6

 

        Junius Maltby gizontxo gazte bat zen, familia on eta eskolatu batekoa eta heziketa itxurazkoa izan zuena. Bere aita kiebra jota hil zenean, Junius idazkari postu batean endredatu zen katramilatsuki, eta horren aurkako lehia makalean pasa zituen ondorengo hamar urteak.

        Lanetik ateratakoan Junius bere gela amueblatura erretiratzen zen, Morris besaulkiaren kuxinei tapatako batzuk eman eta irakurtzen pasatzen zuen ilunabarra. Stevensonen entseguak ingelesez idatzitako gauzarik ederrena iruditzen zitzaizkion ia-ia; askotan irakurri zuen Bidez-bide asto batekin.

        Ilunabar batez, bere hogeita hamabosgarren urtebetetze egunetik denbora gutxira, Juniusi ondoeza egin zitzaion bere apopilo etxeko eskaileretan. Kordea etorri zitzaionean, bere arnasa nekeza eta behar ez bezalakoa zela antzeman zuen aurreneko aldiz. Noiztik ote zeukan horrela galdetu zion bere buruari. Kontsultatu zuen sendagilea atsegin eta optimista agertu zen.

        — Zure gaitza ez dago aurreratuegia osatzerik ez izateko —esan zion—. Baina birika horiek San Franciscotik urruntzea erremediorik gabea duzu. Hemen laino artean geratzen bazara, ez zara urtebete biziko. Zoaz klima epel eta lehor batera.

        Bere osasunaren ezbehar hark pozez bete zuen Junius, zeren bere kabuz eten ezin izan zituen kateak mozteko aukera eskaintzen baitzion. Bostehun dolar zeuzkan, ez dirua aurreratzeko ohitura zuelako, baizik, besterik gabe, gastatzea ahaztu egiten zitzaiolako. «Kopuru honekin», esan zuen, «edo sendatu eta berriro hutsetik hasiko naiz, edo bestela hil eta akabo dena niretzat.»

        Bere bulegoko gizon batek Zeruko Belardietako ibar epel, babestuaren berri eman zion, eta Juniusek harantz jo zuen berehala. Gustatu egin zitzaion izena. Pentsatu zuen: «Izen horrek, edo ez naizela luzaro biziko iragartzen du, edo bestela heriotzaren ordezko sinboliko ederra da.» Iruditzen zitzaion izenak esanahi pertsonala zuela berarentzat, eta pozez zoratzen zegoen horrekin, zeren hamar urtez ez baitzen munduan ezer pertsonalik izan berarentzat.

        Zeruko Belardietan bazen familia bat baino gehiago apopiloak hartzeko prest. Juniusek denak banan-banan aztertu eta azkenean Quaker alarguntsaren granjan bizitzera joan zen. Hari beharrezkoa zitzaion diru hura, eta gainera, Juniusek etxetik bereizitako txabola batean lo egiteko modua izango zuen. Mrs. Quakerrek bi seme txiki zituen, eta morroi bat hartua zeukan granjako lanak egiteko.

        Klima epelak eragin goxagarria izan zuen Juniusen biriketan. Urtea pasa baino lehen kolorea hobetuta eta kiloak irabazita zegoen. Lasai eta zoriontsu bizi zen granjan, eta, denetan gehiena gustatzen zitzaiona, bulegoko hamar urteak atzean utzi eta ikaragarri nagituta zegoen. Juniusen ile hori eta bakanak orraztu gabe egoten ziren; betaurrekoak berriz, sudur zuzenean oso erorita eramaten zituen, begiak indartzen ari baitzitzaizkion, eta haien ukitua sentitzeko ohitura hutsagatik janzten zituen. Egunez txotx txikiren bat edukitzen zuen beti ahotik agerian, pertsona nagi eta pentsakorrenei dagokien ohitura. Osaketa hau 1910ean gertatu zen.

        1911an, Mrs. Quaker kezkatzen hasi zen auzokoen esamesak zirela-eta. Gizon ezkongabe bat etxean edukitzearen inplikazioez ohartu zenean, larritu eta urduritu egin zen. Juniusen osaketa seguru antzekoa izan orduko, alargunak bere kezkak aitortu zizkion. Juniusek emaztetzat hartu zuen, berehala eta pozik. Horrela, etxe baten eta urrezko etorkizun baten jabe egin zen, zeren Mrs. Maltby berriak berrehun akre baitzituen belarretarako maldetan, eta bost akre baratzetarako behe-lurretan. Juniusek bere liburuak ekarrarazi zituen, eta Morris besaulkia, bizkar moldagarrikoa, eta Velazquezen Kardenala-ren kopia ederra. Etorkizunak arratsalde atsegin eta eguzkitsu baten itxura hartu zuen berarentzat.

        Mrs. Maltbyk segituan morroia bidali eta senarrari lan eginarazten saiatu zen; baina zeregin horretan erresistentziarik nahasgarriena topatu zuen, fronte sendorik eskaintzen ez zuena erasoa harantz zuzentzeko. Sendatzen zen bitartean, Junius nagitasun-zale egin zen. Ibarra eta granja gustukoak zituen, baina bere hartan gustatzen zitzaizkion; ez zuen ez gauza berririk landatu nahi, ez lehengorik kendu nahi. Mrs. Maltbyk aitzurra eskuan jarri zionean, eta baratzera bidali zuenean lanera, ordu batzuk geroago, espero bezala, belazeko errekan hankak txintxilik zituela aurkitu zuen, Bahitua nobelaren sakela-edizioa irakurtzen. Juniusek barkamena eskatu zuen; ez zekien nola gertatu zen. Eta hori zen, hain zuzen ere, egia.

        Hasieran Mrs. Maltby errietan aritzen zitzaion etengabe nagitasun harengatik eta bere janzkera axolagabeagatik, baina berak laster garatua zuen emazteari ez entzuteko abilidadea. Baldarkeria izango zen, hala iruditzen zitzaion, emazteari dama bat bezala jokatzen ari ez zen unean erreparatzea. Elbarri bati begira-begira geratzea bezala izango zen. Eta Mrs. Maltbyk, aldi batez senarraren erresistentzia lainotsuarekin lehiatu ondoren, mainak egiteko eta ilea ez zaintzeko joera hartu zuen.

        1911tik 1917ra bitartean, Maltby-tarrak asko pobretu ziren. Hitz batean esanda, Juniusek ez zuen granjaren ardura harta nahi. Larrerako lur Are batzuk saldu beharra izan zuten janari eta arropetarako dirua ateratzeko, baina orduan ere eskas izan zuten jana. Pobrezia granjan jesarri zitzaien hankak gurutzatuta, eta Maltby-tarrak zarpa hutsez jantzi ziren. Behin ere ez zuten arropa berririk izaten, baina Juniusek David Grayson-en entseiuak aurkituak zituen. Laneko galtzak jantzi eta belazeko erreka ertzeko sikomoroen azpian esertzen zen. Batzuetan Adventures in Contentment irakurtzen zien bere emazte eta bi semeei.

        1917aren hasiera aldera, Mrs. Maltbyk haurdun zegoela antzeman zuen, eta urte beraren bukaera aldera gerra garaiko gripe epidemiak krudeltasun ankerrez jo zuen familia. Beharbada gaizki alimentatuta zeudelako, bi mutikoak batera gaixotu ziren. Hiru egunez, etxea gainezka bezala egon zen ume gorri, sukartsuez; gainezka, oheko tapakien harietatik bizitzari atxikitzen saiatzen ziren behatz urduriez. Hiru egunez, lehian aritu ziren ahulki, eta laugarrenean, hil egin ziren bi mutikoak. Amak ez zuen jakin, erditzekotan baitzegoen, eta etxean laguntzera etorritako auzokoek ez zuten berria emateko ez kemenik ez krudeltasunik izan. Sukar beltzak haur-minez zegoela eraso zion, eta bere umea ikusterik izan baino lehen hil zuen.

        Haurgintzan lagundu zuten auzoko emakumeek laster zabaldu zuten ibar guztian Junius Maltby irakurtzen egon zela erreka ondoan bere emazte eta umeak hiltzen ziren bitartean. Baina hori neurri batean bakarrik zen egia. Gaitza harrapatu zuten egunean, gaixorik zeudela ez zekielako egon zen errekan, hankak uretan zituela, baina ondorenean, noraezean bezala, jo batengana eta jo besteagana —ibili zen, hilzorian zeuden bi umeei gauza zentzugabeak kontatuz. Diamanteak nola osatzen diren kontatu zion zaharrenari. Bestearen ohe ondoan esbastikaren edertasuna, antzinatasuna eta sinbologia azaldu zituen. Bizitza bat Altxor Ubartea-ren bigarren kapitulua ozenki irakurtzen zuen bitartean itzali zen, eta gertatu zenik ere ez zuen jakin kapitulua bukatu eta gora begiratu zuen arte. Egun haietan joanda bezala ibili zen. Zeuzkan gauza apurrak atera eta erregalatu egin zizkien umeei, baina botererik ez zuten heriotzaren kontra. Aldez aurretik ere bazekien ez zutela izango, eta horrek latzago bihurtzen zuen dena.

        Gorpu guztiak eraman zituztenean, Junius errekara itzuli zen eta Bidez-bide asto batekin delakoaren orri batzuk irakurri zituen. Hala-moduzko irritxo batzuk ere egin zituen Modestineren egoskorkeriagatik. Stevensoni izan ezean, nori bururatuko zitzaion asto bati Modestine deitzea?

        Auzoko emakume bat etxera etorri, eta halako madarikazioak bota zizkion non berak, lotsatuta, entzun ere ez baitzion egin. Emakumeak eskuak aldaketan jarri eta mesprezioz betetako begirazoa bota zion. Eta gero umea ekarri, seme bat, eta bere aitaren besoetan utzi zuen. Hesiaren atetik atzera begiratu zuenean, Juniusen aldera, hantxe zegoen tente, piztitxo marrularia besoetan zuela. Non utzirik ez zuen ikusten, beraz halaxe eduki zuen puska batean.

        Ibarreko jendeak istorio asko kontatzen zituen Juniusi buruz. Batzuetan gorrotatu egiten zuten jende saiatuak nagiari izan ohi dion amorrazioarekin, eta bestetan inbidia hartzen zioten bere nagitasun harexengatik; baina sarritan errukitu egiten zitzaizkion bere trakeskeria ikusita. Ibarrean inork ez zuen inoiz konprenitu Junius zoriontsu zela.

        Kontatzen zuten behin batez, sendagileak esanda, Juniusek ahuntz bat erosi zuela haurrarentzat esnea izateko. Ez omen zuen ez animaliaren sexuaz galdetu, ez ahuntza zertarako nahi zuen esan. Ekarri ziotenean, azpiko aldera begiratu eta hala galdetu omen zuen serio-serio:

        — Ahuntz normala al da hau?

        — Horixe —esan zuen jabeak.

        — Baina atze horretan, atzeko zangoen artean, ez al luke errapea edo horrelako zerbait eduki behar? Esnearentzat, alegia.

        Ibarreko jendeak berebiziko algarak egin zituen kontu horrekin. Geroago, ahuntz hobea ekarri ziotenean, Junius ekin eta ekin aritu zitzaion bi egunez, eta ezin izan zion esne tantorik atera. Itzuli egin nahi zuen ahuntza, akatsa zuelakoan, jabeak nola jetzi erakutsi zion arte. Zenbait jendek zioen haurra ahuntzaren azpian jarri eta hantxe uzten zuela esnea bere kabuz xurga zezan, baina hori ez zen egia. Ibarrekoek aitortzen zuten ez zekitela nola lortu zuen umea haztea.

        Egun batez Juniusek Monterreyra jo eta aleman edadeko bat kontratatu zuen granjan lagun ziezaion. Bost dolar aurreratu zizkion morroi berriari, eta sekula ez zion berriro ordaindu. Bi aste igaro baino lehen, morroia zeharo harrapatuta zegoen nagitasunaren sareetan eta ez zuen bere nagusiak baino lan gehiago egiten. Biak etxe inguruan eseri eta hantxe egoten ziren interesgarriak edo harrigarriak zitzaizkien gauzak eztabaidatzen: nola etortzen zaien kolorea loreei, naturan sinbologiarik ba ote dagoen, Atlantida non ote zegoen edo nola ehorzten zituzten Inkek hildakoak.

        Udaberrian patatak aldatzen zituzten, beti beranduegi, eta xomorroak uxatzeko errautsez estali gabe. Indabak, artoa eta ilarrak erein, aldi batez zaindu, eta ahaztu egiten zituzten gero. Belar-gaiztoek dena estali eta ez zuten ezer ikusten uzten. Ez zen gauza ezohikoa Junius egundoko malba sastraka baten barruan ezkutatzen ikustea, gero pepino zurbil bat eskuan zuela azaltzeko. Ez zuen oinetakorik janzten, hanketan tur epela sentitzea gustatzen zitzaiolako, eta oinetakorik ez zuelako.

        Arratsalde batez, Juniusek solasaldi luzea izan zuen Jakob Stutzekin.

        — Begira —esan zion—, umeak hil zirenean pentsatu nuen horrorezko gailur bereziki altu bateraino heldua nintzela. Gero, hori burutik kendu baino lehen, horrorea atsekabe bilakatu zen eta atsekabea tristura bihurtzeraino urritu zen. Nik uste ez nituela ez emaztea ez umeak oso ondo ezagutzen. Hurbilegi neuzkan beharbada. Gauza xelebrea da, ezagutza hori. Xehetasunez ohartzea besterik ez da. Ikusbide luzeko eta ikusbide motzeko izpirituak daude. Nik behin ere ez dut balio izan hurbil dauzkadan gauzak ikusteko. Esate baterako, Partenona askoz ezagunagoa zait nire horko etxe horiek baino.

        Bat-batean Juniusen aurpegia dardarka bezala hasi zen emozioz, eta bere begiek dizdiz egin zuten entusiasmoz.

        — Jakob —esan zuen—, Partenonaren frisoaren irudirik ikusi al duzu behin ere?

        — Bai, eta irudia bera ere ederra da —esan zuen Jakobek.

        Juniusek bere morroiaren belaun gainean jarri zuen eskua.

        — Zaldi horiek —esan zuen—, zaldi zoragarri horiek, belardi zerutiar baterantz doazenak. Gizon gazte, lehiatsu, eta aldi berean duin horiek, kornisaren bestaldean ospatzen ari den festa barregarrira abiatzen. Nola jakin ote dezake gizonak zaldi batek sentitzen duena oso pozik dagoenean. Eskultore horrek bazekien noski, beste gainontzean ezin izango zituen horrela zizelkatu.

        Horrela mintzatzen ziren. Juniusek ez zekien gai bati lotzen. Sarritan gosea pasatzen zuten bi gizonek, belarretan oilo habiarik aurkitzen ez zutelako afal garaia heldutakoan.

        Juniusen semeak Robert Louis izena zuen. Bururatu eta izen hori jarri zion Juniusek, baina Jakob Stutzek gogor egin zuen bere ustez nolabaiteko ederkeria literarioa zenaren aurrean.

        — Mutilek zakurrek bezalako izenak eduki behar dituzte —zioen berak—. Silaba bakarra nahikoa da izen batentzat. Robert ere luzeegia da. Bob deitu beharko genioke.

        Jakob ia berearekin atera zen.

        — Amore emango dut —esan zuen Juniusek—. Robbie deituko diogu. Robbie azken batean Robert baino laburragoa da, ezta?

        Amore ematen zuen sarritan Jakoben aurrean, zeren Jakobek etengabe borrokatxoak egiten baitzituen bere inguruan osatzen ari ziren armiarma-sareen kontra. Aldian behin, halako ardaila birtuoso batez, etxea garbitzen zuen.

        Robbie seriotasunean hazi zen. Bi gizonen atzetik ibiltzen zen beti, haien elkarrizketak entzunez. Juniusek behin ere ez zuen mutil-koskor bat bezala tratatu, mutil-koskorrak nola tratatu behar ziren ez zekielako. Robbiek zerbait esaten bazuen, bi gizonek kortesiaz entzun eta beren elkarrizketan sartzen zuten adierazpena, edo ikerketa baten abiapuntu bezala ere erabil zezaketen. Gauza askoren aztarrenak jarraitzen zituzten arratsalde batean. Behin baino gehiagotan jotzen zuten egunero Juniusen Entziklopediara.

        Sikomoro erraldoi batek adar horizontal bat luzatzen zuen belazeko errekaren gainetik, eta harexen gainean esertzen ziren hirurak, gizonak hankak uretaraino txintxilik zituztela eta puntekin harri txintxarrak mugituz, eta Robbie berriz haiek imitatzeko ahalegin nabarmenak eginez. Uretaraino ailegatzea gizontasunaren seinaleetako bat zen berarentzat. Garai hartarako, Jakobek ere baztertuak zituen oinetakoak; Robbiek berriz, sekula ez zuen bere bizitzan pare bat jantzi.

        Eztabaidak goi mailakoak izan ohi ziren. Robbiek ez zekien umeen hizkera erabiltzen, behin ere ez zuen aditu eta. Ez zuten benetako elkarrizketarik izaten; hori baino areago, gogoeta kimu bati bere kasa ernetzen utzi, eta gero mirespenez zaintzen zuten bere adarrak zabaltzen zituen bitartean. Harritu egiten ziren beren elkarrizketak emandako fruitu bitxiaren aurrean, zeren ez baitzuten pentsaketa bideratzen, ez zuzentzen edo inausten ere hainbat jendek egin ohi duen bezala.

        Hantxe adar gainean eserita egoten ziren hirurak. Arropak zarpailduta zeuzkaten, eta ilea trakets moztuta, juxtu begietan sartzea galarazteko adina. Gizonek bizarra luzatuta eta txukundu gabe zeukaten. Zapatariak ikusten zituzten beren hanka punta jostalariek sakondutako putzuaren azal gainean. Haizeak eztiro eragiten zion beren gaineko zuhaitz diganteari, eta honek aldian behin painelu marroi baten itxurako hosto bat uzten zuen erortzen. Robbiek bost urte zituen.

        — Nik uste sikomoroak zuhaitz onak direla —adierazi zuen, hosto bat bere magalera erortzen ikusita.

        Jakobek hartu hostoa eta nerbioen arteko tela guztia kendu zion.

        — Bai —onartu zuen—, urarekin hazten dira. Gauza onek ura maite dute. Gauza txarrak lehorrak izaten dira beti.

        — Sikomoroak handiak eta onak dira —esan zuen Juniusek—. Niri iruditzen zait gauza onek edo gauza atseginek oso handiak izan behar dutela irauteko. Gauza txar txikiek hondatu egiten dituzte beti gauza on txikiak. Gauza handiak gutxitan izaten dira pozoitsuak edo traidoreak. Horregatik, giza pentsamenduan, handitasuna onaren atributua da eta txikitasuna berriz gaitzarena. Ulertzen al duzu hori, Robbie?

        — Bai —esan zuen Robbiek—. Ulertzen dut. Esate baterako elefanteak.

        — Elefanteak gaiztoak izaten dira askotan, baina imajinatzen ditugunean, baketsuak eta zintzoak iruditzen zaizkigu.

        — Eta ura? —sartu zen Jakob—. Urarena ere ulertzen al duzu?

        — Ez, urarena ez.

        — Ba nik bai —esan zuen Juniusek—. Ura bizitzaren jatorri dela esan nahi duzu. Hiru elementuetatik, ura esperma da, lurra matriza eta eguzkiaren argia hazieraren moldea.

        Horrelaxe erakusten zizkioten umeari batere zentzurik gabeko gauzak.

        Emaztea eta bi mutilak hil zitzaizkionean, Zeruko Belardietako jendea apartatu egin zen Junius Maltbyren ondotik. Epidemia garaian izandako bihozgabekeriari buruzko istorioek halako proportzioak hartu zituzten, non azkenean beren pisuagatik beragatik erori eta ahaztu egin baitziren kasik. Baina nahiz auzokoek ahaztu Junius irakurtzen egon zela umeak hiltzen ziren bitartean, ezinezkoa zitzaien ahaztea zenbateko arazoa ari zen bihurtzen Junius bera. Hemen, ibar oparoan, pobretasun ikaragarrian bizi zen. Beste familiek fortunatxoak pilatzen zituzten bitartean, Ford-ak eta irratiak erosi, argi-indarra jarri eta astean bitan zinera joaten ziren bitartean, Monterrey edo Salinasera, Junius txarretik okerragora zihoan eta basati zarpailtsu bat bihurtzen ari zen. Ibarreko gizonezkoak mindu egiten ziren belar-gaiztoz jositako bere sail ederrekin, inausi gabeko fruta-arbola eta hesi eroriekin. Emakumezkoek amorrazioz gogoratzen zuten bere etxe garbitu gabea, eta hango leiho zikin eta atari zakarrez betea. Eta nola gizonezko hala emakumezkoei gorrotagarria zitzaien bere nagitasuna eta urguilu falta erabatekoa. Aldi batez bisitak egin zizkioten, hurbileko etsenpluekin bere alferkeriatik aterako zutelakoan. Baina berak naturalki eta nork bere parekoengana sentitzen duen adiskidetasunaz hartzen zituen. Ez zuen lotsaren arrastorik bere pobretasun edo zarpengatik. Pixkanaka, paria bati bezala begiratzen hasi zitzaizkion auzokoak. Inork ez zuen haren etxerainoko errepide pribatua igotzen. Baztertu egin zuten gizarte itxurosotik eta bisitan etorriz gero ere ez errezibitzea erabaki zuten.

        Juniusek ezer ez zekien auzokoen ezinikusi hartaz. Glorioski zoriontsu izaten jarraitzen zuen. Bere bizitza bere pentsaera bezain irreala, erromantikoa eta garrantzirik gabea zen. Pozik egoteko nahikoa zuen eguzkitan esertzea oinak errekan sartuta. Arroparik ez bazuen, ezta, behinik behin, ondo janztea eskatzen zuen inora joan beharrik ere.

        Nahiz jendeak Juniusi ia gorrotoz begiratu, Robbie txikiaz errukitu besterik ez ziren egiten. Emakumeek elkarri esaten zioten latza zela umeari kuxidade hartan hazten uztea. Baina, gehientsuenak jende zintzoa izaki, benetan higuingarria zitzaien Juniusen gauzetan sartzea.

        — Zaudete, umeak eskolan hasteko adina izan arte —esan zion Mrs. Banksek bere salan bildutako dama talde bati—. Nahita ere ezingo genuke orain ezer egin. Bere aita edo dena delako horren eskuetan dago. Baina, ikusiko duzue, umeak sei urte bete bezain laster agintariek izango dute zer esanik.

        Mrs. Allenek buruaz baiezkoa egin eta begiak itxi zituen serioski.

        — Beti ahazten dugu umea Maltbyrena ez ezik Maorie Quakerrena ere badela —esan zuen—. Nire ustetan aspaldi eman behar genuen pausoa. Baina eskolara hasten denean behin ere izan ez dituen gauzak emango dizkiogu ume gaixoari.

        — Ez dezala behintzat arropa faltarik izan —etorri zen ados beste emakurne bat.

        Ematen zuen ibarra zelatan zegoela Robbiek eskolara hasi beharko zuen momentuaren esperoan. Umeak sei urte bete, eta ikastaldiaren hasieran ageririk eman ez zuenean, eskola-batzarreko idazkari zen John Whitesidek eskutitz bat idatzi zion Junius Maltbyri.

        — Aintzat hartu gabe neukan kontu hau —esan zuen Juniusek irakurri zuenean—. Eskolara joan beharko duzula uste dut.

        — Nik ez dut joan nahi —esan zuen Robbiek.

        — Badakit. Ni neu ere ez naiz oso aldeko. Baina legeak dauzkagu. Legeak zigor izeneko eranskin bat dauka bere burua babesteko. Legea haustearen plazera eta zigorra balantza berean jarri behar ditugu. Cartagotarrek fortuna gaiztoa ere zigortu egiten zuten. Jeneral batek suerte txarragatik bataila galtzen bazuen, hil egiten zuten. Gaur egun ere oso modu berdintsuan zigortzen dugu jendea jaiotzak eta zirkunstantziek eragindako ezbeharrengatik.

        Ondorengo eztabaidan, zeharo ahaztu zuten eskutitza. John Whitesidek oso ohar zakarra idatzi zuen.

        — Beno, Robbie, nik uste joan egin beharko duzula —esan zuen Juniusek hura jaso zuenean—. Probetxuzko gauza asko erakutsiko dizkizute, jakina.

        — Zergatik ez dizkidazu zuk erakusten? —erregutu zion Robbiek.

        — Oh, ezin dut. Gainera, ahaztuta dauzkat eskolan erakusten dituzten gauzak.

        — Nik ez dut joan nahi. Ez ditut gauzak ikasi nahi.

        — Badakit, baina ez dut beste irtenbiderik ikusten.

        Eta, hala, Robbiek eskolako bidea hartu zuen goiz batez. Laneko galtza zahar batzuk zeramatzan soinean, belaun eta ipurtaldean zulatuak, lepoa galdutako alkandora urdin bat, eta besterik ezer ez, ile luzea larreko zalditxo baten kalparra bezala erortzen zitzaion begi grisen gainera.

        Umeek Robbieren inguruan zirkulu bat egin, eskolako patioan, eta begira geratu zitzaizkion isil-isilik. Bazuten denek Maltby-tarren pobretasunaren eta Juniusen nagikeriaren aditzera. Mutilek irrikaz itxoina zuten Robbie torturatzeko momentu hau. Heldua zen garaia; beren zirkuluaren erdian zegoen, eta begiratu besterik ez zioten egiten. Inork ez zuen esan: «Nondik atera dituk arropa horiek» edo: «Begiraiozue bere ileari», asmoa zuten bezala. Umeak txundituta zeuden Robbie oinazetzeko asmoa kale egiten ikusteaz.

        Robbieri zegokionez, begi serioekin erreparatzen zion zirkuluari. Beldur arrastorik ez zuen sentitzen.

        — Ez al zarete jostaketan ibiltzen? —galdetu zuen—. Nire aitak esan dit jostaketan ibiliko zinetela.

        Eta orduan zirkulua uhuri artean lehertu zen. «Batere jostaketarik ez daki.» «Erakutsi diezaiogun pewee.» «Ez, haur beltzarena.» «Entzun! Entzun! Aldamarroka ibiliko gara aurrena.» «Batere jostaketarik ez daki!»

        Eta, nahiz ez jakin zergatik, benetan gauza ederra iruditu zitzaien jostaketarik ez ezagutze hura. Robhieren aurpegi argala erne zegoen. «Pewee delako horrekin egingo dugu proba aurrena», erabaki zuen. Baldar aritu zen jostaketa berrietan, baina bere irakasleek ez zioten builarik egin. Horren ordez, errieta egin zuten Robbieri makila nota hartu erakusteko pribilegioa lortzeagatik. Eskola asko baitaude pewee jostaketarako teknika desberdinekin. Robbie baztertu zen, pixka batean entzuten egon, eta azkenean bere gogoko maisua aukeratu zuen.

        Robbiek berehalako eragina izan zuen eskolan. Mutil zaharrenek bere kasa utzi zuten erabat, baina gazteek gauza guztietan imitatzen zuten, galtzei belaunak zulatzera ere ailegatuz. Eguzkitan esertzen zirenean, bizkarra eskolako horman jarrita eta nor bere bazkariarekin, Robbiek bere aitaz eta sikomoroari buruz hitz egin ohi zien. Arretaz entzuten zioten mutilek, eta beren aitak ere nagiak eta gozoak izan zitezen desiratzen zuten.

        Batzuetan zenbait mutilek, gurasoen aginduak hautsiz, Maltbytarren etxera alde egiten zuten larunbatetan. Juniusek sikomoroaren adarrera jotzen zuen ohi bezala, eta mutilak ezker-eskuin eserita zituela, Altxor Uhartea irakurtzen zien, edo Galiako gerrak edo Trafalgarreko bataila deskribatzen zizkien. Laster asko, Robbie, bere aitaren laguntzaz, eskolako patioko errege bihurtu zen. Zenbait gauza horren froga dira, esate baterako ez zuela kiderik, ez ziotela ezizenik jarri, eta bera zela arbitroa sesio guztietan. Bere agintea hain handia izanik, inor ez zen bere kontra borrokatzera saiatzen ere.

        Denbora puska batean ez zuen Robbiek konprenitu eskolako mutil gazteenen buru zela. Bere baitan zegoen zerbaitek, halako baretasun eta heldutasun batek, bere lidergoa bilatzera bultzatzen zituen adiskideak. Luze baino lehen, bera izan zen zertan jokatu erabakitzen zuena. Baseball-ean ere bera izaten zen arbitroa, beste mutilik ez zegoelako erabaki bat har zezakeenik iskanbila sortu gabe. Eta jokalari bezala txarra izan arren, arau eta zuzentasun kontuak bere gain uzten zituzten beti.

        Junius eta Jakobekin izandako eztabaida luze baten ondoren, Robbiek arrakasta zabaleko bi joko asmatu zituen, bata Slinkey Coyote, altxor bila jokoaren bertsio lokala, eta bestea Hanka Hautsia, ble jokoaren antzekoa, baina askoz korapilatsuagoa. Bi joko horietarako behartu ahala asmatu zituen arauak.

        Mutil-koskorrak Miss Morganen arreta esnatu zuen, zeren ikasgelan ere patioan bezainbateko sorpresa izan baitzen. Primeran irakurtzen zuen eta gizon baten hiztegia erabiltzen zuen, baina ez zekien idazten. Zenbakiak ezagunak zituen, edozein luzeratakoak, baina aritmetikarik errazena ere ez zuen ikasi nahi. Robbiek neke handiz ikasi zuen idazten. Bere esku dudatiak letra itxuragabeak egiten zituen eskolako koadernoan. Azkenean, Miss Morganek lagundu egin nahi izan zion.

        — Aukeratu zerbait eta idatzi behin eta berriz primeran atera arte —proposatu zion—. Izan kontu handia letra bakoitzarekin.

        Robbiek bere memoria arakatu zuen gustuko zerbaiten bila. Azkenean idatzi zuen: «Denik eta gauzarik munstrotsuena ere gure baitan aurki dezakegu.» Zoragarria iruditzen zitzaion «munstrotsu» hura. Tinbrea eta sakontasuna ematen zizkion esaldiari. Hitzik baldin bazen, bere soinuaren indar hutsaz jeinu egoskorrak lurretik aterarazi zitzakeenik, «munstrotsu» haietako bat zen zalantzarik gabe. Behin eta berriz idatzi zuen esaldia, arretarik handiena jarriz eta bere «munstrotsu» hartan luzatuz. Ordubete geroago, Miss Morgan zer moduz ari ote zen ikustera etorri zitzaion.

        — Baina, Robert, non ikasi duzu hori?

        — Stevensonena da, andereño. Nire aitak ia buruz ezagutzen ditu Stevensonen obrak.

        Miss Morganek entzunak zituen, jakina, Juniusi buruz kontatzen ziren istorio gaizto guztiak, eta hala ere berak onetsi egin zuen beti. Baina orain harekin ezaupidean sartzeko gogo bizia hasi zen sentitzen.

        Eskolako patioko jostaketak interesa galtzen ari ziren. Robbiek kexa hori azaldu zion Juniusi goiz batez, eskolara abiatu baino lehen. Juniusek bizarra arraskatu eta pentsakor geratu zen.

        — Espioitza jostaketa ona da —esan zuen azkenean—. Gogoratzen naiz niri asko gustatzen zitzaidala Espioitzan ibiltzea.

        — Baina nor espiatuko dugu, ordea?

        — Oh, edozein. Horrek berdin dio. Guk italiarrak espiatzen genituen.

        Robbie korrika joan zen eskolara, erabat ardailatuta, eta arratsalde hartan bertan, eskolako hiztegiaz baliamendu luzca egin ondoren, M.Z.S.A.J.E. delakoa antolatu zuen. Itzulita —zurrumurruaz aurrera ez zihoan ahotsaz betiere— zera esan nahi zuen, Mutilen Zerbitzu Sekretu Auxiliarra Japoniarren Espioitzarako. Besterik ezean ere, taldea aintzat hartzeko erakundea izango zen izenaren handitasunagatik. Robbiek mutilak banan-banan eskolako patiora eraman, sahatsaren azpiko berdetasun goibeleraino, eta sekretua gordeko zutela zin eginarazi zien logia batentzat ere aproposa izango zen formula anker batekin. Gero, taldea elkartu zuen. Robbiek azaldu zien mutilei egunen batean, dudarik gabe, gerran sartuko ginela japoniarrekin.

        — Prest egotea dagokigu —esan zien—. Zenbat eta gehiago jakin arraza zital horren ohitura zitalei buruz, orduan eta informazio gehiago emango diogu gure herriari gerra lehertzen denean.

        Espiagai guztiak bereganatu zituen hizkera glorioso harekin. Halako hitzak eskatzen zituen egoera baten seriotasunak jota utzi zituen mutilak. Espioitza eskolako zeregin nagusia bihurtu zenez, Takashi Kato txikiak, hirugarren mailako ikaslea, ez zuen handik aurrera bakarkako momentu bat izan. Takashik bi behatz altxatzen bazituen eskolan, Robbiek Mutil Auxiliar haietako bati begiratu esanguratsua bota, eta segituan bigarren esku bat goratzen zen airera. Takashi eskolatik atera eta etxera abiatzen zenean, gutxienez bost mutil bide bazterreko sastraka artetik arrastaka joaten ziren. Azkenean ordea, Takashiren aitak, Mr. Katok, tiro bat bota zuen ilunpetara gau batez, aurpegi zuri bat ikusi ondoren bere leihotik etxe barrurantz begira. Robbiek Auxiliarrak elkartu, gogoz bestera, eta espioitzak eguzkia sartutakoan bukatu behar zuela agindu zuen. «Gauez ezin dute egin ezer benetan inportanterik», azaldu zien.

        Luzarora, Takashik ez zuen sufritu berari zuzendutako espioitza harekin, zeren. Auxiliarrek zaindu egin behar zutenez, ezin zuten eskursio garrantzitsurik egin Takashi ere beraiekin eraman gabe. Toki guztietara gonbidatzen zuten, inork ez baitzuen onartzen atzean utzia izatea japoniarrari zelata egiteko.

        Mutil Auxiliarrek laster jaso zuten heriotza-kolpea, Takashik nola edo hala taldearen berri izan eta bertan parte hartzen uzteko eskatu zuenean.

        — Nola ametituko zaitugu ba —azaldu zion Robbiek onez onean—. Begira, zu japoniarra zara, eta guk gorrotoa diogu Japongo jendeari.

        Takashi malkoka zegoen ia.

        — Hemen jaio nintzen, zuek bezalaxe —esan zuen—. Zuek bezain Amerikar ona naiz, ez al da hala?

        Robbiek bere eginahala guztian pentsatu zuen. Ez zuen Takashirekin krudela izan nahi. Gero kopeta argitu zitzaion.

        — Aizu, japonieraz hitz egiten al duzu? —galdetu zuen.

        — Horixe, nahiko ondo.

        — Beno, orduan gure interpretaria izan zaitezke eta mezu sekretuak argi ditzakezu.

        Takashi pozez zoratzen zegoen.

        — Horixe baietz —hots egin zuen kartsuki—. Eta nahi baduzue, nire zaharra espiatuko dugu.

        Baina kontu hura akabo zen. Mr. Katoren kontra bakarrik zuzen zezaketen beren borroka, eta Mr. Kato urduriegia zen bere eskopetarekin.

        Halloween eguna pasa zen, eta bai Esker On eguna ere. Bolada hartan. Robbiek mutilengan zuen eragina haien hiztegiaren ugaritzean antzeman zen, eta oinetako edo arropa onekiko gorroto erabatekoan. Ohartu gabean, Robbiek estilo bat ezarri zuen, ez berria, beharbada, baina ordura artekoa baino estuagoa. Ez zen gizalegezkoa arropa onak janztea, eta are gehiago, Robbierentzat irain bat zela pentsatzen zen.

        Ostiral arratsalde batez Robbiek hamalau ohar idatzi eta hamalau mutilen artean banatu zituen isilka eskolako patioan. Ohar guztiak berdinak ziren. Hala zioten: «Indio talde batek bihar hamarretan nire etxean Estatu Batuetako presidentea erreko du zutoin bati lotuta. Isilka etorri eta egin zaunka azeriak bezala gure beheko sailaren ondotik. Neu ere han izango naiz eta arima zoritxarreko hori salbatzera eramango zaituztet.»

        Miss Morganek zenbait hilabete bazeramatzan Junius Maltby bisitatzera joateko asmoarekin. Bere jakin-mina are handiagoa egin zen hari buruz entzundako istorioekin eta haren semearekin zeukan harremana zela medio. Aldian behin, ikasgelan, mutilen batek informazio harrigarriren bat zabaltzen zuen. Esate baterako, bere ergelkeriagatik benetako ospea zuen ume batek Hengestek eta Horsak Britain Handia inbaditu zutela esan zion. Umeak, beste erremediorik izan ez zuenean, informazioa Junius Maltbyrengandik zetorrela aitortu zuen, eta neurri batean sekretu antzeko zerbait zela. Ahuntzaren istorio zahar hura ikaragarri dibertigarria iruditu zitzaion maistrari eta idatzi egin zuen aldizkari baterako, baina ez zion inork erosi. Hamaika aldiz jarria zuen Maltby-tarren granjara joateko eguna.

        Abenduko larunbat goiz batez, esnatu zenean, airean jela aurkitu zuen eta eguzki argitsua distiraka. Gosaldu ondoren panazko gona eta mendiko botak jantzi eta etxetik atera zen. Atarian arrantxoko txakurrak samurtu nahian ibili zen berarekin joan zitezen, baina haiek isatsei eragitea besterik ez zuten egin, eta eguzkitan lo egitera itzuli ziren.

        Maltby-tarren etxea bi miliara zegoen gutxi gorabehera, Gato Amarillo izeneko mendi-lepo txikian. Erreka bat zegoen errepidearen ondotik zihoana, eta haltzen azpian oparo hazten ziren ezpata itxurako garoak. Ia hotza egiten zuen mendi-lepoan, eguzkia artean mendiaren gailurreraino igo gabe baitzegoen. Halako batean, paseatzen zihoala, bere aurrean pausoak eta ahotsak aditu ote zituen iruditu zitzaion, baina bizkor-bizkor bihurgunearen bestaldera heldu zenean, inor ez zuen ikusi. Nolanahi ere, errepide ondoko sastrakek kraskatako misteriotsuak ateratzen zituzten.

        Sekula hara joan gabea izan arren, Miss Morganek ezagutu egin zuen Maltby-tarren terrenoa bertara ailegatu zenean. Hesiak lurrean erdi etzanda zeuden, nekatuta bezala sasien gehiegizko kargaren pean. Fruta-arbolek adar biluziak luzatzen zituzten belar-gaiztoen mordoilotik. Basa-masusten laharrak sagarrondoetan gora igotzen ziren; katagorri eta untxiek ihes egiten zuten bere oinazpitik, eta ahots eztiko usoak hegal ziztukariekin aireratzen ziren. Basa-udare altu batean eskinoso batzar bat garrasi eta garrasi ari zen, eztabaida kakofonikoan. Orduan, goiz izoztuaren gloriak kapa iletsu batez janzten zuen zumar baten ondoan, Miss Morganek Maltby-tarren teilatuko oholxa kiribildu eta goroldiotsuak ikusi zituen. Bere gelditasun hartan, ehun urte lehenago abandonatua zirudien etxeak. «Zer hondatua eta utzia», pentsatu zuen Miss Morganek. «Zer xarma eta zarpailkeria erabatekoak!» Esparrura sartu zen bere hesolatik zintzilik zegoen langa batetik. Granjako etxeordeek kolore grisa zeukaten eguraldiaren eraginez, eta murruen saihetsetan gora, aihen araugabeek beren behatzak luzatzen zituzten. Miss Morganek etxearen ertza inguratu eta bertan gelditu zen; zabaldu egin zitzaion ahoa eta hotzikara batek bere bizkar-hezurra zeharkatu zuen. Esparruaren erdian zutoin sendo bat zeukaten tente jarrita, eta gizon zahar eta zarpailtsu bat hari lotuta zegoen soka buelta askorekin. Beste gizon batek, aurrenekoa baino gazteagoa eta txikiagoa, baina are zarpailtsuagoa, sastrakak pilatzen zituen gatibuaren oinen ondoan. Miss Morganek dardara egin eta etxearen bestaldera jo zuen atzera. «Horrelako gauzak ez dira gertatzen», esaten zion bere buruari. «Ametsetan ari zara. Horrelako gauzak ezin dira gertatu.» Eta orduan bi gizonak solasik adiskidetsuenean ari zirela aditu zuen.

        — Ia hamarrak dira —zioen borreroak.

        Gatibuak erantzun zuen:

        — Bai, eta kontuz ibili sastraka horiei su ematerakoan. Ailegatu direla seguru jakin arte ez piztu.

        Miss Morganek ia-ia garrasi egin zuen, lasaituta. Zutoin aldera abiatu zen pauso apur bat dudatiez. Libre zegoen gizonak jiratu eta ikusi egin zuen. Segundo batez harrituta bezala gelditu zen, baina berehala bere onera etorriz, erreberentzia egin zion Miss Morgani. Galtza urratu eta bizar narraseko gizon batengandik etorria izanik, erreberentzia barregarria eta xarmangarria izan zen.

        — Maistra naiz —azaldu zuen Miss Morganek arnaska—. Paseoan abiatu eta etxe hau ikusi dut. Auto-de-fé hau benetakoa zeia pentsatu dut une batez.

        Juniusek irribarre egin zuen.

        — Bai benetakoa izan ere. Zuk uste baino serioagoa da. Erreskate taldea zinela pentsatu dut une batez. Laguntza hamarretan heltzekoa da, badakizu.

        Azeri marru basatiak lehertu ziren etxearen beheko aldean, sahats artean.

        — Laguntza izango da hori —jarraitu zuen Juniusek—. Barkaidazu, Miss Morgan... izen hori duzu, ezta? Ni Junius Maltby naiz, eta beste gizon hau berriz egun arruntetan Jakob Stutz da. Gaur, ordea, Estatu Batuetako presidentea da, Indioek une batetik bestera erreko dutena. Hasiera batean Ginebra izango zela pentsatu genuen, baina erabateko antzik izan gabe ere, planta hobea dauka Presidentetarako Ginebra izateko baino, ez al zaizu iruditzen? Gainera ez zuen gonarik jantzi nahi.

        — Horrelako txorakeriarik! —esan zuen Presidenteak gogo onez.

        Miss Morganek barre egin zuen.

        — Ikusi al dezaket erreskatea, Mr. Maltby?

        — Ni ez naiz Mr. Maltby, ni hirurehun indio naiz.

        Azerien marru hotsa berriro lehertu zen.

        — Zoaz haranzko hartara —esan zuten hirurehun indioek—. Hala ez zaituzte larru-gorritzat hartu eta bertan mastrakatuko.

        Erreka aldera begiratu zuen. Sahats baten adarra indarrez mugitzen zen. Juniusek pospoloa piztu bere galtzetan eta su eman zion sastrakari, zutoinaren oinean. Garra gorantz zihoala, sahatsak lehertu bezala egin ziren puska askotan eta puska bakoitza mutil bat bihurtu zen, garrasika zetorrena. Multzoa aurrerantz oldartu zen, modu badaezpadako eta latzean armatuta, frantziarrak bezalaxe Bastillari eraso ziotenean. Garrak Presidentea miazkatzera zihoazen unean, jo ostikoz eta baztertu egin zuten sua bortizki. Salbatzaileek askatu sokak esku sutsuekin, eta Jakob Stutz libre eta pozik gelditu zen. Ondorengo zeremoniak ez zuen hunkigarritik erreskateak baino gutxiago izan. Mutilek militar agurra egiten zuten bitartean, Presidenteak haien ilara guztia zeharkatu eta berun pusketa bat ipini zuen mutil bakoitzaren paparrean. HEROI hitza zeramana sakonki grabatuta. Horrenbestez amaitu zen jostaketa.

        — Datorren larunbatean azpijoko miserable hau antolatu duten zital errudunak urkatuko ditugu —iragarri zuen Robbiek.

        — Zergatik ez orain? Urka ditzagun orain! —oihukatu zuen taldeak.

        — Ez, gizonak. Gauza pila dago egiteko. Urkabea prestatu behar dugu.

        Bere aitagana jiratu zen.

        — Urkatuak zuek biok izan beharko duzue, noski —esan zuen. Une batez irrikaz begiratu zion Miss Morgani, eta gero, gogoz kontra bezala, burutik kendu zuen.

        Miss Morganek inoiz pasatako arratsalderik atseginenetakoa izan zen hura. Sikomoroaren adarrean ohorezko tokia eman arren, mutilek ez zioten jadanik maistrari bezala begiratzen.

        — Gusturago egongo zinateke oinetakoak kenduz gero —proposatu zion Robbiek, eta bera gusturago sentitu zen botak kendu eta hankak uretan sartu zituenean.

        Arratsalde hartan Aleutiar irletako indioen artean aurkitzen diren kanibal taldeei buruz mintzatu zen Junius. Mertzenarioak Cartagoren kontra nola bihurtu ziren kontatu zuen. Lazedemoniarrak deskribatu zituen, Termopiletan hil baino lehen beren ilea orrazten. Makarroien jatorria azaldu zuen, eta bera bertan izan balitz bezalaxe hitz egin zuen kobrearen aurkikuntzaz. Azkenik, Jakob egoskorra Juniusen kontra hasi zenean gizona Lurreko Paradisutik bota zuteneko hura zela-eta, eztabaida koxkor bat piztu zen, eta mutilak etxerantz abiatu ziren. Miss Morganek aurrea hartzen utzi zien, berak lasai pentsatu nahi baitzuen gizon xelebre hari buruz.

        Bai maistrak bai bere ikasleek izu-ikaraz itxaroten zuten eskola-batzarraren bisita eguna. Zeremonia handiko eguna izaten zen. Lezioak urduri errezitatzen ziren eta hitz bat oker idazteak krimen kapitala zirudien. Ez zen umeek hanka-sartze gehiago egindako egunik, edo maistraren nerbioak hain airean egondakorik.

        Zeruko Belardietako eskola-batzarrak Abenduaren 15eko arratsaldean egin zuen bere bisita. Bazkaldu eta segituan erreskadan sartu ziren denak, itxura goibel, hiletatsu, eta apur bat herabeaz. John Whiteside idazkaria zetorren aurrena, zaharra eta kaskazuria, eta hezkuntzari buruz jarrera aski librea zuena, ibarrean behin baino gehiagotan kritikatua. Bere atzetik Pat Humbert zetorren. Berak hala nahi zuelako aukeratu zuten Pat batzarkide. Gizon bakartia zen, inoren ezaupidean sartzeko lehen pausoa ematen ez zekiena, eta edozein modu bilatzen zuena bere burua harremanatzera behartzeko. Bere arropak zurrunak eta tristeak ziren, Washingtongo Lincolnen estatua eseriak daraman brontzezko trajea bezalakoxeak. T. B. Allen zetorren hurrena, pasillotik aldaroka modu zabar samarrean. Ibarreko merkatari bakarra zenez, batzarkide izatea legez zegokion. Bere atzetik Raymond Banks zetorren pauso-luzeka, handi eta alaitsu eta gorri-gorri esku eta aurpegiz. Ilarako azkena Bert Munroe zen, partaide aukeratu berria. Eskolara egiten zuen lehen bisita zenez, Bertek kikildu samarra zirudien gela aurreko eserlekuetara zihoala beste partaideen atzetik.

        Batzarkide guztiak magistratuen antzera eseri eta gero, emazteak sartu eta gelaren atzealdean aurkitu zuten eserlekua, umeen atzean. Ikasleak bihurritu egiten ziren urduritasunez. Inguratuta zeudela sentitzen zuten, moztuta zeukatela ihesbidea, ihes egitera behartuz gero. Eserlekuetan kiribiltzen zirenean, emakumeen irribarre borondatetsuak ikusten zituzten. Mrs. Munroek magalean zeukan paperezko fardel handi batez ohartu ziren.

        Klasea hasi zen. Miss Morganek, irribarre bortxatua aurpegian, ongietorria eman zion batzarrari.

        — Ohikoa ez denik ez dugu egingo, jaunak —esan zuen—. Uste dut interesgarriagoa izango dela zuentzat, zuen funtzioa bete ahal izateko, eskola bere eguneroko martxan ikustea.

        Handik oso gutxira, damututa zegoen hura esanaz. Ez zuen gogoratzen sekula hain ume ergelik ikusi izana. Aho-sabai paralizatuetatik hitzen bat ateratzea lortzen zutenek ere, akatsik ikaragarrienak egiten zituzten. Beren ortografia latza zen. Beren irakurketak ero baten totelkeria ekartzen zuen gogora. Batzarkideak duintasuna gordetzen saiatu ziren, baina ezin izan ziren egon irribarretxo batzuk egin gabe umeengatik sentitzen zuten lotsagatik. Miss Morganen kopetan izerdi mehe bat agertu zen. Batzar irainduak lanpostutik botatzen zuela ere imajinatu zuen. Atzean eseritako emazteek irribarrez jarraitzen zuten, urduri, eta denbora tantoz tanto bezala zihoan. Umeek aritmetika lardaskatu eta itxuragabetu zutenean, John Whiteside bere eserlekutik altxa zen.

        — Eskerrik asko, Miss Morgan —esan zuen—. Baimena ematen badidazu, hitz batzuk zuzenduko dizkiet umeei, eta gero nahi baduzu bidal itzazu kanpora. Sari bat behar lukete gu hemen edukitzeagatik.

        Maistrak hasperen egin zuen lasaituta.

        — Hortaz ulertzen duzu ez direla normalean bezain ondo aritu? Eskerrak jabetu zaren.

        John Whitesidek irribarre egin zuen. Makina bat maistra gazte urduri ikusiak zituen eskola-batzarraren bisita egunean.

        — Dezaketen guztia erakutsi dutela uste banu, eskola itxiko nuke —esan zuen.

        Ondoren umeei hitz egin zien bost minutuz, gogor estudiatu behar zutela eta maistra maite behar zutela esan zien. Urtez urte errepikatutako hitzalditxo labur eta erraza izan zen. Ikaslerik zaharrenek askotan entzuna zuten. Bukatu zuenean, umeak bidaltzeko eskatu zion maistrari. Ikasleak ilaretan atera ziren, bake-bakean, baina beren buruak kanpoan ikusi zituztenean, hartu zuten arindua gehiegizkoa izan zen. Uhuri eta garrasiekin, ahal zuten guztia egin zuten elkar hiltzeko, zela tripak atereaz, zela lepoa moztuz.

        John Whitesidek bostekoa eman zion Miss Morgani.

        — Ordena mantentzeko zu baino maistra hoberik sekula ez dugu izan —esan zion jator—. Umeek zenbat maite zaituzten jakingo bazenu, uste dut lotsatu egingo zinatekeela.

        — Ume onak dira-eta —adierazi zuen berak leialki—. Ikaragarri onak dira.

        — Horixe —onartu zuen John Whitesidek—. Eta bide batez esanda, zer moduz konpontzen da Maltby gaztetxoa?

        — Ba begira, mutiko bizkorra da, ume berezia. Nik uste dut oso buru argikoa dela.

        — Beratzaz hitz egiten aritu gara batzarraren bileran, Miss Morgan. Jakingo duzu, noski, bere etxeko bizimodua ez dela inolaz ere behar bezalakoa. Arreta berezia eskaini diot gaur arratsaldean. Ume gizarajoa juxtu-juxtu doa jantzita.

        — Beno, etxe bitxia da.

        Miss Morgani iruditu zitzaion defendatu egin behar zuela Junius.

        — Ez da ohiko etxea, baina txarra ere ez da.

        — Ez gaizki ulertu, Miss Morgan. Ez dugu tartean sartzeko asmorik. Bakarrik pentsatu dugu ondo egongo zela mutikoari gauza batzuk ekartzea. Bere aita oso pobrea da, badakizu.

        — Badakit —esan zuen Miss Morganek adeitsuki.

        — Mrs. Munroek arropa batzuk erosi ditu berarentzat. Hots egiten badiozu, eman egingo dizkiogu.

        — Oh! Ez, ez nuke nahi... —hasi zen Miss Morgan.

        — Zergatik ez? Alkandoratxo batzuk, galtza pare bat eta zapata batzuk, hori da dena.

        — Baina bera lotsatu egin liteke horrekin. Mr. Whiteside. Urguilu handiko mutikoa da.

        — Lotsatu arropa egokiak edukitzeaz? Zer txorakeria! Denez ere ez edukitzeak eman beharko lioke lotsa. Baina horretaz aparte, hotz handiegia egiten du urte garai honetan oinutsik ibiltzeko. Azken aste honetan izotza egon da lurrean goizero.

        — Nahiago nuke emango ez bazenizkiote —esan zuen etsita—. Benetan nahiago nuke emango ez bazenizkiote.

        — Miss Morgan, ez al zaizu iruditzen exajeratzen ari zarela? Mrs. Munroek bere borondate on guztiarekin erosi dizkio gauzak. Mesedez hots egiozu, eman diezazkion.

        Une bat geroago hantxe zuten Robbie aurrean. Ile banatua aurpegira erortzen zitzaion, eta bere begiek dizdizka segitzen zuten patioko jolasean jarritako grinagatik. Gelaren aurrealdean bildutako taldeak atsegin begiratzen zion, ahalegina eginez bere arropa zarpailduei modu nabarmenegian ez begiratzeko. Robbiek bere ingurura begiratu zuen ezinegonez.

        — Mrs. Munroek zerbait dauka zuretzat, Robert —esan zuen Miss Morganek.

        Orduan Mrs. Munroe aurreratu eta Robbieren besoetan jarri zuen fardela.

        — Zer mutil-koskor polita!

        Robbiek paketea kontu handiz lurrean utzi eta eskuak bizkarrera eraman zituen.

        — Ireki ezazu, Robert —esan zuen T. B. Allenek zorrozki—. Zer edukazio da hori?

        Robbiek minduta begiratu zion

        — Bai, jauna —esan, eta soka askatu zuen.

        Alkandorak eta galtza berriak bere aurrean azaldu, eta haiei begira geratu zen ulertu ezinik. Bat-batean, haren esanahia konprenitu balu bezala izan zen. Aurpegia erabat gorritu zitzaion. Une batez ingurura begiratu, sarean harrapatutako animalia bezain urduri, eta segidan tximistaren habailan alde egin zuen atetik, arropa munto txikia bere atzean utzita. Batzarkideek bi pauso aditu zituzten portxean, eta halaxe ezkutatu zen Robbie.

        Mrs. Munroek maistragana jo zuen etsipenez.

        — Zer gertatzen zaio ordea?

        — Nik uste lotsatu egin dela —esan zuen Miss Morganek.

        — Baina zergatik lotsatu behar zuen? Jator portatu gara berarekin.

        Maistra esplikatzen saiatu zen, eta hartan ari zela amorrazio pixka bat sentitu zuen jende harengana.

        — Nik uste, begira, gauza bat esango dizuet, nik uste oraintxe arte ez duela jakin pobrea zela.

        — Nire errua izan da —desenkusatu zen John Whiteside—. Sentitzen dut, Miss Morgan.

        — Zer egin dezakegu bere alde? —galdetu zuen Bert Munroek.

        — Ez dakit. Egia esan ez dakit.

        Mrs. Munroe bere senarragana bihurtu zen.

        — Bert, uste dut lagungarri izan litekeela zu Mr. Maltbyrekin hitz egitera joatea. Jator portatzea besterik ez dizut eskatzen. Esaiozu, besterik gabe, mutil-koskorrek ez luketela izotzetan oinutsik ibili behar. Beharbada horrelako hitz bat lagungarri izango da. Mr. Maltbyk arropak onartzeko esan liezaioke Robert txikiari. Zer iruditzen zaizu, Mr. Whiteside?

        — Ez zait gustatzen. Bozketa egin beharko duzue nire iritzia baztertzeko. Nahiko kalte egin dut.

        — Nik uste bere osasuna garrantzitsuagoa dela bere sentimenduak baino —ekin zion berriro Mrs. Munroek.

 

 

        Abenduaren hogeian eskola itxi zuten Eguberri asterako. Oporrak Los Angelesen pasatzeko asmoa zuen Miss Morganek. Bidegurutzean zegoela Salinaseko autobusari itxoiten, gizon bat eta mutil-koskor bat ikusi zituen Zeruko Belardietako errepidetik hurbiltzen. Arropa berri merkeez jantzita zihoazen, eta nola batak hala besteak hanketako minez bezala ematen zuen pausoa. Aldera izan zituenean, Miss Morganek mutil-koskorrari arretaz begiratu, eta Robbie zela ikusi zuen. Aurpegi zapuztua eta atsekabetua zeukan.

        — Hara, Robert! —hots egin zuen Miss Morganek—. Zer gertatzen da? Nora zoazte?

        Gizonak hitz egin zuen.

        — San Franciscora goaz, Miss Morgan.

        Miss Morganek begiak altxa zituen bizkorki. Junius zen, bizarra moztuta. Hain zaharra zenik ez zitzaion behin ere iruditu Miss Morgani. Bere begiek ere, gazte izandakoak, zaharrak ziruditen. Baina, jakina, bizarrak azala eguzkitatik gorde ziolako zegoen hain zurbil. Bere aurpegiak nahasmen handiko espresioa ageri zuen.

        — Oporretara al zoazte? —galdetu zuen Miss Morganek—. Ikaragarri gustatzen zaizkit hiriko dendak Eguberri partean. Egun osoak pasako nituzke haiexei begira.

        — Ez —erantzun zuen Juniusek astiro—. Uste dut betirako geldituko garela han. Kontablea naiz, Miss Morgan. Edo kontablea nintzen behintzat orain hogei urte. Lanen bat aurkitzen saiatuko naiz.

        Pena adierazten zuen bere ahotsak.

        — Baina zergatik egiten duzu hori? —galdetu zion Miss Morganek.

        — Ba zera —azaldu zuen Juniusek soil-soil— ez nekien hemen geldituta mutilari kalte egiten ari nintzela. Ez nuen horretaz pentsatu behin ere. Pentsatu beharko nuen, noski. Konprenituko duzun bezala, ez luke pobretasunean hazi behar. Konprenitzen duzu, ezta? Ez nekien zer zioen jendeak gutaz.

        — Zergatik ez zara arrantxoan geratzen? Arrantxo ona da, ezta?

        — Baina ezingo nuke hortik bizimodua atera, Miss Morgan. Ezer ez dakit nekazaritzaz. Jakob arrantxoko gorabehera eramaten saiatuko da, baina badakizu, oso nagia da Jakob. Geroago, ahal dudanean, arrantxoa salduko dut Robbiek inoiz izan ez dituen zenbait gauza izan ditzan.

        Miss Morgan haserre zegoen, baina aldi berean negarrez hasteko zorian sentitzen zen.

        — Jende ergelak esaten dizun guztia ez duzu ba sinetsiko, ezta?

        Juniusek harrituta begiratu zion.

        — Ez horixe. Baina zeuk ere ulertuko duzu koskortzen ari den mutikoa ez dela animalia txiki bat bezala hezi behar, ez al da egia?

        Autobusa errepidean azaldu zen, beraiek zeuden tokirantz hurbilduz. Juniusek Robbie seinalatu zuen:

        — Ez zuen etorri nahi. Ihes egin zuen mendira. Bart harrapatu dugu Jakob eta biok. Denbora gehiegi darama animaliatxo bat bezala bizitzen, badakizu. Gainera, Miss Morgan, ez daki zer ederki biziko garen San Franciscon.

        Autobusa kirrinkada hotsez gelditu zen. Junius eta Robbie igo eta atzealdean eseri ziren. Miss Morgan haien ondoan jartzera zihoan. Baina bat-batean buelta eman eta txoferraren ondoan eseri zen. «Jakina», esan zuen berekiko. «Bakarrik egon nahiko dute, jakina.»

 

 

 

© John Steinbeck

© itzulpenarena: Maria Garikano

 

 

"John Steinbeck / Zeruko Belardiak" orrialde nagusia