AURKEZPENA

 

        Egilea eta bere lanak

        Leonardo Sciascia, 68 urte zituela, 1989ko azaroaren 19an hil zenean, garai honetako idazle italiarrik handienetako bat galdu genuen. Honelako doluzko gertakarietan erabili ohi dituen hots handiko eta hitz gutxiko albiste buruetan, Italiako prentsak iluminista, moralista, menderagaitz eta antikonformistatzat jo zuen, eta Racalmutoko (bere herriko) Voltaire deitu zion; baina idazle handi eta deseroso bat izan zen italiarrentzat, Italiako zokorik ilunenak arakatu eta italiarren kontzientzia kritikoa izatera iritsi baitzen. Izan ere, konpromisoa izan zen bere bizitzaren eta lanaren ardatza, boterearen aurkako konpromisoa, edo zehazkiago esanda, botereaz baliaturik errurik gabeko jendea zapaltzen duen edozein inkisizioren aurkakoa; eta hori, inkisizio asko ezagutu eta oraindik ezagutzen dituen herri batean.

        Sciascia 1921eko urtarrilaren 8an jaio zen Sizilian, Agrigento probintzian, arabieraz, etimologia ironiko samarraren arabera, «herrixka hila» esan nahi omen duen Racalmuto herrian, irlako eskualderik pobreenetako batean. Bere aita sufretegi bateko langilea zen, eta bere ama teilak eta adreiluak egiteko labe baten jabe zen familia bateko alaba. Bere izeba baten bideari jarraituz, maisutza ikasi eta 1941ean eskuratu zuen lehen mailako irakasle titulua. Gerra garaia zen, baina Leonardok ez zuen armarik hartu: Racalmutoko gari biltegiko kontadore lanetan aritu zen erregimen faxistaren pean. Garai zailak izan ziren haiek Siziliarentzat ere: gerraz gain, Leonardok begi txarrez hasieran, eta Espainiako gerraren ondoren etsaitasunez ikusten zuen faxismo garaiaz gain, bere jaioterriak mafiaren etengabeko gogorkeria eta separatismoaren giroa bizi izan zituen. 23 urte zituela ezkondu, eta 1949an hasi zen irakasten bere jaioterrian bertan. Baina ez zen gustura aritzen lan hura toki hartan egitearekin, gobernuaren «tresna» sentitzen baitzen, jenderik pobreena engainatzen ari direnen gaizkide; boterean ezarrita dagoen sistemako partaide izateak erru sentimendua pizten zion bere herriko jende xehearen aurrean. Sentimendu horrekin, zortzi urte besterik ez zituen eman irakaskuntzan, baina horren fruitu izango zen 1956an idatzi zuen Le parrocchie di Regalpetra, neorrealismoaren bidetik egina eta inkesta erara antolatuta dagoen nobela, zeinetan Siziliako herri asmatu bati buruzko kronika moduko batean oinarriturik, Siziliako egoeraren punturik mingarrienak ukituz, arrazoia etengabe galtzaile ateratzen dela erakusten digun istorio bat kontatzen baita. Obra honetan, hurrengoetan bezala, Sizilia abiapuntu bat baino ez da, gizon-emakumeen patuaren isla mingotsa.

        Siziliako egoera sozialaren gaia berriro azalduko da 1958an, Gli zii di Sicilia izeneko ipuin liburuan. Baina ordurako, mafiaren arazoaz kezkatzen hasia zen, aurreko urtean gai horri eskaini zion entsegu batek frogatzen duen bezala. Oso gai egokia gertatuko zitzaion Sciasciari bere jaioterriko eta Italia osoko egoera soziala deskribatu eta zorroztasun handiz epaitzeko.

        Garai hartan, 1940tik aurrera, Italian bezala beste herrietan ere, kalitate handiko idazle batzuk eleberri poliziakoaren eskemaz baliatzen hasi ziren maila jaso samarreko helburu intelektual eta literarioak lortzeko. Zentzu honetan, eleberri poliziakoa bitan zatitu zen, alde batean denbora-pasako helburu hutsa zuten nobelen joera geratzen zelarik, eta bestean gizartea eta gizakia aztertuz batera, «goi mailako» literaturaren ildotik zihoana. Hemen kokatu behar dugu, noski, hemen aurkezten dugun Hontzaren eguna, 1961ean kaleratu zena. Erraz uler daiteke maila handiko literatura honek zergatik heldu zien nobela beltzaren gai eta eskemei; izan ere, gero eta konfiantza gutxiago zegoen arrazoia eta justiziaren alderako, politika ospe txarra inguratzen ari zen, agerian baitzen halako indar ezkutu batzuk (zerbitzu sekretuak, konplotak, mafia, talde terroristak, etab.) daudela gure atzean, eta gure etorkizuna erabaki dezaketela nahi duten bezala; eta oso loturik dago abanguardiako literatura etsitu eta protestatzaileak zerabilzkien gaiekin. Honela, idazle askok, munduaz duten ikuspegi etsitua adierazteko, espioitza nobelaren edo nobela poliziakoaren eskemak erabiliko dituzte, baina ohizko bukaera baikorra baztertuz. Hau da, ohizko nobela poliziakoa erruduna aurkitu, harrapatu eta zigortzearekin amaitzen da, nolabait konfiantza osoa jarriz gizartearen eta justiziaren baitan; eskema berri honek, ordea, erruduna aurkitu eta zigortu nahi duenaren porrota kontatuko digu.

        Eleberri poliziakoaren teknika honen bitartez taxutua dago Il contesto ere (1971), baina hemen alde batera utziz Sizilia, gaur egungo munduko boterearen ezaugarri diren anbiguitatea eta konplizitateari buruz jarduteko. Gai berbera azalduko da, baina beste ikuspegi eta helburu batez, Demokrazia Kristauaren aurkako eraso gordina zen Todo modo izeneko lanean (1974).

        Nobela guzti hauetan arrazoia, pertsonaia garbi eta errugabeak, Justizia azken finean, galtzen ateratzen dira, eta hortik datorkio Sciasciari jarrera ezkorra azaltzearen ospea. Baina hortik dator, baita ere, Sciasciak arrazoia eta benetako justiziaren alde, eta boterekeria guztien aurka hartu zuen konpromisoaren sendotasuna.

        Konpromiso hori, ordea, ez zen literaturaren alorrean bakarrik geratu, bere bizitza publikoan ere askotan eman baitzuen horren froga. Horrela, 1967tik aurrera prentsan —Il corriere della sera-n, askotan— egin zituen lanekin eztabaida eta auzi askoren erdian gertatu zen; 1975ean independente modura atera zen zinegotzi Palermoko udalerako, Italiako Alderdi Komunistaren zerrendetan, baina kargu horretatik dimititu eta PCIrekin zituen harremanak okertu egin ziren handik bi urtera, batez ere Aldo Moro kasuagatik. Honek Alderdi Erradikalera eraman zuen, Europako Parlamenturako hautatua irten zelarik 1979an. Aldo Moro 1978an hil zutenean, L'affaire Moro idatzi zuen, Italiak terrorismoaren erasorik ankerrenen urteak jasan zituenean Mororen tragediaren aurrean estatuak eta partidu sistemak hartutako jokabideei eginiko kritika gupidagabeagatik bazterrak dezente harrotu zituen idazlana. Egileak esan zuen berak ez lukeela parte hartuko Brigate Rosse-en kontrako epaiketan, ez haien alde zegoelako, baizik eta hori estatuaren alde jokatzea izango litzatekeelako, eta bere ustez Italiako estatu horrek ez zuelako horrelakorik merezi; bere jarrera hori ez zen ulertua izan, jakina.

        Idazlanekin jarraituz, botere ustelaren aurkako salaketaren bidetik beste ikerlan batzuk ere egin zituen Sciasciak: I pugnalatori (1976), La scomparsa di Majorana (1975); eta ez bakarrik ikerlanak, baita antzerki saioak ere: L'onorevole, I mafiosi eta Recitazione della controveria liparitana (1976). Baina, aldi berean, era honetako libelo politikoen ondoan, narratiba hutsaren bideari ere ekin zion, eskema neorrealistetatik kanpo; hemen kokatzen da Candido ovvero Un sogno fatto in Sicilia (1977), alegi moduan idatzitako satira zorrotz bat, berriz ere errugabetasunaren zapalkuntzaz hitz egiten diguna; edota Il Consiglio d'Egitto (1963), A ciascuno il suo (1966), Il mare colore del vino (1973). Justiziari buruzko hausnarketarekin jarraituko zuen azken urteetan idatzitako liburuekin ere: Occhio di capra (1985) 1921 +1 (1986), La strega e il capitano (1986) eta Il teatro della memoria, auzi batzuetan oinarrituz mende honetako lehen bi hamarkadetako Italiako errealitateari argia ematearren eginiko saioak. Bere azken obra, heriotzarekin borrokan idatzi zuena, Una storia semplice da, 1989an argitara eman zuena.

        Sciasciak Italiako misterioei eskainitako arreta, Siziliako eta Italia osoko egoera sozio-politikoari aplikaturiko delituaren eta ikerketaren tresna, idazle honen lanetako tentsio morala eta guzti hori azaltzeko jorratutako gaiak oso liluragarriak gertatu dira hainbat zine zuzendarirentzat. Horrela, pantailara eraman dira, puntakoenak aipatzearren, Hontzaren eguna bera, 1968an, Damiano Damianik zuzendua, eta Franco Nerok egiten zuelarik Bellodi kapitainarena; Francesco Rosiren Cadaveri eccellenti (1976) Il contesto-tik aterea; eta Todo Modo, Elio Petrik 1978an zeluloidera eraman zuena Marcello Mastroiannirekin.

 

        Liburua

        1957an mafiari buruzko eginiko entsegua eta fenomeno horri buruz etengabe eginiko azterketa —Sciasciak esaten zuen bezala, mafiaren inguruko arazoak bere eguneroko bizitzan aurkitzen zituen— daude nobela honen azpian; Sciasciak kontatu nahi diguna Siziliaren tragediaren zati bat da: siziliarrek elkartzeko dauzkaten arazoak, laguntasuna-babesa harremanak, salatarien figura, capo zahar eta berrien joan-etorria, karabineroen ezina, politikaren ustelkeria. Baina, istorio berezi honen gora-beheren gainetik, Arrazoiaren eta Justiziaren —hizki larriz idatzita— porrota da funtsezko kontagaia; bai bata eta bai bestea ulertzeko bi modu desberdin baitaude elkarren arteko borrokan, kasu honetan Sizilian: alde batean dago Bellodi kapitaina, nobelako pertsonaia nagusia, legea justizia ideiatik sortzen dela, eta legetik irtendako ekintza oro justiziari lotuta dagoela uste duena, eta, beraz, ofizio zail eta mingots batean aritu behar duena; eta bestean Sizilia bera, jatorrizko edo berezko justizian baino sinesten ez duena, hau da, Justiziaren Administraziotik kanpo, «ohorezko» gizonek bakarrik ezar dezaketen justizian.

        Sizilia honen ahotsa don Mariano Arena izango da, mafiosoen gaineko itzalezko —eta itzalpeko— gizona; Sciasciarentzat zilegi izango da mafiosoen munduan sakondu, eta haien ekintzen arrazoiak azaltzen jartzea; horregatik esango du, don Marianori buruz, justizia eta zuzenbidea ulertzeko bi modu horien arteko muga zeharkatuta, «bestelako usterik eduki al zezakeen munduaz, bere inguruan zuzenbidearen ahotsa indarrak ito eta gertakarien haizeak hitzen kolorea aldatu besterik egin ez zuelarik errealitate mugiezin eta ustel batean?».

        Horrekin batera, Sciasciak bere irakasle lanean sentitu zuen zama berbera azalduko zaigu hemen Bellodi kapitainaren zereginera lerraturik. Italiako iparraldetik iritsia, karabineroen kapitain hau berandu gabe konturatuko da bera bezalako poliziak, aspaldiko aguazil-buruak eta legearen peoiak inkisizioaren eta zuzengabekeriaren tresna izan direla lur hartan, jende haren artean: «legearen zakurrak» izan direla, berak dioen bezala. Baina Bellodi ez da konforme geratuko atzetik datorkion zama ikaragarri horrekin, zuzentasunaren eta gizatasunaren bisturia erabili nahiko du, eta gizonaren maila erdietsiko du mafiosoen begietan ere; iparraldean partisauen artean justizia eta askatasunaren alde borrokatu den bera bezalako baten begietan, hegoalde urrun hartan topatuko duena eta gertatuko zaiona bere logikatik kanpo dagoen zerbait da, sinestu ezin daitekeen zerbait. Horregatik esango du Bellodik Sizilia sinestezina dela; baina horrexegatik ere esango du Sciasciak berak, beste pertsonaia baten ahotsaren bidez, Italia osoa dela sinestezina. Hau kontutan hartuz irakurri behar da, baita ere, idazleak nobelaren bukaeran erasten duen ohar guztiz adierazgarria, kontakizunaren beraren barruan sar genezakeena, zeren eta Sciasciaren literatur asmakuntzak berak ere Estatuko legeen mugekin topo egiten duela kontatzen baitigu.

 

* * *

 

        Itzultzailearen oharra: Itzultzailea ia beti ilunpean ezkutaturik geratzeko ohitura oso zabalduaren kontra, ezin naiz geratu liburu honen itzulpenean lagundu didaten pertsonei beren ahalegina aitortu gabe; horregatik, bihoakie nire eskerrik zintzoena Lurdes Auzmendi, Joseba Button, Marianna Massimello, Anna Mª San Felice eta Imanol Zurutuzari.

 

 

 

© Koldo Biguri

 

 

"Leonardo Sciascia / Hontzaren eguna" orrialde nagusia