7

 

        Guillermo Lopez zaharra alabak nahiko hazita zituela hil zen, herentzia bezala berrogei Are utzita malda arrokatsutan, eta dirutan ezer ez. Txabola bat zuten bizitoki, karez zuritua eta txapazko teilatuarekin, aldamenean letrina bat zuena, putzu-zulo bat eta estalpe bat. Lur idorrean ez zen ia ezer ere sortzen, bakarrik laharrak eta salbia loreduna, eta ahizpak gogotik saiatu arren beren baratzetxoak apenas ematen zuen barazkirik. Bolada batez, martirio latzean, gosea pasa zuten, baina azkenean haragia garaile atera zen. Lodiegiak eta alaiegiak ziren erlijioarekin zerikusirik ez zuen zerbaitengatik, alegia janaren asunto harengatik, beren buruak martirizatzeko.

        Egun batez Rosak burutapen bat izan zuen:

        — Ez al ditugu guk egiten ibarreko tortillarik onenak? —galdetu zion bere ahizpari.

        — Gure amagandik ikasi geninan arte hori —erantzun zuen Mariak debozioz.

        — Hortaz salbatuta gauden. Entxiladak, tortillak eta tamalak egin eta Las Pasturas del Cielo-ko jendeari salduko zizkionagu.

        — Jende horrek erosiko dituela iruditzen al zain? —galdetu zuen Mariak ezkor.

        — Entzun, gauza bat esango dinat-eta, Maria. Monterreyn toki asko zeuden gureak baino askoz tortilla kaskarragoak saltzen dituztenak. Eta saltzaileak oso aberatsak ditun. Urtean hiru aldiz soineko berria estreinatzen dinate. Eta haien tortillak konpara al daitezke gureekin? Gure ama gogoan hartuta egiten dinat galdera hori.

        Mariaren begiak emoziozko malkoz gainezka zeuden.

        — Ez, ezin ditun konparatu —deklaratu zuen kartsuki—. Mundu osoan ez zegon geure amaren esku sainduek egindako tortilla haiek bezalakorik.

        — Beno, hortaz, adelante! —esan zuen Rosak erabakita—. Hain onak badira, erosiko dizkin jendeak.

        Prestakuntza ardailatsuko astea izan zen ondorengoa, bi ahizpek izerditan pasa zutena, garbiketa eta apainketa lanetan. Dena bukatu zutenean, beren etxetxoak kare kapa berria zeukan barrutik eta kanpotik. Geranio zuztarrak zeuden aldatuta sarrerako eskailera-mailen ondoan, eta urtetan pilatutako traste zahar guztiak erreak zituzten. Etxearen aurrealdeko gelari jatetxe baten itxura eman zioten, eta bi mahai zeuden bertan, hule horiz jantziak. Errepide ondoko hesian, pinuzko ohol batek iragartzen zuen: «Tortillak, entxiladak, tamalak eta beste berezitasun espainiarrak, R. & M. Lopez.»

        Bezeroak ez ziren arrapaladan etorri. Egia esan, oso gutxi etorri ziren. Bi ahizpak beren mahai hori haiexetan eseri eta itxoin egiten zuten. Umeak bezalakoak eta alaitsuak ziren, eta ez oso txukunak. Siletan eseri eta fortunari itxoiten zioten. Baina bezero bat sartu orduko, azkar asko zutitzen ziren hari kasu egiteko. Barre egiten zuten gogotik bezeroak esandako guztiarekin; harro mintzatzen ziren beren arbasoez, eta biek prestatutako tortillen fintasun zoragarriaz. Ukalondoraino goratzen zituzten mahukak beren azalaren zuritasuna erakusteko, Indio odola ukatzeko lehia bizian. Baina oso bezero gutxi etortzen ziren. Ahizpak zailtasunak aurkitzen hasi ziren negozioarekin jarraitzeko. Ezin zituzten beren produktuak kantitate handian prestatu, hondatu egingo baitziren luzaro gordez gero. Tamalek haragi freskoa behar dute. Beraz, tranpak jartzen hasi ziren txori eta untxientzat; txolarre, zozo eta larretxoriak kaioletan edukitzen zituzten haietaz behartu arte tamalak egiteko. Eta hala eta guztiz negozioa makalduz zihoan.

        Goiz batez Rosa aurrean jarri zitzaion ahizpari.

        — Lindo zahar hori tresnatu behar dun, Maria. Artabururik gabe geratu gaitun.

        Zilarrezko txanpon bat jarri zuen Mariaren eskuan.

        — Hoa Monterreyra, baina gutxi erosi —esan zion—. Negozioa hobetzen denean mordoa erosiko dinagu.

        Mariak, obedituz, ahizpari musu eman eta estalpe aldera abiatu zen.

        — Eta, Maria... batere dirurik sobratzen bazain, erosi gozoki bana biontzat... gozoki handi bana.

        Arratsalde hartan etxeratu zenean, Mariak nabarmenki isila aurkitu zuen bere ahizpa. Bai oihu zorrotzak eta garrasitxoak, bai joan-etorriaren xehetasun guztiei buruzko eskaerak, berriro ikustean elkarri egin ohi zizkiotenak, faltan zeuden. Rosa silan eserita zegoen mahaietako batean, eta aurpegian kontzentraziozko zimur bat ageri zuen.

        Maria herabeki hurbildu zen.

        — Oso merke erosi dizkinat artaburuak —esan zuen—. Eta begira, Rosa, begira gozokia. Handietakoa, eta lau zentabo bakarrik!

        Rosak hartu eskaintzen zioten karameluzko barratxoa eta puska handi bat ahora eraman zuen. Kopeta zimurtuta segitzen zuen, pentsakor. Maria aldamenean eseri zitzaion, irribarre eginez eztiro, xelebreki, eta, isil-isilik, bere partea eskatuz ahizparen karga hartatik. Rosa harkaitz bat bezala zegoen eserita eta bere karameluzko barratxoa miazkatzen zuen. Bat-batean, begirazo bat bota zuen Mariaren begietara.

        — Gaur —esan zuen solemnitatez— gaur bezero bati eman zionat neure burua.

        Maria negar-zotinka hasi zen emozio eta jakin-minez.

        — Ez gaizki ulertu —jarraitu zuen Rosak—. Ez dinat dirurik hartu. Gizona hiru entxilada janda zegonan... hiru!

        Maria urduritasunezko ume-antsia txorrotxez lehertu zen.

        — Hago lasai —esan zion Rosak—. Zer iruditzen zain egin behar dudala orain? Aurrera aterako bagara animatu egin behar dizkinagu gure bezeroak. Eta hiru hartu dizkin, Maria, hiru entxilada! Eta ordaindu egin dizkin. Eta? Zer iruditzen zain?

        Mariak sudurrari ziztatu eta, ahizparen arrazoinamenduaren aurrean, bere kemen morala adierazi nahi izan zuen.

        — Nik uste, Rosa, nik uste gure ama pozik egongo litzatekeela, eta nik uste hire arima ere alaitu egingo litzatekeela Ama Birjinari eta Santa Rosari barkamena eskatuko bahie.

        Rosak zabalki irribarre egin eta besoetan hartu zuen Maria.

        — Horixe da egin dudana. Gizona joan orduko. Gizonari etxetik ateratzeko betarik eman baino lehen horretantxe ari nindunan.

        Maria ahizparen besoetatik libratu eta bere gelara joan zen malkoak isuriz. Hormako Ama Birjin txikiaren aurrean belaunikatuta egon zen hamar minutuz. Gero altxa eta Rosaren besoetara bota zen.

        — Rosa, ahizpa nirea —hots egin zuen alaiki—. Uste dinat, uste dinat nik ere animatu egingo ditudala bezeroak.

        Lopez ahizpek elkar estutu zuten besarkada handi batean, beren alaitasunezko malkoak nahastuz.

        Egun hark bihurgune bat ezarri zuen Lopez ahizpen asuntoetan. Egia da negozioa ez zela loratu, baina handik aurrera, behar hainbat «berezitasun espainiar» saldu zituzten su-aldean jana edukitzeko eta beren bizkar zabal, borobiletan kolore biziko soineko estanpatuak eramateko. Tinko zirauten erlijioari zegokionez. Bietako batek bekatu egiten zuenean, xuxen-xuxenean ezkaratzera jo —orain han baitzeukaten portzelanazko Ama Birjin txikia, bi logeletatik eskurago edukitzearren— eta errezatu egiten zuen barkamen eske. Ez zuten itxoiten bekatuak pilatu arte. Egin ahala aitortzen zituzten. Ama Birjinaren azpian leunduta zegoen zorua, kamisoiez belaunikatzen ziren tokian.

        Bizitza oso atsegina bihurtu zen Lopez ahizpentzat. Bien artean ez zegoen norgehiagokaren zantzurik, zeren, Rosa zaharragoa eta ausartagoa bazen ere, ia berdinak ematen baitzuten. Maria lodixeagoa zen, baina Rosa altuxeagoa, eta hori zen dena.

        Orain etxea algarez eta entusiasmozko oihuez beteta zegoen. Kantatu egiten zuten, harri txapalei buruz makurtuta, tortillen oreari tapatakoak eman bitartean beren esku gizen, indartsuekin. Bezero batek gauza barregarriren bat esan zuela, edo Tom Bremanek, bere hirugarren tamala janez, zera esan zuela: «Rosa, bizimodu oparoegia daraman. Esne mamitan bizitze honek hesteak lehertuko dizkin, horrela jarraitzera...» eta bi ahizpak barrez bihurri-bihurri eginda egongo ziren ordu erdi batez. Hurrengo egunean ere, harriaren gainean tortillari tapatakoak eman bitartean, ateraldi hura gogoratu eta barre egingo zuten ostera. Zeren ahizpa hauek bai baitzekiten barrea luzatzen, goxatzen eta entretenitzen, haren posibilitateak azken kondarreraino xurgatu arte. Don Tom gizon egokia zen, zioten biek. Gizon dibertigarria, eta gizon aberatsa. Behin batez bost platerkada chile con carne jan zituen. Baina gainera, gizon aberats gehienak ez bezala, hombre fuerte bat zen, oh, oso indartsua! Tortillentzako harrien gainetik buruari eragiten zioten adierazpen horren aurrean, askojakinen erara eta oroiminez, ardo on batez gogoratzen diren bi aditu bezala.

        Ez dezala inork pentsa ahizpek esku zabala zutenik animoak emateko orduan. Dirurik ez zuten onartzen ezpazen janariengatik. Baina gizonen batek beren plater haietatik hiru edo gehiago jaten bazituen, ahizpen bihotz samurrak esker onez betetzen ziren, eta gizon hura animatua izateko gai bihurtzen zen.

        Gau zoritxarreko batean, gizon batek, hiru entxilada jateko apetiturik ez zeukala-eta, lotsaren dirua eskaini zion Rosari. Beste bezero batzuk ere baziren ordu hartan etxean. Elkarrizketa pilpilean zegoela bota zen eskaintza. Berehala itzali zen hotsa, isiltasun izutuari tokia eginez. Mariak eskuetan gorde zuen aurpegia. Rosa aurrena zurbildu, eta segidan gorri-gorri jarri zen bere odolaren oldarraz. Arnasestuka zegoen emozioz, eta begiak txinpartaka zeuzkan. Bere esku gizen, indartsuak arranoak bezala goratu eta bere aldaketan pausatu ziren. Baina mintzatu zenean, emozioari modu bitxian eutsiz mintzatu zen.

        — Iraina da hori niretzat —esan zuen lehor—. Beharbada ez dakizu Vallejo Jenerala ia gure arbasoa dela, hurbil-hurbileko senidea dugu-eta. Geure zainetan odol garbia dago. Zer esango luke Vallejo Jeneralak adituko balizu? Ezpata atera gabe egoterik izango lukeela uste al duzu, bi dama, bere senide hurbil-hurbilak, nota iraintzen dituzun adituta? Hori uste al duzu? «Emakume lotsagarriak zarete!», esaten diguzu. Nor eta gu, California guztiko tortillarik txapalenak eta onenak egiten ditugunok. —Arnaska zegoen bere burua kontrolatzeko egin beharra zeukan ahaleginagatik.

        — Asmo txarrik gabe esan dut —egin zuen antsi irain-egileak—. Jainkoarren, Rosa, asmo txarrik gabe esan dut.

        Orduan Rosari joan egin zitzaion haserrea. Bere eskuetako batek, hegan altxa aldakatik, larretxori bat bezala oraingoan, eta keinu bat egin zuen ia tristeki ate aldera.

        — Zoaz —esan zuen eztiro—. Ez dut uste asmo txarrik zenuenik, baina halere iraina hortxe dago. Eta orain —gaineratu zuen, akusatua isil-isilik atetik ezkutatzen zen bitartean—, eta orain, beste inork nahi al du chiles con frijoles platerkada bat? Nork nahi du? Chiles con frijoles munduan parerik gabeak!

        Gehienetan zoriontsu ziren, bi ahizpa horiek. Mariak, izaera oso delikatu eta goxokoa, geranio gehiago aldatu zituen etxe inguruan, eta malba gorriak jarri zituen hesiaren jira guztian. Salinasera egindako bidaia batean, Rosa eta Mariak etxerako txanoak erosi eta elkarri erregalatu zizkioten, zinta arrosa eta urdinekikoak eta azpikoz gora jarritako habien itxurakoak. Moda gorrian zeuden! Elkarren ondoan ipinita ispilura begiratu, burua jiratu eta irribarre egin zioten elkarri apur bat tristeki, pentsatuz: «Hau da egun handia. Hau da beti zorion garaia bezala gogoratuko dugun aldia. Zer lastima irauterik ez izatea.»

        Bizimodu hark ez irauteak beldur ematen ziolako, Mariak lore txarro handiak edukitzen zituen bere Ama Birjinaren aurrean.

        Baina gutxitan nozitzen zituzten halako aurresentipenak. Mariak fonografo txiki bat erosi zuen disko eta guzti: tangoak, baltsak... Ahizpek lanari ekiten ziotenean, harriei buruz makurtuta, makina martxan jarri eta musikaren konpasean prestatzen zuten tortillen orea.

        Ezinbestekoa zen bezala, Zeruko Belardietako ibarrean berehala zabaldu zen Lopez ahizpak emakume txarrak zirelako zurrumurrua. Ibarreko damek hotz hitz egiten zieten pasaeran. Ezinezkoa da jakitea nola heldu zitzaien dama haiei berria. Senarrek esanda ez behintzat, noski, baina nolanahi ere bazekiten; beti jakiten dute.

        Larunbat batean, egunsentia baino lehentxeago, Mariak mandatresna zahar, sokez konpondua atera eta Lindoren hezurren gainean jarri zuen girnalda bat bailitzan. «Izan ezak kemena, adiskide», esan zion zaldiari, aztal-uhalak lotzen zizkiola, eta, «Ahoa, mesedez, Lindo nirea», ahokoa sartzen ziola. Gero atzera egitera behartu zuen buggy zahar baten hagen artetik. Lindok estropezu egin zuen propio hagekin, beti bezala azken hogeita hamar urteetan. Mariak hedeak kakotu zituenean, filosofo tristura astun batez begiratu zion animaliak. Lindo zaharra ez zen jadanik kezkatzen bere irtenaldien jomugaz. Zaharregia zen etxera itzultzeko ideiarekin suspertzeko ere, behin atera eta gero. Oraingo honetan, bere ezpain lodiak goratu, hortz hori, luzeak agerian utziz, eta imintzio etsia egin zuen.

        — Bidea ez duk luzea —kontsolatu zuen Mariak—. Poliki joango gaituk. Ez duk bidaiagatik beldurtu behar, Lindo.

        Baina Lindok beldurra zion bidaiari. Gorrotatu egiten zuen Monterreyko joan-etorria.

        Buggya modu kezkagarrian hondoratu zen Maria gora igo zenean. Kontu handiz hartu zituen hedeak eskuetan. «Aurrera, adiskide», esan zuen hedeak astinduz. Lindok dardara egin eta, burua jiratuta, begiratu egin zion. «Aditzen al duk? Abiatu egin behar diagu! Erosketak egin behar dizkiat Monterreyn.» Lindok burua astindu eta belaun bat makurtu zuen erreberentzia moduko batean. «Aizak, Lindo!», hots egin zion Mariak agintetsu. «Abiatu egin behar dugula esan diat. Erabakita nagok. Eta haserre nagok gainera.» Bere amorrazio guztiarekin, Lindoren bizkar gainean astindu zituen hedeak. Lindok burua ia lurreraino makurtu, usnaka dabilen ehiza-txakurrak bezala, eta esparrutik atera zen poliki-poliki. Bederatzi milia egin beharko zituen Monterreyraino, eta beste bederatzi milia etxerakoan. Ondo asko zekien Lindok hori, eta jakiteak etsipenez betetzen zuen. Baina orain, tinkotasuna eta haserrea pasata, Maria bere eserlekuan ondo jarri eta Waltz Moon tangoaren estribilloa kantatzen hasi zen ezpain artean.

        Muinoek dizdiz egiten zuten ihintzarekin. Mariak, aire fresko eta hezea arnastuz, ozenago kantatzen zuen, eta Lindok berak ere bere sudur-zulo zaharretan nahiko gaztetasun aurkitu zuen hats bafadak botatzeko. Larretxori batek aurrea hartu zien, postez poste hegaldatuz eta ito beharrean kantatuz. Urrutian, bere aurrealdean, Mariak gizon bat ikusi zuen errepidetik oinez zihoana. Harrapatu baino lehen ere, ondo asko igarri zuen, haren pauso arrastakari eta tximu antzekoagatik, Allen Hueneker zela, ibarreko gizonik itsusiena eta lotsatiena.

        Allen Huenekerrek, tximu baten ibilera izateaz gain, tximu baten itxura zuen. Mutil-koskorrek, adiskideak iraindu nahi zituztenean, Allen behatzaz seinalatu eta esaten zuten: «Hortxe zihoak hire anaia.» Beti asmatzen zuten broma harekin. Allen berriz, hain lotsatia zenez, eta bere itxurarekin hain izututa zegoenez, patilak uzten saiatu zen aurpegia gorde ziezaioten; baina bixar zakar, bakanak okerreko tokian hazten zitzaizkion eta bere simio itxura areagotzea besterik ez zuten egiten. Andreak, bere burua hogeita hamazazpi urteko ikusita hartu zuen senartzat, eta Allen zelako ezagutzen zituen gizon guztien artetik bere burua babesten ez zekien bakarra. Geroago argi eta garbi geratu zen emakume hark sistema berezi bat zuela, jeloskor egotea eskatzen zuena behar bezala funtzionatzeko. Allenen bizitzan bere jelosia piztuko zuen ezer aurkitu ez zuenez, gauzak asmatzen hasi zen. Istorioak kontatzen zizkien auzokoei senarrak emakumeekin zuen arrakastaz, edo hartaz fidatu ezinaz, edo ezkutuan burutzen zituen lege-hausteez. Berak ere sinetsi arte errepikatu zituen istorio horiek, baina auzokoek barre egiten zioten atzetik Allenen bekatuez hitz egiten zuenean, zeren Zeruko Belardietan mundu guztiak baitzekien zer lotsati eta izutia zen gizontxo itsusi hura.

        Lindo urtetsua estropezuka heldu zen Allen Huenekerren parera. Mariak arrapalada zalapartatsuan doan zaldia geldiarazteko bezala tiratu zien hedeei.

        — Astiro, Lindo! Hago lasai! —hots egin zuen.

        Hedeen presiorik arinenarekin batera, Lindo bertan kieto gelditu eta atseden osoko postura hartu zuen, artikulazioak kolokatsu, burua zintzilik.

        — Egunon —esan zuen Mariak gizalegez.

        Allen errepide bazterrera apartatu zen, lotsati.

        — E'unon —esan zuen, burua jiratuz muino bati begiratzeko arreta bortxatuaz.

        — Monterreyra noa —jarraitu zuen Mariak—. Igo nahi al zenuke?

        Allen bihurritu egin zen, eta zerua aztertu zuen hodei edo zapelatzen bat ikusten ote zuen.

        — Autobus geltokiraino bakarrik noa —esan zuen bekozko ilunez.

        — Eta? Bide puska bat badago haraino, ez?

        Gizonak patilak arraskatu zituen, erabakia hartu ezinik. Eta gero, kotxean joateagatik baino gehiago egoerari bukaera emateagatik, buggyra igo eta Maria gizenaren aldamenean eseri zen. Maria alde batera baztertu zen gizona eser zedin, eta gero pixkanaka lehengo tokira itzuli zen.

        — Lindo, aurrera! —hots egin zuen—. Lindo, aditzen al didak? Segi aurrera, berriro haserretzea nahi ez baduk.

        Hedeek klaskatako hotsa atera zuten Lindoren lepo inguruan. Animaliaren muturra lurrerantz makurtu zen, eta azkenik bere paseo geldoari ekin zion.

        Puxka batean isilik joan ziren, baina luze gabe hizpidea ematea zer edukazio onekoa zen gogoratu zitzaion Mariani.

        — Bidaiatzeko asmotan, ezta? —galdetu zuen.

        Allenek haritz bati begirazo bat bota eta hitzik ez zuen esan.

        — Nik behin ere ez dut trenik hartu —aitortu zuen Mariak une baten ondoren—, baina nire ahizpa trenez ibilia da. Behin batez San Franciscora joan zen, eta beste batean etxerako bidea hartu zuen. Jende aberatsak zera esaten omen du, ona dela bidaiatzea. Nire ahizpa Rosak ere hala dio.

        — Ni Salinaseraino bakarrik noa —esan zuen Allenek.

        — Ah! Ni askotan izan naiz han, noski. Rosa eta biok lagun pila bat daukagu Salinasen. Gure ama hangoa zen. Eta gure aita sarritan joaten zen hara egurrarekin.

        Allenek bere lotsaren kontra borroka egin eta esan zuen:

        — Ezin izan dut Ford zaharra martxan jarri, bestela hantxe joango nintzen.

        — Ford bat daukazu, hortaz? —Inpresionatuta zegoen Maria.

        — Ford zahar bat besterik ez da.

        — Rosa eta biok ere askotan esan dugu egunen batean Ford bat erosiko dugula akaso. Orduan toki askotara joateko modua izango dugu. Jende aberatsak zera esaten omen du, ona dela bidaiatzea.

        Elkarrizketa ilustratzeko bezala, Ford zahar bat muinoaren goialdean azaldu eta orroka jaitsi zen beraien aldera. Mariak gogor heldu zien hedeei.

        — Hago lasai, Lindo! —hots egin zion. Lindok batere kasurik ez zion egiten ez Mariari ez Ford-ari.

        Mr. eta Mrs. Munroe zihoazen kotxean. Bertek lepoa luzatu zuen gurutzatu zirenean.

        — Jainko santua! Ikusi al duzu hori? —galdetu zuen barrez—. Ikusi al duzu andre-jale zahar hori Maria Lopezekin?

        Mrs. Munroek irribarre egin zuen.

        — Hara, hara! —hots egin zuen Bertek—. Broma polit askoa litzateke Hueneker atsoari zera esatea, bere agurea Maria Lopezekin ihes egiten ikusi dugula.

        — Ez ezazu horrelakorik egin —esan zuen tinko emazteak.

        — Baina broma ona izango litzateke. Badakizu nola hitz egiten duen senarrari buruz.

        — Ez, ez ezazu hori egin, Bert!

        Bitartean Mariak aurrera segitzen zuen, inuzenteki solas eginez bere gonbidatu ezkorrarekin.

        — Ez zara gure etxera etortzen entxiladak jatera. Ez dago gureak bezalako entxiladarik. Zeren, kontuz!, gure amari ikasi genion. Gure ama bizi zenean, bai San Juango puntan, eta bai Gilroiyko puntan ere, zera esaten zen, beste inork ez zekiela hain tortilla txapal eta meheak egiten. Zeren jakin behar duzu txapaltzea dela, txapaltzea dela tortillari kalitatea eta mehetasuna ematen diona. Inork ez du behin ere orea nire amak bezain luzaro txapaldu, ezta Rosak ere. Orain Monterreyra noa irina erostera, han merkeagoa da-eta.

        Allen Hueneker eserlekuaren bere aldean hondoratuta zihoan, autobus geltokira ailegatzeko irrikatzen.

        Arratsaldearen azken ordua zen Maria etxera inguratu zenerako.

        — Segituan etxean gaituk —hots egin zion poz-pozik Lindori—. Izan kemena, adiskide, bide handirik ez zaiguk geratzen-eta.

        Maria ezinegonez borborka zegoen. Nabarmenkeriazko joerak emanda, lau karameluzko barratxo erosiak zituen, baina hori ez zen dena. Opari bat zeukan Rosarentzat, zetazko liga zabal pare bat, saihetsetan amapola gorri handi-handiez hornituak. Bere irudimenean, haiek janzten ikusten zuen Rosa, eta gero gonak goratzen, baina oso apalki, jakina. Liga haiexei begira egongo ziren biak, lurrean zutik jarritako ispilu batean. Rosak hanka punta pittin bat goratu, eta orduan ahizpek bozkariozko oihuak egingo zituzten.

        Etxe-aurrean, poliki-poliki, tresnak kendu zizkion Mariak Lindori. Bazekien ona zela poza atzeratzea, handitu egiten baitzen hartara. Etxea bake-bakean zegoen. Atarian ez zegoen bezeroen presentzia adieraziko zuen ibilgailurik. Mariak mandatresna zaharra eskegi eta belardira bidali zuen Lindo. Gero karameluzko barratxoak eta ligak atera eta etxe barrura jo zuen poliki-poliki. Rosa mahaitxo haietako batean eserita zegoen, Rosa isil eta uzkur bat, Rosa bekozkodun eta penatu bat. Bere begiek bidriotsuak eta mortuak ziruditen. Esku gizen, tinkoak bere aurreko mahaiaren gainean itxita zeuzkan. Ez zuen ez burua jiratu ez inolako arreta seinalerik eman Maria sartu zenean. Gelditu egin zen Maria, begiak ahizpagan josita.

        — Rosa —esan zuen lotsati—. Etxean naun, Rosa.

        Bere ahizpa jiratu egin zen astiro.

        — Bai —esan zuen.

        — Gaixo al hago, Rosa?

        Begi bidriotsuak mahaira bihurtuta zeuden berriro.

        — Ez.

        — Opari bat zeukanat, Rosa. Begira, Rosa.

        Liga bikain haiek erakusten zizkion.

        Astiro, oso astiro, amapola gorri eta distiratsuetara igo ziren Rosaren begiak, eta gero Mariaren aurpegira. Maria entusiasmozko oihuz lehertzeko zorian zegoen. Rosaren begiak beheratu, eta bi malko lodi jaitsi ziren bere sudur ondoko zimurretatik.

        — Rosa, ikusten al dun oparia? Ez al zaizkin gustatzen, Rosa? Ez al ditun probatu nahi, Rosa?

        — Nire ahizpatxo txintxoa haiz.

        — Rosa, esadan, zer gertatzen da? Gaixo hago. Kontatu egin behar dion hire ahizpari. Norbait etorri al da?

        — Bai —esan zuen Rosak indarge—, sheriffa etorri dun.

        Orduan Maria hitz egin eta hitz egin hasi zen zeharo asaldatuta.

        — Sheriffa etorri dela? Bide onetik goazan orduan. Aberastu egingo gaitun orain. Zenbat entxilada, Rosa? Esan zenbat izan diren sheriffarentzat.

        Rosak bere apatia uxatu zuen. Mariagana joan eta ama batek bezala besarkatu zuen.

        — Nire ahizpatxo gaixoa —esan zion—. Ezingo dinagu hemendik aurrera entxiladarik saldu. Lehen bezala bizi beharko dinagu hemendik aurrera, soineko berririk gabe.

        — Rosa, hi erotuta hago. Zergatik hitz egiten didan horrela?

        — Egiatan ari naun. Sheriffaren kontua dun. «Kexatu egin zaizkit», esan din sheriffak. «Kexatu egin zaizkit, etxe gaizto bat zuzentzen duzuela esanez.» «Baina hori gezurra da», esan zionat nik. «Gezurra eta gainera iraina gure amarentzat eta Vallejo Jeneralarentzat.» «Kexatu egin zaizkit», esan din berak. «Ateak itxi beharko dituzue edo bestela atxilotu egin beharko zaituztet etxe gaizto bat zuzentzeagatik.» «Baina hori gezurra da», saiatu naun ni ulertarazten. «Kexatu egin zaizkit gaur arratsaldean», esan zidan berak. «Kexa bat izaten dudanean, nik ezin dut ezer egin, zeren, begira, Rosa», esan zidan adiskide batek bezala, «Kexatzen zaidan jendearen zerbitzaria besterik ez naiz ni.» Eta orain, horra!, Maria, ahizpa nirea, lehengo bizimodura itzuli beharra zeukanagu.

        Maria zeharo jota utzi, eta bere mahaira bihurtu zen. Une batez egoera ulertzeko ahalegina egin zuen Mariak, eta gero negar-zotinka hasi zen eroa bezala.

        — Hago lasai, Maria! Pentsatzen aritu naun. Ondo asko dakin gosea pasako dugula entxiladak saltzerik ez badugu. Ez nazan oso gogor gaitzetsi esatera noanagatik. Erabakia hartua zeukanat. Begira, Maria! San Franciscora joan eta andre gaiztoa izango naun.

        Makur-makur egin zuen burua bere esku lodien gainean. Mariak utziak zituen bere negar-zotinak. Ahizpagana hurbildu zen pixkanaka.

        — Diru truke? —xuxurlatu zuen izututa.

        — Bai —hots egin zuen Rosak saminki—. Diru truke. Diru pila baten truke. Eta Ama Birjina onak barka nazala!

        Orduan Mariak, ahizpa bertan utzi, ezkaratzera alde egin eta portzelanazko Ama Mariaren aurrean jarri zen.

        — Kandelak jarri ditut —esan zuen—. Loreak jarri ditut egunero. Ama Maria, zer oker egin dugu? Zergatik ametitzen duzu hau gerta dadin?

        Gero belaunikatu eta errezatu egin zuen, berrogeita hamar Agur Maria! Gurutze santuaren egin eta hanka gainean jarri zen. Bere aurpegia nekatuta zegoen, baina erabakita.

        Beste gelan, bere mahaiaren gainean makurtuta segitzen zuen Rosak.

        — Rosa —esan zion Mariak ahots txorrotxez—. Hire ahizpa naun. Hi haizena naun ni ere. —Sakon hartu zuen arnasa—. Rosa, hirekin joango naun San Franciscora. Ni ere andre gaiztoa izango naun.

        Hartantxe bukatu zen Rosaren errezeloa. Zutik jarri eta zabal-zabal egin zituen besoak. Eta, puska batean, Lopez ahizpak negarrez egon ziren eroak bezala bata bestearen besoetan.

 

 

 

© John Steinbeck

© itzulpenarena: Maria Garikano

 

 

"John Steinbeck / Zeruko Belardiak" orrialde nagusia