3

 

        Edward Wicks errepide nagusiaren ertzeko etxe txiki, goibel batean bizi zen, Zeruko Belardietan. Etxearen atzealdean muxika sail bat eta baratz handi bat zeuden. Edward Wicksek muxikak zaindu bitartean, bere emazte eta alaba ederrak baratza landu eta ilar, indaba eta marrubi goiztiarrak biltzen zituzten Monterreyn saltzeko.

        Edward Wicksek aurpegi motz, beltzarana zuen eta ia betilerik gabeko begi txiki eta hotzak. Bera zen, denen ustetan, ibarreko gizonik maltzurrena. Tratu zikoitzak egiten zituen eta bere pozik handiena muxikekin auzokoek baino zentabotxo batzuk gehiago ateratzea izaten zen. Ahal zuenean, tranpa iaioak egiten zituen zaldien salerosketan, legerik hautsi gabe betiere, eta bere zorroztasuna zela-eta komunitatearen begirunea bereganatu zuen; baina, xelebrea bada ere, ez zen aberastu. Hala eta guztiz, dirua tituluetan jartzen ari zela sinestaraztea gustatzen zitzaion. Eskola-batzarraren bileretan aholkua eskatzen zien beste partaideei titulu desberdinei buruz, eta hala, bere aurrezkiak aintzat hartzeko modukoak zirela pentsa zezaten lortzen zuen. Ibarreko jendeak «Tiburoi» Wicks deitzen zion.

        — Tiburoi? —esaten zuten—. Oh, apustu egingo nuke hogei bat mila dolar badituela, beharbada gehiago. Horri ziria sartuko dionik ez da.

        Baina, egia esan, Tiburoik sekula ez zituen bostehun dolar baino gehiago batera eduki.

        Tiburoiren plazerik handiena gizon aberastzat hartua izatea zen. Zinez, hainbeste disfrutatzen zuen horrekin non aberastasuna benetakoa bihurtzen baitzen berarentzat. Balizko bere dirutza berrogeita hamar mila dolarrekoa zela erabakita, liburu-nagusi bat eramaten zuen, bertan interesak kalkulatu eta bere inbertsio desberdinak idazten zituelarik. Eragiketa horiek bere bizitzako pozik handiena ziren.

        Petrolio konpainia bat osatu zen Salinasen, Monterreyko eskualdearen hegoaldean putzu-zulo bat egiteko asmoz. Horren berri izan zuenean, Tiburoik John Whitesideren granjara jo zuen konpainiaren akzioen balioa eztabaidatzeko.

        — South County Oil delako konpainia horretaz pentsatzen aritu naiz —esan zion.

        — Geologoen txostenak itxura ona dauka —esan zuen John Whitesidek—. Beti aditu izan dut inguru horretan petrolioa bazela. Aspaldiko kontua da.

        John Whitesideri maiz eskatzen zioten aholkua horrelako auziei buruz.

        — Baina, jakina, ez nuke nik diru gehiegi sartuko.

        Tiburoik behatzekin beheko ezpaina tolestu eta pentsakor geratu zen une batez.

        — Buelta asko eman dizkiot buruan —esan zuen—. Niri aukera polita iruditzen zait. Hamar bat mila dolar dauzkat han eta hemen eman beharko luketena eman gabe. Zera izango dut onena, kontu handiz aztertzea. Zer iritzi ote zenuen jakin nahi nuen.

        Baina Tiburoik hartua zuen erabakia. Etxera iritsitakoan, liburu-nagusia hartu eta hamar mila dolar atera zituen bere irudimenezko libretatik. Gero Southern County Oil konpainiako mila akzio gehitu zizkion bere titulu zerrendari. Egun hartatik aurrera larritasunez zaindu zituen Burtsako kotizazioak. Apur bat igotzen zirenean, txistuka ibiltzen zen doinu monotonoez, eta jaisten zirenean berriz, aprentsiozko korapilo bat sentitzen zuen eztarrian. Azkenean, Southern County-ko kotizazioak igoera azkar bat izan zuenean, halako poza hartu zuen Tiburoik non Zeruko Belardietako Denetariko Dendara joan eta marmot beltzeko erloju bat erosi baitzuen tximini gaineko koskarako, esferaren alde bakoitzean onixezko habe bat zuena, eta gainean brontzezko zaldi bat. Dendan zeuden gizonek askojakinen aurpegia jarri eta Tiburoi mordoxka ederren bat irabaztear egongo zela xuxurlatu zuten.

        Astebete geroago kotizazioek behea jo eta konpainia ezkutatu egin zen. Albistearen berri izan orduko, Tiburoik liburu-nagusia atera eta bere akzioen salmenta idatzi zuen kiebra egunaren bezperako datarekin; bi mila dolarreko irabaziaz saldu zituela idatzi zuen.

        Pat Humbertek, Monterreytik zetorrela, gelditu egin zuen kotxea errepidean, Tiburoiren etxe aurrean.

        — Sosik gabe utzi omen zaituzte South County horretakoek —aipatu zion.

        Tiburoik barre egin zuen satisfazioz.

        — Zer naizela uste duzu, Pat? Bi egun badira saldu nituela. Inork baino hobeto jakin behar zenuke ez naizela atzo jaioa. Banekien kapitala itxurakoa zela, baina igoera izango zuela ere banekien, eragileek osorik ateratzeko modua izan zezaten. Haiek kargaz arindu zirenean, beste horrenbeste egin nuen nik ere.

        — Hori da hori! —esan zuen Patek mirespenez.

        Eta Denetariko Dendan sartu zenean informazioa zabaldu zuen. Gizonek buruari eragin eta espekulazio berriak egin zituzten Tiburoiren diru kopuruari buruz. Eta onartu zuten hobe zutela negozio batean harekin aurrez aurre ez egokitzea.

        Garaitsu hartan Monterreyko banketxe bati laurehun dolar maileguan eskatu eta bi eskuko Fordson traktorea erosi zuen Tiburoik.

        Pixkanaka, halako ospea hartu zuen bere iritzi eta iragarpen zuzenengatik, non Zeruko Belardietako inori ez baitzitzaion burutik pasatzen bonorik edo lur sailik edo ezta zaldirik ere erostea aurrena Tiburoi Wicksekin hitz egin gabe. Tiburoik arazoa arretaz aztertu bere miresle bakoitzarekin eta aholku harrigarri onak emanez bukatzen zuen.

        Handik urte gutxira bere liburuak zioen ehun eta hogeita bost mila dolar pilatu zituela inbertsio burutsuen bitartez. Auzokoek, gizon txiro baten antzera bizi zela ikusita, orduan eta errespetu handiagoa zioten aberastasunek ez ziotelako burua harrotu. Ziria sartuko zionik ez zen. Bere emazte eta alaba ederrak barazkiak zaintzen eta Monterreyn saltzeko prestatzen segitzen zuten, Tiburoi bera baratzeko milaka eta milaka zereginez arduratzen zen bitartean.

        Tiburoiren bizitzan ez zen nobeletako maitasunik izan. Hemeretzi urterekin hiru dantzalditara eraman zuen Katherine Mullock, berau libre zegoelako. Horrek martxan jarri zuen prezedentearen mekanismoa, eta ezkondu egin ziren bai neskaren familiak eta bai auzoko guztiek hala espero zutelako. Katherine ez zen polita, baina belar-gaizto sortu berriaren freskotasun lerdena zuen, eta behor gaztearen sasoi oparoa. Ezkondu ostean galdu egin zituen sasoia eta freskotasuna, polena jasotako loreak bezala. Bere aurpegiak behera egin zuen, aldakak zabaldu egin zitzaizkion, eta bere bigarren patean sartu zen, lanarenean.

        Harekiko tratuan, Tiburoi ez zen ez samurra ez krudela. Zaldiekin erabiltzen zuen gogortasun ezti berberaz gobernatzen zuen. Krudelkeria induljentzia bezain zentzugabea iruditu izango zitzaion. Inoiz ez zion hitz egiten pertsona bati bezala, inoiz ez zizkion aipatzen bere itxaropen edo gogoeta edo hutsegiteak, ezta bere paperezko aberastasunak edo muxika uzta ere. Katherine harritu eta kezkatu egingo zatekeen bestela jokatu izan balu. Haren bizitza nahiko konplikatua bazen beste baten pentsamendu eta arazoen karga gehitu gabe.

        Wicks-tarren etxe ilun huraxe zen granjako gauza itsusi bakarra. Naturaren orbel eta zaborreria desegin egiten da lurrean urte bakoitza igarotzearekin batera, baina gizonaren zaborreriak iraupen luzeagoa du. Ataria josita zegoen zaku zahar, paper, kristal puska eta enbalatzeko alanbre mordoiloz. Belarrik eta lorerik jaiotzen ez zen granjako toki bakarra etxe ingurua zen, lurra zepatuta baitzegoen han, antzu eta etsai bihurturik bertan hustutako xaboi-ur pertzakadengatik. Tiburoik bere baratza erregaitzen zuen, baina etxe inguruan ur ona alferrikaltzeko arrazoirik ez zuen ikusten.

        Alice jaio zenean, Zeruko Belardietako emakumeak tropelean etorri ziren Tiburoiren etxera, haurra polita zela aldarrikatzeko prest. Haurra benetan polita zela ikusi zutenean, zer esan ez zekitela geratu ziren. Bozkariozko oihu femenino horiek, ama gaztea lasaitzea bilatzen dutenak, besoetan daukan narrasti itxurako izaki ikaragarria gizaki dela pentsa dezan, eta hazitakoan ez dela munstro bihurtuko; oihu femenino horiek beren zentzua galdu zuten. Gainera, bere umeari begiratzen zionean, Katherineren begiek ez zuten ageri sasi-entusiasmo hori, emakumezko gehienei dezepzioak itotzeko baliatzen zaiena. Aliceren edertasuna miresgarriegia zen ordainik gabea izateko. Haur politak gehienetan gizon nahiz emakume itsusi bihurtzen ziren, esaten zion Katherinek bere buruari. Hori esanda, errezeloaren parte bat uxatzen zuen, Patua tranpan harrapatu eta berak boterea ostu balio bezala bere aurre-ezagumenaren bitartez.

        Lehen bisita egun hartan. Tiburoik bi emakume elkarrekin hizketan sentitu zituen. Hala esaten zion batak besteari, sinetsi ezinik bezala:

        — Baina haurra polita da benetan. Nola izan liteke hain polita?

        Tiburoi logelara itzuli eta alabatxoari begira egon zen luzaro. Kanpoan, baratzean, hausnar egin zuen asunto hartaz. Haurra polita zen benetan. Zentzugabea zen berak edo Katherinek edo ahaideren batek hartan eragina zuenik pentsatzea, zeren denak itsusiak baitziren, bai jende arruntaren aldean ere. Argi zegoen gauza txit zoragarria eman zitzaiela, eta, gauza zoragarriak unibertsalki gutiziatuak direnez, Aliceri babesa eskaini behar zitzaion. Horretaz pentsatzean, jakina, Tiburoik Jainkoan sinesten zuen, berak ulertu ezin zuen guztiaren egile zehazgabea bezala ikusten zuelarik.

 

 

        Alice gero eta ederragoa bihurtu zen hazi ahala. Bere azala arnapolak bezain distiratsu eta kolore bizikoa zen: bere ile beltzak garo zurtoinen kizkurtasun suabea zuen, bere begiak promesezko zeru gandutsuak ziren. Umearen begi serio haietara begiratzen zuenak, hala pentsatzen zuen: «Bada hor zerbait ezaguna zaidana, zerbait —hala iruditzen zait— zorrotz gogoratzen dudana, edo bizitza guztian bilatu dudana.» Orduan Alicek burua jiratzen zuen. «Hara ordea! Neskato xarmangarri bat besterik ez da eta!»

        Tiburoik jende askorengan ikusten zituen errekonozimendu horren pausoak. Gizonak gorritzen ikusten zituen neskari begiratzean, mutikoak tigreen modura borrokatzen hura inguruan zutenean.

        Gizonezkoen aurpegi guztietan gutizia irakurtzen zuela iruditzen zitzaion. Sarritan, baratzean ari zela, bere burua oinazetzen zuen ijitoek neskatoa lapurtzen zutela imajinatuz. Egunean dozena bat aldiz, jakinaren gainean jartzen zuen gauza arriskutsuei buruz: zaldien atzeko hankak, hesien garaiera, sakanetan gordetzen zen arriskua eta kotxerik bazetorren begiratu gabe errepidea gurutzatzeak suposatzen zuen galbide segurua. Auzoko eta pitxi-saltzaile guztiengan, eta, okerrago oraindik, arrotz guztiengan bahitzaile posible bat ikusten zuen. Zeruko Belardietan eskaleak etorri zirela zabaltzen zenero ez zion neskatoari bere begi aurretik aldentzen uzten. Eskursiozaleak ere harrituta geratzen ziren Tiburoiren amorruaz bere terrenotik alde egiteko agintzen zienean.

        Katherineri zegokionez, Aliceren edertasun geroz handiagoak bere errezeloa areagotzea besterik ez zuen egiten. Halabeharra kolpea emateko zain zegoen, eta horrek esanahi bakarra izan zezakeen, halabeharra indarrak biltzen ari zela are eta koipe bortitzagoa emateko. Katherine bere alabaren esklabo bihurtu zen, haren gainean zegoen beti eta hiltzear dagoen elbarri bati bezalako zerbitzutxoak eskaintzen zizkion.

        Nahiz Wicks-tarrek alaba benetan adoratu, eta tankera hartan kezkatu haren segurtasunaz, eta haren edertasunaz jende gosearen begiekin gozatu, bazekiten alaba zoragarri hura neskato ikaragarri ergel, makal eta atzeratua zela. Tiburoiren kasuan, segurtasun horrek bere beldurrak areagotzen zituen, ondo asko baitzekien neskak ezingo zuela bere burua zaindu eta ehiza erraza bihurtuko zela berarekin eraman nahi zuen edozeinentzat. Baina Katherinerentzat, Aliceren ergeltasun hura gauza atsegina zen, horri esker amak mila aukera zituelako alabari laguntzeko. Laguntza emanez, Katherinek gailentasun bat erakusten zuen eta neurri batean bien arteko tarte handia laburtzen zuen. Katherineri pozgarriak zitzaizkion bere alabaren ahultasun guztiak, zeren bakoitzarekin baliotsuago eta alabagandik hurbilago sentitzen baitzen.

        Alicek hamalau urte bete zituenean, bere aitak sentitzen zituen ardura ugariei beste bat gehitu zitzaien. Ordura arte Tiburoiren beldur bakarra alaba galdu edo itsustuko ote zen izan zen, baina handik aurrera kastitatea galdu zezakeela pentsatze hutsa aski izaten zuen zeharo izutzeko. Pixkanaka, gaia hausnartzearen poderioz, azken beldur honek beste biak irentsi zituen. Bere alabaren beharbadako desloraketa hura galera eta itsuste bezala hasi zen ikusten. Ordutik aurrera, artega eta susmati jarri ohi zen gizon edo mutilen bat granjara inguratzen zenero.

        Kontu hura amets gaizto bihurtu zen berarentzat. Alice bistatik ez galtzeko esaten zion behin eta berriz emazteari. «Ez jakin zer gerta litekeen», errepikatzen zuen, begi zurbilak susmoz diz-diz zituela. «Ez jakin zer gerta litekeen.» Alabak buruan zuen akatsak asko zorroztu zuen Tiburoiren beldurra. Edozeinek honda zezakeela pentsatzen zuen. Edozeinek abusa zezakeela bere alabaz, bakarrik utziz gero. Eta neskak ezingo zuela bere burua babestu, hain ergela izaki. Gizon batek ez du sekula otzal dagoen txapelketako txakur-emea hurbilagotik zaindu Tiburoik bere alaba baino.

        Aldi baten ondoren, Tiburoi ez zen lasai geratzen alabaren garbitasunari buruz harik eta ziurtatzen zioten arte. Hilero galderaz josten zuen emaztea. Fetxak ere hark baino hobeto zekizkien.

        — Ondo al dago? —galdetzen zuen irrikaz.

        — Oraindik ez —erantzuten zion Katherinek mesprezioz.

        Ordu batzuk geroago:

        — Ondo al dago?

        Ekin eta ekin segitzen zuen, azkenean Katherinek erantzun arte:

        — Horixe ondo dagoela. Zer uste zenuen ba?

        Erantzun horrek lasai uzten zuen Tiburoi hilabeterako, baina ez zuen bere ernetasuna laxatzen. Kastitateak osorik zirauen, beraz zaindu egin behar zen aurrerantzean ere.

        Tiburoik bazekien Alicek ezkondu egin nahiko zuela egunen batean, baina, pentsamendua sarritan etortzen bazitzaion ere, uxatu eta ahazten saiatzen zen, zeren Aliceren ezkontza sedukzioa bera bezain higuingarria iruditzen baitzitzaion. Pitxi eder bat zen, begiratzekoa eta bere hartan gordetzekoa. Auzia, berarentzat, ez zen morala, estetikoa baizik. Baldin eta desloratzen bazuten, ez zen handik aurrera berak hainbeste estimatzen zuen pitxi ederra izango. Ez zuen maite aitak umea maite duen bezala. Hori baino areago, altxor bat bezala zaintzen zuen, disfrutatuz gauza delikatu eta paregabe baten jabe zelako. Denborarekin, hilero-hilero «Ondo al dago?» galdetzearen poderioz, kastitate hura alabaren osasun, iraupen eta osotasunaren sinbolo bilakatu zen.

        Egun batez, Alicek hamasei urte zituela, Tiburoik emazteagana jo zuen aurpegi kezkatuaz:

        — Badakizu ezin dugula benetan jakin ondo dagoen ala ez... alegia... ezin garela benetan ziur egon non eta sendagile batengana eramaten ez dugun.

        Katherine begira geratu zitzaion une batez, hitz haien esanahia ulertu nahirik. Gero, aurreneko aldiz bere bizitzan, bere onetik atera zen:

        — Bilau hutsa zara, zikina eta susmatia —esan zion—. Alde hemendik. Eta berriz holakorik aipatzen baduzu, ni... ni joan egingo naiz.

        Tiburoi harritu egin zen pixka bat, baina ez zen purrustadarekin ikaratu. Hala ere, baztertu egin zuen mediku azterketaren ideia, eta hileroko galdera harekintxe konformatu zen.

        Bitartean, Tiburoiren liburu-nagusiko fortunak gora eta gora jarraitzen zuen. Gauero. Katherine eta Alice oheratutakoan, liburukotea hartu eta sabaitik eskegitako lanpararen argitan irekitzen zuen. Orduan, inbertsioak planeatzen eta interesak kalkulatzen ari zela, begi zurbilak kiskurtu eta bere aurpegi motzak bizkor itxura hartzen zuen. Bere ezpainak mugitu egiten ziren pixka bat, une hartan zerbait enkargatzen ari baitzen telefonoz. Bere aurpegiak espresio serio, eta aldi berean atsekabetua hartzen zuen hipotekatutako granja on batez jabetzen zenean. «Amorrazioa ematen dit hau egin beharrak», xuxurlatzen zuen. Baina horrelakoxea da negozioen mundua, konprenitu beharra daukazue.

        Tiburoik luma tintontzian busti eta hipotekaren kontu hura liburuan idazten zuen. «Letxugak,» esaten zuen berekiko. «Mundu guztia letxugak aldatzen ari da. Merkatuak lepo egingo du. Nik uste patatak aldatu behar nituzkeela, eta hala diru pixka bat egin. Hau lur ona da.» Hirurehun akreko patata saila erein zuela idazten zuen liburuan. Bere begiek lerroak zeharkatzen zituzten. Hogeita hamar mila dolar zeuzkan banketxean, interesak besterik eman gabe. Penagarria zen. Dirua alferrik zegoen ia. Kontzentraziozko zimurdura bat pausatzen zen bere begietan. San Joseko Etxegintza eta Mailegu konpainia zer moduzkoa ote zen galdetzen zion bere buruari. Ehuneko seia ematen zuen. Ez zen komeni presaka eta itsu-itsuan sartzea, konpainia ikertu gabe. Gaueko lana bukatutzat eman eta liburua ixterakoan, Tiburoik kontu hura John Whitesideri aipatzea erabakitzen zuen. Batzuetan konpainia haiek kiebra jotzen zuten, arduradunek ihes egiten zuten, pentsatzen zuen urduri.

 

 

        Munroe familia ibarrera etorri baino lehen, gizon eta mutil guztiengan sumatzen zituen Tiburoik Alicerenganako intentzio txarrak, baina behin Jimmie gaztea begiztatu ondoren, bere beldur eta susmoak murriztu egin ziren, denak Jimmie sofistikatuaren gainean batu arte. Mutila argala eta aurpegi egokikoa zen, ahoa ongi osatua eta sentsuala zuen, eta bere begiek batxilerreko mutilen harrokeria iraingarri horrekin distiratzen zuten. Jimmiek ginebra edaten zuela kontatzen zen; hiriko arropak janzten zituen, artilezkoak, sekula ez laneko galtzak. Ilea gominaz distiraka eraman ohi zuen, eta oro har bere portaera eta jarrerak libretasun handia zuten, Zeruko Belardietako neskak irri txoroka eta sinuka uzten zituena mirespen eta aztoramenez. Jimmiek begi lasai, zinikoekin begiratzen zien neskei, eta haien aurrean disipatu itxura ematen saiatzen zen. Bazekien neska gazteek iragan baten jabe ziren mutilengana jotzen zutela. Jimmiek bazuen iraganik. Behin baino gehiagotan mozkortu zen Riverside Dance Palace-n; gutxienez ehun neskari musu emandakoa zen, eta hiru alditan, bekatuzko abenturak izan zituen sahats artean, Salinas ibaiaren ertzean. Jimmiek ahaleginak egiten zituen bere aurpegiak bere bizitza makurra erakutsi zezan, baina, itxura hutsarekin nahikoa izango ez zelakoan edo, zenbait zurrumurrutxo jarri zituen martxan, Zeruko Belardietatik abiadura lausengarriz hedatu zirenak.

        Tiburoi Wicksek zurrumurru haiek aditu zituen. Eta bere barrean Jimmie Munroeganako gorrotoa erne zen, Jimmieren emakumeekiko portaerak eragiten zion beldurretik jaioa. Zer aukera zituen Alice eder, ergelak —pentsatzen zuen Tiburoik—, hain eskola handiko norbaiten aurrean?

        Alicek mutila ikusterik izan baino lehen, Tiburoik debekatu egin zion hura ikustea. Hain kartsuki hitz egin zion, non neskaren burmuin moteletan jakingura apal bat piztu baitzen.

        — Ez zaitzadala nik behin ere Jimmie Munroe horrekin hizketan harrapatu —esan zion.

        — Nor da Jimmie Munroe, aitatxo?

        — Hori berdin zaizu. Baina ez zaitzadala nik berarekin hizketan harrapatu. Aditzen? Hara! Bizi-bizirik larrutuko zaitut begiratu bakar bat ematen badiozu.

        Tiburoik ez zion behin ere Aliceri eskurik gainean jarri, Dresdengo txarro bat kolpatzearen kontra zituen arrazoi berberengatik. Laztantzeko ere zalantzak izaten zituen, markaren bat uzteko beldurrez. Zigorra ez zen behin ere beharrezkoa. Alice ume zintzoa eta eskurakoia izan zen beti. Gaiztotasunak ideia edo anbizio batetik sortua izan behar du. Neskak ez zuen behin ere ez bata ez bestea ezagutu.

        Eta berriro ere:

        — Ez zinen ba Jimmie Munroe horrekin hizketan ibiliko, ezta?

        — Ez, aitatxo.

        — Ea ba, ez zaitzadala nik horretan harrapatu.

        Agindu hori hainbat aldiz errepikatu ondoren, Aliceren burmuinetako zelula lodituetara ideia bat sartu zen isilka: gustura ezagutuko zuela Jimmie Munroe hura. Amets ere egin zuen mutilarekin. Eta horrek erakusten du zenbateraino zegoen asaldatuta, zeren Alicek oso gutxitan izaten baitzituen ametsak. Amets hartan, bere gelako egutegiko indioaren antza zuen gizon batek, eta Jimmie izena zuenak, automobil distiratsu batean etorri eta muxika handi, urtsu bat ematen zion. Berak muxikari kosk egindakoan, ura bere kokotsean behera erortzen zen eta horrek lotsa ematen zion. Orduan amak esnatu egin zuen, zurrungaka ari zelako. Katherinerentzat pozgarria zen bere alabak zurrunka egitea. Biak parekatzen zituen akatsetako bat zen. Baina, aldi berean, ez zen dama bati zegokiona.

        Tiburoi Wicksek telegrama bat jaso zuen. «Izeba Nellie hart hil. Hileta larunbatean.» Bere Ford-ean sartu eta John Whitesideren granjara jo zuen, eskola-batzarraren bilerara joaterik ez zuela izango esatera. John Whiteside batzarreko idazkaria zen. Handik abiatu baino lehen, Tiburoik une batez aurpegi kezkatua jarri, eta esan zion:

        — Zera galdetu nahi nizun, San Joseko Etxegintza eta Mailegu konpainia horretaz zer iritzi duzun.

        John Whitesidek irribarre egin zuen.

        — Konpainia berezi horretaz gauza handirik ez dakit —esan zuen.

        — Begira, hogeita hamar mila dolar dauzkat banketxean ehuneko hinia emanez. Pentsatu dut interes handixeagoa ere atera nezakeela han eta hemen begiratuz gero.

        John Whitesidek ezpainak zimurtu, eztiro haizematu eta tapatakoak eman zizkion aire bafadari behatz erakusleaz.

        — Horrela, bat-batean, Etxegintza eta Mailegua bezalako apusturik ez duzula esango nuke.

        — Oh, ez ditut nik negozioak estilo horretan egiten. Ez dut nik apusturik nahi —eten zion Tiburoik—. Toki batean ez badut etekin ziurrik ikusten, ez naiz sartzen. Apustuzale gehiegi dago.

        — Hitz egiteko modua besterik ez da, Mr. Wicks. Etxegintza eta Mailegu konpainia gutxik jotzen dute kiebra. Eta interes onak ematen dituzte.

        — Informatu egingo naiz hala ere —erabaki zuen Tiburoik—. Oaklandera joatekoa naiz izeba Nellieren hiletara; San Josen ordu batzuk gelditu eta informatu egingo naiz konpainia horretaz.

        Zeruko Belardietako Denetariko Dendan, espekulazio berriak izan ziren gau hartan Tiburoiren aberastasunaren zenbatekoari buruz, zeren Tiburoik bati baino gehiagori eskatu baitzion aholkua.

        — Dena dela, gauza bat segurua da —bukatu zuen T. B. Allenek—. Tiburoi Wicksi ziria sartuko dionik ez da. Han eta hemen aholkua eskatu bai, baina ez du inoren iritzia aintzat hartzen berak bere aldetik aztertu arte.

        — Oh, ziria sartuko dionik ez da —esan zuten aho batez bertan bildutakoek.

        Larunbat goizean Oaklandera joan zen Tiburoi, bere bizitzan aurrenekoz emaztea eta alaba bakarrik utzita. Larunbat ilunabarrean Tom Breman azaldu zen etxean, Katherine eta Alice eskolan ospatzekoa zen dantzaldira eramateko asmoz.

        — Oh, ez zait iruditzen Mr.Wicksi gustatuko litzaiokeenik —esan zuen Katherinek, ahots ikaratu eta dardaratiaz.

        — Ez joatekorik ez dizue esan, ezta?

        — Ez, baina... aurreneko aldiz joan da kanpora. Ez zait iruditzen gustatuko litzaiokeenik.

        — Segur aski ez du behin ere horretan pentsatu —lasaitu zuen Tom Bremanek—. Zatozte! Presta zaitezte.

        — Joan gaitezen, amatxo —esan zuen Alicek.

        Katherinek bazekien bere alabak beldurtzeko ere ergelegia zelako hartzen zuela hain aise erabakia. Alice ez zen ondorioak neurtzeko gauza. Ezin zituen imajinatu Tiburoi etxeratu ondorengo asteak, elkarrizketa oinazetsuz beteak. Katherinek imajinatzen zituen senarraren hitzak. «Ez dut ulertzen zuen atera nahia, noiz eta ni hemen ez nintzenean. Bion artean etxea zainduko zenutelakoan joan nintzen, eta egin zenuten aurreneko gauza korrika dantzaldi batera alde egitea izan zen.» Eta gero galderak: «Norekin egin zuen dantza Alicek? Eta? Zer esan zion mutilak? Zergatik ez zenuen aditu? Aditu egin behar zenuen.» Ez zen Tiburoiren aldetik haserrerik izango, baina asteak joan eta asteak etorri hartaz hitz egingo zuen, hartaz hitz egiten segituko zuen harik eta Katherinerentzat dantzarekin zerikusia zuen guztia gorrotagarri bihurtu arte. Eta hilabetearen une jakin hura heldutakoan, bere galderak ziztuka hasiko ziren eltxoak bezala, Alice ez zegoela familia esperoan seguru jakin arte. Katherinek ez zuen uste dantzaldira joatea merezi zuenik, gero berriketa guzti haiek entzun behar bazituen.

        — Joan gaitezen, amatxo —erregutu zion Alicek—. Sekula ez gara inora bakarrik joan.

        Errukizko olatu bat altxa zen Katherineren baitan. Neska gaixoak ez zuen bere bizitzan bakarkako une bat izan. Behin ere ez zen mutil batekin txorakeriak esaten egon, zergatik eta bere aitak ez ziolako bere entzueratik aldentzen uzten.

        — Ondo da —erabaki zuen arnasa estututa—. Mr. Bremanek prestatu arte itxoiten badigu, joan egingo gara.

        Oso ausarta sentitu zen, Tiburoiren ezinegonari haizea ematen ziolako.

        Herri txikietako neskentzat gehiegizko edertasuna itsusitasuna bezainbateko kaltea da. Herriko mutilek Aliceri begiratzen ziotenean, korapilatu egiten zitzaien eztarria, esku eta oinak urduritu eta handitu, eta lepoa berriz gorritu. Ez zen harekin hitz egitera edo dantzatzera behartuko zituenik. Horren ordez, neska itsusiagoekin dantzatzen zuten amorratu beharrean, ume lotsatiak bezain zalapartatsu bihurtu eta bere burua nola nabarmenduko ibiltzen ziren eroaldiak emanda bezala. Bestaldera begira zegoenean, kirika egiten zioten, baina Alicek begiratzen zienean, ahaleginak egiten zituzten haren presentziaz ohartu ez balira bezala jarduteko. Alice, beti horrela tratatu zutenez, ez zen inolaz ere bere edertasunaren jakitun. Ia etsita zegoen hormako loreen status berbera izatera dantzaldietan.

        Jimmie Munroe horman apoiatuta zegoen, indiferentzia dotore eta primerako asper itxuraz, Katherine eta Alice eskolako atetik sartu zirenean. Jimmieren praka barrenak hogeita zazpi hatzeko zabalera zuten, bere txarolezko oinetakoak adreiluak bezain koadratuak ziren orpoetan. Lazodun gorbata beltz bat hegaldatzen zen bere zetazko alkandora zuriaren lepoan, eta ileak diz-diz egiten zion buruan. Jimmie hiritarra zen. Aztore nagi bat bezalaxe oldartu zen. Alicek txaketa kendu baino lehen, mutila aldamenean zuen. Kolegioan bereganatutako ahots nekatuaz, galdetu zion:

        — Dantzarik egin nahi, neska?

        — Eh? —esan zuen Alicek.

        — Dantza egin nahi al duzu nirekin?

        — Dantza, diozu?

        Alicek bere begi lausotu, promesaz beteak mutilagana zuzendu, eta galdera tentel hura umoretsua eta zoragarria bihurtu zen; aldi berean, beste hainbat gauza ere adierazten zituen zeharka, Jimmie ziniko hura ere hunkitzeko eta kilikatzeko modukoak.

        «Dantza?», pentsatu zuen esan nahi zuela. «Dantza besterik ez?» Eta kolegioko esperientzia guztiarekin ere, korapilatu egin zen Jimmieren eztarria, bere oin eta eskuak mugitu egin ziren urduritasunez eta odola lepora igo zitzaion.

        Alice bere amagana jiratu zen. Mrs. Breman eta biak kontu kontari ari ziren, etxekoandreen sukaldaritzari buruzko erretolika berezi horrekin.

        — Amatxo —esan zuen Alicek—, dantza egin al dezaket?

        Katherinek irribarre egin zuen.

        — Segi ezazu —esan zion. Eta gehitu zuen:

        — Ondo pasa ezazu behingoz.

        Jimmiek ikusi zuen Alicek txarki dantzatzen zuela. Musika isildu zenean:

        — Bero dago hemen barrean. Atera gaitezen buelta bat ematera —proposatu zion.

        Eta kanpora eraman zuen, eskolako patioko sahatsen azpira.

        Bitartean, ordura arte eskolako portxean egondako emakume batek barrura sartu eta zerbait xuxurlatu zuen Katherineren belarrira. Katherine kolpetik zutitu eta kanpora joan zen korrika.

        — Alice! —hots egin zuen amorrarazita—. Alice, etorri hona segituan!

        Bikote errebelatua ilunpetatik azaldu zenean, Katherinek Jimmieri ekin zion:

        — Alde egin ezazu, aditzen didazu? Alde egin ezazu neska honen aldamenetik edo arazoak izango dituzu.

        Jimmieren kemena urtu egin zen. Etxera bidaltzen duten umea bezala sentitu zen. Sentimendua gorrotagarria zitzaion, baina ezin zuen menderatu.

        Katherinek eskola barrura eraman zuen alaba.

        — Aitak ez al zizun esan Jimmie Munroegana ez inguratzeko? Eh? —galdetu zion. Izututa zegoen Katherine.

        — Bera al zen ba? —xuxurlatu zuen Alicek.

        — Horixe baietz. Zertan ari zineten hor kanpoan?

        — Muxuka —esan zuen Alicek ahots larrituaz.

        Katherine aho zabalik geratu zen.

        — Ai, Jaungoikoa! —esan zuen—. Ai, Jaungoikoa, zer egingo dut?

        — Txarra al da, amatxo?

        Katherinek kopeta zimurtu zuen.

        — Ez... ez, horixe ez dela txarra! —hots egin zuen—. Izan... ona da. Baina zure aitak ez dezala behin ere jakin. Ez esan, galdetzen badizu ere! Zure aita... begira, erotu egingo litzateke. Gaua bukatu bitartean egon nire ondoan eserita, eta ez berriz Jimmie Munroerengana inguratu, aditzen? Beharbada zure aita ez da enteratuko, Ai, Jaungoikoa, baldinbaitere ez ahal da enteratuko!

        Astelehenean Tiburoi Wicks ilunabarreko trenetik jaitsi, Salinasen, eta autobusa hartu zuen Zeruko Belardietara eramaten zuen bidegurutzeraino. Heldu maletari eta etxeraino zeuzkan lau miliak egiteari ekin zion.

        Gaua argia, eztia eta izarrez betea zen. Muinoetako soinu ahul, misteriotsuek ongi etorria eman eta ameskeriak pizten zizkioten buruan, beraz bere pausoez ahaztu zen.

        Hileta gustukoa izan zuen. Loreak politak ziren, eta ugariak gainera. Emakumezkoen negarrak eta gizonezkoen hanka-punttako ibilera solemneak atsekabe gozo bat eragin zioten Tiburoiri, desatsegina izatetik urrun zegoena. Elizako erritual sakona ere, inork ulertzen edo entzuten ez duena, droga antzeko bat izan zen, bere gorputz eta burmuinetara zuku gozo eta misteriotsuak isuri zituena. Eliza zabaldu eta itxi egin zen bere inguruan ordubetez, eta kontaktu hartatik usain biziko Toreen eta intsentsuzko olatuen bake sentsazio loeragilea atera zuen, eta eternitatearekiko harremanak piztutako emozioa. Gauza horiek ehorzketaren soiltasun handiagatik gertatu ziren bere baitan.

        Tiburoik inoiz ez zuen bere izeba Nellie oso ondo ezagutu, baina asko disfrutatu zuen haren hiletan. Modu batera edo bestera, senideei heldua zitzaien bere aberastasunaren berria, begirune eta duintasunez tratatu baitzuten. Une hartan, etxerantz oinez zihoala, gauza horiek errepasatu zituen, eta pozak bultzatuta denbora bizkortu, bidea laburtu eta berehala heldu zen Zeruko Belardietako Denetariko Dendaraino. Tiburoi barrura sartu zen, bai baitzekien dendan norbait aurkituko zuela, bera kanpoan egon bitartean ibarrean izandako gorabeherak kontatuko zizkiona.

        T. B. Allenek, jabeak, gertatzen zen guztia jakiten zuen, eta gainera bazekien albiste hutsalenari interesa gehitzen, kontatu nahi ez balu bezala eginez. Zurrumurrutxorik txoroena ere kilikagarri bihurtzen zen T.B. zaharra zenean kontalaria.

        Jabeaz gain beste inor ez zegoen dendan Tiburoi sartu zenean. T. B.k horman apoiatutako bere silaren bizkarra beheratu, eta bere begiek jakin-minezko txinpartak bota zituzten.

        — Kanpoan ibili omen tara —adierazi zuen konfiantzara gonbidatzen zuen doinuaz.

        — Oaklanden izan naiz —esan zuen Tiburoik—. Hileta batera joan beharra izan dut. Aldi berean negozioren bat egin nezakeela pentsatu mien.

        T. B.k egokia iruditu zitzaion guztia itxoin zuen xehetasun gehiago eskatu baino lehen.

        — Zer berri, Tiburoi?

        — Berri? Ez dakit horrela deitzea zuzena den, Konpainia bati buruz informatu naiz.

        — Eta dirurik sartu? —galdetu zion T. B.k errespetuz.

        — Zertxobait.

        Bi gizonek lurrera begiratu zuten.

        — Eta hemen zer berri, kanpoan egon naizen bitartean?

        Berehala nahieza bezalako zerbait azaldu zen gizon zaharraren aurpegian. Antzematen zitzaion gertatutakoa esatea ez zuela gustuko, berezko gorrotoa ziola eskandaluari.

        — Dantzaldia, eskolan —aitortu zuen azkenean.

        — Bai, banekien.

        T. B.k sinuak egiten zituen. Antza, borroka bat ari zen gertatzen bere buruan. Zekien guztia Tiburoiri kontatu behar ote zion, Tiburoiren beraren onerako, ala bere golkoan gorde behar ote zuen. Tiburoik jakin-minez segitzen zuen borroka hura. Lehenago ere hura bezalako asko ikusitakoa zen.

        — Ea ba, zer gertatu da? —esan zuen, T. B. zirikatzearren.

        — Agidanean ezkontzaren bat izango ote dugun luze gabe.

        — Bai? Nor?

        — Ba zera, urrutira joan beharrik ez dagoela esango nuke.

        — Nor? —galdetu zuen Tiburoik berriro.

        T. B.k alferrikako beste ahalegin bat egin eta galdu egin zuen borroka.

        — Zu —aitortu zuen.

        Tiburoik irri egin zuen ezpain artean.

        — Ni?

        — Alice.

        Tiburoi tentetu eta zaharrari begira geratu zen. Gero aurreratu eta aldamenean jarri zitzaion, larderiatsu.

        — Zer esan nahi duzu? Argitu zer esan nahi duzun, adiskidea!

        T.B.k konprenitu zuen urrutiegi joan zela. Alde egin zuen Tiburoiren ondotik.

        — Ez gero, Wicks jauna! Ez gero ezer egin!

        — Argitu zer esan nahi duzun! Argitu dena!

        Tiburoik sorbaldatik heldu T. B.ri eta amorru biziz astindu zuen.

        — Zera, dantzaldiko kontu hura... dantzaldikoa besterik ez.

        — Alice dantzaldian izan al zen?

        — Bai.

        — Zer egiten zuen han?

        — Ez dakit. Edo... ezer ez.

        Tiburoik silatik indarrean altxarazi eta bere hanka zalantzatien gainean jarri zuen T. B, zakarki.

        — Esan! —exijitu zion.

        Zaharrak antsi egin zuen.

        — Jimmie Munroerekin patiora ateratzea besterik ez zuen egin.

        Tiburoik bi sorbaldetatik heltzen zion orain. Zaku bat bezalaxe astindu zuen dendari izutua.

        — Esan! Zer egin zuten?

        — Ez dakit, Mr. Wicks.

        — Esan.

        — Ba zera, Miss Burkek... Miss Burkek esan zuen... muxuka ari zirela.

        Tiburoik zakua erortzen utzi eta eseri egin zen. Izututa zegoen, hondamendiaren aurrean balego bezala. T. B. Alleni begirazoak bota bitartean, bere adimendua alabaren lohitasunaren ideiarekin lehiatzen zen. Ez zitzaion bururatu ere egin beharbada gertakaria muxu batekin hasi eta bukatu zela. Tiburoik burua mugitu eta bere begiradak batera eta bestera jo zuen dendatik, etsipenak hartuta bezala. T. B.k fusilen bitrina gainetik pasatzen ikusi zuen haren begirada.

        — Ez gero ezer egin, Tiburoi! —hots egin zion—. Fusil horiek ez dira zureak.

        Tiburoik ez zituen une hartara arte fusilak ikusi ere egin, baina bere arreta haien aldera zuzendu orduko, salto bat eman, kristalezko ate korredizoa zartako batez zabaldu eta errifle astun bat hartu zuen. Prezioaren etiketa kendu, eta kartutxo kaxa bat poltsikoratu zuen. Gero, dendariari begiratu ere egin gabe, ilunpetara atera zen pauso luzeka. Eta T. B. zaharra telefonoan zen Tiburoiren pauso bizkorrak gauean galdu baino lehen.

        Munroe-tarren etxerantz zihoala bizkor-bizkor, Tiburoiren pentsamenduek lehia etsian ziharduten. Pixka bat ibili ondoren, ordea, gauza bat argi ikusi zuen: ez zuen Jimmie Munroe hil nahi. Hari tirorik botatzea ez zitzaion burutik pasa ere egin dendariak ideia aipatu arte. Ondoren, pentsatu gabe jokatu zuen. Zer egin zezakeen orain? Munroe-tarren etxera heldutakoan zer egingo zuen imajinatzen saiatu zen. Agian tiroa bota beharko zion Jimmie Munroeri. Beharbada, gauzek hartutako bideagatik, hilketa burutzea beste erremediorik ez zuen izango Zeruko Belardietan nor izaten jarraitu nahi bazuen.

        Tiburoik kotxe bat zetorrela sentitu eta sastraka artean gorde zen, automobila orroka pasatzen zen bitartean haizearen balbula zabal-zabal zuela. Laster ailegatuko zen Munroe-tarren etxera, eta ez zuen Jimmie gorrotatzen. Ezer ez zuen gorrotatzen, bakarrik bere buruaz jabetu zen huts sentsazio hura, Alicek bertutea galdu zuela jakitean. Aurrerantzean, ezinbestean, hildako norbaitez bezala pentsatu beharko zuen bere alabaz.

        Bere aurrean, Munroe-tarren etxeko argiak ikus zitzakeen orain. Eta Tiburoik konprenitu zuen ezingo ziola Jimmieri tirorik bota. Barre egiten bazioten ere ezingo zion mutilari tirorik bota. Bere baitan ez zegoen hilketarik. Hesiaren atetik begiratu bat eman eta bere etxera joatea erabaki zuen. Jendeak barre egingo zion beharbada, baina berak ezin zion inori tirorik bota.

        Bat-batean gizon batek sastraka baten gerizpetik atera eta garrasi egin zion:

        — Utzi fusil hori, Wicks, eta altxa eskuak!

        Tiburoik lurrean utzi zuen erriflea halako obedientzia nekatu batez. Sheriffaren ordezkariaren ahotsa ezagutu zuen.

        — Kaixo, lagun —esan zion.

        Jendeak inguratu egin zuen orduan. Tiburoik Jimmieren aurpegi ikaratua ikusi zuen beste aurpegien atzean. Bert Munroe ere ikaratuta zegoen. Esan zuen:

        — Zergatik hil nahi zenuen Jimmie? Ez dizu kalterik egin. T.B. zaharrak hots egin dit telefonoz. Kalte egiterik ez daukazun tokian jarri behar zaitut.

        — Ezin duzu kartzelara eraman —esan zuen sheriffaren ordezkariak—. Ez du ezer egin. Gauza bakarra egin zenezake: fidantzapean jarri, bakea ziurtatzeko.

        — Egiatan? Hori egin beharko dut hortaz. —Berten ahotsak dardara egiten zuen.

        — Fidantza handia eskatzea duzu onena —jarraitu zuen ordezkariak—. Tiburoi oso gizon aberatsa da. Ea ba! Salinasera eramango dugu, eta zeu ere etorri, auzia ipini nahi baduzu.

        Hurrengo goizean Tiburoi Wicks adorerik gabe bezala etxeratu eta ohe gainean etzan zen. Begiak motelduta eta nekatuta zeuzkan, baina irekita mantendu zituen. Bere besoak hildako batenak bezain laxa luzatzen ziren bere ondoan. Orduak joan eta orduak etorri, hantxe etzanda jarraitu zuen.

        Katherinek, baratzetik, etxera sartzen ikusi zuen. Poz mingots bat sentitu zuen haren sorbalda erori eta burua garraiatzeko modu makalagatik, baina etxera sartu zenean bazkaria prestatzeko, hankapunttaka mugitu zen eta isilik ibiltzeko esan zion Aliceri.

        Hiruretan Katherinek logelako atetik begiratu zuen.

        — Alice ondo zegoen —esan zuen—. Galdetu egin behar zenidan ezer baino lehen.

        Tiburoik ez zuen erantzun eta postura berean geratu zen.

        — Ez al didazu sinesten?

        Senarraren adore faltak ikara ematen zion.

        — Ez badidazu sinesten, medikuari hots egingo diogu, Oraintxe bertan etorraraziko dut, sinesten ez badidazu.

        Tiburoik ez zuen burua jiratu.

        — Sinesten dizut —esan zuen indarrik gabe.

        Atean zutik zegoela, behin ere ezagutu gabeko sentimendu bat jabetu zen Katherineren buruaz. Bere bizitzan sekula imajinatu gabeko gauza bat egin zuen. Kemen epel bat harrotu zen bere barruan. Ohearen ertzean eseri eta, irmoki helduz, magalean hartu zuen Tiburoiren burua. Sena izan zen hori, eta sen indartsu, irmo berberak bultza zuen bere eskua Tiburoiren kopeta laztantzera. Haren gorputzak hezurgabetua zirudien hondamenaren poderioz.

        Tiburoiren begiak ez ziren sabaitik mugitzen, baina laztan haien eraginez, hitz egiten hasi zen totelka.

        — Batere dirurik ez daukat —zioen bere ahots monotonoak—. Atxilotu eta hamar mila dolarreko fidantza eskatu didate. Esan egin behar izan diot epaileari. Denek aditu dute. Denek dakite zera... batere dirurik ez daukadala. Behin ere ez dudala eduki. Ulertzen al duzu? Nire liburu hori gezur hutsa zen. Dena gezurra, goitik hasi eta beheraino. Dena asmatua zen. Orain denek dakite. Esan egin behar izan diot epaileari.

        Katherinek burua laztantzen zion eztiro eta kemen handi hura hazi eta hazi ari zen bere baitan. Mundua baino handiagoa sentitzen zen. Magalean zeukan mundu osoa eta kontsolatu egiten zuen. Bazirudien errukiak ikaragarrizko estatura ematen ziola. Bere bular bake-emaileek negar egiten zuten munduko atsekabeagatik.

        — Ez nion inori kalterik egin nahi —jarraitu zuen Tiburoik—. Ez nion Jimmieri tirorik botako. Atzera jotzeko aukerarik izan baino lehen harrapatu ninduten. Hil egin nahi nuela pentsatu zuten. Eta orain denek dakite. Batere dirurik ez daukat.

        Laxa-laxa etzanda segitzen zuen, gorantz begira.

        Bat-batean Katherineren kemena botere bihurtu zen, eta boterea parrastadan gorputzetik zabaldu zitzaion eta bere menpean hartu zuen. Momentu bat nahikoa izan zuen zer zen eta zer egin zezakeen jakiteko. Pozez gainezka zegoen, eta inoiz baino ederrago.

        — Aukerarik ez duzu izan —esan zuen eztiro—. Bizitza guztian granja zahar honetan aritu zara eta ez da zuretzat aukerarik izan. Nola dakizu ezin duzula dirurik egin? Nik uste dut posible zaizula. Badakit baietz.

        Bere burua hartarako gai ikusita esan zituen hitz horiek. Hantxe eserita zegoela, bere botereari buruzko ziurtasuna erne zen bere barruan, eta bere bizitza guztia une hartaraxe zuzenduta zegoela konprenitu nuen. Une hartan jainkosa zen, patuaren xantrea. Ez zen harritu senarraren gorputza pixkanaka gogortzen hasi zenean. Haren kopeta laztantzen segitu zuen.

        — Joan egingo gara hemendik —esan zion salmodia doinuz—. Arrantxoa saldu eta alde egin egingo dugu hemendik. Hartara behin ere eduki ez duzun aukera izango duzu. Ikusiko duzu. Nik badakit zer zaren. Zugan sinesten dut.

        Tiburoiren begiek beren moteltasun ikaragarria galdu zuten. Bere gorputzak jiratzeko indarra aurkitu zuen. Katherineri begiratu eta une hartan zer ederra zegoen ikusi zuen, eta, begiratzen zion bitartean, Katherineren kemena bere barrura pasa zen. Tiburoik estutu egin zuen gogorki bere burua emaztearen belaunen kontra.

        Katherinek burua beheratu eta begiratu egin zion. Ikaratuta zegoen, botereak alde egiten zion une hartan. Bat-batean Tiburoi tentetu egin zen ohean. Ahaztua zuen Katherine, baina bere begiek hark emandako sasoiaz distiratzen zuten.

        — Joan egingo naiz laster —hots egin zuen—. Joan egingo naiz arrantxoa saltzeko modua izan bezain azkar. Orduan nire txanda izango da. Nire aukera izango dut orduan. Zer naizen erakutsiko diot jendeari.

 

 

 

© John Steinbeck

© itzulpenarena: Maria Garikano

 

 

"John Steinbeck / Zeruko Belardiak" orrialde nagusia