1
California Garaiko Misio karmeldarra eraikitzen ari zirela, 1776garren urte aldera edo, hogei indio kristautuz osatutako talde batek erlijioa utzi zuen gau batez, eta goizalderako beren txaboletatik alde eginda zeuden. Zisma txiki hark, jarraibide txarra izateaz gain, lana makaldu zuen adobezko adreiluak egiten zituzten buztin-zuloetan.
Agintari erlijioso eta zibilen batzar labur baten ondoren, buruzagi espainiar bat bidera atera zen zaldizko talde batekin ume errebelatu haiek Ama Elizaren altzora itzularazteko. Tropak bide zaila egin zuen Carmelgo ibarrean gora eta harantzagoko mendietatik, eta ibilaldia konplikatu egin zen gainera disidente iheslariek beren aztarnak ezkutatzerakoan erakutsi zuten trebetasun deabruagatik. Soldaduteriak topatu zituenerako aste oso bat igaro zen, baina azkenean aurkitu zituzten, itsuskeriak praktikatzen aurkitu ere, erreka batek zeharkatzen zuen mendi-lepo garotsu baten hondarrean; esan nahi da hogei herejeak seko lo zeudela utzikeriazko jarreretan.
Militar irainduek harrapatu egin zituzten, eta, haien garrasiak aintzat hartu gabe, kate luze eta mehe bati lotuta jarri zituzten. Ondoren kolumnak buelta eman eta berriro ere Carmelorako bidea hartu zuen, neofito gizarajo haiei buztin-zuloetan damutzeko aukera ematearren.
Bigarren eguneko arratsaldearen azken orduan orein txiki bat azaldu zen troparen aurrean, eta bai azkar asko ezkutatu ere tontor baten bestaldean. Buruzagia bere kolumnatik aldendu eta oreinaren atzetik abiatu zen zaldi gainean. Bere zaldi astuna ezinean eta estropezuka igo zen aldapa malkartsuan gora; otso-mahatsek beren atzapar txorrotxak luzatzen zituzten buruzagiaren aurpegiaren bila, baina berak hala ere ekin eta ekin jarraitu zuen bere afariaren atzetik. Minutu gutxitan, muinoaren gailurreraino heldu eta gelditu egin zen, zeharo harrituta begi aurrean zeukanarekin: ibar luze bat belardi berdez tapizatua, eta bertan orein talde bat, larrean zebilena. Ibar zoragarri hartako belazeetan haritz bikainak hazten ziren, eta muinoek arduraz babesten zuten bai behe-laino eta bai haizearen erasotik.
Buruzagi diziplinatua samurtuta sentitu zen edertasun baketsu haren aurrean. Gizon hura, bizkar ilunak zirtzilatzeraino zigortu izan zituena, bere izaera harrapariaz arraza berri bat sortzen ari zena Californiarako, zibilizazio ekarle bizardun eta basati hura jaitsi zen zaldi gainetik eta altzairuzko kaskoa erantzi zuen.
— Ama Maria Saindua! —xuxurlatu zuen—. Horra Zeruko belardi berdeak. Horra nora gidatzen gaituen gure Jainkoak.
Haren ondorengoak ia zuriak dira gaur egun. Ibarra aurkitzean sentitu zuen emozio sakratu hura berritzea besterik ezin dugu guk egin, baina muino arteko ibar eztiari eman zion izenak hantxe darrai. Gaur egun ere Las Pasturas del Cielo bezala ezagutzen dute.
Zorioneko ezbeharren bat medio, lur haiek ez zuten inoren feudope zabalean bukatu. Ez zen Espainiako aitonen semerik haietaz jabetu bere diru edo emaztearen trukean. Bere muino besarkatzaileen artean ahaztuta gelditu zen luzaro. Buruzagi espainiarra, aurkitzailea, hara itzultzeko asmoz egon zen beti. Gizon bortitz gehienek bezala, hark ere, irrikarik samurrenaz, hil aurretik bake alditxo bat izatea espero zuen, adobezko etxe bat erreka ondoan, eta ganadua gauez hormei uxarka.
Emakume indiar batek sifilisa pasa zion, eta aurpegia zimeltzen hasi zitzaionean, adiskide on batzuek bihitegi zahar batean giltzaperatu zuten inor kutsa ez zezan. Eta hantxe hil zen bake-bakean, zeren sifilisa, inoren aurrerako latza izan arren, ez baita adiskide txarra ostatu-emailearentzat.
Denbora asko igaro ondoren, squatter familia batzuk Zeruko Belardietara etorri eta hesiak altxa eta fruta-arbolak aldatu zituzten. Lurra inorena ez zenez, sesio latzak izan zituzten haren jabe egiteagatik. Ehun urte geroago, hogei familia zeuden hogei granja txikitan Zeruko Belardietan. Ibarraren erdialdetik hurbil, denetariko denda eta postetxea zeuden, eta milia erdi bat gorago, erreka ondoan, eskola bat koska eta inizialez betetako paretekin.
Familiak oparo eta bakean bizi ziren azkenean. Beren lurra emankorra zen eta landu-erraza. Beren baratzetako fruituak Californiako erdialdean sortutako finenak ziren.
© John Steinbeck
© itzulpenarena: Maria Garikano