8

 

        Molly Morgan Salinasen trenetik jaitsi eta hiru ordu laurden egin zituen autobusaren zain. Automobil handian inor ez zihoan Molly eta txoferraz gain.

        — Behin ere ez naiz Zeruko Belardietan izan —esan zuen Mollyk—. Urruti al dago errepide nagusitik?

        — Hiru bat milia —esan zuen txoferrak.

        — Kotxeren bat izango al da ni ibarrera eramateko?

        — Ez, non eta bila etortzen ez zaizkizun.

        — Baina nola konpontzen da jendea haraino joateko? Txoferrak erbi baten gorpu zanpatuaren gainetik pasarazi zuen autobusa satisfazio nabarmenez.

        — Hilda daudenean bakarrik pasatzen naiz gainetik —desenkusatu zen—. Ilunpetan, argiekin itsutzen direnean, saihesten saiatzen naiz.

        — Bai, baina nola ailegatu behar dut Zeruko Belardietara?

        — Ez dakit. Oinez-edo. Jende gehiena oinez joaten da inor bila etorri ezean.

        Txoferrak bidegurutzean utzi zuenean, Molly Morganek bere maleta hartu, muturtuta bezala, eta muinoetara zeraman bidetik abiatu zen. Ford kamioi zahar bat kurrinka gelditu zen bere aldamenean.

        — Ibarrera al zoaz, andereño?

        — Oh... bai, bai, haraxe noa.

        — Beno, sartu hortaz. Ikaratu beharrik ez duzu. Pat Humbert naiz. Belardietan bizi naiz.

        Mollyk gizon narras hura aztertu eta aurkezpenari erantzun zion.

        — Maistra berria naiz ni. Edo hala uste dut behintzat. Ba al dakizu non bizi den Mr. Whiteside?

        — Horixe, handik pasa beharra daukat. Eskola-batzarreko idazkaria da. Ni neu ere eskola-batzarrean nago. Zer itxura izango ote zenuen pentsatzen egon gara.

        Orduan, esandakoaz lotsatu, eta gorri-gorri jarri zen bere grakaren azpitik.

        — Nolakoa izango ote zinen esan nahi nuen, jakina. Izan genuen azken maistrak arazo asko eman zizkigun. Ona zen, baina gaixo zegoen... gaixo eta urduri, alegia. Azkenean alde egin zuen gaixo zegoelako.

        Mollyk bere eskularruen behatz puntei tiratu zien.

        — Nire eskutitzak dio Mr. Whitesidegana jo behar dudala. Gizon jatorra al da? Edo... ez nuen hori esan nahi. Esan nahi dut... zera al da... zer moduzko gizona da?

        — Oh, ederki konponduko zara berarekin. Agure ona duzu. Bizi den etxe horretantxe jaioa. Kolegioan ere ibilia. Gizon ona da. Hogei urtetik gora daramatza eskola-batzarreko idazkari bezala.

        John Whitesideren etxe zahar handiaren parean utzi zuenean, Molly benetan ikaratuta zegoen. «Garaia heldu da», esan zuen bere artean. «Baina zertaz beldurturik ez dago. Ezin dit ezer egin.» Mollyk hemeretzi urte bakarrik zituen. Iruditzen zitzaion bere lehen lanposturako elkarrizketatuko zuten une hura ikaragarrizko urratsa zela bere bizitzan.

        Ateraino egin zuen bideak ez zuen lasaitu, zeren bidexka ezpel inausiz inguratutako lore-mordotxo trinkoen artetik pasatzen baitzen, eta hala zirudien, admonizio honekin landatu zituztela denak: «Hazi eta ugari zaitezte orain, baina ez zaitezte ez gehiegi hazi, ez oparoegi ugaritu, eta batez ere, ez bidexka honetara inguratu!» Esku bat nabari zen lore haietan, esku gidari eta zuzentzailea. Etxe zuri handia duintasun handikoa zen. Egur horiko pertsianak okerka jarrita zeuden eguerdiko eguzkiari sartzen ez uzteko. Bidearen erdia egina zuenean, etxearen sarrera azaldu zitzaion, Galeria bat zuen, besarkada bat bezain zabal eta epel eta ongietorri emailea. Bere burutik pentsamendu hau hegaldatu zen: «Segur aski igarri liteke etxe baten hospitalitatea bere sarrera ikusita. Egin kontu ate txikia duela eta portxerik ez.» Baina, harmaila zabal eta ate handiaren barrera adeitsua gorabehera, lotsatitasun guztiak berarekin zituen txirrina jo zuen unean. Ate handia zabaldu, eta andre mardul, atsegin bat azaldu zen, Mollyri irribarre egiten ziona.

        — Ez ahal zara zerbait saltzera etorriko! —esan zuen Mrs. Whitesidek—. Behin ere ez dut ezer erosi nahi izaten, baina azkenean erosi eta sutan jartzen naiz gero.

        Mollyk barre egin zuen. Oso zoriontsu sentitu zen bat-batean. Ordura arte ez zuen antzeman zein beldurtuta zegoen.

        — Oh, ez! —hots egin zuen—. Maistra berria naiz. Nire eskutitzak dio Mr. Whitesiderekin elkarrizketatu behar dudala. Ikusi al dezaket?

        — Beno, eguerdia da, eta bazkaria bukatzen ari da oraintxe. Zuk bazkaldu al duzu?

        — Oh, horixe. Edo, ez.

        Mrs. Whitesidek irri egin, ezpain artean, eta baztertu egin zen Mollyri sartzen uzteko.

        — Beno, eskerrak ziur zauden.

        Jangela handi bateraino eraman zuen Molly. Gela kaobazko baxerategiz hornituta zegoen, denak kristalezko ateekin. Mahai koadratuan otordu bateko platerak zeuden sakabanatuta.

        — Hara! Johnek bazkaria bukatu eta joana izan behar du. Eser zaitez, neska. Okel errea ekarriko dizut.

        — Oh, ez. Benetan, eskerrik asko, ez ekarri. Mr. Whitesiderekin hitz egin eta joan egingo naiz.

        — Eser zaitez. Jan beharra daukazu Johnen aurrera joateko.

        — Oso... oso gogorra al da... maistra berriekin, alegia?

        — Beno —esan zuen Mrs. Whitesidek—. Ikusi egin behar. Bazkaldu gabe badaude, hartza bezalakoxea da. Garrasika hartzen ditu. Baina mahaitik altxa berriak direnean, anker hutsa da, besterik gabe.

        Mollyk barre egin zuen alaiki.

        — Umeak dituzu, noski —esan zuen—. Oh, ume pila bat hazitakoa zara... eta gustatu egiten zaizkizu.

        Mrs. Whitesidek kopeta zimurtu zuen.

        — Ume batek hezi ninduen. Ia hazitarako ere utzi ninduen, egia esan. Oso gogorra zen niretzat. Kanpoan dago orain, behiak hazten, behi gaixoak. Ez zait iruditzen oso ondo hezi nuenik.

        Mollyk otordua bukatu zuenean, Mrs. Whitesidek alboko ate bat parez pare ireki eta hots egin zuen:

        — John, norbait etorri da zu ikustera.

        Bultza egin zion Mollyri atean barrena biblioteka itxura zuen gela bateraino: apal handiak karga-karga eginda zeuden liburukote zahar, atseginez, urrez filigranatuak denak. Eta gela hura sala modukoa ere bazen aldi berean. Adreiluzko tximini bat zuen, teilatxo gorriko koska batekin, eta koskaren gainean txarrorik harrigarrienak zeuden. Koska baino gorago, iltze batetik zintzilik eta fusil bat uhaletik bezalaxe eskegita, pipa erraldoi bat zegoen, itsas bitsez egina eta Jaegar etxekoa. Tximiniaren inguruan larruzko besaulki handiak zeuden, larruzko borladunak, kulunkaulki patentedunak denak, balantza eginaraztean kantari hasten diren erresorte horiekin. Eta azkenik, gela bulego modukoa ere bazen, zeren antigoaleko idazmahai bat baitzuen, estalki korredizoduna, eta harexen atzean zegoen, hain zuzen, John Whiteside eserita. Gizonak begiak goratzean, Mollyk ikusi zuen berak sekula ezagututako begirik atsegin eta aldi berean gogorrenak zituela, eta baita ilerik zuriena ere. Benetako ile zuri-urdina, zetatsua, gandor oparoan.

        — Mary Morgan naiz —hasi zen formalki.

        — Ah, bai, Miss Morgan, zure zain nengoen. Ez al duzu eseri nahi?

        Kulunkaulki handi haietako batean eseri zen, eta erresorteek intziri egin zuten minsorroz bezala.

        — Asko gustatzen zaizkit besaulki horiek —esan zuen—. Etxean horrelako bat genuen txikia nintzenean.

        Orduan tuntuna sentitu zen.

        — Lanpostu horretaz hitz egitera etorri naiz. Nire eskutitzak zioen hori egin behar nuela.

        — Ez zaitez horrenbeste larritu, Miss Morgan. Aspaldiko urteotan izan ditugun maistra guztiak nik elkarrizketatu ditut. Eta —esan zuen irribarrez—, oraindik ez dakit asuntoa nola bideratu.

        — Oh... eskerrak, Mr. Whiteside. Eskatzen dudan lehen lanpostua da. Benetan beldurtuta nengoen.

        — Beno, Miss Mary Morgan, itxura guztien arabera, elkarrizketa honek helburu garbia du: zure iraganaren eta zure izaeraren ideia bat eman behar didazu. Bukatzen duzunerako, zutaz zerbait jakitea dagokit. Eta orain nire helburua ezagutzen duzunez, kikilduta egongo zarela imajinatzen dut, eta inpresio ona eman nahirik. Beharbada zuri buruzko zertxobait esango bazenit, edozein gauzak balio du. Hitz batzuk bakarrik, zer nolako neska zaren, eta nondik zatozen.

        Mollyk baiezkoa egin zuen bizkorki.

        — Bai, saiatuko naiz, Mr. Whiteside.

        Eta bere gogoa iraganean murgil zedin utzi zuen.

        Hantxe zegoen pintatu gabeko etxe zahar, zikina, atzeko portxe zabalarekin eta barandan apoiatutako lixibaren barrenoi borobilekin. Bere bi anaiak, Joe eta Tom, zalapartan zebiltzan sahats handian gora igota, oihu eginez:

        — Orain arranoa naiz! Ni loritoa naiz! Orain oilasko zaharra naizt Ikusten al nauk!

        Atzeko portxeko eltxo-sarea ireki eta ama azaldu zen, nekatu itxuraz. Ez zitzaion ilea lisatzen behin eta berriz orraztuta ere. Soka lodien antzera erortzen zitzaion aurpegiaren bi aldeetan. Bere begiak pixka bat gorrituta egoten ziren beti, eskuak eta eskumuturrak berriz, minberatsuki zartatuta.

        — Tom, Joe —hots egin zuen—. Mina hartuko duzue bor goian. Ez niri horrelako buruhausterik eman, mutilak! Ez al duzue zuen ama batere maite?

        Isildu egin ziren zuhaitzeko ahotsak. Arranoaren eta oilasko zaharraren kemen garrasilaria beratu egin zen damuarekin. Molly lurrean eserita zegoen, zarpa bat biltzen makila baten inguruan eta ahaleginak egiten soineko batez jantzitako dama luzea zela imajinatzeko.

        — Molly, sartu etxera eta egon zure amarekin. Gaur neka-neka eginda nago!

        Mollyk lurrean tente utzi zuen makila, hauts trinkoan sartuta. «Aizu, andereño, xuxurlatu zion krudelki. Astindu bat emango dizut ipurdian itzultzen naizenean.» Gero, obedituz, etxera sartu zen.

        Bere ama sila zuzen batean eserita zegoen, su-aldean.

        — Hurbil mitez, Molly. Eseri nire ondoan pixka batean. Maita nazazu, Molly! Maita ezazu zure ama pixkatxo bat. Zure amaren neskatila txintxoa zara zu, ez al da hala?

        Molly bihurritu egin zen bere eserlekuan.

        — Ez al duzu nire ama maite, Molly?

        Neskatoa oso zoritxarrekoa sentitzen zen. Bazekien une batetik bestera ama negarrez hasiko zela, eta orduan berak de zakar hura laztandu beharra izango zuela. Bai berak eta bai bere anaiek bazekiten maitatu egin behar zutela ama. Dena egiten zuen beraiengatik, dena. Lotsatu egiten ziren amaren ondoan egotea gorrotagarria zitzaielako, hain ezin zuten horren kontra ezer egin. Hots egiten zienean eta agerian ez zeudenean, ez entzuna egin eta alde egin egiten zuten isilka, ahopeka hitz eginez.

        — Beno, hasteko, oso pobreak ginen —esan zion Mollyk Mr. Whitesideri—. Nik uste benetan pobreziaren atzaparretan geundela. Bi anaia nituen ni baino zaharxeagoak. Nire aita biajantea zen, baina hala ere nire amak lan egin beharra zeukan. Ikaragarrizko lanak egiten zituen guretzat.

        Sei hilabetean behin-edo gertaera handi bat izaten genuen. Goizean ama isil-isilik ateratzen zen gelatik. Ilea ahal zen guztia lisatua zeukan; dizdiz egiten zuten bere begiek, eta zoriontsu eta ia polit zirudien. Esaten zuen ahopeka:

        — Bake-batean, umeak! Zuen aita etxean da.

        Molly eta bere anaiak ezkutuka ateratzen ziren etxetik, baina atarian ere xuxurla ardailatsuekin hitz egiten zuten. Berria laster zabaltzen zen auzoan. Ataria ume xuxurlariez betetzen zen luze gabe. «Aita etxean omen dute.» «Egia al da aita etxean duzuela?» «Non izan da oraingoan?» Eguerdirako bazen atarian dozena bat ume, taldetxo itxaropentsuetan bilduta, elkarri bakean egoteko gomendatuz.

        Eguerdi aldera portxeko eltxo-sarea kolpetik zabaltzen zen, horma joaz. Aita jauzi batez kanporatzen zen.

        — Kaixo! —oihukatzen zuen—. Kaixo, umeak.

        Molly eta bere anaiak aitagana oldartu eta bernak besarkatzen zizkioten: aitak, orduan, bajen eskuetatik libratu eta airean gora botatzen zituen katutxoak balira bezala.

        Mrs. Morgan hara eta hona hegatzen zen, ardailaz karaka.

        — Umeak, umeak. Ez zimurtu zuen aitaren arropak.

        Auzoko umeak zilipurdika eta borrokan eta garrasika ibiltzen ziren pozaren pozez. Edozein jai baino hobea zen hura.

        — Itxoin ikusi arte —hots egiten zuen aitak—. Itxoin zer ekarri dizuedan ikusi arte. Sekretua da oraindik.

        Eta histeria apur bat baretu zenean bere maleta portxera atera eta ireki egiten zuen, inork behin ere ikusi gabeko opariak zeuden bertan, ordura arte ezagutu gabeko jostailu mekanikoak: hojalatazko zomorroak arrastaka ibiltzen zirenak, egurrezko beltzak dantza egiten zutenak eta hondarretan lan egiten zuten pala mekaniko harrigarriak. Baziren kristalezko kanika bikainak ere, erdi-erdian hartzak edo txakurrak ageri zituztenak. Bakoitzarentzat bazuen zerbait, gauza bat baino gehiago. Jai handi guztiak egun bakar batean bildu balituzte bezalaxe izaten zen.

        Normalean, arratsaldearen erdia joana izaten zen umeak garrasiak uzteko adina lasaitzen zirenerako. Baina azkenean George Morgan eskailera kosketan eseri, eta ume guztiak inguruan biltzen ziren berak bere abenturak kontatu bitartean. Oraingo honetan Mexikon izana zen iraultza bat zegoen unean. Beste batean Honolulura joan, sumendia ikusi, eta surf taula batean ibiltzeko aukera izan zuen gainera. Beti izaten ziren hiriak eta jendea, jende arrotza; beti abenturak eta hamaika pasadizo xelebre, beraiek aditutako beste ezer baino xelebreagoak. Ezin zen dena kontatu aldi bakar batean. Eskolatik ateratakoan berriro bildu behar zuten gehiago eta gehiago aditzeko. Sororik soro zebilen George Morgan mundutik barrena, abentura gloriosoak pilatzen.

        — Nire etxeko bizimoduari dagokionez —esan zuen Miss Morganek—, iruditzen zait ia ez nuela aitarik izan. Bere negozio bidaiek oso gutxitan uzten zioten etxeratzen.

        John Whitesidek baietz egin zuen buruaz, serioski.

        Mollyren eskuak mugitu egiten ziren bere magalean, eta begiak lausotuta zeuzkan.

        Behin batez txakurtxo pottolo, iletsu bat ekarri zuen kaxa batean, segituan lurrean pixa egin zuena.

        — Zer motatakoa da txakur hau? —galdetu zuen Tomek bere hizkerarik landuenaz.

        Aitak barre egin zuen ozenki. Hain zen gaztea! Amak baino hogei urte gazteagoa ematen zuen.

        — Dolar t'erdiko txakurra da —azaldu zuen—. Makina bat txakur mota eros daiteke dolar t'erdian. Horrela egiten da... Egin kontu gozotegi batean sartu zarela, eta esaten duzu: «Bost xentimoko mentazko karameluak eta gomazko bolak eta errekaliza eta franbuesazko txikleak nahi ditut, denak nahastuan.» Beno ba. Barrura sartu eta esan nuen: «Emadazu dolar t'erdiko txakur nahastua.» Horra, zer motatakoa den. Mollyren txakurra da, eta izena jarri behar dio.

        — George deituko diot —esan zuen Mollyk.

        Aita modu xelebrean makurtu zen Mollyren aurrean, eta esan zion:

        — Eskerrik asko, Molly.

        Denek antzeman zuten ez zitzaiola burlaka ari.

        Molly oso goiz jaiki zen hurrengo goizean, eta George atarira eraman zuen hango sekretuak erakusteko. Bi zentabotxo eta polizia baten botoi doratua lurperatuta zeuden gordelekua zabaldu zuen. Aurreko hankatxoetatik zintzilik jarri zuen atzeko hesiaren gainean, eskola ikus zezan kalearen beste muturrean. Azkenik sahatsean gora igo zen, George besazpian zuela. Tom etxetik atera eta zuhaitz azpira etorri zen patxadan. «Ez gero erortzen utzi», hots egin zuen Tomek, eta juxtu une hartantxe txakurtxoa Mollyren besoetatik libratu eta erori egin zen. Danbateko txiki desatsegin batez jo zuen lur gogorra. Hanka bat angelu nabarmenean okertuta zeukan txakurtxoak, eta garrasi luze eta latzak egiten zituen, eta gero negar-zotinak, arnasa hartzeko isiltzen zenean. Molly zuhaitzetik jaitsi zen esku eta hankez baliatuz, zunzunduta eta harri eginda ezbeharragatik. Tom txakurtxoari begira zegoen. Aurpegia zuri-zuri eta sufrimenduz bihurritua zeukan, eta Georgek berriz, txakurtxoak, garrasika eta garrasika segitzen zuen.

        — Ezin dugu horrela utzi —esan zuen Tomek—. Ezin dugu horrela utzi.

        Egur metaraino joan eta aizkora batekin itzuli zen. Molly txundituegia zegoen bestaldera begiratzeko, baina Tomek begiak itxita eman zuen kolpea. Garrasiak bat-batean isildu ziren. Tomek aizkora bere ondotik bota eta jauzi egin zuen atzeko hesiaren gainetik. Norbait atzetik segika balu bezala ihes egiten ikusi zuen Mollyk.

        Une hartan Joe eta aita atzeko atetik atera ziren. Mollyk ondo gogoratzen zuen zer aurpegi zimel, ahul eta grisa Jarri zitzaion bere aitari txakurtxoa ikusi zuenean. Bere aitaren aurpegiko zerbait izan zen Molly negarrez jarri zuena.

        — Erori egin zait zuhaitzetik, eta mina hartu du, eta Tomek jo egin du, eta gero Tomek alde egin egin du korrika.

        Zaputz doinua zeukan bere ahotsak. Aitak bere aldakaren kontra estutu zuen Mollyren burua.

        — Tom gizarajoa! —esan zuen—. Molly, gogoan izan inoiz ez diozula ezer aitatu behar Tomi honi buruz, eta behin ere ez diozula begiratu behar gogoratuko bazenu bezala.

        Arpillerazko zaku bat bota zuen txakurtxoaren gainera.

        — Hileta egin behar diogu —esan zuen—. Inoiz hitz egin al dizuet behin ikusi nuen hileta txinatar hartaz, eta airera botatzen zituzten koloretako paperez, eta hilobi gaineko txerritxo erre pottoloetaz?

        Joe hurbildu egin zen pixkanaka, eta Mollyren begiek ere jakin-minezko distira hartu zuten.

        — Ba begira, honelaxe izan zen...

        Mollyk begiak altxa John Whitesideren aldera eta idazmahaiko paper bat aztertzen ari tela iruditu zitzaion.

        — Hamabi urte nituela, aita istripu batean hil zen —esan zuen.

        Bisitaldi handiek bi aste inguru irauten zuten normalean, Beti izaten zen arratsalde bat George Morgan herrira joan eta gauean berandu arte etxeratzen ez zena. Amak goiz bidaltzen zituen umeak opera, baina beraiek sentitu egiten zuten etxeratzen zenean, altzariekin estropezu eginez pixka bat, eta haren ahotsa ere aditzen zuten Normaren bestaldetik. Aitaren ahotsa halakoetan bakarrik izaten zen tristea eta kemenik gabea. Beren ohetan, arnasari eutsiz, umeak paren esanahiaz jabetzen ziren. Joan egingo zen goizean, eta beren bihotzak ere harekin batera joango ziren.

        Eztabaida amaiezinak izaten zituzten aitak egiten zuenari buruz. Argonauta alaia zen, zilarrezko zalduna. Bertute eta Ausardia eta Edertasuna ziren bere jantziak.

        — Egunen batean —zioten mutilek—, egunen batean, handiak izandakoan, berarekin joan eta gauza guzti horiek ikusiko ditugu.

        — Ni ere joango naiz —esaten zuen Mollyk irmoki,

        — Oh, zu neska zara. Ezingo zinateke joan, ondo asko dakizu.

        — Baina berak utziko lidake joaten, badakizue baietz. Egunen batean berarekin eramango nau. Ikusiko duzue.

        Joaten zenean, ama kexati jartzen zen berriro, eta bere begiak gorritu egiten ziren. Maitatzeko eskatzen zien aieneka, maitasuna pakete bat balitz bezala amaren eskuetan jarri zezaketena.

        Behin batez aita joan zen, eta ez zen gehiago itzuli. Inoiz dirurik bidali gabekoa eta familiari idatzi gabekoa zen, baina aldi hartan, besterik gabe, betirako ezkutatu zen. Bi urtez itxoin zuten, eta gero hila izan behar zuela esan zuen amak. Zirrara eragin zien umeei ideia hark, baina ez zuten sinetsi nahi izan, zeren beren aita bezain ederra eta ona zen norbait ezin baitzen hilda ego n. Munduko bazterren batean zegoen abenturak bizitzen. Arrazoi onen bat bazuen beraiengana itzultzerik ez izateko. Noizbait, arrazoi hura ezabatutakoan, etorri egingo zen: goiz batean, hantxe izango zuten inoiz baino opari politago eta istorio hobeekin. Baina amak esaten zuen segur aski istripu bat izan zuela. Hila izan behar zuela. Burutik eginda zegoen ama. Iragarkiak irakurtzen zituen, etxetik atera gabe dirua irabaztea eskaintzen duten horietakoak. Umeek paperezko loreak egiten zituzten, eta bai saltzen saiatu ere lotsa-lotsa eginda. Mutilak aldizkariak saltzen ere saiatu ziren, eta gutxi faltatu zitzaion familia guztiari gosez hiltzeko. Azkenik, bata segitzea ezinezkoa irudituta, bi mutilek alde egin eta itsas armadan sartu ziren. Horren ondoren, lehen aita bezain gutxitan ikusi zituen Mollyk, eta hain zeuden aldatuta, hain zakar eta zalapartatsu, non ez zion ardura, zeren bere anaiak arrotzak egiten baitzitzaizkion.

        — Batxilerra bukatu eta San Josera joan nintzen Magisteritza ikastera. Mrs. Allen Moriten etxean lan egin nuen pentsioa ordaintzeko. Ikasketak bukatu baino lehen hil egin zitzaidan ama. Beraz umezurtza naizela-edo esan behar.

        — Sentitzen dut —xuxurlatu zuen John Whitesidek eztiro. Molly gorritu egin zen.

        — Ez nintzen ari erruki eske, Mr. Whiteside, Nire berri izan nahi zenuela esan duzu. Umezurtz izatea denoi ailegatzen zaigun gauza da.

        — Bai —onartu zuen Mr. Whitesidek—. Ni ere umezurtza naiz, noski.

        Mollyk lan egin zuen bere pentsioa ordaintzeko. Ordutegi osoko neskame baten lana egiten zuen, baina soldatarik jaso gabe. Arropa erosteko dirua udako oporretan denda batean lan eginez atera behar zuen. Mrs. Moritek neskak trebatzen zituen. «Hartu xentimorik balio ez duen neska gordin bat», esaten zuen sarritan, «eta neska horrek, niretzat sei hilabetez lan egin ondoren, berrogeita hamar dolar irabaz ditzake. Andre askok dakite hori, eta atzaparretatik kentzen dizkidate neskak. Estudiante batekin saiatzen naizen aurreneko aldia da, hain aurrerapen handiak egin ditu berak ere. Gehiegi irakurtzen du, ordea. Nik beti esaten dut neskame batek hamarretarako lo egon behar lukeela, bestela ezin baitu bere lana behar bezala bete.»

        Mrs. Monten irakasbidea etengabe kritika eta errieta egitea zen, doinu zuzen eta tinkoz betiere:

        — Begira, Molly, ez da akatsa bilatzeagatik, baina ez baduzu zilarra hobeto lehortzen, arrastoak geratuko zaizkio... Gurinarentzako labanak hemen joan behar du, Molly. Eta gero jarri hemen edalontzia.

        «Gauza guztientzat arrazoi bat ematen dut beti», esaten zien bere lagunei Mrs. Moritek.

        Ilunabarrez, platerak garbitu ondoren, bere ohean eseri eta estudiatu egiten zuen Mollyk, eta argia itzalitakoan, ohean etzan eta bere aitaz pentsatzen zuen. Zentzugabea zen hori egitea, bazekien. Denbora alferrik galtzea zen. Bere aita atean azaltzen zen, bi isatsekiko jaka, praka arraiadun eta txisteraz jantzita. Arrosa gorriko erramilete erraldoi bat zekarren eskuan. «Ez dut lehenago etortzerik izan, Molly, jantzi azkar zure berokia. Aurrena Prussiako eskaparatean dagoen gau soineko hori erostera joango gara, baina bizkor ibili beharko dugu. Txartelak erosita dauzkat gauean ateratzen den New Yorkeko trenerako. Mugi zaitez, Molly! Ez geratu hor aho zabalik.» Txoro kontua zen. Bere aita hilda zegoen. Ez, hilda zegoenik ez zuen benetan sinesten. Ederki bizi zen munduko bazterren batean, eta noizbait itzuli egingo zen.

        Mollyk hala esan zion eskolan zuen adiskide bati: Ez dut benetan sinesten, badakizu, baina kontrakoa ere ez dut sinetsi nahi. Inoiz jakingo banu hilda dagoela, latza izango litzateke. Ez dakit zer egingo nukeen orduan. Ez dut pentsatu ere egin nahi hilda dagoela jakite horretaz.»

        Bere ama hil zenean, lotsaz gain ezer gutxi sentitu zuen. Maita zezaten izan zen bere amaren nahia, eta ez zuen jakin maitasuna bereganatzen. Bere zipozkeriekin gogaitu egin ziren umeak, eta bere ondotik aldendu.

        — Horra ba, hori da dena gutxi gorabehera —bukatu zuen Mollyk—. Nire diploma eskuratu, eta ondoren hona bidali ninduten.

        — Sekula izan dudan elkarrizketarik errazena izan da —esan zion John Whitesidek.

        — Postua lortuko dudala uste al duzu, hortaz?

        Gizon zaharrak begirada bizkor, bizia bota zion tximiniako koskaren gainean zintzilik zegoen itsas bitsezko pipa handiari.

        — Laguna du —pentsatu zuen Mollyk—. Sekretuak ditu pipa horrekin.

        — Bai, uste dut zurea izango dela lan hori. Uste dut zurea dela dagoeneko. Eta orain, Miss Morgan, non biziko zara? Pentsioa aurkitu beharra daukazu non edo han.

        Esatera zihoala jakin baino lehen, bota zuen:

        — Hemen bizi nahi dut.

        John Whitesidek begiak zabaldu zituen harrituta.

        — Baina guk ez dugu apopilorik hartzen, Miss Morgan.

        — Oh, ez nuen hori esan behar. Baina, egia, hainbeste gustatu zait toki hau!

        — Willa! —hots egin zuen Mr. Whitesidek. Eta bere emaztea ate erdi irekian azaldu zenean—: Dama gazte honek apopilo egon nahi du gure etxean. Maistra berria da.

        Mrs. Whitesidek kopeta zimurtu zuen.

        — Ezta pentsatu ere. Ez ditugu apopiloak hartzen. Politegia da Bill txoroxka horren inguruan egoteko. Zer gertatuko litzaieke bere behi horiei? Buruhaustea besterik ez genuke izango. Goiko hirugarren gelan lo egin zenezake —esan zion Mollyri—. Ez dio eguzkiak asko ematen, baina beno.

        Bizitzak beste itxura bat hartu zuen. Bat-batean erregina bezala sentitu zen Molly. Estreinako egunetik eskolako umeek oso maitea izan zuten, zeren berak ulertu egiten baitzituen, eta hori baino gehiago, bidea zabaltzen zuen umeek ere bera uler zezaten. Denbora puska bat behar izan zuen pertsona garrantzitsua bihurtu zela konprenitzeko. Dendan bi gizon eztabaidan hasten baziren historia edo literatura edo matematiketako edozein gai zela-eta, eta ez aurrera ez atzera geratzen baziren, hau esanda bukatzen zuten: «Jo dezagun maistragana! Ez baldin badaki, aurkituko du jakiteko modua.» Molly oso harro zegoen halako auziak erabakitzeko gai izateaz. Festarik zenean, apainketa lanetan lagundu eta errefreskoetaz arduratu beharra izaten zuen.

        — Nik uste pinu adarrak jarriko ditugula denean. Politak dira eta usain ederra dute. Festa usaina dute.

        Jendearen ustetan dena jakitea eta denean laguntzea zegokion, eta hori gustatu egiten zitzaion berari.

        Whiteside-tarren etxean, esklabo bat bezala saiatzen zen su-aldean, Willaren marmarizoen pean. Sei hilabeteren buruan, hala esan zion Mrs. Whitesidek senarrari purrustadan:

        — Orain, Billek batere zentzurik balu... Ez hori bakarrik —jarraitu zuen—, Mollyk batere zentzurik baldin badu...

        Eta hartan utzi zuen esaldia.

        Gauez Mollyk eskutitzak idazten zizkien Magisteritza Eskolan egindako lagun bakanei, bere auzokoei buruzko istorio txikiz betetako eskutitz alaiak. Festa guztietara joan beharra zeukan bere postuak gizarte hartan zuen prestigioagatik. Larunbatetan mendira joan eta garoak eta larre-loreak ekartzen zituen etxe inguruan aldatzeko.

        Bill Whitesidek, Mollyri begiratu bat eman, eta bere behietara itzuli zen aldean. Denbora asko kosta zitzaion maistrari hitz batzuk esateko kemena biltzea. Mutil gazte handi eta inozoa zen, ez aitaren orekarik ez amaren umorerik ez zuena. Denborarekin, ordea, atzetik segitzen hasi zitzaion Mollyri, eta urrutitik zaintzen.

        Ilunabar batean, halako esker on sentimendu batez bere zorionagatik, Mollyk bere aitaz hitz egin zion Billi. Lonazko siletan eserita zeuden galeria zabalean, ilargiaren zain. Bisita haietaz hitz egin zion, eta, gero, aitaren desagertzeari buruz.

        — Ulertzen al duzu nire sentimendua, Bill? —esan zion—. Nire aita maitagarria bazterren batean dago. Nirea da. Bizirik dago zure ustez, ezta, Bill?

        — Litekeena da —esan zuen Billek—. Baina diozunagatik, tipo axolagabe samarra zen. Barkaidazu, Molly. Dena dela, bizirik badago, xelebrea da inoiz ez idatzi izana.

        Molly jelatuta geratu zen. Halako arrazoinamenduak baitziren, hain zuzen, ordura arte bere buruari ukatu zizkionak.

        — Jakina —esan zuen lehor—. Hori badakit. Orain lan pixka bat egin beharra daukat, Bill.

        Zeruko Belardietako ibarra inguratzen zuten muino haietako baten goialdean, bazen txabola zahar bat herrialde osoaren eta auzoko errepide guztien ikusmira eskaintzen zuena. Kontatzen zen Vasquez bandiduak altxa zuela txabola eta bertan bizi izan zela urtebetez, sheriffaren gizonek herrialde guztia txikitzen zuten bitartean haren bila. Mugarri bat zen. Ibarreko guztiak ikustera joanak ziren noiz edo behin. Eta ia denek artean ez al zuen bisitatu galdetzen zioten Mollyri.

        — Ez —esaten zuen berak—, baina egunen batean igoko naiz. Edozein larunbatetan joango naiz. Badakit nondik abiatzen den bide-zidorra.

        Goiz batez mendiko bota berriak eta panazko gona jantzi zituen. Bill nonbaitetik atera, eta Mollyrekin joateko eskaini zen.

        — Ez —esan zuen Mollyk—. Lana daukazu egiteko. Ezin duzu nigatik lana utzi.

        — Pikutara lana! —esan zuen Billek.

        — Beno, nahiago dut bakarrik joan. Ez zaitut mindu nahi, Bill, baina bakarrik joan nahi dut.

        Pena zuen berarekin etortzen utzi ez ziolako, baina beste aldi hartan bere aitaz egin zuen adierazpenak ikara eman zion Mollyri. «Abentura bat izan nahi dut», esan zion bere buruari. «Bill nirekin etorriz gero, ez da inolaz ere abentura izango. Paseo bat izango da besterik gabe.»

        Ordu t'erdi behar izan zuen harizpeko bide-zidor malkartsua igotzeko. Lurreko hostoak kristala bezain irristak zeuden, eta eguzkiak gogor berotzen zuen. Garo eta goroldio heze eta yerba buena-ren usain ederrak airea betetzen zuen. Azkenean muinoaren gailurrera heldu zenean, Molly izerditan eta arnaska zegoen. Sastraka arteko zabalgune batean aurkitzen zen txabola, gelatxo koadratu, egurrezko bat batere leihorik ez zuena. Bere aterik gabeko sarrera itzal beltz bat zen. Isilik zegoen tokia, euli eta erle eta kilkerrek egiten duten isiltasun burrunbatsu horrekin. Muinoaren malda osoak eztiro kantatzen zuen eguzkitan. Molly hanka-punttaka hurbildu zen. Bere bihotzak taupada bortitzak ematen zituen.

        «Abentura bat bizitzen ari naiz orain», xuxurlatu zuen. «Abentura baten erdi-erdian nago orain, Vasquezen txabolan.» Sarreratik kirika egin eta musker bat ikusi zuen ziztu bizian ezkutatzen. Armiarma-sare bat erori zitzaion kopetara, aurrera segitzen utzi nahi ez balio bezala. Txabola barruan ez zegoen ezertxo ere, bakarrik hautsezko zorua eta egurrezko horma ustelduak, eta luzaroan eguzkiak eman gabeko lurraren usain heze, antzua. Molly asaldatuta zegoen erabat. «Hementxe esertzen zen gauez. Batzuetan, hotsak aditzen zituenean, arrastaka zetozen gizonenak-edo, errainu baten fantasma bezala atetik atera eta iluntasunean nahasten zen.» Beherantz begiratu zuen, Zeruko Belardietako ibarrera. Baratzek lauki berde ilunak osatzen zituzten; garoa horituta zegoen, eta atzealdeko muinoek lavanda kolorez kutsatutako marroi argi bat ageri zuten. Granjen artean kamioak okertu eta bihurritu egiten ziren, soro bat saihestuz, zuhaitz erraldoi baten ondoan kurbatuz, zirkulu erdia eginez muino baten inguruan. Beroaren lamarak ibar osoan zabaltzen zuen bere beloa. «Irreala», xuxurlatu zuen Mollyk, «fantastikoa. Istorio bat da, benetako istorioa, eta abentura bat bizitzen ari naiz.» Ibarretik halako brisara bat igo zen lo dagoen baten hasperena bezala, eta segituan baretu zen.

        «Egunez Vasquez gazte hark nik oraintxe bezala begiratzen zuen ibarrera. Hementxe jarri, eta han beheko kamioetara begiratzen zuen. Purpura koloreko txaleko bat zeraman soinean, galoi doratuekin, eta bere prakak tronpeten ahoak bezala zabaltzen ziren bere berna argaletan behera. Bere ezproien akerrak zetazko zintez bilduta zeuden kinkatakorik atera ez zezaten. Batzuetan sheriffaren gizonak zaldi gainean pasatzen ikusten zituen beheko kamio batean. Zorionez berarentzat, gizon haiek beren zaldien lepo gainera makurtuta zihoazen eta ez zuten muino tontorretara begiratzen. Barre egiten zuen Vasquezek, baina beldurra ere bazuen. Batzuetan kantatu egiten zuen. Bere kantak eztiak eta tristeak ziren, bai baitzekien ez zela oso luzaro biziko.»

        Molly maldan eseri eta esku ahurretan apoiatu zuen kokotsa. Vasquez gaztea bere ondoan zegoen zutik, eta Vasquezek bere aitaren aurpegi alaia zuen, haren begi distiratsu berberak portxean azaltzen zenean, oihu eginez: «Kaixo, umeak!» Halakoxeak ziren bere aitak bizi izandako abenturak. Mollyk bere buruari eragin eta zutitu egin zen. «Orain ostera hasierara jo eta pentsatu egingo dut dena berriro.»

        Arratsaldeko azken orduan Mrs. Whitesidek Mollyren bila bidali zuen Bill.

        — Hanka okertuko zuen akaso, badakizu. —Baina Molly bidezidorrean azaldu zen Bill handik abiatzera zihoan une berean.

        — Galdu ote zinen pentsatzen hasita geunden —esan zion Billek—. Txabolaraino joan al zara?

        — Bai.

        — Zer kaxa zahar xelebrea, ezta? Egurrezko estalpe zahar bat besterik ez da. Inguru horietan dozena bat badira hori bezalakoxeak. Harrituko zinateke, hala ere, txabola ikustera igotzen den jende pilarekin. Eta xelebreena da inork ez dakiela seguru Vasquez han egon zen ala ez.

        — Oh, nik uste txabolan egona izan behar zuela.

        — Zerk pentsarazten dizu hori?

        — Ez dakit.

        Bill serio jarri zen.

        — Mundu guztiak pentsatzen du Vasquez hori heroi moduko bat izan zela, baina errealitatean lapur bat besterik ez zen izan. Ardiak eta zaldiak osten hasi eta diligentziei erasoka bukatu zuen. Horretarako pertsona bat edo beste hil beharra ere izan zuen. Nire ustez, Molly, lapurrei, ez mirespena, baizik eta gorrotoa izaten erakutsi beharko genioke jendeari.

        — Horixe, Bill —esan zuen Mollyk gogaitu antzera—. Arrazoi guztia duzu. Axolako al litzaizuke pixka batean isilik egotea, Bill? Uste dut nekatu samarra nagoela, eta urduri, gainera.

        Denboraren gurpilak bueltaka segitu zuen. Sahatsek kimu berriak izan zituzten eta larre-loreek muinoak jantzi zituzten. Mollyk aurkitu zuen ibarrean bere falta eta beharra zutela. Eskola-batzarraren bileretara ere joaten zen. Beste garai batean batzar sekretu eta beneragarri haiek ateak itxita ospatu izan ziren, mundu guztiarentzat misterio eta terrore huts. Orain ordea, John Whitesideren salako bidea zabaldu ziotelarik, Mollyk jakin zuen batzar haietan uztari buruzko eztabaidak izaten zituztela, istorioak kontatzen zirela eta zurrumurru gaitzik gabeak barreiatzen zirela.

        Bert Munroe udazken hasieran aukeratu zuten eskola-batzarrerako, eta udaberrirako bera zen partaiderik kementsuena. Berak antolatzen zituen dantzaldiak eskolan, bera aritzen zen ekinean antzezlanak eta picnic-ak egin zitezen. Sariak ere eskaini zituen eskolako nota buletinik onenentzat. Batzarrak gero eta ardura gehiago uzten zituen Berten bizkar.

        Ilunabar batean Molly berandu jaitsi zen bere gelatik. Batzarrak bilera zuen guztietan bezala, Mrs. Whiteside jangelan eserita zegoen.

        — Uste dut ez naizela bilerara sartuko —esan zion Mollyk—. Daudela behingoz beren kasa. Batzuetan pentsatzen dut beste mota bateko istorioak kontatuko lituzketela ni aurrean ez banengo.

        — Sar zaitez, Molly! Ezin dute zu gabe bilerarik egin. Ohituta daude zuk ere parte hartzera eta galduta sentituko lirateke. Gainera, ez dut uste nahi dudanik beste istorio horrek konta ditzaten.

        Obedituz, atea jo eta salara sartu zen Molly. Bert Munroek eten egin zuen kortesiaz une hartan kontatzen ari zen istorioa.

        — Nire morroi berriaz ari nintzen, Miss Morgan. Berriro hasiko naiz, nahiko kontu xelebrea da-eta. Begira, laguntzaile bat behar nuen belarra etxeratzeko, eta tipo hori jaso nuen Salinas ibaiaren zubi azpitik. Mozkortu samarra zegoen, baina lan bat nahi zuen. Halaxe ba, hartzen dut nirekin, eta lanerako bost xentimorik ez duela balio ikusten dut, baina ezin naiz beratzaz libratu. Lotsagabe horrek ezagutu ez duen tokirik ez da. Aditu egin beharko zenukete egon den tokiei buruz hizketan hasten denean. Nahi banu ere nire umeek ez lidakete utziko etxetik bidaltzen. Izan ere, kapaza da ikusi duen gauzarik txikienetik istorio eder bat ateratzeko. Nire umeak ondoan eseri eta entzuten egoten zaizkio, belarriak zabal-zabal eginda. Gero, hilean bi aldiz-edo, oinez Salinasera joan eta parranda egiten du. Aldian behin mozkortzen diren horietakoa da. Salinaseko poliziek hots egin egiten didate kamio bazterren batean aurkitzen dutenean, eta bere bila joan beharra izaten dut kotxea hartuta. Eta begira, bere onera etortzen denean, beti badu opariren bat poltsikoan Mannvrentzat, nire mutil-koskorrarentzat. Horrelako gizon batekin ezin duzu ezer egin. Desarmatu egiten zaitu. Hilean ez diot dolar baten balioko lanik ateratzen.

        Molly ondoezik sentitu zen beldurrez. Gizonak barrez ari ziren istorio harengatik.

        — Bigunegia zara, Bert. Ez zaude etxean kontalari bat mantentzeko moduan. Azkar asko libratuko nintzateke ni gizon horretaz.

        Molly zutitu egin zen. Ikaragarrizko beldurra zeukan norbaitek gizonaren izena galdetuko ote zuen.

        — Ez naiz gaur gauean oso ondo sentitzen —esan zuen—. Barkatzen badidazue, jaunok, uste dut oheratu egingo naizela.

        Gizonak zutitu egin ziren berak gela uzten zuen bitartean. Bere ohean, burua burkoan ezkutatu zuen. «Erokeria da», esan zuen berekiko. «Aukera bakar bat ere ez dago mundu osoan. Oraintxe bertan ahaztuko dut kontu guzti hori.» Baina, bere etsipenerako, negarrez ari zela antzeman zuen.

        Ondorengo asteak oinazetsuak izan ziren Mollyrentzat. Ez zuen etxetik ateratzeko gogorik. Eskolarakoan eta etxerakoan aurrean zuen bideari begiratzen zion. «Kanpotarren bat ikusiz gero korrika alde egingo dut. Baina erokeria da hori. Eroarena egiten ari naiz.» Bere gelan bakarrik aurkitzen zuen segurtasuna. Izuak kolorea galarazten zion, begietako distira kentzen zion.

        — Molly, ohera joan beharko zenuke —esaten zion behin eta berriz Mrs. Whitesidek—. Ez zaitez tuntuna izan. Billiri bezala zartako bat eman behar ote dizut ohera joan zaitezen?

        Baina Mollyk ez zuen ohera joan nahi. Gauza gehiegi pentsatzen zituen ohean zegoenean.

        Batzarra hurrena bildu zenean, Bert Munroek ez zuen ageririk eman. Molly lasaituta eta ia zoriontsu sentitu zen hura etorri ez zenean.

        — Hobeto zaude, ezta, Miss Morgan?

        — Oh, bai. Huskeria izan zen, katarro moduko bat. Oheratu izan banintz beharbada benetan gaizkituko nintzen.

        Batzarrak bazeraman ordubete bilduta Bert Munroe sartu zenean.

        — Barkatu atzerapena —desenkusatu zen—. Betiko kontua gertatu da. Nire morroi delako hori Salinaseko kaleetan zegoen lotan. Zer saltsa! Kotxean dago, hortxe kanpoan, lotara jarrita aitzurra pasatzeko. Bihar mangerarekin garbitu beharko dut kotxea.

        Izuak eztarria korapilatu zion Mollyri. Une batez, kordea galduko zuela iruditu zitzaion.

        — Barkatu, joan beharra daukat —hots egin, eta korrika atera zen gelatik. Sarrera ilunera jo eta horman apoiatu zen. Gero poliki eta automatikoki ate nagusitik atera eta harmailak jaitsi zituen. Gaua zurrumurruz beteta zegoen. Kanpoan, errepidean, Bert Munroeren kotxearen masa beltza ikusi zuen. Harrigarria egiten zitzaion bere hankak bidetik tankera hartan joatea, erabat beren kabuz. «Orain nire burua hiltzen ari naiz», esan zuen. «Orain dena harrika botatzen ari naiz. Zergatik ote.» Eskupean zeukan langa, eta bere eskua okertu egin zen hura irekitzeko. Orduan brisaratxo bat altxa zen, bere sudurrera gonbitoen kirats bizia ekarri zuena. Mozkor zurrunka lanturoso bat aditu zuen. Berehala, bere buruan zerbait jirabiraka hasi zen. Buelta eman eta etxera itzuli zen Molly, eroa bezala korrika. Bere gelan atea giltzaz itxi eta tente-tente eseri zen, arnaska lasterketaren ahaleginagatik. Orduak pasa zirela iruditu zitzaion gizonak etxetik ateratzen sentitu baino lehen, elkarri gabona emanez. Gero Berten kotxea martxan jarri zen, eta motorraren hotsa kotxea urruntzeaz batera itzali zen. Eta orduan, abiatzeko prest zegoen une hartan, paralizatuta sentitu zen Molly.

        John Whiteside bere idazmahaian idazten ari zen Molly salara sartu zenean. Galde-minez begiratu zion.

        — Ez zaude ondo, Miss Morgan. Sendagile bat behar duzu.

        Molly mahaiaren aurrean geratu zen, tente-tente.

        — Ordezko bat bilatuko al zenidake? —galdetu zuen.

        — Horixe baietz. Sar zaitez segituan ohean eta sendagile bati deituko diot.

        — Ez da hori, Mr. Whiteside. Joan egin nahi dut hemendik gaur gauean bertan.

        — Zertaz ari zara? Ez zaude ondo.

        — Nire aita hila zela esan nizun. Ez dakit hila den ala ez. Beldur naiz... joan egin nahi dut gaur gauean.

        Mr. Whitesidek arreta biziz begiratu zion.

        — Esplikatu zer esan nahi duzun —esan zuen eztiro.

        — Mr. Munroeren gizon mozkor hori ikusiko banu —gelditu egin zen bat-batean, esatera zihoanagatik izututa.

        John Whitesidek buruari eragin zion astiro.

        — Ez! —hots egin zuen Mollyk—. Ez dut hori pentsatzen. Horixe ezetz.

        — Zerbaitetan laguntzea gustatuko litzaidake, Molly.

        — Ez dut joan nahi, gustura nago hemen... Baina beldur naiz. Hain da garrantzitsua niretzat!

        Zutitu egin zen John Whiteside, eta Mollyren ondora etorri eta bizkarra inguratu zion besoaz.

        — Ez dut uste ondo ulertzen dudanik —esan zuen—. Ez dut uste ulertu nahi dudanik. Ez da beharrezkoa. —Bere buruarekin ari zela ematen zuen—. Ez litzateke fintasun handikoa izango zera... ulertzea.

        — Behin hemendik joanez gero, ez sinestea posible izango zait —esan zuen Mollyk antsika.

        John Whitesidek estutu azkar bat eman zion sorbaldan bere beso besarkatzaileaz.

        — Zoaz agudo gora eta bildu zure gauzak, Molly —esan zion—. Kotxea hartu eta Salinasera eramango zaitut oraintxe bertan.

 

 

 

© John Steinbeck

© itzulpenarena: Maria Garikano

 

 

"John Steinbeck / Zeruko Belardiak" orrialde nagusia