II.i

 

polonio eta reinaldo sartzen dira.

 

            POLONIO

Emazkiozu diru hau eta ohar hauek, Reinaldo.

            REINALDO

Emango dizkiot, jauna.

            POLONIO

Zuhur zenuke, baiki, Reinaldo jator hori,

bisitatu aurretik modua egitea

zer ari den jakiteko.

            REINALDO

Badut asmoa, jauna.

            POLONIO

Ederki, ederki. Hara, lagun, ikertu lehenik

zer daniar jende denn Parisen, eta

nola eta nor, zertatik eta non diren bizi,

zer lagunartez eta zer gastuz; eta hala,

halako itzulinguru eta zehar-galdez kausitzean

ezagutzen dutela ene semea, hurbilago zaudeke,

hartarakoxe itaun zuzenez hel zaitezkeen baino.

Planta egikezu urrunetik-edo ezagutzen duzula;

esaterako: «Aita eta lagunak ezagutzen ditut,

eta doi bat bera.» Ulertzen al didazu, Reinaldo?

            REINALDO

Biziki ongi, jauna.

            POLONIO

«Eta doi bat bera, baina», esakezu, «ez ongi;

baina, nik diodana bada, hagitz da zoroa,

hau eta bestearen zale», eta hor leporatu

nahi adina kontu; prefosta, ez hain gaitzik

non ohorea liezaiokeen galaraz —begira horretatik—,

baizik apetazko irristaldi zoro ohikoak,

nola ohi baititu lagun arrunt sarri

gaztetan aske ibiltzeak.

            REINALDO

Jokoa, esaterako, jauna?

            POLONIO

Bai, edo zurruta, ezpataketa, biraoak, borrokak,

ematxarrak... Horraino hel zintezke.

            REINALDO

Jauna, desohoragarri luke hori.

            POLONIO

Alafede, ez; neurrira ekarriz gero karguak.

Ez diozu leporatu behar beste eskandalurik, alegia

nabarmenkeriarako joera duela; ez da hori kontua.

Aitzitik, ager itzazu erruok hain antzetsu,

non askatasunaren orbanak dirudiketen,

gogo-barren sutsu baten eztanda gartsua,

piztia-halakotasun bat odol bezatugabean,

orori oldargarri.

            REINALDO

Baina, ene jauna...

            POLONIO

Zer dela-eta behar duzun egin hori?

            REINALDO

Bai, jauna, hori nahi nuke jakin.

            POLONIO

Ederki, bada; hona ene burubidea,

burubide ustez argi eta xuxen askoa.

Zuk tatxa arinok egoztean ene semeari, alegia

gauza bat arian aritzez zikinduxe, begira ea

zure solaskideak, zundatu gogo duzun horrek,

inoiz kausitu duenentz aipaturiko gaizkerietan

hala salatzen duzun gaztea, bat baitu egingo

orduan noski zurekin honako ondorioan:

«Jauna», edo beste, zuka nahiz berorika,

tokian-tokiko jendeen ohitura eta

usadioaren arabera.

            REINALDO

Ederki, jauna.

            POLONIO

Orduan, bada, hark, zera... hark... zer nintzen

ni esateko? Mezasantuarren!, banintzen ni esateko

zerbait: non geratu naiz?

            REINALDO

«Bat egingo ondorioan», hortxe, eta gero,«Jaunka, zuka

nahiz berorika».

            POLONIO

«Bat egingo ondorioan.» Hori da, bai;

honelako hizpidez: «Ezagutzen dut nik jaun hori;

atzo ikusi nuen, edo lehenagokoan, halako egunean;

halako eta halakorekin, eta, diozun moduan,

hantxe ari zen jokoan; hantxe zurrutak gaina harturik;

hantxe tenisean okasioan»; edo, bestela:

«Halako tratu-etxera sartzen ikusi nuen»,

erran nahi baita, putetxe batera; eta abar.

Horra, bada: gezurrezko beitaz duzu

egiaren zamo bapoa arrantzatuko;

halaxe baititugu jende zuhur burutsuok,

inguru-setioz eta soslai-erasoz,

desbidez xuxen asmatzen bideak.

Halaxe zuk, ene aholkuoi jarraikiz,

ene semearekin. Ulertzen didazu, ezta?

            REINALDO

Bai, jauna.

            POLONIO

Jaungoikoa zurekin; ongi ibili.

            REINALDO

Agur, jauna!

            POLONIO

Kontu eman ea zertara duen joera.

            REINALDO

Hala egingo dut, jauna.

            POLONIO

Eta landu dezala gogotik musika.

            REINALDO

Ongi, jauna.

 

Badoa.

ofelia sartzen da.

 

            POLONIO

Adio! —Hara, Ofelia, zer dugu?

            OFELIA

Ene, ene, jauna, hain bainaiz ikaratu!

            POLONIO

Zerekin, jainkoaren izenean?

            OFELIA

Jauna, neure gelan ari nintzelarik josten,

Hamlet printzea —guztiz askatua jaka;

kapelarik gabe buru-has; galtzerdiak lohi,

lotzeke eta girgilu legez orkatilaraino jausiak;

alkandora bezain zurbil; belaunak elkar-joka, eta

halako aurpegiera errukarriz, nola baitzukeen

orduantxe baliote infernutik jaregin

hango izu-kontari—, hara non zaidan etorri.

            POLONIO

Hire maitez zoro?

            OFELIA

Jauna, ez dakit,

baina zinez hala dut susmoa.

            POLONIO

Zer esan din?

            OFELIA

Eskumuturretik heldu dit, estu-estu.

Gero besoaren luzeraraino aldendu,

eta beste eskua honela paraturik bere kopetan,

buru-belarri hor hasi zait aurpegia miatzen,

hura marraztu nahi balu bezala. Luzaz egon da horrela.

Azkenean, apur bat inarrosirik niri besoa, eta

hirutan eraginik buruari honela gora eta behera,

hasperen bat jaulki du hain errukarri eta sakona,

non baitzirudien gorputz osoa puskatuko ziola

eta izatea suntsituko. Horrenbesterekin, aske utzi ni,

eta, burua sorbaldan gaindi itzulia,

begirik gabe asmatu du nonbait bidea,

ezen ateraino joan da soaren laguntzarik gabe,

nigan josirik, azkeneraino, begion argia.

            POLONIO

Ea, hator enekin. Erregeren bila joango naun.

Horratx amodioaren zoraldi betea,

zeinaren bortiztasunak bere burua baitu galtzen

eta gogoa eramaten etsi gaitzeko eginbidetara

hain sarri nola zerupeko edozein pairamen

izaki gaixoon oinazegarri. Damu dinat...

Zer, hitz gogorrik zuzendu al dion berriki?

            OFELIA

Ez, jauna, baizik, berorrek agindu bezala,

uko egin diet haren gutunei

eta tratabidea debekatu.

            POLONIO

Horrek erotu din.

Damu dinat arreta zuhurragoz ez erreparatu izana.

Beldur nindunan jostetan ari ote zen soilik,

hire galbidez noski. Ene arduron galdua!

Alajaina, hain din bere gure adin honek

arrastotik harago jotzea geure aburuetan,

nola gauza arrunta baita gaztegoarengan

aski zentzu ez izatea. Ea, goazeman erregegana.

Jakin dadila; bada kontuak lekarke gordean deno

min gehiago, amodioa agerturik herra baino.

 

Badoaz.

 

 

II.ii

 

klaudio, gertrude, rosenkrantz,

gildenstern eta segiziokoak sartzen dira.

 

            KLAUDIO

Ongi etorri, Rosenkrantz eta Gildenstern preziatuok!

Zuek noiz ikusiko luzetsirik egon izanaz gainera,

zuetaz baliatzeko dugun beharrak ere eragin du

presazko dei hau. Entzun duzue zerbait noski

Hamleten eraldatzeari buruz: hala deitu beharko,

ezen ez kanpotik eta ez barnetik ez baitirudi

lehenago zen hura. Zer izan ote litekeen,

aitaren heriotzaz beste, horrela jarri duena,

hain bere burutik eta senetik irtena,

ezin asmaturik nabil. Arren degizuet bioi

ezen, txiki-txikitatik harekin haziak izaki,

eta haren kide-kideko gaztez eta izamoldez,

onar dezazuen hemen gure gortean geratzea

denbora apur batez; hala, zuen lagunarteak

atseginbideetara ekarri, eta atzeman dezagun ea,

egokierak hartarako modua ematen dizueno,

badenentz deus, gure ezkutuan, hala joa duenik, eta,

agerira ekarririk, gure esku dagoenik konpontzea.

            GERTRUDE

Jaun jatorrok, hagitz mintzatu da zuetaz,

eta ziur naiz ez direla munduan bi gizon

bihotzeanago dituenik. Plazer baduzue

guganako adeitasun eta borondatea erakustea,

denbora apur bat gure artean emateko lagin,

gure esperantzaren hazkarri eta onurarako,

zuen bisitaldiak jasoko duen esker ona

errege baten bihotzaren duin izango da.

            ROSENKRANTZ

Maiestate biok

balukete ahala, gure gain duten esku gorenaz,

agindu gisa agertzeko beron gogo itzalak,

arren egin gabe.

            GILDENSTERN

Men dagigu, baina, berdin,

eta geure buru eta zerbitzua eskaintzen, bete-betean,

gogo guztiz beron oinetara makurturik

aginduen zain.

            KLAUDIO

Esker mila, Rosenkrantz eta Gildenstern jator hori.

            GERTRUDE

Esker mila, Gildenstern eta Rosenkrantz jator hori.

Erregutzen dizuet ber-bertatik bil zaitezten

ene seme hain ere aldatuarengana. Ea, zuetarikoren bat,

eraman jaun prestuok Hamlet den lekura.

            GILDENSTERN

Zeruak bitza gure presentzia eta jardunak

atsegin eta lagungarri egin harentzat!

            GERTRUDE

Hala biz, amen!

 

Badoaz rosenkrantz eta gildenstern

(eta segizioko bat)

polonio sartzen da.

 

            POLONIO

Enbaxadoreak dira Norvegiatik, jaun gorena,

bozkariotan itzuli.

            KLAUDIO

Beti ere izan haugu berri on ekarle.

            POLONIO

Hala ote, ene jauna? Zinez diotsat gorentasun horri

eginbidez nagoela, arimaz bezala, guztiz

Jainkoaren eta ene errege onaren zerbitzura.

Eta nago —edo bestela ene garun honek

galduxea du zainketarako usnamen fina,

garai batean ohi zuenetik— aurkitu dudala

Hamleten zoramenaren kausa xuxena.

            KLAUDIO

Mintza hadi, bada, irrikan bainago entzuteko.

            POLONIO

Egin lehenago harrera enbaxadoreei:

ene berriak dirateke oturuntzaren azkenburuko.

            KLAUDIO

Herorrek egiek aurretikooi harrera, eta ekarri hona.

 

Badoa polonio.

 

Aurkitu omen du, Gertrude laztana, zure semearen

gaitzaldi guztiaren jatorri eta iturburua.

            GERTRUDE

Susmoa dut ez dela behinena baino:

aitaren heriotza eta gu bion ezkontza presatuegia.

            KLAUDIO

Tira, esango digu zehatz-mehatz.

 

polonio, voltemand eta kornelio sartzen dira.

 

Ongi etorri, ene lagun onak! Zer berri dugu

gure anaia Norvegiako erregearengandik?

            VOLTEMAND

Adeitsu dio berorri itzultzen bihotzetik goraintzi.

Guk hitz bat egin orduko, bertatik ditu deuseztarazi

bere ilobaren lebak, ezen uste zuen, nonbait,

Poloniako erregearen aurkako prestaketa zirela;

baina, hobeki azterturik, konturatu da

berorren gorentasuna zutela xede. Hala, gaitziturik

inor halako jokutria gaiztoz baliatu izanaz

bera eri, zahar eta ezindurik egoteaz, hor dio Fortinbrasi

gelditzeko agindua igorri. Hark men egin dio eta,

erregeak agiraka eginik, hondarreko orobat zin egin,

bere osabaren aurrean, ez diola sekula gehiago

arma-bidean ekingo berorren maiestatearen aurka.

Horretan, errege zaharrak, pozez gainezka,

hiru mila koroa dizkio urteko saritzat ezarri,

eta eskumena eman leban harturiko soldaduak

Poloniako erregearen aurka erabiltzeko. Hala,

arren degio berorri, honako agiri honen bitartez,

plazer dakiola traba gabeko iraganbide ematea

berorren lurraldean barrena, ekinaldi horretarako,

agirian ezarri diren segurtasun-berme

eta baldintzen pean.

            KLAUDIO

Egoki deritzogu;

eta asti eta beta dugunean dugu irakurriko,

erantzun, eta gogoeta egin kontu guztiaz.

Bitartean, ongi bideraturiko lanarengatik milesker zuei.

Zoazte atseden hartzera; arratsean ospakizuna dugu.

Bihotzez ongi etorri.

 

Badoaz voltemand eta kornelio.

 

            POLONIO

Horra ongi burutua egitekoa.

Jaun gorena, erregina, hemen itaunka hastea

zerik datekeen maiestatea, zerik eginbidea, zergatik

eguna egun den, gaua gau, eta denbora denbora,

litzateke alferrik galtzea gaua, eguna eta denbora.

Beraz, laburtasuna denez antzearen arima-mamia,

eta hitzaspertasuna, berriz, adar-mentu loratuak,

labur nadin mintza: berorren seme jatorra eroturik dago.

Eroturik edo: ezen, egiazko eromena definitzeko,

ez al luke batek, hain zuzen, eroturik egon behar?

Bego, baina, horrenbestean.

            GERTRUDE

Mami gehiago, eta apaingarri gutxiago.

            POLONIO

Andrea, zin degizut apaingarririk gabe dihardudala guztiz.

Eroturik dagoela, egia da; egia da hori tamala dela;

eta tamala da hori egia izatea: figura txoro bat, horra;

baina utikan, ez baitut apaingarririk erabili nahi.

Jo dezagun eroturik dagoela, hortaz. Geratzen zaigu

jakiteko, bada, efektu horren kausa,

edo, hobeki, defektu horrena, zeren halako

defektuzko efektuak bere kausa behar baitu.

Horra zer den geratzen, eta geratzen dena hauxe. Hara:

badut nik alaba bat —badut, izan, enea den bitartean—;

hartxek, bada, bere eginbidean zintzo eta esaneko,

honako hau eskuratu dit. Zerorrek atera ondorioak.

 

Irakurtzen du gutuna.

 

«Ofelia zerutiar, guztizko eder-jantzi

eta ene arimaren idolo horri»

Traketsa esapidea, dorpea: «eder-jantzi» esapide dorpea da.

Baina entzun, hara:

«haren bihotz-golko zuri ezinagoari gomendaturik, honakook, eta abar».

            GERTRUDE

Hamletek igorria al da?

            POLONIO

Andrea, bego lipar batez; fidel izango naiz.

      «Duda ezazu izarrak diren su;

      duda ekia mugitzen ote den;

      duda egia ez ote den faltsu,

      baina inoiz ez duda bihotz honen.

Oi Ofelia laztana, olerkari traketsa nauzu;

ez dakit neure lantuok neurtizten; baina

maiteen maite zaitudala, ezin maiteago, sinetsi. Adio.

      Zerorrena sekula betiko, laztanen laztan hori,

      biziaren ahala berekin dueno, hamlet.»

Hauxe dit, zintzo-zintzo, neure alabak erakutsi,

eta, horrez gainera, maite-solasok

zein noiz diren gertatu, nola eta non,

zehatz-mehatz dit jakinarazi.

            KLAUDIO

Baina nola hartu du mutilaren bihotz-erakutsia?

            POLONIO

Zer derizt berorrek niri?

            KLAUDIO

Gizon leial eta prestua deritzut.

            POLONIO

Hala ahalegintzen naiz. Baina zer ote zeritzokeen berorrek,

ikusi nuelarik maitasun bero hori hegan

—esan behar baitut ezen alabak esan aurretik

erreparatu niola nik—... Zer ote zeritzokeen berorrek,

edo ene maiestate erregina laztan horrek, zer,

isilmandatuon jasotzaile hutsarena egin banu,

edo neure bihotzari begiak itxiarazi, mutu eta gor,

edo garrantzirik eman ez, nagi, ikusten nuenari?

Zer ote zeritzokeen berorrek? Ez, zuzenean ekin nion,

eta esan beharrak esan gure alaba horri, honela:

«Hamlet gaztea printzea dun, hire mailatik gora;

ez dun, bada, gisa». Eta hala agindua eman nion

itxi ziezaiola atea harekiko tratuari,

ez zezala onar mezularirik, ez esku-erakutsirik har.

Horrenbestez, bere fruitua jaso zuen ene aholkuak;

eta Hamlet printzea, gaitzetsirik —hitz laburretan esateko—

tristurara amildu zen, eta gero baraura,

hurrena lorik ezera, handik ahuleziara,

hortik txolintasunera, eta, hala, amilbide horretan,

orain datzan eta guztiok dolu-penetan gauzkan

eromen eldarniotsura.

            KLAUDIO

Hori dela uste al duzu?

            GERTRUDE

Baliteke. Ziur asko.

            POLONIO

Gertatu al da inoiz —jakin nahi nuke—

nik argi eta garbi «Hala da» esan,

eta bestela izatea gauzarik?

            KLAUDIO

Ez nik dakidala.

            polonio (bere buru-sorbaldak seinalaturik)

Banatu gaineko hau azpikotik, hala ez bada hori.

Egokiera lagun, bistaratuko dut, bai, nik

egia gordea, lurraren zentroan

gorderik balego ere.

            KLAUDIO

Nola egiazta dezakegu hori areago?

            POLONIO

Jakina da ibili eta ibili jardun ohi duela batzuetan

hemen lorioan barrena.

            GERTRUDE

Hala da, baiki.

            POLONIO

Halako batean, neure alaba jaregingo diot.

Gauden berori eta biok tapiz baten atzean orduan.

Erreparatu topaketari: mutilak maite ez badu

eta burutik eginik ez badago hori dela eta,

ez nadila izan gehiago gorteko arduradun,

baizik landetxe bateko kortazain.

            KLAUDIO

Egingo dugu saioa.

 

hamlet sartzen da, liburu bat irakurriz.

 

            GERTRUDE

Horra, baina, non datorren gizagaixoa itunki irakurriz.

            POLONIO

Segi hemendik, otoi, maiestateok. Oraintxe dut

berarengana joko. Bion baimenarekin.

 

Badoaz klaudio eta gertrude

 

Zer modu, ene printze Hamlet?

            HAMLET

Ongi, lagun, milesker.

            POLONIO

Ezagutzen al nau berorrek, jauna?

            HAMLET

Ederki ezagutu ere: arrain-tratularia zara zu.

            POLONIO

Ez ni, jauna.

            HAMLET

Nahi nikek, bada, halako gizon zintzoa bahintz.

            POLONIO

Zintzoa, jauna?

            HAMLET

Baiki: zintzo izatea, mundu hau doan legez,

hamar mila lagunen artean bat izatea da.

            POLONIO

Oso da hori egia, jauna.

            HAMLET

Ezen eguzkiak harrak hazten baditu zakur baten gorpuan,

musukatzeko sarraski ederra izaki... Baduk alabarik?

            POLONIO

Badut, bai, jauna.

            HAMLET

Ez utzi eguzkitan ibiltzen: zoragarria da sorkundea.

Baina ez hire alaba izanik bere baitan sortzaile.

Emak kasu, lagun.

            POLONIO (bereiz)

Hara berriz ere! Ene alabaren leloarekin beti.

Ez nau ezagutu, ordea, hasieran; zera,

arrain-tratularia nintzela. Joana dago, joana guztiz.

Gaztetan gaitzaldi latzak pairatua naiz ni maitasun kontu;

ia-ia honenbestekoak. Mintza nakion ostera ere.

—Zer ari da irakurtzen berori?

            HAMLET

Hitzak, hitzak, hitzak.

            POLONIO

Zertaz dihardu?

            HAMLET

Jardun, nork?

            POLONIO

Berori irakurtzen ari den liburuak, alegia.

            HAMLET

Kalumniak, lagun; satiragile doilorrak baitio, hara,

urdinduak dituztela agureek bizarrak, haien aurpegiak

zimurturik daudela, begiei erretxina lodi eta

aranondo-goma dariela, eta aurki nagusitzen zaiela

buru-eskasia, guztizko zango-ahultasunarekin batera...

Ez baiteritzot egoki, bete-betean sinetsi arren hala dela,

haatik honela idatziz jasotzea halakorik. Izan ere,

zerori, lagun, ene adineko zinateke, baldin karramarro antzo

atzera egin ahal bazeneza.

            POLONIO (bereiz)

Zoroa zoro, burutsu eta xuxen dihardu berean.

—Nahi al du berorrek airetik babesera bildu, jauna?

            HAMLET

Hilobi barrura, alegia?

            POLONIO

Halaxe da bai hura, airetik babesean.

 

(bereiz)

 

Zeinen ateraldi argiak dituen batzuetan! Xuxen asmatzen

baitaki maiz eromenak, arrazoi eta zentzu onaren aldean.

Noan hemendik, eta berehala presta dezadan, bai,

honen eta ene alabaren arteko topaketa. —Jaun agurgarria,

apaltasun osoz baimena diot berorri eskatzen partitzeko.

            HAMLET

Ezin didak, bada, deus ere eskatu gogotsuago nagoenik

gainetik kentzeko. Neure bizia salbu, neure bizia salbu,

neure bizia salbu.

            POLONIO

Adio, jauna.

            HAMLET

Agure zoroon gogaikarria!

 

rosenkrantz eta gildenstern sartzen dira.

 

            POLONIO

Hamlet printzearen bila bazabiltzate, horra hor.

            ROSENKRANTZ (POLONIOri)

Jainkoak guarda.

 

Badoa polonio.

 

            GILDENSTERN

Ene jaun ohoragarria!

            ROSENKRANTZ

Ene jaun bihotzekoa!

            HAMLET

Ene adiskide bikainok! Zer modu, Gildenstern?

Ah, Rosenkrantz! Zer dugu, mutilok?

            ROSENKRANTZ

Hementxe, mundura jaioen ginoan.

            GILDENSTERN

Zoriontsu, alegia zoriontasunean goregi ez egotez;

Fortunaren kapeluan ez gara punta-puntako mortxila.

            HAMLET

Ezta haren zapata-zola ere?

            ROSENKRANTZ

Ezta ere, jauna.

            HAMLET

Orduan haren gerri parean-edo zarete bizi; hots, haren

fabore artean?

            GILDENSTERN

Mami-mami eginik, barren.

            HAMLET

Fortunaren isilpeko txokoetan? Oi, jakina: dama hori

lotsagaldu galanta da eta. Zer berri dakarzue?

            ROSENKRANTZ

Batere ez, jauna, ez bada mundua zintzotu dela.

            HAMLET

Hurbil dugu hortaz Azken Juizioko eguna: ez dira, baina,

berriok egia. Uztazue zehazkiago galdetzen:

zer zigor dizue, lagunok, fortunak ezarri,

honako presondegi honetara ekar zaitzaten?

            GILDENSTERN

Presondegi, jauna?

            HAMLET

Danimarka presondegi bat duk.

            ROSENKRANTZ

Hortaz halaxe da mundua ere.

            GERTRUDE

Eder-ederra, zeinean ugari baitira giltzapeak, espetxeak

eta leotzak, Danimarka izaki okerrenetarikoa.

            ROSENKRANTZ

Guk ez deritzogu horrela, Jauna.

            HAMLET

Tira, orduan ez da batere zuentzat; ezen ez da deus

ez on ez txar denik, baizik iritziak halakotzen du:

enetzat presondegi bat da.

            ROSENKRANTZ

Berorren handinahiak du halakotzen: meharregi zaio berorri.

            HAMLET

Hara, intxaur oskol batean barruturik ere,

espazio infinituaren erregetzat neukake neure burua,

ez izatera amets gaiztorik.

            GILDENSTERN

Handinahi hutsa, hain zuzen, ametsok; zeren handinahiaren

benetako sustantzia ez baita amets baten itzala baino.

            HAMLET

Ametsa bera itzal hutsa da.

            ROSENKRANTZ

Zinez, eta hain deritzot nik handinahiari aire-antzeko

eta arin, ezen ez baita itzal baten itzala baino.

            HAMLET

Orduan eskaleak hezur-mami ditiagu, eta monarkak eta

heroi goitituak eskaleen itzal huts. Joango al gara gortera?

Ezen, alafede, ez bainaiz argudiatzeko gai.

            ROSENKRANTZ eta GILDENSTERN

Lagun egingo diogu berorri.

            HAMLET

Ez halakorik: ez zaituztet sartu nahi neure gainerako

zerbitzarien sailean; ezen, zintzo mintzatzeko zuen aurrean,

laguntzaile izugarri txarrez inguraturik nago. Baina, otoi,

adiskide-lege jatorrean, zerk zakartzate Elsinore-ra?

            ROSENKRANTZ

Berorri bisita egiteak, jauna, besterik gabe.

            HAMLET

Neure arlotean, eskerrez ere txiro nauzue, baina

eskertzen dizuet. Noski ene eskerrek, lagun maiteok,

ez dute arditik ere balio. Ez al zaituzte inork etorrarazi?

Zeuen jaidura izan al da? Zeuen borondatea? Ea, bada,

zintzo jokatu enekin. Ea, mintza zaitezte behingoan.

            GILDENSTERN

Zer nahi du esatea, jauna?

            HAMLET

Edozer, hara, baina harira datorrena. Etorrarazi zaituztete,

eta aitorpen moduko bat ageri da zuen begitarteetan,

itxurak gorderik margoz apain-estaltzeko gai ez zaretena:

badakit errege-erregina gureek zaituztetela etorrarazi.

            ROSENKRANTZ

Zer jomugarekin, jauna?

            HAMLET

Hori zuengandik beharko jakin.

Konjura zaitzatedan, alabaina,

gure kidetasunaren izenean,

gure elkartasun gaztetatikoaren,

orainokoan zintzo eutsi diogun bihotz eta estimuaren

eta, zer ere preziatuagorik bailekioke

hiztun abilago bati otu zuen konjuragarri,

haren ere izenean, zuzen eta zelai

agertzeko niri ea etorrarazi zaituzteten ala ez.

            ROSENKRANTZ (bereiz GILDENSTERNi)

Hik zer diok?

            HAMLET (bereiz)

Kasu, begira nagokizue.

—Estimatzen banauzue, ez egin orain atzera.

            GILDENSTERN

Etorrarazi gaituzte, jauna.

            HAMLET

Nik dizuet esango zergatik;

hala aurrea hartuko diot aitorpenari, eta

errege-erreginekiko zuen isil-itunak lardastu gabe du iraungo.

Azken aspaldion, zer dela-eta ez dakit,

neure poz guztia galdu dut, neure jardunbide oro

bertan behera utzi. Izan ere, hain da hori lor astuna

ene gogo-aldartean, ezen egitura ikusgarri hau,

lurra, tontor antzu halako bat baitzait iruditzen. Gainestalki bikain ere bikain hori, airea, ikusak,

hor goiko ortzi garai bipila, urrezko suz apainduriko

sabai maiestatetsu hori, hara, ez zaidak niri lurrun-bilkura satsu eta kirats bat besterik. Nolako maisulana den gizona! Zeinen noblea arrazoimenez, zeinen infinitua gaitasunez; formaz eta mugimenduz zeinen aiutua eta miresgarria; ekintzaz zeinen aingeru-halakoa;

ulermenez zeinen jainko-gisakoa...

Munduko ederren ederra! Animalien eredu gailena!

Eta haatik, enetzat, zer da hautsaren mami finen hau?

Gizona ez zaidak atsegin...

Ez, ezta emakumea ere, nahiz hire irribarreak hori iradoki.

            ROSENKRANTZ

Jauna, ez zen halakorik ene pentsamenduetan.

            HAMLET

Zergatik irribarre hori, bada,

nik «gizona ez zaidak atsegin» esatean?

            ROSENKRANTZ

Pentsaturik, jauna, gizona atsegin ez bazaio, nolako

garizuma-tratua emango dien berorrek antzezleei.

Atzean utzi ditugu bidean, hona baitatoz

berorri eskaintzera beren zerbitzuak.

            HAMLET

Erregearena egiten duena ongi etorria biz:

bere maiestateak beza dagokion ordaina jaso ningandik; zaldun menturazaleak bitza ezpata eta babeskia erabil; maitaleak ez beza doan egin hasperen;

txantxatiak bakean beza bere partea burutu;

pailazoak bitza barrez leherraraz

beren birikak desarratzeko pronto daudenak;

eta damak ere oztoporik gabe beza jardun solasean:

herrenka ibiliko da eta, bestela, punturik gabeko bertsoa.

Zer antzezle dira?

            ROSENKRANTZ

Berorri halako atsegin zitzaizkion haiek berak, hiriko tragediagileak.

            HAMLET

Nolatan dabiltza bidez bide? Beren egoitza, bai sonaz

eta bai etekinez, hobe zuten alde bietatik.

            ROSENKRANTZ

Ustez, arestiko istiluak direla-eta etorri zaie debekua.

            HAMLET

Ni hirian nintzenean bezain ospetsu al dira oraino?

Hainbesteko arrakasta al dute?

            ROSENKRANTZ

Ez horixe.

            HAMLET

Nola liteke? Kaxkartu dira, ala?

            ROSENKRANTZ

Ez, ez, poliki eusten diote lehengo mailari. Baina

horra non den sortu habia bete haur, nor baino nor

garrasika diharduten belazkumeena, eta jendeak

itsuski ditu txalotzen horregatik.

Haiexek daude orain modan,

eta hain uhukatu eta gaitzetsiak, aldiz, antzoki arruntak

—hala deitzen diete—, ezen hainbat ezpatadun bapo,

antzar-lumen beldur, doi-doi ausartzen baita bertaratzera.

            HAMLET

Haurrak, diok? Nork ditu mantentzen? Zer babes dute?

Eutsiko al diote lanpostuari halako txinta-kantari

gehiago ez direnean? Ez al dute esango gerora,

baldin antzezle arrunt bilakatzen badira

—oso litekeena baita, egokiera hoberik ezean—

kalte egiten dietela idazleok gaizki esaka jardunaraziz

beren etorkizunaren aurka?

ROSENKRANTZ

Alafede, izan da esatekorik asko alde bietan; eta herriak

ez dauka hobentzat tirabirara xaxatzea alderdiok.

Bolada batean, sosik ere ez zuen inork ematen

argumentu batengatik, non eta poetak eta antzezleak

ez zioten elkarri egurra ematen poliki.

HAMLET

Ba ote?

            GILDENSTERN

Oi, ederki xahutu dituzte burmuinak kontu horrekin.

            HAMLET

Eta mutikoek al diete aurrea eraman auzian?

            ROSENKRANTZ

Horixe eraman; baita Herkules ere bere zamarekin.

            HAMLET

Ez duk oso harritzekoa ere, ezen ene osaba

Danimarkako errege duk, eta ene aita bizi zelarik

aurpegira imintzioak egiten zizkiotenek hogei, berrogei, berrogeita hamar, ehun dukat dituzte orain ordaintzen

beraren erretratu miniaturazko batengatik. Alazankoa, baduk horretan zerbait naturaz gehiagokoa,

filosofia xuxen atzemateko gauza balitz.

 

Turuta-hotsa.

 

            GILDENSTERN

Horra hor antzezleak.

            HAMLET

Jaunok, zaretela ongi etorri Elsinorera. Eman bostekook.

Ongi etorriari eder zaio adeitasuna eta zeremonia.

Uztazue gisa honetan egiten zuekiko kunplizioa,

ez dadin antzezleekikoa —zeina, jakizue, ez baita

nolanahikoa izango— zuekikoa baino txera hobekoa ager.

Ongi etorriak zarete, baina ene osaba-aita

eta izeba-ama oker dabiltza.

            GILDENSTERN

Zertan, jauna?

            HAMLET

Ipar-ipar-ekialdez baino ez nago zoro; haize hegoarekin

ongi bereizten dut belakitik belatza.

 

polonio sartzen da.

 

            HAMLET

Adi, Gildenstern, eta hi ere bai: belarri bakoitza

entzule bat. Horrako umetzar horrek

bere haur-oihaletan bildurik dirau oraindik.

            ROSENKRANTZ

Menturaz bigarrenez itzulia da haietara, ezen

birritan omen da agurea ume.

            HAMLET

Profezia dagit antzezleen berri dakarkidala. Erne.

—Zuzen zabiltza, lagun, hara, astelehen goizean, hain zuzen.

            POLONIO

Jauna, berriak dakartzat berorrentzat.

            HAMLET

Jauna, berriak dakartzat berorrentzat.

Roszio aktore zelarik Erroman...

            POLONIO

Hemen ditugu aktoreak, jauna.

            HAMLET

Zera!

            POLONIO

Ene ohoreagatik zin...

            HAMLET

Han ziren heldu asto banatan aktoreak...

            POLONIO

Munduko aktorerik hoberenak; dela tragediarako,

komedia, historia, pastoral, pastoral-komiko, historiko-pastoral,

tragiko-historiko, tragiko-komiko-historiko-pastoralerako;

ekitaldi bakar zein pieza librerako.

Seneka ez zaie astunegi, ezta Plauto ere arinegi.

Idatz-arau zein askatasunerako, ez da hauen parekorik.

            HAMLET

Oi Jefte, Israelgo juje, nolako altxorra hirea!

            POLONIO

Nolako altxorra zuen, jauna?

            HAMLET

Hara:

«Alaba bakarra eta besterik ez,

arras baitzuen hark bihotzetik maite.»

            POLONIO (bereiz)

Nolako tema ene alabarekin.

            HAMLET

Ez al nabil zuzen, Jefte xaharra?

            POLONIO

Berorrek Jefte deitzen didanez, jauna, badut alaba bat

arras bihotzetik maite dudana.

            HAMLET

Ez, ez zoak hortik kontua.

            POLONIO

Nondik, bada, jauna?

            HAMLET

Hara:

«Zoriaren itun, Jainkoa jakitun»

eta gero, noski:

«Gertatu zen, hara, gertatu beharra»

Kanta zintzoaren lehen herronkan bila dezakezu segida, ezen horra non datozen ene jostagarriak.

 

Lauzpabost antzezle sartzen dira.

 

Ongi etorri, jaunak, ongi etorri guztioi. —Poz hartzen diat

ongi haizela ikusirik. —Ongi etorri, adiskideak.

—Oi, ene lagun xaharra!

Azpilduraz jantzia duk aurpegia azkeneko alditik:

niri bizar-erronka jotzera heldu al haiz Danimarkan?

—Zer dugu, ene damatxo galant hori? Andremariarren,

zerutik hurbilago dago berori orain hurrenetik hona,

txapin baten altueraz. Ez ahal zaio ahotsa, urrezko

txanpon baliogabea legez, ertzetik barrura pitzatuko.

—Jaunak, ongi etorri guztioi. Ekin, ekin, bertatik,

frantses belatzari modura: zer ikusi, hari jauzi.

Iguzue solas bat betan. Ea, erakutsi zertarako gai zareten;

solas sutsu bat iguzue.

            LEHEN ANTZEZLEA

Zein solas, jauna?

            HAMLET

Solas bat esaten entzun hindudan behin,

baina ez zuan inoiz antzeztu,

edo, antzeztu bazen, ez behin baino gehiagotan; ezen obra,

gogoan diat, ez zitzaioan laket izan jendetzari:

kabiarra zuan ahogozo arruntarentzat.

Baina —enetzat, eta beste batzuentzat, zeinen iritzia

ospez gailentzen baitzaio eneari halako gaietan—

antzezlan bikaina zuan, atalez atal ongi antolatua, begiramen bezain talentu handiz idatzia.

Gogoan diat batek nola esan zuen ez zela bertsoetan

gatz-piperrik gaia bixitzekorik, ez eta jardunean ere deusik

egilea manerakeriaz salatzekorik; baizik eta

jokabide zintzoa zeritzola. Solasetariko bat izan nian nagusiki gogoko: Eneasek Didori eginikoa,

eta, hartatik, bereziki Priamoren hilketaz mintzo denekoa.

Bizirik badaukak oroimenean, has hadi

honako bertso honetatik... ea, nola zen...:

      «Pirro latza, Hirkaniako piztiaren antzo...»

ez duk hala... Pirrorekin hasten duk...

      «Pirro latzak, hura zeinaren arma-jantzi goibelek,

      bere asmoa bezain ilunbeltz, gaua baitziruditen

      zaldi asturugaitzean ezkutaturik zetzala,

      bere eite beltz ikaragarri hori du orain jantzi

      armarri-margo itzalagoz: burutik behatzetaraino

      gorriztaturik dago zeharo, laborrigarriro listurik

      hainbat aita, ama, alaba, semeren odolez,

      erre-oreturik odol hori kale kiskalietan,

      zeinek argi krudel eta madarikatu bat baitiote ezartzen

      beren nagusien hilkintzari. Amorru eta suak txigorturik,

      odol-zolda gatzatuz gainestali eta hanturik,

      karbunklo halako begiz, Pirro infernutiarrak

      Priamo aitaso zaharra bilatzen du.»

Ea, segi zuek.

            POLONIO

Alajainkoa, jauna, ederki emana, doinu onez

eta taxu egokiz.

            LEHEN ANTZEZLEA

      «eta bertan du aurkitzen

      grekoen aurka alfer-ukaldika; ezpata zaharra,

      besoari ez jaramon, jausiriko lekuan datza,

      aginduari muzin eginez. Jokoa alde nabarmen,

      Pirrok Priamori ekin, eta huts egin du amorruz;

      baina haren ezpata-ukaldiaren haize-zafradaz

      aitaso erkindua hor doa lurrera.

      Orduan Ilion sentigaitzak,

      kolpea somaturik irudi, gailurrak sugarrez

      hor lur jo du bertan, eta arrabots lazgarri batez

      Pirrori dio belarria bahitu: hara non haren ezpata,

      Priamo agurgarriaren buru xurira heltzear,

      zur eginik antzo den gelditzen airean.

      Han da Pirro gelditu, tirano margotu baten gisa,

      bere xedea burutzeko soraio irudi,

      deus egin gabe.

      Baina, nola baitakusagu maiz, ekaitzaren bezperan,

      zeru goiak oro isil, hodeitza geldi-geldi,

      haize bipilak mintzogabe, eta beheko lurbira

      herio bezain mutu, ostots ikaragarriak duela betan

      ortzia urratzen, hala, geldiunearen ondoren,

      mendeku-su bizi batek deragio berriz Pirrori;

      eta ez da ziklopeen mailua sekula

      Marteren armadura beti irauteko forjatuaren gainera

      gupida gutxiagoz jausi, nola baita

      Pirroren ezpata odoltsua

      orain Priamoren gainera jausten.

      Ut, ut, Fortuna lotsagaldu hori! Jainko-jainkosok,

      osoko biltzarrean kendu horri boterea;

      izpi-makolak oro hautsi haren gurpilari,

      eta amilarazi abatza zeruko muinoan behera

      eta infernu zuloraino!»

            POLONIO

Luzeegi duzu.

            HAMLET

Bizarginarenera bidaliko zaituztegu biok ere —Otoi, segi.

Jostirudiak edo berdekeriak nahi ditik honek; bestela,

lo hartzen dik. Segi, ea: Hekubaren pasartea.

            LEHEN ANTZEZLEA

      «Baina nork ere, oi, ikusi baitu erregina buru-estalia...»

            HAMLET

      «Erregina buru-estalia?»

            POLONIO

Ongi da; «erregina buru-estalia» ongi da.

            ANTZEZLEA

      «oinutsik hara-hona lasterka, garrei gogor eginez

      malko-jario itsugarriz; zapi bat dramalarik

      lehen diademaz apainduriko buruan, eta jantzitzat,

      soin argal eta haurgintzak maiztua estaliz,

      burusi bat, izuaren asalduan atzemana...

      Nork ere ikusi baitu hori, zitalez blaituriko mihiz

      Fortunaren aurka duke traizio-epaia emango.

      Jainko-jainkosek berek balute orduan ikusi,

      noiz eta baitzuen berak abelera gaiztoz ikusi Pirro

      ezpataz txikitzen senarraren gorputz atalak,

      erreginaren auhen zorrotzak behar zituzkeen,

      non eta hilkorroz guztiz axolagabe ez diren,

      erruki-malkoz urtarazi zeruko begi izekiak,

      jainkoon samin betean.

            POLONIO

Ez ote zaio, hara, kolorea mudatu eta malkoak begietaratu.

—Otoi, gehiagorik ez.

            HAMLET

Ongi duk. Aurki dukek aukera gainerakoa esateko.

—Jaun prestua, zainduko al duzu antzezleok ostatu ona

izan dezaten gurean? Aditu?: ongi trata ditzatela,

berak baitira gizaldiaren bilduma eta kronika laburra.

Hil ondoren epitafio txar bat hobe dukezu,

bizi zarela hauen iruzkin gaiztoa baino.

            POLONIO

Jauna, merezi duten arabera tratatuko ditut.

            HAMLET

Jainkoaren gorputz santua, askoz hobeki!

Tratatu gizon bakoitza merezi duen bezala,

eta nor libratuko da azotetik? Trata itzazu

zeure ohore eta duitasunari dagokion bezala:

zenbat eta gutxiago merezi,

orduan eta merezimendu handiagoa dukezu

zeure eskuzabaltasunean.

Eramaitzazu.

            POLONIO

Zatozte, lagunok.

            HAMLET

Zoazte berarekin, adiskideok.

Antzezaldia izango dugu bihar.

 

Gainerakoak poloniorekin doazela,

lehen antzezlea bereiz hartzen du.

 

Aizak, lagun xahar, antzez al dezakezue

Gonzagoren Hilketa?

            LEHEN ANTZEZLEA

Bai, jauna.

            HAMLET

Bihar arratsean jokatuko duzue.

Ikas zenezakete, behar izanez gero,

dozena bat edo hamasei lerroko solas bat, nik idatzi

eta obran txertatua?

Bai, ezta?

            LEHEN ANTZEZLEA

Bai, jauna.

            HAMLET

Ederki. Hoa jaun horrekin, eta begiratu

berari burla egitetik.

 

Badoa lehen antzezlea.

 

Adiskide onak, arratsera arte adio. Ongi etorri Elsinorera.

            ROSENKRANTZ

Agur, bada, jauna.

 

Badoaz rosenkrantz eta gildenstern.

 

Bai, Jainkoa biz zuekin. —Orain bakarrik nago.

Oi, ene doilorra, naizen jopu dongea!

Ez al da gauza dorpea horrako antzezle hori,

alegiaren ametsez, itxura hutsezko sentimenduz,

gai izatea gogoaren betera behartzeko bere arima,

halatan non aurpegia zeharo zurbiltzen baitzaio,

negarra begietan, hazpegiak nahasiak,

etenik ahotsa, eta jardun guztia egokiturik

gogoan darabilen irudira? Eta hutsarengatik oro.

Hekubarengatik?

Zer da Hekuba horrentzat, edo zer bera Hekubarentzat,

hartaz negar egin dezan? Zer egingo luke,

sentimendurako nik dudan zio eta dei larria

balu? Antzokia luke, hara, malkoz itoko

eta solas lazgarriz erdiratuko guztien belarria;

erruduna erotu eta errugabea laborritu;

ezjakina txunditu, eta harri eta zur eginik utzi,

baiki, begi-belarrien ahalak berak. Ni, aldiz,

arlote alfer lohi-zaku hau, hor nabil lelo-lelo,

Peru Amets halako, neure eginbeharrerako nagi,

eta ez naiz gai deus esateko. Ez, ezta errege batengatik,

zeinari, bere bizi preziatuarekin batera,

guztia baitzioten doilorki kendu. Koldarra al naiz?

Nork dit bilau deitzen, burutik behera jotzen,

bizarra erauzten eta harekin aurpegira putz egiten,

sudurretik tira egiten, gezurti gaitzesaten

aurpegi-aurpegira? Nork dit halakorik egiten?

Tira:

baietz jasan nik, alazankoa, hori ere! Bada, antza,

uso baten gibela dut, eta behazuna falta

laidoa mingosteko; bestela, dagoeneko

gizendu nituzkeen aireko miruak oro

doilor horren barrukiekin. Bilau odoltsu, lizuna!

Bilau lotsagabe, traidore, likits, kastagaldua!

Oi, mendeku!

Ene dorpea, alabaina! Ederki ematen du, gero,

nik, aita laztana hala hil diotenaren seme honek,

zeru-infernuek bultzatua mendekuzko ordainera,

puta baten modura hitzez lasaitu beharra barrena,

madarikazioka, emazirin alproja baten modura!

Hau lotsaria, oi!

Ekin, ene burmuin... Entzuna dut nola

antzezpen bat ikusten ari ziren errudun batzuei

eszenaren bizitasun petoak hain zien

arima barneraino eragin, non hantxe bertan

aldarrikatu baitzituzten beren gaizkintzak.

Bada, mihirik ez badu ere, badaki hilketak

organo miragarriz mintzatzen. Antzezleoi diet

aitaren hilketaren antzeko zerbait jokaraziko

osabaren aurrean. Ez diot begirik kenduko,

haragi biziraino barrenduko natzaio. Zirkin bat aski,

nola jokatu jakiteko. Ikusi dudan izpiritua

deabrua izan liteke, eta deabruak badu ahala

itxura atseginez janzteko. Bai, eta, ausaz,

ene ahultasun eta malenkoniaz baliaturik

—hagitz indartsua baita halako aldartez—,

kondenatzeko nau engainatzen. Froga nabariagorik

baduket aurki: antzezpena biz xedera baten antzeko:

erregearen kontzientzia han dut nik atzemateko.

 

Badoa.

 

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Juan Garzia Garmendia

 

 

"William Shakespeare / Hamlet" orrialde nagusia