STEDE BONNET MAIORRA
Aldartez pirata
Stede Bonnet maiorra armadatik erretiraturiko jaun gisatsu bat zen, bere landatzeetan bizi zena, Barbados uhartean, 1715 aldera. Bere azukre-kanabera eta kafe soroek mozkinak ematen zizkioten, eta berak atseginez erretzen zuen bere eskuz hazitako tabakoa. Esposaturik, ez zen batere zoriontsu izan ezkon-bizimoduan, eta esamesa zebilen emazteak burua nahastu ziola. Izan ere, bere maniak ez zion batere eraso berrogeiak bete ondoren baino, eta hasieran auzoek eta otseinek amor eman zuten xaloki haren aurrean.
Stede Bonnet maiorraren mania honakoa izan zen. Edozein egokieratan, lehorreko taktika mesprezatzen eta itsasokoa laudatzen hasi zen. Ahora zetozkion izen bakarrak Avery, Charles Vane, Benjamin Hornigold eta Edward Teach-enak ziren. Maiorraren aburuz, nabigatzaile ausartak eta gizon ekinbidetsuak ziren. Garai hartan Antilletako itsasoa orrazten ziharduten. Maiorraren aurrean norbaitek haiei pirata deitzea suertatuz gero, hark hots egiten zuen:
Laudatua biz hortaz Jainkoa, zuk pirata esaten diezun horiei aukera eman dielako gure arbasoek zeramaten bizimodu jator eta erkidearen eredubidea erakusteko. Orduan ez baitzen inolako ondasun-jaberik, ez emakumezainik, ez esklaborik azukrea, kotoia edo indigoa hornitzeko; baizik eta jainko eskuzabal batek eskura jartzen zituen gauzak oro eta nork bere partea zuen. Horra zergatik arras miresten ditudan ondasunak beren artean partekatzen eta guztiek batera fortuna-kideen bizimodua daramaten gizon askeak.
Bere landatzeetan barrena zebilela, sarritan jotzen zuen maiorrak langile baten sorbalda:
Ez al huke hobe, kaiku hori, galeoi edo brigantinen batean jardun atontzen hemen beraren kimuen gainean heure izerdia isurtzen duan landare miserable horren zama-balak?
Ia arrastiri oroz, aleak gordetzeko aterpeetan biltzen zituen maiorrak bere zerbitzariak, eta hantxe irakurtzen, kandela-argitan, kolorezko euliak inguruan burrunbaka zebiltzala, Hispaniolako eta Dortokaren uharteko piraten ekintzak. Berri-paperak baitzebiltzan gaztigu emanez herri eta etxaldeei haien harrapakintzez.
Vane bikaina! hots egiten zuen maiorrak. Hornigold bulartsua, benetako oparotasun-adar urrez betea! Avery sublimea, Mogol handiaren bitxiez zamatua eta Madagaskarreko erregea! Teach miresgarria, hurrenez hurren hamalau emakume gobernatzen jakin baituk eta haietaz libratzen, eta otu baitzaik haietariko azkena (zeinak hamasei urte baino ez baititu) arratsero heure kide onenei libre uztea (eskuzabaltasun hutsez, arima-bikaintasunez eta mundu-jakintzaz), Okerekok-eko hire uhartetxokoan! Oi zeinen zoriontsua zuen lorratzari lerraikiona, bere rona hirekin edan lezana, Bizarbeltz, Ana Erreginaren Errebantxako maistru!
Jardunok guztiok, baiki, harriduraz eta isiltasunean entzuten zituzten maiorraren otseinek; eta maiorraren hitzak ez zituen eteten sugandilen zaratatxo motelak baino, haiek teilatutik erori ahala, asaldu-ikarak beren hanketako bentosak laxarazirik. Gero maiorrak, kandela eskuarekin babestuz, bere makilaz marrazten zituen tabako orrien artean kapitain handi haien itsas maniobrak, eta Moisesen legearekin mehatxatzen (hala deitzen diote piratek berrogei kolpeko makilakaldiari) filibusteriari zetxazkion jarduera taktikoen fineziari usaina hartzeko gauza ez zen edonor.
Azkenean, Stede Bonnet maiorrak ezin izan zion gehiago eutsi; eta, hamar kanoi pezako txalupa zahar bat erosirik, pirateriari zihoakion guztiaz hornitu zuen, hala nola ganibetak, arkabuzak, abenkak, xaflak, kakoak, aizkorak, Bibliak (zin egiteko), ron upelak, argiontziak, aurpegia belzteko betuna, bikea, merkatari aberatsen hatzen artean irazekitzeko metxak eta elemenia bandera beltz beren burezur zuri eta izterrezur gurutzatuekin, eta ontziaren izenarekin: Errebantxa. Gero, bere otseinetariko hirurogeita hamar igoarazi bet-betan ontzira, eta itsasora irten zen, gauez, mendebalera zuzen, arrasean pasaturik San Bizente paretik, gero Yucatani bira eman eta urbazter guztiak orrazteko Savannah-eraino (nora ez baitzen sekula iritsi).
Stede Bonnet maiorrak ez zekien ezer itsasoko kontuez. Hala, bada, burua galtzen hasi zen iparrorratzaren eta astrolabioaren artean, nahastuz oihaleria eta artilleria, mesana eta tisana, bela-zurruna eta bela-tutua, karonada-argiak eta kanoi-argiak, eskotila eta eskobara, kargatzeko aginduz largatzeko partez, hots, hain asaldatua hitz ezezagunen iskanbilarengatik eta itsasoaren mugimendu ezohikoarengatik, ezen pentsatu baitzuen Barbados-eko lehorrera itzultzea, baldin eta lehenbiziko ontzia bistaratzean bandera beltza jasotzeko irrika loriatsuak bere egitasmoan eutsiarazi ez balio. Ez zuen inolako jaki-hornidurarik ontziratu, harrapakinen esperantzan. Baina lehenbiziko gauean ez zuen hauteman argirik ontzi kaxkarrenarenik ere. Stede Bonnet maiorrak, beraz, herri bati eraso behar zitzaiola erabaki zuen.
Zubi gainean bere gizon guztiak lerrokaturik, ganibet berriak banatu zizkien eta borroka-grinarik handienera sustatu; gero betun perrail bat ekarrarazi zuen eta, hartaz belzturik bere aurpegia, imita zezatela agindu zien; bete ere ez baitzuten jostagarritasunik gabe bete egitekoa.
Azkenik, bere oroitzapenen arabera iritzirik komeni zela piraten azturei zegokien edariren batez kitzikatzea eskifaia, sutautsez nahasiriko pinta bat ron irentsarazi zion bakoitzari (ez baitzeukan ardorik batere, hura izanik piraterian ohiko osagaia). Maiorraren otseinek men egin zuten; baina, usadioaren aurka, haien begitartea ez zen haserre-garretan piztu. Ababorrera eta istriborrera egin zuten aski bateratsu, eta, aldasarean gaindi aterarik beren aurpegi beltzak, itsaso makurrari egin zioten opari nahaste hura. Jarraian, San Bizenteko itsasertzean ia-ia hondoa jorik Errebantxa, zabuka lehorreratu ziren.
Goizeko tenorea zen, eta herritarren bisaia txundituek ez zuten batere amorru-surik eragiten. Maiorraren beraren bihotza ere ez zegoen uluetarako aldartean. Halatan, beraz, arroza eta lekale lehorrekin txerriki gatzatua zertzeko tratua egin zuen harro-harro, bi barrika ron eta kable zahar batekin ordainduz (pirata modura eta hagitz nobleki, bere ustetan). Jarraian, gizonek, neke handiz, Errebantxa igeri paratzea lortu zuten; eta Stede Bonnet maiorra, bere lehen konkistak puzturik, itsasora irten zen ostera.
Egun guztian eta gau guztian egin zuen bela, batere jakin gabe zer haizek bultzatzen zuen. Bigarren eguneko goiz alban, lemazainaren egoitzaren kontra erdi lo geratu zelarik, bere ganibetak eta bere zizpa-luzeak enbarazu handia egiten ziotela, honako oihuak iratzarri zuen Stede Bonnet maiorra:
Ei txalupakoak!
Eta kulunkan zebilen ontzi baten txanberga ikusi zuen kable-bete batera. Gizon arras bizar-handi bat ageri zen brankan. Banderatxo beltz bat zerabilen haizeak mastan.
Gure heriotza-pabilioia jaso! hots egin zuen Stede Bonnet maiorrak.
Eta, beraren titulua lurreko armadari zegokiona zela gogoraturik, ber-bertatik erabaki zuen beste izen bat hartzea, hainbat eredu ospetsuri jarraiki. Inolako atzerapenik gabe, honela erantzun zuen, beraz:
Errebantxa txalupa, nerau naizela buru, Thomas kapitaina, neure fortuna-kideekin.
Horren aurrean gizon bizarduna barrez hasi zen:
Ongi heldua, lagun esan zuen. Baltzuan nabigatu ahal izango diagu. Eta hator ron pixka bat edatera Ana Erreginaren Errebantxara.
Stede Bonnet maiorrak berehala ulertu zuen Teach kapitainarekin egina zuela topo, Bizarbeltzekin, alegia, berak miresten zituenetatik famatuena bera. Baina uste baino eskasagoa izan zen orduko haren poza. Bere pirata-askatasuna galtzera zihoalako sentipena izan zuen. Isil eta goibel, Teach-en ontzira iragan zen, zeinak txeratsu hartu baitzuen, basoa eskuan.
Lagun esan zuen Bizarbeltzek, begiko haut oso. Baina zuhurtziarik gabe nabigatzen duk. Eta, kasu egin nahi badidak, Thomas kapitaina, gure ontzi jator honetan geratuko haiz, eta nik Richards izeneko morroi bihoztun, eskarmentu handiko hori jarriko diat hire txaluparen agintean; eta Bizarbeltzen ontzian hik aisia guztia izango duk fortuna-zaldunen bizi-askatasunaz gozatzeko.
Stede Bonnet maiorra ez zen ausartu uko egitera. Bere ganibetaren eta bere zizpa-luzearen traba kendu zioten. Aizkoraren gainean egin zuen zin (zeren Bizarbeltzek ezin baitzuen jasan Bibliarik begien aurrean) eta zegokion galleta eta ron anoa izendatu zioten, etorkizuneko harrapakinen bere partearekin batera. Maiorrari ez zitzaion inoiz bururatu piraten bizimodua hain arauturik zegokeenik. Bizarbeltzen furfuriak eta nabigazioaren lazkeriak pairatu zituen. Barbados-etik jaun gisatsu legez abiaturik, amesten zuen moduan pirata izateko asmoz, benetan pirata izatera behartua gertatu zen horrela Ana Erreginaren Errebantxan.
Hiru hilabetez eraman zuen bizimodu hori, eta hamahiru atzemanalditan lagundu bitarte horretan bere nagusiari, eta gero modua aurkitu zuen ostera Errebantxa bere txalupa propiora itzultzeko, Richards-en agindupean. Zuhur itzuli ere, zeren hurrengo gauean Bizarbeltzi eraso egin baitzion, Okerekok-eko bere uharteko sarreran, Maynard lotinantak, Bathtown-etik heldua. Bizarbeltz gudukaldian hil, eta lotinantak agindu zuen burua moztu eta trinket-mastaren puntan lotu zezatela; eta halaxe egin zuten.
Bizkitartean, Thomas kapitain gaixoak Hego Karolinarantz ihes egin zuen eta tristeki nabigatu oraindik aste batzuez. Charlestowngo gobernadoreak, handik iragaten ari zela ohartarazia, Rhet koronelari kargua eman zion hura eskuperatzeko Sullivans uhartean. Thomas kapitainak ez zuen eragotzi atxilo zezaten. Hotsandiro eraman zuten Charlestownera, Stede Bonnet maior izenez, ahal bezain laster itzuli baitzen lehengo deierara. Kartzelan ezarri zuten 1718ko azaroaren 10era arte, egun horretan aurkeztu baitzen amiral-ordetzaren epaitegiaren aurrean. Justizia-buruak, Nikolas Trot-ek, heriotzara kondenatu zuen honako hitzaldi hagitz ederraz:
Stede Bonnet maiorra, bi pirateria-salaketaz erruetsita zaude: baina zerorrek badakizu gutxienez hamahiru ontzi arpilatu dituzula. Hala, beraz, beste hamaika kargu gehiagoz akusa zintzakegu berdin; baina bi aski izango zaizkigu esan zuen Nikolas Trot-ek, zeren Jainkoaren legearen aurka baitoaz, zeinak agintzen baitu: Ez duzu lapurretarik egingo (Exodoa. 20, 15), eta san Paulo apostoluak espreski dio ezen ebasleek ez dutela heredatuko Jainkoaren Erresuma (I. Kor. 6, 10). Baina halaber zara zu erailketaz hobendun; eta asasinoek esan zuen Nikolas Trot-ek beren partea izango dute bigarren heriotza den suzko eta sufrezko aintziran (Apok. 21, 8). Eta nork lezake, alabaina esan zuen Nikolas Trot-ek, sugar eternalen artean eduki egoitza? (Isaias, 33, 14). Ah, Stede Bonnet maiorra, zuzen onez nauzu beldur gaztaroan zure arimaren bazka izan diren erlijio-oinarriak esan zuen Nikolas Trot-ek ez ote dituen usteldu zure bizimodu gaiztoak eta literaturari eta egungo filosofia hutsalari eskaini diozun arreta gehiegiak; zeren, Eternalaren legean egon balitz zure atsegina esan zuen Nikolas Trot-ek eta gau eta egun hartaz gogoeta egin bazenu (Sal. 1, 2), aurkituko baitzenuen ezen Jainkoaren hitza lanpara bat zela zure oinetan eta argi bat zure zidorretan (Sal. 119, 105). Baina ez baituzu horrela jokatu. Ez zaizu, bada, geratzen esan zuen Nikolas Trot-ek munduko bekatua kentzen duen Jainkoaren Bildotsaren baitan (Joan. 1, 29) fidatzea baino, zeina galdurik zegoena salbatzera etorri baita (Mateo. 18, 11) eta promes egin baitu ez duela kanpora iraitziko ate joka datorkionik inor (Joan. 6, 37). Halatan, beraz, harengana itzuli nahi baduzu, berandu izan arren esan zuen Nikolas Trot-ek, mahastizainen parabolan hamaikagarren orduko langileen gisa (Mateo. 20, 6, 9), hartzen ahal zaitu oraindik. Bizkitartean epaitegi honek ebazten du esan zuen Nikolas Trot-ek exekuzioaren tokira eraman eta hantxe lepotik zintzilika zaitzatela heriotza eragiteraino.
Stede Bonnet maiorra, Nikolas Tot justizia-buruaren hitzaldia garbai-atsekabez entzun ondoren, egun berean urkatu zuten Charlestown-en lapur eta piratatzat.