4

 

        Tularecitoren sorrera iluntasunean amiltzen da, eta bere aurkikuntza berriz Zeruko Belardietako biztanleek sinetsi nahi ez duten mitoa da, fantasma kontuak sinetsi nahi ez dituzten bezalaxe.

        Franklin Gomezek morroi bat zuen, Pancho izeneko indio mexikar bat, eta besterik ezer ez. Hiru hilabetean behin, Panchok aurreratutako diruak hartzen zituen eta Monterreyra joaten zen bere bekatuak konfesatu, penitentzia bete, absoluzioa jaso eta mozkorra harrapatzera, aipatutako ordenan. Kartzelara sartu-atera bat egin gabe pasatzeko modua baldin bazuen, Pancho bere buggy-ra igo eta lotara jartzen zen tabernak ixten zituztenean. Zaldiak etxeraino arrastatzen zuen, juxtu egunsentia baino lehen ailegatzen zelarik, gosaldu eta lanera joateko nahiko denborarekin. Pancho lo egoten zen beti ailegatzen zenean; horregatik sortu zuen halako jakin-mina arrantxoan, goiz batez, esparrura arrapaladan sartu zenean, ez bakarrik esna, baizik eta garrasika bere eztarriaren indar guztiaz.

        Franklin Gomezek arropak jantzi eta bere arrantxoko morroiari galde egitera atera zen. Istorioa, bere koherentzia gabeko katramilatik askatu zutenean, honako hau izan zen: Pancho etxerako bidean omen zetorren, beti bezain ernai. Blake-tarren etxetik hurbil, ume bat sentitu omen zuen negarrez kamio bazterreko salbia sastraka artean. Zaldia geldiarazi eta begiratzera joan zen, ez baita sarritan gertatzen umeekin horrela topatzea. Eta espero bezala umetxo txiki bat aurkitu zuen lurrean, salbia arteko zabaltoki batean. Tamainagatik, hiru bat hilabete izango zituela pentsatu zuen Panchok. Lurretik jaso eta pospolo bat piztu zuen zer nolako gauza aurkitu ote zuen ikusteko, eta orduan —latzaren latza!— umeak maleziaz begiarekin keinu egin eta ahots sakonez zera esan omen zion: «Begira! Hortz txorrotx-txorrotxak dauzkat.» Panchok ez zuen begiratu. Bota zuen gauza hura bere ondotik, igo zen buggyra eta etxerantz jo zuen arrapaladan, zaldi zaharrari joka latigoaren girtenarekin eta uhurika txakur bat bezalaxe.

        Franklin Gomez bere patilei tiraka egon zen puska batean. Panchoren izaera, pentsatu zuen, ez zen histerikoa ezta pattarraren eraginpean ere. Erabat esnatu izanak sastrakan zerbait bazela frogatzen zuen. Azkenik, zaldiari zela jartzeko agindua eman, abiatu eta ekarri egin zuen umea. Ia hiru urtetan ez zuen umeak berriz hitz egin; eta, aztertuta, hortzik ere ez zioten aurkitu. Baina bi kontu horiek ez ziren aski izan lehen adierazpen zital hura egin ez zuenik sinestarazteko Panchori.

        Haurrak beso motz, potoloak zituen, eta bernak luzeak, artikulazio kolokatsuekin. Bere buru handiak, lepoaren tarterik gabe, sorbalda itxuragabeki zabalen artean hartzen zuen atseden. Bere aurpegi txapalagatik, eta bere gorputz bitxiagatik, umeari Tularecito izena eman zioten automatikoki, «Igel Txiki», Franklin Gomezek sarritan Koiote deitzen bazion ere, «zeren», esaten zuen, «mutil honen aurpegian koiotearen aurpegian aurkitzen den antzinako zuhurtasun hura baitago.»

        — Baina begiratu bernak, besoak, sorbaldak, Señor —gogorarazten zion Panchok.

        Eta hala, Tularecito izena geratu zitzaion. Umetxo deformatu hura nork abandonatu zuen ez zen behin ere jakin. Franklin Gomezek bere arrantxoko patriarkatuan onartu zuen, eta Panchok umearen ardura hartu zuen. Panchok, hala ere, ez zuen behin ere galdu mutilari zion beldur xor hura. Ez urteek, ez penitentzia gogorrek ezin izan zuten Tularecitoren lehen hitz haien eragina ezabatu.

        Mutila azkar hazi zen, baina bosgarren urteaz geroztik bere adimenduak ez zuen aurreratu. Sei urterekin Tularecito gai zen gizon baten lanak egiteko. Bere eskuetako behatz luzeak gizon gehienen behatzak baino trebeagoak eta indartsuagoak ziren. Arrantxoan, Tularecitoren behatzez baliatzen ziren. Korapilo zailek ez zioten luzaro aurre egiten. Landareak aldatzeko esku aproposak zituen, behatz samurrak, behin ere kimu berri bati minik egin ez ziotenak edo landare txertatu baten azala zanpatu ez zutenak. Bere behatz errukigabeak gai ziren indioilar bati zintzurra bihurritzeko inolako ahaleginik gabe. Gainera, Tularecitok bazuen beste dohain entretenigarri bat ere. Behatz lodiaren atzazalaz oso itxura zuzeneko animaliak grabatzen zituen hare-harrian. Franklin Gomezek koiote nahiz puma, txita nahiz katagorrien efigie txiki ugari zeuzkan bere etxean. Orekan jarritako aztore baten irudia, bi oin hartzen zituena, jangelako sabaitik zintzilik zegoen alanbre batzuen bitartez. Panchok, ez baitzuen umea behin ere gizatiar kontsideratu, modelatzeko gaitasun hura ere munduaz besteko sorreratik zetorkion dohaintzat hartu zuen, Tularecitoren ezaugarri deabruzkoen atal gero eta zabalagoan sailkatuz.

        Nahiz Zeruko Belardietako biztanleek Tularecitoren sorrera deabruzkoan sinetsi ez, ezinegona sentitzen zuten hala ere haren aurrean. Bere begiak zaharrak eta lehorrak ziren; bere aurpegiak troglodita tankerako zerbait bazuen. Bere gorputzaren indar handiak eta bere dohain bitxi eta ilunek beste umeengandik bereizten zuten eta larritu egiten zituzten gizon eta andreak.

        Gauza bakar batek piztu zezakeen Tularecitoren haserrea. Edozeinek, gizon, andre edo umek, bere eskulan bat axolagabeki hartzen edo puskatzen baldin bazuen, sutan jartzen zen. Bere begiek dizdiz egiten zuten eta bortizki erasotzen zion profanatzaileari. Horrelakorik gertatu zen hiru aldietan, Franklin Gomezek eskuak eta hankak lotu zizkion eta bakarrik utzi zuen bere ohiko aldarte onera etorri bitartean.

        Tularecito ez zen eskolara joan sei urte bete zituenean. Ondorengo bost urteetan, eskualdeko ume eskolatu gabeen arduradunak eta eskola ikuskariak aldian behin kasuari arreta pixkaren bat eskaini zioten. Franklin Gomezek onartzen zuen Tularecitok eskolara joan beharra zeukala eta bidali ere egin zuen behin baino gehiagotan, baina mutikoa ez zen sekula bertaraino ailegatu. Ikara hartzen zuen, eskola desatsegina egingo ote zitzaion, eta beraz ezkutatu egiten zen, besterik gabe, egun batez edo. Hamaika urte izan zituen arte, karga-jasotzaile baten sorbaldak eta lepo-bihurritzaile baten esku eta besagainak, ez zuten lortu legearen indar bateratuek mutiko hura eskolara eramatea.

        Franklin Gomezek pentsatu bezala, Tularecitok ez zuen ezertxo ere ikasi, baina beste dohain berri baten frogak azaldu zituen berehala. Ederki marrazten zuen, hare-harrian ederki grabatzen zuen bezala. Miss Martin, maistra, haren gaitasunaz jabetu zenean, igeltsu puska bat eman eta animalia prozesio bat egiteko esan zion arbelaren luzera guztian. Eskola bukatu eta gero ere lanean aritu zen Tularecito, eta hurrengo goizean desfile txundigarria ageri zen hormetan. Han zeuden Tularecitok noizbait ikusitako animalia guztiak; muinoetako txori guztiak haien gainetik hegaldatzen ziren. Kriskitin suge bat behi baten atzetik arrastatzen zen; koiote bat, isats iletsua harro-harro goratuta, usnaka zihoan txerri baten orpo atzetik. Baziren han katar eta ahuntzak, dortoka eta gopherrak, denak ala denak ere harritzeko moduko xehetasun eta egiaz marraztuak.

        Miss Martin jota geratu zen Tularecitoren jenialtasunarekin. Klasearen aurrean goraipatu eta hitz batzuk esan zituen hark marraztutako izaki bakoitzari buruz. Berekiko, jenio hura aurkitu eta sustatzeagatik etorriko zitzaion ospean pentsatzen zuen.

        — Askoz gehiago ere egin ditzaket —jakinarazi zion Tularecitok.

        Miss Martinek tapatakoak eman zizkion bizkar zabalean.

        — Ba egingo dituzu —esan zion—. Egunero marraztuko duzu. Jaungoikoak eman dizun dohain handia da.

        Orduan esan berria zuenaren garrantziaz jabetu zen. Makurtu eta begiratu aztertzaile bat eman zien Tularecitoren begi gogorrei, poliki-poliki errepikatuz:

        — Jaungoikoak ernan dizun dohainn handia da.

        Miss Martinek erlojuari begiratu eta, zorrotz, iragarri zuen:

        — Laugarren mailako aritmetika... arbelera.

        Laugarren mailakoak lehian abiatu, ezabailuak hartu eta animaliak kentzen hasi ziren beren zenbakiei tokia egiteko. Bi pasada emateko betarik izan baino lehen, Tularecitok ekin egin zien. Egun handia izan zen. Miss Martinek, eskola guztiak lagunduta ere, ezin izan zuen mutikoa menderatu, zeren Tularecito amorratuak gizon baten indarra baitzuen, gizon ero batena gainera. Ondorengo batailak eskola hondatu zuen, pupitreak irauli, tinta ibaiak isuri, maistraren lore erramileteak gelatik barrena sakabanatu. Miss Martinen jantziak tarratekoz beteta zeuden, eta mutil handiak, batailaren zama haien gainera erori zenez, mailatuta eta krudelki kolpatuta. Tularecitok esku, hanka, hortz eta buruaz borrokatzen zuen. Ez zuen gizalegezko araurik errespetatzen eta azkenean irabazi egin zuen. Eskola guztiak, Miss Martin erretagoardian zutela, alde egin egin zuen batimendutik, Tularecito amorratua hango jaun eta jabe utzita. Joan zirenean, berak atea giltzaz itxi, begietako odola garbitu eta lanean hasi zen hondatutako animaliak osatzeko.

        Gau hartan Miss Martin Franklin Gomezengana joan eta mutilari astindu bat emateko eskatu zion.

        Gomezek sorbaldak goratu zituen.

        — Benetan esaten al didazu astindu bat emateko, Miss Martin?

        Maistraren aurpegia harramazkez beteta zegoen; bere ahoak espresio garratza ageri zuen.

        — Halaxe nahi dut, bai —esan zuen—. Ikusi bazenu gaur zer egin duen, ez zenidake ezer aurpegiratuko. Lezio bat behar duela esaten dizut.

        Gomezek berriro sorbaldak goratu eta Tularecitori hots egin zion barrakoitik etor zedin. Latigo astun bat hartu zuen hormatik. Orduan, Tularecitok Miss Martini irribarre leun-leuna eskaintzen zion bitartean, Franklin Gomezek kolpe latzak eman zizkion bizkarrean. Miss Martinen eskuak ere jotzeko mugimendu nahigabekoak egiten zituen. Zigorra bukatutakoan, Tularecitok bere gorputza haztatu behatz luze aztertzaileekin, eta betiere irribarrez, barrakoira itzuli zen.

        Miss Martinek izututa ikusi zuen zigorraren azkena.

        — Baina, animalia hutsa da eta! —hots egin zuen—. Zakur bat astintzea bezalaxe izan da.

        Franklin Gomezek maistrari zion mesprezioaren arrasto bati bere aurpegira agertzen utzi zion.

        — Zakur bat kikildu egingo zen —esan zuen—. Zeuk ere ikusi duzu, Miss Martin. Animalia dela diozu, baina animalia zintzoa, dudarik gabe. Marrazkiak egiteko esan eta gero hondatu egin dizkiozu. Tularecitori ez zaio hori gustatzen...

        Miss Martin zerbait esaten saiatu zen, baina Gomezek bizkorrago segitu zuen:

        — Igel txiki honek ez luke eskolara joan behar. Lana bai, lana egin dezake; gauza zoragarriak egin ditzake eskuekin, baina ez da kapaza eskolan erakusten diren gauzatxo errazak ikasteko. Ez da eroa, baizik eta Jaungoikoak erabat bukatu gabe uzten dituen horietakoa. Esan nizkion gauza horiek Ikuskariari, eta berak esan zidan legeak eskolara joatera behartzen zuela Tularecito hemezortzi urte bete arte. Zazpi urte falta dira horretarako. Zazpi urtez nire Igel Txikik lehen mailakoekin eseri beharko du legeak hala agintzen duelako. Ulertu ezin dudan gauza da.

        — Giltzez itxita eduki beharko lukete —sartu zen Miss Martin—. Ume hori arriskutsua da. Ikusi egin behar zenuen gaur.

        — Ez, Miss Martin, libre utzi beharko lukete. Ez da arriskutsua. Inork ez daki berak bezala lorategia zaintzen. Inork ez daki behiak jezten berak bezain azkar eta gozo. Mutil ona da. Gainera igo gabe ere badaki zaldi ardailatua mantsotzen; jo gabe ere badaki txakurra hezten. Baina legeak dio zazpi urtez lehen mailan eseri behar duela «K-A-T-U, katu» errepikatzen. Arriskutsua balitz erraz asko hilko ninduen astindu dudanean.

        Miss Martinek sentitu zuen bazeudela berak ulertu ezin zituen gauzak, eta gorrotatu egin zuen Franklin Gomez horregatik. Bera miserable hutsa izan zela sentitu zuen, eta hura berriz eskuzabala. Hurrengo goizean eskolara heldu zenean, Tularecito bere aurrean aurkitu zuen. Hormaren tarte guzti-guztiak animaliaz estalita zeuden.

        — Ikusten? —esan zion mutikoak, sorbalda gainetik pozez zoratzen begiratzen ziola—. Askoz gehiago. Eta oraindik badaukat liburu bat gehiagorekin, baina horman ez dago denentzako tokirik.

        Miss Martinek ez zituen animaliak ezabatu. Eskolako lana paperean egin zuten, baina ikastaldiaren bukaeran uko egin zion bere postuari, osasun txarra jarriz aitzakia bezala.

        Miss Morgan, maistra berria, oso gaztea eta oso polita zen; gazteegia eta arriskutsuki polita, pentsatu zuten ibarreko gizon adinduek. Goiko mailetako zenbait mutilek hamazazpi urte bazituzten. Benetan zalantzan jartzekoa zirudien hain maistra gazte eta politak eskolan inolako diziplinarik mantendu ahal izatea.

        Lanerako entusiasmo bizia ekarri zuen berarekin. Eskolarentzat txundigarria izan zen, ordura arteko maistra guztiak neskazahar urtetsuak izan baitziren, aurpegietan, zirudienez, oin nekatuen aztarrena zeramatenak. Miss Morgani gustatu egiten zitzaion irakastea, eta eskola, bere eskuetan, gauza ezohikoak gertatzen ziren toki kilikagarria bihurtu zen.

        Hasiera-hasieratik inpresio handia egin zion Tularecitok Miss Morgani. Bazekien hari zegokion guztia, liburuak irakurri eta ikastaroak egin zituen hari buruz. Borrokaren istorioa jakin zuelarik, arbelaren goialde guztian tarte bat utzi zuen Tularecitok bere animaliekin bete zezan, eta, hark bere desfilea bukatu zuenean, marrazki-taula handi bat eta arkatz bigun bat erosi zizkion bere diruarekin. Handik aurrera Tularecitok ez zuen letrekin nekatu beharrik izan. Egunero bere marrazki-taulan aritzen zen, eta arratsaldero modu zoragarrian landutako animaliaren bat erakusten zion maistrari. Honek ikasgelako hormari josita jarri ohi zituen marrazkiak, arbelen gainetik.

        Ikasleek gogo onez hartu zituzten Miss Morganen berrikuntzak. Klaseak kilikagarriak bihurtu ziren, eta maistrak amorrarazten ospe inbidiagarria lortutako mutilentzat ere interesa galdu zuen eskolari su emateko posibilitateak.

        Miss Morganek ohitura bat ezarri zuen, ikasle guztien maitasuna eskuratu ziona. Arratsaldero, ordu erdiz, irakurri egiten zien. Zatika, Ivanhoe eta Talismana irakurri zizkien; Zane Greyren arrantza istorioak, James Oliver Curwooden ehiza istorioak; Itsas Otsoa, Oihanaren Deia... ez ume ipuinak, oilo gorri txikia eta azeria eta antzarrari buruzkoak, baizik eta helduentzako istorio interesgarriak.

        Miss Morganek ongi irakurtzen zuen. Mutilik elkorrenak ere bereganatu egin zituen, eta ez zuten sekula piperrik egiten zati bat galtzeko beldurrez, eta aurrerantz makurtuta egoten ziren jakin-minez arnaska.

        Baina Tularecitok marrazten segitzen zuen bere arreta guztiarekin, soilik aldian behin geldituz maistrari begiarekin keinu egiteko, eta jende ezezagunari buruzko kontaketa urrun haiek inoren jakin-mina nola esna zezaketen ulertzen saiatzeko. Berarentzat benetako gertaeren kronikak ziren, bestela zergatik zeuden idatzita? Istorioak lezioak bezalakoak ziren. Tularecitok ez zituen entzuten.

        Bolada baten ondoren, Miss Morgani iruditu zitzaion haize gehiegi eman ziela ume zaharrenei. Berak gogoko zituen amandre ipuinak, gogoko zuen populazio osoak imajinatzea amandreetan sinetsi eta, ondorioz, ikusi ere egiten zituztenak. Bere ezagun trebatu eta jakintsuen zirkulu seguruan, hala esan ohi zuen sarritan: «Ameriketako kultur inanizioaren parte bat amandreen existentziaren ukapenetik dator, ukapen baldar eta superstiziotsua.» Aldi batez amandre ipuinak irakurtzera dedikatu zuen arratsaldeko ordu erdia.

        Orduan aldaketa bat gertatu zen Tularecitoren baitan. Pixkanaka, Miss Morganek bere istorio haiek irakurri ahala elfo nahiz iratxo, maitagarri nahiz ieltxuei buruz, Tularecitoren jakin-mina esnatu egin zen eta arkatz saiatua nagi-nagi geratu zen bere eskuan. Gero Miss Morganek gnomoei buruzko istorioak irakurri zituen, haien bizitza eta ohiturei buruzkoak, eta Tularecitok arkatza erortzen utzi eta maistraren aldera makurtu zen hitzik ez huts

egiteko.

        Eskolatik atera eta gero Miss Morganek milia erdiko bidea zeukan apopilo zegoen granjaraino. Bakarrik joatea gustatzen zitzaion, makila batekin kardaberei burua kenduz, edo sasi-zuloetara harriak boteaz galeperrak orroka atera zitezen. Txakur saltolari, zulo-miatzaile bat lortu behar zuela pentsatzen zuen, emozio haiek berarekin batera biziko zituena, eta ulertuko zuena zer xarma zuten lurreko txuloek eta hosto ihartuen gainean sakabanatutako oinatzek, melankolia bitxiko txorien txistuek eta lurretik isilka ateratako usain biziek.

        Arratsalde batez Miss Morganek klerazko haitz baten malda igo zuen, gain lau eta zurian bere inizialak grabatu asmoz. Gorakoan urratua egin zuen behatzean arantza batekin, eta inizialen ordez, zera harramazkatu zuen: «Hemen izan naiz eta nire parte hau utzi dut», eta klera-harri zupatzailearen kontra estutu zuen behatz odoldua.

        Gau hartan, eskutitz batean, honela idatzi zuen: «Bizi eta ugaltzeko nahitaezkoa zaionaz gain, gizonak batez ere bere buruaren aztarren bat utzi nahi du, froga bat edo, benetan existitu duela adierazten duena. Bere froga hori egurrean, harrian edo beste jendearen bizitzan uzten du. Desira sakon hori denon baitan dago, hasi komun publikoetan hitz lizunak idazten dituen mutilagandik eta bere irudia arrazaren gogoan grabatzen duen Budarekin bukatu arte. Bizitza hain da irreala. Nik uste bagarela ere dudatan jartzen dugula zinez, eta baietz frogatu nahian goazela mundutik barrena.» Eskutitzaren kopia bat gorde zuen.

        Gnomoei buruz irakurtzen jardundako arratsalde hartan, etxerantz zihoala, kamio bazterreko belarrak zirti-zartaka hasi ziren une batez, eta Tularecitoren buru itsusia agertu zen.

        — Oh! Beldurtu egin nauzu —hots egin zuen Miss Morganek—. Ez zenuke hain ustekabean azaldu behar.

        Tularecito altxa zen eta irribarre egin zuen lotsatuta, sonbreirua izterraren kontra astinduz. Bat-batean Miss Morganek beldurra handitzen sentitu zuen bere barruan. Kamioan ez zegoen inor... inuzenteei buruzko istorioak irakurriak zituen. Nekez menderatu zuen bere ahots dardaratia.

        — Zer... zer nahi duzu?

        Tularecitok zabalki irribarre egin eta astindu gogorragoa eman zion sonbreiruari.

        — Patxadan etzanda zeunden, ala zerbait nahi duzu?

        Mutila zerbait esaten saiatu zen, eta gero bere irribarrearen atzean babestu zen berriro.

        — Beno, ez baduzu ezer nahi, aurrera segituko dut —airean alde egiteko prest zegoen.

        Tularecitok beste ahalegin bat egin zuen.

        — Beste jende hori dela-eta...

        — Zer jende? —galdetu zuen Miss Morganek zorrotz—. Zer du jendeak?

        — Liburuko beste jende hori dela-eta...

        Miss Morgan, arinduta, barre eta barre hasi zen, buru atzean ilea askatzen ari zitzaiola antzeman arte.

        — Zer esan... zer esan nahi duzu... gnomoak?

        Tularecitok baiezkoa egin zuen buruaz.

        — Zer jakin nahi duzu beraiei buruz?

        — Sekula ez dut horrelakorik ikusi —esan zuen Tularecitok. Bere ahotsak ez zuen gora-beherarik egin, nota baxu bakar batean mantendu zen.

        — Begira, nik uste oso jende gutxik ikusten dituela.

        — Baina bazirela banekien.

        Miss Morganen begiak kizkurtu egin ziren jakin-minez.

        — Ah bai? Nork esanda zenekien?

        — Inork esan gabe.

        — Ez dituzu sekula ikusi, eta inork ez dizkizu aipatu? Hortaz nola jakin zenezakeen bazirela?

        — Banekien, besterik gabe. Sentitu egingo nituen, beharbada. Ondo asko ezagutu ditut liburuan.

        Miss Morganek pentsatu zuen: Zertan ukatu behar diot gnomoen kontu hori ume xelebre, osatu gabeko honi? Ez al litzateke bere bizitza aberatsagoa eta zoriontsuagoa izango badirela sinetsiko balu? Eta zer kalte egingo lioke horrek?

        — Behin ere saiatu al zara bakarren bat bilatzen? —galdetu zion.

        — Ez, ez naiz bila ibili. Banekien bazirela, besterik gabe. Baina orain bila hasiko naiz.

        Miss Morgan txoratzen zegoen egoera haren aurrean. Non idatzia bazuen paper hartan, non grabatua bazuen haitz hartan. Istorio zoragarri bat grabatu ahal izango zuen, liburuetako istorio guztiak baino askoz benetakoagoa izango zena.

        — Non hasiko zara bila? —galdetu zion.

        — Zuloak egingo ditut lurrean —esan zuen Tularecitok lasai asko.

        — Baina gnomoak gauean bakarrik ateratzen dira, Tularecito. Gauez zaindu beharko dituzu. Eta bakarren bat aurkituz gero nigana etorri eta esan egin beharko didazu. Konforme?

        — Bai, konforme —onartu zuen.

        Maistra abiatu zenean, mutikoa atzetik begira geratu zitzaion. Etxerako bidean, Miss Morganek bila eta bila imajinatu zuen Tularecito gauaren erdian. Gustatu egin zitzaion irudia. Agian aurkitu ere egingo zituen gnomoak, agian haiekin bizi eta hitz egin ere egingo zien. Hitz erakarle gutxi batzuekin Tularecitoren bizitza irreala eta liluragarria izatea lortu zuen, eta inguruan zituen bizitza ergeletatik bereizia. Mutikoaren bilaketa hark inbidia sakona ematen zion Miss Morgani.

        Ilunabarrean Tularecitok bere txamarra jantzi eta pala bat hartu zuen. Erreminten estalpetik ateratzera zihoan unean Pancho zaharra azaldu zitzaion.

        — Nora hoa, Igel Txiki? —galdetu zion.

        Tularecitok hanka mudatu zuen, ezinegonez atzerapenagatik.

        — Ilunpetara noa. Gauza berria ote da ba?

        — Baina zergatik hartu duk pala? Urrea ote dagoen edo?

        Mutilaren aurpegia gogortu egin zen bere asmoaren seriotasunaz.

        — Aitzurrera noa, lurpean bizi den jende txikia bilatzeko.

        Hura entzutean, Pancho bere onetik atera zen izu-izu eginda.

        — Ez hadi joan, Igel Txiki! Entzun hire adiskide zaharrari, Jainkoaren aurrean hire aita den honi, eta ez hadi joan! Han sastraka artean aurkitu hindudan, eta salbatu deabruengandik, hire senideengandik. Orain Jesusen anaia txikia haiz. Ez hadi itzuli hire jendeagana! Entzun gizon zahar honi, Igel Txiki!

        Tularecitok begiak lurrari josi eta bere pentsamendu zaharrak informazio berri honen argitan aztertu zituen.

        — Nire jendea dela esan duzu —hots egin zuen—. Ni ez naiz besteak bezalakoa ez eskolan eta ez hemen. Hori badakit. Mira sentitzen dut lur hotzaren sakonean bizi den nire jendeagatik. Katagorri txulo baten ondotik pasatzen naizenero, arrastaka barrura sartu eta nire burua bertan ezkutatzeko gogoa izaten dut. Nire jendea ni bezalakoa da, eta hots egin egin didate. Etxera itzuli beharra daukat, Pancho.

        Panchok atzera jo eta behatz gurutzatuak goratu zituen.

        — Hoa hortaz deabruagana, hire aitagana. Ni ez nauk behar bezain zintzoa deabrukeria honi aurre egiteko. Santu bat beharko litzateke horretarako. Baina begira! Behinik behin seinalea egiten diat hire eta hire arraza guztiaren kontra.

        Eta airean, bere aurrean, gurutze babes-emailea egin zuen.

        Tularecitok tristeki irribarre egin eta, buelta emanez, muinoetarantz jo zuen.

        Bere etxerantz zihoala, Tularecitok pozez gainezka zeukan bihotza. Bizitza guztian arrotz izan zena, erbesteratu bakartia, etxera zihoan orain. Betiko moduan, lurraren mintzoak aditu zituen: zintzarrien hots urruna, zirikatu duten galeperraren murmurioa, gau hartan kantatzeko asmorik ez zuen koiote baten ulu ahula, milioi bat intsekturen nokturnoak. Baina Tularecitok beste soinu bat aditu nahi zuen, hanka biko izakien mugimendua, eta ezkutuko jendearen mintzo isilak.

        Halako batean gelditu eta hoska hasi zen: «Aita, etxean naiz», eta ez zuen erantzunik aditu. Katagorri txuloen barrura xuxurlatu zuen: «Non zarete, nire senideok? Ez da ezer, bakarrik Tularecito, etxera datorrena.» Baina ez zen erantzunik izan. Are okerragoa, gnomoak hurbil zeudenik ere ez zitzaion iruditzen. Bazekien orkatz eme bat eta oreinkume bat jaten ari zirela handik urrutira gabe; bazekien, ikusi ezin bazituen ere, basakatu bat zelatan ari zitzaiola untxi bati sastraka baten atzetik; baina gnomoen aldetik mezurik ez zitzaion heltzen.

        Azukrezko ilargia azaldu zen muino artetik.

        — Orain animaliak jatera aterako dira —esan zuen Tularecitok erdi inuzenteen zurrumurru papera bezain finean—. Jendea ere atera egingo da orain.

        Sastraka bukatu egiten zen ibar txiki baten ertzean eta baratz batek hartzen zuen haren tokia. Zuhaitzak hostoz lepo zeuden, eta lurra ederki landua. Bert Munroeren baratza zen. Lehen, saila abandonatuta eta fantasmarik gabe zegoenean, Tularecito sarritan etorri ohi zen gauez hona, lurrean etzatera, zuhaizpean, eta izarrak harrapatzera behatz samurrekin.

        Baratzera sartu orduko, etxera hurbiltzen ari zela jakin zuen. Ez zituen aditzen, baina bazekien gnomoak hurbil zeudela. Behin eta berriro hots egin zien, baina ez ziren etorri.

        — Beharbada ez zaie gustatzen ilargiaren argia —esan zuen.

        Muxika handi baten oinean egin zuen bere zuloa, oso sakona eta alderik alde hiru oin bazituena. Lan hartantxe jardun zuen gau osoan, aldian behin entzuteko geldituz eta ondoren zuloa geroz gehiago sakonduz lur freskoan. Nahiz ezer aditu ez, sinetsita zegoen hurbiltzen ari zela haiengana. Ez zuen etsi eguna zabaldu arte, eta, orduan, sastraka artera erretiratu zen lotara.

        Goizerdian Bert Munroe koiote tranpa bati begiratzera atera eta zuloa aurkitu zuen zuhaitzaren oinean. «Zer demonio ordea», esan zuen. «Mutikoren batzuk ibiliak izango dira tunela egiten. Arriskutsua da! Lurra gainera amilduko zaie, edo norbait barrura erori eta mina hartuko du.»

        Atzera etxera joan, pala hartu eta zuloa bete zuen.

        — Manny —esan zion seme gazteari—, ez hintzen ba hi ibiliko baratzean aitzurrean, ezta?

        — Ez! —esan zuen Mannyk.

        — Eta? Ba al dakik nor ibili den?

        — Ez! —esan zuen Mannyk.

        — Beno, norbaitek zulo handi bat egin dik hor kanpoan. Arriskutsua duk. Esan mutilei ez horrelako zulorik egiteko, bestela lurrak azpian harrapatuko dizkik.

        Iluna etorri eta Tularecito sastraka artetik atera zen berriro ere bere zuloari ekiteko. Goraino beteta aurkitu zuenean, animalia basati baten orroa egin zuen, baina gero besterik pentsatu eta barrez hasi zen. «Hemen zegoen jendea» esan zuen pozik. «Ez zekiten nor zen, eta beldurtu egin ziren. Zuloa bete dute, gopherrek egiten duten bezalaxe. Oraingoan gorde egingo naiz, eta zuloa betetzera etortzen direnean, nor naizen esango diet. Orduan maitatu egingo naute.»

        Eta Tularecitok zuloa zabaldu eta askoz sakonagoa egin zuen lehen baino, zeren lurraren parte handi bat harrotuta baitzegoen. Eguna argitu baino lehentxeago, baratz ertzeko sastraka artera erretiratu, eta lurrean etzan zen zelata egiteko.

        Bert Munroe berriro ere bere tranpari begiratzera atera zen gosaldu aurretik, eta berriro ere zulo irekia aurkitu zuen. «Deabrutxo horiek!» hots egin zuen. «Lehengoan segitzen dute, eh? Apustu egingo nuke Manny ere tartean dabilela.»

        Une batez zuloa aztertu eta segidan lurra barrura botatzen hasi zen oinaren saihetsaz. Marru basati batek buelta emanarazi zion. Tularecito gainera zetorkion, igel bat bezalaxe saltoka bere berna luzeen gainean eta bere palari eraginez garrote bat balitz bezala.

        Jimmie Munroe aitari hots egitera etorri zenean, gosaltzera joan zedin, lur muntoaren gainean erorita aurkitu zuen. Odola zerion ahotik eta kopetatik. Lur palakadak ateratzen ziren zulotik hegaka.

        Jimmiek pentsatu zuen norbaitek hil egin zuela bere aita eta gorpua lurperatzera zihoala. Korrika etxera joan, izuak jota, eta bizilagun batzuei telefonatu zien etor zitezen.

        Dozena erdi bat gizon arrastaka heldu ziren zuloraino. Tularecitok lehoi zauritu batek bezala borrokatu zuen, eta bai bere postuari eutsi ere, bere pala harekintxe buruan eman zioten arte. Gero lotu eta kartzelara eraman zuten.

        Satinasen sendagile batzar batek mutila aztertu zuen. Medikuek galderaren bat egiten ziotenean, berak leun-leun irribarre egin eta ez zuen erantzuten. Franklin Gomezek zekien guztia esan zion batzarrari, eta Tularecitoren kustodia eskatu zuen.

        — Benetan diotsut ezin dugula hori egin, Mr. Gomez —esan zuen azkenean epaileak—. Mutil ona dela diozu. Eta atzo bertan gizon bat hiltzeko ahalegina egin zuen. Konprenitu behar duzu ezin dugula libre utzi. Orain ez bada geroago, norbait hiltzea lortuko du.

        Deliberazio labur baten ondoren, Napara bidali zuten Tularecito, ero kriminalentzako etxera.

 

 

 

© John Steinbeck

© itzulpenarena: Maria Garikano

 

 

"John Steinbeck / Zeruko Belardiak" orrialde nagusia