3. ekitaldia
Gaueko hamarrak jota. Errezelak itxita eta argiontziak piztuta. Idazmakina bere kutxan dago; mahai handia hustu eta txukundu egin dute: denak adierazten du gaurko lana amaitu dela.
Candida eta Marchbanks beheko suaren ondoan jarrita daude. Irakurtzeko argiontzia beheko suaren gaineko apalean dago, aulkitxoan ozen irakurtzen dagoenari, Marchbanksi, argi egiten. Eskuizkribu-pilotxo bat eta pare bat poesia-liburu daude alfonbratxoan bere aldamenean. Candida besaulkian dago. Brontze zurizko su-burdina tente dauka eskuan. Erdi etzanda eta haren muturrari begi-begira, oinak surtarantz luzatuta, itzarrik ametsetan dago, handik urrun-urrun eta Eugene ahaztu-ahaztuta.
MARCHBANKS (errezitaldia etenez): Bizi izan diren olerkari guztiek ipini izan dute pentsamendu hori bertsotan. Ezinbestean: ezin eutsi. (Emakumeari begiratu dio baiezkoa jasotzeko, eta su-burdinarekin buru-belarri dagoela konturatu da) Ez zara egon entzuten? (Erantzunik ez) Morell andrea!
CANDIDA (ikara hartuta): E?
MARCHBANKS: Ez zara egon entzuten?
CANDIDA (errudunaren jendetasun gehiegizkoarekin): Bai horixe. Oso ederra da. Jarraitu, Eugene. Aingeruari zer gertatzen zaion jakin nahirik nago.
MARCHBANKS (eskuizkribua eskutik behearen gainera jausten utzirik): Barkatu aspertu zaitudalako.
CANDIDA: Baina ez nauzu aspertzen, benetan. Jarraitu, mesedez. Bai, Eugene.
MARCHBANKS: Aingeruari buruzko olerkia orain dela ordu laurden amaitu dut. Hainbat gauza irakurri dizkizut harrezkero.
CANDIDA (damututa): Barka iezadazu, Eugene. Su-burdinak hipnotizatu egin nauela uste dut. (Jaitsi egin du).
MARCHBANKS: Ikaragarri ezeroso sentiarazi nau.
CANDIDA: Zergatik ez didazu esan? Berehala jaitsiko nuen.
MARCHBANKS: Beldur nintzen esanez gero zu ere ezeroso sentituko ote zinen. Arma bat zirudien. Antzinako pertsonaiaren bat banintz, nire ezpata atera eta bion erdian jarri beharko nuen. Morell sartu balitz pentsatuko zuen su-burdina altxatu duzula gure artean ezpatarik ez zegoelako.
CANDIDA (arduratuta): Zer? (Nahasita dagoenaren begirada emanez mutilari) Galdu egin naiz esan duzun horretan. Zure soneto horiek guztiz nahaspilatu naute. Zergatik egon beharko luke ezpata batek bion erdian?
MARCHBANKS (iheskor): Ba! Ez du ardura. (Eskuizkribua jasotzeko makurtu da).
CANDIDA: Ipini hori behearen gainean berriro, Eugene. Nire poesia-egarriak mugak ditu: baita zure poesia izanda ere. Ordu bi baino gehiago eman dituzu niri poesia irakurtzen, ia James irten denetik. Hitz egin nahi dut.
MARCHBANKS (jaikiz, beldurrak): Ez, ez dut hitz egin behar. (Nora ezean doala, ingurura begiratu du, eta, bat-batean, gehitu du) Uste dut kanpora joango naizela parkean egurastera. (Aterantz doa).
CANDIDA: Lelokeriak; itxita dago aspaldi. Zatoz eta eser zaitez alfonbratxoan, eta egizu gogoeta beti egiten duzun moduan. Atsegitea nahi dut. Ez duzu nahi?
MARCHBANKS (erdi izu-laborrietan, erdi poz-atseginez): Bai.
CANDIDA: Zatoz, ba. (Bere aulkia apur bat atzeratu du lekua egiteko).
Mutila zalantzan dago; ondoren, lotsati, alfonbratxoan etzan da, aurpegiz gora, eta burua emakumearen belaunetan pausatu du, hari gora begira.
MARCHBANKS: O, ze triste egon naizen ilunabar guztian, zuzen jokatzen ibili naizelako. Orain oker jokatzen nabil; eta zoriontsua naiz.
CANDIDA (samur atseginduta mutilarekin): Bai, ziur nago heldu iruzurti bihurri paregabea sentitzen zarela. Zure buruarekin nahiko harro, ezta?
MARCHBANKS (burua bizkor altxatuz eta, emakumea hobeto aztertzeko, apur bat bihurtuz): Kontuz ibili. Zu baino askoz helduagoa naiz, ez badakizu ere. (Belauniko paratu da, eskuak otoitzerako elkartuta eta besoak emakumearen altzoan dituela, eta gero eta biziago dabil hitz egiten, odola pil-pil hasi zaio eta) Esan diezazkizuket gauza bihurriak?
CANDIDA (beldur nahiz zakartasunik batere gabe, eta mutilaren grinarekiko begirune osoz, baina ama bihotz- -zabalaren umore-ukituarekin): Ez. Baina benetan eta egiaz sentitzen duzun edozer esan dezakezu. Zernahi, ez du inporta zer den. Ez naiz ikaratuko, betiere zu zeu bazara hitz egiten duena, eta ez jarrera hutsa: jarrera galaia nahiz jarrera bihurria, ezta jarrera poetikoa ere. Zure ohore eta zintzotasunari egiten diet aldarri. Orain esazu nahi duzuna.
MARCHBANKS (aurpegiera bizia ezpainetatik eta sudur-hegaletatik itzaliz, begiak espiritualtasun patetikoz ñir-ñirtu ahala): O, orain ezin dut ezer esan: dakizkidan hitz guztiak jarrera bati edo besteari dagozkio, denak... bat izan ezik.
CANDIDA: Zein da bat hori?
MARCHBANKS (leun, izenaren doinuan galduz): Candida, Candida, Candida, Candida, Candida. Horixe esan behar dut orain, nire ohore eta zintzotasunari egin baitiezu aldarri; eta ez dut inoiz gogoan ez sentimenduan Morell andrea: beti Candida.
CANDIDA: Jakina. Eta zer duzu Candidari esateko?
MARCHBANKS: Ezer ez, zure izena mila aldiz esatea baino. Ez duzu sentitzen une oro dela erregua zuretzat?
CANDIDA: Ez zaitu zoriontsu egiten erregutzeko gai izateak?
MARCHBANKS: Bai, guztiz zoriontsu.
CANDIDA: Ederto, ba, zorion horixe da zure erreguaren ordaina. Gehiagorik nahi duzu ala?
MARCHBANKS (dohatsu-plantetan): Ez, zeruan sartu naiz, eta han ez dago nahirik.
Morell sartu da. Gelditu egin da atalasean, eta begiraldi batean jabetu da zer gertatzen ari den.
MORELL (ilun eta bere buruari eutsiz): Espero dut ez dizuedala eragozten.
Candida ziztu baten altxatu da, baina lotsa-apurrik ere gabe, bere buruari barreka. Eugenek, Candidaren bat-bateko mugimenduak irauli duenez, bere jarrera berriro hartu du jaiki gabe, eta alfonbran jesarri da hankak besarkatuta, bera ere lotsa gutxirekin.
CANDIDA: Ai, James, nolako ikara eman didazun! Hain gustura egon naiz Eugenerekin, ez dut entzun ere egin giltza kisketan. Nola amaitu da batzarra? Ondo egin duzu berba?
MORELL: Ez dut hobeto hitz egin neure bizitza guztian.
CANDIDA: Hori marka! Zenbatekoa izan da diru-biltzea!
MORELL: Ahaztu egin zait galdetzea.
CANDIDA (Eugeneri): Bikain egin behar izan du, bestela ez zuen ahaztuko. (Morelli) Non daude beste guztiak?
MORELL: Nik alde egin ahal izan baino askoz lehenago joan dira: uste izan dut ezingo nuela sekula ihes egin. Nonbaiten izango dira afaltzen edo.
CANDIDA (etxeko lanetarako doinuarekin): A, horrela bada, Maria, joan liteke ohera. Esan egin behar diot. (Kanpora joan da, sukaldera).
MORELL (Marchbanksi goitik begikera gogorra): Ta?
MARCHBANKS (alfonbratxoan hankak gurutzaturik uzkurtuta, eta hala ere trankil Morellekin: umoretsu demonio): Ta?
MORELL: Baduzu ezer esateko?
MARCHBANKS: Inuzentearena egiten ibili naizela hemen pribatuan zu inuzentearena egiten ibili zaren bitartean jendaurrean.
MORELL: Nekez modu berean, nik uste.
MARCHBANKS (bizi-bizi, estropezuka altxatuz): Berdin, berdin, berdin, berdin. Gizon onarena egiten jardun dut. Zeure moduan. Heroikeriak egiten hasi zarenean ni hemen utzita Candidarekin...
MORELL (gura barik): Candida!
MARCHBANKS: Bai, bai, horraino heldu naiz. Baina ez zaitez larritu. Heroikeriak kutsagarriak dira: zugandik harrapatu dut gaitza. Zin egin nuen ez nuela esango zu ez zaudenean orain hilabete zure aurrean esango ez nukeen ezer.
MORELL: Bete duzu hitza?
MARCHBANKS (bat-batean besaulkiaren bizkarrean jesarririk): Bere kabuz bete da hitza duela hamar bat minutu arte. Arterago, irakurtzen aritu natzaio: neure olerkiak irakurtzen, edonorenak, elkarrizketa saihestearren. Zeruko atearen kanpoaldean egon naiz, eta barrura sartu gura ezik. O, ez dakizu ze heroikoa izan den, eta ze ezerosoa! Orduan...
MORELL (bere suspensea zurrun kontrolatuz): Orduan?
MARCHBANKS (aulkiaren jarlekura prosaikoki irristatuz, jarrera arrunt samarra harturik): Orduan ezin zuen irakurketa gehiagorik jasan.
MORELL: Eta zeruko atera hurreratu zara azkenean?
MARCHBANKS: Bai.
MORELL: Ta? (Amorratuta) Esazu, ba, gizona: ez dizu axola nola nagoen?
MARCHBANKS (leun eta doinuz): Orduan aingeru bilakatu da; sugarrezko ezpata bat zegoen hara eta hona higitzen, eta ezin izan naiz sartu; ate hori benetan infernuko atea zela ikusi dut eta.
MORELL (garaile): Arbuiatu egin zaitu!
MARCHBANKS (mesprezu bortitzarekin jaikiz): Ez, inozo hori: hori egin balu ez nuen sumatuko zeruan nengoela. Arbuiatu nauela! Uste duzu horrek salbatuko gintuela! Bertutetsuaren gaitzidurak! O, bera bizi den mundu berean bizi izaterik ez duzu merezi! (Atzea eman dio eta gelaren beste muturrera doa destainaka).
MORELL (tokitik mugitu gabe isilik adi egon da): Uste duzu hobea zarela niri horiek agertuta, Eugene?
MARCHBANKS: Hemen da bukatu mila eta batgarren ikasgaia. Morell, ez daukat oso iritzi ona zure sermolaritzaz, ez pentsatu: nik neuk hobeto egingo nukeela deritzot. Aurkitu nahi dudan gizona Candidarekin ezkondu zen gizona da.
MORELL: Candidarekin ezkon...? Neu esan nahi duzu?
MARCHBANKS: Ez dut esan nahi aita James Mavor Morell, moralista eta hitzontzia. Aita Jamesek beroki beltzaren azpian hor nonbait estalita izan behar duen benetako gizona esan nahi dut: Candidak maite izan zuena. Ezinezkoa da iduneko botoia aurrean lotu beharrean atzean lotzen duzulako soilik maite izatea zu Candida bezalako emakume batek.
MORELL (ausart eta tinko): Candidak ezkontzeko hitzeman zidanean, orain ikusten duzun moralista eta hitzontzi berbera nintzen. Beroki beltza janzten nuen; eta iduneko botoia aurrean lotu beharrean atzean lotzen nuen. Uste duzu maiteago nindukeela lanbidean faltsua izateagatik?
MARCHBANKS (sofan, orkatilak oratzen): Ba! Barkatu egin zizun, niri barkatzen didan bezala koldarra izatea, eta mengela, eta zuk esaten duzun kumetxo negarrontzi txepela eta gainerako guztia. (Ameskoi) Horrelako emakumeak bikaintasuna du bere barruan: gure arimak maite ditu, eta ez gure txorakeriak eta harrokeriak eta ilusioak, ezta idunak eta berokiak, ez aldean ditugun gainerako zatar eta mantarrak ere. (Une batez hausnartu ondoren, Morellengana bihurtu da gurata itauntzeko) Jakin nahi dudana da nola igaro zenuen ni geldiarazi ninduen sugarrezko ezpata.
MORELL: Beharbada hamar minutu garrenean ez nindutelako eten.
MARCHBANKS (ezustean harrapatuta): Zer!
MORELL: Gizakia gailurrik garaienetara igo daiteke; baina ezin dezake han luzaroan iraun.
MARCHBANKS (salto eginez): Hori gezurra da: hantxe iraun dezake betiko, eta hantxe baino ez. Gainerako mementoetan izaten da atsedenik aurkitu ezina, bizitzari, aintza isil horri, zentzua aurkitu ezina. Non uste duzu emango nituzkeela unerik gozoenak, gailurretan baino?
MORELL: Sukaldeondoan, tipulak txikitzen eta argiontziak betetzen.
MARCHBANKS: Edo pulpituan, buztinezko arima merkeak eskuilatzen?
MORELL: Bai, hori ere bai. Bertan izan ditut nire unerik arrakastatsuenak, eta eskubidea, horrelako batean, ni maita nazan eskatzeko. Ez nuen nik hartu inork emandako unea; ezta erabili ere beste gizon bati zoriona osteko.
MARCHBANKS (nazkatu samar, beheko surantz arin-aringa): Ez daukat inolako zalantzarik libra bat gazta erosten bazeunde bezain zintzo egin zenuela tratua. (Alfonbratxoaren ertzean gelditu da, eta, pentsakor, bere buruari hitz eginez, Morelli atzea emanda, gehitu du) Ni eskeko baten moduan bakarrik joan ninteke berarengana.
MORELL (mugitu da): Hotzak hilik dagoen eskeko baten moduan! Mantoi eske doakiona!
MARCHBANKS (bihurturik, harrituta): Eskerrik asko nire poesiari ukituak emateagatik. Bai, gogoko baduzu: hotzak hilik dagoen eskeko baten moduan, mantoi eske doakiona.
MORELL (urduri): Eta berak arbuiatu. Esango dizut zergatik arbuiatu zintuen? Esan diezazuket, berak esango balizu bezala. Arrazoia da...
MARCHBANKS: Berak ez ninduen arbuiatu.
MORELL: Egin ez!
MARCHBANKS: Eskatu nahi izan nion guztia eskaini zidan: mantoia, hegoak, buruko izar-koroa, eskuetako lili zuriak, oinpeko ilargi ilgora...
MORELL (mutilari helduz): Egiozu bidea egiari, gizona: nire emaztea neure emaztea da; ez dut nahi zure litxarreria poetiko gehiagorik. Ondotxo dakit bere maitasuna galdu badut, eta zuk irabazi, inongo legek ez duela lotuko.
MARCHBANKS (xelebre, beldurrik eta erresistentziarik gabe): Hel nazazu paparretik, Morell: azken batean berak txukunduko dit iduna, goizean egin duen bezala. (Poz-atsegin isilez) Eskuekin ukitzen nauela sentituko dut.
MORELL: Gazte deabru hori, badakizu ze arriskutsua den niri hori esatea? Ala (bat-batean etsita) zerbaitek adoretu zaitu?
MARCHBANKS: Orain ez naiz beldur. Lehen ez zintudan atsegin: horregatik egin nuen ihes zuk ukitutakoan. Baina gaur, oinazetu zaituenean, ikusi dut maite duzula. Harrezkero zure adiskidea izan naiz: lepoa bihurritu iezadazu nahi baduzu.
MORELL (lasaiago): Eugene: hori gezur bihozgogorra ez bada, giza sentimenduen aztarrenik geratzen bazaizu, esango didazu zer jazo den ni egon ez naizen bitartean?
MARCHBANKS: Zer jazo! Zergatik, sugarrezko ezpata... (Morellek eroapena galdu eta ostikoa jo du behearen gainean) Konforme, prosa argian, maitasunik gorenarekin maite izan dudanez maitasun horretan irauteak ematen zidan zoriona besterik ez nuen nahi. Eta gailurrik garaienetatik jaisteko astia izan orduko zeu sartu zara.
MORELL (sufrimendu sakonez): Beraz oraindik erabakizun. Oraindik zalantzaren egonezina.
MARCHBANKS: Egonezina! Gizonik zoriontsuena naiz ni. Orain ez dut ezer gura bere zoriona baino. (Sentimendu-ukaldi batean) O, Morell, utz dezagun bakean. Zergatik aukeratu behar du nire moduko zorigaiztoko nerbio-gaitz mengel bat edo zure moduko erretore txerriburu bat? Egin dezagun erromesaldia, zuk sortaldera eta nik sartaldera, berak merezi duen moduko maitale baten bila: goiaingeru ederren bat, purpurazko hegoak dituena...
MORELL: Astoaren biolina! Mesedez, ni zugatik uzteko bezain ero badago, nork babestuko du bera? Nork lagunduko dio? Nork egingo du lan beragatik? Nor izango da bere umeen aita? (Sofan eseri da arreta barik, ukondoak belaunetan eta burua ukabilen artean ipinita).
MARCHBANKS (atzamarrekin klaska eginez): Berak ez ditu galdera alu horiek egin. Bera da norbait babestu nahi duena, norbaiti lagundu nahi diona, norbaitegatik lan egin nahi duena: babestu, lagundu eta lan egiteko umeak emango dizkion norbait nahi duena. Berriro umetxo bilakatu den gizon helduren bat. O, inozo hori, inozo hori, hirutan inozoa! Neu naiz gizona, Morell: neu naiz gizona. (Dantzan dabil urduri, txilioka) Zuk ez duzu ulertzen emakumea zer den. Esaiozu etortzeko, Morell: esaiozu etortzeko eta utz iezaiozu aukeratzen gu bion... (Atea ireki da eta Candida sartu da. Mutila gelditu egin da harri bihurtu balitz bezala).
CANDIDA (harrituta, atalasean): Zertan arraio zabiltza, Eugene?
MARCHBANKS (lekuz kanpo): Jamesek eta biok prediku-norgehiagoka bat daukagu; eta berak parterik txarrena daroa.
Candidak Morell aztertu du une batez. Atsekabetuta dagoela ikusirik, ondoan makurtzera lehiatu da, guztiz gogait eraginda.
CANDIDA: Zirikatzen ibili zara. Ez dizut onartuko, gero, Eugene: entzun duzu? (Morellen sorbaldan ipini du eskua, eta, haserrearen haserreaz, ahaztu egin du emazte-ukitua) Nire mutila ez da egongo arduratuta: neuk babestuko dut.
MORELL (harro jaikiz): Babestu!
CANDIDA (senarrari jaramonik egin barik, Eugeneri): Zer ibili zara esaten?
MARCHBANKS (izututa): Ezer ere ez. Ni...
CANDIDA: Eugene! Ezer ere ez?
MARCHBANKS (errukigarri): Esan nahi dut... ni... barkatu. Ez dut egingo berriro: benetan, ez dut egingo. Bakean utziko dut.
MORELL (sumindurik, Eugeneren aurkako mugimendu erasokor batekin): Bakean utzi ni! Gazte...
CANDIDA (isilaraziz): Ixo! Ez, utzi niri, James.
MARCHBANKS: O, ez zaude nirekin haserre, ezta?
CANDIDA (zorrotz): Bai, banago: oso haserre. Etxetik botatzeko arrazoirik ez zait falta.
MORELL (Candidaren gogortasunagatik sor eta lor, eta emazteak beste gizon batengandik salbatu izana gustuko ez duela inondik ere): Gizabidea, Candida, gizabidea. Neure burua zaintzeko gauza naiz.
CANDIDA (senarrari laztan eginez): Bai, laztana: jakina bazarena. Baina ez zaitu inork gogaitu behar, ez tristetu.
MARCHBANKS (malkoak irten beharrean, aterantz bihurtzen): Banoa.
CANDIDA: O, ez daukazu joan beharrik: ezin zaitut bota gaueko ordu honetan. (Suhartsu) Lotsatu zaitez! Lotsagarria!
MARCHBANKS (etsipenez): Baina zer egin dut nik?
CANDIDA: Badakit zer egin duzun: denbora guztian hemen egon banintz bezain ondo dakit, jakin ere. A, oso itsusia izan da hori! Ume baten modukoa zara: ezin diozu mihiari eutsi.
MARCHBANKS: Nahiago dut hamar aldiz heriotza, zuri istant bateko mina ematea baino.
CANDIDA (umekeria horrekiko mesprezu handiarekin): Askoz mesedegarriagoa izango nuen zure heriotza!
MORELL: Candida, ene laztana: liskar hau ez da batere egokia. Gizon biren arteko kontua da; eta neu naiz hau konpontzeko pertsona egokia.
CANDIDA: Gizon bi! Gizon esaten diozu horri! (Eugeneri) Mutil gaizto hori!
MARCHBANKS (errietatik kemen miragarriro maitekorra bilduz): Mutiko bati bezala egin behar bazait agiraka, mutikoaren aitzakia jarri beharko dut. Bera hasi da. Eta bera ni baino handiagoa da.
CANDIDA (konfiantza apur bat galduz, Morellen duintasunarekiko ardurak kezkatu baitu): Hori ezin da egia izan. (Morelli) Zu ez zara hasi, ezta, James?
MORELL (mespretxatzaile): Ez.
MARCHBANKS (suminduta): O!
MORELL (Eugeneri): Zeu hasi zara... gaur goizean. (Eugenek goizean zerbait esan diola senarrak arratsaldean egin dion aipamen misteriotsuarekin zerikusia daukala berehala pentsaturik, Candidak susmoz beterik begiratu dio. Morellek hizketan darrai, nagusitasun irainduaren hanpadurarekin) Baina bestean arrazoia duzu. Biotan handiena naiz ni, bai, eta, espero dut, indartsuena, Candida. Beraz hobe duzu arazoa nire eskuetan uztea.
CANDIDA (berriro senarra baretuz): Bai, maitea; baina... (kezkati) ez dut ulertzen gaur goizekoa.
MORELL (emeki erdeinatuz): Ez daukazu ulertu beharrik, laztana.
CANDIDA: Baina James, ni... (Kaleko txirrinak jo du) Arranopola! Hemen datoz denak. (Kanpora doa atea zabaltzera).
MARCHBANKS (Morellengana lasterka): Ene, Morell, ez da itzela? Haserre dago gurekin: gorroto nau. Zer egin behar dut?
MORELL (bereziki etsita, gelaren erdian hara eta hona): Eugene, burua jirabiraka daukat. Laster barreka hasiko naiz.
MARCHBANKS (irrika bizian darraiola): Ez, ez: pentsatuko du neuk eraman zaitudala histeriara. Barrerik ez egin.
Berba-hotsa eta barre-algara entzun dira hurbiltzen. Lexy Mill, begiak distiratsu dituela, eta, portaerak erakusten duenez, aldartea gura barik lar berotuta, barrura sartu da Burgessekin, koipetsu eta bere buruarekin atseginduta, baina bere senean. Garnett andereñoak, kapela eta jakarik dotoreenak jantzita, atzetik jarraitu die; baina, begitartea lehen baino argiago daukan arren, etsipenak mendean hartuta dauka. Idazmakinaren mahaitxoa atzean daukala, esku bat mahaitxoan ipini du, bermatzeko, eta bestea bekokitik igaro du apur bat nekatuta eta zorabiatuta balego bezala. Marchbanks lotsa da berriro eta leiho ondoko txokora urrundu da, Morellen liburuak dauden lekura.
LEXY (birloratuta): Morell, zorionak eman behar dizkizut. (Eskuak estutuz) Zeinen hitzaldi zintzo, bikain eta goiargitsua egin diguzun! Zeure aurrekoak denak gainditu dituzu.
BURGESS: Hala da, James. Adi e'uki nauzu amaitu arte. Ezta, Gornett andereñoa?
PROSERPINE (arduratuta): O, ez nengoen zuri adi: oharrak hartzeko ahaleginetan nenbilen. (Ohar-liburua atera du, takigrafiaz idatzitakoari so egin dio, eta ia negar eragin dio).
MORELL: Bizkorregi joan naiz, Pross?
PROSERPINE: Bizkorregi baino arinago. Badaki berorrek ezin dudala minutuko laurogeita hamar hitz baino gehiago jaso. (Biharamun goizean prest izateko, ohar-liburua idazmakinaren alboan haserre botata lasaitu du bere barrua).
MORELL (baretzaile): Ai, tira, tira, berdin da, berdin da, berdin da. Afaldu duzue denok?
LEXY: Burgess jauna oso atsegina izan da eta benetan afari ederra eskaini digu Belgraverenean.
BURGESS (eskuzabaltasuna bor-borka dariola): Ez esan, Mill jauna. (Apalik) Denok izan zarete ongi etorriak nire sorpersa txikira.
PROSERPINE: Xanpaina edan dugu. Ez nuen lehenago inoiz dastatu. Erabat zorabiatuta nago.
MORELL (ezustekoa hartuta): Xanpaina, afaltzeko! Oso adeitsua izan da hori. Nire ele-edertasuna izan ote da gehiegizko horren guztiaren arrazoia?
LEXY (erretorikaz): Zure ele-edertasuna eta Burgess jaunaren bihotz-zabaltasuna. (Birloratuaren ateraldien freskotasunarekin) Eta zeinen lagun jatorra den kontseiluburua, Morell! Gurekin etorri da afaltzera.
MORELL (modu esanguratsuan Burgessi begira): Et, et, et, et! Kontseiluburua! Orain ulertu dut!
Burgessek diplomaziarako duen trebetasunagatik sentitzen duen bizi-poza mesprezuzko lakar-eztul adierazgarri batekin estali du. Lexyk besoak ehundu ditu eta sofaburuaren kontra geratu da guztiz aldarte oneko, oreka ia galdu ondoren. Candida sartu da edontziak, limoiak eta, erretilu batean, ur beroaren pitxarra dakartzala.
CANDIDA: Nork hartuko du limoi-ura? Badakizkizue gure arauak: alkoholik batere ez. (Erretilua mahai gainean utzi du, eta limoi-zukugailua hartu du, besteei galdezka bezala begira).
MORELL: Alferrik, laztana. Denek edan dute xanpaina. Prossek hitza jan du.
CANDIDA (Proserpineri): Ez zinen, ba, xanpaina edaten ibiliko!
PROSERPINE (temati): Bai, edan dut. Garagardoarekin baino ez naiz abstemioa, xanpainarekin ez naiz abstemioa. Garagardoa ez zait gustatzen. Badago nik erantzuteko eskutitzik, Morell jauna?
MORELL: Gehiagorik ez, gaueon.
PROSERPINE: Oso ondo. Gabon, denoi.
LEXY (xalo): Ez da hobe izango etxera laguntzen bazaitut, Garnett andereñoa?
PROSERPINE: Ez, eskerrik asko. Gaur gauean ez dut inor behar inguruan. Hobe nuke horrelako edaberik hartu ez banu. (Nola-hala aterako bidea hartu, atearekin estropezu egin eta ozta-ozta lortu du onik ateratzea).
BURGESS (suminduta): Edabea, esatea 're! Neska horrek ez daki zer den txanpana! Pommery eta Greeno, hamabi koma sei botilako. Basokada bi eran ditu dzanga-dzanga.
MORELL (neskarekin kezkatuta): Zoaz eta jagon ezazu, Lexy.
LEXY (larrituta): Baina benetan baldin badago... Demagun kalean abesten edo horrelako zerbait egiten hasten dela.
MORELL: Horrexegatik: gerta litekeelako. Hobe duzu ziurtatzea etxera lagunduta.
CANDIDA: Egizu, Lexy; hona hemen lagun on bat. (Eskua estutu dio, eta atera darama eztiki bultzaka).
LEXY: Argi dago nire eginbidea dela. Espero dut beharrezkoa ez izatea. Gabon, Morell andrea. (Gainerakoei) Gabon. (Badoa. Candidak atea itxi du).
BURGESS: Jainkozaletasunez gainezka jarri zaigu bigarren tragoxka e'in orduko. Jendeak ezin du horrela eran. (Sutondora zeharkatuz, bizi-bizi) Bueno, James: ixteko ordua da. Morchbanks jauna: zure konpainiaren plazerra izango ahal dut zati batetan etxe'ako bidean?
MARCHBANKS (beldurturik): Bai, hobe dut joatea. (Bizkor doa aterantz; baina Candida aurrean jarri zaio eta bidea eragotzi dio).
CANDIDA (aginte eztiarekin): Zu eseri. Oraindik ez zoaz.
MARCHBANKS (kikildurik): Ez, nik... ez nuen esan nahi. (Sofan eseri da negarguraz).
CANDIDA: Marchbanks jaunak gurean emango du gaua, aitatxo.
BURGESS: A, bueno, gabon esango 'inat. Hurrengo arte, James. (Morelli bostekoa estutu dio, eta Eugenerengana doa) Esaiezu argiuntzi bat ipintzeko gauean ohe ondoan, Morchbanks jauna: zure kexa horiekin esnatzen bazara gauean kontsola'u e'ingo zaitu. Gabon.
MARCHBANKS: Eskerrik asko, esango diet. Gabon, Burgess jauna. (Eskua eman diote elkarri. Burgess atera doa).
CANDIDA (Morell harrapatuz, Burgessen atzetik baitoa): Egon hemen, maitea: neuk ipiniko diot aitari berokia. (Burgessekin doa kanpora).
MARCHBANKS (jaiki eta Morellengana lapur baten moduan doala)
Morell, itzelezko istilua atera behar digute orain? Ez zara beldur?
MORELL: Ezta izpirik ere.
MARCHBANKS: Lehenago ez naiz inoiz izan zure kemenaren bekaitz. (Morelli besaurrean jarri dio erreguka eskua) Zaude nire ondoan, egongo zara?
MORELL (irmotasunez askatuz): Nork berea da legea, Eugene. Orain bion artean aukeratu behar du.
Candida itzuli da. Eugene geldiro doa atzerantz sofara, eskola-mutil erruduna bezala.
CANDIDA (bien erdian, Eugeneri zuzenduta): Damututa zaude?
MARCHBANKS (bihotzez): Bai, bihotza erdiratuta.
CANDIDA: Ederto, beraz barkatuta zaude. Orain zoaz ohera mutiko on baten moduan: Jamesekin hitz egin nahi dut zutaz.
MARCHBANKS (guztiz nahigabetuta jaikiz): O, ezin dut hori egin, Morell. Hemen egon behar dut. Ez naiz joango. Esaiozu.
CANDIDA (susmoak baieztatuta): Esan, zer? (Mutilaren begiek emakumearenak saihestu dituzte iheskor. Emakumea bihurtu egin da eta hitzik gabe egin dio galdera Morelli).
MORELL (hondamendiagatik bere burua besarkatuz): Ez daukat ezer esateko, ez bada (une honetan ahots sakonagoa jarri du, samurtasun neurtu eta goibela lortuz) bera dela munduan daukadan altxorrik estimatuena... baldin eta benetan nirea bada.
CANDIDA (hotz; hizlariaren senera jo duelako eta St Matthew Elkargoko entzuleria balitz bezala tratatu duelako irainduta): Ziur nago Eugenek ezin duela gutxiago esan, baldin eta hori bada dena.
MARCHBANKS (adoregabetuta): Morell; gure lepotik barreka ari da.
MORELL (bat-bateko jenio-ukaldi batean): Ez dago zeri barre egin. Guri barreka zabiltza, Candida?
CANDIDA (haserre isilarekin): Eugene oso buruargia da, James. Espero dut barre egingo dudala; baina ez nago ziur guztiz haserretuko ez naizela. (Su-pazterrera doa, eta bertan geratu da beheko suaren gaineko apalean bermatuta eta oina babesgarrian ipinita, eta bitartean Eugene Morellengana isilka hurbildu da eta mahukatik oratu dio).
MARCHBANKS (ahapeka): Geldi, Morell. Ez dezagun ezer esan.
MORELL (begiratzera ere apaldu gabe, bultzada batekin askaturik): Espero dut ez duzula mehatxu gisa esan, Candida.
CANDIDA (argi abisatuz): Kontuz ibili, James. Eugene, joateko eskatu dizut. Bazoaz?
MORELL (lema tinko hartuta): Ez da joango. Geratzea gura dut.
MARCHBANKS: Joango naiz. Nahi duzun guztia egingo dut. (Atera bihurtu da).
CANDIDA: Geldi! (Obeditu egin du) Ez diozu entzun Jamesi geratzea gura duela? James da hemen nagusia. Ez dakizu hori?
MARCHBANKS (amorruz gorrituta, olerkari gaztea tiranokeriaren aurka bezala): Zein eskubide dela eta nagusi?
CANDIDA (isilago): Esaiozu, James.
MORELL (sor eta lor): Ene maitea, ez dakit zein eskubidek egin nauen nagusi. Ez dut horrelako eskubiderik aldarrikatzen.
CANDIDA (gogor aurpegiratuz): Zuk ez dakizu! Ai, James, James! (Eugeneri, gogoetan murgilduta) Ulertzen ote duzun ez dakit, Eugene! (Buruarekin ezetz egin du mutilak ezinean, Candidari begiratzen ausartzen ez dela) Ez, gazteegia zara. Hara, baimena ematen dizut geratzeko: geratu eta ikasteko. (Sutondotik aldendu eta bien erdian paratu da) Eta James, zein da kontua? Ala, esadazu.
MARCHBANKS (ahapeka alde batetik bestera gizonari): Ez esan.
CANDIDA: Esazu. Ez egin jaramonik honi!
MORELL (geldiro): Arretaz prestatu nahi zintudan, Candida, txarto ulerturik gerta ez dadin.
CANDIDA: Bai, laztana, ziur nago saiatu zarela. Baina lasai: ez dut txarto ulertuko.
MORELL: Hara... ba... (Zalantzan, prest zeukala uste zuen azalpen luzea aurkitu ezinik).
CANDIDA: Hara?
MORELL (argi eta garbi): Eugenek dio berarekin maiteminduta zaudela.
MARCHBANKS (erotu beharrik): Ez, ez, ez, ez, inoiz ere ez. Ez dut esan, Morell andrea: ez da egia. Nik esan dut maite zaitudala. Nik esan dut ulertzen zaitudala, eta bera ez dela gai. Eta ez dut hitz egin hor sutondoan jazotakoaren ondoren, lehenago baino; zin dagit. Goizean izan da.
CANDIDA (argituta): Goizean!
MARCHBANKS: Bai. (Emakumeari begiratu dio, sinesteko erregutuz, eta soilik gehitu du) Hori izan da nire idunari gertatu zaiona.
CANDIDA: Idunari? (Bat-batean ulertuta Morellengana bihurtu da, jota) O, James: zeuk egin... (isildu da)?
MORELL (lotsatuta): Badakizu, Candida, jenio txarra daukadana. Eta berak esan du (dardaraka) zuk bihotzetik arbuiatu nauzula.
CANDIDA (Eugenerengana arin bihurtuz): Hori esan duzu?
MARCHBANKS (beldurretan): Ez!
CANDIDA (ia amorruz): Beraz Jamesek gezurra esan dit. Hori da esan nahi duzuna?
MARCHBANKS: Ez, ez: ni... nik... (etsipenez) ...Daviden emaztea izan zen. Eta ez zen etxean izan, senarra denen aurrean dantzan ikusi zuenean baino.
MORELL (moderatzaile baten trebetasunarekin gidaritza hartuz): Denen aurrean dantzan, Candida; eta pentsatzen zuen haien bihotzak astintzen zebilela bere misioan eta ez zeukaten besterik gaixoa baino, Prossyren gaitza. (Emaztea protesta egitekotan da; senarrak eskua altxatu du isilarazteko) Ez zaitez ahalegindu suminduaren itxura egiten, Candida:...
CANDIDA: Ahalegindu!
MORELL (jarraituz): Eugene zuzen zegoen. Ordu gutxi geroago esan zenidan bezala, berak beti dauka arrazoia. Berak ez du ezer esan zuk askoz hobeto esan ez duzunik. Bera olerkaria da, dena harrapatzen duena; eta ni erretore gizajoa, ezer ulertzen ez duena.
CANDIDA (damututa): Mutil inozo batek esaten duenak axola dizu, nik antzeko zerbait esan nuelako txantxetan?
MORELL: Mutil inozo horrek badaki umearen etorriarekin eta sugearen maltzurkeriarekin hitz egiten. Nirea ez, berarena zarela aldarrikatu du; eta, zuzen nahiz oker, egia izan ote daitekeen beldur izatera heldu naiz. Ez dut jarraituko zalantza eta susmoen oinazepean. Ez naiz zurekin biziko zugan sekretuak daudela. Ez dut jasango jeloskor izan beharra, lotsagarrikeria onartezina. Bat gatoz bera eta biok bion artean aukeratuko duzula orain. Zure erabakiaren zain nago.
CANDIDA (astiro urrats bat atzeratuz, erretorikak bihotza gogortuta, nahiz eta atzean sentimendu zintzoak agertu): A! Hortaz, aukeratu beharra daukat? Iruditzen zait nahiko garbi dagoela batena edo bestearena izan behar dudala.
MORELL (irmo): Guztiz garbi. Behin betiko aukeratu behar duzu.
MARCHBANKS (larri): Morell, ez duzu ulertzen. Bere buruaren jabe dela esaten ari da.
CANDIDA (mutilarengana bihurtuz): Hori eta pilo bat gauza gehiago ari naiz esaten, maisu Eugene, laster igarriko diozuenez biok ere. Eta arren, nire jaun eta jabeok, zer eskaintzen didazue nik aukeratu ahal izateko? Enkanterako naukazue, antza. Zer eskaintzen duzu, James?
MORELL (aurpegiratuz): Cand... (Zapuztu egin da, begiak malkotan eta eztarria ezinean: hizlaria animalia zauritua bihurtu da) Ezin dut hitz egin...
CANDIDA (senarrarengana doala, barruak bultzatuta): Ai, azukre koxkorra...
MARCHBANKS (larri-larri): Geldi, ez du balio. Ez diozu agertu behar sufritzen zaudela, Morell. Ni ere oinaze-zaldian nago, baina ez nago negarrez.
MORELL (indar guztiak bilduz): Bai, zuzen zaude. Ez nabil erruki bila. (Candidagandik bereizi da).
CANDIDA (atzera eginez, hotzago): Barka iezadazu, James; ez zaitut ukitu nahi izan. Zure eskaintza entzuteko zain nago.
MORELL (apaltasun handiarekin): Ez daukat ezer eskaintzeko ez bada neure gogortasuna zu aldezteko, neure zintzotasuna zure segurtasunerako, neure trebetasun eta artea zure bizibiderako, eta neure autoritatea eta maila zure duintasunerako. Hori guztia da gizonak behar diona eskaini emakumeari.
CANDIDA (astiro-astiro): Eta zuk, Eugene? Zer eskaintzen didazu?
MARCHBANKS: Ahultasuna. Nora eza. Bihotzaren egarria.
CANDIDA (hunkituta): Eskaintza ona, Eugene. Orain badakit zeren arabera aukeratu.
Geldi geratu da txandaka bati eta besteari jakinminez begira, haiek aztatzen balebil bezala. Morellen berebiziko ziurtasuna beldur bihotz-erdiragarria bilakatu da Eugeneren eskaintza entzunda, eta larritasuna baretzeko indar guztia galdu du. Eugenek gorputz guztia atezu dauka, gihar bat ere mugitu gabe.
MORELL (ahots itoarekin: larriminaren sakonetik lehertutako deia): Candida!
MARCHBANKS (ahapetik, mesprezu-ukaldi batean): Koldarra!
CANDIDA (esanguratsu): Biotariko ahulenarena izango naiz.
Eugenek berehala harrapatu du esan nahi duena: aurpegia zuritu egin zaio altzairua labean bezala.
MORELL (kolapsoaren baretasunarekin burua makurtuz): Zure epaia onartzen dut, Candida.
CANDIDA: Ulertzen duzu, Eugene?
MARCHBANKS: O, galdua naiz. Ezin du zama astun hau jasan.
MORELL (sinesgogor, burua eta ahotsa zakartasun irrigarriarekin altxatuz): Ni esan nahi duzu, Candida?
CANDIDA (irribarretxo batekin): Eser gaitezen eta lasai hitz egin dezagun honetaz hiru lagunen moduan. (Morelli) Jarri, maitea. (Morellek, galdu samar, sutondotik hartu du aulkia: umeena) Ekar iezadazu aulki hori, Eugene. (Besaulkia adierazi du. Mutilak isilik dakarkio, are hoztasun indartsua agertuz, eta Morellen hurrengo kokatu du, Morell baino apur bat atzerago. Emakumea jarri egin da. Mutilak bisitarien aulkia hartu eta eseri da; ez zaio antzematen buruan zer darabilen. Denak jarrita daudenean emakumea hasi da, naretasun-unea eskainiz gizonezko biei, bere doinu bare, zuhur eta samurrari esker) Gogoratzen zara zer esan zenidan zutaz, Eugene: nola inor ez den zutaz arduratu zure inude zaharra hil zenez geroztik, nola zure arreba apain argiak eta anaia arrakastatsuak amaren eta aitaren kutunak izan ziren; zeinen zoritxarrekoa zinen Etonen; nola aitak Oxfordera gogoz kontra itzultzera behartu nahi zintuen; nola bizi behar izan zenuen ez erosotasunik, ez ongietorririk, ez aterperik ez zenuela, beti bakarti, eta ia beti higuindua eta ulertu gabea, mutiko gizajoa!
MARCHBANKS (bere bizimoduaren zintzotasunari leial): Neure liburuak dauzkat. Izadia daukat. Eta azkenik zeu aurkitu zintudan.
CANDIDA: Ez du axola horrek une honetan. Orain, honako beste morrosko honi begiratzea nahi dut: neure mutilari! Sehaskatik alferrik galdua bera. Hamabostean behin joaten gara bere gurasoak ikustera. Gurekin etorri beharko zenuke, Eugene, etxe horretako erregearen erretratuak ikusteko. James jaioberria! Haurtxorik zoragarriena! James eskolako lehenengo sariarekin, zortzi urte baino ez dituela! James kapitaina hamaika urterekin! James lehenengoz arropa luzeekin! James mota guztietako egoera loriatsuetan! Badakizu zeinen indartsua den (espero dut minik ez dizula egin)... zeinen argia den... zeinen zoriontsua. (Gero eta serioago) Itaundu Jamesen amari eta hiru arrebei zenbat kostatzen den indartsua, argia eta zoriontsua izatea ez den beste eginkizun guztietatik James salbu uztea. Itaundu niri zenbat kostatzen den Jamesen ama eta hiru arrebak eta emaztea eta gure umeen ama, dena batean izatea. Itaundu Prossyri eta Mariari zeinen nekagarria den etxea, tipulak zuritzen laguntzeko bisitaririk ez dugunean ere. Itaundu James kezkatzera eta bere sermoi ederrak hondatzera etortzen diren dendariei nork botatzen dituen kanpora. Dirua eman behar denean berak ematen du, dirua ukatu behar denean neuk ukatzen dut. Berarentzako erosotasun eta asetasun eta maitasunezko gaztelua eraiki dut, eta begirale egoten naiz ardura txiki arruntek eragotz ez dezaten. Neuk bihurtu dut hemengo nagusi, berak ez badaki ere, eta, orain dela gutxi, horretara nola heldu den azaltzeko gai izan ez den arren. (Ironia gozoarekin) Eta pentsatu duenean zurekin joan nintekeela, bere kezka bakarra zen... zer gertatuko ote zitzaidan niri! Eta ni geratzera tentatzeko zer eskainiko eta (aurrera makurtuz esaldi bakoitzean ilea laztanduz orrazteko), bere gogortasuna ni aldezteko! Bere artea nire bizibiderako! Bere duintasuna nire mailarako! Bere... (geldoago) ai, zure berba-sail ederrak nahasten ari naiz eta lardaskatzen, ezta, laztana? (Masaila maitagarriro jarri du senarrarenaren kontra).
MORELL (guztiz azpiratuta, emaztearen aulkiaren ondoan belaunikatu eta mutiko baten tolesgabetasunarekin besarkatuz): Dena da egia, hitz bakoitza. Naizena egin nauzu eskuen lanarekin eta bihotzeko maitasunarekin. Emaztea zaitut, ama, arreba: nireganako maitasun-ardura guztiak biltzen dituena.
CANDIDA (senarraren besoetan, irribarre eginez, Eugeneri): Zuretzat ama eta arreba naiz, Eugene?
MARCHBANKS (higuin-keinu gogor batekin jaikiz): A, sekula ere ez. Banoa, orduan, gau ilunera!
CANDIDA (bizkor jaikiz): Ez zara joango horrela, Eugene?
MARCHBANKS (gizon-ahotsaren ez mutilaren doinua hitzetan): Badakit zer ordu den jotzen duenean. Luze iritzita nago egin behar dena egiteko.
MORELL (dagoeneko zutik): Candida, ez utzi burugabekeriaren bat egiten.
CANDIDA (ziurtasunez, Eugeneri irribarre eginez): O, ez dago beldurrik. Zorionik gabe bizi izaten ikasita dago.
MARCHBANKS: Ez dut zorionik nahi aurrerantzean: hori baino prestuagoa da bizitza. Erretore James: esku-beteka ematen dizut nire zoriona; maite zaitut maite izan dudan emakumearen bihotza bete duzulako. Agur. (Aterantz doa).
CANDIDA: Azken hitz bat. (Mutila gelditu egin da, baina emakumearengana bihurtu barik. Candida hurreratu zaio) Zenbat urte dituzu, Eugene?
MARCHBANKS: Munduak dituen beste, dagoeneko. Gaur goizean hamazortzi nituen.
CANDIDA: Hamazortzi! Egingo didazu, mesedez, olerkitxo bat emango dizkizudan esaldi biekin? Eta egingo duzu promes nitaz pentsatzen duzun bakoitzean berriro esango dituzula?
MARCHBANKS (mugitu gabe): Esazkizu esaldiak.
CANDIDA: Hogeita hamar ditudanean, berak berrogeita bost. Hirurogei ditudanean, berak hirurogeita hamabost.
MARCHBANKS (emakumearengana bihurtuz): Ehun urtetan adin bera izango dugu. Baina hori baino sekretu hobea daukat bihotzean. Utz iezadazu orain alde egiten. Gaua kanpoan aurrera doa eroapenik gabe.
CANDIDA: Agur. (Aurpegia hartu dio eskuekin, eta, mutilak asmoa igarri, eta belauniko jarri denez, muin egin dio bekokian. Gero Marchbanks hegaz doa gau ilunean. Candida Morellengana bihurtu da, besoak eskainiz) A, James!
Elkar besarkatu dute. Baina ez dakite olerkariaren bihotzeko sekretua.
© Bernard Shaw © itzulpenarena: Jon Agirre Garai