V.i

 

Bi arlote sartzen dira, aitzurra eta pala eskuetan.

 

            LEHEN ARLOTEA

Kristau-modura lurperatu behar al da honako hau,

nahita bilatu baitu bere salbazioa?

            BIGARREN ARLOTEA

Baietz, bada; egik, egik azkar hobia. Jurezak, aztertu,

eta kristau-lurra erabaki dik.

            LEHEN ARLOTEA

Nola liteke, ez bazen ito bere buruaren defentsan?

            BIGARREN ARLOTEA

Hori duk, bada, erabakia.

            LEHEN ARLOTEA

Se offendendo izan behar dik, ezin duk besterik izan.

Izan ere, honatx gakoa: ohartuki itotzen banaiz,

horrek egintza bat argudiatzen dik;

eta egintza batek hiru adar ditik;

hau da: egitea, gauzatzea eta burutzea. Argu,

ohartuki ito zian bere burua.

            BIGARREN ARLOTEA

Bai, baina, entzuidak, ehorzle jaun-maisu.

            LEHEN ARLOTEA

Barkatuidak. Hemen duk ura: konforme.

Hemen gizona: konforme.

Gizonak ur honetara joan eta bere burua itotzen badu,

joan, nahi-eznahi, joan duk. Konturatzen?

Ura badator, berriz, gizonarengana, eta hura itotzen,

ez dik gizonak bere burua itotzen. Argu,

bere heriotzaren errudun ez denak

ez dik bere bizia laburtzen.

            BIGARREN ARLOTEA

Hala al da legea?

            LEHEN ARLOTEA

Bai, alajaina: auzinausiaren azterketaren araberakoa.

            BIGARREN ARLOTEA

Jakin nahi al duk egia? Aitoren alaba bat izan ez balitz,

kristau-lurretik kanpo ehortziko zitean.

            LEHEN ARLOTEA

Hori duk hitza: eta penagarriena,

handiek esku gehiago izatea mundu honetan

beren burua ito edo zintzilikatzeko,

beren kristaukideek baino. Ea, ene pala.

Aitoren seme zaharrik ez duk,

baratzezain, aitzurtzaile, eta hobigileak adinakorik.

Adanen lanbideari eusten ziotek.

            BIGARREN ARLOTEA

Aitoren seme izan al zen Adan?

            LEHEN ARLOTEA

Lehenbiziko iskiluduna izan zuan.

            BIGARREN ARLOTEA

Ez zian-eta iskilurik!

            LEHEN ARLOTEA

Pagano petoa al haiz hi ordea?

Nola ulertzen duk hik Eskritura? Eskriturak ziok

Adanek aitzurrean jardun zuela.

Beso bi izanez gero, nahikoa iskilu ez al da aitzurra?

Beste galdera bat egingo diat.

Xuxen erantzun ezean, hobe huke aitortu eta...

            BIGARREN ARLOTEA

Ea ba.

            LEHEN ARLOTEA

Nork du eraikitzen sendoago,

harginak, ontzigileak eta arotzak baino?

            BIGARREN ARLOTEA

Urkabe-egileak: mila bezero joan-etorri,

beti prest-prest haren zera.

            LEHEN ARLOTEA

Ona, alafede, ateraldia. Ongi zagok urkabea.

Nolatan, ordea, ongi?

Bada, ongi noski gaizkilearentzat.

Hik, alabaina, gaizki egin duk esanez

urkabea sendoago eraikia dela eliza baino.

Argu, urkabea ongi zagok apika hiretzat. Ea, berriro.

            BIGARREN ARLOTEA

Nork du eraikitzen sendoago,

harginak, ontzigileak eta arotzak baino?

            LEHEN ARLOTEA

Bai, esadak, eta hoa jare.

            BIGARREN ARLOTEA

Arranopola, bazakiat.

            LEHEN ARLOTEA

Ea.

            BIGARREN ARLOTEA

Mezasantua, ez zakiat.

 

HAMLET eta HORAZIO sartzen dira, urrunean.

 

            LEHEN ARLOTEA

Ez nekatu gehiago bururik horrekin,

hire asto motela ez baita joango

egurtuagatik bizkorrago.

Eta hurrena galdera hori egiten diatenean, esak

«hobigileak». Hark eginiko etxeek

azken juizioko egunera arte ditek irauten. Ea,

hoa Yaughan-enera eta ekardak txarro bat pattar.

 

Badoa BIGARREN ARLOTEA.

 

(aitzurrean kantari)

Gaztetan maitemin, minez,

zeinen zitzaidan ezti

denbora galtzea maite laztanez;

oi, alferrik hainbat asti.

            HAMLET

Ez ote du sujetu honek bere egitekoaren sentipenik,

kantari aritzeko hobi-zulatzen?

            HORAZIO

Ohiturarekin zaio ezaxolatasuna nagusitu.

            HAMLET

Hala duk, izan ere; gutxi ibiliriko eskua ohi duk

sentiberatasun handienekoa.

            LEHEN ARLOTEA (kantari)

Baina adin lapur isilak

nau ni gogor atzitu,

eta lehorrean ezarri,

alegia ez bizitu.

 

Burezur bat jaurtitzen du.

 

            HAMLET

Burezur horrek bazian mihi bat,

eta kantatzeko gai zuan behiala.

Horra nola duen orain dongeak

lurrera harrika iraizten, Kainen masailezurra bailitzan,

hari zor baitzaio lehenbiziko hilketa.

Politikari baten kaskarra izan litekek orain

asto honek halako tratua ematen diona,

Jainkoari iruzur egiteko gai zen batena;

ez al deritzok hala?

            HORAZIO

Izan liteke, ene jauna.

            HAMLET

Edo gorte-gizon batena, zeinak baitzekien esaten:

«Egun on, jaun laztana. Nola dago berori, jaun eztia?»

Izan litekek Halako Jauna, zeinak

Halako Jaunaren zaldia laudatzen baitzuen

hari eskatu nahi zionean, ezta?

            HORAZIO

Bai, jauna.

            HAMLET

Bai horixe, eta hona orain Andre Harretako,

masailagabe, eta zulogilearen aitzurrak kankarra joa.

Ederra eraldakuntza, ikusteko gai bagina.

Hain gutxi kostatu ote zen hezurrok sortu eta haztea,

bola-jokoan horrela aritzeko berekin? Eneek min ditek

horretaz pentsatze hutsaz.

            LEHEN ARLOTEA

Aitzurra eta pala, pala,

mihisez hiljantzi;

ostatu bat buztinez zula:

nork ez du merezi?

 

Beste burezur bat jaurtitzen du.

 

            HAMLET

Horra beste bat. Ez ote da, ausaz,

legegizon baten burezurra?

Non dira orain haren kako-makoak,

haren agudeziak, haren kasuak, haren tenentziak,

haren trikimailuak? Zergatik sufritzen du

horrela kanka jotzea buruan arlote trauskil honek

pala zikin batekin, eta ez dio jartzen salaketarik

eraso-kalteez? Mmmm!lur-erosle handiren bat zuan apika

bere garaian, bere hipotekekin, bere zor-agiriekin,

bere itunekin, bere berme bikoitzekin, bere aseguruekin.

Hau ote du, beraz, bere itunen ituna eta bere

aseguruen asegurua, bere kaskar ituna

hauts itunez beterik kausitzeko honela?

Ukatuko ote diote orain bermea

bere bermeek, bikoitzak izanik ere,

hitzarmen-lagin baten luze-zabala doi-doi den

erosgai baterako? Haren lurren eskritura guztiak

ozta-ozta dituk sartzen kutxa honetan.

Lurjabeari berari ere ez al dagokio gehiago, hara?

            HORAZIO

Zipitzik ere ez gehiago, jauna.

            HAMLET

Pergaminoak ez al dira ardi-larruz egiten?

            HORAZIO

Bai, jauna, eta orobat txahal-larruz.

            HAMLET

Ardi eta txahal inozo galantak,

horretan bilatzen dutenak ziurtasun-bermea.

Mintza nakion sujetu honi. —Norena da hilobi hori, to?

            LEHEN ARLOTEA

Enea, jauna.

(kantari)

      ostatu bat buztinez zula:

      nork ez du merezi?

            HAMLET

Hirea behar dik noski, barruan hago eta.

            LEHEN ARLOTEA

Berori kanpoan da, jauna, eta, beraz, ez da berorrena.

Niri dagokidanez, egia esateko ez nago bertan,

baina hala ere neure dut.

            HAMLET

Gezurretan ari haiz, barrutik esanez hirea dela hobia.

Hilarentzat duk, ez biziarentzat;

beraz, gezurretan haut hor harrapatu.

            LEHEN ARLOTEA

Bizia, hala ere, jauna, gezurra;

badoake berriz nigandik berorrengana.

            HAMLET

Zein gizonentzat zulatzen ari haiz hilobia?

            LEHEN ARLOTEA

Ezein gizonentzat ez, jauna.

            HAMLET

Zein emakumerentzat, orduan?

            LEHEN ARLOTEA

Ezta ezein emakumerentzat ere.

            HAMLET

Nor da hor ehorzteko?

            LEHEN ARLOTEA

Emakume izaniko bat, jauna;

baina, atseden beu haren arimak, hila da.

            HAMLET

Harrapa ezak kirtena!

Tentuz-tentuz beharko diagu hitz egin;

hondatuko gaitik, bestela, nahasbideak.

Jainkoarren, Horazio, joan deneko hiru urte honetan

ohartua nauk: hain xorrotx bilakatu duk

gure gizaldi hau, ezen baserritar oiesa ere

hain doakion gorte-gizonari oinatz-oinatzean, non

orpoko azkordina ere igurzten baitio.

—Noiztik ari haiz hilobigintzan?

            LEHEN ARLOTEA

Urteko egun guztien artetik, Hamlet gure errege ohiak

Fortinbras garaitu zuen egun hartantxe hasi nintzen honetan.

            HAMLET

Zenbat denbora du?

            LEHEN ARLOTEA

Ez al daki berorrek? Tontoenak ere badaki-eta hori.

Egun berean baitzen jaio, hain zuzen, Hamlet gaztea;

zera, burutik egin eta Ingalaterrara bidali zutena.

            HAMLET

Bai noski. Eta zergatik zuten, bada, Ingalaterrara bidali?

            LEHEN ARLOTEA

Bada, burutik egina zegoelako.

Han delakoan bere senera etorriko.

Ez bator, hala ere, ez dio askorik axola han.

            HAMLET

Zergatik?

            LEHEN ARLOTEA

Han ez zaio antzemango.

Hura bezain ero dira han guztiak.

            HAMLET

Nola zen erotu?

            LEHEN ARLOTEA

Guztiz modu bitxian, omen.

            HAMLET

Nolako bitxi?

            LEHEN ARLOTEA

Alajaina, zentzua galdurik.

            HAMLET

Nondik nora, baina?

            LEHEN ARLOTEA

Bada, hemen Danimarkan.

Hogeita hamar urte daramat nik hemen,

mutikotatik, lurperatzaile-lanean.

            HAMLET

Zenbat denbora egin dezake gizon batek lurpean

usteldu baino lehen?

            LEHEN ARLOTEA

Tira, hil aurretik usteldurik egon ezean

—etortzen baitzaigu gaur egun gorpu zornetsu asko,

ehortzi orduko zertuta dagoenik—

zortzi-bederatzi urte iraun dezake hortxe-hortxe.

Larrugin batek bederatzi urte bai.

            HAMLET

Zergatik, bada, hark gehiago bestek baino?

            LEHEN ARLOTEA

Bada, hara, jauna, hain dauka

zurratu eta ondua larruazala bere lanbidez,

urari barneratzen uzteke eusten dio luzaroan;

eta urak badaki ondo barren izorratzen

hilotz putasemea. Hona burezur bat.

Hogeita hiru urte daramatza kaskar honek lurpean.

            HAMLET

Norena zen?

            LEHEN ARLOTEA

Burutik egindako putaseme batena.

Norela zela egingo luke berorrek?

            HAMLET

Ez zakiat, bada.

Izurriak daramala zoro kirtena halakoa!

Burutik behera ez zidan ba behin bota

bonbil bat Rineko ardo!

Kaskezur hauxe, jauna, Yorick-en kaskezurra zen,

erregeren bufoiarena.

            HAMLET

Hauxe?

            LEHEN ARLOTEA

Horixe, bai.

            HAMLET

Uztak ikusten. Ene!, gaixo Yorick.

Ezagutu nian gizona, Horazio,

zirtolari bikaina, buru argietan argi.

Lepo gainean eraman izan naik mila bider.

Eta orain nolako higuin zaidan irudimenean!

Goragalea ematen zidak. Honixe zitxekan

nik dakita zenbat bider musu eman nion musua.

Non daude orain zure izkirimiriak,

zure brinkoak, zure kantak, zure ateraldi jostagarri,

mahaia algara-orroaka jartzeko gai zirenak?

Inor ez gaurgero zeure imintzioei burla egiteko?

Arras burujausia? Zoaz, zoaz, andre gorenarengana

eta esaiozu, hazbete azal-margo emanik ere,

aurpegiera honetara etorriko dela azkenean.

Barre eragiozu horrekin.

—Otoi, Horazio, esadak gauza bat.

            HORAZIO

Zer, jauna?

            HAMLET

Uste al duk Alexandrok honelako itxura izan zuela

lurreko bere aldian?

            HORAZIO

Horrelakoxea.

            HAMLET

Eta usaina ere bai? Pu!

            HORAZIO

Horrelakoxea, jauna.

            HAMLET

Ai hau gure behera beharra, Horazio.

Ez al dezake irudimenak

Alexandroren hauts noblearen arrastoa segi

harik eta barrika baten zuloa ixten aurkitzeraino?

            HORAZIO

Bitxikeriatzat jotzekoa litzateke gogoeta bitxi hori.

            HAMLET

Ezta batere, alajaina;

haraino zintzo-zintzo jarraitzea aski,

zer litekeen xuxen hausnarturik. Honatx:

Alexandro hil zuan, Alexandro ehortzia izan zuan,

Alexandro hautsetan hauts bilakatu zuan.

Hautsa lurra duk; lurretik lokatza diagu lantzen, eta

zergatik ez zen bera bilakatua zen lokatz hori erabiliko

garagardo-upel bat ixteko?

      Zesar gorengo hura, hil eta buztindurik,

      zulo bat ixten horra, hel ez dadin haizerik.

      Hara lur hori, ene!, antzinakoen izu,

      neguaren zafraden aurka horma-petatxu!

Ixo, baina. Albora: horra hor errege,

erregina, gorte-gizonak. Noren segizioan?

Eta halako elizkizun urriz? Seinale

segizioan doazen gorpu horrek zuela etsi-etsian

bere buruaz beste egin. Handikiren bat zuan.

Gorde gaitezen lipar batez, eta kasu eman.

            LAERTES

Zeremonia gehiagorik?

            HAMLET

Hori Laertes duk, gazte guztiz noble bat. Kasu eman.

            LAERTES

Zeremonia gehiagorik?

            APAIZA

Zilegi dugun bezain zabaldu ditugu

ehorzte-elizkizunak. Badaezpadakoa izan du heriotza;

eta, ez balitzaio agindu gorena nagusitu arauari,

lur sagaratu gabean ezarria zegokeen

azken turuta arte. Karitatezko otoitz ordez,

harri, legar, hondakinak zizkioketen bota.

Hemen, haatik, onartu zaizkio birjina-ohore

eta lore-ihaurtzeak, eta ezkila eta guztiko

azken hileta-agurra.

            LAERTES

Ez da egin behar besterik?

            APAIZA

Ezer ez besterik.

Defuntuen zerbitzua genuke lardastuko,

requiem batez opaturik hala hilari atseden,

bakean joaniko arimekin berdinduz.

            LAERTES

Eratzan lurrean,

eta haragi laztan orbangabetik

liliubelak bitez sor. Entzuidak, apaiz adeigabea,

aingeru zaindari izango duk ene arreba

hi aienez hagokeenean uluka.

            HAMLET

Hara, Ofelia amultsua!

            GERTRUDE (loreak ihaurriz)

Gozoari gozo. Adio.

Hi izatea espero ninan ene Hamleten emaztea.

Hire ezkon-ohea apaintzea ninan, haur laztana, gogoan,

eta ez hire hilobia loreztatzea.

            LAERTES

Oi, samin hirukoitza hamar bider bekio

gainean eror hari zeinaren gaizkintzak

heure buru-argitasun ederraz gabetu baihinduen.

—Zaudete lurrez estali gabe, behin berriro

neure besoetan har dezadan arte.

 

Jauzi egiten du hilobira.

 

Pilatu orain lur-hautsa bizien eta hilen gainean,

harik eta ordoki hau bilakatu arte mendi,

Pelion zaharrari nahiz Olinpo urdinaren

buru ortzian gorari gailentzekoa.

            HAMLET (aurrera eginez)

Nor da hain auhen bortitzez kexu dena,

bere tristura-pleinuz

izar alderraiak konjuratu eta haiek geldiarazirik,

entzule harridurak joen gisa? Hona ni,

Hamlet Danimarkakoa.

 

laertesen atzetik jauzi egiten du.

 

            LAERTES

Deabruak haramala!

            HAMLET

Ez duk errezo zuzena.

Otoi, ken itzak hatzamarrok ene zintzurretik;

Ezen, koleratsu eta oldarkor ez naizen arren,

badiat haatik neure baitan zerbait arriskutsua,

kontu egitea hobe hukeena. Kendu hortik eskua.

            KLAUDIO

Banandu itzazue.

            GERTRUDE

Hamlet, Hamlet!

            SEGIZIOKOAK

Jaunok!

            HORAZIO

Ene printze ona, baretu.

            HAMLET

Auzi honengatik nauk ni honekin borrokatuko

ene betazalak gehiago higi ez daitezen arte.

            GERTRUDE

Oi ene semea, zer auzi?

            HAMLET

Maite nuen nik, maite, Ofelia. Berrogei mila nebak

ez lezakete, beren maitasun guztia baturik,

enea berdindu. —Zer hago hi prest egiteko haren alde?

            KLAUDIO

Oi, burutik joa dago, Laertes.

            GERTRUDE

Jainkoaren izenean, ez egin kasurik.

            HAMLET

Zaurisantuak!, erakustak zer egiteko prest hagoen.

Negarrez hasi? Borrokatu? Barau egin?

Heure burua urratu?

Ozpina edango duk, ausaz; krokodilo bat jan?

Ni prest nagok. Zinkurin egitera etorri al haiz,

arrebaren hilobira jauzi eginez niri erronka jotzera?

Ehortz hadi bizirik harekin, eta berdin diat nik egingo.

Eta, mendiak ekarriz gero hizpidera, bota ditzatela

milioka goldelurrak gure gainean, harik eta tontorrak,

kaskoa kiskaltzeraino altxaturik goialde irazekira,

garatxo halako txiki dezan utz Osa mendia!

Egik, egik, oihu:

baietz hik bezain arranditsu egin nik

            KLAUDIO

Eromenak hartua dago guztiz;

eta halaxe iraungo du apur batean.

Aurki, hain eroankor nola uso-ama

bere biki urrezkoak oskoletik irtetean,

mintzultasun itunera zaigu atzera bilduko.

            HAMLET

Aizu, jauna,

zer dela-eta nauzu honela tratatzen?

Aski gogoko zintudan. Baina ez dio, ez, axola.

Herkules bera bedi lehia bere lanen egitera;

katuak miau eginagatik, txakurrak egokiera.

 

Badoa.

 

            KLAUDIO

Otoi, Horazio jator hori, jagon ezazu.

 

Badoa horazio.

 

(LAERTESi)

Pazientziaren sendogarri bekizu bart gaueko gure solasa.

Ber-bertatik diogu aurrerabide emango kontuari.

—Gertrude laztana, jar ezazu zainpean zeure semea.

Hilobi honek ukan behar du oroigailu bizi bat.

Bake aldi bat gure artera gaurgero heltzen da ari;

pazientzia biz bitartean gure egintzen gidari.

 

Badoaz.

 

 

V.ii

 

hamlet eta horazio sartzen dira.

 

            HAMLET

Horraino, bada, kontu hori. Gainerakoz, ea, ikusagun.

Gogoan al duk gorabehera guztia?

            HORAZIO

Nola ez, jauna!

            HAMLET

Hara, ene ariman bazuan borroka suerte bat,

lo egiten uzten ez zidana. Bilbo-burdinetan katigaturiko

matxinoa baino okerrago sentitzen ninduan. Tupustean

—eta laudatuak bira gure tupustaldiok: aitor dezagun

zenbaitetan ederki zaigula begiramen eza baliatzen

asmo burutsuek kale egiten diguten lekuan.

Hortik behar genikek atera

badela jainko bat gure xedeak moldekatzen dituena,

gure zirriborro baldarrak gora-behera...

            HORAZIO

Ez da dudarik.

            HAMLET

Ene kabinatik jaikirik,

itsas-atorrean nolabait bildua, ilunpean ninduan

haztamuka hasi haien xerka; haiengana iritsi,

agirien zorroa ostu, eta han ninduan limurtu

atzera neure gelara. Ausartzia osoz, han nizkioan,

susmoek atzenarazirik manerak, zigiluak hautsi

haien errege-mandatuari; non aurkitu bainuen, Horazio,

—oi, doilorren gorena!— agindu zehatz bat,

guztiz ere gainestalia askotariko arrazoibidez

—Danimarkaren ongia aipu, eta orobat Ingalaterrarena,

eta egundoko izu-mamukeriak jaulkiz ene biziaz—,

alegia, gutuna irakurtzean, betarik eman gabe

—ezta aizkora zorrozteak har zezakeena ere—

burua ziezadatela bertan moztu.

            HORAZIO

Bai ote?

            HAMLET

Honatx mandatua; irakur ezak patxada osoz.

Jakin nahi al duk, baina, hortik aurrerakoa?

            HORAZIO

Arren, jauna.

            HAMLET

Hala, bada, doilorkeriazko artez inguratua

—aitzin-solasa egin orduko neure garunei,

abian ziren jada haiek—, hantxe eseri, beste mandatu bat

guztiz berria asmatu, eta txukun-txukun nian idatzi.

Garai batean nik, gure estatu-gizonek bezala,

arrunkeriatzat neukaan kaligrafia fina; baina hara non

zerbitzu galanta egin didan oraintxe. Jakin nahi al duk

nondik nora zihoan ene idatzia?

            HORAZIO

Baiki, ene jauna.

            HAMLET

Erregek zorrotz egiten zioan arren Ingalaterrakoari,

beraren zergapeko leiala izaki hura, eta, bihotz-bihotzeko

elkar-hartze ona palmondoa bezala loraturik, bakeak

aurrera ere jantz zezan bere buruxka-girlanda,

eta iraupenez lotu bien arteko adiskidetasuna...

eta halako manda-mandatuzko erretolika luzez,

ezen, mezua irakurri eta ulertu bezain laster,

gehiagoko ezbai handi-txikirik batere gabe,

zitzala mezulariak bat-bateko heriotzara eman,

konfesatzeko astirik ere uzteke.

            HORAZIO

Eta gutun-zigiluak?

            HAMLET

Horretarako ere, hara, bazian zeruak eskupe.

Neure aitaren eraztuna neramaan nik poltsan,

zeina errege-zigiluaren eredu petoa baita.

Idazkia tolestu bestearen moldean, izenpetu,

eraztunaz zigilatu, eta ezkutuan nian gorde

gutun aldatua atzera bere lekuan. Hurrengo eguna, berriz,

gure itsas-guduarena izan zuan; eta, horren segidaz,

jakitun haiz dagoeneko.

            HORAZIO

Horretara dira, beraz, Gildenstern eta Rosenkrantz.

            HAMLET

Gogoko zitzaiean, hara, guztizko, beren egiteko hori.

Ez zidatek ukitzen kontzientzia. Berek zitean

beren burua hondamendira bultzatu.

Arriskutsua duk gizaki txatxarra horrela denean

aurkari ahaltsuen ezpatakada sumin bizikoen

erdian agitzen.

            HORAZIO

Nolako erregea, gero, gurea!

            HAMLET

Ez al deritzok, lagun, ene txanda heldua dela?

Ene aita erregea hil duena eta ene ama putatzat usatu;

hautespenaren eta ene esperantzen artean limurtu,

eta neure biziari ere amua bota diona, halako

maltzurkeria zuriz bota ere...

Ez al da kontzientzia betekoa

beso honekin kito egitea harekikoa?

Eta kondenatzekoa ez al da

geure baitako minbizi honi geroz eta

gaizkiagotzen uztea?

            HORAZIO

Iritsiko zaio laster Ingalaterratik berria,

zer emaitza izan duten hango kontuek.

            HAMLET

Laster datekek hori. Bitarte hori, haatik, enea duk;

eta gizonaren bizia doi duk «bat» esateko epea.

Hagitz damuturik nagok, baina, Horazio jator hori,

Laertesekikoan horrela burua galdu izanaz;

peto-peto baitakusat neure kausaren irudian

harenaren erretratua. Aintzat hartuko diat aurrerantzean.

Bere samin-erakusaldiaren nabarmenak naik noski

neure onetik atera.

            HORAZIO

Ixo! Nor dator hor?

 

osrik gaztea sartzen da.

 

            OSRIK

Gorentasun hori, bihotzez ongi etorri atzera Danimarkara.

            HAMLET

Apaltasunez eskerrak zuri.

—Ezagutzen al duk mariburruntzi hau?

            HORAZIO

Ez, jauna.

            HAMLET

Hainbat hobe hire arimarentzat, galbide baita

honen ezaguera. Lur zabalak ditik, eta emankorrak.

Piztia bat biz piztien jaun eta jabe,

eta aurki izango dik aska erregeren mahian.

Kaiku hutsa duk, baina, esan diadanez,

edukitsua lurrez eta simaurrez.

            OSRIK

Jaun maitea, berorren adiskidetasunak astirik balu,

banuke nik mezu bat berorrentzat bere maiestatearengandik.

            HAMLET

Gogorik onenez dizut nik hartuko.

Emaiozu zeure txanoari zuzen dagokion erabilera:

bururako duzu.

            OSRIK

Milesker, jauna, bero ere bero da.

            HAMLET

Ez, sinestazu, hotz ere hotz da. Iparretik dator haizea.

            OSRIK

Hotz samar, baiki, jauna.

            HAMLET

Aukeran sargori eta beroegi duzu aroa niretzat.

            OSRIK

Ezinago bero, jauna. Sargori ere sargori, alegia... Alegia...

Alabaina, jauna, bere maiestateak igorri nau esatera

trabes handi bat duela berorren alde egin.

Jauna, hona zertan den...

            HAMLET (txanoa janztera ganbidatuz)

Egidazu, arren, fabore...

            OSRIK

Eskerrik anitz, gorentasun hori; baina ez baitut noski gisa.0

Badakike berorrek, jauna, zeinen trebe bikaina den

bere armarekin Laertes jauna.

            HAMLET

Zein da haren arma?

            OSRIK

Ezpata eta sastakaia.

            HAMLET

Bi arma dira horrenbestez. Baina tira.

            OSRIK

Erregek, jauna, sei zaldi Berberiako ditu jokatu,

eta haien aldera Laertesek ditu enparatu, aditu dudanez,

sei ezpata-puinale Frantziako, beren hornidurekin, hots,

uhala, bilurrak eta abar. Garraiadurotariko hiru, zinez,

hagitz laketgarri dira, kirtenekin ederki ezkontzen direnak,

estekadura ezin finagoak, eta irudimentsuak guztiz.

            HAMLET

Zer dira garraiadura direlakook?

            OSRIK

Garraiadurak, jauna, bilurrak dira.

            HAMLET

Zentzuaren kideago litzateke esamoldea, hara,

kanoia eramanez gero aldean.

Ordura arte, hobe, aukeran, bilurrak deitzea.

Tira, baina. Sei zaldi Berberiakoren aldera,

sei ezpata Frantziako, beren hornidura,

eta hiru garraiadura irudimentsu: hori da, beraz,

frantses apostua daniarraren aurka.

Zer dela eta, zuk esan duzun moduan, «enparatua»?

            OSRIK

Erregek, jauna, apostu egin du

berorren eta Laertesen arteko dozena bat ekinalditan

hark berorri hiru sastadaren alderik atera ezetz.

Laertesek hamabitik bederatzian baietz.

Eta ber-bertatik zertu liteke kontua, gorentasun hori,

baldin eta erantzuna emateko txera badu berorrek.

            HAMLET

Eta ezetz bada erantzuna?

            OSRIK

Erantzuna, alegia, berorrek norgehiagokan

parte hartzeko, jauna.

            HAMLET

Ibili bat egingo dut, hara, hementxe areto honetan.

Bere maiestateak plazer badu, kirol-ordua dut nik oraintxe.

Dakartzatela armak: aurkari jauna gerturik badago,

eta beti ere berean tinko errege, beraren alde naiz

garaitzen ahaleginduko. Ezean, ez dut irabaziko

neure lotsa eta sastada enparatuok besterik.

            OSRIK

Bere horretan behar al dut mandatua itzuli?

            HAMLET

Tira, jantz ezazu

gogoak eskatzen dizun bezain apaindura bihurriz.

            OSRIK

Jauna, berorren zerbitzaririk obligatuena nau.

            HAMLET

Ni zurea, ni zurea.

 

Badoa osrik.

 

Egoki da berak famatzea bere burua zerbitzaritzat;

ez dio inork hainbesterik aitortuko.

            HORAZIO

Hegabera hau oskola buruan doa, hara, korrika.

            HAMLET

Kunplimenduak egiten zizkioan titiari edoski aurretik.

Hala duk geratu —mundu txoroak noski kutun dituen

beronen txitaldiko beste asko bezala— garaiko

hitzots dotore eta tratu-adeitasun itxura huts-hutsean.

Apar-jario moduko bat duk halakoena,

iritzi burutsuenen artean ur gaineko bitsetan

bide eragiten diena; putz egiek, baina, aurpegira,

eta akabo burbuilekin kontua.

            HORAZIO

Galtzekoa du berorrek dema, jauna.

            HAMLET

Ez diat uste. Frantziara joan zenetik, etengabe aritua nauk.

Enparatuen abantaila diat alde. Baina ez huke sinetsiko

nolako ondoezak joa daudakan barrena.

Ez dio, haatik, axola.

            HORAZIO

Ez, jauna...

            HAMLET

Txorakeria hutsa duk. Zera, emakume bat apika

asalduz beteko lukeen bihozkada horietarikoa.

            HORAZIO

Ezeren erreparorik badu berorrek, begio men.

Ez etortzeko diet esango, ez dagoela-eta gerturik.

            HAMLET

Ez hurrik eman ere. Zer guri zantzuok?

Probidentziaren eskua zabilek tartean

txolarre baten erorikoan. Orain behar badu,

ez duk geroko. Geroko ez bada, orain izango duk.

Orain ez bada, hala ere noizbaiteko duk.

Prest egotea duk gakoa. Inork ez dakienez

atzean uzten duenaren arrastorik,

zer axola garaiz aurretik eginik alde? Bego.

 

KLAUDIO, GERTRUDE, LAERTES, OSRIK, gorte-gizonak eta segiziokoak sartzen dira, turutaz eta danborrez, ezpata-jokorako tresnekin. Mahai bat hornitua.

 

            KLAUDIO

Zatoz, Hamlet, eta har ezazu luzatzen dizudan esku hau.

 

LAERTESen eskua jartzen du HAMLETenaren gainean.

 

            HAMLET

Barkamendu dizut eskatzen, jauna. Kalte egin dizut;

baina barka iezadazu, zure jauntasunari duin zaion legez.

Hemen bilduek badakite, eta aditu dukezu noski,

nola erasan didan buru-galtze latz batek.

Zer ere baitut egin,

zure natura, ohore eta aldartearen atsekabegarri,

hemendik dagit aldarri eromenari zor zitzaiola.

Hamletek ote dio Laertesi egin kalte? Ez halakorik.

Hamlet bere sen eta burutik horrela irtena badago,

eta bera ez delarik badio egiten kalte Laertesi,

ez dio Hamletek egiten kalte; ezetz diotso horri Hamletek.

Nork dio, orduan, egiten? Haren eromenak. Hala bada,

kaltetuen alderdikoa dugu Hamlet;

bere eromena du arerio Hamlet gaixoak.

Jauna, auzi-entzuleon aurrean

asmo gaiztoaren ukapen honek nazala

hain errugabetu zure gogo-bihotz guztiz zabalean,

nola baininduke, etxe gainera bota gezia,

eta anaia zauritu banu.

            LAERTES

Kito horrenbestez naturazko partea, zeinak baininduke

kasu honetan gehienik akuilatu behar mendekura.

Ohoreaz denaz bezainbatean, ordea,

neurean nago, eta ez dut nahi bakeak egiterik

harik eta gure arteko zenbait autoritate adintsuagok

halako itunaren zerbait aurrekari aurkitu arte,

tatxagabe dirauen ene izenak. Anartean, baina,

halakotzat dut hartzen zure bihotz-erakutsia,

eta zintzoki diot erantzungo.

            HAMLET

Gogotsu natzaio horri lotzen.

Buru-belarri naiz arituko anaiarteko dema jator honetan.

—Emazkiguzue ezpatok. Bizkor.

            LAERTES

Ea, bat niretzat.

            HAMLET

Enetik dukezu distira, Laertes. Ene ezjakinean,

zure antzeak du, izarrak gau ilunenean bezala,

bizi ere biziki ñirñir egingo.

            LAERTES

Burla egiten ari zatzaizkit.

            HAMLET

Ez, esku hau zin-lekuko.

            KLAUDIO

Emaizkiozu altzairuak, Osrik gaztea. Ene kusu Hamlet,

ba al dakizu zer den jokatzen?

            HAMLET

Ondo asko, jauna.

Zure graziak alderdi ahulenean ezarri ditu enparatuak.

            KLAUDIO

Ez dut kezkarik; ikusi izan zaituztet biok ere.

Baina, hobetsirik dagoenez, hortik enparatuen abantaila.

            LAERTES

Hau astunegia da. Ea beste bat.

            HAMLET

Hau gogoko dut.

Guztiak luzera batekoak al dira altzairuok?

            OSRIK

Bai, ene jauna.

 

Borrokan hasteko prestatzen dira.

 

            KLAUDIO

Para itzazue hortxe ardo-pitxerrak mahai gainean.

Hamletek lehen edo bigarren sastada emanez gero,

edo ordainez kitora etorri hirugarren ekinaldian,

Harresi-gain guztiek bezate danba sutu.

Erregek topa egingo du Hamleten sasoiaren alde,

eta kopan perla bitxi bat du botako, aberatsagoa

lau errege jarraituk Danimarkako koroan

eraman dutena baino. Ekar hona kopak;

eta bekio atabala turutari mintza,

turuta kanpoko kanoizainei,

kanoiak zeruei, zeruek lurrari:

«Erregek topa dagi Hamleten alde». Ea, has.

Eta zuek, epaileok, erne jokoari.

            HAMLET

Ekin, ea.

            LAERTES

Ekin, jauna.

 

Ezpataka dihardute.

 

            HAMLET

Bat.

            LAERTES

Ez.

            HAMLET

Epaia.

            OSRIK

Sastada; puntu garbi-garbia.

            LAERTES

Ongi da; berriz.

            KLAUDIO

Egon. Emadazue edatera. Hamlet, perla hau hirea duk.

Osagarri hiri!

 

Danbor eta turuta hotsa, kanoi-sutunpa.

 

Emaiozue kopa.

            HAMLET

Jokaldi hau aurrena. Utzi hor pixka batean.

Ekin.

 

Ezpataka dihardute berriro.

 

Beste sastada bat. Ez al da?

            LAERTES

Ukitua, ukitua, aitor dut.

            KLAUDIO

Gure semeak du irabaziko.

            GERTRUDE

Bete-beterik dago, arnaslarriturik.

Hona, Hamlet, tori ene zapia, xuka ezak kopeta.

Erreginak hire zortearen alde zagik topa, Hamlet.

            HAMLET

Andrearen on.

            KLAUDIO

Gertrude, ez edan.

            GERTRUDE

Edan nahi dut, jauna, berorren baimenarekin.

 

Edaten du, eta hamleti eskaintzen kopa.

 

            KLAUDIO (bereiz)

Pozoituriko kopa da. Beranduegi da.

            HAMLET

Oraindik ez naiz ausartzen, andrea; geroxeago.

            GERTRUDE

Hator, musua xukatuko diat.

            LAERTES

Maiestate hori, baietz oraintxe sastatu.

            KLAUDIO

Ezetz.

            LAERTES (bereiz)

Eta haatik neure kontzientziaren aurka doa ia.

            HAMLET

Zatoz hirugarrenaren bila, Laertes. Denbora-pasa ari zara.

Ekin, otoi, indarren betean jokoari kementsu.

Zeure jostailutzat ote naukazun dirudi.

            LAERTES

Bai ote? Ekin, bada.

 

Ezpataka dihardute.

 

            OSRIK

Hutsean bi-biak.

            LAERTES

Guardian!

 

laertesek hamlet zauritzen du. Gero,

tirabiran indarka, ezpatak trukatzen

dituzte, eta hamletek laertes zauritzen du.

 

            KLAUDIO

Banandu. Sumindirik daude.

            HAMLET

Ez, segi dezagun.

 

gertrude lurrera doa.

 

            OSRIK

Kontu egin erreginari. Hots!

            HORAZIO

Odoletan daude alderdi bietan. Zertan gara, ene printzea?

            OSRIK

Zertan gara, Laertes?

            LAERTES

Bada, bere lakioan harrapaturiko basoilarra bezala, Osrik.

Justuki nau neure traizioak hiltzen.

            HAMLET

Zer du erreginak?

            KLAUDIO

Konortea galdu du odoletan ikusirik.

            GERTRUDE

Ez, ez, edaria, edaria! Oi ene Hamlet laztana!

Edaria, edaria! Pozoiak naik galdu.

 

Hiltzen da.

 

            HAMLET

Oi doilorkeria! Hots! Itxi bezate atea.

Traizioa! Miatu bazterrak.

            LAERTES

Hona non den, Hamlet. Hamlet, egin dik hireak.

Ez da munduan botikarik sendatuko hauenik.

Doi-doi zaik geratzen ordu erdiko bizia.

Traizioaren tresna makurra, eskuan duk,

kamusteke eta edendua. Bidegabekeria

bera duk ene kontra itzuli. Hara, hemen natzak ni

ostera ez altxatzeko sekula. Hire ama, pozoiak joa.

Ezin diat gehiago. Errege, errege duk errudun.

            HAMLET

Puntarekin edena ere bai? Egik, bada, eden, heure lana.

 

klaudio sastatzen du.

 

            GORTE-GIZONAK

Traizioa! Traizioa!

            KLAUDIO

Oi, babes nazazue, lagunok, zauritu baino ez nau egin.

            HAMLET

Tori, daniar errege intzestutsu, hiltzaile, kondenatua:

Irentsi edabe hau.

 

Edatera behartzen du klaudio.

 

Hor al da hire bitxia? Hoa ene amaren atzetik.

 

Hiltzen da klaudio.

 

            LAERTES

Bere merezia hartu dik:

beraren eskuek ondua duk pozoia.

Barkamena indak jatorki, Hamlet, nik hiri bezala.

Aitaren eta bion heriotza ez bedi hire gainera eror,

ezta hirea ere ene gainera!

            HAMLET

Zeruak libra hazala zama horretatik! Hire atzetik noak.

Galdua nauk, Horazio. Gaixo erregina, adio!

Kinka honen lekuko zurbil eta ikaratuok, hitzik gabe

ikus-entzule soil zaretenok gertaldi honetan:

astirik banu —Herio legemutil anker hori

zorrotz baita atxilo ematen—, oi, banuke kontatzeko...

Bego, baina. Horazio laguna, galdua nauk;

hik bizirik dirauk: emaiek enekin ene kausaren berri

ezjakitun direnei.

            HORAZIO

Ezta pentsatu ere.

Antzinako erromatarra areago naiz ni, daniarra baino.

Bada oraino ardorik hor.

            HAMLET

Gizon haizen arauz,

emadak kopa. Zeruarren, uztak, uztak!

Jainko maitea, Horazio, nolako izen laidoztua dudan,

honela argitzeke geratuz gero gauzak, atzean uzten!

Inoiz lekurik izan badut hire bihotzean,

uko egiok oraingoz zorionari,

eta mundu krudel honetan hadi oinazean bizi,

ene historia kontatzeko.

 

Martxa bat urrunean eta kanoi-danbada.

 

Zer da gudu-zarata hori?

 

osrik sartzen da.

 

            OSRIK

Fortinbras gaztea, Poloniatik garaile itzulirik,

Ingalaterrako enbaxadorei die eskaintzen

gudu-sutunpa hori.

            HAMLET

Oi, hiltzen ari nauk, Horazio.

Pozoi indartsua erabat gailentzen duk ene baitan.

Ez nauk biziko Ingalaterrako berriak entzuteko,

baina iragartzen diat hautespenak dukeela

Fortinbras faboratu. Harentzat hilzoriko ene boza.

Hala esaiok, eta arretaz diezaala hark entzun

zer gertakari ziren tartean... Gainerakoz, isiltasun.

 

Hasperen luze bat egin, eta hiltzen da.

 

            HORAZIO

Horra zartatu bihotz noble bat. Gau on, printze laztan hori,

eta aingeru oste kantari artean hartu atseden.

Zer dela-eta danbor-hotsok honaino?

 

fortinbras sartzen da, Ingalaterrako

enbaxadoreekin, eta gudalostea, danbor eta margo-ikurrez.

 

            FORTINBRAS

Non da ikuskizun hori?

            HORAZIO

Zerik nahi du berorrek ikusi hemen?

Samin edo harrigarririk bada, ez bilatu gehiago.

            FORTINBRAS

Hilkintzaren galanta! Oi Herio harro hori,

zer festa duk antolatua heure infernu-zuloan,

ukaldi odoltsu batez baituk hainbeste printze

bet-betan kolpatu?

            ENBAXADOREA

Tamalgarria ikuskizuna;

beranduegi da heldu Ingalaterratiko gure enbaxada.

Sentigabe horra belarriak, entzun behar zigutenak

bete dugula, bete, emaniko agindua, eta

Rosenkrantz eta Gildenstern hilik daudela.

Norengandik ditugu orain eskerrak jasoko?

            HORAZIO

Ez horren ahotik,

eskertzeko bizi-gaitasunik lukeen kasuan ere;

ez baitzuen sekula eman haiek hiltzeko agindurik.

Baina, hain direnez izugarrikeria honetara jaun biok

—berori Poloniako guduetatik eta berori Ingalaterratik—

tenorez heldu, eman, arren, ordena ezen

oholtza gora batean daitezen gorputzak ikusgai jarri.

Eta utzi, otoi, niri, oraino ez dakikeenari esaten

nola garen honelakatu. Hala dute jaunok izango aditzea

haragi, odol eta bortxazko gizagabekeria anitzena:

halabeharrezko epaitze, ezbeharrezko hilketa,

bidegabeko maltzurkeriak eraginiko heriotzarik;

eta, hondar eta finean, hainbat burubide makur

asmatzaileen gainera atzera eroririk. Hori guztia dut

ben-benik kontatzeko.

            FORTINBRAS

Gaitezen entzutera lehia,

eta bil daitezela jaun nobleenak batzarrera.

Niri dagokidanez, arranguraz dut neure zortea onartzen.

Badut eskubide atzendu gaberik erresuma honen gainean,

eta abaguneak nau orain haiek erreklamatzera bultzatzen.

            HORAZIO

Horretaz ere baduket nik hizpide,

beraren bozak gehiago erakarriko duenaren ahotik.

Baina bedi delako hori orain berean gauzatu,

gizonen buruak asalduz daudeno, ez dadin gaitzagorik

makurbide eta errakuntzen gain gerta.

            FORTINBRAS

Lau kapitainek bezate

soldadu gisa altxa Hamlet oholtzara;

ezen bazuen jite eta gaia, hartara balitz,

errege bikaina izateko. Eta, azken agurrean,

bitez martxa eta zeremonia gerrazkoak

ozenki mintza haren ohorez.

Jaso, mutilok, jaso gorpuok. Ikuskizun odoltsurik

badu maizkara gudu-zelaiak; hemen, baina, halakorik!

Ea, sutu bitzate kanoiak.

 

Badoaz, hotsandiko martxaz; gero,

kanoi-sutunpa bat entzuten da.

 

 

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Juan Garzia Garmendia

 

 

"William Shakespeare / Hamlet" orrialde nagusia