ERANSKINA

Bertsio luzeagotik alboratuak

 

1

 

            BERNARDO

Halaxe delakoan nago. Horrek du noski esplikatzen

figura mirarizko hori horrela armaturik agertzea

gu guardian gaudela, gerra hauen zioa zen eta den

erregearen itxura bete-betean.

            HORAZIO

Horra fits bat gogamenaren begia larritzeko gai.

Bere goren gradura loratua zelarik Erroma,

Julio ezinago ahaltsua erori aurretixe,

hustu egin zituan hilobiak, eta beztiduradun hilak

orro-garrasika zebiltzan hango karriketan,

izar su-jario, odol-ihintz, eguzkiko

asturu gaitzen pean; eta ilargi ezkoa, berriz,

Neptunoren erresuma meneko zaion argizagi hori,

ia azken beltzeraino zetzan eklipseak jorik.

Eta gertakari izugarrien zantzu berdinak dizkiete

—halabeharren aurremandatari gisa,

eta datorkeen zorigaitzaren aitzin-solas—

zeruak eta lurrak, elkar harturik,

gure lur-bazter eta herritarrei agerrarazi.

 

 

2

 

Atsedenik gabeko parranda buru-astunok

beste herrien zeresana eta gaitzespena dakarkigute.

Mozkorti izena eransten digute, eta zerrien pare

gaituzte jartzen; eta, hain zuzen, horrek die kentzen

gure lorpenei, nahiz gorenak izan berez,

merezimendu-sonaren muin eta mamia.

Hala, sarri egokitzen zaie zenbait giza banakori,

beren baitako gaizbide berezkoren bategatik,

kasurako jaiotzaz (zeinaz ez baitira errudun,

zeren biziak ez baitezake hauta bere jatorria),

izamolde baten hazkunde gehiegiaz (maiz baitu halakok

arrazoiaren babes-hesiak lurjoarazten)

edo jokabide onesgarriak neurriz gain

putzarazten dituen azturaren bategatik...

Halako gizonengan, diot, akats batez markaturik baitaude

—naturaren gaitz-ondo izan hura, zein fortunaren izar-begi—,

bertuteak ere (grazia bezain puruak izanik ere,

gizonak dezakeen bezain infinituak) berdin dira

iritzi orokorrean ustelkeriaz kutsatuko,

delako huts horrexegatik. Gaitz tanta batek

zalantzaz zikintzen du sustantzia jator guztia,

bere eskandalagarri.

 

 

3

 

Lekuak berak du etsi larriz betetzen,

gehiagorik gabe ere, labar goratik

itsasora begiratzen duenaren burua,

behean haren orroa entzunez.

 

 

4

 

zentzuzkoa bezain eztia, eta, alde nabarmenez,

egokia areago fina baino.

 

 

5

 

Maitasuna handi denean, hara, zalantza txikiena da beldur;

beldur txikiak handi direnean, berdin handi maitasuna segur.

 

 

6

 

etsi gaiztora bitez bertan itzul ene uste eta esperantzak;

ermitau baten atxilo-bizitza bekarkit zoriaren mudantzak;

 

 

7

 

Zentzuaren jabe zara noski,

bestela ez zinateke mugitzeko gai. Baina, antza, zentzu hori

elbarri zurrun dago; zoramema ez bailihoake hain deslai,

zentzua sekula ez baita agitu hain eromenaren mende,

non ez duen gorde bereizmen poxiren bat

halako aldea ikusteko.

 

 

8

 

Begi sentipen gabeak, sentipen ikuste gabea,

belarri esku-begirik gabeak, usaimen oro-peitua;

zinezko zentzu baten arrasto erkin bat ere

ez litzateke hain soraio.

 

 

9

 

Ohitura, munstro zentzu ororen jale hori,

bere deabruan, aingeru da haatik horretan,

ezen onezko ekintza jatorren bidetik joz gero,

bergisan ohitzen gaitu egokitasunera,

jantzi eroso batera nola.

 

 

10

 

hurrena errazago;

gai baita aztura berezko izaera aldatzeko,

deabrua baitezake lotsaraz zein kanpora iraitz

indar miragarriz.

 

 

11

 

Hitz bat gehiago, ama andrea.

 

 

12

 

            HAMLET

Zigilu eta guzti; eta ene bi eskolakideak dituzte jarri

—zeinez sugegorri mihiztodunez beste fida bainaiteke—

aginduaren kargu; hala aise bidera bainazakete narraska

doilorkeriara. Betor behar duena. Jostagarri baita kanoigilea

bere bonbak zartarazia gertatzea: ikaragarriren bat ez badut

traba, baietz nik, beren minak azpitik minatu, eta

eztanda batez igorri biok ilargiraino hegaka.

Bai atsegina, buruz buruko bi buru argiren talka!

 

 

13

 

            GERTRUDE

Utz gaitzazue bakarrik, otoi, une batez.

 

Badoaz rosenkrantz eta gildenstern.

 

 

14

 

[Hala, agian, kalumniak,] zeinaren

munduaren alderik aldeko marmarrak,

kanoia aurrez aurreko xedera bezain xuxen,

bere zartako zitala baitakar, huts egingo ahal dio

gure izenari, eta aire zaurigabea jo.

 

 

15

 

            KLAUDIO

Ai ene, ai ene!

            HAMLET

Gizon batek arrantzan egin dezake errege batetik jan duen harrarekin,

eta har horretatik elikatu den arrainetik jan.

 

 

16

 

hamlet, rosenkrantz [gildenstern] eta beste batzuk sartzen dira.

 

            HAMLET

Jauna, noren indarrak dira hauek?

            KAPITAINA

Norvegiako erregerenak, jauna.

            HAMLET

Eta zer jomugarekin helduak, otoi?

            KAPITAINA

Poloniaren zati bat gudukagai.

            HAMLET

Nor dute buru, jauna?

            KAPITAINA

Norvegiako errege zaharrare iloba, Fortinbras.

            HAMLET

Poloniaren zati nagusia da gudukagai,

ala mugaren bat?

            KAPITAINA

Egia esateko, eta deus gehitu gabe,

izenaz beste etekinik ez daukan

lur mokortxo bat dugu eskuratzeko.

Bost dukaten aldera ere ez nuke nik alokatuko; eta

ez baitio emango Norvegiar zein Poloniar erregeari

hortik harakorik, jabetzan salgai ateraz gero ere.

            HAMLET

Orduan, Poloniako erregeak ez du defendatuko.

            KAPITAINA

Bai, han dira dagoeneko osteak.

            HAMLET

Bi mila arima eta hogei mila dukat ez dira

huskeria horren kontua erabakitzeko aski.

Horra ongi izate eta bake luzearen hanteria,

barnean baita lehertzen, eta ez azaleratzen

zergatik den hiltzen gizona. Apalki milesker, jauna.

            KAPITAINA

Jainkoak guarda, jauna.

 

Badoa

 

            ROSENKRANTZ

Badator gurekin orain berori, gure jaun ona?

            HAMLET

Berehalaxe. Zoazte zuek aurretik, bet-betan noa.

 

Badoaz guztiak, hamlet izan ezik.

 

Nola nauten gertaldi guztiek salatzen, eta

ene mendeku nagia akuilatzen! Zer da gizona,

beste helbururik eta onurarik ez badu bizian,

lo egin eta elikatzea baino? Piztia hutsa.

Noski halako gogo-zabal egin gintuenak,

atze-aurreen so egile, ez zigun eman

gaitasun eta jainkozko arrazoimen hori

erabiltzeke lizun zedin gugan. Bada, dela

animaleko ahanzturaz, zein gogoratzearen

gogoratzezko eskrupulu kikilen bategatik— zeinak,,

laurdenkaturik, parte bakarra baitu zuhurtziatik,

eta hiru bai beldurretik— ez dakit zergatikk

oraino bizi naizen esanez egiteko dela hori,

bai baitut kausa, gogo, indar eta modu, baiki,

egiteko? Etsenplu nabarmenik badut begi-bistan:

horra armada hori, halako jas eta muntakoa,

printze delikatu eta xamur bat duela buruzagi,

zeinaren izpirituak, handinahi jainkozko batek haizatua,

destaina-imintzioak baitegizkio gertakizun igarrezinari,

gogotsu utzirik hilkor eta ziurgabe dena

halabehar, heriotza eta arrisku ororen esku,

arrautza-oskol batengatik. Handi izatea, benaz,

ez da zirkinik ez egitea zio handirik ezean, baizik

handiro aurkitzea lehia-gaia huskeria batean,

ohorea delarik jokoan. Zertan nago, bada, ni,

zertan, aita baitidate hil, eta ama zikindu,

ene buru eta odolaren asaldagarri latz,

eta lo zorroan? Neure lotsagarri baitakuskit

hogei mila gizon hortxe heriotzara bidean,

ospe-kontu fantasia hutsezko bategatik,

oheak bailiran beren hilobiak, osteak hartzeko

aski zabal ez den sailtxo batengatik borrokan,

zeina ez baitateke lurpe eta ehorztoki nahikoa

hantxe zerraldo erorientzat? Hemendik aurrera, hara,

odoltsu betor ene oldea, edo bestela hutsa da.

 

Badoa.

 

 

17

 

            LAERTES

Ene jauna, men egingo dut;

nahiago, haatik, modua bila baleza berorrek

ni izateko hartarako tresna.

            KLAUDIO

Hain zuzen ere.

Zure atzerri aldian asko hitz egin da zutaz

—eta Hamlet entzule zelarik— distiraz zarela-etata

trebetasun batean gailentzen. Zaren guztiak

ez dio osotara halako bekaitzik erauzi,

nola baitio tasun bakar eta, ene aburuz,

mailarik xumeeneko horrexek.

            LAERTES

Zer tasun da hori, ene jauna?

            KLAUDIO

Xingola huts bat gaztaroaren kapelan,

egokia, hala ere; gaztaroari ez baitoakio gutxiago

bere kirol jantzi alai-arin eta ezaxola,

adin pausatuari arropa ilun dotorea baino,

zentzu eta seriotasunaren adierazgarri.

 

 

18

 

Bere herriko ezpatalariak, zin egin zuen

ez direla, ez mugimendu, ez guardia, ez begiz,

zurekin alderatzeko gai.

 

 

19

 

Bizi baita maitasuna den kandela izekiaren erdian

argi-muki moduko bat, hura moteldu nahi duena;

eta deusek ez baitirau ontasun berdin-berdinean;

ezen ontasuna, handituz handituz, azkenean

bere gehiegian berean da hiltzen. Egin gogo duguna,

orduantxe behar dugu egin; aldakor baita «gogo» hori,

eta badu maiz motelaldi eta atzerapenik, hainbat

nola munduan mihirik, eskurik, ezbeharrik: eta orduan

hasperen xahutzaile halako da «behar» hori,

lasaigarri mingarri. Gatozen, baina, gaitzaren muin bizira.

 

 

20

 

Jauna, etorri berri da gortera Laertes. Bene-benetako

zaldun fina, guztizko ezaugarri bikainez betea,

tratu gozo eta itxura dotorekoa. Hain zuzen, zintzo esateko,

jatorri onaren eredu eta jarraibidea; harengan baita biltzen

zaldun jator orok bere nahi lukeen zeinahi ere alderdi.

            HAMLET

Jauna, zaldun horren irudikabideak ez du

erturarik nozitzen zure ahoan; nahiz badakidan noski

haren dohainak atalez atal emateak oroimenaren aritmetika

aztoratuko lukeela, eta, halarik ere, aldaroka jardutea baino

ez litzatekeela, haren ibili zoliaren aldean. Hala ere,

bihotz-bihotzetiko gorespenez, kabida handiko arimatzat

daukat nik hura, eta haren izpiritua, berriz, halako bakan

eta berezitzat non, peto-peto esateko, haren antzekoa

beraren ispilu baita, eta haren oinatzean doana, berriz,

beraren errainu, besterik ez.

            OSRIK

Ez du berorrek hitzik huts egin, baiki, haren kariaz.

            HAMLET

Egokitasuna, aizu!

Zergatik halako jaun fina geure hats gordinagoan bildu?

            OSRIK

Nola, jauna?

            HORAZIO (HAMLETi)

Ez al da modurik beste hizkuntza-molde batean ulertzeko?

Saiatu behar luke berorrek, benetan.

            HAMLET

Zertara dator delako jaun horren aipamena?

            OSRIK

Laertesena?

            HORAZIO

Hustu zaio dagoeneko poltsa:

horra urrezko hitz guztiak gastatu.

            HAMLET

Harexena, bai.

            OSRIK

Badakit ez zarela ezjakitun ...

            HAMLET

Nahi nuke, bai, bazeneki. Eta, horratik, hala balitz,

alferrik samar nuke. Tira, zer zinen esateko?

            OSRIK

Jakinaren gainean zaude nolako bikaina den Laertes...

            HAMLET

Ez naiz ausartzen hori aitortzera, haren pare ez jartzearren

neure burua bikainez. Beste inor ongi ezagutzeko, izan ere,

bere burua behar du ezagutu gizonak.

            OSRIK

Arma kontuan, esan nahi dut. Harekin arituek ematen dioten sonari kasu egitera, paregabea da ezpatarekin.

 

 

21

 

            HORAZIO

Banekien albo-oharretara jo beharko zuela berorrek azkenerako.

 

 

22

 

GORTE-GIZON bat sartzen da.

 

            GORTE-GIZONA

Ene jauna, bere Maiestateak gomendatu nau berorrengana

Osrik gaztearen bitartez, zeinak mandatua itzuli baitio

aretoan egongo dela berori haren zain. Jakin nahi du ea

gogotsu dirauenentz berorrek oraintxe Laertesekin jokatzeko,

ala denbora gehiago behar duen.

            HAMLET

Leial natzaie ni neure burubideei. Erregeren esanera nago.

Haren komenentzia nora, haraxe gertu enea, une honetan

zein noiznahi, orain nagoen bezain gai naizen ber.

            GORTE-GIZONA

Errege-erreginekin guztiak hona bidean dira.

            HAMLET

Aldi onean.

            GORTE-GIZONA

Erreginak nahi luke jokoari ekin aurretik

adeitasun-erakutsi zerbait bazenegio Laertesi.

            HAMLET

Aholku ona haren aldetik.

 

[Badoa GORTE-GIZONA.]

 

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Juan Garzia Garmendia

 

 

"William Shakespeare / Hamlet" orrialde nagusia