9

 

        Zeruko Belardietako granja guztien artean Raymond Banksena zen miretsiena. Raymondek bost mila oilo zuri eta mila ahate zuri zeuzkan. Granja iparraldeko lautadan zegoen kokatua, eskualde osoko tokirik politenean. Raymondek alpapa eta aza sail koadratuetan banatuta zeukan bere terrenoa. Bere oilategi luze eta baxuak hainbeste aldiz zuritzen zituzten non garbi-garbiak eta berriak ematen baitzuten beti. Raymonden etxe inguruan ez zen behin ere antzematen hegaztitegien inguruan hain normala izan ohi den zikinkeriaren aztarnarik.

        Ahateentzako urmael handi, borobil bat zegoen, eta bi hazbeteko hodi batek etengabe isurtzen zuen ur freskoa bertara. Urmaeletik gainez egindako ura aza trinko eta mardulen ilaretara joaten zen edo alpapa sailetatik zabaltzen zen. Gauza ederra zen, goiz eguzkitsuetan, oilo zuri eta garbien banda handia alpapa berde ilunean jaten eta aztarrika ikustea, eta are ederragoa mila ahate zuriak urmaeletik dotore lerratzen ikustea. Ahateek astun egiten zuten igeri, Leviatan delakoa bezain handiak balira bezala. Arrantxoak durunda egiten zuen egun osoan oiloen hots zalapartatsuarekin.

        Inguruko muino baten tontorretik beherantz begiratuta, alpapa laukiak ikus zitezkeen, non milaka mantxa zuri zurrunbiloan eta kiribilka mugitzen ziren hauts izpiak putzu berde batean bezala. Orduan aztore isats-gorri bat azaltzen zen beharbada, planeatuz eta Raymonden etxeari arreta biziz erreparatuz. Mantxa zuriek berehala beren mugimendu zentzugabeak gelditu eta oilarren babesera jotzen zuten bizkor asko, eta aztoreak ikaratutako milaka oiloen garrasi etsiak heltzen ziren alorretatik. Granjako etxearen atzeko ateak danbateko bat eman, eta Raymond kanpora ateratzen zen, patxadan eta eskopeta eskuan zuela. Aztorea urrundu egiten zen, airean gora ehun oin igota. Koxkor txiki zuriak berriro ere sakabanatu eta zurrunbiloak lehengo martxa hartzen zuen.

        Berdeguneak hesiz bereizita zeuden elkarrengandik, sail batek atseden hartzeko eta osatzeko modua izan zezan oiloak beste batean zebiltzan bitartean. Muinotik, Raymonden etxe karez zuritua ikus zitekeen, harizti baten ertzean kokatua. Lore asko zeuden etxe inguruan: kalendulak eta Afrikako ilen handiak eta zuhaitzak adinako daliak; eta, etxearen atzealdean, Zeruko Belardietako ibarrean izen hori merezi zuen arrosadi bakarra zegoen. Bertakoei toki hura ibarreko granja modeloa iruditzen zitzaien.

        Raymond Banks gizon indartsua zen. Bere beso lodi eta motzek, bere sorbalda eta aldaka zabal eta berna astunek, eta baita laneko galtzetatik nabarmentzen zitzaion estomagoak ere, itxura arras indartsua ematen zioten, indartsua bultzatzeko, tiratzeko eta kargak altxatzeko. Agerian zeramatzan gorputzaren parte guztiek txekor odolaren gorritasuna zeukaten eguzkiagatik; bai beso astunak ukalondoraino, bai lepoa alkandoraren lepo barreneraino, eta baita aurpegia ere, batik bat belarriak eta sudurra, minberatsuki erreta eta zartatuta zeuzkan. Bere ile hori bakanak ez ziren aski buruko azala eguzkipean gorri zedin galarazteko. Raymonden begiak ere aipagarriak ziren, zeren, ilea eta bekainak hori zurbilak izan arren, gehienetan begi urdin argiekin joaten den horitasunekoak, Raymonden begiak kedarra bezain beltzak baitziren. Bere ahoa ezpain mamitsukoa eta alaitsua zen, batere egokitasunik gabea makurki kakotutako sudur luzearekin. Raymonden sudur eta belarriek eguzkiaren zigor gogorra jasoa zuten. Urte osoan, apenas izaten zen haragi gorrian eta azala altxatuta ez zeuden aldirik.

        Raymond Banksek berrogeita bost urte zituen eta oso alaitsua zen. Ez zuen behin ere apalki hitz egiten, baizik eta itxurako amorrazioz betetako erdi-garrasi ozenekin. Gauza guztiak, arruntenak ere, barregarriak balira bezala esaten zituen. Hitz egiten zuenero jendeak barre egiten zuen. Eskolako Eguberri festetan, Santa Claus izateko aukeratzen zuten beti bere ahots adoretsu, aurpegi gorri eta umeei zien maitasunagatik. Halako purrustekin hitz egiten zien umeei non barrez edukitzen baitzituen denbora guztian. Santa Clausen jantzi gorriarekin edo hura gabe, ibarreko umeek nolabaiteko Santa Claustzat zeukaten Raymond. Haiek astintzeko, haiekin borrokatu eta harroaldi bat emateko modu berezia zuen, laztan antzekoa eta zoragarria. Noizbehinka, serio jarri eta lezio handien garrantzia zuten gauzak kontatzen zizkien.

        Batzuetan, larunbat goizetan, mutiko talde bat Banksen granjara inguratzen zen Raymond lanean ikustera. Berak kirika egiten uzten zien inkubategien kristalezko leihatiletatik. Batzuetan, orduantxe ari ziren txitak azaletik ateratzen, hego hezeak astinduz eta hanka baldarren gainean balantza eginez. Mutilek baimena bazuten inkubategien tapakiak altxa eta eskuak bete-bete egiteko ehun makinatxo koipetu gabeen hotsa ateratzen zuten txita hori, iletsuekin. Gero urmaelera joan eta ogi puskak botatzen zizkieten hain ederki nabigatzen zuten ahateei. Gehiena, ordea, hilketa garaia gustatzen zitzaien umeei. Eta, gauza xelebrea, Raymond ere orduantxe jartzen zen serio, bere ohiko bromak utzita.

        Raymondek oilar txiki bat kaiolatik aukeratu eta hanketatik zintzilik jartzen zuen egurrezko armazoi batean. Alanbrezko euskarri batekin lotzen zituen hegaztiak modu basatian astintzen zituen hegoak. Oilarrak garrasi handiak egiten zituen. Raymondek bere ondoko kaxaren gainean zeukan lantza itxurako labana. Nola miresten zuten mutilek labana hura, haren forma makurra eta haren distira! Orratz batena bezain zorrotza zuen punta.

        — Oraingo honetan, oilar zaharra, hireak egin dik —esaten zuen Raymondek. Mutilak tropoiluan hurbiltzen ziren. Esku ziur, bizkorrez, Raymondek heltzen zion hegaztiaren buruari eta mokoa irekitzera behartzen zuen. Labana argi bristada bat bezala irristatu, mokoaren sabaitik burmuinetaraino, eta atera egiten zen atzera. Hegoek dardara egin eta astinduak ematen zituzten euskarriaren kontra. Une batez, lepoa alde batera eta bestera luzatzen zen irrikatsu, eta odol erreten txiki bat jaisten zen mokoaren puntatik.

        — Orain, begiratu ondo! —hots egiten zuen Raymondek.

        Bere sarde itxurako eskuak hegaztiaren bularra orraztu eta luma guztiak berarekin eramaten zituen. Beste orrazi kolpe bat eta bizkarra ere biluzik zuen. Hegoak ez ziren handik aurrera hain gogor lehiatzen. Raymondek luma guztiak kentzen zituen, hego-puntetakoak izan ezik. Ondoren hankak larrutzen zituen, bakoitza mugimendu bakar batekin.

        — Ikusten al duzue? Azkar egin behar da —esplikatzen zuen lanean ari zela—. Gutxi gorabehera, lumak bi minutu bakarrik egoten dira laxatuta. Bertan uzten badituzue, itsatsita geratzen dira.

        Hegaztia armazoitik jaitsi, beste labana batez bi kolpe arin eman, tiratu, eta horra erraiak ontzi batean. Zapi batekin lehortzen zituen esku gorriak.

        — Begira! —egiten zuten oihu mutilek—. Begira! Zer da hori?

        — Bihotza da.

        — Baina, begira! Mugitu egiten da oraindik. Bizirik dago oraindik.

        — Oh, ez, ez dago bizirik —lasaitzen zituen Raymondek—. Labanak bere burmuinak ukitzearekin batera hil da oilarra. Bihotzak taupaka segitzen du pixka batean, baina oilarra zeharo hilda dago.

        — Zergatik ez diezu zintzurra mozten nire aitak egiten duen bezala, Mr. Banks?

        — Ba begira, horrela garbiagoa eta azkarragoa delako, eta gainera harakinek buru eta guzti nahi dituztelako. Saltzerakoan burua ere pisuan sartzen dute, ulertzen? Eta orain, hator nirekin, oilar zahar hori!

        Eskua luzatzen zuen kaiola barrura beste marrulari lehiatsuren bat hartzeko. Hilketa lana bukatutakoan, Raymondek ontzitik hegaztien paparo guztiak hartu eta mutilen artean banatzen zituen. Paparoak nola garbitu eta puztu behar ziren erakusten zien, hegazti-globoak egiteko. Raymond beti oso serio egoten zen bere arrantxoko gauzak esplikatzen zituen bitartean. Ez zuen nahi izaten umeek hilketan laguntzerik, askotan eskatzen bazioten ere.

        — Beharbada urduri jarri eta ez zinatekete burmuinetara helduko —esaten zuen—. Sufritu egingo luke hegaztiak, labankada behar den tokian ez emanez gero.

        Mrs. Banksek barre asko egiten zuen, barre garbi eta gozoa, plazer lasaia adierazten zuena edo agian arretarik eza. Edozeinek esandako guztiari onespenez barre egiteko ohitura zuen, eta, haren estimazioa merezi izateko, jendea gauza barregarriak esaten saiatzen zen Mrs. Banks inguruan zenean. Bere etxeko lanak bukatutakoan, aitzurrean aritzen zen lorategian. Hiritarra zen jatorriz; horregatik maite zituen loreak, zioten auzokoek. Gonbidatuei, kotxez hurbiltzean, ongietorria ematen zien Cleo Banksen barre garbi eta ozenak, eta beraiek ere irritxoak egiten zituzten hura aditzean. Hain zen alaia! Jendea ondo sentitzea lortzen zuen. Inork ez zuen sekula hark esandako ezer gogoratzen, baina aditu eta hilabete askotara ere, bere barrearen doinu zehatzak gogora zitzaketen.

        Raymond Banksek apenas egiten zuen barrerik. Horren ordez, petral itxura egiten zuen, baina hain modu nabarmenean non jendeari umorea iruditzen baitzitzaion. Bi pertsona horiek ibarreko anfitrioirik ospetsuenak ziren. Aldian behin, etxe ondoko hariztian egindako barbakoara gonbidatzen zuten Zeruko Belardietako jende guztia. Oilasko txikiak erretzen zituzten haritz azalen txingarren gainean, eta ehunka botila ateratzen zituzten etxean egindako zerbezarekin. Ibarreko jendeak plazer handiz itxaroten eta gogoratzen zituen festa horiek.

        Raymond Banks kolegioan egon zenean, kide bat izan zuen, denborarekin San Quentingo kartzelako zaindari bihurtu zena. Eta adiskidetasun hark iraun egin zuen. Eguberrietan elkarri oparitxoak bidaltzen jarraitzen zuten. Ezer garrantzizkorik gertatuz gero idatzi egiten zioten elkarri. Raymond harro zegoen zaindariarekin zuen harremanaz. Urtean bitan edo hirutan inbitazio bat jasotzen zuen exekuzio baten lekuko izateko, eta beti onartzen zuen. Kartzelara egindako bidaia haiek ziren hartzen zituen oporraldi bakarrak.

        Raymondi exekuzio aurreko gauean ailegatzea gustatzen zitzaion kartzelazainaren etxera. Laguna eta biak elkarrekin eseri eta estudiante garaiaz hitz egiten zuten. Biek primeran gogoratzen zituzten gauzak gogorarazten zizkioten elkarri. Pasadizo berberak oroitzen eta errepasatzen zituzten beti. Gero, hurrengo goizean, zaindariaren bulegoko beste lekukoen urduritasuna eta histeria disimulatua gustatzen zitzaizkion Raymondi. Kondenatuaren ibilera geldoak Raymonden aldarte dramatikoa esnatzen zuen eta emozio bizia eragiten zion. Urkaketa bera ez zen atalik garrantzitsuena; prozedura osoaren giro zorrotz, sarkorrak egiten zion inpresiorik handiena. Goi-elizkizun bat bezalakoa zen, solemnea eta zeremoniatsua eta goibela. Guzti hark esperientziaren betetasuna sentiarazten zion, emozio sakratu bat bere bizitzako beste ezertxoren antzik ez zuena. Raymondek ez zuen kondenatuaz gehiago pentsatzen oilarraz pentsatzen zuena baino labana haren burmuinetan barruratzen zuenean. Ez zuen urkabera bultzatzen ez krudelkeriak ez besteren sufrimendua ikusteko grinak. Bere barruan emozio sakonen apetitua garatu zelarik, bere irudimen ahula ez zen hura asetzeko gai. Kartzelan, bere nerbioek beste gizonen nerbioekin batera egin zezaketen dardara. Heriotza-kameran beste inor egon ez balitz, bera bakarrik kondenatu eta borreroarekin, ezer ez zukeen sentituko.

        Heriotza egiztatu eta gero, Raymondi zaindariaren bulegoan egiten zen bigarren bilera gustatzen zitzaion. Nerbioetatik gaizkitutako gizonak beren irudimen astinduak baretzen saiatzen ziren barre eta irrien bitartez. Normalean baino alaitsuago egoten ziren, zalapartatsuagoa izaten zen beren poza. Mespretxuz hitz egiten zuten aldi bateko lekukoaz, erreportari gazte bat gehienetan, zorabiatu egin zena edo kameratik negarrez atera zena. Raymondek gozatu egiten zuen denarekin. Bizirik zegoela sentiarazten zion; ematen zuen beste momentuetan baino zorrotzago bizi zela.

        Dena bukatutakoan, bazkari ederra egiten zuen zaindariarekin etxe aldera abiatu baino lehen. Neurri txiki batean, Raymondek emozio berbera bizitzen zuen mutikoak hegaztiak nola hiltzen zituen ikustera etortzen zirenean. Haien asalduraren txinpartatxo bat harrapatzeko aukera izaten zuen.

        Zeruko Belardietan denbora asko ez zeramala, Munroe familiak Raymond Banksen arrantxo ederraren eta kartzelako bisita haien berri izan zuen. Ibarreko jendea jakin-minez eta liluratuta zegoen, eta izututa ere bai, gizon urkatuak ikusteko bidaia haiekin. Raymond ikusi aurretik, Bert Munroek ohiko borreroaren antzeko imajinatzen zuen, gizon ilun, ihar bat bezala, begi itzali, mortuekin; gizon hotz, kemenik gabeko bat. Raymondengan pentsatze hutsak jakinguraz kutsatutako aurresentipen bat eragiten zion Berti.

        Azkenean Raymond Banks ezagutu zuenean, eta ikusi begi beltz alaitsu haiek eta eguzkiak belztutako aurpegi osasuntsu hura, Bert desilusionatuta eta aldi berean pixka bat gogaituta sentitu zen. Raymonden osasun eta adeitasunak desegokiak eta bitxiki obszenoak ziruditen. Bere jatortasunak eta umeei zien maitasunak taxurik gabeko paradoxa osatzen zuten.

        Maiatzaren lehen egunean, Banks-tarrek beren festa haietako bat eman zuten zelaiko haritzen azpian. Urteko sasoirik ederrena zen; eskuzuri eta primulek, gallito eta bioletek beren kolore apalak jartzen zituzten maldetako belar motz, berrian. Haritzak hosto berriz jantzita zeuden, hosto txukun eta distiratsuak, gorosti garbituarenak bezalakoak. Eguzkiak nahiko bero ematen zuen airea salbiaren usainez kutsatzeko, eta txori guztiek festa-giro zalapartatsu eta ardailatsuan ziharduten. Hegaztitegietatik, oilo aztarrikarien kalaka alaia eta ahateen kua-kua harro eta zinikoa ailegatzen ziren.

        Gutxienez berrogeita hamar lagun bazeuden zuhaitz azpiko mahai luzeen inguruan. Ehunka zerbeza botila zeuden pilatuta gatz eta izotzez betetako pertzetan, eta nahasketa hain zen hotza non zerbeza jelatu egiten baitzen botilen lepoetan. Mrs. Banks harantz eta honantz zebilen gonbidatuen artean, barre eginez agurtzerakoan eta agurrei erantzuterakoan. Oso gutxitan esaten zuen hitzik. Raymond berriz, oilasko txikiak erretzen ari zen parriletan, miresle talde bat, gizonak denak, inguruan zuela aholku irrigarriak eskainiz.

        — Zuetako norbaitek hobeto egin badezake, datorrela hona! —esaten zien oihuka Raymondek—. Orain haragia jarriko dut, oilaskorik nahi ez duen txororen bat azaltzen bazaigu ere.

        Bert Munroe hantxe ondoan zegoen Raymonden esku gorriei begira. Zerbeza gogor hartako botila bat edaten ari zen. Bert liluratuta zegoen parrillako oilaskoei bueltak eman eta eman ari ziren esku gorri indartsuekin.

        Oilasko erre bandexakadak mahaietara eraman zituztenean, Raymond parrilletara itzuli zen gehiago erretzera bigarren edo hirugarren oilaskotxoa eska zezaketen gizon jatorrentzat. Une hartan Raymond bakarrik zegoen, bere publiko guztia mahaien inguruan bildua baitzen. Bert Munroek, begiak altxa platereko bistek puskatik, eta Raymond parrillen ondoan bakarrik zegoela ikusi zuen. Sardexka utzi eta harantz jo zuen.

        — Zer dugu, Mr. Munroe? Ez al zegoen ona zure oilaskoa? —galdetu zion Raymondek antsietate adeitsu batez.

        — Haragia hartu dut, eta ona zegoen. Uste dut azkar samar jaten dudala. Baina oilaskorik behin ere ez dut jaten.

        — Egiatan? Norbaiti oilaskoa ez gustatzea behin ere ulertu ez dudan gauza da, baina badakit asko direla gustatzen ez zaienak. Uzten badidazu beste haragi puskatxo bat prestatuko dizut.

        — Oh, uste dut nahikoa jan dudala. Beti pentsatzen dut jendeak gehiegi jaten duela. Gose pixka batekin altxa beharko genuke mahaitik. Hartara ondo kontserbatuko ginateke, animaliak bezala.

        — Arrazoia duzula uste dut —esan zuen Raymondek.

        Buelta eman zien hegaztitxoei su gainean.

        — Hainbeste jaten ez dudanean hobeto sentitzen naizela antzematen dut.

        — Sentituko ez zara ba. Bai ni ere. Mundu guztia. Mundu guztiak gehiegi jaten du.

        Bi gizonek irribarre beroa eskaini zioten elkarri puntu hari zegokionez ados zetozelako, nahiz esandako hitzetan oso tinko sinetsi ez.

        — Terreno ederra daukazu benetan —adierazi zion Raymondek, beren adiskidetasun sortu berria bigarren adostasun batez sendotzearren.

        — Beno, ez dakit. Ero-belarra jaiotzen omen da, baina orain arte ez dut nik batere ikusi.

        Raymondek irribarre egin zuen.

        — Etxea sorginduta zegoela ematen zuten, zu etorri eta dena hain txukun jarri zenuen arte. Fantasmarik ez zenuen ikusiko, ezta?

        — Ezta bat ere. Ikara handiagoa ematen dit ero-belarrak fantasmek baino. Benetako gorrotoa diot ero-belarrari.

        — Ezin esan arrazoirik ez duzunik. Jakina, oilaskoekin ez dit buruhauste handirik ematen, baina infernuko etsaia da ganadua hazten duzuenontzat.

        Bertek lurretik makila bat jaso eta eragin egin zien emeki txingar dardaratiei.

        — Agidanean San Quentingo kartzelazaina ezaguna duzu.

        — Oso ezaguna. Mutil koskorra nintzela Ed eta biok eskola berean ibili ginen. Zuk ere ezagutzen al duzu, Mr. Munroe?

        — Oh, ez... ez. Askotan ateratzen da egunkarietan. Bera bezalako jendea askotan azaltzen da egunkarietan.

        Raymond serio eta harro mintzatu zen.

        — Bai. Dezenteko publizitatea egiten diote. Baina tipo jatorra da, Mr. Munroe, ezagutu zenezakeen tiporik jatorrena. Eta, nahiz bere mende horrenbeste kondenatu eduki, beti bezain alai eta adiskidetsu jarraitzen du. Ez zenuke imajinatuko, berarekin hitz eginez gero, hain erantzukizun handia duenik.

        — Egiatan? Ez nuen horrelakorik uste. Esan nahi dut, normalena litzateke kezkatuta-edo egotea kondenatu guzti horiek bere mende edukita. Maiz ikusten al duzu?

        — Ba... bai. Askotan. Esan dizut berarekin ibili nintzela eskolan. Adiskideak ginen. Eta ez nau ahaztu. Aldian behin presondegira gonbidatzen nau norbait urkatzekoa dutenean.

        Bertek dardarizo bat sentitu zuen, nahiz puntu huraxe izan berak ukitu nahi zuena.

        — Egiatan?

        — Bai. Ohore handia iruditzen zait niri. Ez dute jende asko ametitzen, bakarrik egunkarietako gizonak eta lekuko ofizialak, sheriffak eta polizia. Gainera, joaten naizenero hitz-aspertu ederra egiten dut Edekin, jakina.

        Gauza bitxia gertatu zitzaion Berti. Bere gorputzetik bereizita bezala sentitu zen. Bere ahotsak bere borondaterik gabe jokatu zuen. Hitz hauek aditu zizkion bere buruari:

        — Zaindariari ez litzaioke, noski, gustatuko lagun batekin azalduko bazina.

        Harriduraz entzun zituen bere hitzak. Ez zuen inolaz ere hura esan nahi izan.

        Raymond txingarrei eragiten ari zen indarrez. Aztoratuta zegoen.

        — Ez dakit ba, Mr. Munroe. Ez dut inoiz horretan pentsatu. Nirekin etorri nahi al zenuke?

        Berriro ere Berten ahotsak bere kabuz jokatu zuen.

        — Bai —esan zuen.

        — Beno, hortaz, gauza bat egingo dut. Edi idatziko diot. Sarritan idazten diot, badakizu, eta ez zaio beraz arraroa irudituko. Hitz-erdiren bat sartuko dut zu ere gestora joango zinatekeela esanez. Hala beharbada bi inbitazio bidaliko ditu hurrengoan. Baina, jakina, ezin dizut ezer agindu. Ez al duzu beste haragi puskatxo bat nahi?

        Bertek goragalea zeukan.

        — Ez, nahikoa jan dut —esan zuen—. Ez naiz oso ondo sentitzen. Uste dut pixka batean zuhaitz azpian etzatera joango naizela.

        — Beharbada harrotu egingo zenuen zerbeza horren legamia, Mr. Munroe. Oso kontuz ibili behar da zerbitzatzerakoan.

        Bert haritz baten azpiko hosto ihar, kirriskatsuen gainean eseri zen. Mahaiak, gonbidatu zalapartatsuez inguratuak, bere eskuinean zeuden. Bai gizonezkoen algara zakarrak bai hizketan ari ziren emakumezkoen oihu txorrotxak ahul heltzen zitzaizkion pentsamenduzko murru batetik barrena. Zuhaitz enborren artetik Raymond Banks ikusten zuen, parrillen ondoan orduan ere, oilaskoak erretzen artean baretu gabeko zenbait apetitu sinestezinentzat. Urruntzera behartu zuen goragalea aldatzen ari zen pixkanaka. Gaixotasunezko sentsazio itoa desio irrikatsuen kongestio bitxi ari zen bihurtzen. Desioak harritu eta nahigabetu egiten zuen Bert. Ez zuen San Quentinera joan nahi. Atsekabea ekarriko zion gizon baten urkaketa ikusteak. Baina pozik zegoen joateko aukera eskatu izanaz. Bere pozak berak nahigabetu egiten zuen. Bert begira zegoela, Raymondek gorago igo zituen mahukak bere beso lodi, gorrietan, parrillak garbitzeari ekin baino lehen. Bert jauzi batez zutitu eta harantz abiatu zen. Goragalea etorri zitzaion ostera kolpetik. Buelta eman eta emaztea eserita zegoen mahaira jo zuen lasterka. Emaztea txantxetan ari zen garrasi txorrotxekin oilasko baten hezurreria marraskatzen zuen bitartean.

        — Nire senarrak behin ere ez du oilaskorik jaten —zioen oihuka.

        — Etxe aldera abiatuko naiz oinez —esan zuen Bertek—. Pattal nago.

        Bere emazteak oilaskoaren hezurrak utzi eta behatzak eta ezpainak paperezko serbileta batekin garbitu zituen.

        — Zer gertatzen zaizu, Bert?

        — Ez dakit. Pattal samar nagoela, besterik ez.

        — Nahi baduzu zurekin joango naiz kotxean.

        — Ez, gelditu hemen. Jimmiek eramango zaitu etxera.

        — Ondo da —esan zuen Mrs. Munroek—. Agur esan beharko zenieke Mr. eta Mrs. Banksi.

        Bert jira egin zen setatsu.

        — Agurtu zuk nire izenean —esan zuen—. Pattalegi nago ni.

        Eta urrundu egin zen agudo, pauso-luzeka.

        Astebete beranduago, Bert Munroe Banks-tarren granjaraino hurbildu eta hesiaren ate aurrean gelditu zuen bere Ford-a. Raymond arbolatxo baten atzetik azaldu zen, han baitzegoen gordeta aztore bat tiroz bota nahian. Patxada ederrean aurrera jo eta bostekoa eman zion bere bisitariari.

        — Zure etxeaz aditu ditudanak adituta, begiratu bat ematera etorri behar nuela pentsatu dut —esan zuen Bertek.

        Raymond zoratzen zegoen.

        — Emaidazu momentu bat eskopeta gordetzeko eta bazterrak erakutsiko dizkizut.

        Ordubetez granjatik barrena ibili ziren, Raymond azalpenak eskainiz eta Bert hegazti arrantxoaren txukuntasuna eta oparotasuna miretsiz.

        — Zatoz barrura baso bat zerbeza edatera —esan zuen Raymondek dena bisitatu ondoren—. Zerbeza hotza bezalakorik ez da gaurkoa bezalako egunetan.

        Eseri zirenean, Bert honela hasi zen, urduritasunez:

        — Idatzi al zenion eskutitza kartzelazainari, Mr. Banks?

        — Bai... idatzi nion. Erantzunak laster hemen behar luke.

        — Zergatik eskatu nizun jakin nahiko duzu segur aski. Begira, nik uste gizonak ahal duen guztia ikusi behar duela. Esperientzia da. Zenbat eta esperientzia handiagoa, orduan eta hobea gizona. Gizonak dena ikusi behar du.

        — Nik uste arrazoi duzula, arrazoi guztia —onartu zuen Raymondek.

        Bertek bere basoa hustu eta ahoa lehortu zuen.

        — Jakina, egunkarietan irakurri izan ditut urkaketei buruzko berriak, baina ikustea beste gauza bat da. Hamahiru koska omen daude urkaberaino, suerte txarraren seinale bezala. Egia al da hori?

        Raymonden aurpegiak kontzentrazioa adierazten zuen.

        — Ba zera, ez dakit, Mr. Munroe. Behin ere ez ditut kontatu.

        — Eta beraiek nola... borroka eta indar handiak egiten al dituzte, eskegitzen dituzten unean?

        — Uste dut baietz. Baina, badakizu, uhalez lotuta egoten dira eta oihal beltz bat edukitzen dute buruan. Gauza handirik ezin duzu ikusi. Nik esango nuke gehiago dela dardarizo moduko bat borroka baino.

        Berten aurpegia gorrituta eta adi zegoen. Bere begiek dizdiz egiten zuten jakin-minez.

        — Egunkariek diote hamabost minututik ordu erdi batera behar izaten dutela hiltzeko. Egia al da hori?

        — Ba... egia izango da, jakina, eskegitzen dituzten momentuan hiltzen direla ere esan liteke. Hegazti bati burua mozten diozunean bezala; hegaztiak dardarizoak izaten ditu, baina benetan hilda dago.

        — Bai... hala izango da. Erreflexu hutsa, izen hori ematen zaio. Aurreneko aldiz ikusten duenarentzat oso gogorra izango da, noski.

        Raymondek irribarre egin zuen dibertituta.

        — Bai. Ia beti bada kordea galtzen duenen bat. Egunkarietako erreportari hasi berriek negar egiten Bute batzuetan, negarrez hasten dira haurrak bezalaxe, eta zenbait jenderi ondoeza egiten zaio, benetako ondoeza, eta kapazak dira bazkaria hantxe bertan botatzeko. Gehienbat aurreneko aldiz etorritakoak izan ohi dira horrelakoak. Har dezagun beste zerbeza botila bat, Mr. Munroe. Ona eta freskoa dago, ez da hala?

        — Bai, primerako zerbeza da —onartu zuen Bertek abstradituta—. Ea errezeta ematen didazun. Gizonak beti eduki behar luke zerbeza pixka bat prest beroa datorrenerako. Orain joan beharra daukat, Mr. Banks. Eskerrik asko etxe inguruak erakusteagatik. Nire ustez, hegaztiei dagokienez, Petalumako jende horri kontseiluak emateko moduan zara.

        Raymond gorri-gorri jarri zen plazerez.

        — Gauza berrietara moldatzen saiatzen naiz. Jakinaraziko dizut Ed lagunaren berririk izaten dudanean, Mr. Munroe.

        Ondorengo bi asteetan Bert Munroe urduri eta guztiz erretxinduta ibili zen. Hain zen gauza ezohikoa non bere emaztea ere kexatu egin baizen.

        — Ez zaude ondo, Bert. Kotxea hartu eta zergatik ez zara mediku batengana joaten, begira zaitzan?

        — Oh! Ondo nago —esan zuen berak temati.

        Granjako lanetan pasa zuen denborarik gehiena, baina bere begiek eskualdeko errepiderantz jotzen zuten automobilen bat pasatzen zenero. Larunbat batean, Raymond Banks bere kamionetan etorri eta Munroe-tarren etxe aurrean gelditu zen. Bertek utzi bere pala eta haren bila jo zuen. Nekazari bat beste batekin elkartzen denean gutxitan sartzen dira etxe barrura. Horren ordez, lur sailen ondotik paseatzen dute astiro, belar izpiak erauziz soroetatik, edo hostoak zuhaitzetatik, eta esku artean erabiliz hitz egiten duten bitartean. Udaren hasiera zen. Fruta-arbolen hostoek artean galdu gabe zeuzkaten beren berde samur, argiak, baina lore guztiak ezkutatuta zeuden eta fruituak itxura hartuta. Gereziek ere kolore pixka bat ageri zuten. Bert eta Raymond poliki-poliki zihoazen baratzeko zuhaitzen azpiko sail landuetatik.

        — Txoria ugari dabil aurten —esan zuen Bertek—. Uste dut beraientzat izango direla gerezi gehientsuenak. —Ondo asko zekien zertara etorri zen Raymond.

        — Beno, Ed lagunaren berriak jaso ditut, Mr. Munroe. Nirekin etorri ezinik ez duzula dio. Ez omen diote jende askori etortzen uzten, ikusmin morbosoa duen jendea urruntzen saiatzen direlako. Baina nire edozein adiskide ametitzeko konforme dago. Datorren ostegunean joango gara. Ostiralean exekuzioa dago.

        Bert isilik zihoan, begiak lurrari josita.

        — Ed tipo jatorra da. Gustatuko zaizu —jarraitu zuen Raymondek—. Bere etxean pasako dugu ostegun gaua.

        Bertek lurretik adar bat jaso, motzaldiaren ondoren bertan gelditua, eta bi eskuekin okertu zuen arku estua osatzeraino.

        — Zera aritu naiz pentsatzen —esan zuen—. Axolako al litzaizuke azkeneko momentuan atzera egingo banu?

        Raymondek zuzen begiratu zion.

        — Hara! Joateko gogoa zenuela uste nuen. Zer gertatzen da?

        — Esaten badizut, zeharo belaxka naizela pentsatuko duzu, noski. Kontua da... pentsatzen aritu naiz eta... ikara ematen dit joateak. Ikara ematen dit gero burutik ezin kendu izateak.

        — Ez da dirudiena bezain latza —protestatu zuen Raymondek.

        — Beharbada ez. Hori ez dakit. Baina ikara ematen dit niretzat latza izateak. Denek ez dute gauza bat modu berean ikusten.

        — Ez, hori egia da.

        — Sentitzen dudanaren ideia bat ematen saiatuko naiz, Mr. Banks. Badakizu ez dudala oilaskorik jaten. Inori ez diot esaten zergatik ez dudan jaten. Ez zaidala gustatzen esatea besterik ez dut egiten. Baina zuri lan handiak eman dizkizut. Eta esan egingo dizut... esplikazio modura, besterik ez bada ere.

        Makila bi puskatan hautsi zen bere eskuetan; bi muturrak urrutira bota eta eskuak poltsikoan sartu zituen.

        — Mutil-koskorretan, hamabi bat urte nituela, janariak partitzen ibiltzen nintzen eskolara joan baino lehen. Begira, garagardotegiaren ondoan gizon zahar elbarri bat bizi zen. Berna bat moztua zeukan izterretik, eta egurrezko berna baten ordez antigoaleko makulu bat erabiltzen zuen: ilargi-erdi moduko bat makila borobilaren goialdean. Badakizu nolakoa, ezta? Nahiko ondo mugitzen zen batera eta bestera, baina aukeran poliki samar. Goiz batez, nire janari saskiarekin handik pasatzerakoan, gizon zahar hori kanpoan zegoen, bere etxeko atarian, eta oilar bat hiltzen ari zen. Nik sekula ikusitako Rhode Island Red handiena zen. Edo beharbada ni hain txikia izateagatik ematen zuen hegaztiak haro handia. Zaharrak makulua galtzarbean hartu eta hanketatik eusten zion oilarrari.

        Bert gelditu eta beste adar bat jaso zuen lurretik. Hau ere okertu egin zen bere eskupean. Aurpegia zurbiltzen ari zitzaion hitz egin ahala.

        — Beno —jarraitu zuen—, gizon zahar horrek aizkoratxo bat zeukan beste eskuan. Oilarrari lepoa ebakitzera zihoan unean, makulua zertxobait irristatu eta bihurritu egin zitzaion hegaztia, eta berak hego bat moztu zion. Eta orduan zaharra eroa bezala jarri zen. Aizkorarekin eman eta eman hasi zitzaion, beti okerreko tokian, bularrean eta estomagoan. Gero makulua gehixeago irristatu eta oreka galarazi zion erabat, noiz eta aizkoratxoa kolpea ematera zihoanean. Hegaztiari hanka bat moztu zion eta aizkorakada berak alderik alde ebaki zuen agurearen behatza.

        Bertek kopeta lehortu zuen mahukarekin. Raymond lur menditxo bat pilatzen ari zen oinetakoaren saihetsaz.

        — Beno, hori gertatu zenean, zaharrak oilarra lurrera erortzen utzi eta etxera sartu zen herrenka, bere behatzari helduta. Eta oilarra berriz, arrastaka abiatu zen tripa guztiak zintzilik zituela; arrastaka abiatu zen eta karranka bezala.

        Makila hautsi egin zen berriro, eta oraingoan indarrez bota zituen puskak bere ondotik.

        — Horra ba, Mr. Banks. Geroztik ez dut sekula hegazti bat hil, eta ezta jan ere. Saiatu izan naiz jaten, baina aldiro Rhode Island Red huraxe ikusten dut arrastaka alde egiten.

        Aurreneko aldiz, zuzenean begiratu zion Raymond Banksi.

        — Ulertzen al duzu zer izan zen hura?

        Raymondek begirada saihestu eta urrutira begiratu zuen.

        — Bai. Bai, adiskide, latza izango zen hura.

        Bertek presaka bezala jarraitu zuen.

        — Ba begira, urkaketa horretaz pentsatzen aritu naiz. Hegaztiarena hezalako zerbait izan liteke. Hegazti harekintxe egiten nuen amets beti, mutil-koskorra nintzela. Urdaila nahastua neukalako-edo amets gaiztoren bat izaten nuenero, hegazti harekin egiten nuen amets. Orain, egin kontu zurekin joaten naizela urkaketa horretara. Ametsak izan nitzake horrekin ere. Aspaldi ez dela emakume bat urkatu zuten Arizonan, eta sokak errotik atera zion burua. Egin kontu beste horrenbeste gertatzen dela. Hegaztiarena baino ehun aldiz okerragoa izango litzateke. Eta ez nuke sekula horrelako gauza bat gaindituko.

        — Baina hori ia behin ere ez da gertatzen —protestatu zuen Raymondek—. Esaten dizut ba, ez dela inolaz ere dirudiena bezain latza.

        Bertek ez ziola aditzen ematen zuen. Bere gogoeten aurrean, bere aurpegiak horrorearen seinaleak ageri zituen.

        — Hortaz batzuei ondoeza egiten zaiela diozu, eta beste batzuek kordea galtzen dutela. Badakit zergatik den hori. Jende horrek bere burua urkabean ikusten duelako, soka lepoan duela. Hori gertatzen ari zaion gizona bezala sentitzen dira. Neuk ere egin izan dut antzekorik. Hogeita lau orduko epean urkatuko nindutela imajinatzen nuen. Munduko amets gaiztorik ikaragarriena bezalakoa da. Eta, pentsatzen jarrita, zer zentzu du hara joan eta neure burua izutzeak? Gaizkitu egingo nintzateke. Badakit baietz. Urkabeko gizarajoak pasatako guztia pasako nuke nik ere. Bart gauean, horretaz pentsatze hutsarekin, soka lepoan sentitu dut. Gero lo hartu dut, eta maindirea aurpegira igo zait eta kaputxa beltz madarikatu hori zela amets egin dut.

        — Esaten dizut ba, ez direla horrelako gauzak pentsatu behar —esan zion Raymondek haserre—. Horrelako gauzak pentsatzen badituzu, nirekin etortzeko batere eskubiderik ez duzu. Esaten dizut ba, ez dela zuk diozun bezain ikaragarria, aurrean ikusten duzunean. Huskeria da. Joan egin nahi zenuela esan zenidan, eta baimena lortu dizut. Zer duzu hortaz, tankera horretan hitz egiteko? Hitz egin duzun bezala hitz egin beharrik ez dago. Ez baduzu joan nahi, zer arraiogatik ez duzu halaxe aitortzen eta ahoko zuloa ixten?

        Horrore espresioa ezkutatu egin zen Berten begietatik. Ia gogotsu, haserrea bere buruaz jabe zedin utzi zuen.

        — Amorrarazi beharrik ez duzu, Mr. Banks. Zergatik ez dudan joan nahi esaten ari nintzaizun, besterik gabe. Batere irudimenik bazenu, azalpenak ematen ibili beharrik ez nuke. Batere irudimenik bazenu, zeuk ere konprenitu eta ez zinateke gizarajo bat nola hiltzen duten ikustera joango.

        Raymond jiratu egin zen mesprezioz.

        — Ustel hutsa zara —esan zuen, bere kamioi aldera abiatuz pauso-luzeka. Eroa bezala gidatu zuen errepidetik bere arrantxoraino, baina ailegatu eta kamioia estali zuenean, poliki-poliki jo zuen etxerantz. Bere emaztea arrosak mozten ari zen.

        — Zer gertatzen zaizu, Ray? Gaixo itxura daukazu —hots egin zion.

        Raymondek kopeta zimurtu zuen.

        — Buruko min pixka bat, besterik ez. Pasako zait. Badakizu nola etorri nahi zuen nirekin Bert Munroek datorren astean?

        — Bai.

        — Beno, orain ez du etorri nahi.

        — Zer ba?

        — Kemena galdu duelako, horrexegatik. Ikara ematen dio hura ikusteak.

        Bere emazteak barre egin zuen urduri antzera.

        — Ba begira, ez dakit niri ere horrelakorik ikustea gustatuko litzaidakeen.

        — Zu emakumezkoa zara, baina bera gizona omen.

        Hurrengo goizean Raymond gogorik gabe eseri zen gosaltzera eta oso gutxi jan zuen. Bere emazteak kezkatua zirudien.

        — Buruko minez al zaude oraindik, Ray? Zergatik ez zara pixka bat zaintzen?

        Raymondek ez zion galderari jaramonik egin.

        — Edi idatzi beharra daukat, eta ez dakit zer esan.

        — Ez dakizula? Zer esan nahi du horrek?

        — Beno, ez dakit ez ote dudan katarroa harrapatu. Ez dakit sasoian egongo naizen ostegunean hara joateko. Bidaia luzea da, eta hotza egiten du badiako hartan.

        Mrs. Banks eseri egin zen, pentsakor.

        — Zergatik ez duzu egunen batean hona etortzera gonbidatzen? Inoiz ez da hemen izan; makina bat aldiz joan zara zu bere etxera.

        Raymond suspertu egin zen.

        — Alajainkoa! Zer ideia ona. Urteak daramatzat bera ikustera joaten. Bi hitz idatziko dizkiot gu ikustera etor dadin.

        — Barbakoa bat presta genezake berarentzat —proposatu zuen Mrs. Banksek.

        Raymonden aurpegia lainotu egin zen.

        — Oh, ez zait iruditzen. Ed bezalako adiskide min bati ez litzaioke jende mordo bat biltzea gustatuko. Baina zerbeza... hori bai, ikusi egin behar da zenbat gustatzen zaion Edi zerbeza. Bi hitz idatziko dizkiot oraintxe bertan.

        Luma, eskutitz-papereko koadernotxoa eta tintontzia atera zituen. Luma paper gainean zalantzan zeukala, bere aurpegia goibeldu egin zen berriro.

        — Dena dela madarikatua izan dadila Munroe hori! Lan ederra eman dit. Nola jakin behar nuen kobardea aterako zitzaidala?

 

 

 

© John Steinbeck

© itzulpenarena: Maria Garikano

 

 

"John Steinbeck / Zeruko Belardiak" orrialde nagusia