Lorategiko zuhaixka guztiak inausi zituen gupidagabeki.
— Lurrak ez du behar hainbat ematen —esan zion Bert Munroeri—. Utzia daukat aspalditik. Ateratzen dudana baino askoz gehiago atera nezake.
— Bai —esan zuen Bertek—. Ez diogu lurrari behar bezalako etekinik ateratzen. Beti pentsatu izan dut zergatik ez ote zeneukan artalde bat. Nik uste zure muinoetan artalde oso batentzako jana balegokeela.
— Nire aita bizi zela artalde bat bagenuen. Aspaldiko kontua ematen du. Baina, esan dizudan bezala, utzia eduki dut lurra. Sastraka ugaritu egin da.
— Erre ezazu —esan zion Bertek—. Udazken honetan sastraka hori errez gero belardi ederra izango duzu datorren udaberrian.
— Ideia ona da. Baina sastraka etxearen ondo-ondoraino ailegatzen da. Laguntza handia beharko dut.
— Beno, nik lagunduko dizut, eta Jimmie ere ekarriko dut. Zuk beste bi gizon badituzu eta, zeu ere kontatuta, horra bost lagun. Goizez hasten bagara, haizerik gabeko egun batean, eta aurrena euri pixka bat egin dezan itxoiten badugu, ez da inolako arriskurik izango.
Udazkena garaiz etorri zen. Urrirako, erreka ertzetako sahatsak garrak bezain hori zeuden Zeruko Belardietan. Zeruan, ia bistaz kanpo, basahate bandada handiak hegoalderantz zihoazen, eta granjako esparruan etxeko ahateek hegoei eragin, zintzurrak luzatu eta karranka egiten zuten irrikaz beterik Zozoak jira eta buelta zebiltzan soroen gainetik, gidari baten atzean bilduz. Izotz goiztiar pixka bat zegoen giroan. John Whiteside kezkatu egiten zen negua hurbiltzen ikusita. Baratzean lan eta lan pasatzen zuen egun osoa, zuhaitzen inausketan laguntzen.
Gau batez esnatu eta euri langarra sentitu zuen arbel gainean zurrumurruka eta lorategian astiro zipriztinka.
— Esna al zaude, Willa? —galdetu zuen isilka.
— Horixe.
— Estreinako euria da. Zuk ere aditzea nahi nuen.
— Esna nengoen hasi denean —esan zuen Willak satisfazioz—. Parterik onena huts egin duzu, zaparrada bota duenean. Zurrungaka zeunden.
— Beno, ez du luze iraungo. Estreinako euritxoa besterik ez da, hautsak garbitzeko.
Goizean, eguzkiak urez ñirñirka zegoen atmosfera batean distiratzen zuen. Eguzkiaren argiak zerbait bazuen kristala gogorarazten zuena. Gosaria bukatu berria zutela, Bert Munroe eta bere seme Jimmie sukaldera sartu ziren atzeko eskaileratik.
— E'unon, Mrs. Whiteside! E'unon, John! Egun aproposa dela pentsatu dut sastraka hori erretzeko. Euri polita izan dugu bart.
— Ideia ona da. Eseri eta hartu kafea.
— Oraintxe gosaldu dugu, John. Ezingo nuke beste ezer eztarritik pasa.
— Hik, Jimmie? Kaferik?
— Ezingo nuke beste ezer eztarritik pasa —esan zuen Jimmiek.
— Beno, hortaz, hasi gaitezen belarra lehortu baino lehen.
John soto handira jaitsi zen sukaldeko eskaileraren ondoan zegoen okerkako atetik. Handik une batera keroseno lata batekin itzuli zen. Bi morroiak baratzetik heldu zirenean. Johnek arpillerazko zaku hezeak banatu zituen gizon guztien artean.
— Haizerik ez —esan zuen Bertek—. Momentu aproposa da hau. Hasi hementxe bertan. John! Sua eta etxearen artean geldituko gara harik eta zerrenda handi bat erre arte. Ez dugu arriskatu behar.
Johnek murgildu kerosenozko zuzi bat sastraka tupituan eta suzko lerro bat marraztu zuen haren ertzean. Sastraka kraskaka eta zartaka hasi zen amorru bizian. Garrak lasterka abiatu ziren lur arrasetik, erretxinez kutsatutako zurtoinen artetik. Pixkanaka, gizonak suaren atzetik zihoazen muinotxo malkartsuan gora.
— Hemen nahikoa dugu —hots egin zuen Bertek—. Etxetik nahiko urruti gaude orain. Onena izango da bi lagunek goiko aldetik su ematea.
Gorantz jo zuen sasitza inguratuz, Jimmie atzetik zuela. Une hartan, udazkeneko haizetxo zurrunbilotsu bat dantzan abiatu zen maldan behera, bihurrituz eta balantza eginez jaitsi ahala. Sartu-atera arintxo bat egin sutara, txinpartak eta txingarrak harrotu eta etxe zuriaren kontra bota zituen. Gero, jokoaz nekatuta bezala, haize zutabetxoa desegin egin zen. Bert eta Jimmie lehengo tokirantz zetozen korrika. Bost gizonek lurra miatu eta txinparta guztiak zanpatzen zituzten.
— Eskerrak ikusi dugun —esan zuen Johnek—. Horrelako huskeria batek etxe guztia erre lezake.
Bertek eta Jimmiek sasitza inguratu eta su eman zioten goiko alderditik. John eta bere bi gizonek muinoan gora ziharduten, garren eta etxearen artean mantenduz. Giroa lodituta eta kez urdinduta zegoen. Ordu laurden batean, sasitza ia erabat errea zuten.
Bat-batean garrasi bat aditu zuten etxe aldetik zetorrena. Etxea bera ia ezin zen ikusi erretzen ari zen sastrakak botatako keagatik. Bost gizonak jiratu eta korrikari eman zioten. Kea saretu ahala, zurrunbilo gris, trinko bat ikusi zuten goiko leiho batetik parrastaka ateratzen.
Willa haien aldera zetorren eroa bezala korrika erretako terrenotik. John gelditu egin zen elkarren parera heldu zirenean.
— Soinu bat aditu dut sotoan —hots egin zuen Willak—. Ireki dut sukaldeko atea, sotora eramaten duena, eta gauza hori ziztuan pasa zait ondotik. Etxe guztian dago orain.
Bert eta Jimmie elkartu zitzaizkien.
— Mangerak zisterna ondoan al daude? —egin zuen garrasi Bertek.
Johnek begirada apartatu zuen erretzen ari zen etxetik.
— Ez dakit —esan zuen dudati.
Bertek besotik heldu zion.
— Mugitu! Zeren zain zaude? Zerbait salba genezake. Behinik behin altzari batzuk atera genitzake.
Johnek bere besoa libratu eta etxerantz abiatu zen paseatuz bezala.
— Ez dut uste ezer salbatu nahi dudanik —esan zuen.
— Erotu egin zara —hots egin zuen Bertek. Korrika jarraitu eta zisterna ondora jo zuen, mangeren bila.
Kea eta garrak oparo ateratzen ziren orain leihotik. Etxe barrutik asaldura amorratuko soinu bat zetorren; batimendu zaharra bere burua salbatu nahian ari zen.
Morroietako bat Johnen ondora etorri zen.
— Sikiera leiho hori itxita balego, aukera bat izango genuke —esan zuen, desenkusatu nahiz bezala—. Hain dago lehorra, etxe hori. Eta tximini batek bezalakoxe tiroa dauka.
John egur metaraino joan eta zerrako astoaren gainean eseri zen. Willak aurpegira begiratu zion une batez eta gero haren ondoan geratu zen isil-isilik. Kanpoko paretek kea botatzen zuten orain, eta etxeak orme egiten zuen haize handi baten hotsarekin.
Orduan oso gauza bitxi eta krudela gertatu zen. Alboko pareta kanporantz erori zen teatroko dekoratu bat bezala, eta hantxe, lurretik hamabi oinera, eta artean suak ukitu gabe, egongela azaldu zen. Begira zeuden bitartean, mihi luzeek latigazoka eraso zioten gelari. Larruzko besaulkiak dardarka hasi eta uzkurtu egin ziren beroaren aurrean, bizidunak balira bezala. Koadroetako kristalak pitzatu eta altzairuzko grabatuak zeharo zimurtu ziren, zarpail beltz bihurtzeraino. Itsas bitsezko pipa beltz handia tximiniako koskaren gainean eskegita ikus zezaketen. Gero garrek gelaren luze-zabalera guztia hartu eta ezabatu egin zuten. Arbelezko teilatu astuna erori egin zen, horma eta zoruak zanpatuz bere pisuaren pean, eta etxea formarik gabeko su erraldoia bihurtu zen.
Bert itzulia zen ordurako eta Johnen ondoan zegoen etsi-etsi eginda.
— Haize zirimola horrengatik izango zen —azaldu zuen—. Txinpartaren bat sotoraino jaitsi eta su emango zion kerosenoari. Bai, adiskide, keroseno horrengatik izango zen.
Johnek burua goratu eta irribarre egin zion halako dibertimendu izutu batez.
— Bai, adiskide, keroseno horrengatik izango zen —errepikatu zuen oihartzunaren modura.
Suak, bere garaipena lortuta, gozo-gozo erretzen zuen; gar geroz handiagoak airean gora igotzen ziren. Ez zuen jadanik etxe baten inolako antzik. John Whitesidek zerrako astotik altxa, bizkarra zuzendu eta hasperen egin zuen. Bere begiak garren puntu jakin batean, zorutik hamabost oinera pausatu ziren une batez, egongela egondako tokian.
— Beno, akabo da —esan zuen—. Eta uste dut badakidala nola sentitzen den arima bere gorputza lurperatua eta galdua ikusten duenean. Goazemazu zure etxera, Bert. Telefonoz hots egin nahi diot Billi. Segur aski izango du gela bat guretzat.
— Zergatik ez zarete gurekin geratzen? Tokia sobera daukagu.
— Ez, Billengana joango gara.
Johnek beste begiratu bat bota zion sutan zegoen tontorrari. Willak eskua luzatu, senarrari besotik heltzeko, baina erretiratu egin zuen ukitzera ailegatu baino lehen. Johnek keinua ikusi eta irribarre egin zion.
— Nahiago nuke nire pipa salbatu ahal izan banu —esan zuen.
— Bai, adiskide —sartu zen Bert kartsuki—. Ez dut sekula ikusi hain ederki ketutako itsas bitsezko piparik. Museoetan makina bat pipa badaude hain ederki ketu gabeak. Aspalditik izango zuen erretzailea.
— Bai —onartu zuen Johnek—. Oso aspalditik. Eta gauza bat esango dizut, gustu ona zuen gainera.
© John Steinbeck
© itzulpenarena: Maria Garikano