HONTZAREN EGUNA

 

        Autobusa abiatzekotan zen, burrunba egiten zuen bat-bateko kirrinka eta zotin motelez. Plaza isilik zegoen goizaren grisean, eliz nagusiko kanpandorrean laino izpiak: bakarrik, autobusaren burrunba eta opil saltzailearen ahotsa, «Opilak, opil beroak», erreguzkoa eta ironikoa. Kobratzaileak atea itxi zuen, autobusa hondakin zarata batez mugitu zen. Kobratzaileak plazari bota zion azken begiratuak korrika zetorren ilun jantzitako gizona atzeman zuen; kobratzaileak «Egon pixka bat» esan gidariari eta atea zabaldu zuen, autobusa artean martxan zelarik. Bi tiro latz aditu ziren: ilun jantzitako gizona, ointokira jauzi egitekotan zegoela, zintzilik geratu zen une batez, esku ikusiezin batek ileetatik tira egingo balio bezala; eskuko kartera jauzi egin zitzaion, eta kartera gainera amildu zen geldiro.

        Kobratzaileak birao egin zuen: sufre kolorea hartura zeukan aurpegia, dardarka ari zen. Opil saltzailea, gizon eroriagandik hiru metrotara, elizako aterantz urruntzen hasi zen, karramarroaren antzera mugituz. Autobusean inor ez zen mugitu, gidaria harri eginda bezala zegoen, eskuineko eskua frenoaren kirtenean eta ezkerrekoa bolante gainean. Itsu aurpegiak, begiradarik gabeak ziruditen aurpegi guzti haiei begiratu zien kobratzaileak; «Hil dute» esan zuen, kapela kendu eta grinaz hasi zen eskua ile artean pasatzen. Birao egin zuen berriro.

        — Karabineroei —esan zuen gidariak—, karabineroei hots egin behar diegu.

        Altxatu eta beste atea ireki zuen; «Ni joango naiz» esan zion kobratzaileari.

        Kobratzaileak hildakoari begiratzen zion, eta gero bidaiariei. Emakumezkorik ere bazen autobusean, goizero oihal zurizko zakuak, astun-astunak, eta arrautzez beteriko otarreak garraiatzen zituzten amonak; ailorbe, gorotz, egur erre usaina zerien haien jantziei; aieneka eta erneguka egon ohi ziren; orain, aldiz, isilik, aurpegiak menderik mendeko isiltasun baten hobitik atereak bezala.

        — Nor da? —galdetu zuen kobratzaileak hildakoa seinalatuz.

        Ez zuen inork erantzun. Kobratzaileak birao egin zuen, biraogile ospetsua zen linea hartako bidaiarien artean, etorri handiz egiten zuen birao: kalera bidaliko zutela esana zioten mehatxuz, axolarik ez baitzion autobusean apaizik edo mojarik ba ote zen, hainbesterainokoa zuen birao egiteko bizioa. Siracusa probintziakoa zen, eta egia esan, ez zen oso aditua hildakoen kontuan: probintzia alua, Siracusa hura; horregatik ohiz baino amorru handiagoz ari zen biraoka.

        Etorri ziren karabineroak, sarjentua bizarra moztu gabe eta logale. Karabineroen etorrerak deiadarraren antzera jo zuen bidaiarien lozorroan, eta, kobratzailearen atzetik, gidariak zabalik utzitako beste atetik jaisten hasi ziren. Axolarik gabe itxuraz, atzera bihurtuz kanpandorreak miresteko distantzia zehatza bilatu nahirik bezala, plaza bazterretarantz urruntzen ziren eta, azken begiratua eginik, itzaltzen kale kantoiren batetik. Sarjentua eta karabineroak ez ziren ohartzen ihesaldi geldi hartaz. Hildakoaren inguruan berrogeita hamar bat lagun baziren orain, eskola-lantoki bateko langileak, gezurra iruditzen zitzaielarik hain gertakari potoloa aurkitu izana zortzi orduetako txolartea betetzeko. Sarjentuak plaza jendez husteko eta bidaiariak autobusera berriz igo erazteko agindu zien karabineroei: eta karabineroak hasi ziren han zer ikusiko zeudenak bultzatzen plaza inguruan zabaltzen ziren kaleetarantz, eskatu eta bultza egiten zieten bidaiariei autobusean zeukaten jarlekura itzul zitezen. Plaza hutsik geratu zenean, hutsik zegoen autobusa ere; gidaria eta kobratzailea baino ez ziren han.

        — Zer? —galdetu zion sarjentuak gidariak—, gaur ez zihoan inor ala?

        — Norbait bazen —erantzun zuen gidariak oroitzen ez denaren aurpegieraz.

        — Norbait —sarjentuak—; lau bost sei lagun esan nahi du horrek: sekulan ez dut ikusi autobus hau abiatzen jarleku bakar bat ere hutsik zuela.

        — Ez dakit —esan zuen gidariak, gogoratzeko ahaleginagatik burua urratu beharrean—, ez dakit; norbait, diot, esate bat da; ez ziren bost edo sei, ez horixe, gehiago ziren, beharbada beterik zegoen autobusa... Nik ez dut sekulan begiratzen zenbat jende dagoen: nire jarlekuan eseri eta aurrera... Bidera bakarrik begiratzen dut, bidera begiratzeko ordaintzen didate.

        Nerbioek tinkaturiko esku bat pasatu zuen sarjentuak aurpegitik.

        — Ulertzen dut —esan zuen—, bidera bakarrik begiratzen duzu zuk; baina zuk —eta haserre bihurtu zen kobratzailearen aldera—, zuk billeteak zulatzen dituzu, dirua hartu eta bueltak ematen dituzu; pertsonak kontatu eta aurpegira begiratzen diezu... Eta kalabozuan gogorarazterik nahi ez baduzu, esadazu segituan nor zegoen autobusean, hamar izen esan behar dizkidazu gutxienez... Badira hiru urte linea hau egiten duzula, hiru urte Italia kafetegian ikusten zaitudala arratsaldero: nik baino hobeto ezagutzen duzu herri hau...

        — Berorrek baino hobeto ezin inork ezagutu —esan zuen kobratzaileak irribarretsu, laudorioari ihes egin nahirik bezala.

        — Ondo da —sarjentuak burla-irriz—, hobekien nik eta gero zuk: ondo da... Baina ni ez nengoen autobusean, bestela gogoratuko nituzke bidaiari guztiak banan-banan: zure kontua da, ba; hamarren izenak esan behar dizkidazu gutxienez.

        — Ez naiz gogoratzen —esan zuen kobratzaileak—, nire amaren arimagatik diot, ez naiz gogoratzen; momentu honetan ez naiz ezertaz gogoratzen, ametsetan nagoela iruditzen zait.

        — Neuk esnatuko zaitut, bai horixe —errabiatu zen sarjentua—, urte pare baterako itzalpera bidalita esnatu ere... —baina geratu egin zen, haiengana zetorren juezaren ondora iristeko. Eta juezari hildakoa nor zen eta bidaiariak ihes eginda zeudela adierazten zion bitartean, autobusera begiratu, eta iruditu zitzaion zer edo zer oker edo lekuz kanpo zegoela: hala nola halako gauza batek ezustean gure ohituretan huts egiten duenean, usadioz edo ohituraz gure zentzuetan geratu eta berriz gogora iritsi ez arren, bere faltak halako nahaste txiki huts bat eragiten duelarik, gure onetik ateratzen gaituen argi dizdizari bat bailitzan; harik eta, bat-batean, bilatzen dugun gauza hori berriz gogoan harrapatzen dugun arte.

        — Zer edo zer falta da —esan zion sarjentuak Sposito karabineroari, zein, kontadore-agiria zuelarik, S.ko Karabinero Kuartelaren zutabea baitzen—; zerbait falta da, edo norbait...

        — Opil saltzailea —esan zuen Sposito karabineroak.

        — Jainkoarren! Opil saltzailea —pozturik bota zuen sarjentuak, eta aberriko eskolak gogoan harturik, «Kontadore-agiria ez ziotek ematen, ez, datorren lehenengoari» pentsatu zuen.

        Karabinero bat bidali zuten korrika opil saltzailea atzematera: bazekien non aurkitu, eskola elementalen sarrerara joan ohi baitzen opil beroak saltzera lehen autobusa abiatu ondoren. Hamar minuturen buruan, sarjentuak aurrean zeukan opil saltzailea: aurpegia, lorik errugabeenean harrapaturiko gizonarena zeukan.

        — Hor al zegoen? —galdetu zion sarjentuak kobratzaileari, opil saltzailea seinalatuz.

        — Hor zegoen, bai —kobratzaileak erantzun, zapata bati begira.

        — Beraz —esan zuen sarjentuak aita baten gozotasunaz—, zu gaur goizean, beti bezala, opilak saltzera etorri zara hona; Palermorako lehen autobusa, beti bezala...

        — Baimena badaukat —esan zuen opil saltzaileak.

        — Badakit —sarjentuak, pazientzia eskatzen zuten begiak zerurantz altxatuz—, badakit eta ez dit axola baimenak; gauza bat bakarrik jakin nahi dut, zuk esan eta segituan utziko dizut umeei opilak saltzera joaten: nork bota du tiroa?

        — Zer ba? —galdetu zuen opil saltzaileak miresturik eta jakin-minez—; tiroa bota dute?

 

 

        — Bai, sei t'erdietan; Cavour kaleko kantoitik, eskopetaz bi tiro, hamabiko kalibrea beharbada, kanoiak moztutako eskopeta beharbada... Autobusean zeudenetatik inork ez du ezer ikusi; kristoren lana orain autobusean nor zihoan jakiteko, ni hara iristerako hanka eginda zeuden denak... Opilak saltzen zituen bat gogoratu da, baina bi ordu pasa ondoren, Cavour kalea eta Garibaldi plazaren arteko kantoian ikatz zaku bat edo ikusi duela eliz izkinaren kontra jarrita, eta bi tximista atera direla ikatz zaku horretatik, hala dio berak; eta anega bat garbantzu agindu dio Santa Farari, bera mirariz ez dutelako berunez bete, esan du, jopuntutik ondo-ondoan zegoen eta... Kobratzaileak ikatz zakua ere ez du ikusi... Bidaiariek diote, eskubi aldean eserita zeudenek, leihoetako kristalek esmerilatuta ziruditela lurrunaren lurrunez; eta beharbada egia da... Bai, eraikuntza kooperatiba baten presidentea; kooperatiba txikia, badirudi ez duela inoiz hogei milioitik gorako kontratarik jaso, etxe merke sail txiki batzuk, estolderia, barruko errepideak... Salvatore Colasberna, Co-las-ber-na: igeltseroa zen, duela hamar urte kooperatiba muntatu zuen bere bi anaiarekin eta herriko beste lau edo bost igeltserorekin batera; lanak zuzentzen zituen, zuzendari bezala delineatzaile bat azaltzen bazen ere, eta administrazioa zeukan bere kontura... ahal bezala zihoan aurrera: aski zuten berak eta bazkideek irabazi urri batzuekin, soldatapean lan egingo balute bezala... Ez, ez dirudi egiten zutenik lehen euri jasak erorita lur jotzen duten lan horietakorik... Baserri bat ikusi dut nik, berri-berria, kartoizko kaxa baten moduan behea jotzen behi batek haren kontra hazka egin zuelako... Ez, Smiroldo enpresak eraiki zuen hura, eraikuntza enpresa handi batek: baserri batek behi bategatik behea jo... Colasbernak, esaten didate, gauza sendoak egiten zituen: eta esaterako hemen dugu Fatimako Amabirjinaren kalea, haren kooperatibak egina, makina bat kamioi pasata ere zentimetro bakar bat ere beheratu gabe: eta badira, aldiz, beste galtzada batzuk, enpresa mardulagoek eginak, urtebeteren buruan gameluaren bizkarra ematen dutenak... Aurrekari penalak bazituen, bai: mila bederatziehun berrogeita... bai, hemen da: berrogeian, berrogeiko azaroaren hiruan... Autobus batean zihoan, antza denez zorigaitza ekartzen zioten autobusek, eta Grezian hasia genuen gerraz ari zen jendea; batek esan du «Hamabost egun barru zurrupatuko dugu», Grezia esan nahi zuen; eta Colasbernak, «Zer da ba, arrautza?». Autobusean soldadu bat zihoan: salatu egin zuen... Nola?... Barkatu, aurrekari penalik ba ote zuen galdetu didazu, eta nik, paperak eskuan erantzun: bazuen... Ederki; ez zuen aurrekari penalik... Faxista ni? Baina ni faszioa ikusten dudanean aitaren egiten hasten naiz eta... Bai jauna, zure esanetara.

        Eskegi zuen telefonoa eztitasun etsitu batez, kopetatik zapia pasa zuen. Partisau ibilia! —esan zuen—; horixe falta mari, partisau ibilitako batekin topo egitea!

        Colasberna anaia biak eta Santa Fara eraikuntza kooperatibako beste bazkideak kapitaina noiz etorriko zeuden: lerroan eserita zeuden, beltzez jantzita, eta bi anaiek zapi beltz harroak zituzten, bizarra luze, begiak gorri; S.ko Karabinero Kuarteleko gela batean zeuden zain, geldi-geldirik, begiak horman pintaturiko jopuntu koloredun bati eta «Armak deskargatzeko lekua» zioen idazkiari tinko. Lotsa gorritan zeuden leku horretan eta itxaroten egoteagatik. Ezer ez da heriotza lotsaren aldean.

        Haiengandik urrun, aulkiaren ertzean eserita, emakume gazte bat zegoen. Haien ondoren iritsia zen, sarjentuarekin hitz egin nahi zuen, halaxe esan zion ateko guardiari; guardiak esan zuen sarjentuak zereginak zituela, kapitaina iristekotan zela eta zereginak zituela; «Itxarongo dut» esan zuen berak, eta aulkiaren muturrean eseri zen, eskuak mugitu eta mugitu, urduri jartzeraino haiei begiratuko liekeen edozein. Bistaz ezagutzen zuten, herrikoa ez zen inausle baten emaztea zen; B. herri hurbiletik joana zen gerra ostean S.en finkatzera, hara ezkondua baitzen, eta emaztearen dotearekin eta lanarekin, gizon diruduna zen herri pobre hartakoen ustetan. «Senarrarekin sesioan ibili eta gizonari kargu hartzera etorri da nonbait» pentsatzen zuten Santa Fara kooperatibako kideek, eta pentsamendu horrexek bakarrik aldentzen zien zeukaten lotsa.

        Automobil bat entzun zen patiora iristen eta motorra itzaltzen, gero takoi hotsak pasabidean barrena: eta kapitaina sartu zen gizonak zeuden gelara, sarjentua bere bulegoko atea zabaldu eta tentetzen zelarik agurra egitearren, burua hain gora non sabaia aztertu nahi zuela baitzirudien. Gaztea zen kapitaina, altua eta azal zurikoa; lehen hitzak esan orduko «Kontinentekoa» pentsatu zuten, bareturik eta erdeinuz aldi berean, Santa Farako kideek; kontinentekoak atseginak dira, baina ez dute ezer ulertzen.

        Lerroan eseri ziren berriz idazmahaiaren aurrean, sarjentuaren bulegoan: kapitaina sarjentuaren besaulkian, sarjentua zutik; Sposito karabineroa albo batean, idazteko makinaren aurrean eserita. Ume aurpegia zuen Sposito karabineroak: baina Colasberna anaiek eta haien bazkideek halako ezinegon hilgarri bat sentitu zuten haren aurrean, inkisizio errukigabearekiko izu-ikara, idaztearen hazi beltzarena. Larre zuria, hazi beltza: egiten duenak beti pentsa, hala dio idazteari buruzko igarkizunak.

        Kapitainak dolumin hitzak esan, eta barkatzeko eskatu zien koartelera ekar erazi eta bera berandu etorri izanagatik. «Kontinentekoa; ongi haziak dira gero kontinenteko hauek», pentsatu zuten berriz, baina begietatik galdu gabe Sposito karabineroa, zein, hatzak makinako tekletan emeki pausaturik, geldi eta erne baitzegoen, ilargi argitan, hatza katuan tinko, erbiaren zain dagoen ehiztariaren antzera.

        — Gauza bitxia da —esan zuen kapitainak, hizketa eten bati jarraituz bezala— nola gutun izenpe gabeak bidaliz baretzen duen gogoa hemengo jendeak: hitz egin inork ez, baina gure zorionerako, karabineroon zorionerako esan nahi dut, idatzi denek idazten dute. Izenpetzea ahaztu, baina idazten dute. Norbait hil dutela?, lapurtu dutela?, hona izenpe gabeko hamar gutun nire mahai gainean; eta senideen arteko tirabirak eta enpresen iruzurrezko porrotak direla eta ez direla ere idazten didate; eta karabineroen amodioak... —irribarre egin zuen sarjentuak, gogoan harturik beharbada, pentsatu zuten Santa Farako bazkideek, Savarino karabineroak Palizzolo tabakariaren alabarekin maitasuna egiten zuela, herri osoak zekien hori, eta aurki Savarino beste nonbaitera aldatuko zutela ikusten zen.

        — Colasbernaren kasuaz —jarraitu zuen kapitainak— bost gutun jaso ditut dagoeneko, izenperik gabe: herenegungo kontua izanda, sorta ederra; eta gehiagorik ere iritsiko da... Jelosiagatik hil dute Colasberna, dio batek: eta senar jeloskorraren izena jarri du.

        — Txorakeriak —esan zuen Giuseppe Colasbernak.

        — Nik ere hala uste dut... —esan zuen kapitainak, eta aurrera jarraitu—,... erratuta hil dute, beste baten iritziz: halako Perricone baten antza zuelako, informatzaile izengabearen ustez dagokion beruna azkar jasoko duen morroia berau.

        Bazkideek begiratu azkar batez galde egin zioten elkarri.

        — Badaiteke —esan zuen Giuseppe Colasbernak.

        — Ezin daiteke —kapitainak—, gutunak dioen Perricone hori duela hamabost egun pasaportea lortu eta orain Liejan dagoelako, Belgikan; beharbada zuek ez zenekiten, eta gutun izenpe gabea egin duenak ere ez zekien, noski; baina paretik kendu nahian dabilen bati horrek ezin zion ihes egin... Eta ez dizuet emango beste informazio batzuen berri, hau baino zentzu gutxiagokoak direlako; baina badago beste bat mesedez kontutan hartzeko eskatzen dizuedana, nire ustez arrasto ona eskaintzen du eta... Zuen lana, konpetentzia, kontratak: horra non bilatu behar den.

        Galdetzeko beste begiratu azkar bat.

        — Ezin daiteke —esan zuen Giuseppe Colasbernak.

        — Badaiteke, bai —kapitainak—, eta esango dizuet zergatik eta nola. Zuen kasuaz aparte, badauzkat informazio seguru asko kontraten kontu horretaz: informazioak bakarrik, tamalez, ze frogak banitu... Demagun inguru honetan, probintzia honetan, hamar enpresa aritzen direla kontrata lanetan: enpresa bakoitzak bere makinak eta bere materialak dauzka: gauza horiek gauez kalean geratzen dira edo obren ondoan; eta makinak gauza delikatuak dira, nahikoa da pieza bat kentzea, torloju bat esaterako, eta orduak edo egunak behar izaten dira gero berriz lan egiteko moduan jartzeko; eta materialak, gasolioa, bikea, aldamioak, ez da askorik egin behar desagerrarazteko edota bertan erretzeko. Egia da material eta makinen ondoan txabolatxo bat egoten dela, eta han lo egiten duen langile bat edo bi, barruan; baina, horixe ba, langileek lo egiten dute; eta badago beste jende bat, ulertzen didazue, sekulan lo egiten ez duena. Ez al da naturala lo egiten ez duen jende horrengana jotzea babes bila? Hainbat gehiago babes hori eskaini dizutenean; eta zuhurrak izan partez uko egitera ausartu bazara, zerbait gertatu da babes hori onartzeko konbentzitu zaituena... Temosoak ere badira, noski, ezetz diotenak, ez dutela onartzen, eta sikiera labana lepoan jarrita ere onartuko ez luketenak. Zuek, nonbait, temoso horietakoak zarete; edo Salvatore bakarrik zen...

        — Gauza horietaz guk ez dakigu ezer —esan zuen Giuseppe Colasbernak: besteak, aztoratu aurpegiz, bat etorri ziren.

        — Beharbada —esan zuen kapitainak—, beharbada... Baina oraindik ez dut amaitu. Hamar enpresa dira, beraz: eta bederatzik babesa onartu edo eskatzen dute. Baina ondo elkarte kaskarra izango litzateke, badakizue zein elkarteaz ari naizen, zuek «zaindaritza» deitzen duzuen zeregin horretara mugatu eta handik bakarrik aterako balitu irabaziak: elkarteak eskaintzen duen babesa askoz zabalagoa da. Lizitazio pribatuko kontratak lortzen ditu zuentzat, babesa eta arautegia onartzen dituzten enpresentzat; informazio baliotsuak ematen dizkizue enkante publikoan ateratzen direnetara agertzeko; ziurtagiriak aurkezteko orduan ere lagunduko dizue; langileak lasai edukiko dizkizue... Jakina, bederatzi enpresak onartu badute babesa, halako partzuergo bat osatuz, ukatzen den hamargarrena ardi beltza da: ez du asko izorratzen, egia da, baina izate hutsa erronka bat da, eredu txarra. Eta jokoan sarrarazi beharra dago, onez ez bada txarrez; edota, bestela, behin betirako irten erazi eta deuseztatu...

        — Nik ez dut holakorik sekulan entzun— esan zuen Giuseppe Colasbernak, eta anaiak eta bazkideek imintzioka baieztatu.

        — Demagun —jarraitu zuen kapitainak ezer entzun ez balu bezala— Santa Fara zuen kooperatiba dela hemengo aldeko ardi beltza, jokoan sartu nahi ez duena, kontratazio-iragarkiekin bere kontuak lege onez egin eta babesik gabe lehiatzera aurkezten dena; eta batzuetan, gehienaren eta gutxienaren sisteman batez ere, eskaintza egokia egiten asmatzen du, kontuak lege onez egin dituelako hain zuzen... Pertsona agurgarri bat, zuek diozuen bezala, etorriko da egun batean Salvatore Colasbernarekin solasaldi bat egitera: solasaldi bat, dioena eta ez dioena, hitz erdiz egina, brodatu baten atzealdea bezain igarri ezina: hari eta korapilo mordoilo bat, eta irudiak ikusten dira beste aldean... Colasbernak ez du solasaldi horren atzealdea begiratu nahi, edo ez daki: eta gizon agurgarria mindu egiten da. Elkarteak bereari ekiten dio: lehen abisua, depositu txiki batek su hartu edo holako zerbait; bigarren abisua, bala batek ia jotzen zaituzte, ilunabarrean, hamaikak aldera, etxera bidean zoaztela...

        Santa Farako kideek ihes egiten zioten kapitainaren begiradari: eskuetara begiratu eta begiak altxatzen zituzten gero Armako komandantearen erretratura, Errepublikako presidentearen erretratura, gurutzera. Eten luze baten ondoren haien kezkabidearen erdi-erdian jo zuen kapitainak.

        — Iruditzen zait antzeko zerbait gertatu zitzaiola zuen anaiari —esan zuen— duela sei hilabete, etxera zihoala, hamaikak aldera... Ez al da egia?

        — Nik ez dut inoiz horrelakorik entzun —esan zuen Giuseppek, hitzak irentsiz.

        — Ez dute hitz egin nahi —hasi zen sarjentua—, bata bestearen ondoan paretik kentzen badituzte ere ez dute hitz egiten: berdin zaie hiltzen badituzte ere.

        Kapitainak keinu batez moztu zion jarduna. Aizu —esan zuen—, emakume bat dago hor zain.

        — Oraintxe noa —sarjentuak, apur bat nahigabeturik.

        — Zuei esateko besterik ez dut —esan zuen kapitainak—, asko esan dizuet dagoeneko, eta zuek ezer ez daukazue niri esateko. Alde egin aurretik, nahi nuke zuetako bakoitzak izen-deiturak, jaiotze lekua eta eguna, helbidea eta abar idaztea orri honetan.

        — Nik mantso idazten dut —esan zuen Giuseppe Colasbernak. Besteek ere esan zuten mantso eta nekez idazten zutela.

        — Ez dio inportik —esan zuen kapitainak—, badugu astirik.

        Zigarro bat piztu eta adi erreparatu zion Santa Farako kideek orri gainean egiten zuten ahaleginari:luma zulagailu elektriko bat bezain astuna bailitzan idazten zuten, beraien zalantza eta eskuen ikaragatik dardarka ari den zulagailu bat. Amaitu zutenean ateko guardiari deitu zion: ateko guardia sarjentuarekin batera sartu zen.

        — Lagun itzazu jaun hauek —agindu zuen kapitainak.

        «Jainkoa, hori da hori kortesia!», pentsatu zuten bazkideek. Pozik ezer gutxirekin atera zirelako (guzti hori kapitainak nahi zituen idatzizko zati horietatik zintzilik geratzen zen) eta Karabineroetako ofizial batek jaunak deitu zituelako, zeramaten dolua ahaztuta irten ziren, eta umeak eskolatik irtetean bezala korrika egiteko gogoa zuten.

        Bitartean, haien idazkera eta izenperik gabeko gutunekoa konparatzen ari zen kapitaina. Sinestuta zegoen haietako batek idatzi zuela gutun hura; eta jatorrizkoa ez bezala makur, itxuragabe eta guzti, ez zen aditu baten beharrik, orrian idatzitako zehaztasun pertsonalen aldean jarrita, Giuseppe Colasbernarena zela frogatzeko. Gutun izenpe gabeak aditzera ematen zuena aintzakotzat hartzekoa zen, beraz, ziurra.

        Sarjentuak ez zuen ulertzen zergatik zegoen kapitaina idazkera horiek ikertzera emana.

        — Zorroztarria eskuz estutzea bezala da, ez da ezer ateratzen —esan zuen, Colasberna anaiez eta bazkideez, eta herri osoaz, eta Sizilia osoaz ari zela.

        — Beti lortzen da zer edo zer —esan zuen kapitainak.

        «Hi pozik, denok ere pozik» pentsatu zuen sarjentuak, bere gogoetetan Lombardi jeneralari berari ere hika egiteko burukeria baitzuen.

        — Eta emakume hura? —galdetu zuen kapitainak kanpora joatekoa eginik.

        — Senarra —erantzun zuen sarjentuak— soroetara joan zen herenegun, inaustera; eta oraindik itzuli ez... Baserri-etxeren batean geratuko zen otordua egiteko, arkumea eta ardoa; eta lo etzango zen bordan, mozkor-mozkor eginda... Gauean itzuliko da, lepoa jokatuko nuke.

        — Herenegun... Zure lekuan, ni bila hasiko nintzateke —esan zuen kapitainak.

        — Bai, jauna —sarjentuak.

 

 

        — Ez zait gustatzen —esan zuen beltzezko gizonak; aran mikatzak janda hortzak hozkituta dituenaren aurpegia zuen, eguzkiak errea eta bizkortasun misteriotsu bat adierazten zuena, eta beti imintzio ernegatu hori—, ez zait batere gustatzen.

        — Beste hura, lehenago zegoena ere ez zitzaizun gustatzen; hamabost egunetan behin aldatu beharko ditugu, ala? —esan zuen irribarretsu ondoan eseritako gizon ilehori dotoreak; bera ere Siziliakoa, gorpuzkeran eta jokamoldean bakarrik bestea ez bezalakoa.

        Erromako kafetegi batean zeuden; areto guztiz arrosa eta isila, ispiluak, lore sorta handiak ziruditen lanparak, emakume beltzaran polit bat jantzitegian, amantal beltza soinean, fruitu bat bezala zuritzeko modukoa: «Ez ordea gainetik kenduz», pentsatzen zuten gizon beltzaranak eta gizon ilehoriak, «josturak urratuz».

        — Arma lizentzien istorioagatik ez zitzaidan gustatzen hura —esan zuen gizon beltzaranak.

        — Eta arma lizentzien hori baino lehenago bazen beste bat erbesteratzearen istorioagatik gustatzen ez zitzaizuna.

        — Gauza gutxi iruditzen al zaio erbestea?

        — Ez, ez da gauza gutxi, badakit: baina hau dela, bestea dela, zure gustukorik ez dago sekulan.

        — Baina orain desberdina da: horrelako gizon bat gure herrian egoteak berori mindu beharko luke ni baino gehiago... Partisau ibilia da: daukagun komunista mordoa edukita, partisau ibilitako bat bidaltzea ere!; pikutara joango ez zaizkigu, ba, gauzak?

        — Baina, seguru zaude komunistak babesten dituela?

        — Gauza bat kontatuko diot bakarrik. Berorrek badaki nola dauden sufretegiak orain; madarikatzen dut berorrek dakien sufretegirako Scarantino eta biok elkar hartu genuen ordua; hondamendira goaz, sufretegia jaten ari da dena, nire odol guztia, neuzkan diru apurrak.

        — Pot eginda zaude orduan —esan zuen gizon ilehoriak, sinesgogor eta zorrotz.

        — Erabat pot eginda ez banago berorri zor diot: eta gobernuari, sufrearen krisiaz arduratzen ari baita, egia esan...

        — Hainbeste arduratu ere...; alferrik galtzen ari den diruarekin soldata ordainduko lieke langileei, behar adina eta garaiz, sufretegira jaitsi erazi gabe ere: eta hobe litzateke, beharbada...

        — Beraz, gauzak oker daude. Eta, jakina, denentzat oker: eta ez naiz ni larrutik ordaindu behar duen bakarra, langileek ere beren partea ordaindu behar dute... Eta badira bi aste soldatarik jaso ez dutela...

        — Hiru hilabete —zuzendu zuen besteak irribarrez.

        — Zehazki ez naiz gogoratzen... Eta gero protestaka hasten zaizkit: txistua jotzen nire etxe aurrean, berorren aurrean errepikatuko ez ditudan irainak botatzen; jendilaje hori hiltzeko moduko gauzak... Ba, harengana jo dut, eta badaki berorrek zer esan didan? «Jan al duzu gaur?», eta nik «Bai, jan dut». «Eta zure etxekoak ez daude gose, ez?» berak galdetu berriz. «Eskerrak Jainkoari», diot nik, «ez daude gose». «Eta zure etxe aurrera zalapartaka joan den jende horrek jan al du gaur?». Esatekotan nengoen: «Bost axola niri jan duten ala ez alu horiek», baina gizabidea behar eta «Ez dakit» erantzun dut. «Ba, galdetu beharko zenuke», berak orduan. Eta nik, «Zugana etorri naiz nire etxe aurrean daudelako mehatxuka: emaztea eta alabak mezatara joateko ere ezin dira irten». «Oh», dio berak, «eramango ditugu mezatara: horretarako gaude hemen... Zuk ez diezu ordaintzen langileei eta guk mezatara eramaten ditugu zure emazte eta alabak», halako aurpegiera batez, gainera... zinez diot, eta berorrek badaki zeinen odolberoa naizen, hazkura ekartzen zidan eskuetara...

        — Ai, ai, ai —esan zuen in crescendo gizon ilehoriak, indarkeriaren tentaldia gaitzetsi eta aldi berean zuhur izatea gomendatzen zuen doinu batez.

        — Nerbioak debileta baten sokak bezain tinko dauzkat orain: jadanik ez naiz duela hogeita hamar urteko hura. Baina, zera diot nik; ikusi al da inoiz polizia bat horrela hitz egiten gizon jator bati? Hori komunista da, komunistek baino ez dute horrela hitz egiten.

        — Komunistak bakarrik ez dira, tamalez; gure alderdian ere badira horrela hitz egiten dutenak... Jakingo bazenu zer nolako borroka egin behar izaten dugun egunez egun, orduz ordu...

        — Badakit, baina nik argi daukat: horiek ere komunistak dira.

        — Ez dira komunistak —esan zuen gizon ilehoriak, malenkoniaz bere baitaraturik.

        — Komunistak ez badira, aski izango da Aita Santuak esan beharrekoa esatea, baina argi eta ozen, eta azak eta porruak emango dizkiegu.

        — Ez da hain erraza... Baina utz dezagun hori: gatozen gurera. Nola du izena, zera... komunista horrek?

        — Bellodi, uste dut: C.ko konpainiaren agintea du, hiru hilabete daramatza han, eta dena kakaztu du dagoeneko... Orain kontraten kontuan ari da muturra sartzen; Zarcone commendatore jaunak ere berorrengan jarria du itxaropena. Zera esan dit, «Itxaropena dugu diputatu onorevole jaunak talo jatera bidaliko duela berriz».

        — Nere Zarcone bihotzekoa! —esan zuen diputatuak—; zer moduz dago?

        — Hobeto egon zitekeen —esan zuen gizon beltzaranak, hitz erdika.

        — Hobeto egon eraziko dugu, ba —agindu zuen diputatuak.

        Bellodi kapitainak, C.ko karabinero konpainiaren buruak, S.ko salataria zeukan aurrean: Colasbernaren hilketaz zer pentsatzen zuen jakitearren deitu erazi zuen, ohizko ardurak hartuta; gehienetan, herrian axolazko zerbait gertatzen zenean, salataria bere kabuz azaltzen zen, baina oraingoan deitu egin behar izan zioten. Kondena bat zeukan gizonak: ardi lapurra izan zen gerra amaitu berritan; orain, ordea, jendeak zekiela behintzat, lukurreruen bitartekaria baino ez. Salatariarena, apur bat jaiduraz, apur bat bere ogibidean zigorrik gabe aritzeko pribilegioa ematen ziolakoan egiten zuen; ogibide hori esku armatuaz lapurtzearen aldean, zentzuzko eta zuzentzat baitzeukan, aita familiako baten modukotzat. Bidelapur ibili izanari gazte denborako errakuntza zeritzon; izan ere, lira bateko kapitalik gabe, inoren dirua eskuen artean zebilkiolarik, hiru ume eta emaztea aurrera ateratzea lortzen zuen; eta dirua aurrezten zuen biharkoan denda txiki bat jartzeko; mostradore baten atzean oihalak neurtzen egotea, horixe zen bere bizitza guztiko ametsa. Baina bere ogibide erraz eta onurazkoa gazte denborako errakuntza hari loturik zegoen, kartzelan egon izanari: izan ere, dirua fidatzen ziotenak, gizarteko bakea eta meza kantatuak maite zituzten jaun hutsik gabeak denak, haren prestigio horretaz baliatzen ziren zordunek okerrik egin ez zezaten ordaindu beharrekoak garaiz egiteko eta isilpetik ez ateratzeko. Eta, hain zuzen ere, bitartekariak ondo asko eragiten zuen beldurra zela bide («Jaka Ucciardoneko kartzelan utzi dut» esan ohi zuen txantxetan edo mehatxu moduan: norbait hiltzea aukerakoa balitz bezala hura hartzera itzultzeko; egiatan, ordea, herio izerdia ekartzen zion kartzelaz pentsatzeak), zordunek ehundik ehuneko korrituak ordaintzen zituzten, eta epean gainera; eta ematen ziren luzapen bakanetarako erabiltzen zen gehitze irizpidearekin, konparazio baterako, hartutako maileguaz norbaitek soroa lantzeko behar zuen mandoa erosiz gero, bi urteren buruan mandoa eta soroa kenduko zizkion hartzekodunak.

        Beldurragatik ez balitz, salatariak zoriontsua zela usteko zuen, eta, arima eta ondasunengatik, gizon jatorra. Beldurra zakur amorratuaren modura zegoen haren barruan: uluka, arnaska, adur jaurtika, bat-batean garrasi egiten zion ametsetan; eta hozka egiten zion, hozka erraietan, gibelean, bihotzean. Etengabe erretzen zuten gibeleko hozkada horietaz eta, zakurrak ahoan daraman untxi biziaren antzera, bihotzak ustekabean ematen zion astindu mingarriaz diagnosia egina zuten medikuek, botikak eman zizkioten komoda gaina betetzeko adina: baina medikuek ez zekiten ezer haren beldurraz.

        Kapitainaren aurrean zegoen, txapela eskuetan jira eta bira urduri, zertxobait zeharka antzera eserita hari aurpegira ez begiratzearren; eta bitartean zakurra hozka, orroka eta hozka. Arratsaldea hotz-hotza zen, kapitainaren bulegoan estufa elektriko txiki batek hain bero sotila ematen zuen non hotzago sentiarazten baitzuen espazioa barru handi hartan, altzaririk ez baitzuen ia, eta zoruan antigoaleko baldosa valentziarrak baitzituen, beren esmaltearen koloreagatik (eta hango hotzagatik) izotz itxurakoak; gizona izerditan zegoen, ordea, hil-atorra hotz batek barruan bildua zeukan jadanik, bere gorputzean eskopetak irekia zuen zauri kiskalgarriaren gainean hotz.

        Colasbernaren heriotzaren berri jakin zuen unetik, salatariak prestatua zuen bere gezurra: erasten zuen zehaztasun bakoitzaren ondoren, ukitu bakoitzaren ondoren, pintzelkadaren ondorioa epaitzearren koadrotik urruntzen den pintorearen antzera, esaten zuen

        Ondo, orain ez da ezer falta», baina berriz hurbiltzen zen zerbait erantsi eta ukituak egitera; eta kapitainari kontatzen zion bitartean, erasten eta ukituak ematen jarraitzen zuen, su eta gar. Baina kapitainak bazekien, txosten oso bat baitzuen Calogero Dibella, Parrinieddu deitzen zuten salatariari buruz, gizon hura, herriko mafiaren cosca bien artetik (cosca, azaldu ziotenez, alkatxofaren buru orritsua da), hurbil zegoela, barruan ez bazegoen, Ian publikoekin lotura ziurrak, ez ordea frogagarriak, zituen cosca-tik; bestea, aldiz, gazte eta ausartagoa, tabako amerikarraren kontrabandoan zebilen, itsas herria baitzen S. Aldez aurretik igarria zuen, horregatik, salatariaren gezurra: baina, hala ere, baliagarria zen haren erreakzioak ikustea gezur horretan.

        Eten gabe entzuten zion, eta urduriago jartzen zuen noizean behin oharkabean baiezkoak eginez. Eta bitartean gogoan zerabiltzan Apeninoko zimurretan, lur eta orbel azal mehe baten azpian geratu ziren salatari haiek; gizon miserableak, beldur eta biziozko lokatza: eta, hala ere, beren heriotzazko jokoan ari ziren, bizitza jokatzen zuten, partisau eta faxisten artean, gezurraren aho zorrotzaren gainean. Beren zitalkeriagatik borrokatu beharrean zeuzkan hilbeharra zen bajen gizatasun bakarra; hiltzeko beldurragatik aurre egiten zioten egunero heriotzari: eta heriotzako orduak jotzen zuen azkenik, azkenik heriotza, azken buruko, erabateko heriotza, heriotza bakarra, ez gehiago joko bikoitza, orduroko heriotza bikoitza.

        S.ko salatariak bizitza arriskuan jartzen zuen: cosca batek edo besteak garbituko zuen egunen batean, eskopetazo pare batez edo metraileta parrastada batez (armak erabiltzeko moduan ere aldeak zituzten cosca biek). Baina mafia eta karabineroen artetik, alde bien artean mugitzen baitzen haren patua, leku bakarretik etor zekiokeen heriotza. Honantz aldean ez zegoen heriotzarik, gizon ilehori, bizarra ondo moztutako hau zegoen, dotore bere uniformea jantzita; eseak janez hitz egiten zuen gizon hau, ahotsik altxatzen ez zuena eta inolako mespretxurik adierazten ez ziona; eta legea zen, alabaina, heriotza bezala beldurgarria; ez, salatariarentzat, arrazoitik jaio eta arrazoi den legea, baizik eta gizon baten legea, gizon horren pentsamenduetatik eta umoreetatik, bizarra moztean beharbada egin duen zauritik edo edan duen kale onetik sortzen dena, legearen irrazionaltasun erabatekoa, uneoro agintzen duenak, udaltzainak edo sarjentuak, polizi buruak edo juezak sortutakoa; indarra duenak sortutakoa, azken finean. Legea ezin aldatzeko moduan idatzia zegoenik eta denentzat berdina zenik ez zuen inoiz sinestu salatariak, ezin zuen: aberats eta pobreen artean, jakintsu eta ezjakinen artean, legegizonak zeuden; eta alde bakarrerantz luza zezaketen gizon hauek arbitrioaren besoa, beste aldea babestu eta defenditu behar zuten. Burnisare bat, harresi bat. Eta lapurtu eta kondena bat betea zuen gizona, mafiosoekin zegoena eta lukurreruen bitartekari eta zelatari zebilena, harresian zirrikitu bat bilatzen ari da bakarrik, burnisarean zulo bat. Laster edukiko zuen diru apur bat, eta irekiko zuen denda bat; eta semerik zaharrena apaiztegian zeukan, apaiz egin zedin, edota ordenak hartu aurretik handik irten zedin, apaiza baino hobe legegizon izateko. Harresia gainditurik, legeak ezin zion ordurako beldurrik eragin; eta ederra izango zen harresiaz, burnisareaz bestaldean geratutakoei begiratzea. Horrela, beldurrak zaurituta, geroagoko bere bakea, miseria eta zuzengabekerian oinarritua, amestuz, zertxobait kontsolatzen zen; eta bitarte horretan urtzen ari zen bere heriotzaren beruna.

        Baina Bellodi kapitaina, emiliarra, Parmakoa, errepublikanoa familiaren tradizioz, eta sinestez, antzina armen ofizioa deitzen zen horretan jarduten zen, polizi erakunde batean gainera, iraultza batean parte hartu eta iraultzatik legea sortzen ikusi duen gizon baten fedeaz: eta zerbitzatu eta errespeta erazi egiten zuen askatasuna eta justizia ziurtatzen zituen lege hori, Errepublikaren legea. Eta Errepublikaren legea zerbitzatzea, eta errespeta eraztea, egunetik egunera zailagoa zen: horrexegatik janzten zuen oraindik uniformea, ustekabeko zertzeladetan hartu eta gero; horrexegatik ez zuen uzten zerbitzua, bere patuari lotzeko, hau da, legegizon izateari. Harrituta geratuko zen salataria, jakinez gero bere parean zeukan gizonak, karabinero eta gainera ofizialak, zirujauak bisturia nola ikusi, halaxe ikusten zuela jasoa zuen agintea: kontuz, zehaztasunez, ziurtasunez erabili beharreko lanabes baten antzera; gizon horren ustez legea justizia ideiatik sortzen dela, justiziari lotuta dagoela legetik irtendako ekintza oro. Ofizio zail eta mingotsa, beraz: baina salatariak zoriontsu ikusten zuen, indarraren eta nagusikeriaren zoriona, beste gizonei ezarri ahal zaien sufrikarioa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta biziagoa.

        Saltzaileak dendako mostradore gainean nola zabaltzen dizkien algodoizko oihal zatiak herriko emakumeei, halaxe zabaltzen zuen Parriniedduk bere gezurraren plana: izengoitia, «apaiz txiki» esan nahi zuena, hitz jario handikoa izateagatik eta izerdia bezala zerion hipokresiagatik zeukan; baina trebezia hura pitzatu egiten zitzaion ofizialaren isiltasunaren aurrean, hitzak negar zotin artean edo intzirika irteten zitzaizkion: eta zabaltzen ari zen plana moldegabea, sinesgaitza gertatzen zen.

        — Ez al duzu uste —galdetu zuen halako batean kapitainak, lasai, lagunarteko konfiantza tonu batez—, ez al duzu uste hobe izango dela bestelako loturarik bilatzea? —(eztarri emiliarraren eraginez, hitza zintzilik eta iheskor geratu zen; eta une batez ahaztu erazi zizkion salatariari bere esturak).

        Parriniedduk ez zuen erantzun.

        — Ez al duzu uste beharbada Colasberna interes arrazoiengatik, nolabait esateko, garbitu dutela? Halako proposamen batzuk ez onartzeagatik? Mehatxuak jaso zituen arren, kontrata kontuan har zezakeen guztia hartzen jarraitu zuelako?

        Bulego hartan Bellodi kapitainaren aurretik egondakoek ohitura zuten esandakoaren premisa argiaz edota mehatxu tonuaz salatariari desterrua edo lukurrerian jarduteagatik zigorra begietaratzen zioten galderak egiteko: eta Parriniedduri beldurra ez, baina nolabaiteko ziurtasuna ematen zion horrek; harremana argia zen, poliziek doilorkeriak egitera behartzen zuten: eta berak ez zuen haiek lasaitzeko eta haiekin onezkoak egiteko nahikoa baino egin behar. Baina gizabidez, uste onez hitz egiten dizun batekin bestelakoak dira gauzak. Horregatik, kapitainaren galderari, eskuen eta buruaren mugimendu baldar batez, baietz erantzun zion, bazitekeela.

        — Eta zuk —jarraitu zuen kapitainak tonua aldatu gabe—, ez dakizu norbait interesaturik ba ote dagoen honelako gauzekin? Ez diot horretan lan egiten dutenengatik: lan egin ez, eta laguntzeaz eta babesteaz interesaturik daudenengatik diot... Neretzat aski litzateke duela hilabete batzuk Colasbernari halako proposamen batzuk egin zizkionaren izena jakitea; proposamenak, ea ulertzen dugun, proposamenak besterik ez...

        — Nik ez dakit ezer —esan zuen salatariak; eta kapitainaren gizabideak pizturik, bere espioi joera larratxoria bezala altxatu zen, ozen txiokatu zuen oinazea erregalatzearen poza—, ez dakit ezer: baina itsuan igartzen jarrita, proposamenak, beharbada, Ciccio La Rosak, edo Saro Pizzucok egin dituztela esango nuke... —eta goranzko poz hegaldi hura erorketa zen ordurako, bere izatearen, bere beldurraren erdigunera amiltzen zen harria.

 

 

        — Beste galdera bat Parlamentuan —esan zuen bere eszelentziak«Ea Sizilian arestian izandako odol delitu larrien berririk ba ote dagoen; eta zein neurri hartu behar diren...», eta abar, eta abar... Komunistak, beti bezala. Dirudienez, halako kontratista haren hilketaz ari dira..., nola zuen izena?

        — Colasberna, eszelentzia.

        — Colasberna... Komunista zen, dirudienez.

        — Sozialista, eszelentzia.

        — Beti bereizten dituzu zuk: burugogorra zara, laguna, barkatu esatea. Komunista, sozialista: zein alde dago?

        — Oraingo egoeran...

        — Mesedez, ez esplikaziorik eman: batzuetan neuk ere irakurtzen ditut egunkariak, badakizu?

        — Inoiz ez nuke nik...

        — Ederki... Beraz, galarazi behar badugu gizon hori...

        — Colasberna.

        — ... Colasberna hori ideia komunistaren..., barkatu, sozialistaren martini bihurtzea..., orduan hil duena topatu behar da berehala: berehala diot, ministroak erantzun ahal dezan diru edo adar kontu baten biktima izan zela, eta politikak ez duela zer ikusirik izan hor.

        — Ikerketak bide onetik doaz. Mafiaren delitu bat da, dudarik gabe: baina politikak ez du zerikusirik. Bellodi kapitaina...

        — Nor da Bellodi hori?

        — C.ko konpainiaren agintea du: badira hilabete batzuk Sizilian dagoela.

        — A, bai; Bellodi horretaz hitz egin behar nizun lehendik ere. Hau, nire lagun maitea, mafia nonahi ikusten duen bat da: burua aurreiritziz betea duten iparraldeko horietako bat, transbordadoretik jaitsi eta berehala mafia alde guztietan ikusten duten horietakoa... Eta Colasberna mafiak hil duela esaten badu, jai dugu... Ez dakit irakurri duzun duela aste batzuk kazetari bati deklaratu ziona, halako nekazari horren bahiketaz... nola zuen izena?

        — Mendolía.

        — Mendolía... Ilea lazteko moduko gauzak esan zituen; mafia egon badagoela, erakunde boteretsua dela, dena kontrolatzen duela: ardiak, barazkiak, obra publikoak eta ontzi grekoak... Ontzi grekoen kontu horrek ez dauka preziorik: jendearentzako amua... Baina, aizu, mesedez, seriotasun apur bat... Zuk sinesten al duzu mafian?

        — Ba...

        — Eta zuk?

        — Nik ez dut sinesten.

        — Ederki, ba. Guk biok, siziliarrak izanda, ez dugu sinesten mafian; horrek zerbait esan beharko lizuke, antza denez zuk bai sinesten duzu eta. Baina ulertzen zaitut: zu ez zara siziliarra, eta aurreiritziak nekez galtzen dira. Denbora igaro ahala ulertuko duzu muntaia bat dela dena. Baina bitartean, mesedez, adi egon Bellodi horren ikerketei... Eta zu, mafian sinesten ez duzunez gero, saiatu zaitez zerbait egiten, bidali norbait: zer egin behar den badakiena, Bellodirekin bazterrak nahastuko ez dituena, baizik eta... Ima summis mutare: ulertzen duzu latina? Horaziorena ez; nirea, esan nahi dut.

 

 

        Bost egun baziren Paolo Nicolosi, lanbidez inauslea, B.en jaioa 1920ko abenduaren 14ean, S. herrian, Cavour kaleko 97. zenbakian bizi dena, desagertua zegoela. Laugarren egunean, emaztea, etsiak hartuta, sarjentuagana itzuli zen, eta sarjentua benetan kezkatzen hasi. Txostena Bellodi kapitainaren mahaian zegoen, gorriz azpimarratuta «Cavoiur kaleko 97. zenbakian» bon.. Kapitaina urduri paseatzen ari zen gelan, erretzen: Erregistrotik eta Auzitegitik Paolo Nicolosiri buruzko argitasunak ekarriko zizkiotela espero zuen; aurrekaririk ba ote zuen edo karguren bat ba ote zegoen oraindik haren kontra.

        Cavour kalea eta Garibaldi plazaren arteko kantoitik bota zioten tiroa Colasbernari. Tiro egin eta gero, hiltzailea ez zen plazara sartu, non autobusa baitzegoen, berrogeita hamar lagun inguru zituela barruan, eta kanpoan opil saltzailea, hildakoagandik bi pausutara. Bidezkoa zen Cavour kaletik ihes egingo zuela pentsatzea. Kale hartako laurogeita hamazazpigarren zenbakian Nicolosi bizi zen. Sei t'erdiak ziren: Nicolosi inaustera joatekotan egongo zen, Fondachello aldera txostenak zioenez, ordubete inguruko bidea oinez; beharbada, hiltzailea Cavour kaletik ihesi zebilen bitartean, Nicolosi irteten ari zen etxetik. Hiltzailea ezagutu zuen. Baina auskalo beste zenbatek ikusi ote zuten; hiltzailea ziur egon zitekeen Nicolosi isilik egongo zela, eta opil saltzailea eta besteak ere bai; hori baldin eta hiltzailea ezagutzerik bazegoen, inguruetakoa bazen edo inguruetan ezaguna; eta, jakina, tankera horretako delitu baterako, kanpotik etorritako morroia izango zen: maisu ona da Amerika.

        Irudipenik ez, gomendatu zion komandanteak. Ederki, irudipenik ez. Sizilia osoa irudipenezko dimentsio bat da, eta nola egon daiteke han irudipenik gabe? Ez, bada: gertatutakoa bakarrik. Eta gertatutakoa hauxe zen: halako Colasberna bat hil zuten Palermorako autobusera igotzera zihoala, Garibaldi plazan, goizeko sei t'erdietan; hiltzaileak Cavour kalea eta Garibaldi plazaren arteko kantoitik bota zuen tiroa, eta Cavour kaletik egin zuen ihes. Egun berean, ordu berean, Cavour kalean bertan bizi den halako bat etxetik irteten ari zen, edo irtetera zihoan; iluntzean itzuli behar zuen, beti bezala abemarietan, zioen emazteak, baina itzuli ez; eta horrela bost egun. Fondachelloko etxaldean ez omen dute ikusi; espero zuten egun hartan, baina hura azaldu ez. Desagertua: mando, lanabes eta guzti, bere etxeko atetik Fondachelloko etxaldera bitartean, sei-zazpi kilometroko bidean, arrastorik utzi gabe desagertua.

        Nicolosik aurrekaririk edukiz gero, edo gaizkiletzarekin nola edo halako zerikusia baldin bazuen, orduan ihes eginda zegoela ere pentsa zitekeen; edo hura hil eta arrasto guztiak ezabatuz kontu bat garbitu zutela. Baina aurrekaririk ez bazuen, arrazoirik ez bazuen, pentsatuta ala pentsatu gabe, ihes egiteko, eta gaizkiletzarekin zerikusi zuzena edo zeharkakoa izateagatik kontuak eman edo garbitu beharreko gizona ez bazen, orduan lotuta zeuden, eta irudipenik ez hor, bera desagertu izana eta Colasbernaren hilketa.

        Une hartan kapitainak ez zuen aintzat hartzen Nicolosiren desagerpenean emazteak nolabaiteko zerikusia izan zezakeenik: hau da, maitakeriazko arrazoia, oso baliabide aproposa mafiarentzat eta poliziarentzat, neurri berean. Orkestraren fosoko ustekabeko isiltasunean Hanno ammazzato cumpari Turiddu oihuak operazaleen bizkar hezurra hotzikara batez inarrosi zuenez geroztik, Siziliari dagozkion gaizkiletzari buruzko estatistiketan eta loto jokoaren konbinazioetan, gero eta lotura handiagoa ezarri da adar eta hildakoen artean. Maitakeriazko hilketa azkar asko argitzen da; eta, hortaz, poliziaren aktiboan sartzen da; maitakeriazko hilketagatik gutxi ordaintzen da, eta mafiaren aktiboan sartzen da, beraz. Naturak artearen antzera jokatzen du: agerraldi lirikoetan Mascagniren musikaz eta cumpari Alfloren labanaz hilik, Turiddu Macca Siziliako mapa turistikoak eta autopsia-mahaiak jendez betetzen hasi zen. Baina batzuetan, labanaz zein kainoi motzeko eskopetaz (musikaz berriro ez, zorionez), alderik okerrena cumpari Alfio horiei tokatzen zitzaien; eta une horretan Bellodi kapitainak ez zekien hori aintzat hartzen; eta gaitzespen txiki batez ordaindu beharko zuen arreta falta hori.

        Auzitegitik eta Erregistrotik Paolo Nicolosiri buruzko «ezer ez» bat ekarri zuten D'Antona eta Pitrone brigadierrek: kondenarik ez, haren kontrako kargurik ez. Kapitaina satisfazioz eta ezinegonez geratu zen horrekin: ezinegonez, S.ra azkar abiatu, Nicolosiren emaztearekin, gizon desagertuaren lagunen batekin, sarjentuarekin hitz egiteko; eta Fondachelloko etxaldekoei eta, gero, egokia ote zen neurtu ondoren, salatariak aipatu zizkion La Rosa eta Pizzuco horiei ere galde egiteko.

        Eguerdia zen ordurako. Kotxea prestatzeko agindu eta korrika jaitsi zen, halako kilikadura kantari bat hazten zitzaion barruan, eta kantuan mar-mar ari zen egiatan tabernara jaistean; bi ogitarteko jan zituen eta kafea edan zuen, irakiten; karabinero tabernariak egiten zion kafe berezia, karabinero-tabernaria bezalako napolitar batek nagusi baten oneritzi berezia bereganatzeko erabil zezakeen kafe kopuru bereziaz eta kafea egiteko abildadeaz.

        Eguna hotza zen baina argitsua, paisaia gardena: hauskortasun hozminezko itxura ematen zuten zuhaitz, soro, harkaitzek, haizealdi batek edo kolpe batek kristal doinuz txikitu ahalko balitu bezala. Eta kristalaren antzera ari zen dardarka FIAT 600aren motorreko airea; eta txori beltz handi batzuk hegan, kristalezko labirinto batean bezala, bat-batean jiratuz edo amilduz, edo gorantz beren hegaldia torloju baten modura iltzatuz, horma ikusiezinen artean bezala. Errepidea hutsik zegoen. Atzeko eserlekuan, D'Antona brigadierrak kanoia leihotik aterata zeraman metraileta, hatza katuan. Errepide hartan, hilabete lehenago, S.tik C.ra zihoan autobusa geldiarazi eta bidaiari guztiei lapurtu zieten. Lapurrak, gazte-gazteak denak, San Francescoko kartzelan zeuden jadanik.

        Brigadierrak errepidera begiratzen zuen urduri, gogoan zituela soldata eta gastuak, emaztea eta soldata, telebista eta soldata, ume gaixoak eta soldata. Karabinero gidariak aurreko gauean ikusitako Europa di notte hura zerabilen gogoan, eta Coccinelle, gizona zena, eta nola liteke, eta ikusi nahiko nikek nik gizona ote den; eta gogoeta horren atzean, gogoeta baino areago ikustaldi horren atzean, gordea zegoen, estalia, kapitainak antzeman ez zezan, kuartelean bazkaldu ez izanaren kezka, eta batek jakin S.ko karabineroekin bazkaltzeko tarteren bat edukiko ote zuen; kapitainak, deabrua bera baitzen, antzeman zion, ordea; haiek biek, brigadierrak eta gidariak, S.en zer edo zer jateko moldatu beharko zutela esan zuen; eta damu hartuta zegoen irten aurretik horretaz pentsatu ez zuelako. Karabineroa gorritu egin zen, «Jatorra duk, baina irakurtzen dizkik buruan dauzkadanak» pentsatu zuen, lehenago ere gertatu baitzitzaion beste horrenbeste; ez zela gose esan zuen brigadierrak, eta biharamunera arte gera zitekeela jan gabe.

        S.en, sarjentua, inork abertitu ez zuena, mokadua eztarrian zuela irten zen, ezusteak eta suminak gorriturik; zikiro errea platerean geratu zen, hoztuta ezingo zuen gustura jan, are gutxiago berriro berotuz gero: zikiroa bero jaten baita, oraindik koipea dariola tantaka; eta piper beltz usaina duela. Tira ba, egin dezagun penitentzia, ikus dezagun zer berri dagoen.

        Berririk bazegoen. Sarjentuak baiezko keinua egin zuen; hala ere, Colasbernaren heriotzaren eta Nicolosi desagertu izanaren artean zerikusirik bazegoenik, egiatan ez zegoen guztiz sinestuta. Agindua eman zuen alargunari, Nicolosiren bizpahiru adiskideri eta koinatuari deitzeko; halaxe esan zion karabineroari, «alargunari»; ezen hilik egon, bazegoen, dudarik ez zuen. Nicolosi bezalako gizon lasai bat ez da hain denbora luzean desagertzen, hilik ez badago, argi eta garbi. Bitartean mokadu bat hartzeko proposatu zion kapitainari. Kapitainak ezetz, bazkalduta zegoela jadanik. «Bazkaldu duk, beraz!», pentsatu zuen sarjentuak; eta hotz-hotza izan zen bere arrangura, ordurako zikiro saihetsen inguruko koipea zegoen bezain hotza.

        Polita zen alarguna: gaztaina kolorekoa zuen ilea, beltz-beltzak begiak, aurpegia fin eta barea, nahiz eta ezpainetan irribarre maleziatsu bat ageri hara eta hona. Ez zen lotsatia. Dialekto ulergarri batez hitz egiten zuen, kapitainak ez zuen sarjentuaren interpretari lanen beharrik izan; andreari berari galdetzen zion zenbait hitzen esanahia, eta hark batzuetan italierazko hitza aurkitzea lortzen zuen, edo bestela dialektoz eginiko esaldi batez argitzen zion hitz dialektala. Siziliar asko ezagutu zituen kapitainak partisauen arteko bizitzan eta gero karabineroen artean; eta irakurriak zituen Giovanni Meli, Francesco Lanzaren oharrekin, eta Ignazio Buttita, ondoko orrian itzulpena zuela, Quasimodok egina.

        Egun hartan seiak aldera jaiki zen senarra. Jaikitzen entzun zuen, ilunpetan, bera esnatzerik ez baitzuen nahi; goizero egiten zuen horrela, samur hutsa zen gizona (horrelaxe esan zuen: «zen»; senarraren zorteaz sarjentuaren iritzi berekoa zen, ageri zenez). Baina bera, goizero bezala, esnatu zen; eta goizero bezala «Kafea prest dago, aparadorean; berotu baino ez duzu egin behar» esan eta lo geratu zen berriro, ez erabat lo, ordea, baizik eta deika zuen loguran zintzilik bezala. Sukaldean mugitzen entzuten zuen senarra, gero eskaileretatik jaisten entzun zuen, kaletik ukuiluko atea irekitzen. Senarrak mandoa prestatzeko denbora igaro, bost-hamar minutu, eta loak menderatu zuen berriro; metal soinu batek eten zion, ezen senarra gora itzulia zen tabakoa hartzera eta, ilunpetan, komodin gainean haztamuka ibiltzean lurrera bota zuen zilarrezko Jesusen Bihotz txikia, izeba superiorraren oparia; andrearen partekoa zen izeba, Immacolataren monastegiko superiorra. Emakumea ia esnatuta zegoen, «Zertan zabiltza?» galdetu zuen, «Ezertan ez, egizu lo: tabakoa ahaztu zait» erantzun senarrak. Andreak «Piztu argia», loa galduta zuen eta. Ez zegoela beharrik erantzun zuen senarrak, eta gero galdetu ea entzun ote zituen inguruetan bi tiro, ala bera izan ote zen, oharkabean Jesusen Bihotza lurrera boteaz esnatu zuena; halakoxea baitzen bera, andrea esnatzeagatik egun osoa damuz igarotzeko kapaza; benetan maite zuen.

        — Baina entzun al zenituen bi tiroak?

        — Ez; nik lo arma dut etxeko zaratetarako eta senarraren mugimenduetarako; baina kanpoan Santa Rosalietako suak ere egongo dira, eta ni esnatu ez.

        — Eta gero?

        — Gero, nik piztu nuen argia, nere aldean dagoen lanpara txikia. Ohean eseri eta zer gertatu zen galdetu nion, zer ote ziren bi tiro horiek. Senarrak esan zuen «Ez dakit, baina korrika ikusi dut...».

        — Nor? —galdetu zuen kapitainak, idaztegian emakumearen aldera makurturik bat-bateko zirraragatik. Izuak bat-batean nahastu zuen emakumearen begitartea, itsustu egin zuen une batez. Kapitainak, bizkarra aulkiaren kontra jarrita berriz, atzera galdetu zuen, lasai—, nor?

        — Gogoratzen ez dudan izen bat esan zuen, edo goitizen bat beharbada: ondo pentsatuz gero, igual goitizena izango da.

        Berak iraina esan zuen, eta kapitainak lehen aldiz behar izan zituen sarjentuaren interpretari-argitasunak.

        — Goitizena —esan zuen sarjentuak—, hemen ia denek dute goitizena; eta batzuk benetako irainak bezain mingarriak.

        — Beharbada irain bat zen —esan zuen kapitainak—, baina baita deitura bat ere, irain bat bezain arraroa... Ez zenuen lehendik inoiz entzun zure senarrak esan zuen goitizen edo irain hura?... Ahaleginak egin itzazu gogoratzeko: oso garrantzitsua da.

        — Beharbada lehenago ez nuen inoiz entzun.

        — Ahalegindu zaitez... Eta bitartean esadazu beste zer esan edo egin zuen zure senarrak.

        — Ez zuen beste ezer esan: alde egin zuen.

        Minutu batzuk lehenagotik sinesgabetasunik mehatxagarrienean izoztuta zegoen sarjentuaren aurpegia; emakumeak bat-batean izua azaldu zuenetik, hain zuzen. Huraxe zen, sarjentuaren iritziz, unerik egokiena haren izua areagotzeko; beldurraren beldurrez izen edo goitizen hura esan erazteko: ze, Jainkoa bezain ziertoa, inprimatuta zeukak horrek buruan. Eta, aldiz, kapitaina ohiz baino atseginago jarria zen. «Baina nor uste dik dela, Arsenio Lupin?», pentsatzen zuen sarjentuak, polizia lapurrarekin nahastuta zuela bere aspaldiko irakurle oroitzapenetan.

        — Ahalegindu zaitez irain hura gogoratzen —esan zuen kapitainak—, eta bitartean sarjentuak atsegin handiz prestatuko digu kafe bat.

        «Eta gainera kafea —pentsatu zuen sarjentuak—; ondo zegok errietarik ez egitea, bidezkoa denean; baina gainera kafea...»; esan, ordea, «Bai, jauna» besterik ez zuen esan.

        Kapitaina Siziliaz hasi zen hizketan, ederragoa dela latzagoa, biluziagoa den lekuetan. Eta siziliarrez, bizkorrak direla: arkeologo batek kontatu omen zion nekazariek zer nolako trebeziaz, kemenaz eta kontuz Ian egiten duten aztarnategietan, iparraldeko langile espezializatuek baino hobeto. Eta ez dela egia siziliarrak alferrak direnik. Eta ez dela egia ganorarik ez dutenik.

        Heldu zen kafea, eta Siziliaz eta siziliarrez hizketan segitzen zuen. Emakumeak xurrutaka edan zuen, nolabaiteko dotoreziaz, inausle baten emaztea izanik ere. Siziliako literaturaren panoramaren gainetik hegaldaka, Verga-gandik Il Gattopardo-raino, iritsia zen kapitaina, bere hitzetan, goitizenen, irainen literatur genero edo horretara: sarritan, zorroztasun handiz, hitz batez azaltzen baitzuten izateko era bat. Emakumeak ez zuen askorik ulertzen, sarjentuak ere ez; baina buruak ulertzen ez dituen gauza batzuk bihotzak ulertzen ditu; eta beren siziliar bihotzetan musikaz xuxurlatuta iristen ziren kapitainaren hitzak. «Polita da hizketan entzutea», pentsatzen zuen emakumeak; eta sarjentuak, «Hizketan bazekik, bai: Terracinik baino hobeto», haren ustez berau baitzen, ideiak alde batera utzita noski, hauteskundeetan zerbitzuan egoteagatik entzun behar izaten zituen hizlari guztien artean aurkitu zuen bikainena.

        — Badira irain batzuk halako baten gorputzaren itxura edo akatsak adierazten dituztenak —zioen kapitainak—, eta beste batzuk, aldiz, izaera morala adierazten dutenak; beste batzuk halako gertakari edo pasadizoren bati dagozkio. Eta badira, gainera, familiatik jasotako irainak, familia osoak dituenak eta katastroaren mapetan ere aurkitzen direnak... Baina joan gaitezen banan-banan: lehendabizi, gorputzaren itxura eta akatsak aipatzen dituzten irainak. Arruntenak: «itsua», «hankamotza», «hankaokerra», «ezkerra»... Hauetako baten antzekoa al zen zure senarrak esandako iraina?

        — Ez —esan zuen emakumeak burua mugituz.

        — Itxura: animaliena, zuhaitzena, gauzena... Adibidez, «katua»: begi grisak edo katu itxura ematen dion edozer duen gizonarentzat... Nik ezagutu nuen bat lu chiuppu goitizena zeukana, hau da, «lertxuna», garaia zelako eta halako dardara batek mugitzen zuelako; hala azal_du zidaten... Gauzak: ikustagun pixka bat, halako gauzaren baten itxura salatzen duten goitizenak...

        — Nik «botilaundi» deitzen zuren bat ezagutzen dut —esan zuen sarjentuak—, eta botila handi baten traza dauka benetan.

        — Uzten badidazu —esan zuen Sposito karabineroak, geldi-geldirik egonda gela hartan ia ikusiezin bilakatua zegoenak—, uzten badidazu, baten bat esango dut, zera, gauzen izenak diren irainak: «linterna», begi irtenak dituena, linterna baten modukoak; «madariustela», ez dakit zein gaixotasunek jota dagoena; vircuocu, hau da, «mertxika», ez dakit zergatik, ezer esaten ez duen aurpegia duelako beharbada; «hostiadibina», aurpegia biribila eta zuria duelako, hostia baten antzera...

        Sarjentuak eztul egin zuen, intentzioz egin ere: ez zuen onartzen erlijioarekin nola edo hala zerikusia zuten pertsona edo gauzekin inor txantxetan ibiltzerik. Sposito isildu egin zen.

        Kapitainak galdezko begirada bat zuzendu zion emakumeari. Honek ezetz egin zuen buruaz behin baino gehiagotan. Sarjentua, haren begiek betazal artean bi zirrikitu urtsu ziruditelarik, oldarrean jarri zitzaion begira: eta emakumeak, itsumustuan, izena bat-bateko zotin batean etorri balitzaio bezala, esan zuen: Zicchinetta.

        — «Zecchinetta» —itzuli zuen berehala Spositok— zorte-joko bat: karta siziliarrekin jokatzen da...

        Sarjentuak begi bihurriak jarri zizkion: filologiarako garaia pasea zen, orain izena baitzuten; eta karta jokoarena izan edo paradisuko santu batena, berdin zen (eta haren buruan hain zalaparta handia egin zuten ehizaren seinaleek, bera kilikatuz, non paradisuko santuak karta siziliarrekin hartu baitzuen muturrekoa).

        Kapitainak, aldiz, bihotz hilaldi ilun bat sentitu zuen, bat-batean, bere barrenean: etsialdi, ezintasun sentsazio bat. Izen hura, edo delako irain hura, atera zen azkenik: baina emakumearen begietan sarjentua inkisizioaren, zuzengabekeriaren mehatxu ikaragarri bihurtu zenean bakarrik. Beharbada senarrak esandako momentu beretik gogoratzen zuen emakumeak izen hura, eta ez zen egia, beraz, ahaztua zuela. Edo bat-bateko beldur etsigarriaz bakarrik aurkitu zuen oroimenean. Baina sarjentua egon ezean, haren gorpuzte mehatxagarri hura izan ezean, gizon potolo on huts bat derrepente mehatxu bihurtu gabe, ez ziren iritsiko izen horren ondoriora.

        — Bizarra mozteko denbora eman —esan zuen sarjentuak—, eta jakingo dut delako Zicchinetta hori herrikoa ote den; nire barberuak mundu guztia ezagutzen du.

        — Zoaz —esan zuen kapitainak, nekez; eta sarjentuak «Zer dik honek, ba?» galdetu bere baitan. Eta izan, etsipenarekin batera herrimina zuen: mahai gainera, urrezko hautsez erortzen zen eguzki errainuaren marra, Emiliako errepideetan bizikletan zebiltzan neskatxen murmurioa argitzen zuena, zuhaitzen filigrana zeru zurian; eta etxe handi bat, non hiria nekazal lurren baitan abandonatzen baitzen, goxo-goxoa ilunsentiaren eta oroitzapenaren argitan: «Zure hutsa dagoelarik», esaten zen haren herrialdeko poeta baten hitzez, «arratsaldeko ohitura zaharrean»; hildako anaiagatik idatzi zituen poetak hitz horiek; eta bere buruaz errukiturik, urrun, eta etsipenez, apur bat hilik sentitzen zen Bellodi kapitaina.

        Emakumeak errezeloz begiratzen zion; mahai gainean jotzen zuen eguzki errainu hura haien artean zegoen; eta elkarrengandik banatzen zituen, gizonarentzat irrealtasun zentzua eta emakumearentzat buruhauste, amesgaizto izaera zeukan urruntasun batez.

        — Nolako gizona zen zure senarra? —galdetu zuen kapitainak; eta galdera egitean, hura hilda balego bezala galdetzeak gauza normala zirudiela iruditu zitzaion.

        Emakumeak ez zuen ulertu, galduta baitzegoen bere pentsamenduetan.

        — Jakin nahi dut nolakoa zen izatez, nolako ohiturak zituen, nolako lagunak.

        — Ona zen: lana, etxea. Lan egiten ez zuen egunetan nekazari elkartera joaten zen ordu batzuk pasatzera. Igandeetan zinemara, nirekin. Lagun gutxi zeuzkan, oso pertsona onak: alkatearen anaia, udaltzain bat...

        — Izan al zuen inoiz istilurik, interes arazorik, etsairik?

        — Inoiz ez: mundu guztiak maite zuen, egia esan; ez zen herrikoa, eta hemen kanpokoak beti ondo egoten dira.

        — Bai, bai; ez zen herrikoa. Eta zuk nola ezagutu zenuen?

        — Berak ezagutu ninduen ni, ezkontza batean: nire familiako bat haren herriko emakume batekin ezkontzekotan zen, eta ni nebarekin joan nintzen ezkontzara. Berak ikusi egin ninduen: eta nire senide hura ezkon bidaiatik itzultzean, gure aita ikustera etorri eta ni emaztetzat eskatzeko enkargatu zion. Gure aitak hari buruzko argitasunak bilatu, eta berataz hitz egin zidan. «Mutil ona dun, urrezko lana din», dio berak, eta nik, zer nolako itxura duen ez dakidala, ezagutu nahi dudala lehenago. Igande batean etorri zen, nobio bezala ez, lagun moduan; gutxi hitz egin zuen, denbora guztian niri begira, sorginduta bezala. Sorginduta, esaten zuen nire senide hark, nik sorgindu izan banu bezala; txantxetan, noski. Berarekin ezkontzea deliberatu nuen.

        — Eta maite zenuen?

        — Bai horixe: ezkonduta geunden eta.

        Itzuli zen sarjentua. Barberuareneko kolonia usaina zekarren. «Ezer ez», esan zuen, eta emakumearen atzean jarrita, keinuak egiten zizkion espantuka kapitainari, emakumea bidaltzeko esan nahirik, nobedadeak zeudela, emakumeari buruzko gauza harrigarriak; Zicchinetta-rekin zerikusirik ez, ordea, zioen buru parean zirimolan zebilen esku batek.

        Emakumea despeditu zuten. Arnasestuka, emakumeak maitale bat zeukalako berria irauli zuen sarjentuak: Passerello delako bat, argi konpainiako kobratzailea. Notizia ziurra zen, don Cicciori entzuna, barberuari.

        Kapitainak ez zuen espanturik erakutsi; aldiz, Zicchinetta-z galdetu zuen: hankaz gora jarririk, horrela, delitu baten grinazko zertzeladei, horrelakorik egonez gero, lehentasuna emateko ohitura zaharra.

        — Don Cicciok —esan zuen sarjentuak— ezetz eta ezetz dio, herrian ez dagoela inor horrelako goitizen edo iraina duenik: eta gauza hauetarako don Ciccioren hitza lege da... Eta Nicolosi gizajoak adarrak zituela esaten badu, adarrak zituen, eskua eta lepoa jar litezke. Ondo legoke, beraz, Passerello hori hartu eta estutu on bat ematea...

        — Ez —esan zuen kapitainak—, txango txiki bat egingo dugu, ordea, B.ko zure kolega bisitatzeko.

        — Ederki —esan zuen sarjentuak, zapuzturik baina.

        B.rako bidaia isilik egin zuten, bare-bare zeruko koloreak zimeltzen zituen itsasoaren ondotik. Sarjentua bulegoan topatu zuten, eta haren mahai gainean ageri-agerian Diego Marchica, goitizenez Zicchinetta, duela zenbait hilabete amnistia bati esker kartzelatik irtendakoari buruzko espedientea; eta sarjentuaren mahaian ageri agerian, Marchicak ehiztarien elkartean egiten zuen jokoaz, zecchinetta-z hain zuzen, jasotako isilpekoei buruzko espedientea; diru dezente galtzen zuen, bai eta azkar asko ordaindu ere; ia-ia ezinezko gauza lanik gabeko jornalari batentzat, ezkutuko eta, jakina, legez kanpoko baliabideak izan ezean.

        1917an jaioa, Marchica honek 1935ean hasi zuen bere karrera: sarraila bortxatuz egindako lapurreta; kondenatua. 1938an, maltzurkeriazko sutea: lapurretagatik kondena erazi zuten lekukoei gari-balak erre zitzaizkien larrainean; frogarik ez zegoela eta, aske utzia. 1943ko abuztuan, armaz eginiko lapurreta, gerrako armak legez kanpo edukitzea, gaizkiletzarako elkarketa; amerikarrek epaiturik, aske utzia (ez zen ulertzen zergatik). 1946an, talde armatu bateko kide: karabineroekin izandako tiroketa batean atxilotua; kondenatua. 1951an, hilketa; froga nahikorik ez zegoela eta, aske utzia. 1955ean, hilketa zapuztua, borroka batean; kondenatua. Interesgarria zen 1951an leporatu zioten hilketa: hilketa enkargatua, haren gaizkideek karabineroei eginiko aitorpenen arabera; gero, jakina, aitorpenak elurraren antzera urtu ziren instrukzioan: aitortu zuten biek ubeldurak, azal urratuak eta ankilosia erakutsi zizkieten juezari eta medikuei, karabineroek eginiko torturen ondorioak, alegia. Bitxia zen Marchicak, hitz egin ez zuen bakarra izanik, ubeldurarik bat ere ez erakustea juezari. Brigadier bat eta bi karabinero auzitara eraman zituzten torturaz ateratako aitorpenengatik; baina aske utzi zituzten, horrelakorik ez zutelako egin. Hortaz, aitorpenek borondatez eginak zirela ulertu behar zen, baina kasua ez zen berriro ireki, edo beharbada artean paperak dantzan ari ziren justiziaren labirintoan.

        Oharrek gaizkile oso trebe eta zuhurra, konfidantza osoko morroia irizten zioten Marchica hari, baina jokoan eta ardotan, berehala sumintzeko gauza ere bai, borrokako hilketa zapuztuak erakusten zuen bezala. Espedientean bazegoen Livigni diputatuaren mitin bati buruzko txosten bat ere: bertako mafiaren gainak eta bikainak inguraturik, Alvarez etxeko erdiko balkoian agertu zela, eskubian don Calogero Guicciardo dekanoa, eta ezkerrean Marchica zituela; eta halako batean, bere mintzaldian, hitzez hitz esan zuela: «Mafiosoekin eta, beraz, mafiarekin harremanetan egotea leporatzen didate: baina nik diotsuet oraindik ez dudala lortu mafia zer den eta horrelakorik ba ote den ulertzea; eta katolikoa eta hiritarra naizen aldetik, zin egiten dizuet nire bizitza guztian ez dudala mafiosorik ezagutu»; horren aurrean, galdera bat atera zen argi eta garbi La Lumia kaletik, plaza bazterretik, komunistak han biltzen baitziren beren aurkakoek mitinak egiten zituztenean: «Eta berorrekin daudenak zer dira, ba, apaizgaiak?», eta barre algara bat zirimolan barreiatu zen jende artean, diputatua, galdera entzun izan ez balu bezala, nekazaritza suspertzeko bere programa azaltzeari lotzen zitzaion bitartean.

        Marchicari buruzko paperen artean, txosten honek, hura atxilotua izanez gero beharbada gozatuko lukeen babesaz ohar erazten zuen. B.ko sarjentuak bazekien bere lanaren berri.

 

 

        — Mugimendua dago —esan zuen zaharrak—, gustatzen ez zaidan mugimendu bat dago; zer edo zer egosten ari dira poliziak.

        — Haizea, ordea —esan zuen gazteak.

        — Ez dezazula uste poliziak ergelak direnik denak; badira zu bezalako bati zapatak oinetatik kentzeko gauza direnak; eta zu konturatu gabe ibiliko zara oinutsik... Hogeita hamabostean, gogoan daukat, bazen hemen ehiza txakurraren sudurra zeukan brigadier bat, txakur aurpegia ere bazeukan hark. Zer edo zer gertatzen zen, hura arrastoen atzetik jarri, eta titia kendu berritako erbia harrapatzen den bezala harrapatuko zintuen. A ze sudurra zeukan, putaku...; polizia jaio zen, beste batzuk apaiz edo adardun jaiotzen diren bezalaxe. Ez dezazula uste inor adarduna denik emazteak adarrak jartzen dizkiolako, edo inor apaiz egiten denik halako batean Jainkoaren deia etorri zaiolako: horretarako jaio egiten da. Eta inor ez da polizia egiten halako batean bizimodua atera behar duelako, edo alistatzeko bando bat irakurri duelako: polizia, jaio delako egiten da polizia. Egiazko poliziak direnei buruz ari naiz; batzuk badira, gizajoak, benetako ogi pusketak direnak; horiei nik ez diet polizia deitzen. Gerra garaian hemen zegoen sarjentu hura bezalako jaun bat, nola zuen izena?; amerikarrekin ondo konpontzen zen hura: hari polizia deituko diozu? Faboreak egiten zituen eta; baita guk hari ere, pasta-kaxak eta olio-botilak. Jaun bat. Ez zen polizia jaio, ez horixe; baina ergela ere ez zen... Kapela azpian sugarra V.E. horrekin daramatenei deitzen diegu guk polizia.

        — Zeramatenei, esan nahi duzu.

        — Zeramatenei, bai; beti ahaztu egiten zait erregerik ez dagoela orain... Baina haien artean badira ergelak, badira jaunak eta badira benetako poliziak, jaiotzez polizia direnak. Eta apaizak ere, beste horrenbeste: apaiz deituko diozu aita Frazzori? Aita familiako ona dela, horixe da berataz esan daitekeen onena. Aita Spina, ordea: hori bai apaiz jaiotakoa!

        — Eta adardunak?

        — Oraintxe noa adardunekin. Norbaitek etxean engainatzen dutela konturatu eta txikizio bat egiten du: hura ez da jaiotzez adarduna. Aldiz, ezer gertatuko ez balitz bezala egiten badu, edo etsiturik onartzen baditu adarrak, orduan jaiotzez da adarduna... Orain esango dizut nolakoa den jaiotzez polizia dena. Herri batera dator; zu harengana hurbiltzen hasten zara, kortesiak egiten, itxurak egiten; beharbada, ezkonduta baldin badago, emaztea eramango duzu bereari bisita egitera, emazteak elkarren adiskide egin, zuek ere bai, jendeak zuek denok elkarrekin ikusi eta usteko du sekulako adiskide minak zaretela. Eta zuk amets egiten duzu berak pertsona zintzo moduan ikusten zaituela, bihotz onekoa eta adiskide leiala; eta, aldiz, harentzat, bulegoan dituen paperek diotena zara beti. Eta isunen bat izan baduzu, harentzat beti izango zara isuna izan duen norbait, baita egongelan kafea edaten ari zaretenean ere. Eta debekaturik dagoen zerbait egitea bururatzen bazaizu, huskeria bat, bera eta biok bakarrik zaudetela eta Jainkoak ere ikusi gabe, isuna jarriko dizu, ez bat eta ez bi. Pentsa, orduan, zerbait potoloagoa egiten baduzu! Hogeita zazpian, akordatzen naiz, bazen hemen sarjentu bat gure etxean sarrera handia zeukana, esaten den bezala: egunik bat ere ez zen pasatzen emaztea eta seme-alabak gurera etorri gabe, eta adiskide-adiskideak ginen, haren seme txikienak, hiru urteko mutiko batek, nire emazteari izeba esaten zion eta. Egun batean han non ikusten dudan etxera datorrela atxilotzeko agindu batekin. Bere eginbeharrekoa zen, badakit: garai txarrak ziren haiek, Mori zegoen... Baina, nola tratatu ninduen! Sekulan elkar ikusi gabeak, ezezagunak bagina bezala... Eta emaztea ere, nola tratatu zuen koartelera joan zenean zerbait jakin nahian: txakur amorratuaren antzera...! Cu si mitti cu li sbirri ci appizza lu vinu e li sicarri, zuzen dio esaera zaharrak: eta sarjentu harekin nik ardoa eta puruak ederki galdu ditut, ze hark parra-parra edaten zuen nere ardoa eta erretzen nere zigarroak.

        — Hogeita zazpian —esan zuen gazteak— faxismoa zegoen, gauzak desberdinak ziren: Mussolinik aukeratzen zituen diputatuak eta herrietako agintariak, burura zetorkion guztia egiten zuen. Orain herriak aukeratzen ditu diputatuak eta alkateak...

        — Herria —irri egin zuen zaharrak—, hernia... Herria adarduna zen orduan, eta adarduna da orain ere; alde bat dago: faxismoak bandera bat lotzen zuen herriaren adarretan, eta demokraziak, aldiz, norberak bere kabuz lotu dezan uzten du, nork bere adarretan eta bakoitzak nahi duen kolorekoa... Lehengo kontuarekin gaude: adardun ez dira halako gizaseme batzuk bakarrik, herri osoak ere badira; antzinatik adardunak, belaunaldiz belaunaldi...

        — Ni ez naiz adardun sentitzen —esan zuen gazteak.

        — Ezta ni ere. Baina gu, motel, besteen adarren gainetik ibiltzen gara: dantzan bezala... —eta zaharra altxatu egin zen, dantza pausu txiki batzuk entseatzera; eta adar gainean, punta batetik bestera dabilenaren oreka eta erritmoa itxuratu nahi zituen.

        Gazteak barre egin zuen: atsegina zen hari hizketan entzutea. Batzuetan bazirudien gaztaroan ospea eman zion indarkeria hotz zuhurra, arrisku neurtua, buru eta esku bizkorrak, alegia, bera inguratzen zuten begirunea eta beldurra erakarri zizkioten ezaugarri guztiak beragandik urruntzen zirela, itsasoa ertzetik urruntzen den bezala, urteen harean jakintzaren maskor hutsak utzirik. «Filosofo bihurtzen da noizean —behin», pentsatzen zuen gazteak: filosofiatzat hartuz halako ispilu joko bat, non oroimen zabalak eta etorkizun laburrak gogoetazko oskorri-argi bat eta errealitatearen irudi bihurri eta lausoak bidaltzen baitizkiote elkarri. Baina behialako gizon gogor eta errukigabea ere agertzen zen batzuetan; eta, harrigarria zen, munduko gauzei buruzko bere iritzirik gogor eta zuzenena berreskuratzen zuenean, «adar» eta «adardun» hitzak barra-barra azaltzen ziren haren esaldietan, esanahi eta ñabardura ezberdinez, baina mespretxua adierazteko beti.

        — Herria, demokrazia —esan zuen zaharrak berriz eseri bitartean, arnasa zertxobait estuturik jendearen adar gainean ibiltzen bazekiela erakutsi ondoren—, asmazio politak dira horiek: hitzak bata bestearen ipurdian jartzen eta hitz guztiak gizateriaren ipurtzulotik sartzen dakien jendeak mahai baten inguruan asmatutako gauzak, errespetuz esanda... Gizateriaganako errespetuz, esan nahi dut... Gizateria!, adar baso bat, Ficuzzako basoa baino adartsuagoa, benetako basoa zenean. Eta badakizu nori atsegin zaion adar gainetik paseatzea? Lehendabizi, ondo gogoratu, apaizei; gero, politikoei, eta zenbat eta gehiago esan herriarekin daudela, herriaren onura nahi dutela, orduan eta gogorrago zapaltzen dituzte adarrak; eta azkenik, zu eta ni bezalakoei... Egia da oina zulo batean sartu eta bertan geratzeko arriskua badela, bai niretzat, bai apaiz eta politikoentzat; baina, baita barrenak urratzen badizkidate ere, adarrak adar dira beti; eta buruan dituena, adarduna... A ze satisfazioa, Jainko maitea, a ze satisfazioa: nireak egin du, hiltzera noa, baina zuek adardun batzuk zarete... Eta, hortaz ari naizela: Parrinieddu kabroi horrek susmo txarra ematen dit, hainbeste polizia mugitze horren atzean haren eskuak egon behar du derrigorrez... Atzo, topatu ninduenean, aurpegiko koloreak mudatu zitzaizkion: ez ikusiarena egin, eta ospa berehala... Nik diodana: zelatariarena egiten utzi diat bizimodua nondik edo handik atera behar dualako, bazekiat; baina zuhur jokatu behar duk, ez duk eliza santuaren kontra zertan jo behar —eta «eliza santu» horrekin bera, ukitu ezinezkoa, eta berak gorpuzten eta gordetzen zuen laguntasun korapilo sakratua esan nahi zuen.

        Eta Parriniedduri berriz zuzendurik, parean baleuka bezala, solemnitate izoztu batez esan zuen: «... eta Eliza santuaren kontra jotzen baduk, motel, zer egingo diat nik?; ezer ez, bakarrik esango diat hilda hagoela lagunen bihotzean».

        Isilik egon ziren une batez, ia-ia requiem bat errezatu zioten beren bihotzean hilda zegoen gizonari. Gero, zaharrak esan zuen: «Nik egun batzuetarako kanpora bidaliko nuke Diego, olgatzera; uste dut arreba bat duela Genovan...».

 

 

        Diego Marchica gaueko bederatzietan atxilotu zuten ehiztarien elkartean. B.ko sarjentuak, bidaia batean bi zerbitzu egin nahi zituenak, bat bakarrik egin ahal izan zuen: jokalariak zecchinetta-ren erdi-erdian harrapatu eta Diego atxilotu nahi zituen; baina jokalariak, Diego barne, briska kaltegabe batean sartuta zeuden, norbait, jakina, zaintzen egon eta ikusi zituelako poliziak hurbiltzen. Baina Diego, briska izan ala ez, lehenik suminduta eta gero otzan, koartelera eraman zuten jendearen marmarren artean. Marmar horiek harridura eta erruki adierazpen moduan («Zer egin du baina?; inoren kontuan ez zen sartzen eta!, ez zuen inor molestatzen!») iristen ziren Diegoren eta karabineroen belarrietara, baina isilka-isilka, xuxurlatuta ia. geratzen zitzaion bizitza osoa Diegok aberriko kartzeletan eman zezala opa zioten, ia aho batez.

        B.en Diego atxilotzen zuten bitartean, S.en Parrinieddu «cabala del lotto»-k akabatu behar dutenari egokitzen dion zenbakia izatera iritsia zen: huraxe zen bizirik irauteko, arima hilezkorra alde batera utzirik, patuak ezartzen zion modu bakarra.

        Ametsetan, noizean behin, inoiz amaitzen ez diren basoak, altuak eta argia eragozteko bezain adartsuak eta sasia bezain tematiak zeharkatzen diren bezala, halaxe zeharkatu zituen Calogero Dibella, goitizenez Parriniedduk bere bizitzako azken hogeita lau orduak. Salatariarena egiten zuenetik lehen aldiz eman zien karabineroei tiratzeko hari bat, hartatik tira egiten asmatuz gero haren izatea bera bilbaturik zeukan adiskidetasun eta interes ehundura oso bat zirpil zitekeelarik, ondo asmatuz gero. Gehienetan laguntasun eta interes bilbe horretatik kanpoko pertsonei zegozkien haren isilpeko esanak: gauean zineman lapurreta bat ikusi eta biharamunean autobus bat geldiaraztera zihoazen gaztetxo burubero batzuei. Halamoduko gaizkileak, beraz, bakarka dabiltzanak, babesik gabe. Baina oraingoan bestela zen: egia zen bi izen eman zituela, eta haietako bat jokoan zerikusirik bat ere ez zuen La Rosa harena; bestea, ordea, izen segurua zen, hari zuzena. Eta esan zuenez geroztik ez zuen bakerik izan: bere gorputza ikaraz bustitako esponja bat zen, eta baita gibeleko erresuminak eta bihotzaren astindu mingarriak ere itzalita ziruditen.

        Pizzuco, Gulino kafetegian amaro bat hartzera gonbidatu nahi ziona, lehenago beste hainbat aldiz egin bezala, hitzik gabe geratu zen Parriniedduk uko egin, eta itsumustuan alde egin zuelako, ihesean bezala; eta horretaz pentsatzen pasa zuen egun guztia, oso buru argia ez zeukan eta. Parriniedduk, ordea, heriotzazko esanahiak topatu zizkion egun osoan amaro eskaintze horri, traizio mingotsa, heriotza mingotsa, guztiz ahaztuz amaro-agatik Pizzucok zeukan eritasun ezaguna, zirrosia medikuaren esanetan; amaro Sizialiakoa, jakina, Averna anaien markakoa, Pizzucoren baitan bizirik zirauen fede separatistaren oinarria; EVISeko borrokalari izan zen, berak hala zioen; Giulianoren ezkutatzaile baino ez, poliziaren arabera.

        Beste asko ere ohartu ziren Parrinieddu ezinegonean eta urduri zebilela, zakur bat orpoz orpo sentitzen duenaren antzera: eta askoz gehiago ohartu ziren Parriniedduri ikara eta ihes egin nahia eragiten zizkiotenak. Eta, gero, beldur gehien eragiten zion gizona topatu behar, bulego baten hormen artean isilpean esandakoa jakiteko edo igartzeko gauza zen gizona. Ez ikusiarena egin zuen, kantoitik desagertu zen azkar asko; baina hark ikusi zuen bera, jarraitu egin zion betazal astunen pean itzalita zirudien bere begirada harekin.

        Elkar topatu zutenetik, salatariaren azken hogeita lau orduak latz eta herioan igaro ziren. Ihes egiteko irrika, ihesa ezinezkoa zela jakin arren, eta bere burua hilik erakusten zion irudia txandan-txandan zebilzkion barruan. Ihesa trenaren txistu luzea zen, trenaren ibilbidean zabaltzen ziren lurrak, geldiro, leihoetan emakumeak eta lore biziak, igarotzen ziren herriak; eta gero ustekabeko tunel bat, trenaren erritmora neurturiko heriotza-hitzak, bere gainean ixten ziren heriotzaren ur beltzak.

        Ohartu gabe berak ireki zuen bere hilobia urdureziaz, pausu okerrez, bihotz-ikara eta izu nabarmenez beteriko hiru egunetan. Orain bera akabatuko zuten laster, «Txakurra akabatzen den bezala», pentsatzen zuen: baina heriotza etorri, berak egin zuen zitalkeriagatik etorriko zitzaiola uste zuen, haren berri bazekitelako edo susmatzen zutelako, eta ez, ordea, beldurra erotasunez lehertuz, eginiko saldukeriaren irudia berez eman zuelako. Oharkabean ihes egin zioten bi izenak Bellodi kapitainaren oroimenean zeuden bakarrik; eta honek, esku artean beste hildakorik eduki nahi ez zuelarik, salataria babesteko asmo sendoa zuen: baina Parriniedduk, antsiak janda zituela jadanik nerbioak, lasto haizatua bezala ikusten zuen bere salaketa batetik bestera airean. Eta galdurik egonda, bere azken eguna izango zenaren goizaldean, aire postako orri fin batean bi izen idatzi zizkion kapitainari, eta ondoren «Hilda nago», eta, gutun bat amaitzeko bezala, «Goraintziak Calogero Dibellaren partez». Gutuna buzoian uztera joan zen, artean herriko kaleak hutsik zeudelarik; eta egun osoa eman zuen kalean batetik bestera ibili eta arrapaladan etxeratu, hamar aldiz etxean giltzapetzeko, eta beste horrenbestetan hil zezaten uzteko prest, harik eta, ezkutatzeko azken erabakia hartua zuenean, etxeko atean pistola tiro doi pare batek harrapatu zuen arte.

        Haren gutuna hilketaren berri jakin ondoren irakurri zuen kapitainak. B.eko sarjentuari Marchica atxilotzeko agindua emanda, C.era itzuli zen Bellodi kapitaina, bere egoitzara zuzenean, neke-neke eginda baitzegoen. Dibellaren heriotzaren berri eman ziotenean, bulegora jaitsi zen; eta arratsaldeko postan aurkitu zuen haren gutuna. Bihotzondoko sakon bat eragin zion.

        Azken salaketa bat eginik irteten zen gizon hura munduaren agertokitik: sekulan egin zuen salaketarik zehatzena eta bazterrak gehien astinduko zituena. Bi izen orriaren erdian, eta azpian, bazterrean ia, mezu etsitua, «goraintziak» eta izenpea. Ez zen, ordea, salaketaren norainokoa kapitaina hunkitzen zuena, salaketa hura eragin zuten etsipena eta herioa baizik. «Goraintzi» haiek anai errukiz eta atsekabe mingarri batez hunkitzen zuten: itxura jadanik sailkatu, eta zehaztu, eta baztertuekin, bat-batean giza bihotza, tragiko eta biluzik, aurkitzen duenaren errukiaz eta atsekabeaz. Haren heriotzaz, haren azken fineko agurraz, salataria konfiantza gizatiarrago batez hurbildu zen: konfiantza desatsegina oraindik, gogaikarria, baina, hala ere, errukizko eta erlijiozko erantzun bat topatzen zuena hura jasotzen zuen gizonaren gogo-bihotzetan.

        Aldarte horretatik sumindura irten zen, bat-batean. Legeak eraginda, mugitzeko zeuzkan muga estuak sentitzen zituen kapitainak; bere subofizialen antzera, aparteko botere bat irrikatu zuen, jarduteko aparteko askatasuna: bere sarjentuei beti gaitzetsia zien irrika. Eskubide konstituzionalen aparteko indargabetzea ezarri Sizilian, zenbait hilabetez, eta gaitza betirako aterako zen bere errotik. Baina Moriren errepresioak etorri zitzaizkion gogora, faxismoa, eta bere ideien, bere sentimenduen neurria hartu zuen berriz. Baina bere hartan zirauen iparraldeko gizonaren sumindurak, Sizilia osoa harturik: Italian bera bakarrik izan baitzen, diktadura faxistarekin askatasuna, bizitzaren eta ondasunen segurtasunean dagoen askatasuna izan zuen herrialdea. Siziliarrek ez zekiten, ez eta jakin nahi ere, beste zenbat askatasun kostatu ote zitzaien beren askatasun hura; auzitegietako epaiketa handietan, salatuen aulkian ikusi zituzten gaizkiletzara emanak zeuden edota haren babesle ziren don eta osaba guztiak, hauteskundeetako jauntxoak eta Koroaren commendatore-ak, mediku eta abokatuak; auzi-maisu ahul eta ustelak beren karguetatik kendu zituzten, funtzionario esanekoak lekuz aldatu. Nekazariarentzat, jabe xumearentzat, artzainarentzat, sufregilearentzat askatasun hizkuntza horretaz hitz egiten zuen diktadurak. «Beharbada arrazoi honetxegatik dago honenbeste faxista Sizilian —pentsatzen zuen kapitainak—; kontua ez da haiek pailazokeria bat bezala ikusi zutela faxismoa, eta guk, irailaren zortziaz geroztik, tragedia baten antzera pairatu genuela, ez da hori bakarrik; kontua da haien egoeran aski zutela askatasun bakar bat, eta besteekin ez zekitela zer egin». Baina hura ere ez zen buru hotzez eginiko iritzia.

        Noiz argiak, noiz zekienaren akatsagatik nahasiak, gogoeta hauek harilkatzen zihoan jadanik S.ra bidean, faroen izotzezko argiek askoz mugagabe eta misteriotsuago, arbel dizdizarien eta agerkunde gorien kobazulo azkengabe bihurtzen zuten gauean.

        Egun latza izan zuen S.eko sarjentuak, eta gau okerrago baten ibia igaro beharko zuen oraindik: isilik eta zelatan, loaren urek murgiltzen zuten noizbehinka. Marchica ekarri zuen berarekin ondoko herritik; lasai agertzen zen hura, egia esan, eta erdi lotan ere bai, amaren titiari gogor heldutako kumearen antzera; lasai sartu zen, baita ere, kalabozura, eta atea berriz itxi aurretik etzan zen ohe gainera hezur zaku bat bailitzan.

        Eta Marchica aski izan ez, eta han non sarjentuak hildakoa topatu zuen eguneko azken ustekabean. Nahikoa zen hori gizonik lasaiena ere bere senetik ateratzeko; baina sarjentuak, gosearen makalaldia eta nekea nahasturik, logura baino ez zeukan. Eta justu kafe bat hartzera ihes egin zuenean, une hartantxe iritsia zen kapitainaren ahotsak gerarazi zuen tabernaren ataurrean; alegia, izar txarrez jaioa zen, nagusiekiko harremanetarako behintzat. Baina kapitaina haren ondoraino iritsi eta berak ere kafea hartu zuen, bai eta ordaindu nahi ere, nahiz eta tabernariak esan tabernarentzat, inpertsonalki, atsegin handia zela kafe bana eskaintzea kapitain jaunari eta sarjentu jaunari: sarjentuaren umore txarra garagardo pitxerraren antzera aparretan jarriz esan ere, «Honek uste dik taberna honetan debalde edatera natorrela» pentsatzen baitzuen. Kapitainak, ordea, oso bestelako gogoetak zebilzkien buruan.

        Parriniedduren gorputza galtzadako adokinen gainean zetzan artean, oihal urdintsu batez estalita; guardiako karabineroek oihala altxatu zuten: jaio aurreko ametsean bezala kuzkurtuta zegoen gorputza, heriotzaren emasabel ilunean. «Hilda nago» idatzi zuen, eta hor zegoen hilda, etxe atarian ia; leiho itxietatik emaztearen oinazearen garrasia, bera kontsolatzera korrika iritsitako auzoko emakumeen marmarra zetozen. Kapitainak une batez begiratu zuen eta keinu bat egin zuen berriz estal zezaten; beti aztoratzen zen hildakoak ikustean, eta orain areago. Kuartelerantz abiatu zen, eta sarjentua bere atzetik.

        Hauxe zen bere plana: azkar atxilotu bere azken isilpekoan Parriniedduk esandako biak, jadanik taxuz asmatuak zituen modu eta baldintzetan itaundu, bakoitza bere aldetik eta ia aldi berean; bi haiek, eta ordurako itzalean zegoen hirugarrena. Sarjentuari erraza iruditu zitzaion Rosario Pizzuco atxilotzea, hau da, iskanbila gehiegirik ez zela egongo ondorioz; baina bigarren izena zela eta, idazteko kemena hilda zegoelarik bakarrik —berak bere buruagatik zioen bezala— bildu baitzuen salatariak, nahaste mordo bat azaldu zitzaion ikuspen batean, gomazko pilota baten antzera eskailera maila batetik bestera erori eta azkenik bere aurpegian, Arturo Ferlisi sarjentu nagusi, S.ko kuarteleko buru —luzarorako ez, ordea, gauzak nola jartzen ari ziren ikusita— zegoenaren aurpegian bote eginik. Ikara bizian, errespetuz ondorioak jakinarazi zizkion kapitainari. Kapitainak neurtuak zituen ordurako. Ez zegoen ezer egiterik: nagusiak nahi zuen tokian lotu behar zen astoa. Eta astoa kristaldegi baten erdian lotzen ari zela iruditzen zitzaion Ferlisi sarjentuari, eta beti gogoratzeko modukoa izango zen ostikadaren ondorioa.

 

 

        — Ez dut ulertzen, ez dut ulertzen benetan: don Mariano Arena bezalako gizon bat, jaun bat; etxekoi eta elizkoia burutik orpoetaraino; eta edadekoa, gizajoa, hainbeste aje, hainbeste gurutze jasandakoa... Eta kriminal bat bezala preso hartu, hainbat eta hainbat kriminal, utzidazu esaten, gure begien aurrean, edo hobe esanda, zuen begien aurrean eder begira bizi diren bitartean; badakit zenbat saiatzen zaren, eta biziki estimatzen dut zure lana, merezi adina estimatzea niri ez badagokit ere...

        — Eskerrik asko; ahal duguna egiten dugu, denok.

        — Ez, ba; utzidazu esaten... Gauez ohorezko etxe batera joan, ohorezkoa bai, eta kristau gizagaixo bat, zaharra eta gaixorik dagoena gainera, ohetik atera eta kriminal baten moduan kartzelara eramatea, familia osoa izututa eta larriturik utzirik, ba ez, hori ez da gauza, ez dut esango gizabidezkoa, baizik eta, utzidazu esaten, bidezkoa...

        — Baina susmo sendoak badira...

        — Nola sendoak?, eta zergatik? Halako batek burua galdu eta paper bat bidaltzen dizu nire izena bertan idatzita, eta zu, hona etorri, gauaren erdi-erdian, eta kartzelara eramango nauzue, zaharra naizen arren, eta besterik gabe gainera eraman, iraganean gizaseme jatorra izanari batere begirunerik azaldu gabe.

        — Egia esan, Arenaren iraganean badago trapu zikinen bat edo...

        — Trapu zikinen bat?... Ene laguna, utzidazu esaten, siziliarra eta gizona naizen aldetik, naizenagatik zure konfiantza apur bat merezi badut: Mori ospetsuak negarrak eta odola aterarazi zituen hemen... Faxismoaren gauzetatik, Jainkoarren, ukitu behar ez diren horietako bat izan zen; eta, begira, ni ez naiz faxismoaren kontrako bat, egunkari batzuek Taxista ere esaten didate eta... Akaso ez al zegoen ezer onik faxismoan? Bazegoen, bai, eta ez gutxi... Askatasuna deitzen duten iskanbila hau, lokatz eskukada horiek, jantzirik garbienak, sentimendurik garbienak zikintzera doazenak airetik... Baina, utzi dezagun... Mori, esaten nizun bezala, Jainkoaren zigorra izan zen hemen: pasa eta, hemen esan ohi den bezala, helduak eta heldugabeak harrapatzen zituen; nahastuta zeudenak eta ez zeudenak, jaunak eta arloteak; berak eta zelatan ibiltzeko zeukanak nahi zuten bezala... Sufrikario bat izan zen, ene laguna, Sizilia osoarentzat... Eta, orain, trapu zikinak direla eta ez direla zatoz nigana. Ze trapu, ordea? Don Mariano Arena ezagutu bazenu, nik ezagutzen dudan bezala, ez zenuke hitz egingo inongo trapu zaharrez; gizon bat zen, utzidazu esaten, gutxi bezalakoa; eta ez diot bere fedearen zintzotasunagatik, beharbada zuri ez zaizu interesatzen eta, zuzen ala oker ote den hori ez dut pentsatu nahi, baizik eta bere prestutasunagatik, lagun hurkoaganako maitasunagatik, bere jakinduriagatik... Gizon bat aparta, benetan diotsut; are gehiago, pentsatzen baduzu eskolarik eta kulturarik ez duela... Baina zuk badakizu kulturak baino askoz gehiago balio duela bihotzaren garbitasunak... Eta halako gizon bat preso hartzea, kriminal baten moduan, horrek, utzidazu beti bezain zintzo esaten, horrek Moriren garaiak ekartzen dizkit gogora, bai horixe...

        — Baina jendearen esanetan Arena mafiako capo bat da.

        —Jendearen esanetan?... Baina, zer da jendearen esana? Haizeak darabilen ahots bat da hori, haizearen ahots bat, eta gezurrak, gaizki esanak, mendeku zitalak daramatza berarekin... Eta, gainera, zer da mafia?... Ahots bat hori ere, horixe da mafia: badela denek diote, non den inork ez daki, ordea... Ahotsa, hemendik hara dabilen ahotsa; eta buru ahuletan burrunba egiten duena, utzidazu esaten... Badakizu zer esaten zuen Vittorio Emanuele Orlandok? Bere hitzak aipatuko dizkizut, zure pentsatzeko modutik urrun egonda ere, guk esanda itzal gehiago hartzen dutelako, utzidazu esaten. Berak zioen...

        — Baina mafiarik egon badago, nik egiaztatu ahal izan ditudan halako agerpen batzuetan behintzat.

        —Mina ematen didazu, ene seme, mina: siziliarra naizen aldetik, eta, nire iritziz, gizon zentzuzkoa naizen aldetik, horixe deritzot neure buruari behintzat, mina ematen didazu... Nik, merezi gabe, errepresentatzen dudanak ez du zerikusirik, noski... Baina ni siziliarra izanda, eta neure iritziz gizon zentzuzkoa, errebelatu egiten naiz Siziliari egiten zaion irain honen kontra. Kontutan hartu arrazoia niretzat, jakina, minuskulaz idazten dela, beti... Esadazu posible ote den pentsatzea badela hain zabal eta antolatua, hain sekretua den kriminal elkarte bat, Sizilia erdia ez ezik Amerikako Estatu Batuak ere menderatzeko bezain ahaltsua: eta buruzagia hemen duena, Sizilian; buruzagi bat, kazetariek bisitatu eta, gizajoa, hitzik beltzenaz aurkezten dutena gero... Ezagutzen al duzu zuk? Nik bai: gizon jatorra, aita familiako paregabea, langile porrokatua. Eta aberastu da, horixe aberastu dela, baina lanarekin. Eta gorabeherak izan zituen, berak ere, Morirekin... Itzal handiko gizonak dira: beren kualitateengatik, beren ganoragatik, komunikatzeko eta berehala lagun arteko hartu-emanak sortzeko duten gaitasunagatik; eta zuk jendearen esana deitzen duzun hori, gezurraren haize hori, berehala harrotzen da «Horra hor mafiako capo-ak...» esateko. Eta bada gauza bat zuk ez dakizuna: gizon horiek, jendearen esanek mafiako buruzagitzat jotzen dituen horiek badute kualitate bat nik gizon guztiengan topatu nahiko nukeena, eta aski litzatekeena edozein gizon Jainkoaren aurrean salbatzeko: justiziaren zentzua...

        Berezkoa eta jatorrizkoa: dohain bat... Eta justiziaren zentzu horrexek egiten ditu errespetagarri.

        — Hortxe dago koska: justiziaren administrazioa Estatuaren eginkizuna da, eta ezin da onartu zera...

        — Justiziaren zentzuaz ari naiz, ez justiziaren administrazioaz... Eta gainera, hauxe diotsut: guk biok lur puska bategatik borroka egiten badugu, herentzia bategatik edo zor bategatik, eta halako bat baldin badator gu ados jartzera, auzia erabakitzera... halako hori justizia egitera dator, nolabait; baina ba al dakizu zer gertatuko zitzaigun zuen justiziaren aurrean auzitan jarraitu izan bagenu? Urteak pasako ziren, eta pazientzia galduta, edo amorratuta, biotako batek beharbada, edo biok, indarraren bidetik joko genuen... Hau da, ez dut uste bake gizon batek, bakea ezartzen duen gizon batek Estatuari kenduko dionik justizia egiteko lana, guztiz zilegizkoa, bestalde, alajaina...

        — Gauzak horrela ikusten badituzu...

        — Eta nola ikustea nahi duzu, ba? Mafiari buruz liburu bat idatzi, eta, utzidazu esaten, gizon burutsu batengandik sekulan esperoko ez nuen fantasia bat egin duen zure lankide horrek azaldu dituen bezala?...

        — Gauza asko ikasi ditut nik liburu horrekin...

        — Gauza berriak ikasi dituzula esan nahi baduzu, ondo; baina liburuak esaten dituen gauzak benetan badiren, hori beste kontu bat da... Baina jarri ditzagun gauzak beste maila batean: auziren batetik atera al da inoiz mafia izeneko kriminal elkarte bat badela, eta hari leporatu behar zaiola segurtasun osoz halako krimen bat agindu edo egin izana? Dokumenturen bat, testigantzaren bat, edonolako frogaren bat aurkitu al da inoiz ekintza kriminal bat eta mafia deitzen den hori seguru lotzen dituenik? Lotura horren faltan, eta mafiarik egon badagoela onartuta ere, hauxe esango dizut nik: elkar laguntzeko elkarte sekretu bat da, masoneria bezalakoxea, ez gehiago eta ez gutxiago. Zergatik ez leporatu halako krimen batzuk masoneriari? Masoneriak krimenak egiten dituelako frogak zenbat, beste hainbat daude mafiak ere egiten dituela frogatzeko...

        — Nik uste dut...

        — Sinestuidazu niri, ez beldurrik izan nik engainatzeko: ze nik, merezi gabe, errepresentatzen dudanagatik, Jainkoak daki ez zaitudala engainatu nahi, ezin dudala... Eta hauxe diotsut: jaso duzun aginteaz baliatuz, zure... nola esan, zure arreta jendearen esanetan mafiakoak diren pertsonengana zuzentzen duzunean, eta bakar-bakarrik jendearen esanetan mafiakoak direlako, eta froga zehatzik eduki gabe mafiarik badela eta pertsona horiek horretan sartuta daudela segurtatzeko, ba... zuk, bidegabeko pertsekuzio bat egiten duzu Jainkoaren aurrean... Eta hauxe bera da don Mariano Arenaren kasua... Eta bera, bi aldiz pentsatu gabe, eta, utzidazu esaten, Armaren tradizioaren duina ez den arintasun batez preso hartu duen ofizialaz, Suetonioren latinaz esango dugu Ne principium quidem virorum insectatione abstinuit... Hitz arruntetan esanda, don Mariano herri oso batek maite duela —eta arren eskatzen dizut sinesteko badakidala nire gogoko gizonak aukeratzen—, eta Livigni diputatuak eta Mancuso ministroak ere guztiz maite dutela...

 

 

        Badaezpadako atxiloketaren hogeita lau orduen epea betea zen Marchicarentzat, eta Arena eta Pizzucorentzat betetzear zegoen. Bederatziak puntuan, Marchica ate joka zegoelarik kalabozuan bere eskubideak errespeta zitzatela eskatzeko, oso ondo baitzekien zeintzuk ziren, sarjentuak jakinarazi zion Errepublikako Fiskalaren ebazpen batek berrogeita zortzi ordutara luzatzen zuela atxiloketa; horrela, formaz seguru, Marchica lasai eta ardurarik gabe geratu zen muinaz; etzalekuaz, alegia, han etzan baitzen berriro, eta nolabaiteko atseginez etzan ere. Sarjentua bulegora itzuli zen, Marchicak bederatziak jota nolatan deitu ote zuen hausnartuz: izan ere, erlojurik ez zuen, haren eskumuturreko erlojua bulegoko kajoi batean baitzetzan, kartera, gorbata eta zapata sokekin batera.

        Hamarretan, sarjentuak Marchica esnatu eta haren gauzak itzuli zizkion. Marchicak kanpoan utzi behar zutela pentsatu zuen: bere aurpegia osatzen zuen logura, ardura eta bizar nahaspila garailearen irribarre bilakatu zen. Baina kuarteleko atarian automobil bat zegoen; sarjentuak barrura bultzatu zuen; karabinero bat zegoen jadanik han, eta beste karabinero bat sartu zen gero, Marchica bi karabineroren artean estuturik gertatu zelarik Fiat 600aren atzeko eserlekuan; zirkulazio arautegia aipatu zuen, eta sarjentua, gidariaren ondora sartua zegoelarik, hain harriturik geratu zen non ihes itxurako gizabide batez «Argalak zarete hirurok» erantzun baitzion.

        C.en, konpainiaren buruzagitzako kalabozuan, Pizzuco eta Arena zeuden. Kapitainak pentsatu zuen kalabozuan bainu-marian egun oso bat edukita, arrakasta handiagoa izango zuela egin behar zien itaunketak: gau eta egun oso bateko gogorrak eta ezbaiak beren pisua izango zuten hiru gizon haientzat.

        Marchicarekin hasi zen.

        Konpainiaren buruzagitzak komentu zahar batean zeukan egoitza: oina errektangularra, eta alboetan bina gela lerro, pasabide batez banaturik: lerroetako batek patio itxira begira zeuzkan leihoak, besteak kalera begira. Eraikin boni —harmonia handi samarrekoa berez—, Francesco Crispi siziliarraren eta bere ministraritzarik zorigaiztokoenaren gobernu-ardurek beste bat erantsi zioten, aldrebesa, itxuragabea, neurri txikiagoan lehenengoaren taxukera errepikatu nahi zuena; baina injineru baten diseinuaz ume batek egin dezakeen kopiaren antzera atera zen: patioaren lekuan putzu argitu bat zegoen, eta bi eraikinak eskailera igotze eta ataurre irekitze batez lotzen ziren, luzaro ibili ondoren bakarrik pasa zitekeelarik haietan barrena galdu gabe. Bazuen, hala ere, alde on bat: eraikin zaharrak baino gela handiagoak eskaintzen zituen; lehen solairukoak bulegoak ziren, eta bigarrenekoak komandantearen etxebizitza.

        Komandantearen bulegoak putzu argitura jotzen zuen leiho handi bat zeukan; parean, antzeko leiho batez hornitua, tenientearen bulegoa; eta bi leihoen artean bi pertsonek, gorputza atereaz, bulego batetik bestera paperak pasatu ahal izateko moduko tarte bat.

        Kapitainaren mahaia kokatuta zegoen moduagatik, Marchica leiho aurrean eseri zen, bere eskumatara bulegoko atea zuela.

        — B.en jaioa al zara? —galdetu zuen kapitainak.

        — Bai jauna —esan zuen Marchicak sufritzen ari denaren doinuaz.

        — Eta beti bizi izan zara B.en?

        — Ez beti; soldadutza egin dut, kartzelan ere egon naiz zenbait urtez...

        — Jende asko ezagutuko duzu B.en, seguru aski.

        — Nere herria da; baina, batzuetan, badakizu zer pasatzen den, urte pare batez kanpoan egon, eta umeak mutildu dira, zaharrak zaharrago egin... Eta emakumeak ere, zer esanik ez: kalean mertxika hezurrekin jolasean uzten dituzu, urte pare baten buruan itzuli, eta umeak jantzietatik zintzilik dauzkatela aurkituko dituzu, eta akaso gorputza zatarturik ere bai...

        — Baina gure adin berekoak direnak, beti geure auzoan bizi eta umetan gurekin jolasean ibili direnak, horiek azkar ezagutzen dira, ez da hala?

        — Bai horixe —esan zuen Marchicak; eta kezkatzen hasia zegoen, galderen zentzuagatik baino gehiago kapitainak zerabilen modu eztiagatik, berriketan balira bezala.

        Kapitaina isildu egin zen une batez, bat-batean bere gogoetetan murgildu balitz bezala. Marchicak, aldiz, hutsik eta argia piztuta zegoen pareko bulegora begiratzen zuen leihotik barrena; kapitainak, kontu handiz, lanpara bakarra piztu zuen bere bulegoan, mahai gainekoa, bai eta jiratu ere haren argiak aldamenean, brigadierra idazten ari zen mahaitxoan jotzeko moduan; horrenbestez, ezin hobeto ikusten zuen Marchicak beste bulegoa.

        — Eta zuk, dudarik gabe, Paolo Nicolosi izeneko bat ezagutuko zenuen...

        — Ez —esan zuen arrapaladan Marchicak.

        — Ez da posible —kapitainak—, beharbada ez duzu gogoratzen orain, urte asko direlako Nicolosi horrek alde egin zuela B.tik; baina gogora dezazun saiatuko naiz... Nicolosi hori Giusti kalean bizi zen, eta zu, oker ez banago, Monti kalean bizi izan zara beti, hau da, bestearekin izkina duen kale batean. Haren aitak hazienda txiki bat zeukan, baina inausle zebilen; eta ofizio berbera dauka semeak, orain S.en bizi denak, hara ezkondu baitzen...

        — Ba, uste dut orain gogoratzen dudala, bai...

        — Pozten naiz... Ez da zaila, gainera, halako gauza batzuk, halako pertsona batzuk gogoratzea; batez ere gure bizitzaren garai zoriontsu bati lotuta badaude, haurtzaroari...

        — Elkarrekin ibiltzen ginen jolasean, gogoratzen naiz; baina ni baino txikiagoa zen bera; eta lehen aldiz kartzelara joan nintzenean, merezi gabe, Sakramentuko Jainkoagatik diotsut, artean bera umea zen; eta geroztik ez dut ikusi.

        — Nolakoa da? Aurpegiz, esan nahi dut, gorputzez...

        — Nere altuera dauka, ile horia eta begi urdinak...

        — Bibote txiki bat dauka —esan zuen kapitainak seguru.

        — Lehenago zeukan —Marchicak.

        — Noiz baino lehenago?

        — Zera... Moztu baino lehenago.

        — Orduan, bibotea zeukanean, eta gero moztu duenean ere ikusi duzu...

        — Beharbada nahasten ari naiz... Ondo pentsatuta, bai, beste batekin nahasten ari naiz.

        — Ez —lasaitu zuen kapitainak—, zehatz-mehatz gogoratzen duzu: ezkondu aurretik bibotea zeukan, gero ez; beharbada ez zen emaztearen gustukoa... Zuk, orduan, B.en ikusiko zenuen; ez dakit azkenaldi honetan, zu amnistiarekin kanpoan zaudenetik, Nicolosi B.ra etorriko ote zen ala ez; baliteke... Edo S.en topatu zenuen, beharbada?

        — Urteak dira S.ra ez noala.

        — Ze gauza arraroa! —esan zuen kapitainak, bat-bateko kezka batek asaldaturik bezala—, arraroa benetan: Nicolosik berak esan zuelako aurkitu zintuela S.en, eta ez dut ulertzen zergatik ibili behar zuen gezurretan...

        Marchicak ez zuen ezer ulertzen ordurako, kapitainak haren gogo barruko larrialdia igarriz begiratzen zion; gora eta behera zebilkion gogoa, udaminean zakurrak dabiltzan bezala; aukera, ezbai, susmo sorta oso bat zabaltzen zen, bera, aberezko sentiberatasunez, geratzen zen puntu bakoitzean.

        Bat-batean bulegoko atea ireki zen, eta Marchica berez bueltatu begiratzeko; atean S.ko sarjentuak agur egin eta «Etsi du, azkenean» esan zuen, eta haren atzean, alkandora lepoa askatuta, ileak nahastuta eta bizarra luze, Pizzuco zegoen. Kapitainak keinu bat eginda, sarjentuak alde egin zuen atea bizkor itxiz. Marchica ikaraz itotzen ari zela sentitu zen: Pizzuco, jipoiak hartu eta hartu seguru aski, kantatzekotan zegoen (aitzitik, Pizzuco ohetik atera berria zegoen une hartan; eta burua zeukan amets urduriz urratuta, eta ez jipoiez gorputza). Pareko bulegoan, argi gordinaren pean, sartzen ikusi zituen Pizzuco, sarjentua eta teniente bat; eta berehala, eseri orduko, galdera labur bat egin zuen tenienteak: eta han hasi zen Pizzuco esan eta esan, eta sarjentua idatzi eta idatzi. Tenienteak nolako bizimodua zeraman, eta zein bizibide zituen galdetu zion Pizzucori, eta Pizzuco lanean gogor, prestu eta okerrik gabe zeraman bizitzaren historia eredugarria iraultzen ari zen Ferlisi sarjentuaren luma bizkorraren azpira. Marchicak, ordea, bere barruan eta Pizzucoren ahotsez, kartzelako hogeita zazpi urteko istorio bat entzuten zuen —hogeita zazpi urte onenean—; Ucciardone,ko kartzelan hogeita zazpi urte luze, bizkarretik Jainkoak berak ere kendu ezingo zizkionak Diego Marchicar.

        — Ze arrazoi dago —galdetu zuen kapitainak— puntu honetaz gezurretan aritzeko? Ez diot zugatik, Nicolosigatik baizik: zergatik esan hain axola gutxiko gauza bat, hain inozoa gainera?

        — Ezin du esan —bota zuen Marchicak etsi-etsian.

        — Zergatik?

        — Ba... ezin duelako esan.

        — Beharbada, zuk, dakizunagatik, Nicolosi jadanik hilda dagoela uste duzulako, hain zuzen...

        — Bizirik zein hilik, niri bost axola.

        — Ez ba; arrazoi duzu... Nicolosi hilda dago.

        Lasaitu nabarmena hartu zuen Marchicak; horrek adierazi nahi zuen harentzat, kapitainak egiaztatu gabe, zalantza apur bat bazegoela Nicolosiren heriotzaz; berak ez zuen garbitu, beraz. (Beste bulegoan, Pizzuco kantatzen ari zen: «Kabroia, lau soseko gizona, zerrikumea: lau jipoi, eta dena botaka hasten haiz; baina ordainduko duk, nire eskuetan, edo beste inoren eskuetan, baina ordainduko duk...»).

        — Bai —esan zuen kapitainak—, Nicolosi hilda dago; baina zuk badakizu hildakoek hitz egiten dutela batzuetan...

        — Hiru hankako mahaian —esan zuen Diegok erdeinuz.

        — Ez; bakar-bakarrik hil aurretik idazten dutelako hitz egiten dute... Eta Nicolosik, zu aurkitu ondoren, burutazio on bat izan zuen: paper puska batean zure izena eta goitizena idaztea: Diego Marchica, Zicchinetta deitzen dutena; eta horri erantsita, topaketaren lekua eta ordua, bai eta iritzi bat ere, begi bistakoa bestalde: Colasbernaren heriotzak zerikusirik izan zezakeela ordu eta leku horretan Zicchinetta S.en egotearekin... Gutuntxo bat, labur esanda; Nicolosi hilda dagoela kontutan hartuz, juezentzat garrantzitsuagoa izango dena Nicolosik bizirik emango zuen testigantza baino... Oker galanta, zuena! Gutuntxo hau emazteari utzi zion Nicolosik, eta berari zerbait gertatuz gero bakarrik eskuratu beharko zigun emazteak. Bizirik utziz gero, seguru nago sekulan ez zela ausartuko testigantzarik ematera, eta askoz gutxiago ikusi zuena salatzera. Egundoko okerra izan da bera hiltzea...

        Pareko bulegoan Pizzucok amaitua zuen bere jarduna; sarjentuak orriak ordenatu eta ondora hurbildu zitzaion zitalkeria hura izenpetu zezan, orriz orri. Gero sarjentua irten, eta handik gutxira kapitainaren bulegora sartu zen orriak emateko. Marchicari heriotza-izerdiak etorri zitzaizkion.

        — Ez dakit —esan zuen kapitainak— zer pentsatuko duzun Rosario Pizzucori buruz...

        — Azpisuge zital bat da —Diegok.

        — Sekulan ez nuen pentsatuko, baina ados gaude. Ze, iruditzen zait, siziliarrontzat zitala da legearen zigor bidezkoa merezita ere sekulan azaldu behar ez diren gertakariak agerian jartzeko zitalkeria egiten duena... Ados gaude: Pizzucok zitalkeria bat egin du... Nahi duzu entzun?... Irakurri —esan zion brigadierrari, sarjentuak ekarritako orriak luzaturik. Zigarro bat piztu eta, begiak erdizka itxirik, geldirik geratu zen Diego Marchicari begira, izerditan blai baitzegoen berau, eta, isilik, amorruaren amorruz zotinka.

        Akta faltsuak, kontu handiz prestatua zegoenak zioen Rosario Pizzucok bere borondatez («Jipoiak —pentsatu zuen Diegok—, jipoiak») aitortzen zuela behinola Marchicarekin aurkitu eta Colasbernak egindako halako irain batzuen berri eman ziola; eta Marchicak mendekurako tresna izateko eskaini zuela bere burua; baina berak, Rosario Pizzucok, oinarri moral sendoko gizona izanik, indarkeriarako joera gutxikoa eta mendeku sentimenduetatik guztiz aparte zegoena, uko egin ziola eskaintzari. Marchicak ez zuen etsi, eta kargu hartu zion Pizzucori Colasberna jasateko jokabide lotsagarria hartzeagatik; eta erantsi zuen beronekin minduta egoteko bere motiboak ere bazituenez gero, ukatu zion lan edo diru bategatik, Pizzuco ez zen ondo oroitzen, egun batean edo bestean astutare egin behar zuela Colasberna: alegia, kandela itzaltzen den bezala itzaliko ziola bizitza. Eta bere asmoa bete ere bete egin zuen zalantzarik gabe, ezen Colasberna hil eta handik egun batzuetara, Pizzuco B.ra joan zelarik lur kontu bategatik, bertan Marchicarekin ustekabean aurkitu eta honk isilpean jakinerazi zion, inork isilpekorik eskatu gabe bestalde, hilketa bikoitz baten berri ikaragarria, ondoko hitz hauekin zehazki: Partivu pi astutàrinni unu e mi tuccà astutàrinni du; zalantzarik gabe, Marchicaren gaizkile hizkeran, bi hilketa adierazten zituztelarik; bata Colasbernarena, eta bestea, Pizzucok susmatzen zuenez, Nicolosirena, egun horietan haren desagerpena denen ahotan baitzen. Berri arriskutsuarekin ikara bizian jarri omen zen Pizzuco, eta larriturik itzuli zen etxera. Jakina, inortxori ere ez zion ezer aipatu, bera ere hilko zuten beldurrez, Marchica odol berokoa baitzen izatez. Marchicak hain sekretu arriskutsuaren jabe zergatik egin ote zuen galdetuta, Pizzucok erantzun zuen Marchica, handik kanpo baitzebilen beti, Pizzucorekin fidatzerik bazuelakoan zegoela beharbada, itxuraz bakarrik bereak bezalakoak ziren gorabehera batzuengatik: izan ere, biak izan ziren EVISeko indarretako kide, baina Pizzuco helburu guztiz idealengatik, eta Marchica, aldiz, helburu kriminalengatik. Marchicaren atzean beste inoren erantzunkizuna, hau da, agindu emaileena, aurkitu ote zitekeen galdetuta, Pizzucok erantzun zuen ez zekiela, baina bere iritziz, hori baztertzekoa zela guztiz, krimenaren arrazoiak Marchicaren izaera gogorra eta besteren ondasunei eta bizitzari erasotzeko joera menderaezina zirela, horren probak beti eman baitzituen Marchicak.

        Maisulan bat zen faltsifikazio hura, egiazko itxura oso-osoa baitzuen Pizzuco bezalako gizonentzat, eta Pizzucorentzat bereziki; hiru sarjenturen elkarlanetik sortu zen. Eta ukiturik bikainena Pizzucori egotzitako azken baieztapenak ematen zuen: agindu emailerik bazegoela guztiz ukatzeak, alegia. Akta faltsu hartan Mariano Arenaren izena hanka sartze bat izango zen ezinbestez; lekuz kanpoko ohar bat, zehaztasun sinesgaitz bat, eta jokoa bertan behera eroriko zen Marchicaren susmo txarragatik. Baina erru guztia mendeko bati, hau da, Marchicari bota, bere errua kemen handiz ukatu eta agindu emailerik ba ote zegoen susmoa ezezteko teknika zehatzak egiazkotasunaren segurtasun itogarria eman zion Marchicari; are gehiago, une batez ere ez zuen zalantzarik eduki, berari leihotik barrena eman zitzaion ikuskizun mutuari soinu-banda baten moduan erasten baitzitzaion dokumentua irakurtzen zuen brigadierraren ahotsa.

        Bere onetik irtenda, Pizzuco eskuen artean harrapatuz gero haren bizitza zitala itzaliz agertuko zen sumindura batek itsuturik, isilaldi luze baten ondoan esan zuen gauzak horrela egonda, Sansonek egin zuena egitea bakarrik geratzen zitzaiola (Mori Sansuni —esan zuen— cu tuttu lu cumpagnuni): egia esan, noski, zakur nardagarri hark bere modura kontatu zituenei buruz.

        Pizzucorekin topo egin zuen, bai, lehen aldiz horrenbeste urteren ondoren: B.en gertatu zen, aurreko urteko abenduaren lehen egunetan. Pizzucok Colasberna hiltzeko proposatu zion, irain izugarri bat egin ziolako, hala esan zuen. Ordainetan, hirurehun mila lira. Marchicak esan zuen ez zegoela prest, hilabete gutxi zirelako kartzelatik irten zela, eta askatasun lasai apur batez gozatu nahi zuelako. Baina beharrean egonda, eta Pizzucok, etsi gabe, berehala diru apur bat aurreratuko ziola tximista batean bezala burutara eman zionez gero, eta gerorako, egin beharrekoa amaitutakoan, hitzartutako diruaren gainontzekoa eta, gainera, lurzain lanpostu bat agindu zizkionez gero, Marchicak amore eman zuen; beharrean zegoelako bakarrik, berriz esan behar. Izugarria da beharrean egotea. Hortaz, krimena burutzeko zertzeladak finkatu zituzten Pizzucok eta biek: Pizzucok bere baserri etxe batean arma bat uzteko konpromisoa hartzen zuen, eta hara joan beharko zuen Marchicak krimena burutu aurreko gauean. Baserri etxetik irtenda, herritik urrun ez baitzegoen, aurretik erabakitako ibilbide bati jarraituz Cavour kaleko muturrean kokatu behar zen Palermorako lehen autobusa irteten den orduan, Colasberna larunbatero joaten baitzen autobus hartan Palermora. Tiroa egin eta gero, Marchicak bizkor ihes egin behar zuen Cavour kaletik, eta Pizzucoren baserri etxera itzuli, hantxe jasoko baitzuen honek autoz B.ra eramateko.

        Marchica, krimena baino egun batzuk lehenago, S.ra inguratu zen ekintza burutu behar zuen lekuari begiratu bat eman eta okerrik gabe Colasberna ezagutzeko aukeran egon ahal izateko. Orduko hartan hilketaren eguna finkatu zuen Pizzucok.

        Urtarrilaren 16an, sei t'erdietan, Marchicak hil egin zuen Salvatore Colasberna, Pizzucok prestaturiko planari xehetasun guztietan jarraituz. Baina ezuste bat gertatu zen, Marchicak ihes egin bitartean, Paolo Nicolosi, bere herri berekoa, aurkitu zuelako Cavour kalearen erdian; honek argi eta garbi ezagutu zuen, eta izenez deitu ere egin zion. Kezkatu egin zen, eta Pizzucori kezka horren berri eman zion baserri etxera joan zitzaionean bila. Pizzuco sutan jarri zen, birao egin zuen; gero, lasaiago, «Ez kezkatu, gu arduratuko gaituk» esan zuen. Bere kamioneta batean Granci aldera lagundu zuen, B.tik kilometro eskas batera; baina lehenago zor ziona eskuratu zion, beste ehun eta berrogeita hamar mila lira, aurreratuekin batera hitzartutako hirurehun mila lirak osatzen zituztenak.

        Egun batzuk geroago, Pizzuco B.ra joan zelarik, Marchicak jakin zuen Nicolosirekin ez zuela kezkarik bat ere eduki behar, barrez gero, hala adierazi zuen hitzez hitz Pizzucok, umeei azukrezko panpinak eskuratzeko baino ez baitzegoen: santu guztien jaian herriko umeei halako aginaldo bat egiteko ohiturari zegokion aipua zen hura; esapide horrekin Paolo Nicolosi akabatu zutela seguru geratu zen Marchica.

        Colasberna hiltzeko agindua eman zionean Pizzuco inoren kontura ari ote zen galdetuta, Marchicak ez dakiela dio; baina, bere iritziz, ezetz. Pizzucoren esaldiak —«Ez kezkatu, gu arduratuko gaituk»— Marchicarentzat ezezagunak baina Pizzucoren gaizkideak ziren beste batzuek parte hartu zutela esan nahi ote zuen galdetuta, Marchicak ezetz dio, eta, gainera, ezin duela benetan zehaztu Pizzucok «gu arduratuko gaituk» ala «ni arduratuko nauk» esan omen zuen. Nicolosiri nola eta non eman zioten akabua ba ote zekien galdetuta, ez dakiela dio.

        Hitz egin ahala lasaituz zihoan Diego. Atseginez ontzat eman zuen aitorpenaz kapitainak egin zuen irakurketa, eta atseginez izenpetu. Auzi guztia bere eta Pizzuco ustel haren kalterako antolatuta, eta ustela ez zen beste inor ez nahasteko gizalege egokia beteta, bakean sentitzen zen _bere kontzientziarekin, eta bere patuaz etsiturik. Geratzen zitzaion bizitza kartzelan eman beharko zuen, beharbada; baina, ohitura bazuela alde batera utzita, ezen kartzelara joatea berarentzat bidaia baten nekearen ondoren etxera gustura itzultzea bezalakoa baitzen nolabait, bizitza bera ez al da, ba, kartzela bat? Bizitza, etenik gabeko zorigaitza: dirua faltan, zecchinetta-ko kartak deika, sarjentuaren begia segika, jendeak kontseilu onak; eta lana, lanegunaren zigorra, astoa baino gutxiago bihurtzen zaituen lana. Nahikoa; hobe ahaztu eta loak hartu. Eta logurak, ilun eta eragabe, haren gogoeta guztiak mamitzen zituen berriz. Kapitainak lotara bidali zuen; San Francescoko kartzelara, bakarturik: instrukzioa amaitu ostera atzeratzen zituelarik horrela Diegok beste presoengandik jasoko zituen jaiak.

        Pizzucoren txanda zen orain. Gau berandu zen ordurako.

        Beste egoera batean aurkituz gero, Pizzucok pena sentiaraziko zuen: hotzak eta artritisak gogortuta zegoen, bat-batean harrapatu zuen katarro bategatik hezeak zituen begi-sudurrak, estu eta larri zegoen gertatzen ari zitzaionarekin, entzuten ez duenaren begirada batez jiratzen zituen begi bustiak, eta ahoa ireki eta ixten zuen hitz egiteko ahotsik aurkituko ez balu bezala.

        Kapitainak Marchicaren aitorpena irakurtzeko agindu zion brigadierrari. Pizzucok Sakramentu guztiz Santuagatik, Jesukristo Gurutzekoaren aurrean, bere amaren, bere emaztearen, bere seme Giusepperen arimengatik zin egin zuen Marchicaren zitalkeria beltz bat zela hura; eta Marchicarentzat, zazpigarren belaunaldiraino mendeku bidezkoa erregutu zion zeruari; bertatik, lehenago aipatutako bere senide hildakoez gain, santu hotsean —halaxe zioten— hildako osaba kalonje batek ere errezatzen baitzuen bere alde. Katarroa, larridura eta guzti, hizlari aparta zen: haren mintzaldia irudiz, sinboloz, hiperbolez beteta zegoen; eta italiera usaineko sizilieraz, egokia batzuetan, beste batzuetan dialekto hutsa baino ulergaitzagoa. Pixka batean barrua husten utzi zion kapitainak,

        — Orduan —galdetu zuen gero hotz—, Marchica hau ezagutu ere ez duzu ezagutzen... —bai baitzirudien haren mintzaldi luzean horixe eman nahi izan zuela aditzera.

        — Ezagutu, kapitain jauna, ezagutzen dut; eta ezagutu aurretik hil izan banindute hobe, beharbada... Ezagutzen dut, eta badakit zer balio duen... Baina hura eta nire artean honen harreman estuak egon, eta, Jainkoarren, bizitza kentzeko kristau bati... Sekulan ez, kapitain jauna, sekulan ez; Rosario Pizzucorentzat kristau baten bizitza, kristau guztien bizitza eliza bateko aldare nagusian bezala dago: sakratua da, kapitain jauna, sakratua...

        — Orduan, Marchica ezagutzen duzu.

        — Ezagutzen dut. Ezetz esan nezake? Ezagutzen dut, baina ezagutuko ez banu bezala: nik badakit ze kastakoa den, eta beragandik aparte egon naiz beti.

        — Eta nola azaltzen duzu bere aitorpen hau?

        — Eta zeinek azalduko luke? Beharbada burutik jota dago, edo beharbada ni galdu behar nauela eman dio buruak... Zeinek irakur dezake bera bezalako baten buruan?... Burua granada mingotsa bezalakoa dauka: bere pentsamendu bakoitza gaiztakeriazko hazi bat da, ni bezalako bati ikaraz hozkia emateko modukoa... Norbait hiltzeko kapaza, besterik gabe, bere egurrari ez diolako erantzun, edo ez zaiolako gustatzen nola egiten duen barre... Kriminal jaioa...

        — Oso ondo dakizu nolakoa den...

        — Jakingo ez dut ba? Beti atzetik ibili zait eta...

        — Eta azken bolada honetan atzetik ibili al zaizu noizbait? Saia zaitez gogoratzen.

        — Ikustagun... Kartzelatik irten eta berehala topatu nuen: lehen aldiz... Gero B.en topatu nuen, bere herrian: bigarren aldiz... Gero S.ra etorri zen: hirugarrena... Hiru aldiz, kapitain jauna, hiru aldiz.

        — Eta zertaz hitz egin zenuten?

        — Ezertaz ez, kapitain jauna, ezertaz ez; huskeriak, berehala ahazten direnak, ur putzu batean idazten denean bezala... Zorionak eman berriz lortutako askatasunagatik, eta bitartean amnistiak alferrik ematen dituztela pentsatzen duzu; askatasunaz gozatu ahal izatea opa egin, eta luze gabe berriro kartzelan egongo dela pentsatzen duzu; eta urtea zer moduz doan, eguraldia nolakoa den, adiskideak nola dauden... Huskeriak...

        — Zuri dagokizunez, Marchicak adierazten duen guztian ez dago ezer egiazkorik, zure iritziz... Baina, Marchica momentu batez alde batera utzita, guretzat guztiz gauza segurua da zuk, orain dela hiru hilabete inguru, nahi baduzu egun zehatza esango dizut, elkarrizketa bat izan zenuela Salvatore Colasbernarekin; eta proposamen batzuk egin zenizkion, berak onartu ez zituenak, zerari buruz...

        — Kontseiluak, kapitain jauna, kontseiluak; inolako interesik gabe, lagun onak garelako...

        — Kontseiluak emateko moduan bazaude, horrek esan nahi du ondo informatuta zaudela...

        — Ondo informatuta?... Hor eta hemen entzundako gauzak; nire lanagatik beti ibiltzen naiz batetik bestera, eta gaur gauza bat entzungo dut, bihar beste bat...

        — Eta zer jakin zenuen, ba, Colasbernari kontseiluak emateko beharra sentitzeko?

        — Bere gauzak gaizki zihoazela jakin nuen, eta babesa edo laguntza bilatzeko gomendatu nion...

        — Norena?

        — Ez dakit, ba... Lagunena, bankuena, politikan bide egokitik sartzen saiatuz...

        — Eta zein da, zure iritziz, bide egokia politikan?

        — Gobernuarena, esango nuke nik: agintzen duenak legea egiten du, eta legeaz baliatu nahi duenak agintzen duenaren ondoan egon behar.

        — Bestela esanda, kontseilu berezirik ez zenuen Colasbernari emateko.

        — Ez, kapitain jauna.

        — Kontseilu, nolabait esatearren, orokorrak ematen zenizkion; eta laguntasunagatik bakarrik.

        — Horixe da.

        — Baina zu ez zinen Colasbernaren oso laguna...

        — Ezagunak ginen...

        — Eta zuk, justu-justu ezagutzen duzun bati kontseiluak emateko nekea hartzen duzu?

        — Holakoxea naiz ni: baten batek laban egiten duela ikusi orduko, hor nago ni esku bat luzatzeko prest.

        — Esku bat bota al diozu inoiz Paolo Nicolosiri?

        — Zer zerikusirik du horrek?

        — Colasbernari esku bat bota ondoren, pentsatzekoa da Nicolosiri ere esku bat botatzea.

        Telefonoak jo zuen mahaian. Kapitainak komunikazioa entzun, eta bitartean Pizzucori so egiten zion: lasaiago, seguruago agertzen zen orain, eta katarro jariorik ere ez zeukan, hara sartu zenean ez bezala.

        — Berriz has gaitezke orain —esan zuen telefonoa eskegiz batera.

        — Berriz hasi? —galdetu zuen Pizzucok.

        — Bai, zeren S.ko dei honekin jakin baitut aurkitu dutela Colasberna hil zuen arma. Jakin nahi duzu non aurkitu duten?... Ez, ez gaizki pentsaka hasi zure koinatuaz: eman diozun agindua betetzera zihoan karabineroak zu atxilotzera joan direnean; baserri etxera joan da arratsaldean, berandu. Kainoi motzeko eskopeta hartu, eta hura ezkutatzeko irtetera zihoalarik iritsi dira karabineroak... Zoritxarreko kointzidentzia... Zure koinatuak, ondo ezagutzen duzu, bere burua galdurik ikusi du; enkargua zeuk eman zeniola esan du, eta eskopeta Gràmoli aldeko chiarchiaro-an ezkutatu behar zuela, zuk agindu bezala...

        Eta brigadierraganantz buelta emanda:

        — Zer da chiarchiaro hori? —galdetu zuen.

        — Paraje harritsu bat —esan zuen brigadierrak—, zulo, arrakala eta leizez beteriko inguru bat.

        — Susmatzen nuen —kapitainak—, eta ideia bat bururatzen ari zait, ona beharbada, edo beharbada ez, baina saiatzeagatik ez dugu ezer galduko... Eta chiarchiaro horretan Nicolosiren gorputza ere balego?... Zer diozu nire ideia honetaz? —eta irribarre hotz batez bueltatu zen Pizzucoren aldera.

        — Ideia ona izan daiteke —esan zuen Pizzucok ardurarik gabe.

        — Onartzen baduzu, ni lasai —esan zuen kapitainak, eta S.ko koartelera deitu zuen Gràmoliko chiarchiaro-an bila zezaten agintzeko.

        Kapitainak telefonoz hitz egin bitartean, Pizzucok hartzea komeni zitzaion plana osatu zuen. Kapitainak esan zuenean «Orain Marchicaren bidetik joan zaitezke, Colasberna hiltzeko agindua eman zeniola eta Nicolosi hil zenuela aitortuz; edota errua Marchicaren bizkarretik kendu, bai Colasberna eta bai Nicolosi ere zerorrek hil zenituela aitortuz», Pizzucok hirugarren bide bat aukeratua zuen, Marchicaren aitorpena eragin zuen akta faltsuarekin, gauza bitxia, bat zetorrena, puntu batean izan ezik.

        Oso bizkorrak ziren akta faltsua prestatu zuten sarjentuak: zehaztasun zientifikoz ezagutzen zuten Pizzuco bezalako gizon baten psikologia; ez zen harritzekoa Marchica kapoia lapikoan bezala erortzea.

        Izan ere, Pizzucok esan zuen hiru bat hilabete lehenago, Colasbernarekin aurkitu zelarik, adiskidetasun beharrez, nahiz eta adiskideak ez izan egiatan, aholku batzuk eman nahi izan zizkiola eraikuntza-kontratista moduan egiten zuen lanean hartu beharreko jokabideaz; baina Pizzucok espero zuen esker erakutsiaren ordez, berari ez zegozkion gauzetan ez sartzera gonbidatu zuen Colasbernak, errepikatu ezin diren hitzekin; eta Jaunari eskerrak eman behar zizkion berak, Colasbernak, ez bazizkion lurretik jaso erazten hortz guzti-guztiak, hitzez hitz esanda; hau da, muturrekoa emanda bota ondoren. Colasbernaren ateraldi honekin, Pizzzico, sentimendu oneko gizona, eta ezinbestean onbera izanda batzuetan bakarrik egoera larrian gertatua, minez irainduta sentitu zen; eta halako batean Marchicarekin horri buruz hizketan jardun zelarik, honek bere burua eskaini zion mendekatzeko, Pizzucok ordainez ezer ematen ez bazion ere, Colasbernarekin minduta egoteko bere motiboak zituelako. Pizzuco ikaratu egin zen proposamenarekin, eta ezezko biribila eman zion. Baina zenbait egun geroago Marchica S.ra etorri zen, eta ostatua eskatu zion Pizzucoren emaztearen baserri-etxean, Poggio auzoan, S. herritik hurbil; gau bakar baterako, zeregin garrantzitsuak zituelako S.en, eta herriak ostaturik ez baitzuen, jakina denez. Arren eskatu zion, Marchicak alegia, eskopeta bat uzteko, egunsentian ehizara joan nahi zuelako inguruetatik, esan ziotenez erbi ugari baitzen han. Baserri-etxeko giltza ematean Pizzucok esan zion bertan eskopeta zahar-zahar bat aurkituko zuela, ehizarako ez oso egokia, baina balio zezakeena. Ez zuen inondik ere susmatu Marchicaren asmo kriminala, fidakorra zelako izatez, eta beti edozeini laguntzeko prest zegoelako. Colasbernaren heriotzaren berri izan zuenean ere ez zuen susmorik hartu; eta bakarrik karabineroak etxera joan zitzaizkionean atxilotzera ikusi zuen argi eta garbi zer nolako nahaspilan sartu zuen Marchicak, bere fede onaz abusatuz. Horregatik agindu zion koinatuari eskopeta ezkutatzeko, argi baitzegoen Marchica hartaz baliatu zela zilegi ez den eran. Hura iruditu zitzaion hartu beharreko jokabiderik onena, segurtasun indarrei ezin baitzizkien jakinarazi bere kasa, Marchica izatez mendekuzalea zelako, biktima gisa jasan zituen egintzak.

 

 

        — Oh, eszelentzia... —esan zuen bere eszelentziak, bere adin eta ohorerako uste ezin zitekeen salto batez ohetik irtetean.

        Lo zegoela, telefonoaren txirrina uhin gogaikarrietan iritsi zitzaion burura; keinua egitean, eskua gorputzetik neurririk gabe urrun zeukalako sentsazioaz heldu zion aparailuari; eta belarrira urruneko dardarizoak eta ahotsak iristen zitzaizkion bitartean argia piztu zuen, bai eta horrela andrea ezinbestez esnatu ere, zein barrez gero ezingo baitzuen gau hartan bere gorputz urdurira beti zeken jaisten zen loak hartu.

        Bat-batean, urruneko dardarizo eta ahotsak urtu ziren halako ahots, bera ere, urrun, baina idor eta gogor batean; eta bere eszelentzia ohetik kanpo aurkitu zen, pijama hutsean eta oinutsik, bizkarra makurtuz eta irribarre eginez, makurraldiak eta irribarreak mikrofonotik sartzerik egon balitz bezala.

        Andreak nahigabez begiratu zion, eta bizkarra —bizkar biluzi bikaina— eman aurretik, «Ez zaitu ikusten, ez diozu zertan buztanari eragin behar» esan zion, eta egiatan bere eszelentziari buztana bakarrik falta zitzaion debozioa azaltzeko.

        — Oh, eszelentzia... —esan zuen berriz, eta gero—, baina eszelentzia,... Ez, eszelentzia... Bai, eszelentzia... Ondo da, eszelentzia... —eta ehun bat aldiz «eszelentzia» esan ondoren, ahots idorra itzali zenean bere belarrian, bere bizitza nahasi samarrean (andreari begiratu zion: artean bizkarra emanda zegoen) Erromatik goizaldeko ordu bietan nahaste gehiago zekarkion eszelentziaren amari buruzko iritziak marmarrean irauliz jarraitu zuen telefonoa eskutan zuela. Eskegi zuen telefonoa, hartu berriz, eta zenbaki bat markatu. Andrea kateme baten antzera bueltatu zen: «Bihar —esan zuen— gonbidatuen gelan egingo dut lo».

        — Sentitzen dut, ene laguna, baina oraintxe bertan esnatu naute —esan zuen ahots idor eta gogorrez, minutu gutxi lehenago belarrian jo zionaren antzera—, eta, beraz, San Antonioren katea egingo dugu: ni esnatzen naute, zu esnatzen zaitut; eta zuk, egidazu niri esnatu behar duzuna esnatzeko fabore santua... Erromatik deitu didate, orain, ez dizut esango nork, ulertzen duzu... Bellodi horrek, banekien nik, gogoratzen?, nazio mailako iskanbila bat harrotu du... Nazio mailakoa, diotsut... Iskanbila bat, ni edo zu bezalako bat erdian harrapatuz gero arazo latzak, latz-latzak ekartzen dituen horietakoa... Badakizu zer zioen gaur arratsaldean Erromako egunkari batek?... Ez dakizu?, zorionekoa zu: ze niri tokatu zait interesatuari entzutea, eta, zin egiten dizut, ikara ematen zuen haserrearen haserrez... Bazegoen argazki bat, orri erdikoa, zerarena... zuk badakizu norena, Mariano Arenaren ondoan... Ez da sinestekoa... Fotomuntaia bat? Bai zera, fotomuntaia: benetako argazki bat! Ongi da: ez zaizu batere inporta?... Zu zara, zu... Ondo asko dakit nik ere guk ez dugula kulparik bere eszelentzia don Marianoren ondoan argazkia egiten uzteko bezain, esan dezagun, inuzentea izan bada... Bai, entzuten dizut...

        Andrea jaiki egin zen ohetik, biluzik eta ezinago ederra; aktoresa ospetsu baten antzera, Chanel N° 5 hutsez jantzita oheratzeko ohitura zuen: horrek bere eszelentziaren zentzuak ernatzeko eta Salóko Errepublikaren egunetan onenak eman zituen jeinu burokratiko hura lozorroan uzteko balio zion. Lumazko ohe-estalki batez eta erdeinuzko ninbo batez bildurik, andreak alde egin zuen, bere eszelentziaren begirada irritsua atzetik zuelarik.

        — Oso ondo —jarraitu zuen bere eszelentziak minutu pare batez entzuten egon ondoren—, hauxe egingo dugu: edo gaur gauean kateatzen didazue don Mariano Arena hau zeruetako Jaunak berak ere gezurtatu ezingo lituzkeen probekin, edota gaur gauean uzten didazue kanpoan, kazetariei gauza batzuk argitzeko atxiki dugula esanda... Errepublikako Fiskalak ikerketen berri baduela eta ados dagoela Bellodirekin? Ai, ene! Hau nahaspila, hau buruhaustea!... Egizue zerbait, orduan... Bai, konturatzen naiz... Baina ba al dakizu zer esan didan oraintxe bertan..., badakizu zeinek..., ba al dakizu zer esan didan? Don Mariano Arena jaun bat dela, eta hemen, bion artean gera bedi, norbait komunistei jokoa egiten ari zaiela... Baina, nongo haizeak ekarri du hona Bellodi hori? Nola arraio bidali dute holako bat hau bezalako inguru batera? Hemen zuhurra izan behar da, ene laguna; sudurra eduki, arimako bakea; horixe behar da... Eta, aldiz, suak eta garrak dakartzan bat bidali... Baina dudarik ez dut, mesedez... Arma nik errespetatzen dut, beneratzen dut... Tira, egizu nahi duzuna —eta eskegi egin zuen telefonoa mailukada batez bezala.

        Beste arazo bat zeukan orain: andrea lasaitzea, benetan konponbide gaitzeko arazoa, bere laneko beste arazoak, izugarri zailak berez, baino gaitzagoa.

 

 

        Egunsentiko argiak soro-zelaiak bustitzen zituen; bazirudien soroetako berde moteletik sortzen zela, harkaitzetatik eta zuhaitz hezeetatik, eta gero, ohartu ezinezko moduan, zeru itsurantz igotzen zela. Gràmoliko chiarchiaro-ak, zentzurik eta arrazoirik gabeak lautada berdetsu hartan, esponja erraldoi bat zirudien, zuloen zuloz beltza, soro-zelaien gainean hazten ari zen argiaz blaituz zihoana. Nekea eta logura, irudizko ispilu sutsu bati lekua egiteko berez iraungi balira bezala, sukar erne bihurtzen diren muga horretara heldua zelarik (halaxe gertatzen da gosearekin, halako batean, bizia denean, janari ikuspena baztertzen duen gose falta erne bat izateraino mehetzen baita), kapitainak hauxe pentsatzen zuen: «Jainkoak esponja bota du hemen», chiarchiaro-aren ikuspegiarekin analogian, giza bihotzean jarriz Jainkoaren borroka eta porrota.

        Erdi txantxetan, eta kapitainak halako herri-esamolde batzuen alderako jakinmina zuela bazekielako, brigadierrak esan zuen:

                — E lu cuccu ci dissi a li cuccuotti:

                a lu chiarchiaru nni vidiemmu tutti.

        Eta berehala kapitainak, jakin-minak menderaturik, esanahia eskatu zion.

        Brigadierrak itzuli zuen:

        — «Eta kukuak esan zien bere kumeei: chiarchiaro-an elkar ikusiko dugu denok» —eta erantsi zuen beharbada denok heriotzan elkar aurkituko dugula esan nahi zuela, chiarchiaro-aren irudia heriotzaren ideia bihurtua zelarik, auskalo zergatik. Kapitainak oso ondo zekien zergatik: eta sukarturik gautxori ugariren bilera bat imajinatu zuen chiarchiaro-an, hegal jotze itsu bat ordu hartako argi itsuan; eta iruditu zitzaion heriotzaren zentzua hori baino irudi beldurgarriago batez ematerik ez zegoela.

        Automobila errepidean utzi zuten, eta bidezidor estu lohitsu batetik hurbiltzen ari ziren orain chiarchiaro-ra. Chiarchiaro-an karabineroak ikusten ziren atzera eta aurrera, eta nekazariren bat ere bazegoen laguntzen, itxuraz.

        Halako batean bidezidorra etxalde batean amaitzen zen, eta alorrak zeharkatu behar ziren S.ko sarjentua, orain oso ondo bereizten zena, keinuka ikerketa zuzentzen ari zen tokira iristeko.

        Entzun ahal izateko bezain hurbil zeudenean sarjentuak oihu egin zuen: «Kapitain jauna, hemen dago; zailxea izango da ateratzea, baina badago», gorpu baten topaketarako gehitxo zen bozkario batez. Baina holakoxea da lan hau, eta hildako bat aurkitzeak, kasu hartan, satisfazioa eta garaipena adierazten zituen.

        Han zegoen: bederatzi metro sakoneko arrakala baten hondoan, soka batez neurtu baitzuten, zuzen eror zedin barri bat jarrita muturrean. Linterna elektrikoen argia, arrakalako hormetan hazten ziren sasiek oztopaturik, apenas iristen zen hondoraino. Baina kiratsa, nahastu ezinezkoa, goraino iristen zen. Karabineroen pozerako, beldur baitziren haietako batek egin beharko zuela, nekazari batek bere burua eskaini zuen soka bati helduta behera jaitsi eta gorpua sokamutur batzuekin lotzeko, nolabait errazago goratu ahal izatearren. Soka asko behar ziren, eta herritik noiz ekarriko zituzten zain zeuden, hara joan baitzen bila karabinero bat.

        Bidezidorraren hasierako basetxera itzuli zen kapitaina soroetatik zehar. Abandonaturik zegoela ematen zuen. Baina etxe bueltan ibilita, chiarchiaro-ra jotzen zuenaren kontrako lekuan, bat-batean zakur bat oldartu zitzaion zuhaitz bati lotzen zuen sokak uzten zion bezain luze; itotzen zuen lepokotik zintzilik bezala geratu zen, amorruz zaunkaka. Kasta gabeko eder bat zen, ile gorrikoa eta ilargi erdi more txikiak zituen begi horixken gainean. Agure bat irten zen ukuilutik hura lasaitzeko.

        — Geldi, Barruggieddu, geldi: lasai, egon lasai —eta gero kapitainari—; Jainkoak dizula egunon.

        Kapitaina zakurrari laztan egitera hurbildu zen.

        — Ez —esan zuen agureak, asaldaturik—, petrala da; ezagutzen ez duenarekin, hasieran igual utziko dio ukitzen, konfiantza har dezan, eta gero hozka egingo dio. Deabrua baino gaiztoagoa da.

        — Eta nola du izena? —galdetu zuen kapitainak, zaharrak lasaitzeko esan zuen izen bitxiagatik jakin-minez.

        — Barruggieddu —esan zuen agureak.

        — Eta zer esan nahi du?

        — Gaiztoa denari esaten zaio.

        — Sekulan ez dut aditu —esan zuen brigadierrak. Eta bertako dialektoan azalpen gehiago eskatu zizkion agureari. Agureak esan zuen beharbada Barricieddu zela izen zuzena, edo Bargieddu beharbada; baina batera zein bestera izan, gaiztakeria esan nahi zuen, agintzen duen baten gaiztakeria; zeren garai batean Barruggieddu edo Bargieddu horiek herrietan agintzen zuten, eta urkamendira bidaltzen zuten jendea, gaiztakeriazko atsegin hutsagatik.

        — Badakit —esan zuen kapitainak—, Bargello esan nahi du, aguazil-burua.

        Nahasturik, agureak ez zuen esan baietz ez ezetz.

        Kapitainak galdetu nahiko zion agureari norbait ikusi ote zuen egun batzuk lehenago chiarchiaro-ra joaten; edota zer edo zer susmagarri ikusi ote zuen alde hartan. Baina aguazil-burua zakurra bezain gaiztoa zela uste zuen bati ez ziola ezer aterako ulertu zuen. Eta agurea ez zegoen oker, pentsatzen zuen kapitainak: mendeak ziren aguazil-buruek hozka egiten zietela bera bezalako gizonei, onenean konfiantza hartzen uzten zieten, agureak esan bezala, eta gero hozka egin. Zer izan ziren, bada, aguazil-buruak, usurpazioaren eta zuzengabekeriaren tresna baino?

        Agurea agurtu eta bidezidorretik barrena errepidera abiatu zen. Bera lotzen zuen soka tenkatuz, zakurrak azken mehatxu bat zaunkatu zuen. «Bargello —pentsatu zuen kapitainak—, bargello ni bezala; nik ere nire soka motza daukat, nire lepokoa, nire amorrua»; eta Barruggreddu izeneko zakurragandik hurbilago sentitzen zen aspaldikoa bai, baina hain aspaldikoa ez zen bargello-engandik baino. «Legearen zakurra», pentsatu zuen bere buruaz; eta gero,«Jaunaren zakurrak», hots, dominikoak, eta «Inkisizioa»; hitz bat, irudimenaren eta historiaren oihartzunak ilun esnatuz kripta huts goibel batean bezala jaitsi zena. Eta penaturik galdetu zuen bere golkoan, berak, legearen zakur fanatiko horrek ez ote zuen zeharkatu kripta haren ateburua. Gogoetak, sortu eta loa berez iraungitzen zen sugarrean deuseztatzen ziren gogoetak.

        C.ra itzuli zen, eta atseden labur bat egiteko bere egoitzara joan baino lehen, Errepublikako Fiskalaren bulegotik igaro zen ikerketaren berri emateko eta Arenaren atxiloketaren luzapena lortzeko, arratsean itaunketa egin nahi baitzion, eskuratutako elementu guztiak elkartu eta bahetu ondoren.

        Kazetariak gaupasan zeuden Justizia Jauregiko eskailera eta pasabideetan. Erleak bezala etorri zitzaizkion gainera, begi mingarriro lehorretan leher egin zioten argazkilarien tximistek.

        — Zertan dira ikerketak?... Don Mariano Arena al da hilketak agindu zituena?... Edo ba al dago beste inor, boteretsuagorik, don Marianoren atzetik?... Aitortu al dute Marchicak eta Pizzucok?... Behin-behineko atxiloketa luzatuko da, ala badago giltzapean sartzeko agindurik?... Ba al dakizu ezer don Mariano eta Mancuso ministrariaren arteko harremanei buruz?... Egia al da Livigni diputatua zure bulegora joan zela atzo?

        — Ez da egia —erantzun zion azken galderari.

        — Baina politikariren baten interferentziarik egon al da don Marianoren alde?... Egia al da Mancuso ministrariak telefonoz deitu zuela Erromatik?...

        — Nik dakidanez —esan zuen ozenki—, ez da egon eta ezin da egon interferentzia politikorik. Atxilotuetako baten eta zenbait politikariren arteko harremanei dagokienez, zuek idazten duzuena baino ez dakit nik. Baina halako harremanik badagoela onartuta ere, nik ez dut zalantzatan jarriko zuen zintzotasun profesionala, ez da nire ardura, oraingoz, harreman horiek kontutan hartzea edo noraino iristen diren ikertzea. Baina baldin eta ikerketan zehar harreman horiek halako tankera berezi bat hartzen badute, legearen arreta pizteko adinakoa, jakina, ez Errepublikako Fiskalak ez neuk ere ez diogu gure eginbeharrei huts egingo...

        Arratsaldeko egunkari batean, honela azaldu zen adierazpen hau, sei zutabetako albiste-buru batez: Bellodi kapitainaren ikerketa Mancuso ministrariaganaino irits liteke.

        Arratsaldeko egunkariak, jakina denez, eguerdia baino lehen kaleratzen dira; eta hegoaldean bazkaltzeko orduan, telefono lineak metxak bezala erre ziren nahastuta zeudenen oihuengatik, azkenik eztanda egiteko Salaparutako eta Vittoriako ardoa edanaz beren estualdien korapiloa askatzen saiatzen ari ziren pertsonen belarrietan, guztiz belarri sentiberak bestalde.

        — Hauxe da arazoa: karabineroek katea baten hiru katebegi dauzkate eskuan. Marchica da lehena: hain tinko heldu diote, non baserri-etxeetan mandoak lotzeko hormetan jartzen diren uztai horietako bat bezalakoa baita...

        — Diego ez da hitz egiten duten horietakoa: galtzak bere lekuan dituen gizona da.

        — Utzi bakean galtzak. Akats bat duzue zuek: ez duzue ulertzen hamar pertsona, edo mila, edo ehun mila hiltzeko kapaz den gizona zitalkume bat ere izan daitekeela... Diegok, sinestu egidazu, hitz egin du; eta bere katebegiari Pizzucorena dago lotuta... Bi aukera daude: Pizzucok hitz egitea, eta hor duzu bereari josirik hirugarren katebegia, hau da, Mariano; Pizzucok hitzik ez egitea: Diegori loturik geratzen da, baina ez oso gogor, eta abokatu on bati ez zaio gehiegi kostako askatzea, eta... eta kito: akabo da katea, Mariano libre dago.

        — Pizzucok ez du hitz egingo.

        — Ez dakit, ene laguna, ez dakit; nik beti gerta daitekeen okerrenarekin ateratzen ditut kontuak. Eman dezagun, orduan, Pizzucok hitz egiten duela: Marianorenak egin du. Alde-aldera botata, nik esango nuke karabineroak orain Pizzucoren katebegia Marianorenari lotzen saiatzen ari direla; eusten badio, bi aukera daude: edo katea Marianorekin amaitzea, edo Mariano, zaharturik eta gaixorik dagoela, bere arrosarioa kantatzen hastea... Eta kasu horretan, ene laguna, katea luzatu eta luzatu egiten da, hainbeste luzatu ere, ni, eta ministroa, eta Zeruetako Jauna ere harrapaturik gerta gaitezkeela... Akabo, ene laguna, akabo.

        — Bihotza pikea bezain beltz jarri nahi didazu... Amabirjina santua! Ez al dakizu nolako gizona den don Mariano? Hilobi bat.

        — Gaztetan zen hilobi bat; orain, aldiz, hilobian hanka bat duen gizona da... Gizona ahula da, dio Garibaldik bere testamentuan; eta beldur zen azken orduko ahulezian bere bekatuak apaiz bati kontatzen hasiko ez ote zitzaion, arantzatsuak baitziren, nonbait, indipikuak bezala... Nik diodana: litekeena da Marianori bere bekatuak kontatzeko ahulezia etortzea, eta ez dira gutxi, gure artean esanda... Eskuartean izan nuen nik, hogeita zazpian, hari buruzko espedientea: liburu hau baino lodiagoa —Bentiniren liburuki bat seinalatu zuen—, eta gaizkiletzari buruzko entziklopedia bat atera zitekeen handik: ez zen ezer falta, a letratik, abere lapurreta, zetara, zartaka jotzea... Espediente hura, zorionez, desagertu egin zen... Ez, ez jarri holako begirik: nik ez nuen zerikusirik izan desagertze horrekin; beste lagun batzuk, ni baino itzal handiagokoak, ibili ziren hiru karten jokoan espediente harekin; bulego honetatik horko horretara, horko horretatik hango hartara...,, eta erregearen fiskalari, gizon izugarria bera, gogoratzen naiz, bere sudurren aurrean desagertu zitzaion... Zakur amorratua bezala jarri zen, gogoratzen naiz, mehatxuak botatzen zituen ezker eta eskubi; eta susmo txarrena hartu zien, gizajoak, zerikusirik batere ez zutenei. Gero erregearen fiskala beste norabait aldatu eta zaparrada hura atertu zen. Ze, ene laguna, hauxe da pasatzen dena: denak doazela, erregearen fiskalak, errepublikakoak, juezak, funtzionarioak, polizia-buruak, kabu nagusiak...

        — Hau da hau, atera duzun atarramendua: kabu nagusiak...!

        — Ez da barre egitekoa, ene laguna; bihotz-bihotzez opa dizut zure aurpegia ez dadin inoiz nahaspilatu kabu nagusi baten buruan... Beraz, kabu nagusiak ere badoaz, eta gu hemen gaude... Bihotzondokoren bat edo beste, ikararen bat edo beste, baina hemen jarraitzen dugu.

        — Baina don Mariano...

        — Don Marianok bere bihotzondoko txikia izan du, bere ikaratxoa.

        — Baina barruan dago oraindik, auskalo zer nolako zigorra jasaten.

        — Ez da ezer jasaten ari, zepoan daukatela edo zartada elektrikoak ematen dizkiotela uste baduzu; pasara dago zepoen garaia; orain karabineroentzat ere bada legea...

        — Legea? Baita zera ere! Duela hiru hilabete...

        — Ahaztu hori: don Mariano Arenaz ari gara... Don Mariano Arenari inork ez dio eskurik ezartzen gainean: itzaleko gizona da, nork babesturik baduena, De Marsico, Porzio eta Delitalaren defentsa, guztiena batera, paga dezakeen gizona... Oso eroso ez da egongo, jakina: kalabozua ez da grand hotel bat, etzalekua gogorra da, konketak goragalea ematen du; eta kafea falta zaio, gaixo halakoa, ordu erdiro kikara bat edaten zuen eta, eta gogorra gainera... Baina hemendik egun batzuetara kanpoan utziko dute, errugabetasunaren argiaz, Gabriel arkaingerua bezala; bere negozioek aurrera jarraituko dtre...

        — Duela momentu bat txanponaren alde bat atera zaigu, gurutzea; orain, aldiz, bestea, burua: nik diot buruak atera behar duela, gauzek bide onetik joan behar dutela; baina gurutzea ere atera daiteke.

        — Burua ateraraziko dugu, eta gurutzea Jesukristorentzat.

        — Ba, orduan, kontutan har ezazu nire aholkua: hormatik uztaia atera behar da lehen-lehenik, Diego askatu beharra dago.

        — Bera ez bada izan zitalkeria egin duena...

        — Bera izan bada ere, atera ezazue hortik. Utzi ezazue ikerketa aurrera joaten, ze, azken finean, talojale» bi horien esku egonda, inork ez du geldiaraziko; utzi ezazue aurrera joaten, utzi amaitzen, utzi ezazue dena juez instruktoreagana iristen; eta, bitartean, koartada bat presta ezazue Diegorentzat, kosk egin nahi dionari hortzak bertan galdu eraziko dizkion horietakoa...

        — Zer esan nahi du horrek?

        — Esan nahi du Colasberna hil zuten egunean, ordu berean, Diego mila miliatara zegoela krimenaren lekutik, eta pertsona guztiz prestuekin, legeak inoiz ukitu ez dituen pertsonekin, inongo juez batek ez baitu eskubiderik haien hitza dudatan jartzeko.

        — Baina aitortu baldin badu...

        — Aitortu baldin badu, esandakoa jango du; karabineroen tortura fisiko edo moralengatik, tortura moralak ere badira eta, egiazkoak ez diren gauzak aitortu ditu; eta karabineroei egindako adierazpenak egiazkoak ez ezik, fantastikoak ere badirela frogatzeko, horra hor Urlia, Sandia eta Berendia, guztiz pertsona fidagarriak, Diegok krimena burutu izana berez ezinezkoa dela esateko. Santu batzuek bakarrik izan dute aldi berean bi leku ezberdin eta urrunetan egoteko dohaina: eta ez dut uste juez batek santu dohain hori aurkituko dionik Diegori... Eta gainera, begira egunkari hau, albiste txiki hau: S.ko hilketetan karabineroek arrasto bati jaramonik ez...

 

 

        Bellodi kapitaina Siziliako egunkariaren arabera, ohiz zuhurra eta segurtasun indarrei gaitzespen ñimiñoenik ere egingo ez liekeena, jaramonik gabe utzitako arrastoarena irakurtzen ari zen. Maitakeriaren arrastoa, jakina, zeinek, gehienez ere, ikerketan zehar bildutako datu egiaztatuen berri ez zekien batentzat, bi krimenetako bat bakarrik azal baitzezakeen, gainerako biak iluntasunik ilunenean utzirik. Beharbada, kazetaria S.ra joan eta don Cicciogana joan zen bizarra moztera, eta irudimena piztuko zion Nicolosiren emaztearen eta Passerelloren arteko amodio kontu horrek. Cherchez la femme, alegia, zioen kazetariak, kazetari ona eta siziliar ona zen aldetik; aldiz, eta agindu bezala eman beharko zioten poliziari, pentsatzen zuen kapitainak, emakumea zertan bilatu ez zegoen Sizilian, beti aurkitzen baitzen azkenean, eta justiziaren kalterako.

        Maitakeriazko krimena, pentsatu zuen Bellodi kapitainak, Sizilian ez da benetako grinatik lehertzen, bihotzaren grinatik; baizik eta nolabaiteko grina intelektual batetik, formalismo —nola esan— juridiko baten alderako grina edo ardura batetik; gure ordenamenduaren auzi mailetan zehar ahulduz joan ahala legeak abstrakziora iritsi, eta formazko gardentasun bat bereganatzen baitute azkenik, non muina, egintzen pisu gizatiarra alegia, alferrekoa den; eta gizonaren irudia indargabetu ondoren, legea legearen ispiluan islatzen da. Ciampa izeneko pertsonaia hark, Pirandelloren «Berretto a sonagli»koak, Kasazio Auzitegi guztiak ahoan bildurik balitu bezala hitz egiten zuen, xehe-xehe arakatzen eta berrosatzen baitzuen forma, muina ukitu gabe. Eta Bellodik Ciampa batekin egin zuen topo C.ra iritsi ondoko lehen egunetan; Pirandelloren pertsonaiaren berdin-berdina, bere bulegora agertua ez egile bila, bikaina izan baitzuen, baizik eta, oraingoan, mintza-lagun zoli baten bila; horregatik hitz egin nahi izan zuen ofizial batekin, iruditzen zitzaiolako brigadierra ez zela bere arabesko logikoa ulertzeko gauza.

        Eta horren arrazoia hauxe zen, pentsatzen zuen kapitainak, familia dela siziliarraren kontzientzian benetan bizirik dagoen erakunde bakarra; baina, bizirik, jatorrizko eta sentimenduzko multzo bezala baino areago, kontratuzko, legezko korapilo dramatiko bezala. Familia da siziliarraren Estatua. Estatua, guretzat Estatua dena, kanpo dago: indarrez egindako erakundea da, izan ere; eta zergak ezartzen ditu, soldadutza, bai eta karabineroa ere. Familia den erakunde horren barruan, siziliarra bere jatorrizko bakardade tragikoaren muga igaro eta elkarbizitzara moldatzen da, harremanen kontratuzko sofisma batez. Gehiegi litzateke familiaren eta Estatuaren arteko muga igarotzeko eskatzea. Beharbada bihotza harrotuko zaio Estatuaren ideiarekin, edo gobernua zuzentzera iritsiko da; baina bere eskubidearen eta eginbeharraren itxura zehatz eta azkena familia izango da, beronek garaipenezko bakardaderainoko igarobide laburragoa onartzen baitu.

        Gogoeta hauek, non literaturak noiz karta egokia noiz faltsua eskaintzen zion haren esperientzia laburrari, hausnartzen ari zen Bellodi kapitaina bere bulegoan Arena noiz ekarriko zioten zain zegoen bitartean. Eta mafia zerabilen burutan, eta mafia nola moldatzen zen berak taxutua zuen eskemara, brigadierrak don Mariano Arena sarrarazi zuenean.

        Kapitainagana joan aurretik, don Marianok bizargina eskatu zuen, eta karabinero batek aitzur pasara bat eman zion, benetan gozagarria; eskua pasatzen zuen orain aurpegi gainetik, gustura azken bi egunetan pentsamenduek baino gehiago gogaitu zuen bizarra, lija bezain gogorra, aurkitzen ez zuelako.

        Kapitainak «Eseri» esan, eta don Mariano eseri egin zen, bere betazal astunen azpitik tinko begiratzen ziola: adierarik gabeko begirada zen, bat-batean buru mugimendu batez itzali zena, begi-niniak gora eta barrura sartu izan balira bezala zirtada mekaniko batez.

        Calogero Dibella, goitizenez Parrinieddurekin inoiz harremanik izan al zuen galdetu zion kapitainak.

        Harreman zeri deitzen zion galdetu zuen don Marianok: elkar ezagutze hutsari, adiskideak izateari, elkarren arteko interesei...

        — Zerorrek aukeratu —esan zuen kapitainak.

        — Egia bat bakarra da, eta ez dago zer aukeraturik: ezagunak baino ez gara.

        — Eta zer iruditzen zitzaizun Dibella hori?

        — Zuhurra iruditzen zitzaidan. Oker txikiren bat, gaztea zenean; baina orain bide zuzenetik zihoala iruditzen zitzaidan.

        — Lan egiten zuen?

        — Nik baino hobeto dakizu zuk.

        — Zuk esanda entzun nahi dut.

        — Aitzurrarekin lan egiteaz ari bagara, bere aitak horretan jarri nahi zuen eta, Dibellak zuk edo nik adina lan egiten zuen... Beharbada buruaz egiten zuen lana.

        — Eta zer nolako lana egiten zuen, zure ustez, buruaz?

        — Ez dakit; ezta jakin nahi ere.

        — Zergatik?

        — Ez zaidalako interesatzen; Dibella bere bidetik zihoan, ni neuretik.

        — Zergatik diozu «zihoan».

        — Hil dutelako... Zuk karabineroek etxera bidali baino ordubete lehenago jakin nuen.

        — Egia esan, karabineroak Dibellak bidali zizkizun etxera.

        — Burua nahastu nahi didazu zuk, ordea.

        — Ez; eta hil baino ordu gutxi lehenago Dibellak zer idatzi zuen erakutsiko dizut —gutunaren kopia fotografikoa erakutsi zion.

        Don Marianok hartu eta besoa bezain luze urrutiratuz begiratu zuen. Gauzak urrutitik ondo ikusten zituela zioen.

        — Zer iruditzen zaizu? —galdetu zuen kapitainak.

        — Ezer ez —esan zuen don Marianok, fotografia itzuliz batera.

        — Ezer ez?

        — Ezertxo ere ez.

        — Ez zaizu iruditzen salaketa bat denik?

        — Salaketa bat? —esan zuen harriturik don Marianok—. Niri ezer ez dela iruditzen zait: paper zati bat, nire izena duena.

        — Beste izen bat ere badago.

        — Bai: Rosario Pizzuco.

        — Ezagutzen duzu?

        — Herri guztia ezagutzen dut.

        — Baina Pizzuco bereziki?

        — Bereziki ez; beste hainbat bezala.

        — Ez duzu negozio harremanik Pizzucorekin?

        — Utzidazu galdera bat egiten: nolako negozioak ditudala uste duzu?

        — Asko, eta era askotakoak.

        — Nik ez dut negoziorik: errentaz bizi naiz.

        — Ze errenta?

        — Lurra.

        — Zenbat hektarea dituzu?

        — Hogeitabi salma eta...: laurogeita hamar hektarea, esan dezagun.

        — Errenta ona ematen dute?

        — Ez beti: urte batean bai, bestean ez...

        — Bataz beste, ze etekin eman dezake zure lur hektarea batek?

        — Nere lurren parte handi bat larre uzten dut: belarretarako... Ezin, ba, esan hektarea bakoitzeko zenbat ematen duen larre utzitako lur horrek; esan dezaket zer ematen duten ardiek... Gutxi gorabehera, milioi erdia... Gainerakoa, gariak, babak, almendrak eta olioak, urtea nolakoa den...

        — Zenbat hektarea dauzkazu lur landuan?

        — Berrogeita hamar, hirurogei hektarea.

        — Orduan, nik esango dizut zenbat ematen dizuten hektarea bakoitzeko: milioitik behera ez.

        — Txantxetan ari zara.

        — Ez, ba; zerorri ari zara txantxetan... Lurraz aparte beste errenta biderik ez duzula esaten didazu eta; ez zabiltzala industri edo merkatal negozioetan... Eta nik sinesten dizut: eta horregatik pentsatzen dut joan den urtean hiru banku ezberdinetan sartu zenituen berrogeita hamalau milioiak beste banku batzuetan aurretik sartu eta gero handik ateratako dirua ez denez gero, zure lurretatik atera dituzula, eta ez beste inondik. Hektarea bakoitzeko milioi bat, beraz... Eta aitortzen dizut nekazal peritu bati galdetu nionean barri eta zur geratu zela; ze bere iritziz inguru hauetan ez dago lurrik hektarea bakoitzeko ehun mila liratik gorako errenta eman dezakeenik. Oker dagoela uste al duzu?

        — Ez dago oker —esan zuen don Marianok, kopetilun.

        — Orduan, okerreko oinarekin hasi gara ibiltzen... Goazen atzera berriz: nondik datoz zure errentak?

        — Ez goaz atzera, inondik inora ere: nahi dudan bezala mugitzen dut neure dirua... Gauza bat bakarra zehaztu behar dut: ez dudala beti bankuan gordetzen, batzuetan adiskideei mailegua egiten diet, diru-agiririk gabe, uste onean... Eta kanpoan neukan diru guztia joan den urtean itzuli zidaten, eta bankuetan sartu nuen gero.

        — Eta han baziren beste diru-sarrera batzuk, zure izenean eta zure alabarenean...

        — Aita batek seme-alaben geroaz pentsatu beharra dauka.

        — Zuzena baino zuzenagoa, bai; eta zuk aberastasunezko geroa segurtatu diozu alabari... Baina ez dakit nik zure alabak zuzentzat hartuko ote lukeen aberastasun hori segurtatzeko egin duzuna... Badakit oraingoz Lausanneko barnetegi batean dela: oso garestia eta ospetsua... Seguru aski oso aldatuta topatuko duzu: ondo hezia, zuk mespretxatzen duzun guztiarekin bihozpera, zuk errespetatzen ez duzun guztiaganako errespetuz betea...

        — Utzi bakean nire alaba —esan zuen don Marianok, amorruzko eztenkada batek kizkurtzen zuelarik. Eta gero, berriz lasaiturik, bere buruari adore eman nahian bezala:

        — Ni bezalakoa dut alaba.

        — Zu bezalakoa?... Espero dut ezetz; bestetik ere, denetarik egiten ari zara alaba zu bezalakoa izan ez dadin, bestelakoa izan dadin... Eta hain bestelakoa izanda, alaba ez duzu ezagutuko egunen batean, eta orduan ordainduta izango duzu, nolabait, indarkeria eta amarrukeriaren gainean eraiki duzun aberastasunaren prezioa...

        — Sermoia botatzen ari zara.

        — Arrazoia duzu... Sermoilaria entzuteko elizara joaten zara zu, eta hemen polizia aurkitu nahi duzu: arrazoia duzu... Hitz egin dezagun, ba, zure alabaz, zenbat diru kostatzen zaizun, zenbat diru ari zaren pilatzen bere izenean... Diru asko, piloa; jatorria, esan dezagun, dudazkoa duena... Begira, hona hemen bankuetan zure izenean eta alabaren izenean dauden fitxen kopia fotografikoak. Ikusten duzunez, ez dugu zure herriko sukurtsaletan bakarrik ikertu: Palermoraino iritsi gara... Diru asko, piloa... Nondik datorren azaltzerik baduzu?

        — Eta zuk? —galdetu zuen epel-epelean don Marianok.

        — Ahaleginduko naiz: borren misterio handiz pilatzen duzun diru horretan ni ikertzen ari naizen krimenen arrazoiak bilatu behar direlako; eta arrazoi horiek, hiltzeko agindua emateaz akusatuko zaitudan auzibideetan argitu behar dira, nolabait... Ahaleginduko naiz... Baina haziendari ere azalpenen bat eman beharko diozu, hazienda-bulegoetara bidaliko ditugu orain datu hauek...

        Don Marianok axolarik eza adierazi zuen keinu batez.

        — Badugu gainera zure errenta-aitorpenaren eta zor-agiriaren kopia bana: aitortu duzun errenta...

        — Nerea bezalakoxea da —sartu zen brigadierra—. ... eta zergatan ordaindu duzu...

        — Nik baino gutxixeago —berriz ere brigadierrak.

        — Ikusten? —esan zuen kapitainak—. Badira gauza asko argitu beharrekoak, zerorrek azaldu beharrekoak.

        Axolarik eza adierazi zuen berriro don Marianok keinu batez.

        «Puntu honetan egin beharko litzateke indar —pentsatu zuen kapitainak—. Alferrik da honelako gizon bat kode penalean txertatzen saiatzea: ez da inoiz froga nahikorik izango, gizon prestuen eta zitalen isiltasunak babestuko du beti. Eta alferrik da, eta arriskutsua gainera, eskubide konstituzionalak indargabetzearen atzetik ibiltzea. Beste Mori bat berehala bihurtuko litzateke politika eta elektoralismorako tresna; erregimenaren besoa baino gehiago, erregimenaren alderdi baten besoa: Mancuso-Livigni alderdiarena, edo Sciortino-Caruso alderdiarena. Hemen zerga beharrak ez betetzearen zuloan harrapatu beharko litzateke jendea, Ameriketan bezala. Baina ez bakarrik Mariano Arena bezalako pertsonak; eta ez bakarrik hemen, Sizilian. Bankuen gainera erori beharko litzateke, bat-batean; enpresa handi eta txikien kontratuetan aditu baten eskua sartu, kontu bikoitzak izan ohi baitira; katastroak aztertu berriz. Eta azeri horiek guztiek, zahar eta berri, familia handi hartako, hau da, erregimeneko kiderik arduratsuenen ideia politiko, joera edo desadostasunen atzetik, eta familiaren auzokoen atzetik, eta familiaren etsaien atzetik usaimena alferrik galdu beharrean, hobe lukete halako funtzionario batzuen txalet, punta-puntako automobil, emazte eta maitaleen inguruan jarriko balira usnatzen, aberastasun seinale horiek soldatekin konparatu eta haien ondorioak ateratzen. Horrela bakarrik ibiliko litzaieke oin azpiko lurra ikaran don Mariano bezalako gizonei... Munduko beste edozein herritan gogor zigortuko litzateke nik atzeman dudanaren antzeko iruzur fiskala; hemen, ordea, don Marianok bapo egiten dio barre horri, badakielako ez zaiola asko kostako kartak nahaspilatzea».

        — Ikusten dudanez, Haziendaren ikerketak ez zaitu kezkatzen.

        — Ni ez naiz inoiz ezertaz kezkatzen —esan zuen don Marianok.

        — Nolatan hori?

        — Ni ezjakina naiz; baina dakizkidan bi edo hiru gauzekin nahikoa daukat: lehena, sudur azpian ahoa daukagula, hitz egiteko baino gehiago jateko...

        — Nik ere badaukat ahoa sudur azpian —esan zuen kapitainak—, baina seguru egon zaitez, siziliarrok gobernuaren ogia deitzen duzuen hori besterik ez dudala jaten.

        — Badakit; baina zu gizaseme bat zara.

        — Eta brigadierra? —galdetu zuen zorrotz kapitainak, D'Antona brigadierra seinalatuz.

        — Ez dakit —esan zuen don Marianok, brigadierra miatuz brigadierrarentzat gogaikarria zen arreta batez.

        — Nik —jarraitu zuen don Marianok— munduarekin halako eskarmentu bat badaukat; eta gizateria deitzen dugun hori... eta ahoa harropuztu egiten zaigu gizateria, haizez betetako hitza, esatean, nik bost kategoriatan banatzen dut: gizasemeak, erdi gizonak, gixonak, ipurtzulokoak (errespetu osoz), eta kuakuarakuak... Gizasemeak oso gutxi, erdi gizonak gutxi, eta pozik egongo nintzateke gizateria erdi gizonetan geratuko balitz... Baina ez, oraindik beherago jaisten da, gixonenganaino, handi usteko umeak bezalakoak, hauek; helduek egiten dituzten keinu guztiak egiten dituzten tximinoak... Eta beherago oraindik: ipurtzulokoak, ejerzito bat izatera iristen ari direnak... Eta, azkenik, kuakuarakuak, ahateekin putzuetan bizi beharko luketenak, haien bizitzak ez duelako ahateenak baino zentzu edo agertzeko modu gehiagorik... Zu, Kristo bat bezala paper hauetara josten banauzu ere, zu gizaseme bat zara...

        — Baina zu ere —esan zuen kapitainak halako zirrara batez. Eta mafiako capo batekin arma-agur bat elkarri egiteagatik bat-batean sentitu zuen ondoezaren medioz, bere burua zuritzearren pentsatu zuen eskua estutu ziela, nazioaren jai baten harrabotsean, eta tronpeta eta banderez inguraturik, nazioaren ordezkari gisa, Mancuso ministrariari eta Livigni diputatuari; haien aldean, ordea, don Marianok gizasemea izateko alde ona zeukan. Moralaz eta legeaz harantzago, errukiaz harantzago, giza energiazko masa irredento bat zen, bakardadezko masa bat, borondate itsu tragiko bat: eta itsu batek bere buruan gauzen mundua, ilun eta itxuragabe, nola berrosatzen duen, halaxe berrosatzen zuen don Marianok sentimenduen, legeen, giza harremanen mundua. Bestelako usterik eduki al zezakeen munduaz, bere inguruan zuzenbidearen ahotsa indarrak ito eta gertakarien haizeak hitzen kolorea aldatu besterik egin ez zuelarik errealitate mugiezin eta ustel batean?

        — Zergatik naiz gizaseme bat, eta ez erdi gizona, edota kuakuarakua bat? —galdetu zuen gogortasun sumin batez.

        — Zure postu horretatik —esan zuen don Marianok— erraza delako gizon bat zapaltzea; zuk, aldiz, errespetua azaltzen duzu... Zure lekuan eta brigadierraren lekuan dauden pertsonek heriotza bera baino okerragoko irainak egin zizkidaten duela urte asko: zu bezalako ofizial batek jo eta matrailekoa eman zidan; eta behean, kalabozuan, sarjentu batek bere puruaren txingarraz oin azpiak erre, eta barre egiten zuen... Eta hauxe diotsut nik: lo egiterik ba al dago horrelako irainak jaso direnean?

        — Nik, orduan, ez zaitut iraintzen.

        — Ez; zu gizaseme bat zara —baieztatu zuen berriz don Marianok.

        — Eta gizasemeen gauza iruditzen zaizu beste gizon bat hiltzea edo hiltzeko agintzea?

        — Nik inoiz ez dut horrelako ezer egin. Baina zuk galdetzen badidazu, denbora-pasa moduan, bizitzako gauzez berriketan egiteko bezala, ea gizon bati bizitza kentzea zuzena ote den, nik esango dizut lehenago ikusi egin behar dela gizona ote den...

        — Gizona al zen Dibella?

        — Kuakuarakua bat zen —esan zuen mespretxuz don Marianok; mingaina askatu zaio, eta hitzak ez dira txistua jo eta berriz atzera etortzen diren zakurrak bezalakoak.

        — Eta zuk bazenuen motibo berezirik horrela sailkatzeko?

        — Bat ere ez, apenas ezagutzen nuen.

        — Baina, hala ere, zuzen jo duzu; eta funtsezko arrazoiren bat egongo da... Beharbada bazenekien zelataria zela, karabineroen salataria...

        — Horrek ez ninduen kezkatzen.

        — Baina bazenekien...

        — Herri osoak zekien eta!

        — Gure informazio iturri sekretuak! —esan zuen kapitainak ironiaz, brigadierrari begiratzeko jiratuz. Eta don Marianori begiratuz:

        — Eta beharbada adiskideei zerbitzu batzuk egiten zizkien guri halako isilpeko batzuk pasatuz... Zer diozu horretaz?

        — Nik ez dakit.

        — Baina behin gutxienez, duela hamar egun, Dibellari informazio zuzen batek ihes egin zion: bulego honetantxe, eserita zauden leku berean... Nondik nora jakin duzu zuk?

        — Nik ez dut jakin: eta jakinez gero ere, horrek ez zidan burua berotuko ez hoztuko ere.

        — Beharbada, Dibellak zugana jo zuen okerra aitortzera, damuak eraginda...

        — Beldurrak jotzen zuen pertsona zen, ez damuak: eta ez zeukan niregana zertan etorririk.

        — Eta zu, damutzen zaren gizona zara?

        — Ez damutzen eta ez beldurtzen, inoiz ez.

        — Zure adiskide batzuek diote oso elizkoia zarela.

        — Elizara joaten naiz, dirua bidaltzen dut umezurtz etxeetara...

        — Nahikoa da, zure ustez?

        — Nahikoa da, noski: Eliza handia da bakoitza bere kasa dagoelako barruan.

        — Ebanjelioa ez al duzu inoiz irakurri?

        — Igandero entzuten dut irakurtzen dutenean.

        — Zer iruditzen zaizu?

        — Hitz ederrak: Eliza oso-osoki da ederra.

        — Ikusten dudanez, edertasunak ez du zerikusirik egiarekin, zure ustez.

        — Egia putzu baten azpian egoten da: putzura begiratu eta han ikusiko dituzu eguzkia edo ilargia; baina bota barrura zeure burua, eta ez eguzki eta ez ilargi, egia bai ordea.

        Brigadierra nekatzen hasia zegoen; harritegi kiskali batean barrena, ehiza arrastorik bat ere igartzen ez den lekuan ehiztariaren atzetik ibili beharra duen zakurraren antzera sentitzen zen. Bide luze bihurri bat: hildakoak agertu besterik ez, eta zirkulua zabaltzen zuten berehala: Eliza, gizateria, heriotza. Sozietateko berriketa, alajaina: eta kriminal batekin gero...

        — Zuk gizon askori lagundu diezu —esan zuen kapitainak— egia putzu baten azpian aurkitzen.

        Nikelezko txanponak bezain begi hotzak jarri zizkion don Marianok. Ez zuen ezer esan.

        — Eta Dibellak egia aurkitu zuen —jarraitu zuen kapitainak— zure izena eta Pizzucorena idatzi zituenean...

        — Erokeria aurkitu zuen, ez egia.

        — Ez zegoen erotuta... Azkar etorri erazi nuen Colasberna hil ondoren; banituen ordurako informazio anonimo batzuk hilketa hori halako interes batzuekin lotzen uzten zidatenak... Banekien proposamenak eta mehatxuak egin zizkiotela Colasbernari, tiroa eta guzti egin ziotela, baina abisu moduan bakarrik; eta Dibellari galdetu nion ea ba ote zeukan Colasbernari proposamenak eta mehatxuak nork egin zizkion esaterik. Izuturik zegoen, baina ez arrasto bakar eta zuzen bat emateko bezain izuturik, eta bi izen eman zizkidan: bietatik bat, geroago frogatu nuen bezala, ni nahasteko... Baina nik babestu nahi nuen; eta, bestalde, Dibellak adierazitako biak ezin nituen atxilotu: oker bat izango zen; haietako bat bai, seguru, elkarren kontrako diren cosca banatakoak zirelako; eta besteak, Pizzucok edo La Rosak, zerikusirik ez zuen izango, argi eta garbi... Bitartean, parte eman zuten Nicolosi desagertu zela, eta harrituta geratu nintzen halako kointzidentzia batzuekin... Eta Nicolosik ere izen bat utzi zigun, desagertu baino lehen. Eta atzaparra bota genion Diego Marchica delako bati; zuk ezagutzen duzu, noski. Eta honek aitortu zuen...

        — Diegok? —lehertu zen don Mariano, sinesgogor.

        — Diegok —baieztatu zuen kapitainak; eta aitorpena irakurtzeko agindu zion brigadierrari.

        Don Marianok arnasestuak eragindakoa zirudien hasperen batez aditu zuen irakurritakoa; baina amorruak eragiten zion, ordea.

        — Ikusten duzunez, Diegok arren egitera behartu gabe ekarri zigun Pizzuco, eta Pizzucok zu...

        — Ni Jainkoak ere ez nau ekartzen zuengana —esan zuen don Marianok etsi-etsian.

        — Estimu handitan daukazu Pizzuco —kapitainak, aho betean.

        — Nik ez dut inor estimatzen, baina denak ezagutzen ditut.

        — Ez dizut etsi erazi nahi Pizzucorekin, Diegorekin etsipen handia hartu duzu eta.

        — Kabroi bat da —esan zuen don Marianok, goragale geraezin batek aurpegia aldatzen ziolarik: ustekabean amore ematen zuelako seinale izan zen hura.

        — Ez zara oso zuzena, ez zaizu iruditzen? Diegok ez zaitu seinalatu ere egin.

        — Eta zer zerikusirik daukat nik?

        — Zergatik haserretu orduan, zerikusirik ez badaukazu?

        — Ez naiz haserre; pena daukat Pizzucorengatik, behar bezalako gizona delako... Urduri jartzen naiz zitalkeria ikusi orduko.

        — Fede eman dezakezu Pizzucori buruz Marchicak esandako guztia erabat gezurra dela?

        — Nik ezin dut ezeren federik eman, ezta sos baten ordainagiriarena ere.

        — Baina ez duzu uste Pizzuco erruduna denik.

        — Ez dut uste.

        — Baina Pizzucok berak aitortu eta zurekin elkar hartuta ibili dela esango balu?

        — Burutik dagoela esango nuke.

        — Ez zenion zuk enkargatu Pizzucori Colasberna, onez edo gaiztoz, bere lekuan jartzeko?

        — Ez.

        — Ez duzu partaidetzarik edo interesik eraikuntza-enpresetan?

        — Nik? Ezta ametsetan ere!

        — Ez zenuen zuk gomendatu Smiroldo enpresa kontrata handi baterako, zure gomendioari esker, ohi ez bezalako moduan, beste zerbait ez esatearren, lortu ondoren?

        — Ez... Bai, baina nik gomendioak milaka ematen ditut.

        — Nolakoak?

        — Era guztietakoak: kontratetarako, bankuko lanpostuetarako, batxiler titulurako, diru-laguntzetarako...

        — Nori zuzentzen dizkiozu zure gomendioak?

        — Zerbait egin dezaketen adiskideei.

        — Baina, normalean, nori?

        — Adiskide hobea denari; eta gehiago egin dezakeenari.

        — Eta ez duzu inolako bentajarik ateratzen, inolako probetxurik, inolako esker onik?

        — Adiskidetasuna ateratzen dut.

        — Hala ere, noizean behin...

        — Noizean behin, Gabonetan, cassata-ren bat erregalatzen didate.

        — Edo txekeren bat: Martini kontadoreak, Smiroldo fabrikakoak, dirutza handiko txeke bat gogoratzen du, Smiroldo injineruak zure izenean luzatua; txekea eskuetatik pasa zitzaion... Beharbada, lortutako kontrata handiagatik esker ona baino ez zen, edota jaso al zuen zure aldetik beste zerbitzurik enpresa hark?

        — Ez naiz gogoratzen; zor bat izango zen igual.

        — Atxilotuko dugu Smiroldo injinerua, gogoratzen ez zarenez gero.

        — Ondo da; horrela ez dut gogoratzeko ahaleginik egin beharko... Zaharra naiz, oroimenak batzuetan huts egiten dit.

        — Eskatu nezake zerbait gogoratzen saiatzeko, oraintsuagoko gauza bat?

        — Esan, ba.

        — Monterosso-Falcone errepiderako kontrata; alde batera utzita erabat alferrekoa den errepide baterako finantzamendua lortu zenuela, ez hanka eta ez bururik ez duen ibilbidea baitu, eta finantzamendua zuk lortu zenuela jakiteko froga badugu: horren meritua zuri ematen dizun bertako korrespontsal baten artikulua; hori alde batera utzita, diot, Fazello enpresak ez dizu zuri zor kontrata eskuratu izana? Horixe esan dit niri Fazello jaunak, eta ez dut uste gezurra esateko motiborik zuenik.

        — Ez zuen.

        — Eta ez al zizun, nola edo hala, esker ona erakutsi?

        — Horixe baietz! Hona etorri da istorioa salatzera; nahikoa ordaindu dit, eskupekoa eta guzti.

 

 

        La Missione kaleko sarreran jaso zituzten gonbite-txartelak batzarra hasi baino ordubete lehenago. Galerian gora eta behera ibili ziren, Berardo kafetegiaren inguruan, eta kioskoetako aldizkariak begiratzen gelditu. Erroma sorgindurik zegoen itxaronaldi argitsu gozo batean, autoen dizdirek eta trolebusen kirrinka luzeak apenas hunkitzen zuten paseatze pausatu batean. Egunkari saltzaileen ahotsak, egunkari saltzaileek «krimenak» hitzarekin batera oihuka esandako haien herriaren izenak irreal eta urrun entzuten ziren. Baziren bi egun herritik joan zirela; bi penalista handirekin hitz egin zuten, ministrari batekin, bost edo sei diputaturekin, polizia bila eduki arren Testaccio aldeko ostatu eta kafetegietan Erromako urrezko aisiaz gozatzen ziren hiruzpalau gaizkilerekin; lasai samar zeuden, eta diputatuak Montecitorio bisitatu eta gobernuak Siziliako ordena publikoari buruzko galderei erantzungo zien batzarrera joateko eginiko gonbidapena egun gorabeheratsu bat amaitzeko modurik ederrena iruditu zitzaien. Arratsaldeko egunkariek zioten Marchica, Pizzuco eta Arena atxilotuei prebentziozko presondegi zigorra ezarri zietela; Errepublikako Fiskalak eman zuen agindua. Kazetariek usaindu zutenaren arabera, Marchicak hilketa bat aitortu eta bestea Pizzucori leporatu zion; Pizzucok onartu zuen nahi gabe parte hartu zuela Marchicak burututako bi hilketetan: bi hilketa, eta ez bat Marchicak aitortu bezala; eta Arenak ez zuen ezer onartu, eta ez Marchicak ez Pizzucok ere ez zuten salatu haiekin elkar hartuta zegoenik. Errepublikako Fiskalak, ordea, aginduak eman zituen Marchicari aurrez prestaturiko hilketa leporaturik, Pizzucori aurrez prestaturiko hilketa eta hiltzeko agindua, eta Arenari hiltzeko agindua. Egoera itsusia, baina Erromatik ikusita, hiria xaboi-burbuila baten airezko askatasun zoriontsuan berriz sortzen zuela zirudien ordu hartan, emakumeen eta eskaparateen koloreez irisaturiko ordu hartan, bazirudien atxilotzeko agindu haiek, kometak bezain arin, Zutabe Antonino gainera igotzen zirela tiobiboetan jolas egitera.

        Ordua zen ia. Lurpeko pasabidean sartu ziren biak; eta jendearen joan-etorri ñabar hartan, biziagoa eskaparateetako argi fluoreszente gordinagatik, haiek, beren beroki beltzak jantzirik, S.ko patroiarena bezalako beren aurpegi beltzez, dolu zeinuez, emakume ederrak pasatzean seinale eta diosal moduan elkarri ematen zizkioten ukondokaden hizkera isilaz, beren pausaje arinaz, jendeari atentzioa eman zioten une batez. Kartera lapur baten atzetik zihoazen poliziatzat hartzen zituzten gehienek; eta, aldiz, hegoaldeko arazo zati bat ziren, biak elkarrekin.

        Kamerako ujierrek errezeloz begiratu zieten, txartelak elkarri pasa zizkioten, nortasun agiriak eskatu zizkieten; berokiak eranztera gonbidatu zituzten gero. Azkenik, palko batera lagundu zituzten, teatroetakoa bezalako palko batera; aretoak, ordea, ez zirudien teatro batekoa zenik; burua hartarantz agertu zuten inbutu erraldoi baten ertzetik bezala: han, behean, inurritegi goibel isuri bat. Argia, beren herrian halako ekaitz batzuk iragartzen dituena bera, hodeiak, Saharako haizeak bultzaturik, irakite motel batean elkarturik, harea eta urezko argia iragazten zutenean; argi bat harrigarria, gauzei zetazko gainazala ematen ziena.

        Ezkerra, zentroa eta eskubia, kontzeptu abstraktuak beren gogoan, Kamerako topografia zehatzean eta beren aurpegi ezagunenetan mamitu baino lehen, denbora apur bat behar izan zuten. Togliattiren aurpegia egunkari baten atzetik azaldu zenean jakin zuten ezkerra zeukatela parean. Konpas baten zehaztasun geldiaz, zentrorantz jiratu zuten begirada; duda-muda batez markatu zuten Nenniren aurpegia, baita Fanfanirena ere; eta hor zegon ikuskizuna zor zioten onorevole jauna, bazirudien haiei begiratzen ziela, eta agur keinu bat egin zioten; baina onorevole jauna ez zen konturatu, batek jakin zeri begiratzen zion bere gogoetetan. Ordenantzen mugimenduak harritzen zituen gehien, etengabe ari baitziren eserleku batetik bestera; areto osoari ehundegiko mugimendu mekaniko moduko zerbait ematen ziola zirudien. Eta murmurio bat iristen zen gora, berdin eta jarraitua, eserlekuek osatzen zuten anfiteatroan banaka eta beren gogoan murgildurik zeuden pertsona talde horiek hor egoteari baino areago, aretoko hutsuneari zor zitzaiona, itxuraz.

        Zintzarri baten hotsa aditzen zen noizean behin. Gero ahots bat irten zen azalera hareazko argi hartan, olio mantxa baten antzera altxatzen zela zirudien aretoko murmurio gero eta ozenagoan. Ahots haren iturria atzeman ezinik zeuden, harik eta beren begiak zintzarriari eragiten zion mahaiburuagandik itxuraz gobernuarena zen eserlekuraino jaitsi ziren arte, han eserita baitzegoen, hizketan ari zen gizonaren ondoan, Pella ministraria.

        — Ministraria nahi dugu —oihu egin zuten ezkerreko eserlekuetatik.

        Mahaiburuak zintzarriari eragin zion; esan zuen ministrariak ezin izan zuela, idazkariordea hantxe zela, berdin zela horrela, utz zezatela hitz egiten, inork ez zuela Kamerari lotsa galdu nahi izan. Baita alferrik esan ere!

        — Ministraria, ministraria —jarraitu zuten oihuka ezkerraldetik.

        — Jainkoarren, utzazue hitz egiten —esan zuen bi ikusleetako batek, baina lagunaren belarri ertzera bakarrik.

        Hitz egiten utzi zuten.

        Idazkariordeak esan zuen, Siziliako ordena publikoaren egoerari zegokionez, gobernuak ez zuela ikusten kezkatuta egoteko aparteko motiborik.

        Protesta hotsak ezkerrean. Moteltzear zeuden eskumatik ahots batek oihu egin zuenean:

        — Duela hogei urte ateak zabal-zabalik lo egiten zen Sizilian.

        Diputatuak zutitu eta oihuka hasi ziren, ezkerretik zentroraino ia. Biek burua agertu zuten haien azpian, zezen ahotsez erantzuten ari zen faxista hura ikustearren:

        — Bai, duela hogei urte bakea zegoen Sizilian, eta zeuek hautsi duzue —eta Fanfanigandik hasita Togliattiganantz jiratu zuen eskua, hatz erakuslea salaketa gisa luzaturik.

        Biek ikusten zituzten kaska motz eta esku salatzaile haiek; «Buruan daramazkian adarren bakea», murmuratu zuten biek batera.

        Zintzarriak hots luze eta eroa egin zuen. Idazkariordea berriz hasi zen hizketan. Esan zuen S.ko gertakariei buruz, diputatuek eginiko galderei zegokienez, gobernuak ez zuela ezer esatekorik, ikerketa judiziala hasia baitzen; nolanahi ere, gobernuak uste zuen gaizkile arrunten ekintzak zirela gertakari haiek, galdera egindako diputatuen ikuspegia bazterturik; eta harrotasunez eta erdeinuz ukatzen zuen, gobernuak alegia, ezkerrak bere egunkarietan hitz erdika aditzera ematen zuena, hau da, Parlamentuko kideren batzuek, bai eta gobernukoek ere, harreman txikienik zutela mafia delakoaren elementuekin; mafia lion, gobernuaren iritziz, sozialkomunisten buruan baino ez baitzegoen.

        Ezkerrak, diputatuz bete-bete eginda, protesta trumoi bat altxarazi zuen. Diputatu garai, buruzuri bat, soila ia, bere eserlekutik jaitsi eta gobernuarenerantz abiatu zen. Hiru ordenantza topatu zituen aurrez aurre. Hainbesterainoko irainak jaurtiki zizkion oihuka idazkariordeari, non bi ikusleek «Labanak aterata amaituko ditek hemen» pentsatu baitzuten. Zintzarria erotua zegoen. Kilkerraren antzera eskumatik jauzi eginda, diputatu kaskamotza areto erdian geratu zen; beste ordenantza batzuk atera ziren korrika hura bertan geldiaraztearren. Ezkerrerantz oihukatu zituen bere irainak. «Astakirten» hitzak multzoka egin zuten hegan, bata bestearen gainetik, buru sendoa doi-doi ikutzen zutelarik, indioen geziek Buffalo Billen buruari bezala.

        «Karabinero batailoi bat beharko duk hemen», pentsatu zuten biek, bizitzan lehen aldiz onartzen zutelarik karabineroek zerbaitetarako balio zezaketela.

        Onorevole jauna zegoen aldera begiratu zuten. Lasai zegoen; berari begira zeudela ohartu eta, irribarretsu, agur egin zien eskuaz.

 

 

        Parmako arratsalde grinagabea zen hura, harrez gero urruntasun, oroipen, esanezinezko samurtasun zen argi unatu batek hunkitua. Bellodi kapitaina, ordurako oroimenean ispilaturiko dimentsio batean bezala, bere hiriko kaleetan zehar zebilen; eta presente eta bizirik zuen, heriotza eta bidegabekeriazko zama, Sizilia urruna.

        Boloniara deitu zioten auzi batean aktagile moduan testigantza emateko; eta auzia amaitu ondoren ez zeukan adorerik Siziliara itzultzeko, bere nerbio nekatuei ohiz baino gozo eta lasaigarriagoa iruditu zitzaiolarik Parman oporraldi bat egitea, familiaren ondoan. Hala, bada, baimena eskatu zuen gaixotasunagatik, eta eman ere egin zioten, hilabetekoa.

        Orain, baimen epearen erdian ia, D'Antona brigadierrak burutazio on batez bidali zion bertako egunkari sorta batek jakinarazten zion ukaezinezko koartada batzuen putzaldiaz kartaz eginiko gaztelu baten antzera behea jo zuela berak S.ko gertakariekin arreta handiz eginiko berreraikuntza. Edo hobe esanda, koartada bakarra aski izan zen behea jo erazteko: Diego Marchicarena. Itzalik gabeko pertsona batzuek, guztiz tatxagabekoek eta beren maila sozial eta kulturalagatik erabat agurgarriek aitortu zioten juezari ezinezkoa zela Diego Marchicak tiro egitea Colasbernari eta Nicolosik ezagutu izatea, krimena gertatu zen egun eta ordu hartan handik hirurogeita hamar kilometrotara baitzen; S.tik P.ra dauden kilometroak, hain zuzen ere, azken honetan baitzen Diego, Baccarella doktorearen lorategi batean; eta doktorearen beraren begien aurrean ari zen, ohetik goiz jaiki eta lana lorategian egin ohi zuen gizona baitzen bera, lorategiko belarra erregadiatzeko zeregin baketsu eta lasaian. Eta horren testigantza, doktoreak ez ezik, nekazari batzuek eta kale hartatik pasatako batzuek ere eman zezaketen oroimen argiz, denak Diegoren nortasunaz seguru.

        Bellodi kapitainari eginiko aitorpena kasketa txar bati zor zitzaion, Diegok azaldu zuenez: kapitainak sinestarazi zion Pizzucok salatu zuela, eta berak, suminak itsuturik, ordaina bihurtu nahi izan zion; eta bere burua salatu zuen, Pizzuco nahastean sartzearren. Bestalde, begien aurrean Diegoren zitalkeria aurkituta, Pizzucok gezurrezko su artifizial batzuk bota zituen, bere buruari kargu txiki batzuk hartuz, Marchicari lepotik harri bat eskegitzeagatik. Eta eskopeta? Hara, ba: Pizzucok arma bat baimenik gabe edukitzeari erantzun behar zion; eta koinatuari arma ezkutatzeko agindu zion bazekielako legeek arma debekatzen zutela.

        Don Marianori dagokionez, egunkarietan erretratu, elkarrizketa eta guzti atera baitzen, esan beharrik ez dago haren kontra kapitainak eta Errepublikako Fiskalak pazientziaz eginiko indizio sarea desegin zela airean; errugabetasun aureola batek argitzen zion burua, argazkietan ere malizia zuhur batez hornitua. Bellodi kapitainaz galdetu zion kazetari bati, don Marianok «Gizaseme bat da» esan zion, eta kazetariak berriz galdetu zionez gero, horrekin gizasemea izanik huts egin zezakeela esan nahi ote zuen, edota iritzia osatzeko adjetiboren bat falta ez ote zen jakin nahirik, don Marianok esan zion: «Ze adjetibo eta adjektibo ondo: gizasemeak ez du adjektibo beharrik; eta esaten badut kapitaina gizaseme bat dela, gizaseme bat da, eta kito», kazetariak sibilinotzat eta suminberatasunak edo, seguru aski, ezinikusiak eragindako ateralditzat jo zuelarik erantzuna. Aitzitik, don Marianok, etsai menderatuaren aurrean jeneral garaile batek bezala, iritzi baketsu bat adierazi nahi zuen, gorespen bat; ukitu lauso, atsegin eta aldi berean sumingarria erasten zion horrenbestez kapitainaren golkoan ekaitz batean bezala zirakiten sentimenduei.

        Beste albiste batzuek zioten, D'Antona brigadierrak gorriz markaturik, hiru hilketei buruzko ikerketak, jakina, berriz irekita zeudela; eta Segurtasun Publikorako talde mugikorra argitzekotan zela Nicolosi kasua, alarguna eta bere maitalea, Passerello izeneko bat, atxilotuz, indar handiko indizioek salatzen baitzituzten, Bellodi kapitaina, ulertu ezin den moduan, haietaz axolatu ez bazen ere. Probintziari buruzko orrian, markatutako beste albiste batek zioen S.ko kuarteleko burua, Arturo Ferlisi sarjentu nagusia, Anconara aldatu zutela, berak eskatuta; eta egunkariko korrespontsalak, haren oreka eta trebezia aitortuz, «bejondeiola» batez agurtzen zuen.

        Albiste hauek hausnartuz eta ezinaren amorruak suturik, kapitaina nora gabe zebilen Parmako kaleetan: norbaitekin biltzera zihoala zirudien, eta berandu iristeagatik kezkatuta. Eta ez zion entzun kontrako espaloitik dei egin zion bere lagun Brescianelliri; eta harriturik eta zapuzturik geratu zen laguna beragana iritsi, parean gelditu, irribarretsu eta gozo, eta, txantxetan, gutxienez agur bat eskatu zionean institutuko egun zoriontsu eta, oi!, urunen izenean. Bellodik, serio, barkatzeko eskatu zion entzun ez ziolako, ondoezik zegoela esan zion, ahazturik Brescianelli medikua zela eta ez zuela erraz joaten utziko ondo ez zegoen lagun zahar bat.

        Izan ere, hobeto ikustearren pausu bat atzera egin, eta argalduta aurkitu zuen, nabari baitzen berokia zertxobait handi eta eroria geratzen zitzaiola; gero begietara begiratzeko hurbildu zitzaion: zuringoan, esan zuen, Sienako lur apur bat zeukan, horrek esan nahi zuelarik gibeleko disfuntzioa zuela. Eta sintomak galdetu zizkion, eta sendagaiak aipatu ere bai. Bellodik arreta gabeko irribarre batez entzuten zion.

        — Entzuten didak? —esan zuen Brescianellok—. Edo molestatzen diat, bestela?

        — Ez, ez —protestatu zuen Bellodik—; pozten nauk hi ikusteaz. Nora hoa? —eta erantzunaren zain geratu gabe, lagunari besotik heldu eta esan zion:

        — Lagunduko haut.

        Eta lagunaren besoan bermaturik, ia ahaztuta zeukan keinu hura, lagun beharra sentitu zuen benetan, hitz egiteko, bere sumina urruneko gauzekin arintzeko beharra.

        Baina Brescianellik Siziliaz galdetu zion: nolakoa zen, nola bizi den han; eta krimenez.

        Bellodik esan zuen Sizilia sinestezina zela.

        — Bai, arrazoia daukak: sinestezina... Neuk ere ezagutu diat Siziliako jendea: apartekoak... Eta orain beren autonomia zeukatek, beren gobernua... Eskopeta motzaren gobernua, esan nahi diat... Sinestezina: horixe duk hitza.

        — Italia ere sinestezina duk; eta Siziliara joan beharra zegok Italia zeinen sinestezina den ikusteko.

        — Beharbada Italia osoa bihurtzen ari da Sizilia... Burutapen bat izan diat, egunkarietan hango gobernu erregionalaren eskandaluen berri irakurtzean: zientifikoek esaten ditek palmeraren marra, hau da, palmeraren landaretzarako egokia den klima gorantz datorrela, iparralderantz, urtero bostehun metro, uste diat... Palmeraren marra... Nik, ordea, zera diot: kafe gogorraren marra, kafe kontzentratuarena, eskandaluena: gora eta gora Italian zehar, Erroma dagoeneko atzean utzi dik... —bat-batean gelditu, eta:

        — Hi ere sinestezina haiz: polit-polita! —...esan zion irribarrez parera zetorkien emakume gazte bati.

        — Nola ni ere? Nor duk bestea?

        — Sizilia... Emakumea bera ere: misteriotsua, gupidagabea, mendekuzalea; eta polit-polita... Hi bezala. Bellodi kapitaina aurkezten dinat, Siziliaren berri ari zitzaidanan kontatzen... Hau Livia duk —esan zuen Bellodigana jiratuta—, Livia Giannelli, beharbada umetan nolako neskatila zen gogoratuko duk: orain emakumea duk, ordea, eta nirekin ez dik ezer jakin nahi.

        — Siziliatik zatoz? —galdetu zuen Liviak.

        — Bai —esan zuen Brescianellik—, Siziliatik zetorren; haiek esaten duten bezala, polizia nazkagarriarena egiten din han behean —eta Angelo Muscoren ahots sakonaz eta Cataniako doinuaz ahoskatu zuen esapidea.

        — Izugarri maite dut Sizilia —esan zuen Liviak, eta haien artean jarri zen, biei besotik helduta.

        «Hauxe duk Parma —pentsatu zuen Bellodik bat-batean zoriontsu—, hauxe duk Parmako neska bat: hire etxean hago, doala infernura Sizilia»; baina Liviak Sizilia sinestezineko gauza sinestezinak aditu nahi zituen.

        — Taorminan izan nintzen behin; eta Siracusan antzerki klasiko emanaldietan; baina esan didate barrualdera joan beharra dagoela Sizilia ezagutzeko... Zu zein hiritan bizi zara?

        Herniaren izena esan zuen Bellodik; Liviak ez Brescianellik ez zuten behin ere entzun.

        — Eta nolakoa da? —galdetu zuen neskak.

        — Herri zahar bat, etxeak kareztuta dituena, kaleak malkartsu eta mailekin; eta kale bakoitzaren gainaldean eliza itsusi bana...

        — Eta gizonak? Oso jeloskorrak dira gizonak?

        — Nolabait bai —esan zuen Bellodik.

        — Eta mafia? Zer da egunkariek hitzetik hortzera darabilten mafia hori?

        — Bai, zer duk mafia? —estutu zuen Brescianellik.

        — Oso zaila duk azaltzen —esan zuen Bellodik—; izan... sinestezina duk, horixe.

        Elur busti ziztagarri bat hasi zuen, zeru zuriak elur erauntsi luzea agintzen zuen. Liviak etxera laguntzeko proposatu zien, neska lagun batzuk etorri eta jazz zaharreko pieza bikain batzuk entzungo zituzten, mirariz aurkitutako diskoak; eta whisky eskoziar on bat eta Carlos I koñaka ere egongo zen.

        — Eta jateko? —galdetu zuen Brescianellik. Jateko ere egongo zela agindu zuen Liviak.

        Liviaren ahizpa eta beste bi neska aurkitu zituzten sutondoan, alfonbra baten gainean etzanda; basoak aldamenean, eta Vieux Colombier-eko hileta, New Orleans, diskogailuan etsi-etsian hoska. Haiek ere maite zuten izugarri Sizilia. Hotzikara gozo batek inarrosi zituen, haien arabera jelosiak diz-diz jartzen zituen labanekin. Errukitu ziren Siziliako emakumeez, eta inbidia apur bat ere sentitu zuten. Odolaren gorria Guttusoren gorri bihurtu zen. Picassoren oilarra, Brancatiren «Bell'Antonio»-ko azalean agertzen zena, Siziliako ikur zoragarria zela esan zuten. Hotzikara etorri zitzaien berriz mafiaz pentsatzean; eta azalpenak eskatu zituzten, kapitainak seguru aski ikusi zituen gauza ikaragarriei buruzko kontakizuna.

        Bellodik Siziliako kartzela bateko medikuaren istorioa kontatu zuen, nola buruak eman zion, hain zuzen, preso mafiosoei erizaintzan bizitzeko pribilegioa kentzea; gaixo ugari zegoen kartzela hartan, biriketatik jota ere batzuk, zeldetan eta gela komunetan zeudenak, buruzagiak, aldiz, sendo-sendo, erizaintzan zeudelarik tratu hobeaz gozatzearren. Medikuak agindu zuen alderdi komunetara itzuli eta gaixoak erizaintzara joan zitezela. Ez zaindariek ez zuzendariak ere ez zuten betearazi medikuaren agindua. Medikuak ministraritzara idatzi zuen. Eta horrela, gau batean kartzelatik hots egin zioten, esan zioten preso batek medikuaren laguntza behar zuela. Medikua joan zen. Halako batean preso artean bakarrik gertatu zen, kartzelan: buruzagiek jipoitu zuten, kontu handiz, zuhurki. Guardiak ez ziren ezertaz konturatu. Medikuak erasoa salatu zion Errepublikako Fiskalari, baita ministraritzari ere. Buruzagiak, ez denak ordea, beste kartzela batera aldatu zituzten. Ministraritzak bere lanpostutik bidali zuen medikua, istilu haiek bere ardurak piztu zituela eta. Ezkerreko partidu bateko zenez gero, partidukideengana jo zuen laguntza eske; erantzun zioten hobe zuela etsitzea. Jasotako irainaren ordainik lortzen ez zuenez gero, mafiako capo batengana jo zuen orduan, satisfazio moduan gutxienez jipoi zezaten bera jo zutenetako bat, aldatu ondoren zegoen kartzelan. Geroagoko batean jakin zuen jipoitu ederra eman ziotela errudunari.

        Neskei zoragarria iruditu zitzaien pasadizoa. Brescianelliri ikaragarria.

        Neskek ogitartekoak prantatu zituzten. Jan zuten, whisky eta koñaka edan, jazz musika entzun, Siziliaz hitz egin zuten berriz, maitasunaz gero, eta gero sexuaz. Bellodi gaixo-ondoko bat bezala sentitzen zen: ezinago sentibera, samur, gose. «Doala infernura Sizilia, doala infernura dena».

        Gauerdi inguruan etxeratu zen, hiri osoa oinez zeharkaturik. Parma elurrez sorginduta zegoen, isilik, hutsik. «Sizilian gutxitan ikusten ditek elurra», pentsatu zuen; beharbada zibilizazio baten izaera elurrak edo eguzkiak ematen zuen, nagusi zein den, elurra ala eguzkia. Zertxobait nahasturik sentitzen zen. Baina etxera iritsi aurretik bazekien, argi eta garbi jakin gainera, Sizilia maite zuela, eta itzuliko zela.

        — Burua apurtzen bazaidak ere! —esan zuen ozenki.

 

 

        Oharra

        «—Barkaidazue gutun honen luzea —idatzi zuen XVIII mende bikaineko gizon (edo emakume) frantses batek—, ez baitut laburrago egiteko astirik izan». Orain, nik, kontakizun bat ere labur egiteko arau onari men egiteari dagokionez, ezin nezake esan denboraz eskas ibili naizenik: urtebete bai eman dut, uda batetik bestera arte, kontakizun hau laburrago egiteko; ez, ordea, kemen handiz, jakina, baizik eta beste lan eta guztiz bestelako kezka batzuetatik aparte. Baina nire hustu-lan honen helburua, kontakizunari neurria, muina eta erritmoa ematea baino areago, nere irudiengatik, zuzenean edo zeharka, minduta senti zitezkeen horien balizko eta ustezko ezin eramanari aurre hartzea izan da. Ezen, gauza jakina da, Italian ezin da txantxetan ibili ne coi senti ne coi fanti, beraz, pentsa zer gerta daitekeen txantxetan ez, baizik eta benetan jardun nahi izanez gero. Estatu Batuek, narratiban eta filmetan, jeneral ergelak, epaile ustelak edo polizia zirtzilak edukiko dituzte. Baita Ingalaterrak, Frantziak (gaur arte bai, behintzat), Suediak eta abarrek ere. Italiak ez du sekulan horrelakorik eduki, ezta edukiko ere. Halaxe da. Eta beharrezkoa da, Barnabó Viscontik diploma, pergamua eta berunezko zigiluak irents erazi zizkien enbaxadariei buruz Giustik kontatzen duen bezala, beharrezkoa da garrasi egitea. Ez naiz irain eta erdeinu salaketei aurre egiteko bezain heroiko sentitzen; ez nahita egiteko behintzat. Horregatik, konturatu nintzenean nire irudimenak ez zuela kontutan hartu, behar bezala, Estatuko legeen muga, eta legeak baino areago, beraiek betearazten eta ezartzen dituztenen minberatasuna, hustu eta hustu hasi nintzen.

        Funtsean, lehen idazketatik bigarrenera, kontakizunaren haria ukitu gabe geratu da; pertsonaia bat edo beste desagertu da, besteren bat izengabetasunean aterpetu da, pasarteren bat erori da. Baliteke kontakizunak irabazi izana horrekin. Baina egia da. hala ere, idazle batek (eta idazle idatzi egiten dudalako naizela diot) beti gozatu behar duen askatasun osoaz ez dudala idatzi.

        Esan gabe doa, kontakizunean ez dago ez pertsonaiarik ez gertakaririk benetako pertsonei edo gertakariei dagokienik, ustekabean ez baldin bada.

 

 

© Leonardo Sciascia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Leonardo Sciascia / Hontzaren eguna" orrialde nagusia